Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

100/2018 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 133
  • Hurrenkera-zk.: 3588
  • Xedapen-zk.: 100
  • Xedapen-data: 2018/07/03
  • Argitaratze-data: 2018/07/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak bere antolamendu-oinarrietako bat esparru sanitario bakoitzean lehen mailako arretaren antolamendu egokia bermatzea dela aurreikusten du, eta ospitaleko arretarekin behar bezala koordinatzea. Horretarako, ahalik eta eraginkortasun sanitario handiena bermatuko du, bai baliabideen kokapenerako eta erabilerarako, bai sinergiak aprobetxatzeko baldintza estrategiko egokienak ezartzeko, bai eta erreferentziazko gailuak konfiguratzeko ere.

Horren arabera, Osasun Saileko ildo estrategikoetan arreta integratuaz hitz egiten da, bereziki zahartzaroaren, kronikotasunaren eta mendetasunaren erronkei aurre egiteko, osasun-sistemako arreta-mailei (lehen mailakoa eta ospitalekoa) koherentzia emateko eta horien artean sinergiak bilatzeko; hori guztia osasun-zainketak hain zatituta egon ez daitezen eta eraginkorragoak izan daitezen lortzeko; hau da, azken batean, kalitate handiagokoak izan daitezen lortzeko.

Ildo estrategiko horietatik eratorritako arreta integratua ezartzeko uztailaren 23ko 194/1996 eta 195/1996 dekretuetan aurreikusten den eredua birformulatu behar da. Dekretu horien bidez arautzen dira ospitaleko arretaren asistentzia-egiturak, batetik, eta lehen mailako arretarenak, bestetik.

Horren aurretik, baina jarduketa-ildo horiekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2010eko abenduaren 13ko Akordioaren bidez, Bidasoko erakunde sanitario integratua sortu zuen. Lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko banaketa tradizionala gainditzen duen antolamendu-egituraren eredu gisa sortu zen, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 23. artikuluan jasotakoari jarraituz.

Osasun-zerbitzuen lehenengo erakunde integratu hori ebaluatu ostean, ezartzen joan dira, pixkanaka-pixkanaka, gainerako guztiak Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta amaitu da hedapena. Osasun-esparru bakoitzaren ezaugarrietara egokitu da erakunde horietako bakoitza, eta komunikazio- gardentasun- eta partaidetza-irizpideak erabili dira zeregin horietan.

Erakunde sanitario integratuen eredu hori hedatu ondoren, eta, adierazitakoarekin bat etorriz, dekretuaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeen tipologia zehaztu nahi da, erakunde sanitario integratuez gain, beste erakunde-modalitate batzuek ere lekua izan dezaten. Tipologia berri horretara egokitu beharko dira egungo asistentzia- eta kudeaketa-egiturak, arreta integratua garatu ahal izateko eta asistentzia-prozesu berean esku hartzen duten profesionalen artean esparru klinikoaren arloko elkar eragina bultzatzeko, arreta jasotzen duten pertsonen osasun-emaitzak maximizatzea helburu izanik.

Zerbitzu-erakundeen aldaketa hori osatzeko, asistentziaren kudeaketan ere egingo dira aldaketak, hainbat profesionalek ematen duten asistentziari eta espazio eta maila ezberdinetako ekintzen antolamenduari jarraipena emateko, betiere ekintzak era integratuan jorratuz.

Partaidetza-organoak ere berrantolatuko dira; berrantolaketa horren eraginez desagertu egingo da Kontseilu Teknikoa, eta Asistentzia Klinikorako Kontseiluak hartuko ditu haren zereginak.

Azkenik, arau honen helburua da oinarri jakin batzuk ezartzea esparru soziosanitariotik egitura sanitario integratuan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 7.2 artikuluan sistemaren lurralde-antolamenduari dagokionez eta 23. artikuluan xedatutakoaren arau-garapena gauzatzeko ematen da dekretu hau. Eusko Jaurlaritzak du dekretua onesteko eskumena, hala aitortzen diolako aurretik aipatutako legearen azken xedapenetatik lehenak.

Horrenbestez, Osasuneko sailburuaren proposamenez, egin beharreko izapideak egin ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 3an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen xedea da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde integratu sanitarioak egitura organiko bateratu gisa arautzea (ESI); hor sartuko dira lehen mailako arreta eta ospitaleko arreta. Erakunde horiek autonomia ekonomiko eta finantzarioaren eta kudeaketa-autonomiaren arabera jardungo dute.

  2. ESIekin batera, osasun zerbitzuak hornitzeko eta kudeatzeko berariazko beste erakunde batzuk ere egon daitezke. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoaren Estatutuekin azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren eta zuzendaritza-organoek horri buruz hartutako erabakiekin bat etorriz zehaztuko da kudeatzeko zer ahalmen duten erakunde horiek.

  1. ESIak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren mendeko zerbitzu sanitarioen erakunde gisa egituratzen dira, osasun-zerbitzuak hornitzeko jarduera gauzatzeko. Hala, lotu egiten dira lehen mailako arretako asistentzia-gailuak eta -prozesuak eta ospitaleko arretakoak, pazientearen asistentzia-prozesuan beharrezkoa den integrazio klinikoari bidea emateko; hartara, osasun-arreta pertsonaren inguruan antolatuko da, hura baita asistentzia-jardueraren helburu.

  2. ESIak sortzeko, aldatzeko eta desegiteko edota izen ofiziala zehazteko erabakia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Administrazio Kontseiluak hartu behar du, Estatutuen 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onetsi ziren, eta erabaki hori hartu behar du osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

ESIak bi motatakoak izan daitezke:

  1. ESI orokorra. Lehen mailako arretako zerbitzu eta unitateekin batera, ospitale orokorrak ere sartu dira, eta zenbait espezialitatetako asistentzia-zerbitzu eta -unitateak biltzen ditu.

  2. ESI monografikoa. Asistentzia-jarduera, oro har, esparru jakin baten inguruan gauzatzen da. Horietan sartzen dira esparru horretako zerbitzuak eta gailuak, eta beste osasun-zerbitzu batzuekin (lehen mailako arretakoak nahiz ospitale-arretakoak), edo, hala badagokio, gizarte-zerbitzuekin eta bestelako erakundeekin koordinatuta lan egiten dute.

ESIen neurriaren eta konplexutasunaren arabera, eta beste zenbait irizpide aintzat hartuta besteak beste, zerbitzua zenbat biztanleri ematen dioten, zer nolako erreferentziazko ospitalea den, lehen mailako arretako zenbat unitate dituzten atxikita, unibertsitate-izaerakoa den, ikerketa-jarduerarik egiten duen eta zenbatekoa egiten duen, nolako sakabanaketa geografikoa duen, lau ESI mota eratzen dira; hain zuzen ere hauek:

a) I. motako ESIa.

  1. motako ESI izango dira unibertsitate-ospitaleak dituzten, konplexutasun handikoak diren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiz euskal osasun-sistemarako erreferentziazko gisa jotzen diren unitate edo zerbitzuak dituzten erakundeak.

    II. motako ESIa.

  2. motako ESI izango dira I. motako ESI izateko ezaugarrietakoren bat betetzen ez duten osasun-zerbitzuen erakundeak, edo, aurreko ezaugarriak beteagatik ere, konplexutasun gutxiagokoak izateagatik Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak hala erabakitzen dituenak.

    Era berean, II. motako ESIak izango dira bi ospitale monografiko edo gehiago dauzkaten zerbitzu-erakunde monografikoak.

    III. motako ESIa.

  3. motako ESIak izango dira, lehen mailako arretako zerbitzu eta unitateekin batera, ospitale orokor bat izan eta arreta 300.000 biztanle baino gutxiagoko populazio-oinarriari ematen dioten zerbitzu-erakundeak.

    Era berean, III. motako ESIak izango dira osasun mentaleko ospitalez kanpoko zerbitzuak eta ospitale monografiko bakar bat dituzten erakundeak ere.

    IV. motako ESIa.

  4. motako ESIak izango dira neurri txikiko zerbitzu-erakunde monografikoak.

    Talde honen barruan sartuko dira, halaber, aurreko irizpideekin bat etorriz, aurretiaz adierazitako beste ESI motetan sailkatuta ez daudenak ere.

  1. ESIek antolaketa-egitura hauxe dute: Zuzendaritza-organoak, partaidetza-organoak, ospitale-zerbitzuen asistentzia-antolaketa eta lehen mailako arretako unitateak.

  2. ESIen Zuzendaritza-organoak dira: gerentziako Zuzendaritza, Zuzendaritza-taldea (Zuzendaritza hauek osatzen dute: medikuntzako Zuzendaritzak, arreta integratuaren zuzendaritzak, erizaintzako Zuzendaritzak, langileen Zuzendaritzak, ekonomia eta finantza Zuzendaritzak eta kudeaketako Zuzendaritzak) eta Zuzendaritza-kontseilua.

  3. ESIetan partaide hartzeko organo hauek daude: Asistentzia Klinikorako Kontseilua, Gizarte Kontseilua eta Batzorde Soziosanitarioa.

  4. ESIen asistentzia-antolaketari dagokionez, berriz, ospitale-zerbitzuek eta lehen arretako unitateek osatzen dute.

1. I. eta II. motako ESIek zuzendaritza-organo hauek izango dituzte, eta ESIak zuzentzeaz eta kudeatzeaz arduratuko dira:

  1. Gerentziako Zuzendaritza.

  2. Medikuntzako Zuzendaritza.

  3. Arreta Integratuaren Zuzendaritza.

  4. Erizaintzako Zuzendaritza.

  5. Langileen Zuzendaritza.

  6. Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza.

  7. Zuzendaritza Kontseilua.

    III. motako ESIek zuzendaritza-organo hauek izango dituzte, eta ESI horiek zuzentzeaz eta kudeatzeaz arduratuko dira:

  1. Gerentziako Zuzendaritza.

  2. Medikuntzako Zuzendaritza.

  3. Erizaintzako Zuzendaritza.

  4. Langileen Zuzendaritza.

  5. Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza.

  6. Zuzendaritza Kontseilua.

    IV. motako ESIek, hain konplexuak ez direnez, zuzendaritza- eta kudeaketa-esparru hauek izango dituzte:

  1. Gerentziako Zuzendaritza.

  2. Kudeaketako Zuzendaritza.

    Erakunde horietan, dauden egiturazko lanpostuen bidez emango da beharrezkoa den egiturazko laguntza. Era berean, Kudeaketako Zuzendaritzak bere gain hartuko ditu Langileen Zuzendaritzari eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari dagozkion eginkizunak. Gerentziako Zuzendaritzak, bestalde, bere gain hartuko ditu Medikuntzako Zuzendaritzari eta Erizaintzako Zuzendaritzari dagozkien eginkizunak. Horretarako, zehazten diren lanpostu funtzionalen laguntza izango dute eta haiei eskuordetu egitekoak.

  1. ESIaren Gerentziako Zuzendaritza ESIaren hierarkia zuzentzeaz nahiz ospitaleen eta lehen mailako arretako unitateen kudeaketa koordinatzeaz arduratzen da.

  2. Gerentziako zuzendaria zuzendaritzako kargutzat hartzen da, honako hauetan ezarritakoari lotuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 27. artikuluaren araubideari eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoari.

  3. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Zuzendaritza Nagusiak izendatu eta kenduko du kargutik Gerentziako Zuzendaritzan zuzendari karguan egongo den pertsona, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean ezartzen diren baldintzei jarraikiz.

  4. Izendapena egiteko, aurretiaz deialdi publikoa egin beharko da, kargua betetzeko beharrezkoak diren unibertsitate-titulua, eta gaitasun eta eskarmentu profesionala egiaztatzeko. Karguari uztea, berriz, aukerakoa izango da, baina kargu uzteari buruzko ebazpenak arrazoitua izan behar du.

  5. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ESIaren Gerentziako Zuzendaritza ebaluatuko du, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideekin, legezkotasuna betetzeko irizpideekin, eta ezarritako helburuen arabera emaitzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erantzukizunaren irizpideei jarraikiz.

Gerentziako Zuzendaritzari dagozkio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onetsi dira 15.1 artikuluan emandako eskuduntzak gauzatzea, baita eginkizun hauek gauzatzea ere:

  1. ESIaren ordezkari ofizial gisa aritzea, eta erakunde hori osatzen duten zerbitzu eta unitateen gaineko agintea edukitzea.

  2. ESIaren plan estrategikoak onestea, eta aurreikusi diren aldi baterako helburuak zein diren eta estrategikotzat jotzen diren inbertsioak zein diren adieraztea, berdintasun eta euskara sustatzeko politikak aintzat hartuta, haien ardatz direnez.

  3. Gerentziako Zuzendaritza Taldeak garatu beharreko proiektuak onartzea.

  4. Urteko Kudeaketa Plana onartzea.

  5. Erakundea osatzen duten zerbitzu eta unitateen antolaketa, horniketa, ebaluaketa eta kontrola zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, ezarritako helburuak lortzeko.

  6. Kontratu-programa urtero sinatzea, ESIaren ordezkari gisa.

  7. Aurrekontu-proposamena, behin-behineko finantza egoerak eta jardueren urteko txostena onartzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Administrazio Kontseiluari aurkezteko.

  8. Langileen buru izatea. Nolanahi ere, aintzat hartuko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Estatutuetan azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren giza baliabideen kudeaketa-arloan Erakunde Zentralari ematen zaizkion ahalmenak.

  9. Giza baliabideak, baliabide materialak, teknologikoak, finantzarioak eta ingurumen-baliabideak antolatzea ESIaren esparruan.

  10. Irakaskuntza eta prestakuntza gidatzea eta sustatzea.

  11. Euskara Plana garatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko estrategiak koordinatzea eta bultzatzea.

  12. Garapena eta lankidetza sustatzea ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-arloan, eta ezagutza transferitzea osasun-sistema publikoaren, beste administrazio batzuen, enpresen eta unibertsitateen artean, osasun-arloko eskumena duen sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak ezarritako ildo estrategikoekin bat etorriz.

  1. Kudeaketa ikuspuntu integratzaile batetik abiatuta bideratzea, lehen mailako arreta sendotuz eta erakundeko asistentzia-maila ezberdinetan garapen harmoniatsua emanez.

  2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak ezarritako irizpideekin bat etorriz, ESIa osatzen duten hainbat zerbitzutan aplika daitezkeen antolamendu-arauak eta -irizpideak onestea.

  3. Zuzendaritza Kontseiluaren, segurtasun eta larrialdietako batzordearen, datu pertsonalen informaziorako segurtasun-batzordearen eta eratzen diren kide anitzeko gainerako organoen buru izatea.

  4. Gizartearen eta herritarren parte-hartzea sustatzea, eta informazio-kanalei bultzada ematea.

  5. Erkidegoko eta sektore soziosanitarioko jarduketa-esparruan aritzen diren tokiko erakundeekin eta beste erakunde batzuekin beharrezkoak diren erabakiak sinatzea, horien bidez, ezarritako estrategiak eta planak hedatzeko. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren baimena beharko da. Erabaki horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren bidez izapidetuko dira.

  6. Unibertsitatearekin harremanak kudeatzea, horretarako sinatzen diren akordioekin bat etorriz.

  7. Kontzentratuta ez dagoen kudeaketa-zentro gisa aitortzean erator daitezkeen beste funtzio batzuk, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak onetsi zituen.

  8. Zuzendaritza taldekoak ordezteko araubidea zehaztea, etorri ez direlako, gaixo daudelako edo lanpostu hutsak daudelako.

  1. Eginkizunak gauzatzean, Gerentziako Zuzendaritzak 5.2 artikuluan aipatu den zuzendaritza-taldearen laguntza izango du, baita beharrezkoak diren baliabide pertsonalak ere.

  2. Zuzendaritza-taldea, ESIaren sailkapenaren arabera, Dekretu honen 6. artikuluan adierazitako zuzendaritza-organoek osatuko dute, eta hierarkikoki nahiz funtzionalki gerentziako zuzendaritzaren mendekoa izango dira.

  3. Zuzendaritza-taldeak zuzendaritzako karguduntzat joko dira, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan aurreikusitako araubidearen mende egongo dira, baita Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoaren mende ere.

  4. Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetzan ematen dizkien funtzioak eta zereginak hartu ahal izango dituzte zuzendaritzako organoek beren gain, eta, aldi berean, beren mendeko unitate eta zerbitzuen jarduerak gainbegiratuko dituzte, eta haiei jarraipena egin.

  5. Zuzendaritzako langileak askatasunez izendatu eta bereiziko ditu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Zuzendaritza Nagusiak. Gerentziako Zuzendaritzak egingo du proposamena, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean zehazten den moduan. Karguari uztea, berriz, aukerakoa izango da, baina kargu uzteari buruzko ebazpenak arrazoitua izan behar du.

  6. Izendapena egiteko, aurretiaz deialdi publikoa egin beharko da, kargua betetzeko beharrezkoak diren unibertsitate-titulua, eta gaitasun eta eskarmentu profesionala egiaztatzeko.

  7. Zuzendaritza-organoek ezarriko dituzte haien erantzukizunaren eremuko jarduera ebaluatzeko adierazleak.

  8. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ebaluatuko ditu zuzendaritza organoak, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideekin, legezkotasuna betetzeko irizpideekin, eta ezarritako helburuen arabera emaitzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erantzukizunaren irizpideei jarraikiz.

  1. Medikuntzako Zuzendaritzak betetzen ditu zuzendaritza klinikoaren zereginak ESIaren zerbitzu- eta unitate-esparruan. Dagozkion funtzioak egitean, bi asistentzia-mailetako profesionalen artean arreta integratuari bide emango dieten elementuak hedatzen jarriko du arreta, Gerentziako Zuzendaritzak onartutako eta Arreta Integratuaren Zuzendaritzak proposatutako ildoekin bat etorriz.

    III. motako ESIetan, Medikuntzako Zuzendaritza da, gainera, Arreta Integratuaren Zuzendaritzari dagozkion eginkizunak hartzen dituen organoa.

  1. Medikuntzako Zuzendaritzak, halaber, eginkizun hauek izango ditu:

    1. ESIaren ospitale-arretako fakultatiboen jarduerak zuzentzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

    2. Beharrezkoak diren programak gauzatzea, sisteman ahalik eta eraginkortasun handiena izan dezan.

    3. ESIaren medikuntza- eta asistentzia-jardueren eta bestelako mediku-jardueren jarraipena egitea, emandako zerbitzuen kalitate-maila ebaluatzea, eta hobetzeko neurri egokiak proposatzea, Arreta Integratuaren Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    4. Ospitale-eremuko A1 lanbide-taldeko langileen irakaskuntza- eta prestakuntza-jarduerak sustatzea eta ikuskatzea.

    5. Ospitale-eremuko I+G+B jarduerak sustatzea, lehentasunak definitzea eta gainbegiratzea, Gerentziako Zuzendaritzak ezarritako irizpideekin bat etorriz.

    6. Jarraibideak ezartzea eta erakunde sanitarioetako hainbat zerbitzu edo unitateei loturiko ospitale-eremuko baliabide klinikoen jardueraren kudeaketa koordinatzea, gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinatuta.

    7. Prozesuak dagokien eremu funtzionalean kudeatzea, beste esparru funtzional batzuetako zuzendariekin koordinatuta.

    8. Gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinaturik, arreta integratuaren eskaintza bermatzea. Horretarako, beste arreta-ibilbide eta asistentzia-prozesu batzuk definituko dira asistentzia ikuspuntu orokor eta etengabekoan jorratzeko.

    9. Gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinaturik, informazio-sistema integratua bultzatzea, asistentzia-jardueraren kudeaketa integratua eta jarraipena bermatzeko, bai eta jarduera horren kalitatea eta etengabeko hobekuntza bermatzeko ere.

    10. Asistentzia-maila guztietan, pazientearen segurtasunaren ezagutza eta kultura bultzatzea eta garatzea profesional eta pazienteen artean.

    11. Praktika klinikoari buruzko gidak sustatzea ospitale-eremuan, erabaki klinikoak eta jardunbide- eta bideratze-protokoloak hartzeko, eta jardunbide klinikoan aldakortasuna murrizteko (horretarako, diagnostiko- eta terapia-prozeduren bikoiztasuna kenduko da), osasun-arloko sail eskudunak ezarritako ildoekin bat etorriz, eta gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinatuta.

    12. Gainerako asistentzia-zuzendaritzekin batera, ezarriko diren kontsulta-batzordeak koordinatzea.

    1. Euskara Plana eta Berdintasun Plana garatzeko eta aplikatzeko erabakiak betetzea.

    2. Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetutako beste edozein eginkizun aurrera eramatea.

  1. Arreta Integratuaren Zuzendaritza ESIaren lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren asistentzia anbulatorioaren arloko jarduera bateratzeaz arduratzen da, Medikuntzako Zuzendaritzarekin eta Erizaintzako Zuzendaritzarekin batera.

  2. Era berean, Arreta Integratuaren Zuzendaritza bere jarduera beste esparru batzuekin koordinatzeaz arduratzen da; besteak beste, esparru komunitarioarekin eta soziosanitarioarekin. Helburua da komunitatearekiko lotura bultzatzea, osasuna eta arreta soziosanitarioa sustatuz eta prebenituz.

  3. Gainera, Arreta Integratuaren Zuzendaritzak eginkizun hauek izango ditu:

    1. ESIaren lehen mailako arretako eta arreta anbulatorioko fakultatiboen jarduerak zuzentzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

    2. Integrazio-mekanismoak garatzea profesionalen, arreta-zerbitzuen eta arlo sanitarioan eta soziosanitarioan eskumenak dituzten beste zerbitzu komunitario batzuen artean, eta ESIaren batzorde soziosanitarioa zuzendu eta koordinatzea.

    3. Gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko jarduerak egingo direla bermatzea, eta irtenbideak komunitate eremuan emateko gaitasuna sustatzea.

    4. Osasunerako prebentzio-, sustapen- eta heziketa-jarduerak osasun publikoko egiturekin koordinatuta egiten direla ziurtatzea.

    5. Gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinaturik, arreta integratuaren eskaintza bermatzea. Horretarako, beste arreta-ibilbide eta asistentzia-prozesu batzuk definituko dira asistentzia ikuspuntu orokor eta etengabekoan jorratzeko.

    6. Gizartearen eta herritarren parte-hartzea bideratzea, bultzatzea eta koordinatzea. Horretarako, komunikazio-kanalak hobetuko dira, eta osasunaren gaineko erantzukizun partekatua eta norbere buruaren kudeaketa eraginkorra bultzatu.

    7. Gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinaturik, informazio-sistema integratua bultzatzea, asistentzia-jardueraren kudeaketa integratua eta jarraipena bermatzeko, bai eta jarduera horren kalitatea eta etengabeko hobekuntza bermatzeko ere.

    8. Ikerketako, irakaskuntzako eta berrikuntzako jarduera bultzatzea lehen mailako arretan, eta horretarako beharrezkoak diren aliantzak egitea.

    9. Lehen mailako arretan pazienteak izan behar duen segurtasunaren ezagutza eta kultura bultzatzea eta garatzea profesional eta pazienteen artean, asistentzia maila guztietan. Lan hori Medikuntzako Zuzendaritzarekin batera egingo da.

    10. Kontratu-programa hedatuko dela ziurtatzea, gainerako zuzendaritzekin lankidetzan arituta.

    11. Euskara Plana eta Berdintasun Plana garatzeko eta aplikatzeko erabakiak exekutatzea.

    12. Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetutako gainerako funtzioak.

  1. Erizaintzako Zuzendaritzak bideratu eta koordinatzen du, oro har, ESIko erizaintza-jarduera nagusia. Era berean, ospitaleko arretaren eta lehen mailako arretaren integrazioa koordinatuko du, eta erizaintzak herritarrei begira lan egiten duela ikustarazteaz arduratuko da esparru komunitarioan nahiz soziosanitarioan, Gerentziako Zuzendaritzak Arreta Integratuaren Zuzendaritzarekin eta Medikuntzako Zuzendaritzarekin koordinatuta ezarritako irizpideekin bat etorriz.

  2. Gainera, egiteko hauek izango ditu Erizaintzako Zuzendaritzak:

    1. ESIaren erizaintzako jarduerak koordinatzea eta ebaluatzea.

    2. Erizaintzako jardueren jarraipena egitea, emandako zerbitzuen kalitatea ebaluatzea eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko neurri egokiak proposatzea, gainerako asistentzia-zuzendaritzekin koordinatuta.

    3. Beharrezkoak diren programak gauzatzea, sisteman ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko.

    4. Erizaintzako langileen irakaskuntza- eta prestakuntza-jarduerak sustatzea, lehentasunak definitzea eta ikuskatzea.

    5. I+G+B jarduerak sustatzea eta gainbegiratzea, Gerentziako Zuzendaritzak ezarritako irizpideekin bat etorriz.

    6. Erakunde sanitarioaren zerbitzuei atxikitako erizaintzako baliabide klinikoen kudeaketa egitea eta haien gaineko jarraibideak ezartzea.

    7. Erizaintzari dagokion esparru funtzionalean, zeharkako antolaketa-unitateen prozesuak kudeatzea, beste eremu funtzional batzuetako zuzendaritzekin koordinatuta.

    8. Praktika Klinikoko Gidak ezar daitezen laguntzea, eta horiei egiten zaien jarraipena eta ebaluazioa, eta horiek duten eragina ikuskatzea.

    9. Herritarrak ahalduntzeko jarduerak bultzatzea, Arreta Integratuaren Zuzendaritzarekin koordinatuta, hala badagokio.

    10. Euskara Plana eta Berdintasun Plana garatzeko eta aplikatzeko erabakiak exekutatzea.

    11. Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetutako gainerako funtzioak.

  1. Langileen Zuzendaritzak kudeatzen ditu ESIko langileak, haien prestakuntza eta garapen profesionala eta ordainsariak. Horrez gain, lan-jardueraren eta profesionalak hautatzeko nahiz integratzeko kudeaketa-politika bultzatzen du, horretarako ezartzen diren jarraibide orokorrekin bat etorriz.

  2. Eginkizun hauek egitea dagokio Langileen Zuzendaritzari bere jarduketa-esparruan:

    1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusi eta Giza Baliabideetako Zuzendaritzak giza baliabideen esparruan definitutako politika korporatiboak ezartzea eta horiek ebaluatzea, eta, horrez gain, profesionalen arteko koordinazioa ahalbidetuko duen kultura sustatzea.

    2. Asistentzia-esparru guztietako profesionalen eskumen-profilak identifikatzea eta definitzea, erakunde integratuaren beharrizanetara egokitzeko.

    3. Plantilla antolatzeko azterketak egitea, eta plantilla behar bezala dimentsionatzea, ESIko profilen definizioan nahiz egituran oinarrituta.

    4. Erakundeak definitutako prestakuntza-planak eta gaitasunak garatzeko planak zabaltzea, egungo lanean nahiz etorkizunean lan-prozesuak gauzatzeko errendimendua eta garapena hobetzeko.

    5. Euskara Plana eta Berdintasun Plana garatzeko eta aplikatzeko erabakiak exekutatzea.

    6. Langileak biltzeko, hautatzeko, sartzeko eta haiei harrera egiteko prozesua egitea eta kontrolatzea, araututakoa betetzen dela bermatzeko. Horrez gain, erakundeko profesionalak egokiak direla bermatzeko mekanismoak garatzen laguntzea. Halaber, langileak deslotzeko prozesu egoki bat bermatzea.

    7. ESIko langileak administratzea eta nola administratzen diren gainbegiratzea, modu horretan bermatuko baita kontratazio, langabeziaren ebaluazio, legezko absentismo, administrazio-erantzukizun, diziplina-erregimen, trebakuntza eta garapen, lanaldi eta ordainsarien ordainketaren alorreko arauak eta lege- nahiz arau-xedapenak betetzen direla, bai eta indarrean dagoen legezko araudiak ezartzen dituen beste batzuk ere.

    8. Erakundeko langileen esparruko aurrekontua eta gastua kontrolatzea. Horretarako, kudeaketa eta kontrolerako barne sistemak ezarriko dira, besteak beste, desbideratzeen eta horniduren analisiak egiteko.

    9. Erakundeko lan-harremanen esparrua kudeatzea, baita lan-gatazkak ere, betiere ezarritako eta araututako mekanismoetan oinarrituta.

    10. Lan-osasunaren batzordea zuzentzea eta lan-arriskuei aurre egiteko politika egokia kudeatzea, ezarritako jarraibideen eta araudiaren arabera. Hala, langileen osasunaren eta lan-baldintzen babes-maila egokia lortuko da.

    11. Karguaren arabera, Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetutako beste funtzio batzuk.

  1. Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza ESIaren ekonomia- eta finantza-administrazioa kudeatzeaz arduratzen da. Horretarako, modu eraginkorrean integratuko ditu ekonomia- eta finantza-baliabideak nahiz erabilitako materialak, eta dagokien aurrekontua kudeatuko du, kontabilitate, kontsumo, erosketa, hornidura, eta hornitzaileen kudeaketa eginez.

  2. Eginkizun hauek gauzatzea dagokio Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari, bere jarduketa-esparruan:

    1. Gerentziako Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea gastu eta kostuen kontrolean. Hala, errazagoa izango da erakundearen maila ezberdinetan ekonomia eta finantza arloko erabakiak hartzea, asistentzia-prozesuak eraginkorragoak izan daitezen, eta ESIa bera ere bai.

    2. Esparruko plan ekonomikoak bideratzea, ebaluatzea eta betetzen direla kontrolatzea.

    3. ESIaren Gerentziako Zuzendaritzari urteko aurrekontuaren proposamena aurkeztea.

    4. Erakundearen maila ezberdinetan kudeaketa behar bezala kontrolatzeko beharrezkoa den informazioa ematea.

    5. ESIaren ondasunak, azpiegiturak eta zerbitzuak kontratatzera bideratutako jarduera kudeatzea eta kontrolatzea.

    6. Hornidura eta zerbitzu orokorren sistema logistikoen funtzionamendua diseinatzea, ezartzea, zuzentzea eta kontrolatzea.

    7. Dagokion esparruan, aurrekontuak gauzatzea eta haien jarraipena egitea.

    8. ESIaren fakturazioaren eta diru-sarreren kudeaketa zuzentzea.

    9. ESIaren ingurumen-kudeaketa eta energia-eraginkortasuna zuzentzea.

    10. Instalazioen mantentze-lanak, birmoldatze-lanak eta azpiegiturekin loturiko beste alderdi batzuk kudeatzea.

    11. Bere esparruko informazio-sistemen hedapena erraztea, optimizatzea eta bultzatzea, eta erabakiak hartzeko eremuetara zabaltzea.

    12. Finantza-plangintza diseinatzea epe luze, ertain eta laburrean.

    1. Erakundearen inbertsio-plana diseinatzea eta estrategiak ezartzea inbertsio-plan horiek gauzatzeko finantza-baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko.

    2. ESIko zuzendaritza-taldeko gainerako kideekin lankidetzan, ekonomia- eta finantza-kudeaketaren adierazleak ezartzea, eta horien jarraipena eta analisia egitea.

    3. Euskara Plana eta Berdintasun Plana garatzeko eta aplikatzeko erabakiak exekutatzea.

    4. ESIaren Zuzendaritza Gerentziak eskuordetutako beste eginkizun batzuk egitea.

  1. Kudeaketako Zuzendaritza Langileen Zuzendaritzari eta Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari dagozkien eginkizunak gauzatzeaz arduratzen da IV. motako ESIetan, konplexutasun txikiagoko erakundeak diren aldetik. Hain zuzen, Dekretu honen 13. eta 14. artikuluetan ezarrita daude eginkizunok.

  2. Era berean, Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetutako beste funtzio batzuk beteko ditu.

  1. Zuzendaritza Kontseilua kide anitzeko organoa da, eta ESIaren kudeaketan Gerentziako Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzeaz arduratzen da. Hari dagozkio proposamena eta aholkularitza egiteko eginkizunak, baita jarraian adierazitako esparruetako estrategiak lantzeko eginkizunak ere:

    1. Plan Estrategikoa egitea Gerentziako Zuzendaritzak onartzeko, eta haren jarraipena egitea.

    2. Urteko Kudeaketa Plana egitea Gerentziako Zuzendaritzak onar dezan, eta haren jarraipena egitea.

    3. Kontratu-programa garatzeko esku-hartzeen hedapen-estrategiak diseinatzea, bereziki arreta integratuaren ereduari dagozkionak.

    4. Funtzionamendu klinikoaren prozesuak eta kudeaketa-prozesuak eta barne-antolamendua eta -koordinazioa hobetzeko neurriak aztertzea, arlo horretan dauden beharrizanak aintzat hartuta eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartutako jarraibideekin bat etorriz.

    5. Urteko memoria egitea, Gerentziako Zuzendaritzak onar dezan.

    6. Partaidetza-organo ezberdinetatik eratorritako proposamenak aztertzea eta bultzatzea.

    7. Kontratu-programaren autoebaluazioa garatzea.

    8. ESIaren Gerentziako Zuzendaritzak agindutako beste edozein funtzio, edo, hala badagokio, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak agindutakoa.

  2. Zuzendaritza Kontseiluaren osaera Gerentziako Zuzendaritzak ezarriko du, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ezarritako irizpideekin eta ESIaren ezaugarri bereziekin bat etorriz. Kontseiluko kideen artean, ESIaren zuzendaritza-taldeko kideak sartuko dira. Era beran, eztabaidatu beharreko gaiaren arabera beste zerbitzu-burutza eta pertsona batzuek ere parte hartzea erabaki daiteke, bai eta 19. artikuluaren 6. puntuan adierazitako Asistentzia Klinikorako Kontseiluko kideen ordezkariek ere.

  3. Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendu-araubideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako aurreikusitakoa beteko du, eta, gutxienez, bi hilean behin egingo ditu bilerak.

Asistentzia Klinikorako Kontseilua aholkularitza teknikoa emateaz arduratzen da, eta aukera ematen die asistentziaren arloko profesionalei ESIen kudeaketan parte hartzeko.

Asistentzia Klinikorako Kontseiluaren eginkizunak, nahitaez, ESIaren Plan Estrategikoen aurreikuspenen barruan gauzatuko dira. Hona hemen eginkizun horiek:

  1. Asistentziaren kalitatea bermatzeko politikak egitea eta proposatzea, baita erakundearen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeari buruzkoak ere.

  2. Arreta integratuaren garapen eraginkorrerako proposamenak egitea, bai asistentziaren esparruan, bai esparru komunitarioan eta soziosanitarioan.

  3. Asistentzia-, diagnosi- eta terapeutika-estrategia berriak balioestea.

  4. Ikerketa, irakaskuntza eta prestakuntzaren alorretako jardun-ildoak proposatzea.

  5. Asistentzia Klinikorako Kontseiluaren ordezkari gisa Zuzendaritza Kontseiluan eta Kontseilu Sozialean parte hartuko duten kideak proposatzea.

  1. Asistentzia Klinikorako Kontseilua hauek osatuko dute, gutxienez:

    1. Medikuntzako Zuzendaritzak, zeina Kontseiluko buru izango den.

    2. Kide hauek:

      1. Arreta Integratuaren Zuzendaritzak.

      2. Erizaintzako Zuzendaritzak, eta, hala badagokio, Arreta Komunitarioko arloko buruak.

      3. Zuzendaritza Kontseiluak proposatutako lehen mailako arretako unitateko bi arduradunek.

      4. Zuzendaritza Kontseiluak proposatzen dituen ospitaleko bi arduradun klinikok.

      5. Zuzendaritza Kontseiluak proposatzen dituen erizaintzako bi arduradunek.

      6. Langile fakultatiboen eta erizaintzako langileen ordezkari diren ESI bakoitzeko lau kidek, lehen mailako arretako eta ospitale-arretako ordezkaritza bermatzeko.

  2. ESIko Zuzendaritza Kontseiluak hautatuko ditu langile fakultatiboen eta erizaintzako langileen ordezkariak. Aurretiaz jarduera-esparru bakoitzerako hautagaiak aztertuko dira, eta bermatuko bi asistentzia-mailetan ordezkaritza paritarioa egotea, baita lanbide aniztasuna izatea ere.

  3. Hautagaiak ESIko Zuzendaritza Kontseiluak definitutako denboran eta moduan aurkeztuko dira. ESIko estatutupeko langileak eta lan-kontratudun finkokoak izan daitezke hautagai.

  4. Asistentzia Klinikorako Kontseiluetako kideen izendapenak Gerentziako Zuzendaritzak egingo ditu. Izendapenok bi urteko indarraldia izango dute, luzatzeko aukerarekin.

  5. Asistentzia Klinikorako Kontseiluaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da. Ordezkaritza orekatua dela esaten da sexu bakoitzak, gutxienez, % 40ko ordezkaritza baldin badu.

  1. Asistentzia Klinikorako Kontseiluaren funtzionamendu-araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako aurreikusitakoari lotuko zaio, eta bilerak, gutxienez, hiru hilean behin egingo dituzte.

  2. Asistentzia Klinikorako Kontseiluak Gerentziako Zuzendaritzari proposatuko dio lan-batzordeak edo talde bereziak sortzea. Talde horietan kontseilukoak ez diren pertsonek har dezakete parte.

Kontseilu Soziala ESI bakoitzean dagoen organo aholku-emailea eta parte-hartzeko eta aholkularitzarako organoa da. Erakundeari aholkuak emango dizkio erabakitzen den gizarte- eta komunitate-gaietan.

Honako hauek izango dira Kontseilu Sozialaren eginkizunak:

  1. Gerentziako Zuzendaritzari aholkuak ematea erakundea klinikoki gobernatzeko, ESIak behar bezala funtziona dezan.

  2. ESaIren Kontratu Programa ebaluatu ostean, izandako emaitzen arabera, hobetu beharreko alorrak proposatzea.

  3. Gerentziako Zuzendaritzari aholkuak ematea erakundearen inbertsio- eta kontratazio-planei buruz, ESIak behar bezala funtziona dezan.

  4. ESIan aurkezten diren kexa eta erreklamazioei dagokienez, hobetu beharreko eremuak aztertzea eta proposatzea.

  5. ESIan aurkezten diren asebetetze-inkestei eta gizarte-partaidetzako beste metodo batzuei dagokienez, hobetu beharreko eremuak aztertzea eta proposatzea.

  1. Kontseilu Soziala kide hauek osatuko dute: ESIaren ordezkariak, udal- eta foru-ordezkariek, ESIaren komunitate-, ekonomia- eta gizarte-arloko ordezkariek eta osasun-arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko ordezkariak.

  2. Hauek dira ESIaren ordezkari:

    1. Gerentziako Zuzendaritza, zeina Kontseiluaren buru izango den.

    2. Arreta Integratuaren Zuzendaritza edo Kudeaketako Zuzendaritza IV. motako ESIen kasuan.

    3. Erizaintzako Zuzendaritza.

    4. Asistentzia Klinikorako Kontseiluaren ordezkari bat; kontseiluko lehendakariak izendatuko du.

    5. ESIko Batzorde Soziosanitarioaren ordezkari bat; batzorde horretako lehendakariak izendatuko du.

  3. Udal- eta foru-ordezkari gisa arituko dira:

    1. ESIak zerbitzua ematen duen lekuko herritarren ordezkari izango diren bi kide. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuko ditu.

    2. ESIa dagoen lurralde historikoko foru-aldundian eskumena duen organoak izendatutako kide bat, foru-aldundia ordezkatzeko.

  4. ESIaren komunitate-, ekonomia- eta gizarte-arloko ordezkari gisa arituko dira:

    1. Gehienez ere hiru kide; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, Zuzendaritza Kontseiluaren proposamena jaso ostean, zeinak ESIaren gizarte- eta ekonomia-ingurua kontuan hartuta proposatuko dituen. Kide horiek paziente-elkarte, erakunde komunitario, enpresa eta bestelako korporazioen artetik hautatuko dira.

    2. Sindikatuen ordezkari izango den kide bat. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren sektore-mahaian ordezkaritza duten sindikatuek hautatuko dute.

  5. Osasun-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren ordezkari izango diren bi kide, osasun-arloko eskumena duen sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzakoak; sailburuak izendatuko ditu.

  6. Kontseilu Sozialaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da. Ordezkaritza orekatua dela esaten da sexu bakoitzak, gutxienez, % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Kontseilu Sozialak urtean, gutxienez, bi bilera egingo ditu.

Funtzionamendu-araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako aurreikusitakoaren arabera ezarriko da.

  1. Batzorde Soziosanitarioa profesionalek ESIaren esparru soziosanitarioaren kudeaketan parte hartzeko eta haiei aholkuak eman eta jasotzeko organoa da.

  2. Batzorde soziosanitarioak Arreta Soziosanitariorako Euskal Kontseiluko organoek ezartzen dituzten jarraibide nagusiekin bat etorriz jardungo du.

  1. Hauek dira Batzorde Soziosanitarioaren eginkizunak:

    1. Eremu soziosanitarioa osatzen duten eragile eta erakundeen artean koordinazio-mekanismoak ezartzea, gainbegiratzea eta garatzea.

    2. Zabaldutako jarduketa-ildoen emaitzak balioestea eta hobetzeko eremuak proposatzea.

    3. Koordinazio soziosanitarioarekin erlazionatutako gaietan, kontratu programaren autoebaluazioa egitea, gainbegiratzea eta garatzea.

  2. Berariazko batzordeak eratu ditzake Batzorde Soziosanitarioak, jarduera-mekanismoak antolatzeko eta ebaluatzeko. Batzorde horietan ESIko beste profesional batzuek, udaletako gizarte-eremuetakoek eta, hala badagokio, baita lurraldetakoek ere har dezakete parte.

  1. Batzorde Soziosanitarioa lehendakari batek eta kide hauek osatuko dute, gutxienez:

  2. Lehendakaria: Arreta Integratuaren Zuzendaritza, edo, hala badagokio, Medikuntzako Zuzendaritza.

  3. Kideak izango dira:

    1. Erizaintzako Zuzendaritza.

    2. Gerentziako Zuzendaritzak proposatuko ESIko hiru pertsona.

    3. Dagokion lurralde historikoko eremu soziosanitarioko ordezkari bat edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

    4. Osasun arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko osasun publikoko ordezkari bat; lurralde-ordezkariak proposatuko du nor.

    5. Farmazia komunitarioko bi ordezkari; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, ESIa dagoen lurralde historikoko farmazialarien elkargo ofizialak proposatu ostean.

    6. Udalen gizarte-esparruko bi ordezkari. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuko ditu.

    7. Dagokion foru-aldundiko gizarte-esparruko bi ordezkari.

  4. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez izendatuko dira Batzorde Soziosanitarioko kideak. Batzordean parte hartzeko kide gehiago izendatzea ere erabaki dezake, batzordeak edo Gerentziako Zuzendaritzak proposatzen badio, behar bezala arrazoituta.

  5. Batzorde Soziosanitarioaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da. Ordezkaritza orekatua dela esaten da sexu bakoitzak, gutxienez, % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Batzorde Soziosanitarioak urtean, gutxienez, bi bilera egingo ditu.

Funtzionamendu-araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoetarako aurreikusitakoaren arabera ezarriko da.

  1. Egitura hau dute, oro har, ESIen asistentzia-zerbitzuek:

    1. Ospitale-zerbitzuak.

    2. Lehen mailako arretako unitateak.

  2. Adierazitakoa aintzat hartuta, ESIetan zeharkako asistentzia-jarduerak egiten dituzten antolaketa-unitateak egon daitezke dauden zerbitzuetarako. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak onartuko du erakunde horien osaera eta funtzionamendu-araubidea, Gerentziako Zuzendaritzaren proposamena jaso ostean.

    1. ATALA

    OSPITALEKO ZERBITZUAK

  1. Ospitaleko pertsonak, teknologiak eta azpiegitura guztiak dira ospitaleko zerbitzuak, eta horien guztien helburua da ospitaleko asistentzia-prozesuak kalitatezkoak, eraginkorrak eta efizienteak izatea.

  2. Ospitaleko zerbitzuek Kudeaketa Planean aurreikusitako jardueretara egokituta jardungo dute.

  3. Ospitaleko zerbitzu bakoitzak asistentzia-helburuak ezarriko ditu. Horretarako, ESIaren kontratu-programaren konpromisoak hartuko ditu kontuan, ESIko gainerako unitate eta zerbitzuekin koordinatuta jardun behar dela abiapuntu gisa hartuta, hari atxikitako biztanleei arreta integrala emateko.

  4. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak erabakiko du ospitaleko zerbitzuak sortzea, aldatzea edo kentzea, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamena kontuan hartuta. Horretarako, dena den, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan xedatutako baimenak beharko dira.

  1. Ospitaleko zerbitzu bakoitzean, burutza bat egongo da. Bi funtzio izango ditu: kudeaketa eta asistentzia ematea, eta ESIaren Medikuntzako Zuzendaritzaren mendekoak izango dira. Baina Arreta Integratuaren Zuzendaritzaren alorrari eragin diezaioketen gaietan, zuzendaritza horren mende egongo da, eta bai batzuek bai besteek elkarrekin koordinatuta aritu beharko dute.

  2. Erakundearen tamainaren arabera, Gerentziako Zuzendaritzak zerbitzu-burutza baten pean espezialitate bat baino gehiago bildu ditzake, bai eta lehen mailako arretako nahiz ospitale-arretako espezialitateak ere.

  3. Zerbitzu-burutzak bere gain hartuko ditu asistentzia-prozesuaren ardura, eta zerbitzuari egozten zaizkion giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzeko eta kudeatzeko ardura. Jatorrizko lanpostuari dagozkion eginkizunez gain, beste hauek ere izango ditu:

    1. Medikuntzako Zuzendaritzarekin adostea zerbitzuaren urteko helburuak.

    2. Zerbitzuari esleitu zaizkion baliabide materialak kudeatzea, diagnostiko eta tratamendukoak barne, eta baliabideak behar bezala erabili eta aprobetxatzen direla bermatzea, bereziki, preskripzio farmazeutikoaren kalitateari dagozkionak.

    3. Zerbitzuari atxikitako langileak kudeatzea, zerbitzu-erakundeetako dagozkien zuzendaritza-organoekin koordinatuta, bai eta giza baliabideak kudeatzeko eta langileak sartzeko, haiei prestakuntza emateko, motibatzeko nahiz garapen profesionalerako sistemak ezartzeko erabili beharreko irizpideak proposatzea.

    4. Zerbitzuaren kalitatea kontrolatzea. Horretarako, jarduera-, kalitate- eta autoebaluazio-irizpideak, eta funtzionamendu eraginkorra bermatzeko beharrezkoak diren sistema teknikoak eta kudeaketarako sistemak ezarriko dira.

    5. Uneoro ezartzea beste unitate edo zerbitzu batzuekin egin beharreko jardueren koordinazioa hobetuko duten estrategiak, eta bereziki lehen mailako arretarekin koordinazioa hobetzekoak, asistentzia-prozesu guztia integratuta egotea lor dadin.

    6. Zerbitzuko irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak kudeatzea.

    7. Zerbitzuari atxikitako pertsonen gaitasunak eta trebetasunak ebaluatzea, Gerentziako Zuzendaritzak eskatzen duenean.

      2. ATALA

      LEHEN MAILAKO ARRETAKO UNITATEAK

  1. Esleituta dituen herritarrei behar duten asistentzia emateko, ESIaren lehen mailako arreta unitatetan dago antolatuta, funtzioei dagokienez.

  2. Lehen mailako arretako unitateak lehen mailako arreta-zerbitzuak emateko pertsonek, zerbitzuek, teknologiek eta azpiegiturek osatzen dituzte. Asistentzia-prozesuaren kalitatea, eraginkortasuna eta efikazia bermatzea dute helburu.

  3. Lehen mailako arretako unitateek ESIaren Gerentziako Zuzendaritzak eskuordetzen dien kudeaketa-autonomia izan dezakete, bakoitzak dagokien kudeaketa-plana gauzatzeko.

  4. Lehen mailako arretarako unitate bakoitzaren asistentzia-helburuak ezartzean, ESIaren kontratu-programako konpromisoak hartuko dira kontuan. Abiaburua izango da beti ESIaren gainerako unitate eta zerbitzuekin koordinatuta aritzea, arreta integratua emateko ESI horretara atxikita dauden pertsonei, haien osasunaren erantzule baita.

  5. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak erabakiko du lehen mailako arretako unitateak sortzea, aldatzea edo kentzea, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren proposamena kontuan hartuta. Horretarako, dena den, osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan xedatutako baimenak beharko dira.

  6. Dena den, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak, Gerentziako Zuzendaritzak proposatzen badio, herritarrak esleiturik izan gabe asistentzia-profesionalak dituzten lehen mailako arretako unitateak sortu, aldatu edo kendu ditzake, ESIko lehen mailako arretako unitateen asistentzia-jarduerari laguntzeko.

  1. Lehen mailako unitate bakoitzean, burutza bat egongo da. Oro har, bi eginkizun izango ditu: kudeaketa eta asistentzia ematea, eta ESIko Arreta Integratuaren Zuzendaritzaren mende egongo da funtzionalki. Unitateari esleitzen zaizkion asistentzia-prozesuaz eta giza baliabideen eta baliabide materialen antolaketaz nahiz kudeaketaz arduratuko da.

  2. Lehen mailako arretako unitate-burutzak, jatorrizko plazari berari dagozkion eginkizunez gain, beste hauek ere izango ditu:

    1. Arreta Integratuaren Zuzendaritzarekin adostea lehen mailako arreta-unitateko asistentzia-helburuak.

    2. Unitateak gauzatu beharreko jarduera antolatzea eta kudeatzea, bai asistentzia-arloari dagokionez, bai ekonomiari eta administrazioari dagokienez. Solaskidea izango da ESIaren Gerentziako Zuzendaritzaren aurrean.

    3. Unitateari esleitutako baliabide materialak kudeatzea (diagnostikoari eta tratamenduari dagozkionak barne), eta behar bezala erabili eta aprobetxatuko direla bermatzea, bereziki, preskripzio farmazeutikoaren kalitatea.

    4. Unitateari esleitutako aurrekontua kudeatzea, eta galera eta irabazien kontuaren jarraipena egitea.

    5. Unitateari atxikitako langileak kudeatzea, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritza-organoekin koordinatuta, eta giza baliabideak kudeatzeko eta langileak sartzeko, haiei prestakuntza emateko, motibatzeko nahiz garapen profesionalerako irizpideak proposatzea, kontuan hartuta, nolanahi ere, langile horiek funtzionalki beste unitate edo zerbitzu batzuen mendeko izan daitezkeela.

    6. Unitatearen asistentzia-kalitatea kontrolatzea. Horretarako, Medikuntzako Zuzendaritzarekin adostuta, jarduera-, kalitate- eta autoebaluazio-irizpide espezifikoak ezarriko dira, eta unitateak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren sistema tekniko eta kudeaketakoak ere bai.

    7. Funtzionamendu-arauak ezartzea; edo, bestela, herritarrei arreta emateko estandarrak hobetzea xede duten beste edozein neurri.

    8. Uneoro ezartzea beste unitate edo zerbitzu batzuekin egin beharreko jardueren koordinazioa hobetuko duten estrategiak, asistentzia-prozesu guztia integratuta egotea lor dadin.

    9. Unitatea kudeatzeko kontratuaren proposamena egitea. Horretarako, tartean diren langileen laguntza jaso beharko da, eta arreta ematen zaien herritarren beharrak kontuan hartu. Hori dena ESIak sinatutako kontratu-programarekin bat etorriz.

    10. Unitatearen prestakuntza eta irakaskuntzako jarduerak kudeatzea.

    11. Unitatearen I+G+B jarduerak kudeatzea, Gerentziako Zuzendaritzak ezarritako irizpideekin bat etorriz.

    12. Unitateari atxikitako pertsonen gaitasunak eta trebetasunak ebaluatzea, Gerentziako Zuzendaritzak hala eskatzen duenean.

    1. Arreta sanitarioa koordinatzea Arreta Integratuaren Zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat etorriz.

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langileen hautaketa eta postu funtzionalen horniketa xedatzen duen araudiari jarraituz egingo dira ospitaleko zerbitzuetako, lehen mailako arretako unitateetako eta kudeaketa klinikorako unitateetako buruak hautatzeko, hornitzeko eta izendatzeko prozesuak.

  2. Lanpostu horien lanbide-profilak eta lanpostuak hornitzeko sistemak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan datoz jasota (edo hura ordeztuko duen araudian, bestela).

  3. Arau berari jarraituko zaio ospitale-zerbitzuetako klinika-ataleko burutza beteko duten lanpostu funtzionalak bete behar dituztenak hautatzeko, hornitzeko, lanbide-profilak ezartzeko eta izendatzeko.

  1. Ebaluazio orokorrak egingo zaizkie ospitale-zerbitzuetako eta lehen mailako arretako unitateetako zerbitzu-burutzei lau urtean behin, eta ebaluazio horien emaitzen arabera jarraituko dute edo ez zerbitzu-buruek beren postuetan.

  2. Ebaluazioa ESIko zuzendaritza-taldeak egingo du. Lanpostua hornitzeko unean ezarriko dira ebaluazioa egiteko zer prozedura eta irizpide erabiliko diren; dena den, ebaluazio-prozedura bakoitzaren ostean alda daitezke prozedura eta irizpide horiek.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Dauden erakundeak egokitzea.

  1. Gaur egun sortuta dauden ESIek egokitu egin behar dute beren araubidea arau honetan xedatutakora, haien zuzendaritza-karguen iraupenari, ordainsariei eta izendapenari dagokienez eta zuzendaritza- eta kudeaketa-erakundeei dagokienez, betiere Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak horren inguruan hartzen dituen akordioekin bat etorriz, Estatutuetan aitortzen zaizkien eskumenak baliatuz.

  2. Dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrean dauden xedapenetan lehen mailako arretako eskualdeko zuzendariari, eskualdeko Erizaintzako Zuzendaritzari, eskualdeko administratzaileari eta langileen buruari eginiko aipamen guztiak ESIko Gerentziako Zuzendaritzari eta dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorriz sortzen diren zuzendaritzei zuzenduta daudela ulertuko da.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Zenbait zerbitzu-erakunderen araubidea.

  1. Dekretu honetan ezartzen den ESI motaren batean sartzea edo ez erabakitzen den bitartean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakunde hauek ospitale monografikotzat joko dira: Santa Marina Ospitalea eta Gorlizko Ospitalea biak daude Bizkaiko osasun-esparruari dagokion lurraldean eta Gipuzkoako Osasun Mentala.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako erakundeen antolaketa egitura, Araba Errioxa- Rioja Alavesa ESIarena eta Arabako Osasun Mentalaren Sarearena, azken hauen berezitasunak direla medio, III. edo IV.motako ESIen antzekoa izango da.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Zuzendaritza-karguen araubide iragankorra.

    Dekretu hau argitaratzen den unean zuzendaritza-karguren bat betetzen duten ESIko langileek lanpostu horietan jarraituko dute zuzendaritza talde berriak sortu arte (aukera izan dezakete, dena den, zuzendaritza-talde horietan jarraitzeko).

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Zerbitzu-burutzen eta unitateen araubide iragankorra.

  1. Burutzei atxikitako langileek eginkizun horietan jarraituko dute, harik eta dagokien ebaluazioa egiten den arte.

  2. Dekretu hau argitaratu arte izendatu diren zerbitzu-buru eta unitate-buruen kasuan, 36. artikuluan jaso den ebaluazioa egiteko epea lau urtekoa izango da, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan ezarritakoaren aurka egiten duten maila bereko edo baxuagoko arauak, eta, zehazki, ospitale-arretarako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitako baliabideen antolaketa-egiturari buruzko uztailaren 23ko 194/1996 Dekretua nahiz lehen mailako arretarako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikitako baliabideen antolaketa-egiturari buruzko uztailaren 23ko 195/1996 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua egokitzea.

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 15.2. artikuluaren hirugarren paragrafoko a) idatzi-zatian eta 15.4. artikuluan xedatu diren profesionalek parte hartzeko batzorde teknikoak eta haiei egiten zaizkien erreferentziak, dekretu honetan arautzen den Asistentzia Klinikorako Kontseiluari egiten zaizkiola ulertu behar da, kontseilu horrek hartu baititu batzorde tekniko horien eginkizunak.

  2. Dekretu honen 10. artikuluan ezarritakoek ordezten dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 15.2. artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatu diren Zuzendaritza Medikoaren eginkizunak.

  3. Dekretu honen eranskinak ordezten du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren II. Eranskina, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren zerbitzu-erakundeen zerrendari buruzkoa.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Garatzeko eskumena.

    Osasun arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honen 4. artikuluan adierazi diren zentroei atxikitako unitate eta zerbitzuek euskal osasun sistemarako zenbateko erreferentzia duten zehazteko baldintzak jartzeko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak baldintza horiek ezar ditzan beharrezkoa den prozedura garatzeko.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Sailkapena.

  1. Dekretu honen aurreikuspenen arabera, harekin batera ematen den eranskinean jasotzen da gaur egun dauden osasun arloko zerbitzu-erakundeen sailkapena.

  2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak ahalmena izango du, ESIak sortu edo aldatzen direnean, horietan bildutako erakundeen zuzendaritza- eta kudeaketa-organoen izena eta eginkizunak egokitzeko.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Zuzendaritza-organoak egokitzea.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari ahalmena ematen zaio ESIak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko egituretan sartzeko, baita, kasu berezietan, zuzendaritza-organoen kopurua aldatzeko ere. Horretarako, ESIaren kudeaketak duen konplexutasunari erreparatuko zaio, betiere dagokion aurrekontu-zuzkidura badu. Edonola ere, zuzendaritza-organoen kopuruak ezin du gainditu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 15.2. artikuluan ezarritako kopurua.

    AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 3an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Osasuneko sailburua,

    JON DARPÓN SIERRA.

    UZTAILAREN 3KO 100/2018 DEKRETUAREN ERANSKINA

    OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ENTE PUBLIKOKO ZERBITZU-ERAKUNDEEN ZERRENDA

    AUTONOMIA ERKIDEGOAREN LURRALDE-EREMUA:

  1. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusia.

  2. Larrialdiak (Larrialdietako lurralde-unitateak).

  3. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa.

  4. Osatek SA.

    ARABAKO OSASUN-BARRUTIAREN LURRALDE-EREMUA

  1. Araba ESIa.

  2. Arabako Errioxa-Rioja Alavesa ESia.

  3. Arabako Osasun Mentalaren sarea.

    BIZKAIKO OSASUN-BARRUTIAREN LURRALDE-EREMUA:

  1. Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIa.

  2. Bilbo-Basurtu ESIa.

  3. Barrualde-Galdakao ESIa.

  4. Bizkaiko osasun mentalaren sarea.

  5. Barakaldo-Sestao ESIa.

  6. URIBE ESIa.

  7. SANTA Marina Ospitalea.

  8. Gorlizeko Ospitalea.

    GIPUZKOAKO OSASUN-BARRUTIAREN LURRALDE-EREMUA:

  1. Donostialdea ESIa.

  2. Debagoiena ESIa.

  3. Bidasoa ESIa.

  4. Debabarrena ESIa.

  5. Goierri-Urola ESIa.

  6. Tolosaldea ESIa.

  7. Gipuzkoako Osasun Mentalaren sarea.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.