Arautegia

Inprimatu

5/2024 DEKRETUA, urtarrilaren 23koa, Inklusiorako Erakundearteko Batzordea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 600
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2024/01/23
  • Argitaratze-data: 2024/02/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak Inklusiorako Erakundearteko Batzordea eratu du, euskal administrazio publikoen arteko lankidetza instituzionalerako erakunde gisa, arau horretan aipatutako politika publikoak diseinatu, landu eta gauzatzeko.

Lege horren 142. eta 143. artikuluek organo horren funtsezko elementuak definitzen dituzte, hala nola, haren osaera erreferentzia espezifikoa eginez batzordeburutzari eta idazkaritzari, atxikipena eta esleitutako eginkizunak. Edonola ere, Legeak berariaz aurreikusten du bere araubidearen eta funtzionamenduaren definizioa arauz zehaztea.

Dekretu honetan bere oinarrizko funtzionamendu-arauak arautzen dira, kideak izendatzeko modua barne, nahiz eta behin baino gehiagotan aipatu den 14/2022 Legearen 142.3 artikuluan horren harira ezartzen dena errespetatu. Era berean, bere eginkizunen zerrenda erakundearteko lankidetzaren funtsezko alderdi gisa osatzen du, hala nola Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak, zerbitzuak eta plangintza-tresnak ebaluatzea ahalbidetzen duten adierazleak ezartzea, hargatik eragotzi gabe enplegu- eta inklusio-politikak ebaluatu, ikertu eta berritzeko organoari dagozkion ebaluazio-eginkizunak.

Amaiera ematen zaio lankidetza-erakunde horren berezko araubide eta funtzionamendurik ezari; izan ere, nahiz eta 14/2022 Legearen laugarren xedapen iragankorrak Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen funtzionamendu-arauak aplikatzea aurreikusi, bere 142. eta 143. artikuluetan xedatutakoarekin bateraezinak ez diren aldetik, kontua da ez Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak, ez Inklusiorako Erakundearteko Batzordeak (Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen bidez sortua), ez Kudeaketa Batzordeak erakundearteko kolaboraziorako organoa (Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko maiatzaren 3ko 2/1990 Legearen bidez sortua), ez dutela garatu (eta ez dira eman betearazpenean) erakundearteko lankidetzarako organo horien berezko araubidea eta funtzionamendua definituko lukeen araurik.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2024ko urtarrilaren 23an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren,

Dekretu honen xedea da Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen araubide eta funtzionamendua arautzea, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142. eta 143. artikuluak garatzeko.

Inklusiorako Erakundearteko Batzordea Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan xedatzen diren kide anitzeko organoetako bat da, diru-sarrerak bermatzeari eta inklusioari dagokienez politika publikoak diseinatu, prestatu eta gauzatzeko orduan euskal administrazio publikoen arteko erakunde-lankidetza helburu duena.

Inklusiorako Erakundearteko Batzordea Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142. eta 143. artikuluek, dekretu honek eta erakundeak onartzen duen barne-funtzionamenduko erregelamenduak arautzen dute, eta, aipatutako arauek xedatzen ez duten guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartekoek.

  1. Bat etorriz Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142.6 artikuluarekin, Eusko Jaurlaritzan diru-sarrerak bermatzeko eta inklusioaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago Inklusiorako Erakundearteko Batzordea.

  2. Sail horrek duen egoitza bera izango du, hargatik eragotzi gabe ohiko edo ezohiko bilkurak egitea egoitzatik kanpo, deialdian hala zehazten denean.

  1. Bat etorriz Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142. artikuluarekin, Inklusiorako Erakundearteko Batzordea hamabi kidek osatuko dute: horietatik seik Eusko Jaurlaritzaren ordezkari jardungo dute, hiruk foru-aldundien ordezkari ordezkari bat foru-aldundi bakoitzeko eta hiruk udalen ordezkari.

  2. Eusko Jaurlaritza ordezkatuko dutenen izendapenak inklusioaren, gizarte-politiken, hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta etxebizitzaren arloan eskumena duten sailen ordezkaritza bermatuko du, eta sail horietako titularrei egokituko zaie ordezkaritza hori. Nolanahi ere, sexu bakoitzeko pertsonek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutela bermatuko da.

    Sail batek gai baten baino gehiagoren gaineko eskumenak baditu esleituta, aurreko horietako bakoitzeko ordezkaritza handituko da, 1. apartatuan aipaturiko mugen barruan.

  3. Foru-aldundien ordezkaritza inklusioaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari egokituko zaio.

  4. Udalerrien ordezkaritza hautetsien esku egongo da, eta tamaina desberdinetako udalerriak ordezkatzen saiatuko dira.

  5. Batzordeko kideak eta horiek aldi baterako ordezkatzen dituztenak (kargua hutsik dagoelako, edo titularra absente edo gaixorik dagoelako, edo titularraren abstentzioa edo errekusazioa deklaratu delako) Eusko Jaurlaritzako sailburuaren agindu baten bidez izendatuko dira, artikulu honetako 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren Eusko Jaurlaritzako sailek eta foru-aldundiek zein ezarpen handieneko euskal udalerrien elkarteak proposatuta.

    Baldin eta Eusko Jaurlaritzako sail bati baino gehiagori badagozkie diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko eskumenak, inklusioaren arloan eskumena duen titularrak egingo ditu izendapenak.

  6. Izendapenak lau urterako egingo dira, eta izendatuek beren karguei eutsiko diete hurrengo apartatuan xedatutakoaren arabera kargugabetzen diren arte.

  7. Honako arrazoi hauetakoren batengatik kargugabetuko dira Batzordeko kideak:

    1. Agintaldia amaitzeagatik.

    2. Ordezkatzen duten erakunde edo organoa kargutik kentzeagatik.

    3. Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea edo eginkizungabetzea dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzeagatik.

  1. Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 143. artikuluan xedatutako eginkizunez gain, honako hauek dagozkio Inklusiorako Erakundearteko Batzordeari:

    1. Diru-sarrerak bermatzeko eta inklusiorako politikei buruzko proposamenak eta gomendioak egitea Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta udalei.

    2. Adierazle kualitatibo eta kuantitatibo homogeneoen proposamena lantzea, sexuaren arabera eta, hala badagokio, lehentasunezko arretako kolektiboen arabera bereizita, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak eta zerbitzuak ebaluatu ahal izateko.

    3. Modu koordinatuan definitzea Inklusiorako Euskal Planaren eta gizarte-inklusiorako foru- eta udal-programen jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazle bateragarrien taula bat.

  2. Aurreko apartatuan adierazleei buruz xedatutakoa behar bezala beteko da, hargatik eragotzi gabe enplegu- eta gizarteratze-politikak ebaluatzeko, ikertzeko eta berritzeko organoari dagozkion eginkizunak.

  3. Batzordeak osoko bilkuraren bidez beteko ditu eginkizun horiek, hargatik eragotzi gabe lantaldeak sortzeko aukera.

  1. Bat etorriz Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142.2 artikuluarekin, diru-sarrerak bermatzeko eta inklusioaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburua izango da Inklusiorako Erakundearteko Batzordeko burua.

    Baldin eta Eusko Jaurlaritzako sail bati baino gehiagori badagozkie diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloko eskumenak, inklusioaren arloan eskumena duen saileko titularrak izango du lehendakaritza.

  2. Hona hemen batzordeburuaren eginkizunak:

    1. Batzordearen ordezkari izatea.

    2. Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda finkatzea, salbu batzordeburuak hautemandako premiazko kasuetan. Kasu horretan, deialdian bertan jaso beharko da, eta egunean bertan adierazi beharko da zein ordutan izango den lehenengo eta bigarren deialdia eta non egingo den.

    3. Bilkuretako buru izatea, eta eztabaidak moderatzea.

    4. Aktei oniritzia ematea.

    5. Bere botoaren bidez berdinketak ebaztea, erabakiak hartzeko.

    6. Salbuespen gisa, erabakitzea nola egin bilkura, aurrez aurre edo urrutitik. Dagokion deialdian, erabaki horren arrazoiak adierazi beharko dira.

  3. Batzordebururik ez badago, kargua hutsik dagoelako, edo titularra absente edo gaixorik dagoelako, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, inklusioaren arloan eskumenak dituen sailburuordeak ordezkatuko du batzordeburua.

Hona hemen Batzordeko bokalen eginkizunak:

  1. Bilkuretara bertaratzea, eta bilkurako eztabaidetan parte hartzea.

  2. Boto-eskubidea egikaritzea eta boto partikularra ematea, bai eta haren esanahia eta arrazoiak azaltzea ere.

  3. Proposamenak, iradokizunak eta galderak egitea.

  4. Informazio eta dokumentazio zehatza eskuratzea, bete behar diren eginkizunak betetzeko.

  5. Batzordeko kide diren aldetik dagokien eginkizun oro.

  1. Bat etorriz Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142.2 artikuluarekin, diru-sarrerak bermatzearen eta inklusioaren arloan eskumenak dituen sailburuordea izango da Inklusiorako Erakundearteko Batzordeko idazkaria, eta, baldin eta organo bati baino gehiagori esleituta badaude eskumenok, inklusioaren arloan eskumena duena.

  2. Hona hemen idazkariaren eginkizunak:

    1. Batzordeburuaren aginduz, Batzordearen bilkuren deialdia egitea eta batzordekideei zitazioak bidaltzea.

    2. Hitzarekin, baina botorik gabe, Batzordeak egin dituen bilkuretan parte hartzea.

    3. Gaiak prestatzea, bidera daitezen; bilkura-aktak idaztea; bilkura-akten fede ematea, eta bilkuretako erabakiak, kontsultak eta txostenak egiaztatzea.

    4. Kideek organoari egindako komunikazioak jasotze, izan jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, nahiz bere ardurapean behar dituen bestelako idazkiak.

    5. Organo horien jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea.

    6. Sektore publikoaren araubide juridikoaren legediak kide anitzeko organoen idazkaritzari esleitzen dizkion eginkizunak.

  3. Idazkaririk ez badago, kargua hutsik dagoelako, edo titularra absente edo gaixorik dagoelako, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, inklusioaren arloan eskumenak dituen zuzendariak ordezkatuko du idazkaria.

  4. Baldin eta lehendakariaren jardunean bada 1. apartatuan aipatzen den sailburuordea, kargua hutsik dagoelako, edo titularra absente edo gaixorik dagoelako, aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da.

  1. Bat etorriz euskararen erabilera normalizatzeko legeriarekin, Inklusiorako Erakundearteko Batzordeak euskararen erabilera bermatuko du. Nolanahi ere, deialdiak, aktak eta ziurtagiriak ele bitan idatzi beharko dira.

  2. Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, behar bezala funtzionatzen duela bermatuko duten bitartekoak eta baliabide beharrezkoak izango ditu, eta atxikita dagoen sailak jarriko ditu haren esku.

  3. Inklusiorako Erakundearteko Batzordea urtean behin bilduko da, gutxienez, ohiko bilkuran, eta ohiz kanpo, lehendakariak deialdia egin ondoren, bere ekimenez edo gutxienez kideen heren batek proposatuta.

  4. Deialdiak bilkuren gai-zerrenda jasoko du, hargatik eragotzi gabe 7.2.b) artikuluan xedatutakoa, eta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaio Batzordeko kide bakoitzari, gutxienez zazpi egun lehenago. Epe berean, gai-zerrendako gaiei buruzko informazioa egongo da eskuragai.

  5. Batzordekideek ez dute ordainsari, kalte-ordain edo dietarik jasoko bilkuretara joateagatik eta batzordearen eginkizunak beren gain hartzeagatik.

  6. Enplegu- eta inklusio-politiken ebaluazio-, ikerketa- eta berrikuntza-organoaren titularra Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen bilkuretara joango da, baldin eta bilkura horien xedea Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 143.1.d) eta e) artikuluetan eta dekretu honen 6.1.b) eta c) artikuluetan xedaturiko eginkizunak garatzea bada, eta, betiere, batzordea osatzen duten pertsona gehienek hala erabakitzen badute.

    Halaber, aztertutako eremuan adituak diren beste pertsona batzuk ere joan ahal izango dira bilkuretara; hitza izango dute, baina botorik ez. Bereziki sustatuko da EAEko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen laguntza, baldin eta analisi-eremuari lotuta badaude. Batzordea osatzen duten kideen gehiengoz onartu beharko da EAEko Hirugarren Sektore Sozialeko adituak edo erakundeak egotea.

  1. Inklusiorako Erakundearteko Batzordea, eratzeko, bilkura egiteko, erabakiak hartzeko eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre nahiz urrutitik jardun ahalko da.

  2. Bilkurak behar bezala eratzeko, lehendakaria eta idazkaria edo haien ordezkoak eta gutxienez kideen erdia gehi bat bertaratu beharko dira.

    Behar besteko quorumik ez badago, bigarren deialdian bilduko da ordu erdi geroago, eta eraketa baliozkoa izateko nahikoa izango da lehendakariaren eta idazkariaren, edo horien ordezkoen, eta kideen heren bat bertaratzea.

  3. Idazkaria eta Inklusiorako Erakundearteko Batzordeko kide guztiak, edo horien ordezkoak, aurrez aurre edo urrutitik bilduta daudenean, baliozko eran eratu ahal izango dira bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, aldez aurretik deialdia egin beharrik izan gabe, baldin eta kide guztiek hala erabakitzen badute, betiere.

  4. Ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta batzordeko kide guztiak bertan badaude eta gaia presakotzat jotzen bada gehiengoaren aldeko botoaz.

  5. Urrutitik egiten diren bilkuretan, batzordeetako kideak toki desberdinetan egon daitezke, baldin eta bitarteko elektronikoz telefonoak zein ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz honako hauek bermatzen badira: kideen identitatea edo haien ordezkoena; adierazpenen edukia; adierazpen horiek noiz egiten diren; kideen arteko interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean egitea, eta bilkuretan bitartekoak erabilgarri izatea. Baliabide elektronikoen artean, besteak beste, posta elektronikoa eta bideokonferentziak sartuko dira.

  6. Kide bakoitzak boto bat izango du. Batzordearen erabakiak kideen gehiengo soilak hartuko ditu, eta ados ez daudenek boto partikular arrazoitua eman ahal izango dute.

    Inklusiorako Erakundearteko Batzordea atxikita dagoen sailaren egoitza dagoen lekuan hartuko dira erabakiak.

  1. Idazkariari dagokio bilkura guztietako aktak egitea lehendakariaren oniritziarekin. Kargu horiek betetzen dituztenek elektronikoki sinatu beharko dituzte aktak.

  2. Akta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaie batzordekideei, eta kideek bide beren bidez adierazi ahalko dute testuarekiko adostasuna edo eragozpenak, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bilkuran bertan joko da onartutzat. Bilkuran bertan onar daiteke, edo egiten den hurrengo bilkuran.

  3. Aktan, zehaztuko da nor bertaratu den bilkurara, zein izan den gai-zerrenda, non eta noiz izan den bilkura, zein izan diren eztabaidetako puntu nagusiak eta zein hartutako erabakien edukia.

  4. Izandako bilkurak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, fitxategi horien osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan kontserbatu beharko dira, bai eta Batzordeko kideek horietarako irispidea izateko moduan ere.

    Nolanahi dela ere, aktak eta apartatu honek aipatzen dituen dokumentuak kontserbatzeko, bat etorri beharko da beti onartutako formatu eta estandarrekin, bat etorriz Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalarekin, Segurtasunaren Eskema Nazionalarekin eta Eusko Jaurlaritzak dokumentuak kudeatzeko dituen politika eta ereduarekin.

  1. Batzordeburuak, Batzordean hala adosten bada, gaien araberako lantaldeak eratu ditzake. Lantalde horiek batzordeko kideek osatuko dituzte, eta, batzuetan, baita azterlan espezifikoak egiteko eta proposamenak egiteko izendatutako kanpoko adituek ere. Egokitzat jotzen den kide kopurua izango dute. Kanpoko pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

  2. Bereziki sustatuko da EAEko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen parte-hartzea, baldin eta haien xedea lantaldeen berezko gaiekin lotuta badago.

  1. Bat etorriz Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18.5 artikuluarekin, urtero idatziko da kudeaketa-memoria bat, eta horren berri emango da jendaurrean, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.

  2. Bat etorriz Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 142.5 artikuluarekin, aipaturiko gardentasun-atariaren bidez argitaratuko dira Inklusiorako Erakundearteko Batzordearen osaera, hark hartzen dituen erabakiak eta bilkura-aktak.

Dekretu hau indarrean sartu eta hilabeteko epean izendatuko dira Inklusiorako Erakundearteko Batzordeko kideak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko urtarrilaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.