Arautegia

Inprimatu

178/2023 DEKRETUA, azaroaren 28koa, Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 236
  • Hurrenkera-zk.: 5518
  • Xedapen-zk.: 178
  • Xedapen-data: 2023/11/28
  • Argitaratze-data: 2023/12/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Sailak

Testu legala

1/2006 Legeak, ekainaren 23koak, Urarenak, II. kapituluan arautzen du Uraren Euskal Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa; agentziaren xedea da uraren politikaz arduratzea EAEn, administrazioek eta pertsona erabiltzaileek osatutako erakunde bakar batetik. Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen esparruan uraren arloaz arduratzen den erakunde den heinean, aipatutako 1/2006 Legearen, ekainaren 23koaren, 7. artikuluan adierazitako eginkizunak betetzen ditu, lege beraren 3. artikuluan jasotako printzipioekin bat.

Agentziaren lehen estatutuak Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzeko abenduaren 18ko 240/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren, baina, ondoren, hainbat urtez jardunean egon ondoren, beste antolaketa-egitura bat onartu behar izan zen, erakunde operatiboagoa izan zedin. Hala, Uraren Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen martxoaren 10eko 25/2015 Dekretuaren bidez jarri zen indarrean antolaketa berri hori.

Berriz ere, denbora igaro ondoren, estatutu berriak onartzea sustatu behar da, agentziaren egituraren funtzionalitatea optimizatzeko, eta, horrela, administrazio publikoaren sinplifikazio-, profesionalizazio-, gertutasun- eta efizientzia-printzipio oinarrizkoetan sakontzeko. Helburu horrekin, Agentziari Administrazio Kontseiluari dagokio zerbitzuen sorrera, egitura eta eginkizunak onartzea. Egituraren berrikuspen horrek eta Administrazio Kontseiluaren eskumenari esleitutako beharrezko akordioek zehaztuko dute Agentziako langileen eremua. Estatutu berriek antolaketa-egitura bat diseinatu dute, goi-kargudun izaera duen lanpostu bakarrarekin: Zuzendaritza Nagusia.

Aurreko paragrafoan adierazitako aldaketa nagusiaz gain, estatutu berriek beste aldaketa arrunt edo tekniko batzuk ere badituzte, eta horien xedea da agentzia egituratzen den organoen funtzionamendua ahalik eta egokien arautzea. Azkenik, eguneratu eta osatu egin da aurrekontu-araubideari, ekonomia- eta finantza-araubideari eta ekonomia- eta kontabilitate-kontrolari buruzko antolamendua.

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 5. eta 11.2 artikuluetan xedatutakoarekin bat, Eusko Jaurlaritzari dagokio, ingurumenaren arloan eskumena duen sailaren proposamenari jarraikiz, Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzea dekretu bidez.

Horrenbestez, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoari jarraikiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2023ko azaroaren 28an egindako bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hau

Indargabetuta geratzen da 221/2007 Dekretua, abenduaren 4koa, Uraren Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluarena.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 25/2015 Dekretua, martxoaren 10ekoa, Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legeari jarraiki sortutako eta estatutu hauetan araututako zuzenbide pribatuko erakunde publikoak Uraren Euskal Agentzia / Agencia Vasca del Agua du izena.

  2. Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen arabera, Uraren Euskal Agentzia (aurrerantzean, Agentzia), zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ingurumen arloko eskumenak dituen sailari atxikita dago, bere izaera juridikoa du, eta jarduteko ahalmen osoa du hura sortzeko legeak, estatutu hauek eta indarrean dagoen gainerako arauek eman dizkioten zereginak betetzeko.

  3. Agentziaren jarduera, kanpoko harremanetan, oro har, zuzenbide zibilaren, merkataritza-zuzenbidearen eta lan-zuzenbidearen pean egongo da, Uraren 1/2006 Legearen 6.2 artikuluan jasotako egintzetan izan ezik; egintza horiek ahalmen publikoak gauzatzea dakarte, eta, beraz, zuzenbide publikoaren mende daude.

  4. Agentziari aplikagarri zaion araubide juridikoaren baitan sartzen dira Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak ezarritako arauak, estatutu hauek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio publikoan integratutako zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikagarri zaizkien gainerako lege eta xedapen orokorrak. Zehazki, aipatutako lege horren 6.3 artikuluarekin bat, Agentzia zuzenbide publikoaren mende egongo da, besteak beste, zerga-arloan, eta aurrekontu-araubideari, ekonomia-kontrolari, ondareari eta kontratazioari dagokienean.

  1. Agentziak Vitoria-Gasteizen du egoitza nagusia.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoa da Agentziaren jarduera-esparrua.

Agentziaren xedea da uraren politikaz arduratzea Euskal Autonomia Erkidegoan, administrazioek eta pertsona erabiltzaileek osatutako erakunde bakar batetik.

  1. Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen esparruan uraren arloaz arduratzen den erakunde den heinean, Uraren ekainaren 23ko1/2006 Legeak 7. artikuluan adierazitako honako eginkizun hauek beteko ditu:

    1. Lege honetan plangintza hidrologikorako aurreikusitako tresnak prestatu eta Jaurlaritzari bidaltzea, eskumena duten erakundeetan agiri horiek onartu, aldatu edo izapidetzeko.

    2. Estatuko plangintza hidrologikoan parte hartzea, erkidego arteko arro hidrologikoei dagokienean, gai horretan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

    3. Jabari publiko hidraulikoa babesteko zereginak burutzea, bereziki administrazioaren emakida eta baimenak ematea eta jabari publiko hidraulikoaren araudiarekin bat ez datorren arau-hausterik gertatzen ote den zaindu eta ikuskatu eta, halakorik bada, dagozkion zehapenak ezartzea.

    4. Bere jardunaren arloei dagozkien xedapen orokorren proiektuak egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunei helaraztea.

    5. Estatuko Administrazioak eskualdatutako, eskuordetutako edo beraren ardurapean jarritako eskumenak.

    6. Interes orokorreko obra hidraulikoak.

    7. Uren Erregistro Nagusiaren antolamendu eta funtzionamendua.

    8. Gune Babestuen Erregistroaren antolamendu eta funtzionamendua.

    9. Indarrean dagoen araudiaren arabera ezarri beharreko kanon eta zergei buruzko azterketak eta txostenak egitea.

    10. Uraren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako zergak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea.

    11. Hasierako onarpenaren ondoren, plan orokor, arau subsidiario, zatiko plan eta plan bereziei buruzko txosten lotesleak egitea. Txosten horiek udal-plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoak izango dira soilik, sektorearekin edo ingurumenarekin duten loturagatik aplikatzekoak diren beste lege batzuek edozer xedatzen dutela ere. Bi hilabeteko epean eman eta jakinarazten ez bada, dagokion plana edo araua ontzat emana ulertuko da.

    12. Hasierako onarpenaren aurretik, plan orokor, arau subsidiario, zatiko plan eta plan bereziei buruzko txosten lotesleak egitea. Txosten horiek Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko obren eta udal-plangintzaren arteko harremanari buruzkoak izango dira soilik, sektorearekin edo ingurumenarekin duten loturagatik aplikatzekoak diren beste lege batzuek edozer xedatzen dutela ere. Bi hilabeteko epean eman eta jakinarazten ez bada, dagokion plana edo araua ontzat emana ulertuko da.

    1. Uholdeak egon daitezkeen guneetan erabilera-mugak jartzea proposatzea Jaurlaritzari, baldin eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa izan daitekeela pentsatzen bada.

    2. Lehorretik itsasora isurketak egiteko baimena ematea.

    3. Lehorreko eta itsasoko zortasun-aldeari dagokionez, baimenak ematea eta gune horiek zaintzea, ikuskatzea eta horietan izandako arau-hausteak zehatzea.

    4. Bere eskumeneko arloekin zerikusia duten dirulaguntzak ematea.

    5. Lege eta araubideak Agentziari emandako gainerakoak, bereziki uraren hornidurarekin, saneamenduarekin eta ureztatzearekin zerikusia duten arloetan, eta baita kudeaketa-organoak eta erabiltzaileen elkarteak kontrolatzearekin zerikusia dutenetan ere; esandakoez gainera, emango dizkioten gainerakoak ere bai.

    6. Arlo horretako eskumenak dituzten administrazioekin koordinatuta, jabari publiko hidraulikoaren babesa eta zaintza bermatzea.

  2. Agentziari dagokio, halaber, ordenamenduak uren arloan administrazioei esleitzen dien beste edozein eginkizun, edo Autonomia Estatutuan gai horri buruz onartutako eskumena garatzearen ondorio direnak. Kudeaketa-mandatuaren bidez edo ordenamendu juridikoa aplikatuz dagozkion eskumenak baliatzeko beste edozein modalitateren bidez jasotzen dituen eginkizunak ere beteko ditu.

  1. Agentziak bere gain dituen zereginak eta eskaini beharreko zerbitzuak eraginkortasunez betetzen ditu, erabiltzaileen parte-hartzearen printzipioarekin bat etorriz, haien eskubideak eta interesak bermatuz eta beste administrazio batzuei dagozkien eskumenak guztiz errespetatuz.

  2. Agentziaren jarduera Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 3. artikuluan adierazitako ondorengo printzipio nagusietan oinarrituko da:

    1. Mugaketa hidrografikoak kudeatzerakoan eta horien plangintza egiterakoan, kudeaketaren eta plangintzaren batasuna errespetatzea.

    2. Tratamendu eta plangintza integrala, uraren ekonomia, baliabidearen iraunkortasuna, uraren egoeraren kontrola eta uraren erabilera arrazionala.

    3. Koordinazioa, administrazioen arteko lankidetza, gardentasuna eta uraren inguruko politika zehaztu eta ezartzerakoan erakunde eta pertsona erabiltzaileek ere parte hartzea.

    4. Uraren kudeaketa publikoa bateragarria izatea lurraldearen antolamenduarekin eta ingurumena kontserbatu, babestu eta lehengoratzearekin.

    5. Eraginkortasunez eskaintzea hornidurako, saneamenduko eta arazketako zerbitzu publikoak, betiere lehenengo helburutzat hornidura unibertsala hartuta.

    6. Solidaritatea, erantzukizuna eta uraren kudeaketak eta erabilerak eragindako kostuak erabiltzaileak ordaintzea.

    7. Uraren inguruko informazioa herritar guztiek eskuratu ahal izatea, eta bereziki isurketei eta ur-masen egoerari buruzko informazioa jaso ahal izatea.

    8. Urak eragindako uholde eta hondamendiei aurre hartzeko politika.

    9. Ura merkatuko legeetatik eta salerosketa asketik kanpora dagoen ondasun publikotzat hartzen duen politika.

  1. Agentzia ondorengo organoetan egituratu da bere gobernu, zuzendaritza, koordinazio, partaidetza eta aholkularitzarako:

  1. Gobernu eta zuzendaritzako egiturak:

    1. Administrazio Kontseilua.

    2. Zuzendaritza Nagusia.

  2. Partaidetza eta aholkularitzarako organoak:

    1. Erabiltzaileen Batzarra.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseilua.

      1. Agentziak bere zerbitzuak antolatu ahal izango ditu, izaera funtzionala eta lurraldekoa duten antolamendu-irizpideen arabera, azken kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden arro hidrologikoekin bat etorriz. Zerbitzu horiei esleitutako egitura administratiboa eta eginkizunak Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez ezarriko dira, Zuzendaritza Nagusiak proposatuta.

        Zerbitzu horien zuzendaritza esleitzen zaien lanpostuak betetzen dituzten langileek zuzendari publiko profesionalaren izaera izango dute, eta beren zerbitzu-harremana formalizatuko dute Agentziarekin, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 39. artikuluan edo hura ordezten duen arauan ezarritako irizpideen arabera.

      2. Estatutu hauek arautu eta garatuko dute Administrazio Kontseiluaren eta Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren antolaketa eta eginkizunak.

      3. Erabiltzaileen Batzarra (agentziaren partaidetza-organoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseilua (agentziaren eztabaida-organoa eta aholkularitza-organoa, partaidetza-araubidean) beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira. Gaur egun, araudi hori Uraren Euskal Agentziaren Erabiltzaileen Batzarrari buruzko abenduaren 4ko 220/2007 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseiluari buruzko abenduaren 4ko 222/2007 Dekretuak jasotzen dute.

  1. Administrazio Kontseilua Agentziaren gobernu-organo gorena da eta Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak 11. 5 artikuluan zehaztutako izaera eta osaera paritarioa dauka.

  2. Administrazio Kontseilua sei pertsonak osatuko dute. Horietatik hiru Agentzia atxikita dagoen Administrazio Orokorreko Sailaren titularrak izendatuko ditu, eta beste hirurak lurralde historiko bakoitzeko foru-organo eskumendunak. Agentzia atxikita dagoen Administrazio Orokorreko Sailaren titularrak izendatuko ditu guztiak ebazpen berean. Foru-organoren batek Administrazio Kontseiluko kide bat izendatzen ez badu ere, horrek ez du eragotziko benetan izendatu direnekin ohiko moduan jardutea.

    Organo horiek, ekitaldi berean, izendatutako pertsonen ordezkoak izendatuko dituzte, eta pertsona horiek, gutxienez, zerbitzu baten zuzendaritzako titular izan beharko dute dagokion administrazioan.

  3. Agentzia atxikita dagoen saileko titularrak edo hark izendatutako beste pertsona batek beteko du Administrazio Kontseiluko lehendakaritza, baina ez da inola ere gaindituko saileko titularrak izendatutako hiru pertsonen muga, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 11. artikuluan ezarritako parekotasun-arauari eusteko.

  4. Lehendakariari dagokio:

    1. Agentziaren ordezkaritza instituzionala.

    2. Administrazio Kontseiluaren ohiko edo ezohiko bileren deialdia egitea eta bileretarako gai-zerrenda ezartzea.

    3. Administrazio Kontseiluaren bileretan buru aritzea, eztabaidak zuzentzea eta, oro har, bilerak ondo egiteko behar diren ahalmenak erabiltzea.

    4. Berdinketak erabakitzea kalitate-botoaren bidez.

    5. Administrazio-kontseiluaren bileraren batera beste batzuk etortzeko baimena ematea, aztertuko diren gaiak direla-eta egoki irizten badio, betiere, kontseiluko kideek ahal den informazio onena izan dezaten. Nolanahi, kanpoko jende horrek ez du botorik izango.

    6. Aktak zein administrazio-kontseiluaren erabakien ziurtagiriak ikus-onestea.

    7. Administrazio Kontseiluaren lehendakaritzak berezko dituen gainerako eginkizun guztiak betetzea.

  5. Administrazio Kontseiluko kideek kide anitzeko organo bateko kide izateagatik dagozkien eginkizunak beteko dituzte, eta, bereziki, bilkuretan parte hartzeko duten eskubidea. Horretarako, ekimenak eta proposamenak aurkeztuko dituzte, eztabaidetan iritziak emango dituzte eta, hala badagokio, botoa emango dute. Era berean, bermatuta dute bilkuretako gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko informazioa behar besteko aurrerapenaz eskuratzea, gutxienez 48 ordu lehenago.

  6. Administrazio Kontseiluko idazkaria Administrazio Kontseiluko Lehendakaritzak Agentziaren zerbitzura dauden langileen artean eginkizun horretarako izendatzen duena izango da.

  7. Administrazio Kontseiluak bere kideen artean hauta dezake Kontseiluko lehendakariordetza beteko duena, lehendakariak haren alde eskuordetzen dituen eskudantziak izango baititu. Halaber, baldin eta hautatzen bada, lehendakariordeak ordeztuko du lehendakaria hura gaixo edo kanpoan denean. Ordezkapenak ez ditu aldatzen lehendakariari dagozkion eskumenak eta ez dago argitara beharrik baliagarria izan dadin, baina ordezkapen bidezko egintzetan berariaz adieraziko da zirkunstantzia hori.

  8. Lehendakariak artikulu honetako 4, e) apartatuaren arabera baimendutako bertaratzeez gain, Administrazio Kontseiluaren bilkuretara joan ahal izango da Agentziako zuzendari nagusia. Hitza izango du, baina botorik ez, eta bilkura osoan egon ahal izango da, baita bozketetan ere.

  1. Dagozkion funtzioak egiteko behar beste aldiz bilduko da Administrazio Kontseilua eta, gutxienez, hiru hilean behin.

  2. Administrazio Kontseilua behar bezala eratuko bada, lehendakaria eta idazkaria bildu behar dira, presentzialki zein urrunetik, eta, gainera, kontseilukideen erdia baino gehiago. Nolanahi ere, Kontseilua behar bezala eratuta geratuko da, deialdi-baldintzak bete ez arren, kontseilukide guztiak bilduta, presentzialki zein urrunetik, aho batez erabakitzen badute behar bezala eratuta dagoela. Arau horixe bera aplikatuko da eguneko gai-zerrendan sartuta ez dagoen gairen bat tratatu eta, egokitzen bada, adosteko ere.

  3. Administrazio Kontseiluaren eztabaidak isilpekoak izango dira.

  4. Bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira erabakiak, eta lehendakariak kalitatezko botoa izango du berdinketak erabakitzeko.

  5. Bilkura bakoitza bukatzean akta egingo da, eta bertan jasoko da bilkuran nork parte hartu duen, noiz eta non izan den saioa, puntu bakoitzean izan diren eztabaiden laburpena, botazioen forma eta emaitzak eta zer erabaki hartu diren. Aktak idazkariaren sinadura beharko du, bai eta lehendakariaren oniritzia ere, eta bilkura horretan bertan edo hurrengoan onartuko da.

  6. Estatutu hauetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak xedatzen duena aplikatuko da kide anizteko organoen araubideari dagokionez.

  1. Administrazio Kontseiluari dagokio Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak 13. artikuluan definitutako eginkizunak betetzea.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutakoez gain, honako hauek dagozkio Administrazio Kontseiluari:

    1. Jardun-, inbertsio-, finantzaketa-, kontu-, balantze- eta memoria-programak urtero onartzea, Zuzendaritza Nagusiak proposatuta.

    2. Agentziaren aurrekontu-kredituen kargurako 5 milioi eurotik gorako gastuak baimentzea.

    3. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 15.l) artikuluaren arabera Agentziaren Zuzendaritza Nagusia kontratazio-organoa izango bada ere, egin beharreko kontratazioaren beharra eta egokitasuna aldez aurretik baimentzea, kontratuaren balio zenbatetsia 5 milioi eurotik gorakoa den kasuetan.

    4. Agentziako lanpostu-zerrenda onartzea.

    5. Iritzia ematea Eusko Jaurlaritzak Agentziako zuzendaria izendatu aurretik.

    6. Zerbitzuen sorrera, egitura eta eginkizunak onartzea, irizpide funtzionalen eta lurralde-irizpideen arabera antola daitezkeenak, aurreko 6.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari proposatzea merkataritza-sozietateak edo izaera publiko edo pribatuko beste erakunde batzuk sortzea edo horietan parte hartzea.

    8. Agentziak toki-erakundeekin izan dezakeen edozein elkarte-mota baimentzea.

  3. Funtzio publikoak betetzean, Administrazio Kontseiluak administrazio-organoaren izaera izango du.

  1. Zuzendaritza Nagusia Agentzia kudeatu eta ordezkatzen duen pertsona bakarreko organoa da, ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen 11.6 artikuluak ezartzen duen bezala.

  2. Zuzendaritza Nagusia administrazio-organoa da, eta administrazio-ahalak baliatzen ditu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 5.1 artikuluaren arabera esleitzen zaizkion izaera publikoko eginkizunetan.

  3. Zuzendaritza Nagusiari dagokio Agentziaren zuzendaritza eta bere zereginak zuzendu, koordinatu, bultzatu eta gainbegiratzea. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 15. artikuluan finkatutako eginkizunak dagozkio, baita honako hauek ere:

    1. Lehorretik itsasorako isurketak egin eta itsas zortasun-eremua erabiltzeko baimenak ematea.

    2. Erkidego arteko arroei dagokienez, jabari publiko hidraulikoaren administrazioari buruzko administrazio-espedienteen ebazpen-proposamena egitea, aginduta daukanaren arabera.

    3. Agentziaren eskumenen barruan, indarrean dagoen legedian uraren gainean ezarritako tributuak likidatzea.

    4. Zehatzeko ahala erabiltzea arau-hauste arin eta larrietan, eta, behar denean, dosierrak jurisdikzio penalera bidaltzea.

    5. Zehatzeko ahala erabiltzeko behar dituen aldi baterako eta kautelazko neurriak hartzea eta Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 61. artikuluan ezarritako hertsapen-isunak jartzea.

    6. Lankidetzarako hitzarmenak sinatzea erakunde publiko eta pribatuekin, Agentziak bere zereginak hobeto bete ditzan.

    7. Agentziaren eskumenekin zerikusia duten gaietan oinarriak ezarri eta dirulaguntzak ematea.

    8. Agentziaren aurrekontuaren konturako gastuak onartzea, 5 milioi euro baino gutxiagokoak direnean.

    9. Agentziako langileen plantilla proposatzea organo eskudunari, onar dezan.

    10. Agentziako lanpostuak betetzeko prozeduretarako deia egin eta ebaztea.

    11. Agentziaren kontratazio-organoaren eginkizunak betetzea, alde batera utzi gabe Administrazio Kontseiluaren aldez aurreko baimena kontratuaren balio zenbatetsia 5 milioi eurotik gorakoa den kasuetan, estatutu hauen 9.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

    1. Ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

      1. Informazio publikora iristeko prozedurak ebaztea, bere eskumeneko gaietan.

        1. Administrazio Kontseiluak bere esku utzi ditzakeen gainerako zereginak.

  4. Zuzendari nagusiak bere ahal publikoak baliatuta ematen dituen egintzek eta ebazpenek administrazio-egintzen izaera izango dute, eta egintza horientzat ezarrita dagoen araubideari dagozkionak izango dira haien baldintzak, eraginkortasuna eta ondorioak. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzendari nagusiaren ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Agentzia atxikita dagoen Administrazio Orokorreko Sailaren titularrari. Zuzendari nagusiak onartutako zerga-izaerako egintzen aurkako errekurtsoen araubidea Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.4 artikuluan xedatutakoa izango da.

  5. Agentziaren zuzendari nagusia Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, Agentzia atxikita dagoen Administrazio Orokorreko Sailaren titularrak proposatuta, Administrazio Kontseiluaren iritzia entzun eta Erabiltzaileen Batzarrari jakinarazi ondoren. Autonomia Erkidegoko administrazioarekin lotuta egongo da zerbitzu-harreman baten bitartez eta goi-karguduntzat hartuko da, maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 13. artikuluaren 4. paragrafoko d) apartatuaren arabera; zerbitzu berezietan geratuko da lehen funtzio publikoa betetzen ari baldin bazen. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan Eusko Jaurlaritzako sailburuordeentzat izendatuta dauden ordainsariak eta gainerako eskubideak dagozkio. Kargu publiko horientzat ordenamenduak ezarritako eskubideak eta betebeharrak ere aplikatuko zaizkio, oro har.

  6. Agentziako Zuzendaritza Nagusiak dedikazio osoa eta esklusiboa behar du bere zereginetan, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritakoa aplikatuko zaio. Aplikatzekoak izango dira, halaber, funtzio publikoak betetzeko bateraezintasunei buruzko araudia eta jarduerak, eskubideak eta ondare-ondasunak aitortzeari buruzkoa.

  7. Zuzendaritza Nagusia hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, hari esleitutako eginkizunak Administrazio Kontseiluko lehendakariak beteko ditu, organoen artean dagoen eskumen-banaketa aldatu gabe eta ordezkapena argitara eman beharrik gabe.

  1. Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 8. artikuluari jarraituz, Agentziako lanpostuak horretarako kontratatutako langileen bidez edota Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako langileen bidez beteko dira, lanpostu bakoitzaren egitekoek zein izaera duten kontuan izanda.

  2. Zuzendaritzako langile publiko profesionalak arautzeko, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen III. tituluan («Zuzendaritza-funtzioa eta zuzendaritzako langile profesionalen estatutua euskal administrazio publikoetan») edo hura ordezten duen arauan ezarritakoari jarraituko zaio, eta Agentziarekin zerbitzu-harremana formalizatuko dute, Lege horren 39. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

    Lege horren arabera, zuzendaritzako langile publiko profesionalak izendatzeko prozedurek aintzat hartuko dituzte merezimendu-, gaitasun- eta objektibotasun-printzipioak, bai eta egokitasuna ere, gaitasun profesionalak egiaztatzeko sistemaren arabera, eta deialdi publikoa da.

  3. Langile lan-kontratudunei dagokienez, agentziaren esku dago lanpostuak betetzeko sistema erabakitzea, hautespen-proben baldintzak eta ezaugarriak zehaztea nahiz lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretarako deiak egitea eta horiek kudeatu eta ebaztea, betiere publizitate-, meritu- eta gaitasun-printzipioekin bat. Euskara badakitela egiaztatu beharko dute gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileei eskatzen zaien moduan.

  4. Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketa bidez edo izendapen aske bidez beteko dira funtzio publikoko arloan eskumena duen sailak deialdia egin ondoren. Deialdi horretan Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako funtzionarioek hartu ahal izango dute parte, betiere, lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

  5. Funtzionarioentzat gordeta ez dauden lan-kontratupeko lanpostuak, berriz, Agentziako Zuzendaritza Nagusiak egindako deialdi publiko bidez beteko dira, enplegu publikoa eskuratzeko ezarritako printzipioak zorrotz betez.

  6. Agentziako Erabiltzaileen Batzarrak onartuko du Agentziako langile-plantilla.

  7. Agentziako Administrazio Kontseiluak onartuko du lanpostu-zerrenda, zuzendari nagusiak proposamena egin ondoren. Lanpostu-zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lanpostu-zerrenda onartzeko, Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen Sailaren nahitaezko txostena beharko da aldez aurretik. Hori gertatzen EAEko Administrazio Orokorrerako eta bere erakunde autonomoetarako izaera orokorrez onartutako irizpideak jarraituko dira.

Euskararen erabilpena arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean eta indarrean dagoen gainerako araudian herritarrei aitortzen zaizkien hizkuntza eskubideak bermatuko ditu Agentziak. Horretarako, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, EAEko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena, betez, Agentziak euskararen normalizaziorako plan bat izango du, eta, horrek, beste gauza batzuen artean, zerbitzu bakoitzerako aplikagarri izango diren hizkuntza-helburuak eta horiek benetan lortzera bideratutako neurriak ezarri beharko ditu.

  1. Euskadiko ondarearen barruan, Agentziaren ondare izango dira bere titulartasuneko ondasun eta eskubideak, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 2/2007 Legean ezarritakoari jarraituz.

  2. Uraren Euskal Agentziari dagozkio bere titulartasuneko eta berari atxikitako ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoarekin bat.

  3. Ez dira Agentziaren ondare izango Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak agindutakoa betetzeko beste herri-administrazio batzuetara atxiki beharreko ondasunak.

  4. Agentziari atxikitako ondasunen eta eskubideen jarraipena egingo da haren ondare-kontabilitatearen bidez. Era berean, Agentziak bere lankidetza osoa eskainiko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko dagokion organo eskudunari inbentario orokorra egin dezan.

Agentziak, bere helburuak bete ditzan, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 9. artikuluan ezarritako diru-baliabideak izango ditu.

  1. Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Agentzia zuzenbide publikoaren mende egongo da zerga-arloan eta aurrekontu-araubideari dagokienean, eta aplikagarri izango zaio maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko aurrekontu- araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina eta Dekretu horrek araututako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea.

  2. Aipatutako Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 10. eta 13.e) artikuluen arabera, aurrekontu-aurreproiektua lantzen eta onartzen du eta Eusko Jaurlaritzari helarazten dio.

  1. Agentziaren kontrol ekonomikoa ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontrol iraunkorraren modalitatean egiten da, urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako moduan.

  2. Agentziak bere informazio ekonomiko-finantzarioa darama, Kontabilitate Plan Orokorraren irizpideen arabera egina, aurreko 16.1 artikuluan aipatutako testu bateginaren III. tituluko II. kapituluko 2. atalean ezarritakoarekin bat etorriz. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritakoa eta helburu bererako Ekonomia Kontrolerako Bulegoak ezartzen dituen jarraibideak beteko ditu informazio ekonomiko-finantzario horrek.

  1. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen ondorioetarako administrazio publikotzat hartzen diren botere esleitzaileei aplikatu beharreko kontratuen legeriaren mende jartzen ditu Agentziak bere kontratazioak.

  2. Zuzendaritza Nagusia da Agentziaren kontratazio-organoa, Estatutu hauetako 10.3.k) artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, baldintza berberetan, eskumena izango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioren bat hitzartzeko negozio juridikoak egiteko. Arlo publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.

  3. Agentzian kontratazio-mahai bat egongo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sektore publikoaren kontratazioko araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuan ezarritako moduan eratuko dena.

  1. Estatutu hauetako 9.2.g) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Agentziak merkataritzako sozietateak sortzeko edota erakunde publiko zein pribatu batzuk dagoeneko sortuta dituzten beste sozietate batzuetan parte hartzeko proposamena egin diezaioke Gobernu Kontseiluari, baldin eta bere eskumeneko eginkizunetarako komeni bada, eta betiere, finantzen eta ondarearen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko araudi orokorra errespetatuz.

  2. Agentziak mankomunitateak, partzuergoak edota arlo horretan aplika daitekeen araudi orokorrean toki erakundeentzat aurreikusitako beste elkarte batzuk sortzea susta dezake, uraren ziklo osoa modu eraginkorragoan kudeatzeko.

  3. Agentziak toki-erakundeen edozein elkarte-motatan parte hartzeko, Administrazio Kontseiluaren berariazko baimena behar da.

  4. Agentziaren eskumeneko eginkizunekin zerikusia duten Herri Administrazioen arteko harremanetan jarraitu behar diren koordinaziorako eta lankidetzarako printzipioak betez, eta Agentziak bere zereginak modu eraginkorrago batean gauza ditzan, haren eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak egiteko agindua eman ahal izango die Agentziak horrekin lotutako toki-erakundeei, partzuergoei edo mendeko erakundeei.

Martxoaren 10eko 25/2015 Dekretuak onartutako Estatutuetan ezarritakoaren arabera, Arloko Zuzendaritzen eta Arroko Bulegoen arabera antolatutako Agentziaren egiturak indarrean jarraituko du, Agentziaren Administrazio Kontseiluak beste administrazio- eta zerbitzu-antolamendu bat onartzen ez duen bitartean, Estatutu hauen 6.2 eta 9.2.f) artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.