Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

30/2023 DEKRETUA, otsailaren 28koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen Dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1307
  • Xedapen-zk.: 30
  • Xedapen-data: 2023/02/28
  • Argitaratze-data: 2023/03/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezartzen du oinarrizko zer arau aplikatu behar diren ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen sarea planifikatzeko, hezkuntza zerbitzu publikotzat hartuta, betiere. Hezkuntza-administrazioen egitekoa da planifikatzeko prozedura eta irizpideak arautzea, aipatutako lege organikoan ezarritakoa errespetatuta, betiere.

Bestalde, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen da, eta honako hau xedatzen: ikastetxe-sarearen programazioak bermatu behar du plaza publiko nahikoa egongo dela eskolatze- edo eragin-eremu edo -barruti guztietan, kontuan izanda zein den ikastetxe publikoen eta itunpeko ikastetxe pribatuen eskaintza.

Hezkuntza-zerbitzu publikoa komunitatearentzako funtsezko zerbitzutzat hartuta, hezkuntza denentzat eskuragarri izan dadila bermatu behar da, ezein bereizketarik egin gabe, aukera-berdintasunean, jarraitutasunaren bermearekin eta gizarte-aldaketetara etengabe egokituta.

Halaber, interesdun guztien eskubide eta askatasunak bermatze aldera, dekretu honek ezartzen du ezen programatzeko eta parte hartzeko printzipioak aintzat hartu behar direla ikastetxeetako plazen eskaintza osatzeko orduan, eskaintza horrek lagundu behar baitu jatorri kultural, sozial eta ekonomikoko desberdintasunak konpentsatzen. Ildo horretatik, eskaintzaren planifikazioak berekin ekarri behar du berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua, hain zuzen ere hezkuntzaren ekitatea eta kalitatea bermatzeko. Hori dela-eta, eragin-eremu bakoitzeko eskola-plazen eskaintza programatzerakoan, berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleentzat gordetako plazak ere hartu behar dira kontuan.

Gainera, egungo ikasleen banaketa soziala eta euskal gizartearen bilakaera demografikoa kontuan hartuta, arau berriak ezartzen du eskaintzaren plangintzak aurreikusi behar duela eskola-postuen eskaintza pixkanaka benetako premiara egokitzea, titulartasun publikoko ikastetxeen eta itunpeko ikastetxe pribatuen osagarritasunetik abiatuta, eskolatze orekatua lortzeko eta, betiere, funts publikoekin eutsitako plaza nahikoak daudela bermatuz. Azken batean, kontua da bermatzea benetan ematen dela euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa. Kontzeptu hori sartzen du dekretu honek, eta HLOren 108.4 artikuluaren modu berean ulertu behar da.

Hori guztia, gainera, azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak ekarri zituen aldaketen bide beretik, 2022ko dekretu horrek aldatu baitzuen urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretua. 1/2018 Dekretuaren bidez, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen da hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

Dekretu honek ekarri duen beste aldaketa esanguratsu bat da eskola-mapa antolamendu- eta plangintza-tresna gisa definitzea. Bertan, bi gauza ikus daitezke: euskal hezkuntza-zerbitzu publikoak zer eskaintzen duen (hezkuntzaren aldetik); eta eragin-eremu bakoitzean zer ikastetxek emango duen eskaintza hori.

Ildo beretik, plangintzak hausnarketa estrategikoa sustatu behar du ikastetxe publiko idealaren tamainari buruz, haren gizarte-testuinguruaren arabera, bai eta kalitatezko eskaintza publiko bideragarri eta jasangarria eratzeko beharrezkotzat jotzen diren eraldaketa-prozesuei buruz ere, zeinaren barruan sartzen baita Ikastetxe Publiko Integratuak sustatzea.

Horren ondorioz, otsailaren 3ko 21/2009 Dekretua aldatu egin behar da, hartara, eta aldi berean, oinarrizko araudian egindako aldaketak txertatzeko (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dira).

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren proposamenari jarraikiz, EAEko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, martxoaren 3ko 1/2022 Legeak arautzen dituen izapideak eginda (1/2022 Legea, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko 4/2005 Legearen bigarren aldaketa egitekoa) eta Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 28an egindako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Lehen artikulua. Honela idatzita gelditzen da otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuaren 1. artikulua (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dira):

Dekretu honen helburua da zenbait irizpide ezartzea, euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duten eta eskola-mapa osatzen duten unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen eta itunpeko pribatuen sarea antolatu eta planifikatzeko.

  1. Plangintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak edo zuzendaritzek, Hezkuntzako lurralde-ordezkariekin koordinatuta, eta dekretu honetan ezarritako printzipio eta irizpideei jarraituz, ikastetxeen egoerak eta ibilbideak diseinatu, doitu, aldatu eta benetako premietara egokituko dituzte.

  1. Hezkuntza Sailak horretarako prozedurak ezarriko ditu, eta, horien artean, aldez aurreko entzunaldi-izapidea eskainiko die bai deskribatutako prozesuen eraginpean egon daitezkeen ikastetxeei, bai tokiko administrazioei eta udaletako eskola-kontseiluei, betiere kontuan hartuta prozesu horiek aldi baterako izan daitezkeela eta itzulgarriak direla.

  1. Eskola-mapa antolamendu- eta plangintza-tresna bat da; hartan dago islaturik euskal hezkuntza-zerbitzu publikoak zer eskaintzen duen, zer irakasten duen, eta irakaskuntza horiek zer ikastetxek ematen dituzten.

  2. Eragin-eremuak eskola-zonetan txertatuz eta eskola-zonak barrutietan txertatuz egituratzen da eskola-mapa, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak osorik barne hartu arte. Eskola-zonak malguak izango dira, moldakorrak, eta aldatuz joango dira, gizartea eta demografia aldatu ahala.

  3. Eskola-zonen barruan, eragin-eremuek zehaztuko dute zein diren erreferentziazko ikastetxeak, baremazio-fasean bizilekuarekiko hurbiltasunaren lehentasun-irizpideak aplikatzeko. Eragin-eremuetan, gutxienez ikastetxe publiko bat egongo da beti.

    3 bis. Eragin-eremuak honako hauetarako hartuko dira kontuan:

    1. Hezkuntza-eskaintza programatzea.

    2. Ikasleen onarpena kudeatzea.

    3. Neurri espezifikoak aplikatzea eskola-ekitaterako eta -inklusiorako eta gizarte-kohesiorako.

    4. Ikastetxeen arteko atxikipenak ezartzea.

    5. Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleentzako eskola-plazen erreserba zehaztea, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak 71., 81., 86.2 eta 87. artikuluetan ezarritakoaren esparruan (2/2006 Legea Organikoa, maiatzaren 3koa).

    6. Ikastetxeko onarpen-prozesuan, bizilekuarekiko edo lanlekuarekiko hurbiltasunaren lehentasun-irizpidea aplikatzea.

      3 ter. Eragin-eremuak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

    1. Osaera sozialaren heterogeneotasuna bermatzea, ahal den neurrian.

    2. Eskola-plazen eskaintza nahikoa izatea eskolatze-premiei erantzuteko.

    3. Irakaskuntza bakoitza ematen duten ikastetxeen banaketa geografikoa: eragin-eremuek hurbileko eskolatzea sustatuko dute.

    4. Zonaren heterogeneotasun sozialaren eta zona osatuko duten ikastetxeen heterogeneotasunaren arteko oreka.

    5. Zonakatzeak zer eragin duen eskola-ingurua osatuko duten ikastetxeetako ikasleen eskolatze orekatuan.

    6. Hezkuntza-pluraltasuna bermatzea: ahalegina egingo da eremuetan eskaintza publikoa eta itunpeko eskaintza pribatua izateko, modu osagarrian, dagokion eremuan bi titulartasunak baldin badaude behintzat.

  4. Barruti, eskola-zona edo udalerri batean ikastetxe publikoak eta ikastetxe pribatu itunpekoak baldin badaude, eragin-eremu berberak ezarriko dira batzuentzat eta besteentzat.

  5. Halaber, mekanismo egokia ezarriko du, hain zuzen ere bermatzeko ikasle horiek dohainik egingo dutela joan-etorria esleitu zaien ikastetxe publikora. Garraio-berme hori Eskola Mapan zehaztutako ikastetxeetara joaten diren ikasleentzat baino ez da izango.

  6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleak hirigunean bizi badira eta han garraio publikoa badago (autobusa, metroa, tranbia edo trena), lehentasunez, garraio publikoa finantzatuz bermatuko da ikasle horien garraio-zerbitzuaren doakotasuna.

  7. Hezkuntza-arloko eskumena duen sailak, derrigorrezkoak ez diren hezkuntza-mailetako ikasleen garraioa erraztearren, beste instantzia edo erakunde batzuekin koordinatzeko formulak aztertuko ditu.

  1. Hezkuntza-eskaintzaren plangintzaren xedea da aldian-aldian eta eskualdeka aurreikustea zer eskola-plaza behar diren euskal hezkuntza-zerbitzu publikoko ikastetxeetan, premia errealei doituz, eta ikasle guztiei bermatzeko eskola-plaza doako eta kalitatezko bat izango dutela, ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan dagoen eskaintzatik abiatuta, eta, betiere, ikasleen, amen, aiten edo tutoreen eskubide indibidualak aintzat hartuta, kohesio sozial handiagoaren alde.

  2. Bermatuko da ikasle guztiek eskola-plaza bat izango dutela diru publikoarekin mantendutako ikastetxe batean, bakoitzak bere eragin-eremuaren barruan, derrigorrezko hezkuntza-etapa guztietan.

  3. Biztanleriaren hazkundea egiaztatzen den eskola-eremuetan eta/edo eragin-eremuetan, horrek eskolatze-premien hazkundea badakar, plaza publikoak egotea bermatuko da.

  4. Ahalegina egingo da premiei egokitzeko eskola-plazen eskaintza, familien interesak eta baliabideen erabilera egokia bateratuz, plangintza arduratsu eta jasangarri baten bidez. Plaza-eskaintza hori egiteko, aintzat hartuko dira ikasleen beharrizanak, interesak eta espektatibak, nahiz jardueraren sektore ezberdinen beharrizanak. Kontuan hartuko dira, orobat, hezkuntza-sistemari begira interes pedagogikoa duten proposamenak.

  5. Ikastetxe batean plazen eskaerak eskaintza gainditzen duenean eta eskola-inguruan edo eragin-eremuan plaza libreak dituzten ikastetxeak daudenean, Hezkuntza Sailak ikastetxe horietara bideratu ahal izango ditu gaineratiko ikasleak, onarpen-prozesua arautzen duen indarreko araudiaren arabera egindako baremazioa egin ondoren.

  6. Eskola-plazen eskaintza programatzeko orduan, plaza guzti-guztiak hartu beharko dira kontuan, baita berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak eskolaratzeko gordeta daudenak ere, arrazoi hauengatik gorde direnak: heltze-atzerapena, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak, arreta- edo ikaskuntza-nahasmenduak, ikaskuntza-hizkuntzaren ezjakintasun larria, kalteberatasun sozioedukatiboko egoeran egotea, adimen-gaitasun handiak, hezkuntza-sisteman berandu sartu izana edo baldintza pertsonalak edo eskola-historiakoak. Horretarako, ikasle horien proportzio orekatu bat ezarriko da, euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duen ikastetxe bakoitzean eskolatu dadin, eta, gainera, ikastetxeei laguntza hori emateko behar dituzten baliabideak bermatuko zaizkie.

  7. Lanbide Heziketako irakaskuntzen hezkuntza-eskaintza ez da mugatuko eskola-barruti jakin baten lurralde-eremura. Plazen eskaintza doituko da ikasleek adierazitako prestakuntza-eskaerara eta produkzio-jarduerako eta zerbitzuetako sektoreen beharrizanetara.

  8. Hezkuntza-sistemara ohiko onarpen-prozesutik at sartzen diren ikasleak orekaz eskolatu behar dira. Diru publikoz mantentzen diren ikastetxe guztiak erantzunkide dira horretan, eta Hezkuntza Saila, eskolatze-batzordeen bidez, erne begira egongo da, eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu, hori horrela dela bermatzeko; hartara, ikastetxe batean ere ez daitezen, proportzioan, eragin-eremuko besteetan baino gehiago ugaritu berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleak.

  9. Halaber, sail horrek kontrol-neurriak ezarriko ditu ikasle horien ikastetxe-aldaketak ez daitezen gertatu diskriminazio-arrazoiengatik, mota edozein dela ere.

  10. Eskolatze hori modu orekatuan egingo da, hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek zehazten dituzten ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko pribatuetan, ikasle horien aita, ama edo legezko tutoreei entzun ondoren, bat etorriz onarpen-prozesua arautzeko indarreko araudiarekin.

  1. Araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten unibertsitateaz besteko ikastetxeen sare publikoan, honako ikastetxe hauek izango dira:

    1. Haur-eskolak, Lehen Hezkuntzako ikastetxeak edo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, haur-eskolak atxikita izan ditzaketenak.

    2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa eskaintzen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuak.

    3. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen dituzten ikastetxe publiko integratuak.

    4. Lanbide Heziketako institutuak eta Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak, soilik Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituztenak.

  2. Ahal denean, ikastetxe publiko integratuak sortzea sustatuko da. 2 eta 16 urte bitarteko ikasleak eskolaratzeko izango dira, edo, beharrezkoa bada, 18 urtera artekoak. Proiektuaren barruan hezkuntza-etapa bat baino gehiago edukiko dute, eta haur-eskolarik ere izan dezakete atxikita.

  1. Konfigurazioaren arabera, ikastetxeek unitate bat edo gehiago izan dezakete kurtso bakoitzeko, edo kurtso desberdinetako ikasleak unitate berean eskolatuta eduki ditzakete. Azken ikastetxe horiek nagusiki landa-eremukoa den ingurune geografiko batean badaude, eta gehienez sei unitate badituzte guztira, izen hau izango dute: "Eskola Txikiak". Ikastetxe horietako plazen eskaintza kokatuta dauden udalerriaren eskariari erantzuteko soilik egokituko da.

  1. Dekretu honen II. eta III. eranskinetan jasota daude unitate bakoitzeko izan beharreko gehieneko eta gutxieneko ikasle-kopuruak."

  2. Nolanahi ere, hezkuntza-etapa jakin batean unitate bat osatzeko edo mantentzeko, beharrezkoa izango da gutxieneko ikasle kopuru bat izatea, kalitatezko hezkuntza-eskaintza bermatzeko eta hezkuntza-baliabideak arrazionalizatzeko eta optimizatzeko.

    Salbuespen modura, itunpeko ikastetxe pribatuek, eragin-eremuan diru publikoz mantentzen diren gainerako ikastetxeetan baino proportzio handiagoan eskolatzen badituzte hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, edo berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituztenak, edo hezkuntza-sistemara ikasturtea hasi ondoren datozen ikasleak, konzertazioa eska dezakete, edo ikasgelak ratio txikiagoz mantentzea, baina ratio horrek inoiz ere ezingo du izan ikastetxe publikoetarako ezarrita dagoena baino txikiagoa.

  1. Kontuan izanda dinamikoak diren elementuak direla unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzea eta horiek mamitzea, eta aldagai desberdinak sartzen direla jokoan, Hezkuntza Sailak ebaluazioa egiteko zenbait irizpide eta adierazle zehaztuko ditu, etengabeko egokitzapena eta hobekuntza lortzeko.

  2. Ikasleak Onartzea Bermatzeko Lurralde Batzordeek Eskola Mapa zertan den aztertu beharko dute, eta Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku-laguntza eman horretarako baitaude, ondo muga ditzaten eragin-eremuak eta eremu mugakideak.

  1. Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduen eskaintza planifikatuko du, premien arabera, eta kontuan izanda aiten, amen eta tutoreen iritzia eta eremuko egoera soziolinguistikoa.

Bigarrena. Ibilbide akademikoak.

Ikastetxeen antolamendu berria zehaztu ahala, Hezkuntza Sailak zehaztu eta ezarriko ditu udalerri, eskola-inguru edo barruti bakoitzaren ikastetxeen artean eratuko diren ibilbide akademikoak, ikasleek jakin dezaten zein den eskolatze-aldian egin dezaketen ibilbide akademikoa.

Hezkuntza Bereziko ikastetxeak.

Helduen Hezkuntzako ikastetxeak.

Hizkuntza Eskola Ofizialak.

Kirol Irakaskuntzen ikastetxeak.

Arte-eskolak.

Musika edo Dantza Kontserbatorioak.

Diseinuko Goi-mailako Eskolak.

Musika edo Dantza Kontserbatorioak eta Goi-mailako Eskolak.

Goi-mailako Antzezpen Eskolak.

  1. Diru publikoarekin mantendutako ikastetxeak.

    1. Irakaskuntza motaren arabera:

    1. Haur Hezkuntza (lehenengo zikloa):

      0 urtekoen gelak: 8 ikasle.

      1 urtekoen gelak: 13 ikasle.

      2 urtekoen gelak: 18 ikasle.

    2. Haur Hezkuntza (bigarren zikloa):

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak. 23 ikasle.

      Itunpeko ikastetxeak: 25 ikasle.

    3. Lehen Hezkuntza:

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak. 23 ikasle.

      Itunpeko ikastetxeak: 25 ikasle.

    4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak. 25 ikasle.

      Itunpeko ikastetxeak: 30 ikasle.

    5. Batxilergoa:

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak. 27 ikasle.

      Itunpeko ikastetxeak: 35 ikasle.

    6. Lanbide Heziketa:

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoak:

      Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH): 15 ikasle (salbuespenez 20 ikasle arte)

      Erdi-mailako Lanbide Heziketa (ELH) eta Goi-mailako Lanbide Heziketa (GLH): 20-25 ikasle.

      Espezializazio-kurtsoak: 20 ikasle.

      Itunpeko ikastetxeak:

      Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH): 15 ikasle (salbuespenez 20 ikasle arte)

      Erdi-mailako Lanbide Heziketa (ELH) eta Goi-mailako Lanbide Heziketa (GLH): 25 ikasle.

      Espezializazio-kurtsoak: 20 ikasle.

    1. Haur eta Lehen Hezkuntzan, maila desberdinetako ikasleak eta ikastaldeak bateratuz gero ikastetxe publikoetan, hauek izango dira ratioak:

    1. Bi adin desberdinetako ikasleak:

      0 eta 1 urte: 7 ikasle.

      1 eta 2 urte: 10 ikasle.

      2 eta 3 urte: 18 ikasle.

      Haur eta Lehen Hezkuntzako gainerakoak: 20 ikasle.

    2. Hiru adin desberdinetako ikasleak: 15 ikasle.

    3. Hiru adin desberdin baino gehiagoko ikasleak: 12 ikasle.

      Itunpeko ikastetxeetan maila desberdinetako ikastaldeak bateratuz gero, ratioak gelarako baimenduta dauden gehienekoak izango dira.

  2. Hezkuntza Sailaren mendekoak EZ ikastetxe publikoak.

    Ikastalde bakoitzeko gehieneko ikasle-kopurua bat etorriko da indarrean dagoen araudiarekin eta entitate publikoek beren eskumenen arabera hartutako erabakiekin.

«III. ERANSKINA

IKASLEEN GUTXIENEKO RATIOA UNITATE BAKOITZEKO

  1. Diru publikoarekin mantendutako ikastetxeak.

    1. "Eskola Txikiak" edo "ikastetxe unitarioak".

      Eskola Txiki bat mantentzeko, beharrezkoa izango da:

      1. 2 eta 6 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo eta bigarren zikloetako ikasleak eskolatzen badituzte:

        8 ikasle.

      2. 2 eta 12 urte bitarteko ikasleak eskolatzen badituzte:

        18 ikasle.

        Bi etapa horiek eskolatzen badituzte, batera bete behar dituzte a eta b puntuetan finkatutako irizpideak.

        Ratio horiek malgutasunez aplikatu ahal izango dira, baldin eta ikastetxea udalerrian funts publikoekin babestutako bakarra bada, udala argi eta garbi inplikatuta badago, jaiotzen eboluzioa positiboa bada eta udalerriko familien % 80k aukeratzen badute seme-alabak Eskola Txikian eskolatzea.

        Haur Hezkuntzako eta/edo Lehen Hezkuntzako etapetan hezkuntza-eskaintzarik ez duten ikastetxe eta/edo udalerriek, eskaintza hori martxan jartzea proposatu ahal izateko, elkarren segidako hiru mailatarako 12 ikasleko denbora-proiekzioa izan beharko dute, gutxienez, eskaintzaren bideragarritasuna ziurtatzeko, eta, gainera, aurreko paragrafoan zerrendatutako hiru baldintzak bete beharko dituzte.

    2. Hezkuntza-maila bakoitzeko ikasle-talde bat edo gehiago dituzten ikastetxeak.

    1. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak:

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, gutxienez 11 ikasle beharko dira ikastalde bat osatzeko, salbu eta ezinezkoa bada elkarren segidako beste adin bateko ikastalde batekin bateratzea.

      Itunpeko ikastetxeetan, berriz, ikastalde bat osatzeko gutxieneko kopurua kalkulatzeko, erreferentzia gisa hartuko da ikastetxearen eragin-eremuko ikastetxe publikoetako ikasleen batez besteko kopurua. Edonola ere, ez da ikastalderik osatuko gutxienez 13 ikasle ez badaude, salbu eta ezinezkoa bada elkarren segidako beste adin bateko ikastalde batekin bateratzea, udalerriko ikastetxe bakarra bada (halakoetan, 11 ikasle beharko dira) edo Administrazioak ikastetxea hezkuntza-konplexutasun oso handiko ikastetxetzat jota badauka (halakoetan, 8 ikasle beharko dira).

    2. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak:

      1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

      Gaur egun etapa honetako hezkuntza-eskaintza duten ikastetxeetan, gutxienez 17 ikasle beharko dira ikastalde bat osatzeko.

      Hezkuntza-etapa hori ez duten ikastetxeek, lehen aldiz hura eskaintzeko, maila bakoitzeko bi ikasle-taldeko denbora-proiekzioa izan beharko dute.

      2. Batxilergoa.

      Irakaskuntza hauek eskaintzen dituzten ikastetxeetan, batxilergo-modalitate jakin bateko ikastalde bat osatu ahal izateko, gutxienez 17 ikasle beharko dira dagokion hizkuntza-ereduan, salbu eta planifikazioaren arloan eskumena duten zuzendaritzek berariaz baimendutako salbuespeneko kasuetan.

      Hizkuntza-eredu jakin batean ikastalde bakarra dagoenean eta, hizkuntza dela eta, ezinezko denean bi eredu desberdinetako ikasleak elkartzea, modalitate bakoitzean, eredu horretako 10 ikasle beharko dira, gutxienez. Ondorioz, modalitate bateko baino gehiagoko ikastalde bat osatzeko, gutxienez hizkuntza-eredu bereko 20 ikasle beharko dira.

      Ikasketa horiek eskaintzen ez dituzten ikastetxeek, lehen aldiz eskainiko badituzte, maila bakoitzeko bi ikasle-taldeko denbora-proiekzioa izan beharko dute.

      3. Lanbide Heziketa:

      Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, unitate bat osatzeko gutxieneko ikasle-kopurua:

      Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH): 10 ikasle.

      Erdi-mailako (ELH) eta Goi-mailako Lanbide Heziketa (GLH): 12 ikasle.

      Espezializazio-kurtsoak: 9 ikasle.

      Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintzaren unitateko gutxieneko ratioa kopuru txikiago batera egokitu ahal izango da, produkzio-jarduerako eta/edo zerbitzuetako sektoreen beharrizanen arabera, bai eta zikloa ematen den eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren arabera ere.

      Itunpeko ikastetxeetan, unitate bat osatzeko gutxieneko ikasle-kopurua:

      Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH): 10 ikasle.

      Erdi-mailako Lanbide Heziketa (ELH) eta Goi-mailako Lanbide Heziketa (GLH): 12 ikasle.

      Espezializazio-kurtsoak: 9 ikasle.

      Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintzaren unitateko gutxieneko ratioa kopuru txikiago batera egokitu ahal izango da, produkzio-jarduerako eta/edo zerbitzuetako sektoreen beharrizanen arabera, bai eta zikloa ematen den eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren arabera ere.

  2. Hezkuntza Sailaren mendekoak EZ ikastetxe publikoak.

    Ikastalde bakoitzeko gutxieneko ikasle-kopurua bat etorriko da indarrean dagoen araudiarekin eta entitate publikoek beren eskumenen arabera hartutako erabakiekin.»

Euskal hezkuntza-zerbitzu publikoa dekretu honen arabera ematen duten ikastetxeak antolatzeko, planifikatzeko eta egokitzeko prozesua progresiboa izango da, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo lau ikasturteetan burutuko baita; beraz, dekretuan jasota dauden aldaketak eta egokitzapenak egin bitartean, indarrean egoten jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko ikastetxeen egungo plangintzak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko otsailaren 28n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.