Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

91/2018 DEKRETUA, ekainaren 12koa, zeinaren bidez irakasle espezialista eta adituak kontratatzen baitira Eusko Jaurlaritzan hezkuntza arloko eskumena duen sailaren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 123
  • Hurrenkera-zk.: 3315
  • Xedapen-zk.: 91
  • Xedapen-data: 2018/06/12
  • Argitaratze-data: 2018/06/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak zeina dagoeneko indargabetuta baitago 33.2 artikuluan helburutzat zuen tresna bereziki erabilgarri bat prestatzea, Lanbide Heziketaren irakaskuntzak aurrera egin zezan teknologia modernoen, ekoizpen-prozesu eguneratuenen eta prestakuntzaren ikusmolde berrien bidetik; horretarako, irudi juridiko hau aurreikusi eta taxutu zuen: Lanbide Heziketaren eremuko profesional espezialista.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eusten dio irakasle espezialistaren irudiari Lanbide Heziketarako, eta, horrez gain, arte, hizkuntza eta kirolen irakaskuntzara zabaltzen du irudi hori. Lege organiko horrek ahalbidetzen du, era berean, irakasle horiek kontratatzea administrazio- edo lan-araubidean.

Lanbide Heziketaren eremuan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 95.2 artikuluan ezartzen du tituludunak ez diren profesionalak ere kontratatu ahal izango direla salbuespenez modulu jakin batzuetan, irakasle espezialista gisa, baldin eta haien jarduera kasuan kasuko lan-eremuan garatzen badute, betiere kontuan hartuta profesional horien kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak.

Zenbait modulu edo irakasgaitarako, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 96.3 artikuluak aukera hori bera aurreikusten du, arte-irakaskuntzen eremuan. Alde horretatik, martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuaren 20. artikuluak 5. apartatuan adierazten du goi-mailako arte-irakaskuntzako irakasgai batzuetan tituludun ez diren profesionalak ere kontratatu ahal izango direla irakasle espezialista gisa, betiere aintzat hartuta haien kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arauturiko arte ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko eskakizunak ezartzen ditu dekretu horrek). Horretarako, profesional horiek behar den lanbide-kualifikazioa izan behar dute, eta beren jarduna kasuan kasuko lan-eremuan garatu behar dute edota atzerriko herritartasuna izan.

Hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 97.2 artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek, salbuespen moduan, profesional atzerritarrak kontratatu ahal izango dituzte, tituludun izatea nahitaezkoa ez dela, irakasle espezialista gisa, kontuan hartuta haien kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak.

Halaber, kirol-irakaskuntzaren eremuan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 98.2 artikuluak xedatzen du hezkuntza-administrazioek tituludunak ez diren profesionalak kontratatu ahal izango dituztela irakasle espezialista gisa, salbuespen moduan eta irakasgai jakin batzuetarako, baldin eta jarduera kirol- eta kasuan kasuko lan-eremuan garatzen badute, eta, betiere, kontuan hartuta profesional horien kualifikazioa eta hezkuntza-sistemaren premiak. Hala ezarrita dago Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 51. artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hamahirugarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan adierazten du irakasleen kidego eta eskaletako funtzionarioek beteko dituztela irakasle-lanpostuak, lanpostuen zerrendek zehazten dutenarekin bat; han adierazten da, halaber, salbuespen gisa izaera bereziko lanpostuak gorde ahal izango direla langile lan-kontratudunentzat, hain zuzen ere izaera berezikoak izateagatik prestakuntza akademiko jakin batekin bat ez datozelako eta ezin direlako txertatu lehendik dauden kidego edo eskaletan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, hamargarren xedapen gehigarrian, ahalbidetzen du kasuan kasuko lan-eremuan diharduten profesionalak kontratatzea irakasle espezialista bezala, Lanbide Heziketako zenbait irakasgai eta arlo emateko. Lege horren beraren hamaikagarren xedapen gehigarriak, halaber, aukera ematen du irakasle espezialistak kontratatzeko musikaren eta arte eszenikoen irakaskuntzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 27.3 artikuluak adierazten du Lanbide Heziketako tituluak onartzen dituzten arauetan aurreikusten diren kasuetan irakasle gisa jardun ahal izango dutela maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 95. artikuluan zehaztutako irakasle espezialistek. Era berean, profesionaltasun-ziurtagiriak onartzen dituzten arauetan aurreikusitako kasuetan, irakasle gisa jardun ahal izango dute urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 13. artikuluak aipatutako irakasle adituek. Azken lege-testu horrek, halaber, aipatzen du langile profesional kualifikatuak aditu gisa kontratatu ahal izango direla modulu jakin batzuetarako, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 15.3 artikuluarekin bat etorriz, modulu horien ezaugarriek hala eskatzen duten irakaspenak emateko, alegia. Profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean zehaztuko dira zein diren irakaspen horiek.

Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bateratuetako irakasle adituentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak 30. artikuluan xedatzen duenez, adituen zerbitzuak kontratatu ahal izango dira Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bateratuetan, Lanbide Heziketako tituluetan edota profesionaltasun-tituluetan bildutako moduluak emateko eskakizunak errespetatuta. Aditu horiek kontratuko dira, hain zuzen ere, izaera bereziko prestakuntza eta jarduera programatuak eman eta gauzatzeko edota eskainitako zerbitzuak emateko, baldin eta ikastetxean ez badago halakoetarako prestatuta dagoen irakasle kualifikaturik. Horretarako, sektore publikoko kontratuak arautzen dituen arauan adierazitako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako zerbitzu-kontratua erabili ahal izango da. Kontratu horiek indarrean dauden prozedura eta arauen arabera egingo dira, betiere eskumena duen administrazio publikoak ezartzen dituen mugen barruan. Hala ere, sail bakoitzak ahalmena izango du irakasle adituak lan-araubidearen arabera kontratatzeko, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betez.

Aipatutako lege-manuak garatzen ditu dekretu honek, eta hezkuntza-gaietako eskumena duen sailak kudeatzen duen hezkuntza-eremuko irakasle espezialistak eta adituak kontratatzeko arau-esparrua ezartzen du, hezkuntza-sistemaren antolamenduko eskaerei erantzuteko tresna egoki bat taxutze aldera.

Alde horretatik, irakasle espezialistek bete beharreko eskakizunak arautzen ditu dekretu honek, baita aditu profesionalek bete beharrekoak ere; horrez gain, hautaketa- eta kontratazio-esparrua, ordainsariak eta egitekoak ere zehazten ditu, bai eta eskubide zein betebeharrak edota kontratua azkentzeko moduak ere.

Hori guztia aintzat hartuta, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 12an egindako bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

Dekretu honen helburua da arautzea hezkuntza-gaietako eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak irakasle espezialista eta adituak kontratatzeko modua, sail horren mende dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetarako. Kontratazio horien bidez, profesional horiek lanbide-sektorean duten esperientzia eta ezagutzak transferituko dizkiete ikastetxe horietako ikasleei, arlo hauetan: Lanbide Heziketa, artea, hizkuntzak eta kirola.

Irakasle espezialistek eta irakasle adituek ezingo dute, inola ere, irakasle funtzionarioentzat gordetako lanposturik bete.

  1. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko du profesional espezialistek eta adituek zer irakasgai edota modulutan jardun ahal izango duten, betiere arau-esparruarekin bat etorriz eta irizpide hauei jarraituz:

    1. Arlo edo gaiak eskatzen duen espezializazio-maila osagarria, irakasle espezialistak kontratatzea justifikatzen duena.

    2. Bi baldintza hauek betetzen dituzten lanbide-moduluak: haietan jarduteko, irakasle-gaitasuna eduki behar izatea, eta, Lanbide Heziketako ziklo bakoitzari dagokion tituluan irakasle horien beharra jasota egotea.

  2. Betiere, irakaskuntza hauetarako kontratatu ahal izango dira langile horiek:

  1. Irakasle espezialistak:

    1. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketa arauturako, eta lanbide-modulu hauetan: Oinarrizko, Erdi Mailako edo Goi Mailako Lanbide Heziketako titulua ezartzen duen arautegiak irakasle espezialistaren irudiarentzat dagokion irakasle-gaitasuna ezartzen duen lanbide-moduluetan.

    2. Araubide bereziko arte profesional eta goi-mailakoaren irakaskuntzarako: salbuespen gisa, zenbait gaitan, irakasle espezialistak hobesten dira irakasle funtzionarioen aldean, araudi aplikagarriaren arabera, gai horiek eduki berritzailea izateagatik edo behar den espezializazio-maila praktikoak hala justifikatzen duelako.

    3. Araubide bereziko hizkuntza-irakaskuntzarako: salbuespen gisa, zenbait gaitan, irakasle espezialistak hobesten dira irakasle funtzionarioen aldean, araudi aplikagarriaren arabera, gai horiek eduki berritzailea izateagatik edo behar den espezializazio-maila praktikoak hala justifikatzen duelako.

    4. Araubide bereziko kirol-irakaskuntzarako: bloke espezifikoko moduluetan; izan ere, kasuan kasuko titulua ezartzen duen arauak irakasle espezialistei esleitzen dizkie modulu horiek.

  2. Irakasle adituak:

    1. Enplegurako Lanbide Heziketaren sistemako profesionaltasun-ziurtagirietarako: lanbide-modulu jakin batzuetan; alegia, dagokion lanbide-ziurtagiria ezartzen duen arautegiak ahalbidetzen duenean gaitasun-unitatean esperientzia duten profesionalek ematea moduluetako irakasgaiak. Profesional horiek ez dute egiaztatu beharrik izango prestatzaileei eskatzen zaien titulazio akademikoa.

    2. Profesionaltasun-ziurtagiriei ez dagozkien enplegurako Lanbide Heziketako prestakuntza-espezialitateetarako: modulu jakin batzuetan. Alegia, prestakuntza-programak ahalbidetzen duenean profesional esperientziadunek ematea moduluetako irakasgaiak, titulazio akademikorik egiaztatu beharrik izan gabe.

  1. Irakasle espezialistek betekizun hauek egiaztatu beharko dituzte kontratatuak izateko garaian:

    1. Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko eskatzen diren baldintza orokorrak betetzea. 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluak ezartzen ditu baldintza horiek (errege-dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta haiek eskuratzeko araudia, eta arautzen du lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena). Aipatutako baldintzak betetzeko garaian, bestalde, kontuan hartu behar dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 57. artikuluko 2., 3. eta 4. zenbakiek ezartzen dutena.

    2. Lanpostuari esleitzen zaion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

    3. Kontratatu aurreko lau urteen barruan, gutxienez bi urtez aritu izana, modu ohikoan eta irakaskuntzaren eremutik kanpo, irakatsi beharreko gai, arlo edo moduluarekin zerikusia duen ordainpeko jarduera profesional batean. Baldintza hau ez da aplikatuko irakaspen jakinen baten arautegi espezifikoak bestelakorik ezartzen duen kasuetan.

    4. Dekretu honen 2. artikuluko 2.2.1 zenbakian azaltzen diren irakaspenetako bakoitzaren arautegian ezarritako betekizun espezifikoak.

  2. Irakasle adituek betekizun hauek egiaztatu beharko dituzte kontratatuak izateko garaian:

    1. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 56. artikuluak eta arau hori garatzen duten xedapenek enplegu publikora sartzeko ezartzen dituzten betekizunak betetzea.

    2. Lanpostuari esleitzen zaion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

      2. artikuluan aipatzen diren Lanbide Heziketako irakasle adituek egiaztatu beharko dute irakasteko gaitasuna daukatela, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen arautegian aurreikusten den eran edo, beste prestakuntza-espezialitateen kasuan, dagokion prestakuntza-programan ezarritako eran.

  1. Irakasle espezialistak eta irakasle adituak aukeratzeko, printzipio hauek hartuko dira oinarritzat: berdintasuna, merezimendua, gaitasuna, publikotasuna eta hautaketa-organoetako kideen inpartzialtasun eta profesionaltasuna, eta legediak enplegu publikora sartzeko eta langile lan-kontratudunak aukeratzeko ezartzen dituen gainontzeko printzipio eta arauak.

  2. Langile horiek aukeratzeko eta lanpostuak langile horiek betetzeko, prozedura hau erabiliko da: Autonomia Erkidegoan daukagun arautegiak ezartzen duena, ikastetxe publikoetako aldi baterako irakasle-beharrei erantzuteko hautagaien zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko nahiz aukeratutako pertsonak kontratatzeko.

  3. Langileak hautatzeko, gaitasun-proba teoriko edo/eta praktikoak ere egin ahal izango dira, bai eta hautagaien merezimenduak baloratu ere.

  1. Aldi baterako kontratatuko dira irakasle espezialistak eta irakasle adituak, lanaldi osoz edo partzialez, hezkuntza-premien arabera, eta lan-zuzenbidearen araubidea erabiliko da horretarako. Kontratua idatziz formalizatuko da, eredutzat hartuta Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak horretarako ezarritakoa. Honako hauek zehaztuko ditu beti kontratuak: kontratuaren helburua, iraupena, asteko ordu-dedikazioa eta aplikatu beharreko araubide ekonomikoa.

  2. Kontratua bukatzen denen, hitzartutako epea azkentzen denean edo lan-arloko legerian ezarritako beste edozein arrazoirengatik utziko dute lanpostua irakasle espezialistek eta irakasle adituek.

    Ikasturte oso baterako kontratuen kasuan, ikasturtea bukatzen denean utziko dute lanpostua irakasle horiek, betiere aurreko zenbakian ezarritakoari jarraituz lehenago kargugabetzen ez badituzte.

  3. Irakasle lan-kontratudunak kontratatzeko eskumena duen organoak sinatuko ditu lan-kontratuak.

  4. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak irakasle lan-kontratudunei dagokienez esleituak dituen zereginak beteko ditu langile horiekin.

Hitzarmen kolektiboan ezarrita daude nolako ordainsariak jasoko dituzten irakasle espezialistek eta irakasle adituek, hau da, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko irakasle lan-kontratudunen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboan.

Gaia aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera erregulatuta ez badago, baliokide dituzten irakasle lan-kontratudunen ordainsariak jasoko dituzte, aintzat hartuta egin behar dituzten lanen edukia eta izaera.

Lanaldi partzialaren kasuan, kontratuan ezarritako ordu-dedikazioarekiko proportzionalak izango dira ordainsariak.

  1. Kontratuetan espezifikoki aurreikusiak dituzten zereginak beteko dituzte irakasle espezialistek eta irakasle adituek, eta, hala dagokionean, irakasleentzat ezarrita dauden zereginak ere bai.

  2. Bestalde, kontratuetan eta aplikatzekoak zaizkien arau espezifikoetan adierazitako eskubide eta betebeharrak izango dituzte irakasle espezialistek eta irakasle adituek.

  3. Diziplina-araubideari dagokionez, lan-legerian eta irakasle lan-kontratudunentzat indarrean dauden hitzarmenetan ezarritakoa izango da. Aplikatu beharreko alderdietan, funtzionario publikoentzat ezarritako berbera izango da diziplina-araubidea.

Honela artikulatuko da irakasle espezialisten eta adituen parte-hartzea:

  1. Zer irakaskuntza emateko kontratatua izan den, irakaskuntza horiei dagokien sailari atxikiko du irakaslea zuzendariak, hain zuzen ere programazio didaktikoa eta curriculumaren programazioa antolatzeko eta sailari atxikitako irakaskuntzen koordinazio globala egiteko.

  2. Irakasleok klaustroetan eta irakasle-taldeetan parte hartuko dute, baina ezingo dute gainontzeko kide anitzeko organoetako kide izan.

  3. Irakasleok ez dira izango ez hautesle ez hautagai ikastetxeetako kide bakarreko gobernu-organoak hornitzeko.

  4. Eskainitako irakaspenen arloko arautegi espezifikoak bestelako araubiderik ezarriko balu, hori ere bete egin beharko litzateke.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Arau-garapena.

    Dekretu honetan ezarritakoa aplikatzeko eta garatzeko behar diren arauak eman ahal izango ditu hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak, betiere bere eskumenen eremuan.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean sartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 12an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntzako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.