Arautegia

Inprimatu

36/2024 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3800
  • Xedapen-zk.: 36
  • Xedapen-data: 2024/07/30
  • Argitaratze-data: 2024/08/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailen egitura egokitu da, XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programa efikaziaz gauzatzeko.

Dekretu hori onartu ondoren, zenbait aldaketa egiteko beharra ikusi da: batzuk jardun-arlo zehatzak egoki izendatzera bideratuak, eta beste batzuk, berriz, sail jakin batzuen eskumen-banaketa doiago zehaztera bideratuak. Hori guztia, arrazionaltasun- eta efizientzia-helburuak erdiesteko asmoz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumen- eta funtzionamendu-eremuetan.

Gainera, euskarazko bertsioan, 8. artikuluan, «Ekonomia eta Ogasun Saila»ren aipamena zuzendu, eta haren ordez «Ogasun eta Finantza Saila» jarri da.

Hona aldaketak:

Lehendakaritzari esleitutako bi jardun-arloren izena aldatzen da. Lehenik eta behin, «garapenerako lankidetzako politika»ri «lankidetza- eta elkartasun-politika» esango zaio, Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 15eko 3/2024 Legearekin bat etorriz. Bigarrenik, honela definitu da emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikaren jardun-arloa: «emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu, koordinatu, ebaluatu eta horiei buruz aholku ematea, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzkoak barne». Hori bat dator martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean sartzen da «Ikerketa ekonomikoa. Azterlan eta metodo ekonomikoak. Ekonomiaren koiuntura eta aurreikuspena» Ogasun eta Finantza Sailaren jardun-arloa baitzen, lotura handiagoa duelako esleitutako eginkizunekin eta jardun-arloekin.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren eskumen-eremuan sartzen dira «oinarri teknologikoko ekintzailetza» eta «Bilboko eta Pasaiako portu-agintaritzak».

Osasun Sailaren hiru jardun-arlo aldatu, eta beste bat gehitu da, «osasun-berrikuntza eta -ikerketa»ri buruzkoa.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailean sartzen da «Jaurlaritzaren politika proposatu eta gauzatzea erlijio-askatasunerako eskubidea baliatzeari dagokionez, bai eta erlijio-aniztasuna kudeatzea ere», sail bakar batean kudeatu ahal izateko aniztasun-politiken aldagai guztiak. Jardun-arlo hori Justizia eta Giza Eskubideen Sailari zegokion.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren bi jardun-arlotako terminologia aldatzen da, arreta egin behar zaion errealitatearekin hobeto identifikatzen laguntzeko, eta, horrez gainera, beste arlo bat gehitzen zaio.

Beste jardun-arlo bat, «gastronomia»ri dagokiona, gehitzen zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, eta zehazten da portu eta itsas gaietako jardun-eremuak ez dituela portu-agintaritzak hartzen.

Bigarren xedapen gehigarrian, kendu egin da ekainaren 23ko 18/2014 Dekretuaren 8. artikuluko r) apartatuaren aipamena, Ogasun eta Finantza Sailari 8. artikuluko egiteko eta jardun-arloak baitagozkio.

Hirugarren xedapen gehigarrian egindako aldaketaren helburua da Ogasun eta Finantza Sailean jarraitzen duten unitateak Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitzea, egitura berria onartu arte.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenen arabera, hau

Bat. 4. artikuluaren lehenengo apartatuan, i) eta k) letrak aldatu, eta l) eta m) letrak kentzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

...i) Lankidetza- eta elkartasun-politika.

...k) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatu, planifikatu, koordinatu, ebaluatu eta horiei buruz aholku ematea, emakumeen kontrako indarkeria matxistari buruzkoak barne.

  1. Kenduta.

    1. Kenduta.

Bi. 7. artikuluaren lehenengo apartatuari b bis) letra gehitzen zaio, eduki honekin:

...b bis) Ikerketa ekonomikoa. Azterlan eta metodo ekonomikoak. Ekonomiaren koiuntura eta aurreikuspena.

Hiru. Huts bat atzeman da euskarazko bertsioaren 8. artikuluaren lehenengo apartatuan,

hau dio:

Egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ekonomia eta Ogasun Sailari.

baina hau esan behar du:

Egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ogasun eta Finantza Sailari.

Lau. Kendu egiten da 8. artikuluaren lehenengo apartatuko r) letra.

Bost. Aldatu egiten da 10. artikulua, eta beste bi letra gehitzen zaizkio. Honela geratzen dira idatzita:

...d bis) Oinarri teknologikoko ekintzailetza.

...o bis) Bilboko eta Pasaiako portu-agintaritzak.

Sei. 14. artikuluaren lehenengo apartatuan, b), c) eta e) letrak aldatu, eta e bis) letra gehitzen da, eta honela geratzen dira idatzita:

...b) Osasun publikoa: osasunaren zaintza, babesa eta sustapena.

...c) Adikzioen prebentzioa.

... e) Arreta soziosanitarioaren koordinazioa.

... e bis) Osasun-berrikuntza eta -ikerketa.

Zazpi. 15. artikulua aldatzen da, i bis) letra gehitzeko, eta honela geratzen da idatzita:

...i bis) Jaurlaritzaren politika proposatu eta gauzatzea erlijio-askatasunerako eskubidea baliatzeari dagokionez, bai eta erlijio-aniztasuna kudeatzea ere.

Zortzi. 17. artikuluaren lehenengo apartatuan, c bis) letra gehitu, eta f) eta g) letrak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

...c bis) Oinarri zientifikoko ekintzailetza.

... f) Ikerketa kooperatiboko zentroak.

... g) Bikaintasunezko ikerketako EAEko zentroak.

Bederatzi. 19. artikuluaren lehenengo apartatuan, o) letra aldatu, eta «o bis» letra gehitzen da, eta honela geratzen dira idatzita:

... o) Portuak eta itsas gaiak, portu-agintaritzak salbu.

...o bis) Gastronomia.

Hamar. Aldatu egiten da 20. artikuluaren lehenengo apartatuko i) letra, eta honela geratzen da idatzita:

... i) Jaurlaritzaren politika proposatu eta gauzatzea memoria historiko eta demokratikoaren arloan.

Hamaika. Bigarren xedapen gehigarriari bigarren paragrafoa aldatzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean, iraungitako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzako organoak eta unitateak txertatuko dira, Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion egitekoetan aritzen diren unitateak izan ezik dekretu honen 8. artikuluan adierazita daude horiek.

Hamabi. Hirugarren xedapen gehigarriari bigarren paragrafoa gehitzen zaio, eta honela geratzen da idatzita:

Dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoa gauzatu arte, Ogasun eta Finantza Sailari dagozkion egitekoak garatzen dituzten Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetzako unitateak iraungitako Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita geratuko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.