Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

55/2020 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua bigarrenez aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 81
  • Hurrenkera-zk.: 1913
  • Xedapen-zk.: 55
  • Xedapen-data: 2020/04/21
  • Argitaratze-data: 2020/04/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren helburua da, lehenengo artikuluan jasota dagoenez, bederatzi eduki arautzea. Lehenengo eta behin, 1. paragrafoan adierazita dauden bi eduki orokorrak arautzen dira: batetik, herritarrek Administrazioarekin baliabide elektronikoen bidez jarduteko eskubidea, bai zerbitzu publikoetara iristeko, bai administrazio-prozedurak izapidetzeko, eta, bestetik, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6. artikuluan adierazitako gainerako eskubideei zabalkundea ematea. Eta, bi horietaz gain, 2. paragrafoan adierazitako beste zazpi eduki zehatzago hauek jorratzen dira: egoitza elektronikoa; iragarki-taula elektronikoa; herritarren eta Administrazioaren identifikazioa eta autentifikazioa; ordezkarien erregistro elektronikoa; erregistro elektronikoa; komunikazio elektronikoak; dokumentu elektronikoak eta dokumentuon kontserbazioa.

Gai horiek funtsezkoak dira gure Administrazioaren jarduketetarako, zerbitzu publikoak emateko eta izapidetzen dituen administrazio-prozedurak kudeatzeko, eta lotura daukate Internet bidezko informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenarekin, Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko harremanetarako modu berria den aldetik; izan ere, lortu nahi da izapidetze elektronikoa gaur egun jarduteko ohiko modua izatea eta orain gutxi arte gure ordenamendu juridikoan ohikoa zen paperezko izapidetzea baztertu ahal izatea.

Dekretua baliagarria izan da indarrean egon den urte hauetan zazpi baino gehiago, eta aurrera egin du Administrazio Publikoan bitarteko elektronikoak erabil daitezen sustatzeko helburu horretan. Horren froga da, gaur egun arte, eduki horietan aldez aurretiko aldaketa bakar eta oso zehatz bat egin behar izana; izan ere, egoitza elektronikoaren helbidearen izendapena baino ez da aldatu, 7. artikuluaren 5. paragrafoan, eta Interneteko goi-mailako «euskadi.eus» domeinu berria ezartzen duen ekainaren 9ko 84/2015 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren bidez aldatu zen. Gauzak horrela, dekretu horren bigarren aldaketa egingo da orain, aldaketa zabalago bat, ondoren justifikatzen dena.

Gure ordenamendu juridikoan, orain dela gutxi, administrazio elektronikoaren arloari loturiko legedi-aldaketa garrantzitsu batzuk egin dira; izan ere, 2016ko urriaren 2an, administrazio-zuzenbidearen oinarrizko bi arau berri hauek jarri ziren indarrean: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea. Lege bi horiek aldaketa garrantzitsuak ekarri dituzte eduki juridikoetara, 21/2012 Dekretuan ere araututa zeudelako, eta, ondorioz, besteak beste, arau hauek indargabetu dituzte: Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea erregelamenduan garatu zen araua zen, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea prozeduren paperezko izapidetzea baino ez zuen xedatzen.

Lege horiek indarrean jarri ostean, apurka-apurka administrazio-ordenamendu juridikoa egokitzeko lanari ekin zaio, legeotako edukien helburu handiak eta paradigma berriak lortze aldera, administrazio publikoetan funtsezko aldaketa bat eragin behar baita harreman elektronikoa izan dadin administrazio-prozedurak izapidetzeko bidea, paperik gabeko administrazio garden, arinago eta irisgarriago batera zuzendua, herritarrentzat eta enpresentzat.

Horretarako, ezinbestekoa da, batez ere, arauz garatzea sistema teknologikoen alderdi teknikoak, prozedurakoak, juridikoak eta antolamendukoak, eta, horretarako, herritarrak, eragile juridikoak eta administrazio publikoak kontuan hartuta, bateragarriak izan behar dute, batetik, eskubideen baliatze erabatekoa eta prozeduren balio juridikoa bermatzeak eta, bestetik, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 55/2018 Epaiak ezartzen duen eskumen-banaketa errespetatzen duen benetako elkarreragingarritasuna izateak.

Testuinguru horretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea garatzen dituen errege-dekretuaren proiektua izapidetzen ari da, sektore publikoak bitarteko elektronikoen bitartez jarduteari eta funtzionatzeari dagokienez. Aurrerago egingo den erregulazio horretan, Estatuko oinarrizko legegintzako erregelamendu-garapena jasoko da, Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan xedatutakoaren babesean eginda; artikulu horrek Estatuari eskumena esleitzen dio administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak emateko, eta, orobat, eskumena esleitzen dio administrazio-prozedura erkidearen arloan eta administrazio publiko guztien erantzukizun-sistemaren arloan.

Lan horiek egin bitartean, urriaren 1eko 39/2015 Legeari aldaketa bat egin zaio abuztuaren 31ko 11/2018 Errege Lege Dekretuaren bidez (dekretu horrek langileekiko pentsio-konpromisoak babestearen, kapital-zuriketa prebenitzearen eta hirugarren herrialdeetako nazionalen sarrera- eta bizileku-eskakizunen arloko zuzentarauen transposizioa egiten du, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aldatzen du). Hain zuzen ere, haren 6. artikuluan xedatu da ez duela eragin juridikorik izango 2020ko urriaren 2ra arte, hauei dagokienez soilik: ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, enplegatu publiko gaituen erregistroa, Administrazioaren irispide-puntu elektroniko nagusia eta fitxategi elektroniko bakarra. Hau da, atzeratu egin da arlo horietan izan beharreko eragin juridikoa, hasiera batean, 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren arabera, 2018ko urriaren 2an izan behar zuen eragina eta. Denbora-tarte horretan, arlo horiei dagokienez, 30/1992 Legearen eta 11/2007 Legearen arauek indarrean segituko dute, horrela baitago adierazita 39/2015 Legearen laugarren xedapen iragankorrean eta xedapen indargabetzaile bakarraren 2. paragrafoan. Horrela, berriro baliatu da Kode Zibilaren 2. artikuluaren salbuespena, vacatio legis delakoaren jatorrizko bi urteko epea bikoizteko, bost konponbide informatiko horiek arautzen dituen araudiaren ondorio juridikoetarako. Horretaz gain, lehen urte bat zegoen aurreikusita lege oro indarrean jartzeko, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta bete egin zen 2016ko urriaren 2an, azken xedapenetako zazpigarrenarekin bat.

Justifikazio gisa, 11/2018 Errege Lege Dekretuaren hitzaurrean xedatuta dago ezen ez zela nahikoa urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenean ezarritako «vacatio legis» delakoa, ezinezkoa zelako epe horretan bai administrazio-prozedurak egokitzeko lana egitea, bai administrazio publikoen jardunaren garapen-egoera berria zuzen kudeatzeko prozesuak diseinatzea; izan ere, garapen teknologiko eta juridikoek behar besteko heldutasuna izan behar dute errekerimenduak betetzeko; beraz, denbora gehiago behar da, eta V. tituluan beste bi urtez luzatzen da.

Guztira bost urte daukan vacatio legis honek agerian uzten du zeinen konplexua den administrazio elektronikoaren gaineko arauak aplikatzea, administrazio-prozeduran erabili behar diren bost sistema edo konponbide horiei dagokienez behintzat, ordurako euren edukietan zehaztasun handiagoa izango delakoan.

Legedi-aldaketak gertatu diren honetan, eta 21/2012 Dekretuaren indarraldian, honako hauek ere onartu dira: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko uztailaren 23koa, identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzako zerbitzuei buruzkoa dena eta 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen duena eIDAS Erregelamendua esaten zaio, eta lege-esparru erkidea ezartzen die Europar Batasuneko sinadura elektronikoei; eta, bestetik, berriki eman den abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa.

Horrenbestez, orain ez da une egokia gure autonomia-erkidegoan dekretu bat onartzeko, gai horren arauzko erregulazio osoa egingo duena eta, ondorioz, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua baliogabetuko duena. Errealitate horri erreparatuta, hobe da etorriko den errege-dekretua indarrean jarri arte itxarotea, horrela jakingo baita zein diren behin betiko arauzko edukiak, batez ere, sistema, konponbide eta zerbitzu elektronikoei dagozkienak eta Administrazioan aplikatu beharko diren administrazio elektronikoaren arloko funtsezko aldaketei dagozkienak. Horren ostean, ikuspegi juridiko argiago bat egongo da, eta hasi ahal izango da egiten administrazio elektronikoaren dekretua; zeina ordurako oso beharrezkoa izango baita Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-prozedura gauzatzeko eta, administrazio-organoen eta interesdunen bitarteko elektronikoez baliatuta, Internet bidezko zerbitzu publikoak emateko eredua zehazteko.

Hala ere, gaur egun, komeni da Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan zenbait aldaketa egitea: lehenik, eduki berezi batzuk sartu behar dira, egun behar-beharrezkoak baitira administrazioaren ohiko jarduna bermatzeko, eta ezin baita itxaron dekretu berria onartu arte eduki horiek sartzeko; bigarrenik, eta bide batez, zenbait artikuluren erredakzioa aldatu behar da arauzko egokitzapenak egiteko, hain zuzen ere egun indargabetuta dauden legeei eta administrazio elektronikoaren arloko xedapen zaharkituei buruzko erreferentzien ordez oinarrizko lege berriei buruzkoak sartzeko; eta, hirugarrenik, legedi berriak babesik gabe utzitako xedapenak kendu behar dira, arauaren testua argiagoa izan dadin.

Hiru beharrizan horiek betetzeko, nahikoa da orain indarreko araudian aldaketa puntual bat egitea; hiru alderdi zehatz horietan baino ez, aldaketa egiteko erregelamendu-proiektu baten bidez; proiektu hori, onartu ostean, osorik txertatuko da aldatzen den erregelamenduaren testuan.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregelamenduak egiteko ahala baliatzeko erregulazio onaren printzipioei buruz xedatutakoari dagokionez, orain arte azaldutakoak nahiko justifikatzen du proiektuan honako printzipio hauek betetzen direla:

erregelamendu-aldaketa honen beharrizana, argi identifikatu delako zein diren lortu nahi diren helburuak eta oinarritzat hartu baita interes orokorra;

proportzionaltasuna, arauak bete behar dituen beharrizanei erantzuteko ezinbesteko erregulazioa daukalako;

efikazia, printzipio hori bermatzeko tresnarik egokiena delako;

efizientzia, onartu ostean desagertuko direlako karga administratibo alferrikakoak edo ezinbesteko ez direnak, eta, aplikazioan, baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatuko delako;

segurtasun juridikoa, Espainiako eta Europar Batasuneko gainerako ordenamendu juridikoarekiko koherentziari eusten diolako;

eta gardentasuna, indarreko araudirako irispide erraza, unibertsala eta eguneratua ahalbidetzen duelako, bai eta araudia prestatzeko prozesuari dagozkion dokumentuetarako irispidea ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 7. artikuluan ezarritako moduan; izan ere, argi definitu dira helburuak eta justifikazioa, eta aukera emango da hartzaile izan daitezkeenek parte-hartze aktiboa izan dezaten prestakuntzan.

Hori guztiori dela eta, dekretu honen xedea da bigarren aldaketa bat egitea Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuari. Aldaketok honela daude zehaztuta:

Hamabost eduki hauek sartzea: 5. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzea, administrazio-prozedurako dokumentaziorako hizkuntza-araubidearen aukerari buruzkoa; 6. artikuluaren 1., 6. eta 7. paragrafoak aldatu eta 9. paragrafo bat gehitzea, interesdunek administrazio-prozedurara ekarri behar dituzten dokumentuei buruzkoak; 7. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzea, egoitza elektronikoan sartutako entitateen eremua zabaltzeari buruzkoa; 9. artikuluaren 1. paragrafoaren i) apartatuan zerbitzu batzuk sartzea, egoitza elektronikoaren barruan; 12. artikuluaren 2. paragrafoa aldatzea, ezartzeko ezen gaikuntzarako nahikoa dela interesdunek ordezkaritza ematen duten administrazio-prozedurako organo eskudunaren ebazpena, eta, ondorioz, hitzarmenaren eskakizuna kentzea, oso nekeza delako eta zentzurik ez daukalako aipatutako 39/2015 eta 40/2015 legeak onartu ondoren; 13. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzea, ahalordeen erregistro elektronikoari buruzkoa, legedi berriaren edukien arabera; 28. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzea, administrazio-prozeduretan pertsona fisiko batzuen kolektiboek nahitaez bitarteko elektronikoen bidez komunikatu behar izateari buruzkoa; 50. artikuluari 4. paragrafo bat gehitzea, eredu elektronikoei buruzkoa; 53. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzea, interesdunak prozeduraren izapidetze-egoerara iristeko bete beharreko baldintza bakarrari buruzkoa, hau da, identifikazioari buruzkoa; eta 55. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoak aldatzea, xedapen gehiago sartzeko, administrazio elektronikoaren zerbitzu erkideei buruzkoak.

Artikuluetako hamalau zatiren erredakzioa aldatzea, behar diren arauzko egokitzapen hauek egiteko: indargabetu diren lau legeren aipamenak kentzea eta, haien ordez, kasuan kasuko araudiaren aipamen generikoak jartzea (1. artikuluaren 1. paragrafoan, 3. artikuluan, 6. artikuluaren 1. paragrafoan, 42. artikuluaren 3. paragrafoan, 43. artikuluaren 1. paragrafoan, 50. artikuluaren 2. paragrafoaren b) apartatuan, eta lehenengo xedapen gehigarrian); «ordezkarien erregistro elektronikoa» aipamenaren ordez, indarrean dagoen «ahalordeen erregistro elektronikoa» jartzea (1. artikuluaren 2. paragrafoan, 13. artikuluaren 1. paragrafoan eta 55. artikuluaren 2. paragrafoan); lankidetza-hitzarmena kentzea dekretuaren aplikazio-eremuan dauden erakundeak egoitza elektronikora biltzeko (7. artikuluaren 4. paragrafoan); egoitza elektronikoaren helbidearen izendapena bigarrenez aldatu eta «egoitza» hitza txertatzea, beharrezkoa baita irispidea izateko (7. artikuluaren 5. paragrafoan, Interneteko goi-mailako «euskadi.eus» domeinu berria ezartzen duen ekainaren 9ko 84/2015 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenean jasotako bertsioan); eta ezartzea prozedura bide elektronikoz bakarrik izapidetu ahal izango dela, bazter utzita otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 53. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako bestelako izapidetze-aukerak.

Hamar eduki hauek kentzea: 6. artikuluaren 2., 3., 4. eta 8. paragrafoak, herritarrek administrazio-prozeduran behar den dokumentazioa ez aurkezteko daukaten eskubidea baliatzeari buruzkoak, oinarri berriekin bat; 9. artikuluaren 1. paragrafoko o) apartatua, hitzarmen batzuk egoitza elektronikoan argitaratzeari buruzkoa; 12. artikuluaren 3. paragrafoa, gaikuntza-hitzarmena ez betetzeari buruzkoa; 14. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren esaldia, hitzarmen bidez gaitutako funtzionarioen erregistroaren esparruari buruzkoa; 29. artikuluaren 2. paragrafoa, administrazio-organoen arteko komunikazio elektronikoei buruzkoa; 49. artikulua, konpultsatze-ondorioetarako kopia elektronikoak lortzeari buruzkoa; eta bigarren xedapen gehigarria, prozedurak eta zerbitzuak egokitzeari buruzkoa. Eduki horietako batek ere ez dauka babesik oinarrizko lege berrietan araututakoaren arabera.

Horiek horrela, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa entzunda, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko apirilaren 21ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Lehenengoa. 1. artikulua, xedeari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Dekretu honen xedea da herritarrek Administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko duten eskubidea garatzea, zerbitzu publikoetara iritsi daitezen eta administrazio-prozedurak izapidetu ditzaten, eta, horretaz gain, administrazio-prozeduraren legeek aitortzen dituzten gainerako eskubideak zabaltzea.

  2. Halaber, gai hauek arautzen ditu: egoitza elektronikoa, iragarki-taula elektronikoa, herritarren eta administrazioaren identifikazioa eta autentifikazioa, ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, komunikazio eta dokumentu elektronikoak eta dokumentuon kontserbazioa.

Bigarrena. 3. artikulua, printzipio orokorrei buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

Administrazioak, bitarteko elektronikoak erabiltzeko orduan, datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatuko du, eskubide horren araudian eta administrazio-prozeduraren legedian xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena. 5. artikuluaren 3. paragrafoa, hizkuntza-araubideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Izapideen edozein unetan aldatu ahal izango da aukeratutako hizkuntza. Aldatuz gero, lehenagotik dauden dokumentuak hasieran aukeratutako hizkuntzan geratuko dira. Idatzita dauden hizkuntzan geratuko dira, halaber, administrazio publikoek beren esku dauzkaten, egin dituzten edo interesdunak lehenagotik eman dizkien dokumentuak.

Laugarrena. 6. artikuluaren 1. paragrafoa, datuak eta dokumentuak ez aurkezteko eskubideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Interesdunek eskubidea daukate administrazio-prozeduretan ez aurkezteko edozein administrazioren esku dauden edo edozein administraziok prestatutako jatorrizko dokumentuak, datuak eta dokumentuak, aplikatzekoa den araudian eskatzen ez badira, edo interesdunak berak aldez aurretik edozein administraziori aurkeztu badizkio; administrazio jarduleak gauzatuko du eskubide hori, administrazio-prozeduraren legedian aitortutakoarekin bat etorriz.

Bosgarrena. Datuak eta dokumentuak ez aurkezteko eskubideari buruzko 6. artikuluaren 2., 3., 4. eta 8. paragrafoak kentzen dira.

Seigarrena. 6. artikuluaren 6. paragrafoa, datuak eta dokumentuak ez aurkezteko eskubideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Prozedura izapidetzen duen administrazio-organoak datuak edo dokumentuak eduki ezean, badauzkan organoari eskatuko dizkio, eta elektronikoki eskuratu behako ditu sare korporatiboaren bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsultak eginez.

Zazpigarrena. 6. artikuluaren 7. paragrafoa, datuak eta dokumentuak ez aurkezteko eskubideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Salbuespen gisa, prozedura izapidetzen duen administrazio-organoak ezin baditu datuak edo dokumentuak lortu, interesdunari jakinarazi eta arrazoia azalduko dio, berak aurkez ditzan, kasuan kasuko prozeduraren arau erregulatzailean adierazitako epean eta ondorioekin. Salbuespen gisa ere, interesdunari eskatu ahal izango zaio jatorrizko agiria aurkezteko, edo aurkeztutako kopiak erkatzeko, jatorrizko dokumentua erakutsita, administrazio-prozeduraren legedian xedatutakoarekin bat etorriz.

Zortzigarrena. 6. artikuluari 9. paragrafo bat gehitzen zaio, honela idatzita:

  1. Lege berezi aplikagarriak badauka interesdunaren baimen espresua eskatzea Administrazioak dokumentuak lor ditzan. Horretaz gain, interesdunak espresuki uka dezake baimen hori, salbu eta zehatzeko edo ikuskatzeko ahalen erabileran eskatzen badira dokumentuak.

Bederatzigarrena. 7. artikuluaren 3. paragrafoa, egoitza elektronikoari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo guztiak egongo dira egoitza elektronikoaren barruan.

Hamargarrena. 7. artikuluaren 4. paragrafoa, egoitza elektronikoari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Lankidetza-hitzarmenen bidez sortu ahal izango dira beste administrazio publiko batzuekin partekatutako egoitzak.

Hamaikagarrena. 7. artikuluaren 5. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

  1. Egoitza elektronikoaren helbide elektronikoa hau da: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/.

Hamabigarrena. 9. artikuluaren 1. paragrafoko i) apartatua, egoitza elektronikoaren edukiari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko administrazio elektronikoaren egoitzako zerbitzu erkide erabilgarriak; besteak beste, hauek izango dira gutxienez: prozeduren fitxak, erregistro orokorra, ahalordeen erregistro orokorra, izapidetze elektronikorako eta kopia autentikoak egiteko gaitutako funtzionarioen erregistroa, izapideen kudeatzailea, eredu espezifikoen kudeatzailea, prozedurak hasteko eskabideen aurkezpen masiboetarako sistemak eta sistema normalizatuak, jakinarazpenak, fitxategi bakarra, ordainketa-pasabidea, datu-bitartekaritzarako plataforma, eta herritarren karpeta.

Hamahirugarrena. Egoitza elektronikoaren edukiari buruzko 9. artikuluaren 1. paragrafoko o) apartatua kentzen da.

Hamalaugarrena. 12. artikuluaren 2. paragrafoa, ordezkatzeko gaikuntzari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Gaikuntza, oro har, kasuan kasuko administrazio-jarduketaren arloan eskumena duen organoak emandako legezko edo arauzko xedapenen bidez gauzatuko da; edo, bestela, modu espezifikoan, interesdunek ordezkaritza eman behar duten kasuan kasuko administrazio-prozeduretan ebazteko eskumena duen organoak emandako ebazpen baten bidez. Gaikuntzan, zehaztu beharko da zein diren gaitutako ordezkaria izendatzeko baldintzak, eta barnean sartu beharko dira gaikuntzaren xede diren prozedurak eta izapideak.

Hamabosgarrena. Ordezkatzeko gaikuntzari buruzko 12. artikuluaren 3. paragrafoa kentzen da.

Hamaseigarrena. 13. artikuluaren 1. paragrafoa, ordezkarien erregistro elektronikoari buruzkoa, eta, ondorioz, 13. artikuluaren titulua honela idatzita geratuko dira:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko ahalordeen erregistro orokorra sortzen da; erregistro horretan, nahitaez hauek behintzat jasoko dira: apud acta, presentzialki edo elektronikoki emandako ahalorde orokorrak, interesdunek administrazio-prozeduretan hirugarrenei ematen dizkietenak euren izenean administrazio publikoetan jarduteko. Horrekin batera, ahal bakoitzaren askiestea ere adierazi beharko da. Erregistro hau ez da erregistro publikoa.

Hamazazpigarrena. 14. artikuluaren 3. paragrafoa honela idatzita geratuko da:

  1. Administrazio elektronikoaren eskumena daukan sailaren ardura da artikulu honetan araututako identifikazio eta autentifikaziorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan gaitzen diren funtzionarioen erregistroa eguneratuta edukitzea.

Hemezortzigarrena. 28. artikuluaren 1. paragrafoa, bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko nahitaezkotasunari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Administrazioak, erregelamenduz, behartu ahal izango du berarekiko komunikazioa bitarteko elektroniko hutsez izatera zenbait prozeduratan, baldin eta egiaztaturik badago interesdunek (pertsona fisikoak) gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, ardura profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik badutela bitarteko elektronikoetarako irispidea eta bitarteko horiek erabiltzeko modua.

Hemeretzigarrena. Administrazioko organoen arteko komunikazioei buruzko 29. artikuluaren 2. paragrafoa kentzen da.

Hogeigarrena. 42. artikuluaren 3. paragrafoa, dokumentu elektronikoak kudeatzeari buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

  1. Dokumentu elektronikoetan datu pertsonalik baldin badago, datu pertsonalak babesteari buruzko legedian xedatutakoa aplikatuko zaie.

Hogeita batgarrena. 43. artikuluaren 1. paragrafoa, kopia autentikoak egiteari buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

  1. Horretarako eskumena daukaten administrazio-organoek edo organismo publikoek egingo dituzte kopia autentikoak, eskumenei eta prozedurei buruzko arauekin bat. Arauok administrazio-prozeduraren legedian eta administrazio publikoen araubide juridikoaren legedian daude ezarrita.

Hogeita bigarrena. Konpultsarako kopia elektronikoak lortzeari buruzko 49. artikulua kentzen da.

Hogeita hirugarrena. 50. artikulua, eredu elektronikoei buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

  1. Administrazioak interesdunen eskura jarriko ditu, egoitza elektronikoan, eskabide-eredu elektronikoak eta gainerako agiri eta izapideen eredu elektronikoak.

  2. Eredu elektronikoak Administrazio Elektronikoaren eskumenak dituen zuzendaritzaren jarraibideen arabera egingo dira.

Hogeita laugarrena. 50. artikuluari 4. paragrafoa gehitzen zaio, eredu elektronikoei buruzkoa, honela idatzita:

  1. Prozedurak hasteko eskatzeko eredu espezifikoak eta sistema normalizatuak administrazio-prozeduraren legedian daude aurreikusita, eta honako hau ahalbidetuko dute:

    1. Zati elektroniko dinamikoak sartzea; zatiok osorik zabalduko dira interesdunek betetzen dituzten unean, eta, bete gabe daudela, ezin izango dute irudi estatikorik izan. Horretarako, prozeduren arau erregulatzaileek helbide elektronikoa baino ez dute emango, non lokaliza daitezkeen jakiteko.

    2. Emandako informazioa automatikoki egiaztatzea, sistema propioetan edo beste Administrazio batzuen sistemetan biltegiratutako datuekin alderatuta; edo hasiera emateko eskabidea eskaintzea, guztiz edo partez beteta, interesdunek informazioa egiazta dezaten eta, hala badagokio, alda eta osa dezaten.

Hogeita bosgarrena. 53. artikuluaren 1. paragrafoa, interesdunek prozeduraren izapideak zertan diren jakiteko irispideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Administrazioak informazio-zerbitzu elektroniko bat jarriko du interesdunen eskura, egoitza elektronikoan, prozeduren izapideen egoerari buruzko informazioa kontsultatu ahal izateko.

Hogeita seigarrena. 53. artikuluaren 2. paragrafoa, interesdunek prozeduraren izapideak zertan diren jakiteko irispideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Prozeduraren izapideen egoerari buruzko informazioan, egindako izapideen eta izapideon daten berri emango da. Halaber, dokumentu elektronikoetarako irispidea izango dute interesdunek.

Hogeita zazpigarrena. 53. artikuluaren 3. paragrafoa, interesdunek prozeduraren izapideak zertan diren jakiteko irispideari buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Prozeduraren izapideen gaineko informazioa izateko, interesdunak aldez aurretik identifikatu behar du bere burua, administrazio-prozeduraren legedian adierazitako edozein identifikazio-bideren bidez.

Hogeita zortzigarrena. 55. artikuluaren 2. paragrafoa, administrazio elektronikoaren arloko zerbitzu erkideei buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren administrazio elektronikoaren arloko zerbitzu erkideak herritarrek eskura izango dituzten sistema edo konponbide informatiko hauek izango dira, gutxienez: erregistro orokorra, ahalordeen erregistro orokorra, izapidetze elektronikorako eta kopia autentikoak egiteko gaitutako funtzionarioen erregistroa, egoitza elektronikoko prozeduren fitxak, identifikaziorako eta sinadurarako sistema, izapideen kudeatzailea, eredu espezifikoen kudeatzailea, prozedurak hasteko eskabideen aurkezpen masiboetarako sistemak, jakinarazpenak, herritarren karpeta, fitxategi bakarra, ordainketa-pasabidea, datuak eta dokumentuak egiaztatzeko zerbitzuak, datu-bitartekaritzarako plataforma, iragarki-taula, zerbitzu-katalogoa, eta kexa eta iradokizunen postontzia. Informazio, zerbitzu eta transakzioetarako zerbitzu erkide gehiago sortu ahala, erabiltzaileei eskainiko zaizkie egoitza elektronikoan argitaratuta.

Hogeita bederatzigarrena. 55. artikuluaren 4. paragrafoa, administrazio elektronikoaren arloko zerbitzu erkideei buruzkoa, honela geratuko da idatzita:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo guztiek eta Administrazio instituzionaleko organismo autonomo guztiek nahitaez erabili beharko dituzte administrazio elektronikoaren zerbitzu erkide hauek, administrazio-prozedurak izapidetzeko kudeatzen duten informatika-sarean. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten beste entitate batzuek ere erabili ahal izango dituzte administrazio elektronikoaren zerbitzu erkide horiek, aukeran, zuzenbide publikoari loturiko prozeduretan. Beste administrazio publiko batzuek ere erabili ahal izango dituzte administrazio elektronikoaren zerbitzu erkideak, gai horretaz izenpetutako administrazioarteko hitzarmenen bidez.

Hogeita hamargarrena. Lehenengo xedapen gehigarria, prozedura bereziei buruzkoa, honela idatzita geratuko da:

  1. Dekretu honetan xedatutakoak ez du eragotziko sektore publikoaren kontratuen legedian bildutako erregulazio berezia betetzea.

  2. Dekretu honetan xedatutakoak ez du eragotziko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko araudian bildutako erregulazioa betetzea.

Hogeita hamaikagarrena. Prozedurak eta zerbitzuak egokitzeari buruzko bigarren xedapen gehigarria kentzen da.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko apirilaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.