Arautegia

Inprimatu

41/2022 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Euskadiko Toki-Erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko Dekretua aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 1737
  • Xedapen-zk.: 41
  • Xedapen-data: 2022/04/05
  • Argitaratze-data: 2022/04/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea onartu zenetik, aldatu egin dira toki-administrazioan hizkuntza ofizialak erabiltzean orain arte aplikatu diren arauak; izan ere, harrezkero, urrats garrantzitsua eman da euskararen erabilera normalizatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei dagokienez.

Hala, Euskadiko Toki Erakundeen Legeak euskara zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza normaltzat eta orokorrekotzat jotzen du toki-erakundeen jardueretan (6. artikulua), eta euskararen erabileraren gaineko eskumenak aitortzen dizkie euskal toki-erakundeei (7. artikulua). Dena den, toki-administrazioko euskararen erabilera ez da bakarrik artikulu horietan jasotzen; legearen beste artikulu batzuetan ere jorratzen da gai bera.

Nolanahi, legea erabat eraginkorra izateko, beharrezkoa zenez haren irismena osatuko duen araudi-garapen bat arlo honetan, Euskadiko Toki Erakundeen Legean jasotako hizkuntza-alderdiak garatuta, 2019ko azaroaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen azaroaren 19ko 179/2019 Dekretua, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa. Erregelamenduzko xedapen hori Gobernu Kontseiluak onetsi zuen, 2019ko azaroaren 19an egindako bilkuran, Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6. eta 7. artikuluak garatzeko; halaber, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea hartu zuen oinarri.

Dekretu horren V. kapituluak, «Udal toponimia eta bide eta zerbitzuen seinaleztapena» izenekoak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 7.3 artikulua du lege-oinarri. Artikulu horrek Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikulura igortzen du, eta bertan jasotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru erakunde-mailek elkarrekin ofizialtzea toponimia.

Kapitulu horrek, hiru maila instituzional horien eskumena errespetatuz, protagonismo handia ematen dio, besteak beste, hizkuntza-normalizazioaren arloan eskumenak dituen sailari.

Hala ere, ikusi da beharrezkoa dela toponimiako eta kartografiako esparruak, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan beste sail ezberdinei dagozkienak, sail berean bateratzea, kalitate handiagoko lana lortzeko, zeinak ekarriko baitu zerbitzu publikoaren eraginkortasun eta efizientzia handiagoa.

Bi lanak batzeko beharrak dakar azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren V. kapitulua aldatzea planteatzea; horrela, kapitulu horretan hizkuntza-normalizazioaren arloan eskumenak dituen sailari (Kultura eta Hizkuntza Politika Saila) esleitzen zaizkion eskumenak kartografiaren arloan eskumenak dituen sailak izango ditu (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila). Aldaketa horrekin batera, halaber, aldatuko dira Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretua eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretua.

Era berean, eta aldaketa horri lotuta, zeinak ekarriko baitu toponimia- eta kartografia-lanak bateratzea, bistan da Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala funtsezko elementua dela informazio geografikoaren antolaketan, toponimiaren zehaztasunari eta ofizialtasunari dagokienez; beraz, kongruentzia eta koherentzia juridikoaren arrazoiengatik, badirudi beharrezkoa dela kartografiaren arloko eskumenak dituen sailari atxikitzea ez bakarrik azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren V. kapituluak hizkuntza-normalizazioaren arloan eskumenak dituen sailari esleitzen dizkion eginkizunak, baita dekretu horretan izendegi horri buruz aurreikusitako jarduketak ere.

Azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen uztailaren 28ko 99/2020 Dekretua indarrean jartzearen ondorioz, desagertu egin da Toponimiako Batzorde Berezia, zeina Euskararen Aholku Batzordearen barruan sortu baitzen, Euskal Autonomia Erkidegoko toponimoak finkatu, aldatu eta berreskuratzeari buruzko aholkuak eman eta proposamenak egiteko. Eginkizun horiek beste inongo organori esleitu ez zaizkionez, haiek desagertzeak azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren 46. artikuluko c) apartatuan aurreikusitako izapidea ezabatu beharra dakar, hots, batzorde horri loteslea ez den irizpena eskatzeari buruzkoa Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren toponimoak onartzeko eta ofizialtzeko prozeduran.

Horiek guztiak horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren onespenarekin eta lehendakariak aldez aurretik onartuta, Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 5eko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Une honetan izapidetzen ari diren espedienteak, azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren V. kapituluaren arabera hizkuntza politikaren arloko eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak ebatzi behar dituenak, sail horrek ebatziko ditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoko v) apartatua aldatzen da; honela idatzita geratzen da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Erregistro Kartografikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala kudeatzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan y) apartatua gehitzen da; honela idatzita geratzen da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko oinarrizko kartografia ofizialaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailari dagozkion eginkizunak betetzea, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko azaroaren 19ko 179/2019 Dekretuaren V. kapituluaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 15. artikuluko bigarren paragrafoko i) apartatua ezabatzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.