Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

5/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez onartzen baitira Aukerak-Gizarteratzearen Euskal Agentziaren estatutuak eta atxikitzen baitira «Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo» zuzenbide publikoko estatu-erakundean zerbitzua ematen zuten langile transferituak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 14
  • Hurrenkera-zk.: 331
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2022/01/11
  • Argitaratze-data: 2022/01/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Justizia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari espetxe-erakunde eta -establezimenduen antolaketa, araubide eta funtzionamenduaren gainean, bat etorriz espetxe-arloan ezarritako legeria orokorrarekin; eskumena ematen dio, halaber, espetxe-arloan Estatuak duen legeria betearazteko.

Eskumen horiek erabiltzeko, irailaren 30eko 3/2021 Legearen bidez, AukerakGizarteratzearen Euskal Agentzia sortu da zuzenbide pribatuko ente publiko gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-establezimendu eta -zentroetan barneratuta dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazteko xedearekin.

Aukerak agentziaren araudiaren funtsezko eta oinarrizko alderdiak Agentzia sortzen duen legean bertan daude bilduta, baita horrelako erakunde publikoei oro har aplikatu beharreko legerian ere. Hala ere, legeak berak Aukerak agentziaren estatutuak onartzera jotzen du, gobernu-organo horien eginkizunak, osaera eta izendapena garatzeko, baita agentziaren funtzionamendu-araubidea onartzera ere.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta nahitaez egin beharreko gainerako txostenak eginda, 2022ko urtarrilaren 11ko Gobernu Kontseiluak aldez aurretik hausnartu eta onartuta, honako hau

AukerakGizarteratzearen Euskal Agentziaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko estatutuak onartzen dira, agentzia sortu eta arautzen duen irailaren 30eko 3/2021 Legearen azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoa garatzeko, bat etorriz dekretu honen I. eranskineko testuarekin.

Aukerak agentziari atxikitzen zaizkio «Trabajo Penitenciario y Formación para el Empleo» estatu-erakundeko plazak eta langileak, uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren eranskinean ageri direnak (dekretu horren bidez onartzen da Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa). Langile horiek dekretu honen II. eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 3. artikuluari laugarren apartatu bat gehitu zaio, honela idatzita:

  1. AukerakGizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago, Justizia Sailburuordetzaren bidez, erakunde hori sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legean ezarritakoaren arabera. Agentzia horri dagokio EAEko espetxe-establezimendu eta -zentroetan barneratuta dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztea, espetxe horietan enplegurako eta lan produktiborako lanbide-heziketa sustatuz, antolatuz eta kudeatuz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, salbu 2. artikuluan aipatzen diren langileak Aukerak agentziari formalki atxikitzea; atxikipen horrek eragina izango du dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo hilaren 1. egunetik.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

2022KO URTARRILAREN 11KO DEKRETUAREN I. ERANSKINA

AUKERAKGIZARTERATZEAREN EUSKAL AGENTZIAREN ESTATUTUAK

AukerakGizarteratzearen Euskal Agentzia da irailaren 30eko 3/2021 Legeak sortutako agentziaren izena, eta, aurrerantzean, Aukerak agentzia modu laburtua erabilita aipatuko da estatutu hauetan.

Aukerak agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasuna dituena.

Aukerak agentzia espetxe-legeria betearazteko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen zaio, arlo horretan eskumena duen sailburuordetzaren bitartez.

  1. AukerakGizarteratzearen Euskal Agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 Legean, estatutu hauetan eta indarreko gainerako legerian xedatutakoaren arabera arautuko da Aukerak agentzia.

  2. Zuzenbide pribatuaren mende jartzen du bere kanpo-jarduera, baina, administrazio-ahalak baliatzen dituenean, zuzenbide publikoari lotuko zaio.

  3. Bere barne-harremanetan eta antolaketa-harremanetan, aplikatzekoa den araudi publikoaren mende dago, araubidearen arabera: aurrekontua, ekonomiko-finantzarioa, kontabilitatea, dirulaguntzak, ondarea, kontratazioa edo funtzio publikoa.

  1. Aukerak agentzia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitarteko propio eta zerbitzu teknikoa da, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusitako baldintzetan, eta Aukerak agentzia bitarteko propio eta zerbitzu teknikotzat duten erakundeekin egingo du bere jardueraren funtsezko zatia.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuen eta haien menpeko edo haiei lotutako sektore publikoaren bitarteko propiotzat aitortu ahal izango da Aukerak agentzia, dagokion prozedura egin ondoren, baldin eta Aukerak agentziaren Administrazio Kontseiluan ordezkatuta badaude eta betetzen badituzte beren artean independenteak diren bi botere adjudikatzaileri edo gehiagori dagokienez bitarteko propio pertsonalizatutzat hartzeko gainerako lege-baldintzak.

  3. Aukerak agentzia behartua dago bere helburuarekin eta xedearekin zerikusia duten lanak, zerbitzuak eta beste jarduera oro egitera, bera bitarteko propio eta zerbitzu teknikotzat duten sailek edo entitateek agintzen dizkiotenean, sail edo erakunde mandatugileak bere kabuz ezarritako jarraibideen arabera.

  4. Instrumentalak dira, eta ez kontratukoak, Aukerak agentziak dituen harremanak agentzia bera bitarteko propio instrumental eta zerbitzu teknikotzat duten sail edo entitateekin; beraz, ondorio guztietarako, barnekoak eta mendekoak dira.

    Agintzen dizkioten nahitaezko jarduketak proiektuetan, memorietan edo bestelako dokumentu tekniko batzuetan definituko dira, kasuen arabera, eta dagokien aurrekontuan baloratuko.

    Mandatua egin aurretik, organo eskudunek dokumentu horiek onartuko dituzte, eta nahitaezko izapide teknikoak, juridikoak, aurrekontukoak eta gastuaren kontrol eta onarpenekoak egingo.

    Ordaindu beharreko konpentsazioa ezartzeko, tarifa hauek hartuko dira erreferentziatzat: bitarteko propio pertsonifikatuak nagusi duen erakunde publikoak onetsita dauzkanak bitarteko propioak zuzenean egiten dituen eta mandatuaren xede diren jardueretarako. Eta, horretarako, mandatuaren xede diren eta enpresaburu partikularrekin azpikontratatzen diren jardueretarako bitarteko propioak jasandako egiazko kostuari erreparatuko zaio, erregelamenduz erabakitzen den eran erreparatu ere, kostu hori txikiagoa denean azpikontratatutako jarduerei tarifak aplikatzetik heldu dena baino. Tarifa horiek, betiere, bitarteko propioak zuzenean ekoitzitako unitateak egiteko benetako kostuak jasotzeko moduan kalkulatuko dira.

  5. Aukerak agentziak ezingo du parte hartu bitarteko propiotzat duten sektore publikoko entitateen kontratuak adjudikatzeko egindako prozeduretan. Hala ere, lizitatzailerik aurkezten ez denean, agentzia honi agindu ahalko zaio lizitazio publikoaren xede den jarduera gauzatzeko.

Aukerak agentziak Vitoria-Gasteizko udalerrian du egoitza.

Aukerak agentziaren xedea da EAEko espetxe-establezimendu eta -zentroetan barneratuta dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea erraztea, zentro horietan enplegurako eta lan produktiborako lanbide-heziketa sustatuz, antolatuz eta kudeatuz, bat etorriz espetxe-legeria betetzeko eskumena duten saileko organoek sail horri atxikita dago agentzia ezarritako jarraibideekin.

Honako hauek dira Aukerak agentziaren eginkizunak:

  1. Espetxe- eta gizarteratze-zentroetako lan produktiboa eta horren ordainsaria antolatzea, produkzio-tailerrak, nekazaritza-ustiategiak eta agintzen zaizkien espetxeetako edo gizarteratze-zentroetako zerbitzu osagarriak kudeatuz.

  2. Industria, merkataritza edo antzeko jarduerak egitea, eta, oro har, espetxe-lanarekin zerikusia duten edo administrazio publikoek agintzen dizkioten eragiketa guztiak egitea, dagozkion helburuak betetzeko.

  3. Espetxeetan eta gizarteratze-zentroetan barneratuta dauden pertsonen lanbide-heziketa eta enplegurako prestakuntza sustatu, antolatu eta ematea, arlo horretan eskumena duten erakundeekin lankidetzan.

  4. Enplegurako orientazioa sustatzea kondenaren azken fasean edo erdiaskatasuneko erregimenean, eta beste erakunde edo entitate batzuekin lankidetzan aritzea pertsona horien gizarteratze- eta laneratze-ibilbideari jarraipena emateko.

  5. Bere xedea kontuan hartuta, ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion beste batzuk.

  1. Aukerak agentziak lan produktiboa egiteko bidea emango die askatasunaz gabetzeko zigorrak dituzten pertsonei, haien gizarteratzea lortzeko.

  2. Lan produktiboa sustatu eta antolatuko du, jarduera hori interes ekonomikoak lortzearen mende jarri gabe.

  3. Giltzaperatuen lana ordainduko du jardueraren errendimendu normalaren, lanbide-kategoriaren eta benetan betetako lan-ordutegiaren arabera.

  4. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua modu aktiboan kontuan hartuta beteko ditu esleitu zaizkion eginkizunak.

Hauek dira Aukerak agentziaren gobernu-organoak:

  1. Lehendakaritza.

  2. Administrazio Kontseilua.

  3. Zuzendaritza.

  1. Aukerak agentziaren lehendakaritzak du agentziaren ordezkaritza gorena eta Administrazio Kontseiluaren lehendakaritza.

  2. Espetxe-legeria betearazteko eskumena duen saileko titularrari dagokio lehendakaritza.

Administrazio Kontseilua da Aukerak agentziaren zuzendaritza eta kontrol goreneko organoa.

  1. Honako hau da Administrazio Kontseiluaren osaera:

    1. Lehendakaritza: Aukerak agentziaren lehendakaria.

    2. Lehendakariordetza: espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordetzako titularra; lehendakariaren ordezko jardungo du hala behar denean.

    3. Bokalak:

      1. Eusko Jaurlaritzan espetxe-legeria betearazteko eskumena duen zuzendaria.

      2. Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi pertsona, gai horretan erantzukizuna duten pertsonen artetik, espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuak proposatuta.

      3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde autonomoko beste zuzendari bat izendatu ahal izango du ordezko.

      4. Eusko Jaurlaritzak izendatutako pertsona bat, gutxienez zuzendari-mailakoa, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailburuak proposatuta.

      5. Eusko Jaurlaritzak izendatutako pertsona bat, gutxienez zuzendari-mailakoa, ogasunaren arloan eskumena duen sailburuak proposatuta.

    4. Aukerak agentziaren zuzendaria Kontseiluaren bileretara deitua izango da, eta, bertan parte hartuko du, hitzarekin baina botorik gabe.

    5. Idazkaritza: bileretan parte hartuko du, hitzarekin baina botorik gabe.

  2. Administrazio Kontseiluaren osaerak ordezkaritza orekatuaren printzipioa izango du oinarri, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera.

  1. Administrazio Kontseilua behar beste aldiz bilduko da bere eginkizunak betetzeko; gutxienez, hiru hilean behin.

  2. Bilerak eratzeko, deitzeko eta egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da. Urrutitik egiten diren bileretan, Kontseiluko kideak toki desberdinetan egon daitezke, baldin eta bitarteko elektronikoak telefonoak ere bai zein ikus-entzunezkoak erabilita honako hauek bermatzen badira: kideen identitatea edo haien ordezkoena; adierazpenen edukia; adierazpen horiek noiz egiten diren; kideen arteko interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean egitea, eta bileretan bitartekoak erabilgarri izatea. Bitarteko elektroniko baliodunak izango dira, besteak beste, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

  3. Administrazio Kontseilua balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da lehendakariaz eta idazkariaz gain kontseiluko kideen erdia baino gehiago ere egotea, aurrez aurre nahiz urrutitik jardunda. Nolanahi ere, Kontseilua balioz eratuta geldituko da, nahiz eta deialdiko baldintzak bete ez, kide guztiak bertaratuta edo urrutitik bilduta egonik aho batez hala erabakitzen dutenean. Arau hori bera aplikatuko da gai-zerrendan ez dagoen gai bat aztertzeko eta, hala badagokio, erabakitzeko.

  4. Administrazio Kontseiluaren eztabaidak isilpekoak izango dira.

  5. Bertaratutako kideek emandako botoen gehiengo soilarekin hartuko dira erabakiak, eta lehendakaritzak kalitateko botoa izango du berdinketak desegiteko.

  6. Bilera guztien akta egingo da. Aktetan honako hauek jasoko dira: nortzuk bertaratu diren, bilera non eta noiz egin den, aztertu diren gai bakoitzean erabakitakoaren laburpena, bozketa egiteko moduak, bozketen emaitzak eta erabakien edukia. Aktak idazkariak sinatuko ditu, lehendakaritzak ontzat emanik, eta bilera berean edo hurrengoan onetsiko dira.

  7. Estatutu hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea beteko da.

Honako ahalmen hauek izango ditu Administrazio Kontseiluak:

  1. Aukerak agentziaren plan estrategikoak eta urtekoak onartzea, atxikipen-sailak ezarritako jarraibideen arabera.

  2. Inbertsio- eta jarduketa-proposamenak onartzea, haien inpaktu sozialak, ekonomikoak eta giza eskubideenak aztertu ondoren. Halaber, Administrazio Kontseiluaren baitan sor daitezkeen interes-gatazkak konpontzeko sistema bat ezartzea dagokio.

  3. Finantzaketa-proposamenak onartzea, kredituen, abalen eta bestelako kauzioen eragiketetarako mugak ezarrita, Euskal Autonomia Erkidegoko zorpetzeko eta bermea emateko erregimenen araudiaren esparruan.

  4. Erakunde publikoaren aurrekontuen aurreproiektua, behin-behineko finantza-egoerak eta jardueren urteko memoria onartzea, eta haren kontuen likidazioa egitea.

  5. Zuzendaritzaren proposamenez, langileen plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzea, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak nahitaezko txostena egin ondoren, eta horretarako aplikatzekoa den araudiaren arabera.

  6. Lanpostuetara iristeko araubidea eta hautaproben baldintzak eta ezaugarriak onartzea, bai lanpostuak betetzeko prozeduretan, bai lanpostuz igotzeko prozeduretan, langile lan-kontratudun propioei dagokienez. Euskararen ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunetako langileei eskatzen zaien pareko baldintzetan egiaztatu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak diren arauen arabera.

  7. Organo deskontzentratuen sorrera eta konfigurazioa onartzea.

  8. Zuzendaritzak proposatuta, beste administrazio publiko batzuekiko eta haiei lotutako erakundeekiko lankidetza-hitzarmenak onartzea.

    1.000.000 eurotik gorako gastuak baimentzea, horien izaera edozein dela ere.

  1. Aukerak agentziaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen inbentarioa onartzea. Inbentario hori espetxe-legeria betearazteko eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren inbentarioaren eranskin gisa agertuko da.

  2. Zuzendaritzaren kudeaketa kontrolatzea eta hari eskatu beharreko erantzukizunak eskatzea.

  3. Aukerak agentziaren jardunari jarraipena egitea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.

  1. Aukerak agentziaren jarduna ebaluatzeko urteko txostena aztertzea eta onartzea, eta txostenean lortutako emaitzak balioetsi, atzemandako gabeziak idatziz jaso eta egoki iritzitako aldaketak proposatzea.

  2. Beste erakunde juridiko batzuetan parte hartzeko baimena ematea, aplikatu beharreko araudiaren arabera, eta erakunde horietan Aukerak agentziari dagozkion eskubideak erabiltzea.

  1. Horretarako aurretik onartutako plan estrategikoarekin bat etorriz, dirulaguntza-deialdien oinarriak onartzea, zeinak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko baitira, agentziaren zuzendaritzaren ebazpen baten bidez.

  2. Estatutu hauetan ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak eta indarreko xedapenek agentziari ezar diezazkioketenak, beste organo batzuei ezarri ezinak, baldin eta kudeaketa arrunta gainditzen badute, betiere.

Administrazio Kontseiluaren lehendakaritzari dagokio:

  1. Administrazio Kontseiluaren ordezkari izatea.

  2. Lankidetza-hitzarmenak sinatzea beste erakunde pribatu edo publiko batzuekin.

  3. Agentziaren helburuak betetzen direla zaintzea; estatutu hauek eta horiek garatzeko arauek xedatzen dituzte helburu horiek.

  4. Administrazio Kontseiluaren bileren deialdia erabakitzea, horien buru izatea eta haien funtzionamendu eta garapen egokia zaintzea, une oro aplikatzekoak diren arauak interpretatuz.

  5. Administrazio Kontseiluak hartu beharreko erabakiak proposatzea eta horiek betetzen direla zaintzea.

  6. Berdinketarik egonez gero, erabakitzea kalitate-botoaren bidez.

  7. Beste pertsona batzuei Administrazio Kontseiluaren bileretara joateko baimena ematea, aztertu beharreko gaien izaeragatik komenigarritzat jotzen badu, betiere Kontseiluko kideei ahalik eta informazio onena emateko helburuarekin. Dena den, pertsona horiek ez dute bozketetan parte hartuko.

  8. Oniritzia ematea Administrazio Kontseiluak hartutako erabakien aktei eta egiaztagiriei.

  9. Administrazio Kontseiluaren lehendakaritzari berez dagozkion gainerako eginkizun guztiak betetzea.

  1. Aukerak agentziaren Administrazio Kontseiluaren idazkaria Administrazio Kontseiluak berak izendatuko du, agentzian Zuzenbideko gradua edo lizentzia duten langileen artetik.

  2. Idazkaritzaren eginkizunak dira:

    1. Lehendakaritzaren aginduz bileretarako deia egitea eta Administrazio Kontseiluko kideei horren berri ematea.

    2. Administrazio Kontseiluari laguntza tekniko eta administratiboa ematea.

    3. Administrazio Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea.

    4. Administrazio Kontseiluko bileretako eztabaida eta erabakien ziurtagiriak egitea.

    5. Administrazio Kontseiluak, dagokion erabakiaren bitartez, berariaz esleitutako beste eginkizun oro.

  1. Zuzendaritza kide bakarreko organo betearazlea da, eta Aukerak agentziaren zuzendaritza, administrazioa, kudeaketa eta ordezkaritza arrunta dagozkio.

  2. Zuzendaria Eusko Jaurlaritzak izendatuko du, dekretu baten bidez, eta Aukerak agentzia atxikita dagoen saileko sailburuak egingo du proposamena, Administrazio Kontseiluak izendapena onartu ondoren.

  3. Zuzendaria zerbitzu-harreman batek lotuko du Euskal Autonomia Erkidegoarekin, eta goi-karguduntzat joko da, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren sektore publikoko kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodea aplikatuko zaio, bai eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean eta Kargu publikodunen betebehar eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuan kargu publikodunentzat aurreikusitako eskubideen eta betebeharren eta bateraezintasunen araubidea ere.

  4. Aukerak agentziaren zuzendariari Eusko Jaurlaritzako zuzendariek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleituta dituzten ordainsariak dagozkio.

  5. Zuzendariaren kargua hutsik dagoenean edo kanpoan edo gaixorik dagoenean, Administrazio Kontseiluko lehendakariordeak beteko ditu titularrari esleitutako eginkizunak, baina horrek ez du aldatuko organoen arteko eskumen-banaketa, eta ez da beharrezkoa izango ordezkapen hori argitaratzea.

Hauek dira Zuzendaritzaren eginkizunak:

  1. Agentziaren ordezkaritza-, administrazio- eta kudeaketa-ahalmen arruntak benetan erabiltzea, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

  2. Ekintza-plana onartzea, plan estrategikoa garatzeko.

  3. Agentziaren urteko aurrekontu-aurreproiektua lantzea.

  4. Administrazio Kontseiluari eta lehendakaritzari arduraz azaltzea bere jardunaren nondik norakoak eta agentziaren kudeaketari buruzko gaiak.

  5. Administrazio Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

  6. Zerbitzu, produkzio-eremu eta arlo guztietako goi-buruzagitza izatea, bere gain hartuta zuzendaritza, sustapena eta ikuskapena.

  7. Administrazio Kontseiluari lanpostuen zerrenda eta langileen ordainsari-araubidea proposatzea, izapidetzeko.

  8. Langile lan-kontratudun propioen sarbide-prozesuen deialdia, kudeaketa eta ebazpena egitea, publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera eta Administrazio Kontseiluak aldez aurretik onartutako baldintzetan, 15.e) artikuluaren arabera, bai eta langileen arloko kontratuak sinatzea ere.

  9. Laguntzen deialdia eta ebazpena egitea, Administrazio Kontseiluak onartutako oinarrien arabera.

  10. Gastuak onartzea, ordainketak agintzea eta, oro har, agentziaren aurrekontu-kudeaketa egitea. Gastuaren zenbatekoa 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Administrazio Kontseiluaren aldez aurreko baimena beharko da.

  11. Kontratazio-organoari dagozkion eginkizunak betetzea sektore publikoko kontratuei buruzko legeriaren mende dauden kontratuetan, eta maileguen, kredituen, abalen edo bestelako bermeen kontratazioa onartzea edo bere helburuen zerbitzura dagoen finantza-tresna oro onartzea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko zorpetzeko eta bermea emateko erregimenen araudiaren eta Administrazio Kontseiluak aurretik ezarritako mugen esparruan.

    Kontratuzko negozio juridikoa 1.000.000 eurotik gorakoa bada (lizitazioaren oinarrizko aurrekontuari dagokion zenbatekoa), Administrazio Kontseiluak eman beharko du baimena. Kasu horretan, kontratua baimentzearekin batera, gastua ere baimenduko da.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen bitarteko propio pertsonifikatuei mandatuak egitea, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako moduan. Mandatua 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Administrazio Kontseiluak baimendu beharko du. Kasu horretan, hura baimentzearekin batera, gastua ere baimenduko da.

  1. Ondarearen arloan araudiak Aukerak agentziari esleitzen dizkion eskumenez baliatzea.

  2. Administrazio Kontseiluari proposatzea Aukerak agentziaren ondarea osatzen duten ondasunen eta eskubideen inbentarioa.

  1. Agentziari bere eskubide eta interesak defendatzeko dagozkion ekintza eta errekurtso judizial edo administratiboak erabiltzea, ohiko edo ezohiko eran.

  2. Auzietarako ahalak ematea.

  3. Estatutu hauek eta Administrazio Kontseiluak edo lehendakaritzak eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizun arruntak betetzea, bai eta beste eginkizun batzuk ere, indarreko xedapenek agentziari hala esleitzen badizkiote eta ezin bazaizkie beste organo batzuei egotzi.

  1. Aukerak agentziaren Zuzendaritzaren menpe, zuzenean, bi zuzendariordetza egongo dira: Produkzio eta Prestakuntzaren Zuzendariordetza eta Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendariordetza.

  2. Produkzio eta Prestakuntzako Zuzendariordetzari dagokio espetxeetan eta gizarteratze-zentroetan barneratuta dauden pertsonen lan produktiboa, lanbide-heziketa eta enplegurako orientazioa koordinatu, gainbegiratu eta kudeatzea.

  3. Administrazio eta Zerbitzuen Zuzendariordetzari dagokio Aukerak agentziaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa koordinatu, gainbegiratu eta gauzatzea, haren giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzea eta kudeatzea, bai eta agentziaren kontratazio publikoaren legezko aholkularitzako eta kudeaketako zereginak ere.

  1. Aukerak agentziako lanpostuak beteko dituzte bai berariaz horietarako kontratatzen diren langile lan-kontratudunek zein Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kidego eta eskaletan sartzen direnek, lanpostu bakoitzari esleitzen zaizkion eginkizunen izaeraren arabera.

  2. Aukerak agentziako langileak lan-zuzenbidearen pean egongo dira, eta haien lan- eta ekonomia-baldintzak aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan egongo dira ezarrita.

    Langile horiei dagokienez, Aukerak agentziaren Zuzendaritzari dagokio sarbide-prozesuak deitu, kudeatu eta ebaztea, publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera, Administrazio Kontseiluak aldez aurretik onartutako baldintzetan, bai eta langile horiei dagozkien mugikortasun-prozedurak ere.

  3. Funtzionarioentzat gordeko dira ahal publikoak erabiltzea eskatzen duten lanpostuak, eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzio publikoa arautzen duen araudia aplikatuko zaie langile horiei. Lanpostu horiek lehiaketa bidez edo izendapen askearen bidez beteko dira, lanpostuen zerrendan agertzen den hornidura-sistemaren arabera. Funtzio publikoaren arloan eskumena duen sailari dagokio lanpostuak lehiaketa bidez betetzeko prozesuen deialdia eta ebazpena egitea.

    Izendapen askeko postu horiek Aukerak agentziaren Zuzendaritzak egindako deialdiaren bidez beteko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko funtzionarioek parte hartu ahal izango dute deialdi horretan, baldin eta kasuan kasuko lanpostuen zerrendan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

  1. Espetxe bakoitzean Aukerak agentziaren ordezkari bat egongo da, zeina espetxeko zuzendaria izango baita. Aukerak agentziak espetxean egiten duen jarduera gainbegiratuko du, agentziaren zuzendariarekin koordinatuta.

  2. Agentziaren programak eta politikak zentroan gauzatzeaz arduratuko diren langileak izango ditu espetxe bakoitzak. Aurreikusitako jarduera-bolumenaren arabera zehazten den lanpostuen zerrendan ezarriko dira nondik norakoak.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta indarreko gainerako araudian herritarrei aitortzen zaizkien eskubideak bermatuko ditu Aukerak agentziak.

  1. Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoarekin bat etorriz, EAEko ondarean sartuta dagoen Aukerak agentziaren ondarea bere titulartasuneko ondasun eta eskubideen multzoa da.

  2. Aukerak agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoari dagozkio bere titulartasuneko ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak, bai eta Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera atxikita dituen ondasunen gainekoak ere.

  3. Agentziari atxikitako ondasunen eta eskubideen jarraipena bere ondare-kontabilitatearen bitartez egingo da. Era berean, erakunde publikoak laguntza emango du EAEko Ondarearen Ondasun eta Eskubideen Inbentario Orokorra eta merkataritza-sozietateetan kapitala ordezkatzen duten akzioen eta tituluen inbentario osagarria egiteko.

Honako hauek osatzen dituzte Aukerak agentziaren baliabide ekonomikoak:

  1. Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura esleitzen zaizkion kopuruak.

  2. Dirulaguntzak, ekarpenak eta, legeen arabera, dohaintzaren edo oinordekotza-tituluaren bidez jaso ditzakeen baliabide ekonomikoak.

  3. Bere jardueren ondoriozko diru-sarrerak, ohikoak nahiz apartekoak.

  4. Beren ondarearen eta atxikita dituzten ondasunen produktuak eta errentak, edo haien administrazioa eta ustiapena esleituta dituztenak.

  5. Indarrean dauden legezko edo erregelamenduzko xedapenen arabera egotz dakiokeen bestelako sarrera publiko zein pribatuak.

Aukerak agentziak aurrekontu-aurreproiektua egin eta onartuko du urtero, Eusko Jaurlaritzari bidali eta Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan txerta dezan, behar bezala bereizita, horrela ezartzen baita maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan (1/2011 Legegintza Dekretua, Euskadiko aurrekontu araubidearen arloan indarrean diren lege xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu araubidea arautzen duena).

  1. Aukerak agentziak kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketa-kontrol iraunkorraren modalitatean gauzatzen du kontrol ekonomikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  2. Aukerak agentziak bere informazio ekonomiko-finantzario propioa darama, Kontabilitate Plan Orokorraren irizpideen arabera egina. Informazio ekonomiko-finantzario hori Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak zuzenbide pribatuko erakunde publikoei buruz ezartzen duenari doituko zaio, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak helburu horrekin ematen dituen jarraibideei ere.

  1. Kontratazio-espedienteak izapidetzen dituenean, Aukerak agentziak botere esleitzaileentzat ezarritako arauetara doituko du bere jarduera botere adjudikatzaileak administrazio publikotzat jotzen dira Sektore Publikoko kontratuei buruzko araudiaren ondorioetarako, baita Euskal Autonomia Erkidegoko legerian eta haren garapen-araudian kontratazioari buruz jasotako arauetara ere.

    Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoaren arabera eratuta egon beharko du kontratazio-mahaiak.

  2. Aukerak agentziaren Zuzendaritzak kontratuei buruz ematen dituen ebazpenen aurka, kontratazio-arloko errekurtso berezia jarri ahal izango da, legeri horretan jasotako kasuetan.

  1. Aukerak agentziaren egintzen ondare-erantzukizuneko araubideak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen IV. kapituluan xedatutakoaren arabera jardungo du.

  2. Aukerak agentziaren zuzendariari dagokio agentziaren egintzen ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea.

  1. Aukerak agentziaren Zuzendaritzaren ebazpenek, bere administrazio-ahalen esparruan emanak, administrazio-bideari amaiera ematen diote, eta administrazioarekiko auzibidean aurkara daitezke, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertze-errekurtsoa.

  2. Aukerak agentziaren zuzendariordetzen ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta Zuzendaritzari gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio.

  3. Aukerak agentziaren Administrazio Kontseiluaren ebazpenek, bere administrazio-ahalen esparruan emanak, administrazio-bideari amaiera ematen diote, eta administrazioarekiko auzibidean aurkara daitezke, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertze-errekurtsoa.

Aukerak agentzia auzibidean ordezkatu eta defendatu beharra badago, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen ardura izango da, arauetan xedatutakoaren arabera.

(Ikus .PDF)