Arautegia
Inprimatu69/2020 DEKRETUA, maiatzaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kartografia eta informazio geografikoa antolatzeari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 112
- Hurrenkera-zk.: 2238
- Xedapen-zk.: 69
- Xedapen-data: 2020/05/26
- Argitaratze-data: 2020/06/09
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskadiko Autonomia Estatutuak era askotako eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari. Eskumen horietako batzuk esklusiboak dira (esate baterako, lurraldearen eta itsasertzaren antolamendua, hirigintza, etxebizitza, eta abar); beste batzuk, berriz, betearaztekoak eta legegintza garatzekoak dira. Eskumen horietako hainbat gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da kartografia eta informazio geografikoa ekoiztea.
Lurralde-informazio osoa, eguneratua eta kalitatezkoak aukera ematen du lurraldearen hainbat alderdi zehatz-mehatz ezagutzeko; hori dela eta, kartografia eta datu espazialak nahitaezko tresnak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-proiekzioko eskumenak gauzatzeko.
Hori dela eta, 2004an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Geografia Informazioko Sistema (aurrerantzean, GIS) korporatiboaren proiektuari ekin zion; proiektu horren helburua zen sistema bat ezartzea, sailen eta erakunde autonomoen eskura jartzeko beharrezkoak ziren tresnak, geografia-informazio partekatuari buruzko informazioa kudeatu, mantendu eta ustiatu zezaten. GIS korporatiboak teknologia informatikoa, pertsonak eta geografia-informazioa barne hartzen zituen, eta bere funtzio nagusia datu georreferentziatuak atzematea, aztertzea, gordetzea, editatzea eta irudikatzea zen; gainera, datu geografikoak beste datu mota batzuekin gurutzatzeko aukera ematen zuen.
Estatuan, Kartografia Sistema Nazionala arautzen duen azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuaren bidez garatutako Kartografiaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 24ko 7/1986 Legea da Estatuko Administrazio Orokorraren eta sistema horretan parte hartu nahi duten administrazio publikoen kartografia-jardunaren esparru juridikoa.
Horri dagokionez, adierazi behar da Autonomia Erkidegoa Sistema Kartografiko Nazionalean sartu zela 2010eko martxoaren 31n Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako hitzarmen baten bidez.
Ondoren, 2007/2/EE Zuzentarauak, 2007ko martxoaren 14koak, Europako Erkidegoan informazio espazialerako azpiegitura bat ezarri zuen (Inspire); azpiegitura horren helburua da egun dauden datu espazialak gradualki bateratzea. Zuzentarauari jarraikiz, egun dagoen informazio espaziala dokumentatua izan behar da, eta abian jarri behar dira datuen eskuragarritasuna eta elkarreragingarritasuna hobetzeko zerbitzuak.
Bestalde, uztailaren 5eko 14/2010 Legeak, Espainian dauden informazio geografikoko azpiegiturei eta zerbitzuei buruzkoak, Espainiako ordenamendu juridikoan txertatu zuen 2007/2/EE Zuzentaraua beteko dela bermatzeko, baita Espainiako Informazio Geografikoaren Azpiegituraren ezarpena ere; azpiegitura horrek barnean hartzen ditu Espainiako Administrazio Publikoen ardurapean dauden informazio geografikoko azpiegitura eta informazio geografikoko zerbitzu elkarreragingarri guztiak.
Hala, lehen aipatutako Europako eta Estatuko araudia onartu ondoren, eta GIS korporatiboaren berezko bilakaera gisa, Gobernu Kontseiluaren 2011ko irailaren 13ko erabakiaren bidez, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura (DEA) abiarazteko antolaketa-egitura onartu zen. Diziplina anitzeko proiektu horretan funtsezkoa da Administrazio Orokorreko organoak, Administrazio Instituzionaleko erakundeak eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko erakunde instrumentalak lankidetzan aritzea, informazio geografikoaren berrerabilpena eta hartarako irispide erraza eta efikaza bermatzeko. Bai eta zerbitzu elkarreragingarriak erabiltzea ere, zehaztapen arautu batzuen arabera.
Gobernu Kontseiluaren erabaki horrek lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen sailari esleitzen dio, dagokion zuzendaritzaren bidez, arau kartografikoen arloko jarraibideak ezartzeko betebeharra, informazio-iturriak koordinatu eta harmonizatu ahal izateko.
Kartografia eta lurralde-informazioa baliabide garestiak dira ekoizteko eta mantentzeko, eta oso interesgarriak dira hainbat helburu eta diziplinetarako; hori dela eta, funtsezkoa da eraikitako datu eta zerbitzu espazialen multzoak ongi koordinatzea, planifikatzea eta diseinatzea; beharrezkoa da, halaber, datuak biltzean bikoiztasunak saihestea, iturrien kalitatea eta fidagarritasuna bermatzea, datuen eta zerbitzuen homogeneizazio teknikoa, harmonizazioa eta elkarreragingarritasuna bermatzea eta haien hedapena eta berrerabilpena sustatzea.
Gainera, egungo informazioaren eta ezagutzaren gizarteak, eta Internetek eta gailu mugikorren eta lokalizazio-zerbitzuen bat bateko hedapenak informazio geografikoaren eta informazio horrekin lotutako geozerbitzuen eskaera handitzea eragin dute, eta aldaketa teknologiko eta sozial berriei erantzuteko beharra areagotu dute.
Hori guztia dela eta, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kartografiaren eta informazio geografikoaren jarduera osorik arautzea, jarduera horren eta jarduera hori egiten duten organo eta erakundeen arteko koordinazio egokia ziurtatzeko, informazio geografiko bateratua eta kalitatezkoa izateko, eta unean uneko beharrei eta eskakizunei erantzungo dieten geozerbitzuak eskaintzeko.
Dekretu honen egiturari dagokionez, 17 artikulu ditu; artikulu horiek hiru kapitulutan taldekatu dira.
kapitulua jarduera kartografikoaren xedeari eta aplikazio-eremuari, definizioei eta printzipioei buruzko xedapen orokorrei buruzkoa da. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko arau kartografikoak jasotzen ditu.
kapituluak Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko planifikazio eta koordinazio kartografikorako tresnak ezartzen ditu. Kapitulu horrek lau atal ditu. Lehenengo atalak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko plan kartografikoa arautzen du, kartografia eta informazio geografikoa planifikatzeko eta antolatzeko tresna izan dadin. Bigarren atala Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kartografia ofizialari buruzkoa da; hirugarren atalak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren Erregistro Kartografikoa sortzen du. Laugarren atalak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordea sortzen du, kartografiaren, geodesiaren eta informazio geografikoaren arloko aholkularitza-, koordinazio- eta plangintza-organoa. Kide anitzeko organo hori sortzeak Gobernu Kontseiluaren 2011ko Erabakiaren bidez ezarritako Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren antolaketa-egitura (Zuzendaritza Batzordea, Batzorde Teknikoa eta Sailarteko Informazio Batzordea) ordezten du eta ondoriorik gabe uzten du.
Azkenik, III. kapituluak Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura arautzen du, hau da, Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografiko eta zerbitzu espazial guztiak barne hartuko dituen elementua, eta haren helburuak eta edukia definitzen ditu. Horrez gain, Datu Espazialen eta Zerbitzuen Katalogoa arautzen du.
Dekretu honen xedea, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta erakundeen kartografia-jarduera eta informazio geografikoaren jarduera arautzea da.
Horrenbestez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onetsi ondoren, honako hau
Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kartografia eta informazio geografikoaren antolaketa arautzea; jarduera hori zerbitzu publikotzat joko da honako alderdi hauei dagokienez: kartografia, geodesia, informazio geografikoa eta informazioa horrekin lotutako zerbitzuak planifikatzea, koordinatzea, ekoiztea, biltegiratzea eta hedatzea.
Dekretu honetako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeei aplikatuko zaizkie, zehazki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan aipatzen direnei.
Dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek ezarriko dira:
Kartografia: lurrazal gaineko elementu geografikoen irudikapen grafikoa, euskarri analogikoan zein digitalean, aldez aurretik zehaztutako eta matematikoki egokia den erreferentzia-esparru batean.
Oinarrizko kartografia: jasotze-eskala edozein izanda ere, lurrazalaren behaketa- eta neurketa-prozesu zuzenen bidez lortzen dena (behaketa- eta neurketa-prozesu horietan metodo topografiko, fotogrametriko, geodesiko eta teledetekziozkoak erabiltzen dira). Oinarrizko kartografiak egitura bektoriala edo raster egitura izan dezake. Oinarri eta erreferentziatzat balio du, modu orokortuan lurralde baten adierazpen grafiko gisa erabiltzeko.
Kartografia eratorria: oinarrizko kartografian jasotzen den informazioari gehitze-, orokortze- eta analizatze-prozesuak aplikatuta eratzen den kartografia da.
Gaikako kartografia: oinarrizko kartografia edo kartografia eratorria euskarritzat hartuta, lurraldearen alderdi jakin bat nabarmendu edo garatzen duena edo informazio osagarri espezifikoa gehitzen duena.
Datu espazialen multzoa: datu geografikoen bilketa identifikagarria.
Datu geografikoak edo datu espazialak: zuzenean edo zeharka, kokapen edo elementu geografiko jakin bati erreferentzia egiten dion datu oro.
Geoataria: administrazio publiko baten edo batzuen organo, erakunde edo entitateen informazio geografikoaren arloko datu eta zerbitzu elkarreragingarrietara sartzeko bidea ematen duen Interneteko webgunea edo baliokidea; eskuragai dauden datuak bilatzeko eta ezagutzeko zerbitzu bat eskaini behar du gutxienez.
Informazio geografikoa: georreferentziatutako datu espazialen multzoa; datu horiek beharrezkoak dira ekintza zientifiko, administratibo eta legalen barruan.
Datu Espazialen Azpiegitura: sare-egitura birtuala da, georreferentziatutako datuen eta metadatuen bidez deskribatutako datu espazial elkarreragingarrien zerbitzuek osatutakoa; Interneten dago eskura, gutxieneko protokolo eta normalizatutako zehaztapen batzuk betez gero. Datu Espazialen Azpiegiturak hauek hartzen ditu barnean: datuak bilatzeko eta eskuratzeko teknologiak; datu horiek ekoizteko, kudeatzeko eta hedatzeko arauak; ekoizleen arteko eta ekoizleen eta erabiltzaileen arteko hitzarmenak datu horiek partekatzeko, eskuratzeko eta erabiltzeko.
Elkarreragingarritasuna: zerbitzu eta prozedura espezializatuek eskaintzen duten ahalmena datu geografikoen multzoak konbinatzeko eta datu espazialen zerbitzuen elkarrekintza errazteko, esku-hartze errepikakorrik gabe; emaitza koherenteak lortzen dira eta handitu egiten da datu geografikoen eta datu espazialen zerbitzuen balio erantsia.
Metadatuak: datu espazialen multzoak eta zerbitzuak deskribatzen dituen informazioa; informazio horri esker, datuok kokatu, inbentariatu eta erabili daitezke.
Datu espazialen zerbitzua edo geozerbitzua: aplikazio informatiko baten bidez datu geografikoak edo haien metadatuak erabiliz egin daitekeen eragiketa edo eragiketen multzoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoen eta erakundeen kartografia-jarduera printzipio hauen arabera garatuko da:
Zerbitzu publikoa: jarduera kartografikoarekin zerikusia duten jarduerak zerbitzu publikotzat hartuko dira, eta berekin ekarriko dituzte botere publikoek zerbitzu hobea emateko lagungarriak diren ekintzak.
Koordinazioa: printzipio hau Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo edo erakunde batek baino gehiagok parte har dezaketen jardueretan zehaztu beharko da.
Lankidetza: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta erakundeen jarduera kartografikoaren garapena erraztea dakar, informazioa, aholkularitza eta elkarrekiko lankidetza emanez, zeinek bere eskumenak erabilita.
Parte-hartzea: kartografia eta informazio geografikoa ekoizten edo garatzen laguntzen duten eragile guztien parte-hartzea bultzatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta erakundeek.
Zorroztasun teknikoa: autonomia-erkidegoko sektore publikoak garatzen duen kartografia-jarduera oro gauzatzeko, bere helburuekin bat datozen zuzentasun- eta zehaztasun-mailak zientifikoki bermatuko dituen metodologia erabili beharko da.
Plangintza: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jarduera kartografikoa modu planifikatuan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren plan kartografikoaren arabera.
Efikazia eta efizientzia: jarduera kartografikoko, informazio geografikoko eta lotutako geozerbitzuetako proiektu bakoitza lortu nahi diren helburuetara egokitu beharko da, arlo hauetan: ikusmoldea, metodologia, egutegia eta baliabideak. Gainera, ahalik eta kostu txikiena izan beharko du, kalitatea murriztu gabe. Horretarako, datu espazialak behin bakarrik bildu behar direla izango da aplikatuko den oinarrizko irizpidea, beste datu batzuekin konbinatuta daudela ziurtatzeko moduan egituratuta, nahiz eta iturri desberdinetatik etorri eta ezarritako geozerbitzuak beste helburu batzuetarako berrerabili.
Hedapena: jarduera kartografikoa zerbitzu publikotzat hartu behar dela kontuan hartuta, jarduera horretako produktuak herritarren eskura jarri beharko dira eta eskuratzeko bidea emango zaie; horretarako erabiliko diren euskarri teknologikoek aukera emango dute produktuak ahalik eta ondoen hedatu eta eskuratzeko. Helburu hori lortzeko, honako hau sustatuko da: datu espazialak lortzeko errazak izatea, eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak jakitera ematea eta erabilera estentsiboa galarazten ez duten baldintzetan eskuragarri egotea.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Arau Kartografikoak lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Saileko zuzendaritzak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio Geografikoaren Koordinazio Batzordeak jakinaraziko ditu, eta lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Saileko titularrak emandako agindu bidez onartuko dira.
Arau kartografiko horietan jasoko dira kartografia, datu espazialak, metadatuak eta geozerbitzuak ekoiztean, biltegiratzean eta hedatzean ahalik eta egokitzapen eta elkarreragingarritasun handiena lortzeko beharrezkoak diren prozedurak, irizpideak, zehaztapen teknikoak eta estandarrak.
Arau kartografikoek arautuko dituzte proiektu kartografikoek eta informazio geografikoko proiektuek izaeraren arabera bete behar dituzten gutxieneko baldintzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta erakundeak arduratuko dira sektore-arloari berari buruzko zehaztapen zehatzak prestatzeaz.
Arau Kartografikoek xede izango dute Estatuko erakunde kartografikoek eta nazioarteko erakundeek ezarritako irizpideak harmonizatzea eta homogeneizatzea.
I. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO PLAN KARTOGRAFIKOA
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Plan Kartografikoa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoen eta entitateen kartografia eta informazio geografikoa planifikatzeko eta antolatzeko tresna da.
Plan Kartografikoak xede du helburuak zehaztea eta jarduera kartografikoak koordinatzea, bai eta Euskadiko datu espazialen azpiegitura etengabe hobetzea ere.
Plan Kartografikoa derrigorrean bete beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitate guztiek.
Plan Kartografikoa lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Saileko zuzendaritzak egingo du, planaren proiektua Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordeak jakinaraziko du, eta ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak Sistema Kartografiko Nazionalaren barruan jarraitzen duen bitartean, Kontseilu Geografiko Gorenak egingo du txostena, azaroaren 23ko 1545/2007 Errege Dekretuak, Sistema Kartografiko nazionala arautzen duenak, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz; ondoren, Gobernu Kontseiluaren akordio bidez onartuko da, lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Saileko titularrak hala proposatuta.
Plan Kartografikoak lau urteko iraunaldia izango du, onartzen denetik zenbatzen hasita; plan bakoitza luzatu egingo da hurrengoa indarrean sartu arte.
Plan Kartografikoa urteko txosten baten bidez ebaluatuko da. Txosten hori lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Saileko zuzendaritzak egingo du. Plana berrikusi edo aldatu ahal izango da, onesteko ezarritako prozedura beraren bidez.
Plan Kartografikoak eduki hau izango du:
Justifikazioa eta arau-esparrua.
Euskadiko kartografiaren eta informazio geografikoaren egungo egoeraren diagnostikoa, eskuragai dagoen kartografia eta administrazio-antolaketa kontuan hartuta.
Informazio geografikoaren eta zerbitzu espazialen arloan dauden helburuak eta beharrak planaren indarraldirako, eta etorkizuneko aukerak.
Kartografia, informazio geografikoa edo geozerbitzuak adierazten dituen plangintza. Plangintza hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoak egin beharko du.
Informazioa hedatzeko eta informazioa eskuratzeko irizpideak eta baliabideak, baita planaren bidez ekoitzitako kartografia eta informazio geografikoa hedatzeko eta hori eskuratzeko aplikatzekoa den datu-politika ere.
Euskadiko datu espazialen azpiegituraren antolaketa, funtzionamendu eta erabilpenerako oinarrizko ezaugarriak.
Interesgarritzat jotzen den beste edozein datu edo azterketa.
2. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO KARTOGRAFIA OFIZIALA
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kartografia ofizialtzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoek eta erakundeek ekoitzitako edo haien zuzendaritzapean edo kontrolpean egindako kartografia eta informazio geografikoa, bai eta gainerako administrazio publikoek ekoitzitakoa ere, baldin eta Dekretu honen bidez garatutako Arau Kartografikoak betetzen badituzte.
Euskadiko lurraldearen adierazpen geografiko zehatza behar den eskumen autonomikoko administrazio-prozeduretan, interesdunek eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta erakundeek derrigorrean erabili beharko dute kartografia ofiziala.
Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitate guztiek oinarrizko kartografia ofiziala erabili beharko dute kartografia eratorria eta gaikako kartografia berria egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko izendegi geografiko ofizialean jasotako izenak nahitaez erabili beharko dira kartografia ofizialean.
3. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO ERREGISTRO KARTOGRAFIKOA
Datu geografikoen fidagarritasuna eta elkarreragingarritasuna bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Erregistro Kartografikoa sortu zen. Lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari dago atxikita.
Erregistro Kartografikoan Euskal Autonomia Erkidegoko organoek beren eskumenak baliatzean ekoitzitako kartografia eta informazio geografikoa inskribatu behar da, bai eta haiekin lotutako produktuak edo datu espazialen zerbitzuak ere.
Erregistroan produktu edo datu espazialen zerbitzuak inskribatu aurretik, Arau Kartografikoetara egokitzen direla egiaztatuko da.
Erregistroan idatzi ahal izango dira, jasota gelditzeko soilik, bukatu gabe gelditu ziren ekoizpen kartografikoak edo onartutako Arau Kartografikoak bete ez zituztenak.
Erregistro Kartografikoari dagokio, halaber, erregistro horretako informazioari buruzko egiaztapen-txostenak egitea. Hala ere, beste administrazio publikoetan egon daitezkeen erregistro kartografikoek ez dituzte alde batera utzi beharko arlo horretan esleitzen zaizkien eginkizunak.
Erregistro Kartografikoak izaera publikoa du, eta han jasota geldituko dira inskribatutako produktuen eta zerbitzuen arau teknikoak, kalitate-parametroak, erreferentzia-datak eta produktu eta zerbitzu horiek ekoizteaz eta mantentzeaz arduratzen den erakundea.
Edonork erabili ahal izango du Erregistro Kartografikoko informazioa baliabide elektronikoen bidez, ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoak eta hura garatzen duen araudiak aurreikusitakoari jarraikiz; nolanahi ere, bete egingo da jabetza intelektualari buruzko legeak eta ingurumenaren alorreko informaziora sartzeko eskubideak arautzen dituen legeak ezarritakoa.
Inskripzioak dohain egingo dira, eskaerak jaso diren ordenaren arabera.
Erregistro Kartografikoa dekretu honek eta dekretu hau garatzen duten arauek eraenduko dute, eta Kartografiaren Erregistro Zentralarekin bateratuta eta homogeneizatuta egongo da, bi erregistroak telematikoki konektatuta egoteko moduan.
4. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO INFORMAZIO GEOGRAFIKOAREN KOORDINAZIO BATZORDEA
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordea eratzen da kartografiaren, geodesiaren eta informazio geografiaren arloko kontsulta-, aholkularitza-, koordinazio- eta plangintza-organo gisa. Lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Sailari atxikita egongo da.
Hauek dira Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordearen zereginak:
Aholku ematea Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitateei, eta gainerako EAEko administrazio publikoei, informazio geografikoarekin eta kartografiarekin lotutako arlo guztietan.
Administrazio publikoen arteko kooperazioa, lankidetza eta koordinazioa bultzatzea, Euskadiko kartografiarekin eta informazio geografikoarekin lotutako jardueretan.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitateak bultzatzea datu georreferentziatuak eta kartografikoak erabiltzera, hobetzera, berrerabiltzera eta bateratzera.
Datu espazial berrien eta erreferentziako zerbitzu geografikoen ekoizpena eta argitalpena sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eta herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuna emateko.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren garapena, ezarpena eta mantenua ikuskatzea.
Onartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Arau Kartografikoei eta Plan Kartografikoari buruzko txostenak egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren Arau Kartografikoak eta Plan Kartografikoa egiten parte hartuko dutela bermatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Plan Kartografikoan jasotako edukiak betetzen direla zaintzea.
Aurrekoekin lotura duen, aurrekoen osagarri den edo aurrekoen ondorio den beste edozein eskuduntza.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordearen osaera honako hau izango da:
Batzordeburua: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Saileko sailburuordetzako titularra.
Batzordeburuordea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Saileko zuzendaritzako titularra.
Batzordekideak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail bakoitzeko zuzendari bat, lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Sailekoa izan ezik, sailburuaren izendapenez; Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen zuzendari nagusia. (Ejie) eta Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria.
Batzordeko idazkari-lanetan arituko da, lurralde-antolaketaren arloan eskumena duen Saileko zuzendaritzako Lurralde Informazio Zerbitzuaren arduraduna, eta ahotsa izango du, baina ez botorik.
Batzordekide bakoitzeko ordezkari bat edo gehiago izendatuko dira.
Batzordeburuak, bere kabuz edo Koordinazio Batzordeko gehiengo soilak hala proposatu diolako, eta jorratuko diren gaien edukiaren arabera, bileretara gonbidatu ahal izango ditu beste zuzendaritza-organo, erakunde edo entitateetako titularrak eta gaian adituak diren pertsonak. Gonbidatuek ahotsa izango dute, baina ez boto eskubiderik.
Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, bai eta presidenteak hala erabaki edo kideen gehiengo soilak hala eskatzen duenean ere.
Batzordeak edo batzordeko presidenteak proposatuta, bere funtzioak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren lantaldeak sortu ahal izango dira.
Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordearen funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak, Atariko Tituluaren II. Kapituluko 3. atalean, kide anitzeko organoei buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz arautuko da.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituran Euskal Autonomia Erkidegoko datu georreferentziatuak eta geozerbitzuak jasotzen dira; horietara Internet bidez sar daiteke. Datu eta geozerbitzu horiek normalizatutako zehaztapen eta protokolo batzuk betetzen dituzte bilaketa, sarbidea, ustiaketa eta elkarreragingarritasuna errazteko.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak xede du Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko informazio geografikoa lortzeko, prozesatzeko, biltegiratzeko, banatzeko, emateko eta haren erabilera sustatzeko beharrezkoak diren ekintzen, datu-arauen, teknologien eta baliabideen eskuragarritasuna eta integrazioa ziurtatzea, eta, hala, lurraldearen garapen sozial eta ekonomikorako eta ingurumen-garapenerako tresna izatea.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura telematikoki konektatuko da Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografikoa duten gainerako tokiko, nazioko edo Europako datu espazialen azpiegiturekin, toki-eremuko, foru-eremuko estatuko eta Europako gidalerroen arabera.
Lurralde-antolaketaren arloko eskumena duen zuzendaritzari dagokio Datu Espazialen Azpiegituraren zuzendaritza teknikoa eta koordinazioa; ikuskapena Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordeak egingo du.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak eskainitako datu eta zerbitzuen multzoak eskuragarri izango dira geoEuskadi geoatariaren bidez.
Hauek dira Datu Espazialen Azpiegituraren helburuak:
Euskadiko lurraldeari buruzko kalitatezko informazio geografikoa eta geozerbitzuetarako sarbidea eta haien eskuragarritasuna erraztea eta sustatzea, eta, hala, erantzuna ematea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoen eta entitateen, gainerako administrazio publikoen eta herritarren beharrei.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko arau kartografikoetan kartografiari eta informazio geografikoari buruz jasotako jarraibideak eta zehaztapenak betetzea.
Eskura dagoen informazio geografikoaren berrerabilpena bultzatzea, irizpide ez murriztaileekin.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoei eta entitateei kalitatezko zerbitzu geografikoak eraginkortasunez gordetzeko, zabaltzeko eta ustiatzeko beharrezkoak diren osagai teknologikoak eskaintzea, arau-aldaketei eta aldaketa teknologikoei erantzuna emanez.
Eskualde-nodo gisa sartzea Espainiako eta Europar Batasuneko Informazio Geografikoaren Azpiegituran, eta bai foru- eta toki-nodo gisa ere.
Eskura dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzu geografikoak sustatzea eta hedatzea informazio geografikoaren eta eskainitako zerbitzuen erabilera eta ustiaketa bultzatzeko.
Helburu horiek betetzeko, Datu Espazialen Azpiegiturak honako irizpide hauek beteko ditu:
Datu espazialak konbinatzea ahalbidetuko da, datuak iturri desberdinetatik etorri arren.
Datu espazialak erabiltzeko baldintzek erabilera estentsiboa erraztuko dute.
Eskura dauden datu espazialei buruzko informaziorako sarbidea eman beharko da, baita datu horiek eskuratu eta erabiltzeko baldintzetarako sarbidea ere.
Datu espazialak erraz ulertu eta interpretatu behar dira.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak gutxienez zerbitzu hauek emango ditu:
Lokalizazio-zerbitzuek datu espazialen multzoen eta zerbitzuen katalogo baten barruan bilatzeko aukera emango dute eta metadatuen edukia erakutsiko dute.
Bistaratze-zerbitzuak, gutxienez hauek egiteko: datu espazialak erakusteko, gainjartzeko, haietan distantzia linealak eta aireko distantziak neurtzeko, ohiko ikur kartografikoak erakusteko (legenda, eskala, iparra, erreferentzia-sistema eta koordenadak, eta abar), bai eta erregistro grafikoekin lotutako informazio alfanumerikoa ere.
Deskarga zerbitzuek datu espazialen multzoen edo datu espazialen zati baten kopiak jaisteko aukera emango dute.
Transformazio-zerbitzuak, datu espazialak egokitzeko aukera ematen dutenak, elkarreragingarriak izan daitezen.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturarako sarbidea bitarteko elektronikoen bidez egingo da, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera, eta, betiere, jabetza intelektualari eta datu pertsonalen babesari buruzko legedietan ezarritakoa errespetatuko da.
Datu Espazialen eta Zerbitzuen Katalogoak, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituran txertatuta dagoenak, Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografikoaren eta geozerbitzuen inbentario bat izango du; datu horiek dagozkien metadatuak izan behar dituzte, eta haietara sartu ahal izango da, gutxienez, aurreko artikuluan aipatutako zerbitzu baten edo batzuen bidez.
Sarbide bakarra ahalbidetu beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko datu espazialen eta datu espazialen zerbitzuen metadatu guztiei.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo eta entitate guztiek haien ardurapeko datu eta geozerbitzu multzoen inbentario bat egin behar dute, informazio horri aplika diezazkioketen erabilera eta murrizketak alde batera utzita.
Datu eta geozerbitzu multzoak metadatuen bidez deskribatuko dira, Informazio Geografikoa Koordinatzeko Batzordeak onartutako arauei eta epeei jarraikiz, eta gutxienez, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren Datu Espazialen eta Zerbitzuen Katalogoan argitaratuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aldatu egiten da 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
12.2 artikuluko d) apartatua aldatzen da eta honela idatzita geratzen da:
Lurralde-informazioa sustatzea tresna estrategikoen bidez, hala nola Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko oinarrizko kartografia ofizialaren bidez.
Aldatu egiten dira 13.2 artikuluaren n), o), p), q) apartatuak, eta r) eta s) apartatu berriak gehitzen dira. Honela geratzen dira idatzita:
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko oinarrizko kartografia ofiziala lantzea eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturari bidaltzea, Euskadiko azpiegitura kartografiko eta geodesikoaren mantentzea kontrolatuz.
Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura eta www.geo.euskadi.eus geoataria zuzentzea eta koordinatzea, Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografikoa eta kalitatezko geozerbitzuak eskuratzea, eskuragarri egotea eta ustiatzea errazteko eta bultzatzeko.
Arau Kartografikoak eta Plan Kartografikoa egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikorako kartografia eta informazio geografikoa planifikatzeko eta antolatzeko tresna gisa.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Erregistro Kartografikoa kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Informazio Geografikoaren Koordinazio Batzordeari laguntza teknikoa eta idazkaritza ematea.
Eskura dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzu geografikoak sustatzea eta hedatzea informazio geografikoaren eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturako zerbitzuen erabilera eta ustiaketa bultzatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Ikus: AGINDUA, 2022ko azaroaren 8koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Arau Kartografikoak onartzen dituena.
- Ikus: AGINDUA, 2022ko maiatzaren 25ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak emateko 2022ko ekitaldirako, udal-informazio geografikoa hobetzeko eta Euskadiko datu espazialen azpiegituran integratzeko geoEuskadi geoatariaren bidez.
- Ikus: AGINDUA, 2021eko irailaren 22koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira udal informazio geografikoa hobetzeko eta GeoEuskadi geoatariaren bidez Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituretan sartzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta egiten baita dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emateko deialdia, 2021eko ekitaldirako.
- Aldatzen du: 77/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.