Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

24/2024 DEKRETUA, martxoaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoen armak, beste baliabide tekniko eta defentsako batzuk eta horien guztien hornidura arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 57
  • Hurrenkera-zk.: 1389
  • Xedapen-zk.: 24
  • Xedapen-data: 2024/03/05
  • Argitaratze-data: 2024/03/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginak honako hau ezartzen du 56.2 artikuluan: «Udaltzaingoko funtzionarioek erregelamendu bidez zehazten diren armak eta bitarteko tekniko operatiboak eta defentsa-bitartekoak eramango dituzte, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 37.1.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Toki-erakundeak emango dizkie su-armak, bitarteko tekniko-operatiboak eta defentsa-bitartekoak, eta leku egoki eta seguruak antolatuko ditu erregelamenduzko armak gorde eta zaintzeko, indarreko arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Polizia-zerbitzuetan, bide publikoetako segurtasuna babesteko eta segurtasun- eta zaintza-zerbitzuak egiteko, armak eramango dira. Hala ere, alkateak erabaki ahal izango du, arrazoituta eta udaltzainburuak aldez aurretik txostena emanda, zer zerbitzu emango den armarik gabe, baina, betiere, funtzionarioen edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larririk ez badago».

15/2012 Legearen 37.1.h) artikuluak honako hau xedatzen du: «EAEko udaltzaingoen jardueraren koordinazioa tokiko autonomia errespetatuz egin behar da beti, lege honetan ezarritako beste jardueren kontra joan gabe. Jarduera horien barruan, hauexek:

  1. Arau bidez zehaztea udaltzainek zer-nolako armak erabili behar dituzten.»

    Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak udaltzaingoen koordinazioa arautzen du, honela ulertuta: «elkarri informazioa ematea, baliabide pertsonal eta materialen zuzkidura homogeneoa izatea eta batera jardutea ahalbidetuko duten harreman-bitartekoak eta -metodoak ezartzeko jarduketa-sistemen multzoa, udalerriei eta Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako jarduerak integratzea lortzeko».

    Armamentuaren arloan, zuzenean aplikatzekoa da Estatuko legeria, EKren 149.1.26 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboaren esparruan, bai eta beste xedapen hauetan jasotako aurreikuspen espezifikoak ere: urtarrilaren 29ko 137/1993 Errege Dekretuak onartutako Armen Erregelamendua, apirilaren 10eko 768/1981 Errege Dekretua, Autonomia-erkidegoetako eta toki-korporazioetako polizia-kidegoetako kideek erabili beharreko armen lizentziak ematea eta segurtasun-neurriak hartzea arautzen duena, eta martxoaren 30eko 740/1983 Errege Dekretua, Autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako poliziako kideei dagozkien armen lizentzia arautzen duena.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legeak Herrizaingo Sailari esleitzen zion, segurtasun publikoaren arloan eskumena duen administrazioko organoa den aldetik, udaltzaingoak koordinatzeko neurriak sustatzeko erantzukizuna, eta, sail horren barruan, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 19. artikuluak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio udaltzaingoak koordinatzeko eginkizunak, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 38.b) eta 37. artikuluan aurreikusitakoak.

    2010eko maiatzaren 14an, Herrizaingo Sailak eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten udaltzaingoen arloan. Hitzarmen horrek 2007ko beste hitzarmen bat ordeztu zuen, Udaltzaingoko kidegoak homogeneizatzeko lankidetza biltzen zuena plantillen, baliabide teknikoen, uniformeen eta egiaztapen-sistemen arloan. Lankidetza-hitzarmen hori lortzeko, lantalde edo lan-mahai espezifikoak sortu ziren, udalerrietako, Herrizaingo Saileko eta langileen ordezkariek eta adituek osatuta.

    15/2012 Legea eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea onartu ondoren, 2018ko otsailaren 1ean, Segurtasun Sailak eta Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteak beste hitzarmen bat sinatu zuten, hartutako esperientziarekin eta lege-aldaketekin, 2010eko hitzarmenean jasotako lankidetza-mekanismoak eguneratzeko, eta udaltzaingoen koordinazioaren arloan egindako lanei jarraipena emateko.

    Horregatik guztiagatik, eta udal-autonomiari kalterik egin gabe, egokia da erregelamendu-garapenari ekitea, arreta berezia jarriz armamentuaren definizioan, bai eta polizia-zerbitzuaren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetuko duten bitarteko tekniko operatiboen eta defentsa-bitartekoen definizioan ere, eta, aldi berean, legezkotasun-, premia-, egokitasun-, proportzionaltasun-, segurtasun juridiko-, efikazia-, gardentasun- eta efizientzia-printzipioetan oinarritutako erabilera bermatzea herritarrei.

    Kontuan hartu behar da, alde batetik, legea betearazteko ardura duten langileen lana garrantzi handiko gizarte-zerbitzua dela, eta, ondorioz, beharrezkoa dela funtzionario horien lan-baldintzak eta -egoera mantentzea eta, beharrezkoa den guztietan, hobetzea. Bestetik, kontuan behar hartu da langile horiek funtsezko zeregina betetzen dutela pertsonen bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea babesteko orduan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean bermatu eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean berretsi den bezala. Halaber, aitortu behar da Europako polizia-zerbitzu gehienek legea errespetatzen dela zaintzeaz gain eginkizun soziala betetzen dutela eta hainbat zerbitzu ematen dituztela gizartean, eta gogoan izan behar da herritarrek poliziarekiko duten konfiantza hertsiki lotuta dagoela poliziak herritarrekin duen jarrerarekin eta portaerarekin, eta, bereziki, giza duintasunaren errespetuarekin eta pertsonen oinarrizko askatasunen eta eskubideen errespetuarekin, zeinak bereziki jasota baitaude Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean. Bada, hori guztia kontuan izanda, beharrezkoa da udaltzaingoko kidegoetarako oinarrizko irizpideak eta bitartekoak adostea.

    Horrenbestez, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 5ean egindako bilkuran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoak osatzen dituzten langileen eta udaltzaingoetan praktiketako izendatutako funtzionarioen armamentua eta beste baliabide tekniko eta defentsa-baliabide batzuk ezartzea eta homogeneizatzea, honako hauek zehaztuta:

    1. Armamentuko oinarrizko ekipamendua eta bestelako baliabide tekniko eta defentsakoak, bai eta polizia-ibilgailuen ekipamendua ere.

    2. Egin beharreko kontserbazioa, zaintza, erregistroak eta segurtasun-neurriak.

    3. Udaltzaingoetako langileei armak kentzeko edo itzultzeko irizpideak eta prozedura orokorra.

    4. Bitarteko teknikoak eta defentsakoak erabiltzeko oinarrizko irizpideak, legezkotasun-, premia-, kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera.

  2. Bitarteko tekniko eta defentsa-bitartekotzat hartzen dira bai armak, bai udaltzaingoetako langileen edozein euste- eta defentsa-baliabide.

  3. Dekretu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honako hau hartuko da armamentutzat: arauzko su-arma laburra, zeinaren mota, marka eta eredua dagokion toki-erakundeak zehazten baititu udaltzaingoko langileen hornidura gisa, polizia-eginkizunak bete ditzaten.

Dekretu honetan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzainak osatzen dituzten funtzionarioei, praktiketako izendatutako funtzionarioei eta dekretu honetan aipatutako langileei aplikatuko zaie.

  1. Udaltzaingoa duen toki-erakunde bakoitzak behar diren neurriak hartuko ditu bitarteko teknikoen eta defentsakoen ekipoak aurreikusitako zereginetarako egokiak izan daitezen eta, aldi berean, horiek erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna eta osasuna berma daitezen. Haien erabilera eta mantentzea erakunde horien araudi espezifikoan xedatutakora egokituko dira, bai eta, hala badagokio, bitarteko horietarako dauden gomendio tekniko-zientifikoetara ere.

  2. Oro har, gizonek edo emakumeek berdin erabiltzeko egokituta egongo dira baliabide teknikoak eta defentsakoak. Horretarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren araudian ezarritakoaren arabera toki-erakundeek egingo dituzten berdintasun-planen esparruan, neurri espezifikoak hartu ahal izango dira emakumeen alde, egitatezko desberdintasun-egoera nabariak zuzentzeko, horiek irauten duten heinean.

  1. Oinarrizko ekipo pertsonala da udaltzaingoko langileek izan behar dituzten eta, hala badagokio, banaka eraman behar dituzten baliabide tekniko eta defentsakoen gutxieneko hornidura, eta udaltzaingoko kide bakoitzari esleitzen zaio haien erabilera partikularra. Haren osagaiak 1. eranskinean zehazten dira.

  2. Era berean, toki-erakunde bakoitzak beharrezkotzat jotzen dituen beste baliabide tekniko osagarri batzuk eman ahal izango dizkie bere udaltzainei, hala nola komunikazio-ekipo eramangarriak, ibilgailuak ibilgetzeko bitarteko mekanikoak, alkohola edo drogak detektatzeko ekipoak edo zinemometroak.

  1. Udaltzaingo bakoitzak ibilgailuak eta baliabide mugikorrak eduki ahal izango ditu, toki-erakundearen beharren eta berezitasunen arabera, agindutako eginkizunen eraginkortasuna bermatzeko. Ibilgailuek bide publikoetan zirkulatzeko behar diren baldintza teknikoak eta segurtasunekoak izango dituzte, eta, horretarako, mantenuak eta zerbitzu-baldintzek bermatuta egon beharko dute, toki-erakunde bakoitzak ezartzen dituen bitartekoen bidez.

  2. Herritarrek erraz identifikatzeko modukoak izango dira ibilgailuak eta bitarteko mugikorrak, irudi bateratu eta komun batekin, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko irailaren 24ko Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez argitaratu zen «Euskadiko udaltzaingoen uniformeen eta kanpoko ikur bereizgarrien eskuliburua».

  3. Hala badagokio, udaltzaingoek ibilgailu eta bitarteko mugikor egokiak izan beharko dituzte, erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duen kontserbazio- eta mantentze-egoeran. Ibilgailua gidatzeko izendatutako udaltzainei dagokie ibilgailua zaintzea. Une oro zainduko dute ibilgailua behar bezala erabiltzen dela, fabrikatzailearen jarraibideak betez eta garbitasun-egoera egokiari eutsiz. Ibilgailua jaso zen baldintza berberetan entregatu beharko da. Langile horiek ibilgailuaren, osagarrien edo esleitutako ekipamenduaren akats, matxura edo anomalien berri emango diete, bai eta zerbitzuaren ezaugarriek sortutako zikinkeriaren edo narriaduraren berri ere, beren agintari hurrenei. Horiek, ahalik eta lasterren, behar bezala funtzionatzeko eta etengabe zerbitzuan jartzeko bitartekoak sustatu beharko dituzte.

  4. Polizia-ibilgailuek beren eginkizuna betetzeko behar dituzten baliabide teknikoak izango dituzte. Ibilgailuek, betiere, oinarrizko gutxieneko ekipamendua izango dute, 2. eranskinean jasotako baldintzetan, hargatik eragotzi gabe toki-erakunde bakoitzak beste bitarteko tekniko osagarri batzuk izatea.

  1. atala

    Armen hornidura, segurtasun-neurriak eta erabilera

  1. Udaltzaingoa duen toki-erakunde bakoitzak bere baliabide teknikoak eta defentsa-baliabideak izango ditu, eta banaka hornituko ditu bere toki-erakundeko udaltzaingoko langile guztiak, 1. eranskinean xedatutakoaren arabera.

  2. Toki-erakunde bakoitzak zehaztuko du arauzko zer arma esleituko zaien udaltzaingoko langileei, 1. eranskinean definitutako ezaugarri teknikoak betez.

  3. Udaltzaingo bakoitzak erreserbako arma laburrak eduki ahal izango ditu. Arma horiek behin-behinekoz esleitu ahal izango zaizkie udaltzainei, matxura, suntsipen, galera edo lapurretaren bat gertatuz gero, edo erregelamendu bidez esleitutako su-arma eramatea edo, hala badagokio, erabiltzea eragozten duen beste edozein inguruabar gertatuz gero. Halakoetan, nolanahi ere, diziplina-erantzukizunak eskatu ahal izango dira, hala badagokio.

  4. Dagokion toki-erakundearen jabetzakoak dira baliabide teknikoak eta defentsakoak, arauzko hornidurako su-armak barne, banakakoak zein erreserbako armak, bai eta horiek osatzen dituzten elementu osagarri bereziak, armaren zorroa eta munizioa ere. Horiek guztiak dagokion toki-erakundeko udaltzainek baino ez dituzte erabiliko.

  1. Udaltzaingoetako langileek banakako hornidura gisa ematen zaien munizioa baino ez dute izango arauzko munizio gisa.

  2. Hornidura gisa ematen diren munizioen ezaugarriak eta zehaztapenak udaltzaingo bakoitzak eskuratzen dituen su-armen araberakoak izango dira.

  3. Udaltzainburu bakoitzari dagokio zehaztea zer munizio mota egokitzen zaien hobekien toki-erakundeak eman dizkien su-armei.

  1. Udaltzaingoetako funtzionarioek armak eta gainerako baliabide teknikoak eta defentsarako baliabideak eraman beharko dituzte.

  2. Bide publikoko segurtasuneko polizia-zerbitzuak eta segurtasun- eta zaintza-zerbitzuak armamentuarekin egingo dira. Hala ere, alkateak erabaki ahal izango du, arrazoituta eta udaltzainburuak aldez aurretik txostena emanda, zein diren armarik gabe egiten diren zerbitzuak, zer zerbitzu emango den armarik gabe, baina, betiere, funtzionarioen edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larririk ez badago. Zerbitzu horien artean, honako hauek daude, besteak beste:

    1. bulegoko lanak egitea.

    2. irakaskuntza-funtzioak, hitzaldiak ematea, ikastaroetara eta antzekoetara joatea.

    3. protokolo-ekitaldietara joatea.

    4. antzeko beste batzuk.

  3. Erabaki horren zergatia oinarritzeko, alkateak bere toki-erakundeari buruzko hainbat adierazlek emandako informazioan ere oinarritu ahal izango da, hala nola:

    1. Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren Lankidetza Protokoloan elkarrekin adostutako zereginak. Protokolo horretan, Ertzaintzak segurtasun-zerbitzu integrala emango duen gorabeheren zerrendak eta titulartasunen esleipenak finkatzen dira, Segurtasun Sailaren eta dagokion udalaren arteko lankidetza-hitzarmenetik eratortzen direnak.

    2. Egiaztatzea urte anitzetan egoki murriztu direla delinkuentzia-indizea eta istiluak sortzeko arrisku potentziala, zerbitzua ematen den udalerrian, mugapean edo eremuan, eta hala gertatu dela EAEn gerta daitezkeen ibiltaritza handiko delinkuentzia-motetan ere, batez ere pertsonen eta haien etxeen osotasunerako arriskutsuak izan daitezkeenetan, betiere egiaztapen horrek aukera ematen badu agenteentzat eta herritarrentzat arrisku-probabilitate txikia dagoela uste izateko.

    3. Udaltzaingoa antolatzea, zerbitzuak arma bidez emateko ratio egokia eskain dezan armarik gabe emandakoekin alderatuta, jardunean diren agenteen eta hirugarrenen segurtasuna bermatzeko edozein arrazoizko arriskuren aurrean.

    4. Pertsonak kontrolatzeko material osagarria eskura jartzea, segurtasuneko edozein gorabeherari erantzungo zaiola bermatzeko kopuru nahikoan, betiere udaltzaingoaren arduradunak behar bezala sinatutako erabilera-agindu bat badago, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eskutik jasotako prestakuntzaren egiaztagiria ere.

    5. Segurtasunarekin zuzenean lotuta ez dauden eta hura bermatzen duten zerbitzuak emateko jardueretan, suzko armak erabiltzetik salbuestea bermatzen duen beste edozein datu.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoen Erregistroan, arma-espedienteen erregistro indibidual bat eta gainerako bitarteko tekniko eta defentsakoen beste erregistro bat egingo dira, eta bertan jasoko dira elementu horiei buruzko oinarrizko datu eta gorabehera guztiak.

  2. Udaltzainburuak kontrolatuko du aurreko apartatuan aipatutako arma-espedientea, eta udaltzaingoko kide bakoitzari emandako su-armen jabego-giden kopiak zainduko ditu.

  3. Suzko armak konpondu, gordailutu edo garraiatu behar diren kasuetan, armekin batera jabego-gida ere joango da, eta hala jasoko da artikulu honetan ezarritako armaren espedientean.

  4. Udaltzainburuak etengabe eguneratu beharko du Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa, eta, horretarako, erregistroan jaso beharko ditu udaltzaingoko kide bakoitzak armamentuaren eta beste defentsa-baliabide batzuen erabilerarekin lotuta egiten dituen tiro-ikastaro eta -praktiken datuak.

  5. Bai armamentu-espedienteen erregistroak, bai beste bitarteko tekniko eta defentsako batzuenak, bai udaltzaingoko langileen tiro-ikastaro eta -praktikei buruzkoak datu pertsonalen babesaren arloko legeriaren segurtasun-aurreikuspenak beteko dituzte. Erregistro horiek, bestalde, bitarteko elektronikoz kontsultatu eta eskuratu ahal izango dira.

  6. Erregistroan, suzko armaren erabilerari buruzko txosten bat jasoko da, eta, hala badagokio, zenbat tiro egin ziren, zenbat munizio erabili zen eta suzko armaren erabileraren eraginkortasunari buruzko azalpen objektibo eta zehatz bat emango da, baita haren erabileraren egokitasunari, proportzionaltasunari eta kongruentziari buruzko balorazioa ere.

  1. Garbi eta egoera ezin hobean gorde beharko dira armak eta gainerako bitarteko teknikoak eta defentsakoak, eta udaltzaingoetako langileek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte hondatzea, galtzea, lapurtzea, ostea edo hirugarrenek erabiltzea saihesteko.

  2. Udaltzaingoko kide bakoitzari esleitutako su-armak ezin izango dira eman, laga edo trukatu, ez horniduraren zati gisa, ez zerbitzurako esleitu zaion erreserbako arma gisa.

  3. Arauzko su-arma laburra eta dagokion munizioa zaintzea arma esleitua duenaren erantzukizuna da, eta funtzionamendu egokia eta erabilera-egoera ona zainduko ditu.

  4. Armamentua eta bere jabetza-gida galdu, ostu edo suntsituz gero, udaltzaingoko langileek berehala salatu beharko dute. Horrez gain, berehala jakinaraziko diote bere agintari hurrenari, eta hark, hala badagokio, berehala jakinaraziko dio udaltzainburuari, agintaritza eskudunari horren berri eman diezaion. Galera- edo lapurreta-kasuetan, udaltzaingoari dagokion mugapeko ertzain-etxeari ere jakinaraziko diote. Edonola ere, udaltzainek diziplina-erantzukizunik izan dezaketen zehaztu beharko da.

  5. Inola ere ezingo da armamentua manipulatu, ez eta, oro har, beste edozein baliabide tekniko eta defentsa-bitarteko ere, ez eta jatorrizko ezaugarriak aldatu ere, eta ezingo zaio osagarririk edo elementu gehigarririk gehitu, legez aurreikusitako kasuetan izan ezik eta udaltzaingoko buruaren berariazko baimenarekin.

  6. Udaltzaingoko kide bakoitzak goragoko agintariari jakinarazi beharko dio bere hornidurako arauzko su-arman akatsen bat dagoela, arma hori konpontzeko edo ordeztea proposatzeko, eta baimenik gabe ez du inolako manipulaziorik edo kudeaketarik egingo akats horiek konpontzeko. Era berean, erreserba-armamentuan atzemandako akatsen berri emango du, baldin eta halakoen ardura eman bazaio.

  7. Baimendutako pertsonak edo pertsonek bakarrik konponduko dituzte arauzko su-armak. Debekatuta dago udaltzaingoko langileek arma horiek manipulatzea, ez bada garbitzeko eta mantentzeko oinarrizko lanak egiteko.

  8. Konpontzera eramaten diren su-armak beren jabego-gidarekin batera joango dira. Gida hori armategiaren esku geratuko da, konponketak irauten duen bitartean, ordainagiri bidez, eta interesdunari itzuliko zaio, armarekin batera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoetako langileen prestakuntza, dekretu honetan ezarritako oinarrizko ekipoaren erabilerari dagokionez, nahitaezkoa da, eta karrerako funtzionario gisa lanpostuaz jabetu aurretik egin behar da. Betiere, armamentua eraman eta erabili ahal izateko, arlo horri dagokion prestakuntza izan beharko da.

  2. Tiro-praktikak udal-gobernuko organoak ezarritako aldizkakotasunarekin egingo dira, eta, praktika horiek egiteko, udaltzainek esleitua duten armamentua erabiliko dute, bai eta ematen zaien munizioa ere. Segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko neurri egokiak betez egingo dira, eta instruktore arduradunek, behar bezala egiaztatuta daudela, neurri horiek betetzen direla bermatuko dute.

  3. Urtebete baino gehiago igaro ondoren beste segurtasun-indar eta -kidego batean zerbitzurik eman gabe jarduneko zerbitzura itzultzen diren udaltzaingoko langile guztiek, udaltzainburuak egokitzat jotzen badu, tiro-praktikak eta gainerako defentsa-bitartekoak erabiltzeko praktikak egin beharko dituzte, berriro sartu eta hurrengo hiruhilekoan.

  1. Udaltzaingoetako langile guztiak urtean behin pasako dira udaltzainburuaren aurrean, banakako hornidurako arauzko su-armen ikuskapena egiteko. Udaltzainburuak hala egin ez duten langileen berri emango die dagokien agintaritza zehatzaileari; horrez gain, diziplina-erantzukizunak eskatu ahal izango dira.

  2. Udaltzainburuak agintari eskudunei jakinaraziko dizkie egindako armen ikuskapenak.

  3. Ikuskapena pasatu ahal izateko, ezinbestekoa da suzko arma norberak aurkeztea. Adierazitako leku eta egunetan aurkeztea ezinezkoa bada, aldez aurretik utzi ahal izango dira arma eta jabego-gida, zentro bakoitzean ikuskatzeko gaitutako lokaletan. Era berean, aldi baterako ezintasun-egoeran egoteak ez du eragotziko betebehar hori betetzea, eta, beraz, egoera horretan dauden udaltzaingoko langileek udaltzaingoko beste kide bati eskuordetu beharko diote arma ikuskapenera aurkeztea.

    Bertaratzeko ezintasuna eta eskuordetzea idatziz egiaztatu beharko dira.

  1. Udaltzaingoa duen toki-erakunde bakoitzak suzko armen eta munizioen armairu bat, gordailu kolektibo edo banakako bat edo armategi bat izan beharko du, langileek beren hornidurako armamentua utz dezaten, eta udaltzaingoaren gainerako bitarteko teknikoak eta defentsakoak zaintzeko. Gordailu horiek halakoetarako aurreikusitako segurtasun-neurriak izango dituzte, bai eta bideozaintzako kamera ere, etengabe grabatzen jardungo duena. Udaltzaingoko langileek soilik erabil ditzaketen espazioetan kokatuko dira gordailuok, eta, betiere, etengabe kontrolatu eta zainduko direla bermatu beharko da.

  2. «Segurtasuneko Zona Hotza» izeneko espazio bat eduki beharko da, udaltzainek beren armen egoera egiazta dezaten. Ahal den guztietan, armategia dagoen lokalean jarriko da. Lokalak material batez estalitako hormak, zorua eta sabaiak izango ditu. Material horrek, ustekabean tiro eginez gero, jaurtigaia xurgatuko du, eta, hartara, jaurtigaiak errebotatzea, zatitzea edo lokaletik irtetea saihestuko du.

    Espazio hori, gainera, egokia izango da armaren garbiketa- eta mantentze-lanak egiteko. Banaka erabiliko da, eta bertan ezin izango da pertsona bat baino gehiago egon erabili behar den bakoitzean.

  3. Polizia-bulegoen barruan, behar-beharrezkoa denean eta armaren egoera egiaztatu behar denean soilik atera ahal izango da suzko arma zorrotik, zerbitzua eman aurretik eta amaitu ondoren, eta «Segurtasuneko Zona Hotzean» egingo da, dagokion zorroan sartu aurretik.

  4. Udaltzainburuak eta erdi-mailako agintariek egiaztatu beharko dute neurri horiek betetzen direla, eta, neurriok urratzen badira, berehala jakinarazi beharko diete goragoko agintariei, idatziz, edo jasota geratzeko moduko beste edozein bitartekoren bidez.

Udaltzaingoko langileetako bat gordailuko edo armategiko arduradun izendatuko da. Pertsona horrek dekretu honen 9. artikuluan aurreikusitako erregistroak kudeatuko ditu, udaltzaingoko buruak zuzenean gainbegiratuta eta zainduta. Halako arduradunik ez badago, edo zeregin horietarako inor izendatuta ez badago, udaltzaingoko buruari dagozkio eginkizun horiek.

  1. Udaltzainek indarrean dagoen araudian ezarritako irizpide eta printzipioen arabera erabiliko dute suzko arma. Ezin izango dituzte armak erabili, salbu eta beren edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larria dagoenean, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoenean, eta egokitasun-, premia- eta proportzionaltasun-printzipioekin bat etorriz. Su-armak erabiltzea muturreko neurritzat hartuko da, eta ez dira erabiliko erresistentzia armaturik ez badago, edo norberaren edo hirugarrenen bizia arriskuan ez badago, eta beste neurri batzuen bidez erasotzailea atxilotu edo menderatu ahal bada.

  2. Ezin izango da suzko arma larderiaz erabili airera tiroak eginez, ihesiari ekin dion pertsona bat atxilotzeko.

  3. Arauzko su-armak lekualdatzeko, indarrean dagoen araudi aplikagarrian xedatutakoa bete beharko da.

  4. Polizia-etxeen barruan, su-armen manipulazioa «Segurtasuneko Zona Hotzean» egin beharko da.

  5. Debekatuta dago arauzko su-arma zerbitzutik kanpo eramatea, udaltzainburuak berariazko baimena eman ezean. Baimen hori, nolanahi ere, salbuespenezkoa izango da, eta segurtasun-arrazoiengatik eman beharko da.

  6. Zerbitzuan zehar ezin izango dira erabili erabilera partikularreko su-armak, txartel profesionalaren babespean eskuratutakoak.

  1. atala

    Armamentua kentzea

  1. Kasuak eta izapidetzea.

  1. Jarraian zerrendatzen diren kasuetan, arauzko su-arma kendu eta gordailuan utziko da, dagokion jabetza-gidarekin eta munizioarekin batera, eta udal-gordailu edo -armategirako sarbidea debekatuko da:

    1. 90 egunetik gorako aldi baterako ezintasuna.

    2. Lan-istripua.

    3. Ezintasun iraunkor partziala, osoa, absolutua eta baliaezintasun handia.

    4. Zerbitzu aktiboa ez den beste edozein administrazio-egoeratan egotea.

    5. Diziplina-zehapena, kautelazko neurria edo epai judiziala betetzea, arma behin betiko kentzea xedatzen duena; edo udaltzaingoaren zerbitzutik aldi baterako eteteko edo behin betiko kentzeko zehapen irmoa betetzea.

    6. Erretiro osoa, edo funtzionario-izaera galtzea udaltzaingoan.

    7. Heriotza.

    8. Suzko arma edukitzea eragozten duen gaixotasuna edo urritasun psikofisikoa.

  2. Aurreko paragrafoko a) eta h) letretan aurreikusitako kasuetan armak kentzeko, kontraesaneko administrazio-prozedura hasi beharko da.

    Toki-erakundeak hasiko ditu suzko arma kentzeko izapideak, dagokion espedientea hasiz. Espediente horren berri emango zaio interesdunari, bere eskubideari komeni zaiona alega dezan. Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legea aplikatuko da.

    1. letraren kasuan, suzko arma kautelaz kendu ondoren hasiko dira izapideak.

      Aurreko apartatuko b) letratik g) letrara bitartean (biak barne) jasotako kasuetan, armak automatikoki kenduko dira, kasuok aldi berean gertatzen direla egiaztatu ondoren.

      Suzko arma kentzeko kontraesaneko administrazio-prozedura gauzatzen den bitartean, suzko armarik eraman behar ez dela erabaki den zerbitzuak soilik eman ahal izango ditu funtzionarioak.

      Alkatetzak ebatziko du arma aldi baterako edo behin betiko kentzea. Udaltzaingoko buruak izango du arma jaso eta gordailutzeko ardura.

      1. Aldi baterako ezintasunagatik kentzea.

      1. 90 egunetik gorako aldi baterako ezintasuna.

        Toki-erakundeko giza baliabideak kudeatzeko sail edo arlo eskudunaren edo udaltzaingoaren arduradunek beren udaltzaingoko kide bat aldi baterako ezintasun-egoeran dagoela jakiten dutenean (kontingentzia arruntaren zein kontingentzia profesionalaren ondorioz), eta aurreikusten bada kide horrek polizia-eginkizunak 90 egun baino gehiagotan bertan behera utzi beharko dituela, arauzko su-armak kentzeko izapideak hasiko dira.

        Horretarako, elkarri jakinarazi beharko dizkiote inguruabar horiek.

        Zehazki, iraupenaren aurreikuspena (90 egunetik gorakoa) hasierako baja-jakinarazpenean jasota badago, jakinarazpena jasotzen den egunean hasiko da su-armak kentzeko prozesua.

        Kide batek zerbitzu aktibotik kanpo 90 egun baino gehiago eman behar dituela jakiten bada, udaltzainburuari jakinarazi beharko zaio, armak eta gainerako elementuak ken ditzan.

        Armamentua kendu ondoren, txostena bidaliko zaio giza baliabideen kudeaketaz arduratzen den sailari edo arloari, izapidea egin dela jasota gera dadin.

      2. Arma kentzea lan-istripuaren ondoren berehala jasandako ezintasunagatik.

        Lan-istripu baten ondorioz suzko arma zaintzeko behar diren gaitasunak ustez urrituta izateagatik, edo ospitaleratuta geratu behar izateagatik, arauzko arma kendu behar bazaio udaltzaingoko kideren bati, nahiz eta urgentziazko egoera hori aldi baterakoa eta iraupen laburrekoa izan, arauzko su-arma kenduko dio gertakarien lekuan dagoen zerbitzuko agintari batek edo jarduketaren ardura hartu duen udaltzaingoko kideak.

        Suzko arma kendu duenak berehala jakinaraziko dio udaltzainburuari, unitateari edo udal-gordailuaren edo -armategiaren arduradunari, armak, munizioa eta gidak kendu izanaren akta behar den informazioarekin osatu ahal izateko. Kopia bat bidaliko zaio interesdunari, behar bezala jasota gera dadin, bai eta giza baliabideen arloari ere.

      3. Arma kentzea ezintasun iraunkorragatik.

        Giza baliabideak kudeatzeaz arduratzen den sailak edo arloak jakiten badu Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak udaltzainen baten ezintasun iraunkor partziala (su-arma erabiltzeko baldintzei eragiten badie), osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia deklaratu duela, ebazpen hori ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio udaltzainburuari, udaltzainak dauzkan su-armak kentzeko izapideak hasteko.

      4. Arma kentzea zerbitzu aktiboa ez den beste administrazio-egoera batean egoteagatik.

        Giza baliabideak kudeatzeaz arduratzen den sailak edo arloak zerbitzu aktiboa ez den beste edozein administrazio-egoeraren berri badu, hala nola beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuak ematea, borondatezko edo nahitaezko eszedentzia, edo zerbitzu bereziak, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio egoera horren berri udaltzainburuari, arauzko su-arma kentzeko izapideak hasteko, zerbitzu aktiboa amaitutakoan.

      5. Arma kentzea zigor administratibo edo epai judizial baten ondorioz.

      1. Diziplina-espediente batean, kautelazko neurri gisa zein zehapen-ebazpen bidez, udaltzainen bat zerbitzutik kentzea edo eginkizun-gabetzea erabakitzen bada, su-arma kendu beharko zaio, ezarritako prozeduraren arabera.

      2. Agintaritza judizial batek udaltzaingoko langileei armamentua kentzea erabakitzen badu, ebazpen judizial hori udaltzainburuari jakinaraziko zaio, baita udal-gordailuaren edo -armategiaren arduradunari ere, eta beharrezko kudeaketa guztiak egin beharko dira, bere esku dituen bitartekoekin, su-armak eta dagozkien gidak kentzen direla bermatzeko.

      1. Armak kentzea erretiro osoagatik edo udaltzaingoan funtzionario-izaera galtzeagatik.

        Giza baliabideak kudeatzeko ardura duen sailak edo arloak udaltzaingoko kide baten erretiro-deklarazioaren edo funtzionario-izaeraren galeraren berri izanez gero, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio egoera hori udaltzainburuari, kide horren su-armak kentzeko izapideak hasteko.

      2. Heriotzagatik kentzea.

        Udaltzaingoko kide baten heriotzaren berri izanez gero, udaltzainburuak izapideak hasiko ditu suzko armak eta jabego-gidak ahalik eta lasterren berreskuratzeko.

      3. Suzko armak kentzea halakoak edukitzea eragozten duen gaixotasunagatik edo urritasun psikofisikoagatik.

      1. Suzko armak edukitzea eragozten duen gaixotasun baten edo urritasun psikofisiko baten zantzuak daudela ulertuko da, baldin eta jokabide-nahasmendu bat hautematen bada, agerian uzten duena jatorri organiko edo funtzionala duen jokabide-disfuntzio baten adierazpen indibiduala. Nolanahi ere, egoera hori azterketa-zentroren batek egindako txosten mediko edo psikologiko ofizial baten bidez egiaztatu beharko da. Halako zentroak arma-lizentziak, -baimenak eta -txartelak lortzeko behar diren gaitasun-txostenak arautzen dituen araudian aurreikusitakoak izan beharko dira.

        Egoera horren berri jakinarazi beharko zaio dagokion toki-erakundean laneko segurtasunaren eta osasunaren ardura duen arloari edo sailari.

      2. Alde horretatik, jokabide-nahaste horren adierazle dira bat-bateko portaera-aldaketak, honela adierazten direnak:

        1. Hausnarketarik eza eta portaera oldarkorra, une zehatzaren araberako gutxieneko segurtasun-arauak bete gabe.

        2. Moteltasun anormala edo erreaktibitate normalik eza eguneroko estimuluekiko, hala nola hizketa motela, gehiegizko hausnarketa erantzunetan edo mugimenduetan, mugimendu falta begiradan.

        3. Neurriz kanpoko hitzezko agresibitatea edo agresibitate fisikoa, edo argi eta garbi desegokia edo beharrezkoa ez dena.

        4. Inkoherentzia edo logika-falta galdera errazei emandako erantzunetan.

        5. Egonezina mugimenduetan, pertsona geldirik eta bere lekuan eserita gutxienez 5 minutuz geratzeko gai ez dela.

        6. Norberaren aurkako mespretxuzko hitzak, bere buruaz beste egiteko asmoak edo hilda egoteko nahiak, dena behin betiko amaitzea edo antzekoak.

        7. Jazarrita, zelatuta edo modu anormalean presionatuta sentitzeari buruzko adierazpenak, kontakizuna inkoherentea edo susmagarriki zalantzazkoa dela.

        8. Beste inork berretsi ezin dituen gauza arraroak ikusi izana adieraztea, nahiz eta, pertsonaren kontakizunaren arabera, berresteko modukoak izan.

        9. Orientazio falta puntuala denboran eta/edo espazioan, aldez aurreko traumatismo batekin edo aurretik diagnostikatutako gaixotasun batekin justifikatzen ez dena.

        10. Laneko jarduera oztopatzen duten beste pentsamendu- edo portaera-nahasmendu eta/edo alterazio batzuk.

      3. Baldin eta udaltzaingoko kide batek uste badu ez dagoela behar bezalako baldintzetan dagokion funtzioa behar bezala betetzeko, eta suzko arma erabiltzea edo edukitzea arriskutsua izan daitekeela bere buruarentzat edo beste pertsona batzuentzat, horren berri jakinarazi beharko dio hierarkian gorago dagoen nagusiari.

      4. Agenteek honako hauek egin beharko dituzte, aurreko paragrafoan adierazitakoaren berri dutenean, edo udaltzaingoko kideren bati portaeran aldaketa nabariren bat antzematen diotenean, eta horrek agerian uzten duenean suzko armak erabiltzea edo edukitzea arriskutsua izan daitekeela bere buruarentzat edo hirugarren batzuentzat:

        1. Egoeraren berri duen edo hura hautematen duen agentea hierarkian pertsona horren gainetik dagoen agintari bat bada, berehala kenduko dio armamentua.

        2. Egoeraren berri duen edo hura hautematen duen agenteak lanbide-kategoria bera edo txikiagoa badu, berehala emango zaio gertaeren berri nahasmendua duen pertsonaren goragoko agintari hierarkiko bati, gertaerak egiazta ditzan eta, hala badagokio, dagokion armamentua berehala ken dezan.

        3. Nolanahi ere, edozein pertsonaren bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku larria ikusiz gero, lanbide-kategoria edozein dela ere, armamentu hori kenduko da, eta berehala emango zaio horren berri hierarkian gorago dagoenari edo udaltzaingoaren buruari.

      5. Armamentua kendu ondoren, udaltzaingo bakoitzeko gordailuaren edo armategiaren ardura duen unitateari edo pertsonari eman beharko zaio, eta txosten zehatza egin beharko da, armak kentzearen gertakariak eta inguruabarrak dagokion burutzari jakinarazteko.

      6. Armak kautelaz kentzen direnetik hartutako neurria berresteko edo ez berresteko ebazpena eman bitartean poliziak lanean jarraitzen badu, prebentzio-neurri gisa polizia-zentroaren edo -instalazioaren barruan emango du zerbitzua.

        Armak kentzea berresten bada, eragindako pertsonari eskatuko zaio osasun-zerbitzu publikoko lehen mailako arretako zerbitzu medikoetara joateko, aldi baterako ezintasuna lor dezan, hala badagokio.

      7. Era berean, azterketa mediko edo psikologiko baten ondorioz fakultatiboek arrisku larriko egoera bat detektatzen badute, udaltzaingoaren beraren osasun-zerbitzuek armamentua kendu beharra dagoela jakinaraziko diote giza baliabideen kudeaketaz arduratzen den sailari, idazki baten bidez.

        Udal-sail edo -arlo horrek berehala eman beharko dio horren berri udaltzaingoko buruari, beharrezko diren kudeaketa guztiak egin ditzan eskura dituen bitartekoekin, su-armak eta dagozkien gidak kenduko direla bermatzeko.

        Armamentua kendu ondoren, txostena bidaliko zaio giza baliabideen kudeaketaz arduratzen den sailari edo arloari, izapidea egin dela jasota gera dadin.

        Sail edo arlo horrek, arrisku larriagatik su-arma kendu dela jakiten duenean, honako hauek egin beharko ditu:

      1. Osasun-zentroari edo lan-osasuneko zentroari horren berri jakinarazi beharko dio, udaltzaingoko kideari hitzordua eman diezaioten, azterketa medikoa eta, hala badagokio, psikologikoa egiteko, eta arma kentzea berresteko edo ezeztatzeko proposamena egiteko. Medikuak, diagnostiko bat egin ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dituen txosten edo proba guztiak izan beharko ditu eskura, baita egokiak diren izaera psikologikokoak ere.

      2. Arma kentzeko hartutako erabakiaren (udal-organo eskudunak hartutakoaren), berrespena edo ezeztapena bete beharko du, eta interesdunari ebazpena jakinarazi, legez aurreikusitako bitartekoen bidez.

  1. Balizko arau-hauste penal bat argitzeko ikerketa baten ondorioz arauzko su-arma labur bat epailearen esku utzi den kasuetan, arma hori zehaztuko diren bulego judizial edo polizialetan gordailutuko da, jabego-gidarekin batera.

  2. Polizia-eginbideak izapidetu dituen udaltzainburuak honako hauek jakinaraziko dizkio, ahalik eta lasterren, gordailuaren edo armategiaren arduradunari: polizia-eginbideen eta eginbide judizialen erreferentzia, arma hori esleitua duen pertsona, gordailu-lekua eta arma gordailuan duen epaitegia edo auzitegia.

  3. Udaltzainburuak, hala badagokio, txosten baten bidez baloratu eta arrazoituko du arauzko edo erreserbako su-arma berri bat esleitu behar zaion udaltzaingoko langile bati, baldin eta haren arma bulego judizial edo polizial jakin batzuetan gordailututa badago.

  1. Arauzko su-arma kautelaz, aldi baterako edo behin betiko kentzeak esan nahi du eraginpeko pertsonak ezin duela zerbitzuan suzko armarik eraman edo erabili, ezta tiro-praktikak edo arlo horretako prestakuntza egin ere. Gainera, udaltzainburuak berehala emango dio agintaritza eskudunari udaltzaingoko langileei armak entregatzeari eta kentzeari buruzko gorabehera ororen berri, badaezpada agintaritza horrek langile horiek izan ditzaketen su-arma partikularrak kautelaz kendu behar baditu ere.

  2. Armak kautelaz, aldi baterako edo behin betiko kentzean, kendutako efektuen, armaren eta defentsa-bitartekoen akta edo txostena egingo da. Akta edo txosten hori udaltzaingoko langileen banakako espedientean jasoko da, eta erretiratutako efektuak, ordua, non egin den eta non gorde diren deskribatuko da, bai eta xede horretarako beharrezkoa den edozein ohar ere.

  3. Armamentua kendu zaien udaltzainei beste zerbitzu batzuk esleitu ahal izango zaizkie, haietan arma eramatea nahitaezkoa ez bada; besteak beste, 8.2 artikuluan aurreikusitakoak.

  4. Udaltzaingoko langileei, su-armak eta gidak kentzen zaizkienean, udaltzaingoko langile horiei «entrega-aktaren» kopia bat eman beharko zaie, eta armak armategiaren arduradunaren zaintzapean geratuko dira.

  1. Udaltzainak ohiko zerbitzura itzultzen badira armamentua kentzea eragin zuen arrazoia amaitu ondoren, armamentua itzuli egin beharko zaie.

  2. Armak 16.8 artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik kentzen badira, armak itzultzeko, nahitaezkoa izango da medikuaren txosten bat, egiaztatzen duena desagertu direla suzko armak edukitzea udaltzainentzat edo hirugarrenentzat arriskutsua zela frogatzen zuten inguruabarrak.

  3. Jakinarazpen baten bidez jasoko da armamentua itzuli dela, hura itzultzearekin batera.

  1. atala

    Beste bitarteko tekniko eta defentsa-bitarteko batzuk erabiltzeko oinarrizko irizpideak

Balen, ebaketen eta puntzoien aurkako polizia-babeserako txalekoen erabilera polizia-funtzionarioek egin beharreko zerbitzu zehatzaren mende egongo da, eta, hura erabili ala ez erabakitzeko, une bakoitzean aurre egin beharreko arrisku-egoerak aztertu beharko dituzte, salbu eta udaltzaingoaren buruak nahitaez erabili behar direla erabakitzen badu premia-, segurtasun- eta arrisku-irizpide objektiboak kontuan hartuta.

  1. Udaltzaingoko langile guztiek, polizia-bulegoetatik kanpo uniformedun zerbitzuak ematen dituztenean, girgiluak eraman beharko dituzte, dagokien zorroan eta gerrikoan lotuta.

  2. Girgiluak erabiltzea hertsapen-indarra erabiltzea da, eta une oro bat etorri behar du kasuaren inguruabarrekin, betiere dekretu honen 1.1 artikuluaren d) letran jasotako printzipioak eta hiru parametro argi hauek kontuan izanda: eskuburdinak jarri zaizkion pertsonaren portaera bortitza, ihes egiteko arriskua eta bere burua lesionatzeko arriskua. Nolanahi ere, girgiluak aldi baterako erabiliko dira beti.

  1. Udaltzaingoko langile guztiek, uniformedun zerbitzuak polizia-bulegoetatik kanpo ematen dituztenean, arauzko defentsa eraman beharko dute dagokien zorroan eta gerrikoan lotuta.

  2. Ibilgailu automobilen barruan defentsa kendu ahal izango dute, eta berriz eraman beharko dute haietatik irtetean.

  3. Kale-jantzian lan egiten duten udaltzaingoko langile guztiek ere eraman ahal izango dute arauzko defentsa, horretarako behar bezala baimenduta eta zerbitzuan daudenean.

  4. Poliziek eman zaien arauzko polizia-defentsa soilik eraman eta erabili ahal izango dute.

  5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak (PLEA) emandako prestakuntza-ikastaroa gainditu duten langileek baino ezingo dute eduki eta erabili.

  6. Udaltzainek, defentsa erabiltzea ala ez erabakitzeko orduan, aintzat hartu beharko dute beren edo hirugarrenen aurkako egoeraren larritasuna; eusteko, geldiarazteko edo defendatzeko tresna gisa erabili beharko dute, eta dekretu honen 1.1 artikuluaren d) letran jasotako printzipioak errespetatuz.

Toki-erakundeek etengabe eguneratuta eduki beharko dituzte Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa arautzen duen 2012ko urriaren 16ko 203/2012 Dekretuaren 6. artikuluan aipatzen diren antolaketari eta langileei buruzko datuak, bai eta udaltzaingoko kideen akreditazio profesionalerako sistemak ere.

Alde horretatik, hiru hilean behin berrikusi beharko da erregistro horretan agertu behar duten datuak eguneratuta daudela.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aldatzea 203/2012 Dekretua, 2012ko urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoen Erregistroa eta Udaltzaingoko kideen akreditazio profesionalerako sistemak arautzeko dena.

Honela idatzita geratzen dira Euskadiko Udaltzaingoen Erregistroa eta Udaltzaingoko kideen akreditazio profesionalerako sistemak arautzen dituen 2012ko urriaren 16ko 203/2012 Dekretuaren 6. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak:

  1. Lehenengo atalean, udaltzaingoko kideei buruzko datu pertsonalak eta profesionalak jasoko dira. Horretarako, honako datu hauek bilduko dira:

    1. Datu pertsonalak:

      Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia.

      Izen-abizenak.

      Jaioteguna eta jaioterria.

      Sexua.

    2. Datu profesionalak:

      Zenbaki profesionala.

      Lanbide-kategoria.

      Titulazio akademikoa.

      Poliziaren lanbide-prestakuntza.

      Agente bakoitzaren gidabaimenak.

      Zerbitzu aktiboko egoeran, bigarren jarduerako egoeran edo zerbitzuan baja emanda dauden.

      Agente bakoitzaren arauzko armei eta beste defentsa-baliabide batzuei buruzko datuak.

  2. Era berean, dagokion toki-erakundearekin hala adosten bada, lehenengo atalean, beste prestakuntza-ikastaro, kondekorazio eta sari batzuei buruzko datuak sartu ahal izango dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailburuari, dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Hala ere, 6., 7., 13.1 eta 13.2 artikuluetan jasotako aurreikuspenak betetzea, berriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebetera eskatuko da.

Udaltzaingoa duten 5.000 biztanletik beherako udalerriei, ordea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bost urtera eskatu ahal izango zaie dekretu hau betetzea.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.