Arautegia

Inprimatu

153/2022 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Izki Natura Ondarearen Gune Babestuaren, Parke Naturalaren, Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana onartzen duena eta Izki Parke Naturalaren eta haren babes-eremu periferikoaren mugak aldatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 55
  • Hurrenkera-zk.: 1378
  • Xedapen-zk.: 153
  • Xedapen-data: 2022/12/13
  • Argitaratze-data: 2023/03/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da ingurumenaren eta ekologiaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta bere lurraldean betearaztea.

Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 3. artikuluak xedatzen duenez, EAEko administrazio publikoek zainduko dute natura-ondarea babesteko politikak, besteak beste, printzipio hauen arabera gauzatuko direla:

Natura-ondarearen kontserbazioa gailentzea lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren eta kultura-ondarearen gainetik.

Natura-ondarearen gune babestuen kontserbazio-egoera mantentzea eta hobetzea.

Politika publiko sektorialetan, bereziki politika-, ekonomia- eta gizarte-arloko erabakiak hartzean, natura-ondarea babesteko, kontserbatzeko, kudeatzeko, modu jasangarrian erabiltzeko, hobetzeko eta lehengoratzeko betekizunak txertatzea.

Natura-ondareari eragin diezaioketen esku-hartzeetan zuhurtasun-printzipioa aplikatzea.

Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 21.1 artikuluak xedatzen duenez, natura-baliabideak antolatzeko planak espazio-eremu jakin bateko naturagune babestuak osatzen dituzten elementuak planifikatzeko berariazko tresna dira, eta lurraldearen gainerakoarekin duten harremana mugatu, tipifikatu, sarean integratu eta zehaztuko dute.

Izkiko eremua Arabako Lurralde Historikoaren hego-ekialdeko muturrean dago, eta Parke Natural izendatu zuten martxoaren 31ko 65/1998 Dekretuaren bidez (65/1998 Dekretua, Izkiko eremua Parke Natural izendatzekoa). Era berean, martxoaren 31ko 64/1998 Dekretuaren bidez, Izkiko eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana onartu zen.

Bestalde, Izki Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu zen martxoaren 1eko 33/2016 Dekretuaren arabera.

Izki Natura 2000 Sarean sartzeak natura-ondarearen gune babestu hori kontserbatzeko irizpideak eta helburuak aldatzea dakar.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 18. artikuluaren arabera une horretan indarrean zegoen araudia, natura-ondarearen gune babestuen hainbat kategoria toki berean gainjartzen direnean, babesaren koherentzia eta kategoria bakoitzari aplika dakizkiokeen araubideen arteko koordinazioa bermatzeko, eremu bakoitza arautzen duten arau espezifikoak eta plangintza-tresnak dokumentu integratu bakar batean bateratu beharko dira. Era berean, lurralde beraren gainean gainjartzen diren kategorien artean eremu horretarako Natura Baliabideen Antolamendurako Plan espezifikoa duen kategoriaren bat dagoenean, plangintza-tresna Natura Baliabideen Antolamendurako Planean txertatu beharko da. Aurreikuspen hori mantendu egiten da gaur egun indarrean dagoen Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 38. artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Izkiko Natura Baliabideak Antolatzeko Plan berri bat lantzeari ekin zitzaion, eta kontutan hartu zen, halaber, lehen plana indarrean jarri zenetik igarotako denbora.

Izkiko Natura Baliabideak Antolatzeko Plan berria Natura Baliabideak Antolatzeko Planak egiteko eta onartzeko prozeduraren arabera izapidetu da, zeina arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan. Hala, 2017ko maiatzean, Planaren aurretiazko dokumentuarekin entzunaldi-izapidea egin zen interesdun, inguruko interes sozialen titular, udal, toki-erakunde txiki eta hainbat elkarterekin. Era berean, hasieran onetsitako dokumentua jendaurrean jarri zen hirurogei egunez.

Halaber, Naturzaintza Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenak eskatu dira, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak eskatzen dituen gainerako txostenak ere bildu dira.

Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana egiteko, landa-lanetik, Organo Kudeatzailearen urteko memorietatik eta Natura Baliabideak Antolatzeko I Planeko arau-xedapenetatik ateratako datuak erabili dira, bai eta gunea Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatzeko arauditik eta kontserbazio-neurrietatik ateratako datuak ere.

Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, lege hau indarrean sartzean hasierako onarpena jaso duten plan eta programek Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginean ezarritako prozedura bete beharko dute (apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

Hala eta guztiz ere, Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planak Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 47.2 artikuluan adierazitako helburuak lortzen laguntzen du. Hala, aipatutako helburuak betetzeko, natura-ondarearen gune babestu batzuetarako diseinatutako egitura eta eduki komunak ezarri dira. Espazio horiek natura-parkea dira, eta Natura 2000 Sarean sartuta daude. Horrela, dokumentuen koherentzia hobetuko da: bereziki, espazioen zonifikazioari, erregulazioen ezarpenari eta Administrazioak esku hartzeko araubideari dagokienez (natura-ondarearen gune babestuen artean antzekoak eta alderagarriak izango dira) eta plangintzaren eta kudeaketaren arteko oreka hobetzeari dagokionez.

Testu arauemailea Europako zuzentarauetara egokitzearen ondorioz, Natura 2000 Sarearen eskakizun hau gehitu da: jarraipen-sistemak ezartzea eta Europar Batasunaren intereseko espezie eta habitaten kontserbazio-egoerari buruzko ebaluazioak eta txostenak egitea aldizka, Europar Batasunean ezarritako metodologia eta parametro zehatzen arabera.

Azkenik, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legearen 24.4 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek, natura-ondarearen gune babestuak eta Natura 2000 Sareko guneak kudeatzeko plan edo tresnen eguneratze eta berrikuspenean, eremu horiek klima-aldaketara egokitzeari buruzko atal bat sartuko dute, gutxienez, bereziki kalteberak diren espezie eta habitaten zerrenda, helburuak, ekintzak eta aurrerapen- eta betetze-adierazleak jasotzen dituen diagnostiko batekin, bai eta beste gune babestu batzuekiko konektibitate-plan bat ere. Natura Ondarearen Gune Babestuaren eremuari dagokionez, Parke Naturalaren mugak aldatu dira, Izkiko Kontserbazio Bereziko Eremuarekin eta Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziarekin bat etor daitezen.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko abenduaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau:

  1. Dekretu honen xedea da Arabako Lurralde Historikoan dagoen Izki Natura Ondarearen Gune Babestuaren Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana onartzea, Izkiko Parke Naturalari, Kontserbazio Bereziko Eremuari (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuari (HBBE) dagokiona.

    Izki Natura Ondarearen Gune Babestuaren Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana dekretu honen eranskinek osatzen dute: I. eranskina Kartografia, II. eranskina Memoria eta III. eranskina Arau-zatia.

  2. Dekretu honen helburua da Izki eremua babesteko, kontserbatzeko, hobetzeko eta zentzuz erabiltzeko neurriak ezartzea, eremu hori Parke Natural eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE) den aldetik.

Izki natura-ondarearen gune babestuak I. eranskinean (kartografia) mugatutako eremu geografikoa hartzen du. 9.482,10 ha-ko azalera hartzen du Izkik, eta Arabako Lurralde Historikoko Arraia-Maeztu, Bernedo eta Kanpezuko udal-mugarteetan dago eremu hori.

Izki Parke Naturalaren mugak aldatzen dira, dekretu honen 2. artikuluan definitutako natura-ondarearen gune babestuaren aplikazio-eremuarekin bat etor daitezen.

Natura Ondarearen Gune Babestuaren balioak babesten laguntzeko eta kanpotik etor daitezkeen inpaktu ekologikoak eta paisaia-inpaktuak saihesteko, babes-eremu periferiko bat ezarri da. Dekretu honen I. eranskinean (Kartografia) dago grafiatuta babes-eremu periferikoa.

Arabako Lurralde Historikoko Arraia-Maeztu, Bernedo eta Kanpezuko udal-mugarteek osatzen dute Izki natura-ondarearen gune babestuaren eta haren babes eremu periferikoaren eragin sozioekonomikoko eremua.

  1. Dekretu honen I., II. eta III. eranskin gisa argitaratzen dira kartografia, memoria eta arau-zatia, zeinek osatzen baitituzte bai Parke Naturalerako zehaztapenak, bai Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) kontserbazio-helburuak eta -neurriak, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Arau-izaera dute I. eranskineko (Kartografia) Natura Ondarearen Gune Babestuaren mugaketaren kartografiak, zonakatzeak eta babes-eremu periferikoak, bai eta III. eranskineko (Araudia) arau-xedapenek ere.

  3. Izaera informatiboa dute I. eranskineko (Kartografia) EUNIS (European Nature Information System) eta Europar Batasunaren intereseko habitaten kartografiek eta II. eranskinak (Memoria). Memoria horrek Natura Ondarearen Gune Babestuaren egungo egoeraren diagnostikoaren sintesia islatzen du.

    Izki natura-ondarearen gune babestuari dagokion fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen sailaren webgunean eguneratuko da.

  1. Dekretu honen arau-xedapenak nahitaezkoak eta betearazleak izango dira Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean araututa dauden gaietan. Dekretu honen xedapenek muga bat ezartzen dute lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnetarako, bai eta antolamendu fisikoko edo natura-baliabideetako tresnetarako ere, eta aipatutako tresnen zehaztapenek ezin izango dituzte aldatu dekretu honen xedapen arautzaileak.

  2. Dagoeneko indarrean dauden eta Izki eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planarekin kontraesanean dauden lurraldearen, hirigintzaren, natura-baliabideen edo baliabide fisikoen antolamenduko tresnek dekretu honen zehaztapenetara egokitzeko izapide egokia hasi beharko dute, Dekretua behin betiko onartzen denetik gehienez urtebeteko epean.

    Egokitzapen hori egiten ez den bitartean, Izki eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planaren zehaztapenak aplikatuko dira, betiere, aurreko paragrafoan aipatutako tresnen gainetik.

    Era berean, Izki eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planaren zehaztapenak erabakigarriak izango dira beste edozein jarduera, plan edo programa sektorialetan. Plan edo programa sektorialek Izki eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planak jasotakoarekin bat ez etortzeko, interes publikoko premiazko arrazoiak egon beharko dira, eta haiek onartzeko erabakia arrazoitu eta publiko egin beharko da. Erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren informazio telematikorako tresnan argitaratu beharko da.

Izki Natura Ondarearen Gune Babestuaren Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana indarrean egongo da hura onartzeko jarraitutako prozeduraren bidez berrikusi, aldatu edo eguneratzen ez den bitartean, haren idazketan nagusitu diren irizpideak eta helburuak aldatzen direnean edo antolatu beharreko lurralde-eremuen baldintza ekologiko, sozial edo naturalen aldaketak beharrezko egiten duenean, bai eta jarraipenaren eta ebaluazioaren emaitzek hala gomendatzen dutenean ere.

Xedapen hauek indargabetuta geratzen dira:

  1. 64/1998 Dekretua, martxoaren 31koa, Izki aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onartzen duena.

  2. Izki (ES2110019) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatzen duen eta hari dagozkion kontserbazio neurriak onartzen dituen martxoaren 1eko 33/2016 Dekretuaren 1. artikuluko 5. zenbakia, azken xedapenetako lehena eta II. eranskineko (Informazio ekologikoa, Kontserbazio helburuak, Kontserbatzeko arauak eta Jarraipen programa) 6. apartatua (Kontserbaziorako helburu eta arauak) eta 8.a (Jarraipen programa).

  3. Dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    1. Izki aldea Parke Natural deklaratzen duen martxoaren 31ko 65/1998 Dekretuaren 3. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

      1. Izki eremuko parke naturalak barne hartzen du eremu geografiko hau: Izki natura-ondarearen gune babestuaren, Parke Naturalaren, Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren Natura Baliabideak Antolatzeko II. Plana onartzen duen eta Izki Parke Naturalaren eta haren babes-eremu periferikoaren mugak aldatzen dituen Dekretuaren I. eranskineko grafikoek jasotzen duten eremu geografikoa.

      2. Izki eremuko parke naturalak 9.482,10 ha-ko azalera hartzen du, Arabako Lurralde Historikoko Arraia-Maeztu, Bernedo eta Kanpezuko udal-mugarteei dagokiena.

    2. Izki eremua parke natural deklaratzen duen martxoaren 31ko 65/1998 Dekretuaren 7. eta 8. artikuluak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

      1. Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 56. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, aholkularitza-, laguntza- eta partaidetza-organo propio bat eratuko da, Patronatua izenekoa, Izki eremuko parke naturalaren organo kudeatzaileari atxikia.

      2. Patronatuak osoko bilkuran eta batzorde iraunkorrean jardungo du.

      3. Patronatuko lehendakaria Arabako Foru Aldundiak izendatuko du.

      4. Patronatuko kide izango dira, lehendakariaz gain, honako hauek:

        1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ingurumenaren, natura-baliabideen antolamenduaren eta naturaren kontserbazioaren arloko eskumenak esleituta dituen sailaren ordezkari bat, sail horretako sailburuak izendatua.

        2. Parke Naturalaren organo kudeatzailearen ordezkari bat, Arabako Foru Aldundikoa.

        3. Izkiko Parke Naturalaren eremu geografikoan dauden udalerrietako ordezkari bana.

        4. Arraia-Maeztuko Administrazio Batzarren bi ordezkari.

        5. Bernedoko Administrazio Batzarren bi ordezkari.

        6. Kanpezuko Administrazio Batzarren ordezkari bat.

        7. Izki Behekoa eta Izki Goikoa Batzar Tradizionalen ordezkari bat.

        8. Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia-elkarteen ordezkari bat, ibilbide egiaztatua duena natura-ingurunearen azterketan, defentsan, babesean eta kontserbazioan.

        9. Arabako Lurralde Historikoko elkarte ekologista eta kontserbazionisten ordezkari bat.

        10. Arabako Lurralde Historikoko nekazaritzako erakunde profesionalen ordezkari bat.

        11. Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundearen ordezkari bat.

        12. Euskal Mendizale Federazioaren ordezkari bat.

        1. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari bat.

        2. Izkiko Parke Naturalaren eragin-eremuan kokatutako ehiza- eta arrantza-kluben eta -elkarteen ordezkari bat.

        1. Izkiko Parke Naturalaren zuzendaritzaz eta kontserbazioaz arduratzen den pertsona.

        2. Idazkari-lanak egingo dituen pertsona, Parke Naturalaren Patronatuko lehendakariak izendatua. Hitza izango du, baina botorik ez.

          a), b), c), d), e), f), g), i), j), k), l), m) eta o) letretako patronatuko kideak administrazio publikoek edo ordezkatutako erakundeek izendatuko dituzte.

          h) eta n) letretako patronatuko kideak Arabako Foru Aldundiak izendatuko ditu.

          1. Patronatuko kideak, Parke Naturalaren zuzendaritzaz eta kontserbazioaz arduratzen den pertsona izan ezik, lau urterako izendatuko dira, eta epe hori igarotakoan utziko dute kargua, baldin eta berritu ez badira edo izendapena eragin duten baldintzetakoren bat galdu bada.

      Patronatuaren barruan, eta haren mende, Batzorde Iraunkor bat eratu ahal izango da. Batzorde horrek Patronatuaren eskuordetzearen bidez jardungo du, eta, batzordeburuaz gain patronatuburua izango baita, kide hauek izango ditu:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ingurumenaren, natura-baliabideen antolamenduaren eta naturaren kontserbazioaren arloko eskumenak esleituta dituen sailaren ordezkari bat, sail horretako sailburuak izendatua.

      2. Parke Naturalaren organo kudeatzailearen ordezkari bat, Arabako Foru Aldundikoa.

      3. Izkiko Parke Naturalaren eremu geografikoko udalerrien ordezkari bat.

      4. Pertsona bat, Izkiko Parke Naturalaren eremu geografikoko administrazio-batzarren, batzar tradizionalen eta gainerako toki-erakundeen ordezkari gisa.

      5. Izkiko Parke Naturalaren Patronatuan ordezkatutako gainerako erakundeen bi ordezkari.

      6. Izkiko Parke Naturalaren zuzendaritzaz eta kontserbazioaz arduratzen den pertsona.

      7. Idazkari-lanak egingo dituen pertsona, Parke Naturalaren Patronatuburuak izendatua. Hitza izango du, baina botorik ez.

      AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

      Antoñanako hagina eta Antoñanako ezkia zuhaitz bereziak Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaitz apartekoen bigarren deklarazioa egiten duen otsailaren 11ko 23/1997 Dekretuaren bidez izendatu ziren, eta, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, gaur egun natura-monumentutzat hartzen dira. Zuhaitz horiek dekretu honek jasotzen duen Izkiko Natura Baliabideak Antolatzeko II. Planean xedatutakoaren mende egongo dira, eta, beraz, ez zaie aplikatuko Euskal Autonomia Erkidegoan Zuhaitz Bereziak deklaratzen dituen maiatzaren 16ko 265/1995 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoa.

      AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.

      Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

      Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 13an.

      Lehendakaria,

      IÑIGO URKULLU RENTERIA.

      Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

      MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Arauzko kartografia (EHAA bisorerako estekak):

Mugaketa.

Zonifikazioa.

Babes Eremu periferikoa.

https://www.geo.euskadi.eus/geobisorea?webmap=0ae94013e20b4715acb91cb0ec578cef

Informazio-kartografia (GeoEuskadi bisorerako estekak): Habitaten kartografia, EUNIS sailkapen-sisteman. Batasunaren Intereseko Habitaten kartografia.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)