Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

104/2023 DEKRETUA, uztailaren 11koa, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabili beharreko hauteskunde-materialaren eta -dokumentazioaren eredu ofizialak eta ezaugarri teknikoak zehazten dituena, bai eta horiek entregatzeko prozedura ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 145
  • Hurrenkera-zk.: 3716
  • Xedapen-zk.: 104
  • Xedapen-data: 2023/07/11
  • Argitaratze-data: 2023/08/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 88.1 artikuluak Eusko Jaurlaritzari ematen dio ahalmena erregelamendu bidez arautzeko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan erabili beharreko hautetsontzi eta kabinen eredu ofiziala eta boto-paperak, gutun-azalak eta gainerako hauteskunde-dokumentazioa inprimatzeko eta egiteko ezaugarriak eta baldintza teknikoak, bai eta material hori hauteskunde-operadoreei emateko prozedura ere.

Hori betetzeko, abenduaren 23ko 220/2008 Dekretua onartu zen, Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetan erabiltzeko kutxa, kabina, boto-txartel, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori eskura emateko prozedura zehaztekoa, eta hiru aldiz aldatu da hori: lehenengo aldian uztailaren 17ko 136/2012 Dekretuak aldatu zuen, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabili beharreko hautestontzi, kabina, boto-txartel, gutun-azal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak zehazten dituenak, baita material hori banatzeko prozedura ere; ondoren, ekainaren 7ko 90/2016 Dekretuak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabili beharreko hautestontzi, kabina, boto-paper, bozkatzeko gutun-azal eta hauteskundeetarako gainerako dokumentazioaren eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori entregatzeko prozedura zehazten dituen Dekretuaren bigarren aldaketari buruzkoak; eta, azkenik, urriaren 1eko 154/2019 Dekretuak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabili beharreko hautestontzi, kabina, boto-paper, bozkatzeko gutun-azal eta hauteskundeetarako gainerako dokumentazioaren eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori entregatzeko prozedura zehazten dituen Dekretuaren hirugarren aldaketari buruzkoak. Aldaketa horiek egin dira, batetik, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan gerora egindako aldaketetara egokitzeko beharra zegoelako, eta, bestetik, hauteskunde-kudeaketa modernizatu eta sinplifikatu behar zelako.

Araudi horren ondoz ondoko aldaketek eragin dute hauteskunde-inprimakien eredu ugari eta anitzen estiloak eta edukia homogeneoak ez izatea, baita inprimaki horiek lege-testu desberdinetan sakabanatuta egotea ere.

Bestalde, hauteskunde-dokumentazioaren ereduak berrikusi dira eta sinplifikatu edo hobetu beharreko zenbait akats edo adierazpen detektatu dira bi hizkuntza ofizialetako batean, baita hizkera ez-sexistari buruzko araudiaren araberakoak ez diren adierazpen batzuk ere.

Gainera, orain dela gutxi araudi aldaketa batzuk gertatu dira eta horiek inprimaki batzuen edukiari eragin diote.

Horregatik, egokitzat jo da beste arau bat onartzea, aurretik zeuden eredu ofizialak berrikusi, finkatu, zuzendu eta eguneratzeko, eta aurreko araudia indargabetzeko. Horrela, hauteskunde-dokumentazioaren ereduekin lotutako nahasteak eta kontsulta ugari ere ekidin nahi dira.

Ildo horretatik, genero-ikuspegitik berrikusi eta egokitu da dekretu honetako eta lau eranskinetako dokumentazio guztian erabilitako hizkera, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen testu bategina onartzen duenak, 19.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Euskarazko testuak ere aztertu dira, eta hizkuntzaren aldetik behar bezala eguneratzeko egin beharreko aldaketak egin dira, ulergarriagoak izan daitezen. Gainera, estilo akatsak eta tipografikoak zuzendu dira, gaztelaniazko zein euskarazko testuetan.

Bide batez, 12/2022 Lege Organikoaren ondorioz inprimakietan egin beharreko aldaketak egin dira 12/2022 Lege Organikoa, irailaren 30ekoa, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa erreformatzekoa, atzerrian bizi diren espainiarrek botoa emateko modua (AEHE) arautzeko (75. artikulua). Aldaketa horiek martxoaren 29ko INT/316/2023 Aginduan zehaztu dira, Hauteskunde Prozesuen Erregulazio Osagarria Arautzeko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuaren eranskinak aldatzen dituen horretan. Zehazki, boto-paper deskargagarriaren eredu bat sartu da, hautesleek bozkatzeko boto-paper arruntaren ordez erabili ahal izango dutena, botoa ezarritako epearen barruan hel dadila errazteko.

Horrez gain, boto-paperaren eredua sinplifikatu da, boto-paperen goiburuetan agertzen zen testua kendu baita. Izan ere, goiburu horretan boto-emaileak formalki adierazten zuen boto-paper horretako hautagai-zerrendaren aldeko botoa eman nahi duela, eta formalitate hori alferrikakoa zen eta, gainera, testu hori ez da agertzen beste hauteskunde-prozesu batzuetan erabiltzen diren boto-paperen ereduetan.

Gainera, egiaztagutun-eredu bat gehitu da administrazioak mahaietan izendatutako pertsonentzat (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 15/1990 Legeak 109. artikuluan aipatzen ditu pertsona horiek).

Inprimaki eredu batzuen ezaugarriak ere aldatu dira eta ingurumen-irizpide berriekin bat datozen beste batzuk ezarri dira, artekarien eta ahaldunen izendapenean adinari buruzko laukitxoa kendu da, ez delako beharrezkoa, eta hauteskunde-mahaietako kideen izendapenei buruzko inprimakiak eguneratu dira eta horietako bi kendu dira, gaur egun erabiltzen ez direlako.

Izendapen horien jakinarazpenetan, atal bat gehitu da aitzakien alegazioak modu telematikoan ere aurkeztu ahal izateko.

Gainera, Hauteskunde Batzorde Zentralak hala eskatu duelako, Hauteskunde Batzorde Zentralak eta Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak onartu behar dituzten eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar diren akten artean akta-eredu hauek sartu dira: atzerrian bizi diren egoiliarren botoarekin lotutako eraketa-akta eta boto-kontaketaren akta, kontsulatuko funtzionarioentzako akta eta horren eranskina.

Era berean, zenbait aurreikuspen sartu dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Estatuaren eskumenekoak diren beste batzuekin batera egiteko aukera kontuan hartuta.

Azkenik, hauteskunde-arloko eskumena daukan saileko sailburuari ahalmena ematen zaio eranskin horietako edukia agindu bidez aldatzeko, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen txostena jaso ondoren, alderdi tekniko instrumentalak baino ez direlako.

Horregatik, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,

  1. Hauteskunde-mahai bakoitzak hautetsontzi bat izango du, edozein koloretakoa edo tonalitatetakoa, bai eta kabina bat ere, edo, horrelakorik ezean, esparru pribatu bat, bertan boto-emaileak, nahi izanez gero, boto-papera aukeratzeko eta bozketako gutun-azalean sartzeko. Hauteskunde-kabinaren ondoan, mahai bat egongo da, eta nahikoa gutun-azal eta boto-paper egongo dira bertan.

  2. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan erabili beharreko hautetsontzien eta kabinen ezaugarriak martxoaren 29ko INT/316/2023 Aginduan ezarritakoak izango dira (apirilaren 1eko BOE, 78. zk.).

  3. Hautetsontziak, muntatu eta zigilatu ondoren, hauteskunde-mahai bakoitzeko lehendakariari emango dizkio dagokion udalean hauteskunde-administrazioarekin lotutako zereginak betetzen dituenak.

    Zigiluen funtzioa izango da hautetsontzia ixtea, inork ez dezan hautetsontzia ireki mahaikideek, artekariek eta ahaldunek jakin gabe. Zigilua hautsi edo hondatuz gero, bozketa-egunean, mahaiko lehendakariak bermatu beharko du hautetsontzia itxita dagoela, eskura duen edozein elementu erabiliz.

  4. Kabinak, muntatu ondoren, hauteskunde-mahai bakoitzeko lehendakariari emango dizkio dagokion udalean hauteskunde-administrazioarekin lotutako zereginak egiten dituenak.

  1. Boto-paperetan, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 91. artikuluan adierazitakoa agertuko da; halaber, eredu ofizialari jarraituko diote, dekretu honen B eranskinaren barruko I. eranskinean eta C eranskinaren barruko I. eranskinean adierazten diren ezaugarri eta inprimaketa-baldintzak betez.

  2. Boto-paperetan, hautagai-zerrendaren izena, siglak eta ikurra agertuko dira, baita, hautagai-zerrendan ezarritako ordenaren arabera, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak aldarrikatutako hautagaien izen-abizenak ere, letra larriz, baina ez da ordezkorik agertuko.

  3. Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek hauteskunde-arloko eskumena daukan sailak aurkeztutako boto-paperen eredu ofiziala onartuko dute, eta egiaztatuko dute alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek egindako boto-paperek eta gutun-azalek dekretu honetan ezarritako zehaztapen eta ezaugarriak betetzen dituztela.

  1. Egiten diren lehenengo boto-paperak Euskal Autonomia Erkidegoko Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzei emango dizkie Eusko Jaurlaritzan hauteskunde-arloko eskumena daukan zuzendaritzak, posta bidezko botoan erabiltzeko eta atzerrian bizi diren egoiliarrei bidaltzeko.

  2. Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza horrek, bozketa-eguna baino lehen, eskualdeko hauteskunde-batzordeei emango dizkie gainerako boto-paperak, behar beste. Eskualdeko hauteskunde-batzordeek hauteskunde-mahaietara helaraziko dituzte, udaletan hauteskunde-administrazioarekin lotutako zereginak betetzen dituenaren bitartez.

    Era berean, behar beste boto-paper emango zaizkio kanpo-gaietan eskumena duen ministerioari.

  1. Bozketako gutun-azala eredu ofizialarekin bat etorriko da, eta dekretu honetako B eranskinaren barruko II. eranskinean eta C eranskinaren barruko II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eta baldintzak bete beharko ditu. Gainera, boto-paperaren kolore berekoa izango da.

  2. Boto-paperak bezala, bozketako gutun-azalak ere Eusko Jaurlaritzan hauteskunde-arloko eskumena daukan zuzendaritzak emango dizkie Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzei eta eskualdeko hauteskunde-batzordeei, behar beste, bozketa-eguna baino lehen. Azken horiek hauteskunde-mahaietara helaraziko dituzte bozketako gutun-azalak, udaletan hauteskunde-administrazioarekin lotutako zereginak betetzen dituenaren bitartez.

    Era berean, behar beste bozketako gutun-azal emango zaizkio kanpo-gaietan eskumena duen ministerioari.

  1. Dekretu honetako B eta C eranskinetako III, IV, V, VI, VII, VIII eta IX. eranskinetan adierazitako inprimaki eta gutun-azalak egiteko ezaugarri eta ereduak onartzen dira; hori dela eta, nahitaez erabili beharko dira hauteskunde-prozesuko izapide eta eragiketa guztietan.

  2. Eusko Jaurlaritzan hauteskunde-arloko eskumena daukan zuzendaritzak dokumentazio hau emango die lurralde historikoko hauteskunde-batzordeei edo eskualdeko hauteskunde-batzordeei, dagokionari: batetik, dekretu honetako B eranskinaren barruko hainbat inprimaki eta gutun-azal, hain zuzen ere III. eranskinekoak (hautagai-zerrendak aurkeztea), IV. eranskinekoak (hauteskunde-mahaietako kideak izendatzea), V. eranskinekoak (artekariak eta ahaldunak izendatzea) eta VIII. eranskinekoak (hauteskunde-mahaietako dokumentazioa), eta, bestetik, 6. artikuluan aipatzen diren akten inguruko inprimakiak (salbu eta artikulu honetako 4. puntuan aipatzen direnak). Gero, hauteskunde-batzorde horiek hauteskunde-mahaietara helaraziko dituzte, udaletan hauteskunde-administrazioarekin lotutako zereginak betetzen dituenaren bitartez.

  3. B eranskinaren barruan dauden eta VI. eta VII. eranskinetan deskribatzen diren inprimaki eta gutun-azalak (VI. eranskina posta bidezko botoa emateko dokumentazioari buruzkoa da, eta VII. eranskina atzerrian bizi diren egoiliarrek posta bidezko botoa emateko dokumentazioari buruzkoa) Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza horrek emango dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Hautesle Erroldaren Bulegoaren probintzia-ordezkaritzei, baita eskumena duten gainerako erakundeei ere, posta bidezko botorako erabil ditzaten.

  4. Atzerrian bizi diren egoiliarren botoa dela eta, kontsulatuko funtzionarioentzako aktei dagozkien inprimakiak eta horren inguruko eranskina Eusko Jaurlaritzako aipatutako zuzendaritza horrek emango dizkio kanpo-gaietan eskumena duen ministerioari, atzerrian bizi diren egoiliarren botoarekin lotutako tramitazioan erabil ditzaten.

Akta-eredu hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak eta Hauteskunde Batzorde Zentralak onartu behar dituzte, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira: hauteskunde-mahaien eraketa-akta (EHDM/8.1 eredua), boto-kontaketaren akta (EHDM/8.2 eredua) eta saioen akta (EHDM/8.3 eredua); lurralde historikoko hauteskunde-batzordeen eraketa-akta (EHEG/9.1 eredua), boto-kontaketa orokorraren akta (EHEG/9.2 eredua), saioaren akta (EHEG/9.3 eredua) eta emaitzen aldarrikatze-akta (EHEG/9.4 eredua). Akta horiek nahitaez erabili behar dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

Horietaz gain, beste akta-eredu hauek ere Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak eta Hauteskunde Batzorde Zentralak onartu behar dituzte, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira: atzerrian bizi diren egoiliarren botoarekin lotutako eraketa-akta (EHEG/9.6 eredua) eta boto-kontaketaren akta (EHEG/9.7 eredua), baita kontsulatuko funtzionarioentzako aktak (EHAF/10.1 eredua) eta horren eranskina (EHAF/10.2 eredua) ere. Akta horiek ere nahitaez erabili behar dira.

Dekretu honetako D eranskinean ezarri dira ereduak. Eusko Jaurlaritzaren www.hauteskundeak.eus web-orritik eskuratu ahal izango dira, eta, hala badagokio, baita telematikoki deskargatu eta autoeditatu ere.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Hauteskunde-dokumentazioan erabili beharreko paper mota.

Boto-paperak eta hauteskundeetako gutun-azalak eta inprimakiak C eranskinean aurreikusten diren ezaugarrien eta inprimaketa-baldintzen arabera egingo dira. Hala ere, salbuespenez, dekretu honetan jasotzen diren inprimaki horiek inprimatzeko eta egiteko ezaugarrietan aurreikusitako paper-mota ez den beste bat erabili ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin zerikusirik ez duten ezinbesteko arrazoiak direla eta.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Boto-paperak egiteko baldintzak.

  1. Boto-paperak segurtasunez egiteko eta hauteskundeetako emaitzak ahalik eta kalitaterik onenean argitaratzeko, lurralde historiko bakoitzean aldarrikatutako hautagai-zerrendek haien identifikazio ofizialaren ikurra edo logotipoa, koloretakoa zein zuri-beltzekoa, emango diote Eusko Jaurlaritzan hauteskunde-arloko eskumena daukan sailari. Era berean, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek aipatutako sail horri bidaliko diote aurkeztutako nahiz aldarrikatutako hautagai-zerrendetako kideen zerrenda.

  2. Boto-paperak zehaztasunez egiten direla bermatzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian letra larriz argitaratuko dira aurkeztutako eta aldarrikatutako hautagai-zerrendak osatzen dituzten pertsonen izen-abizenak.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Irisgarritasuna.

    Eusko Jaurlaritzan hauteskunde-arloko eskumena daukan sailak egin beharreko jarduketa material guztiak egingo ditu, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautesle itsuek edo ikusmen desgaitasunen bat dutenek modu presentzialean eta irisgarrian erabili ahal izan dezaten botoa emateko duten eskubidea, indarrean dagoen prozedura espezifikoaren arabera (1612/2007 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek beren sufragio-eskubidea gauzatu ahal izateko boto-prozedura irisgarria arautzen duena; eta INT/ 3817/2007 Agindua, abenduaren 21ekoa, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek beren sufragio-eskubidea gauzatu ahal izateko boto-prozedura irisgarrirako prozedura, abenduaren 7ko 1612/2007 Errege Dekretuak araututakoa, garatzen duena).

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Egun berean beste prozesu batzuekin batera egitea.

    Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiten diren egun berean Estatuaren eskumeneko beste hauteskunde-prozesuren bat ere egiten bada, Estatuak kasu horietarako bere araudian zehaztutako ereduak erabiliko dira. Halaber, egun berean beste prozesu batzuekin batera egin behar badira hauteskundeak, eta Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak txostena egin ondoren, egoera horretara egokitu ahal izango dira dekretu honetan jasotako ereduak.

Indargabetuta geratzen da abenduaren 23ko 220/2008 Dekretua, Euskal Legebiltzarreko hauteskundeetan erabiltzeko kutxa, kabina, boto-txartel, kartazal eta gainerako agirien eredu ofizialak eta ezaugarriak eta material hori eskura emateko prozedura zehaztekoa, baita arlo horri buruzko beste edozein xedapen ere, baldin eta dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoa bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Hauteskunde-arloko eskumena daukan saileko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetako eranskinen edukia aldatzeko, betiere aurretiaz Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aldeko txosten loteslea jaso badu.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko uztailaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)