Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

162/2017 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 105
  • Hurrenkera-zk.: 2748
  • Xedapen-zk.: 162
  • Xedapen-data: 2017/05/31
  • Argitaratze-data: 2017/06/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuari buruzkoan, 6. artikuluan esaten denez, Euskal Herriaren berezko hizkuntza ofiziala izango da euskara Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea; eta autonomia erkidegoko erakunde komunek, autonomia-erkidegoaren barruko aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanda, bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizialtasuna araututa. Eta, horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa Euskararen Erabilera Arauzkotzezko 10/1982 Oinarrizko Legea izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko eremu giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko eta euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskaintzeko. Horrezaz gain, bere 5.2 artikuluaren arabera, Euskal Herriko herritarrei funtsezko hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkie gizarte-bizitzako alor guztietan.

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua jarri zuen indarrean, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legea garatzen duena. Izan ere, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legeak kapitulu oso bat dauka (II. tituluko VII. kapitulua) hizkuntza-eskubideei buruz, eta bertan ezarrita dagoenez, Euskadiko herritarrek eskubidea dute ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko, eta enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko.

Alde horretatik, beharrezkoa eta onuragarria da hizkuntzaren normalizazioa arlo sozioekonomikoan, euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa erabiltzeari dagokionez. Alor horretan bertan, ibilbide luzea egina du Eusko Jaurlaritzak, bereziki 1991n hasi eta gaur egun arte. Horren eredu, 2006an abian jarritako LanHitz programa markoa dugu, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera eta presentzia areagotzekoa. Eusko Jaurlaritzak, LanHitz programa marko horren testuinguruan, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortu zuen, lehendabizi Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez, eta, ondoren, 2009ko martxoaren 3ko Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituen 53/2009 Dekretuaren bitartez, «esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez».

Administrazioari dagokionez, bere hizkuntzaren inguruko araudia du, eta, legeak betearaztea ez ezik, legeak betetzea ere badagokio. Administrazioa gizarte gero eta elebidunago baten zerbitzura dago, eta horrek badu eragina administrazioko langileen egunerokoan: Administrazioak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu behar baititu.

Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluek ezarritakoaren arabera, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar du, eta bost urteko iraupena izango duten plangintzaldiak ezarriko dira. Egun indarrean dagoena V. Plangintzaldia (2013-2017) da. Euskararen erabilera normalizatzeko planak abian jartzearekin batera, euskal herri-administrazioek euskararen erabilera normalizatzeko planei buruzko ebaluazio txostena egin behar dute plana onartu denetik bigarren urtea betetzen denean, eta txostenak antzemandako hutsune eta zailtasunen ondorioz beharrezkoak diren berraztertzeak egitea izango du helburu. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena igorriko dio Gobernu Kontseiluari bai plangintzaldi bakoitzaren hirugarren urtea betetzerakoan, bai plangintzaldi bakoitza amaitutakoan.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Euskararen Agenda Estrategikoa 2013-2016 onartu zuen 2014ko ekainaren 24ko batzarrean. Bertan, jasotzen dira epe horretan gauzatuko diren ekimenak eta ekintzak, eta funtsean ESEP planak berariaz Eusko Jaurlaritzari esleitzen dizkion eginkizunak jasotzen ditu eta beste hainbat ekintza berri ere bereganatzen ditu. ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Aholku Batzordearekin batera diseinatu zuen plana da. ESEPek datozen hamar urteetan garatuko den hizkuntza politikaren neurri-proposamenak jasotzera ditu. ESEP planaren arabera, arlo sozioekonomikoa helburu estrategikoa da, eta jasotzen diren ekintzen artean, euskararen presentzia eta erabilera egiaztatzeko sistema eraginkor bateranzko pausoak ematea proposatzen da. ESEPek Administrazioa ere estrategikotzat jotzen du, eta, besteak beste, honako helburu hauek proposatzen ditu: batetik, Administrazioan euskararen erabilera sustatu eta bermatzea, eta bestetik, euskara ere lan-hizkuntza izateko neurriak hartzea.

Aurreko guztia kontuan izanik, egun euskararen presentzia eta erabilera egiaztatzeko indarrean dugun Bikain ebaluazio-sistemaren kalitatearen etengabeko hobekuntza lortze aldera, gogobetetze-inkestak egiten dira ebaluazio-prozesu bakoitzaren amaieran inplikatutako guztien iritzia jasotzeko eta prozesua bera berrikusi eta beharren arabera egokitzeko. Bestalde, Bikain sortu zenetik 9 urte pasatu direnez, eredua berraztertu, arindu eta eguneratzeko garaia iritsi delakoan gaude, eta lan horri ekin diogu, betiere sistemaren eraginkortasuna bermatuz, eta entitate gehiagoren artean zabaltzeko asmoz.

Horretaz gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (hemendik aurrera HPS) helburuetako bat da, etorkizun laburrera edo ertainera, Bikain beste zenbait arlotan ezarrita dituen helburu estrategikoekin lerrokatzea, esaterako, herri-administrazioetako erabilera-planekin. Horren helburua da erabilera-planak Bikain ereduaren arabera egituratzea eta egitura bera bateratzea, eta Bikain ebaluazioa, ziurtagiria eskuratzeko erabiltzeaz gain, erabilera-planetan egiten diren tarteko eta bukaerako ebaluazioetako datuak lortzeko erabiltzea.

Hori horrela, HPSri dagokio, eta horrela jasotzen da bere sailaren egitura-dekretuan, erakunde publiko eta pribatuen jardueretan euskararen erabilera nolakoa den jakiteko eta ebaluatzeko sistema bat ezartzeko azterketa egitea, eta sistema horren ezarpena sustatzea, indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta.

Nolanahi ere, genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatzen den moduan.

Izan ere, dekretu honetan emakumeak kontuan izatea, hizkeraren erabilera sexista ekiditea, sexu bien presentzia orekatua eta, prestakuntza saioetan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko gaiak lantzea bermatzeko zenbait neurri hartu dira kontuan.

Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran proposamen aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen bidez, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen da, bere bitartez esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez.

Horrekin batera, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortzeko egin beharreko ebaluazio-prozesua arautzen da, bai eta kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeek egin behar duten eskabidea eta bete beharreko baldintzak ere.

  1. Hizkuntza-kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistema honetan parte hartu ahal izango dute:

    Alor sozio-ekonomikoko entitate pribatuek, osorik edo partzialki, eta sozietate publikoek baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badute.

    Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten honako erakunde publiko hauek: Estatuko Administrazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Administrazio Instituzionalak: erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek. Horrez gain, Toki eta Foru Administrazioek eta beren erakunde autonomoek.

    Multzo honetako erakunde publikoetako unitateek eskabidea egin ahal izango dute, baldin eta berezko erabilera-plana duten unitateak badira. Erabilera-plana esaten denean hauxe esan nahi da: erakunde batean euskararen erabilera, zerbitzu- zein lan-hizkuntza gisa, areagotzeko hainbat urteren buruan lortu nahi diren helburuak, eragin beharreko eremuak, burutu beharreko ekintzak, aztertu beharreko adierazleak eta abar biltzen dituen agiria.

  2. Kanpoan geratzen dira lantoki fisikorik ez duten erakundeak, bai eta gutxienez bi laguneko plantilla ez duten pertsona juridiko nahiz fisikoak.

  3. Halaber, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren maila jakin bat duen erakunde batek ezingo du ebaluazioa berriro eskatu, harik eta eskatutako azken ebaluazioari dagokion ebazpena eman eta 12 hilabeteko epea pasatu arte.

  1. Hizkuntza-kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistemak oinarrian duen osagaia Erreferentzia Marko Estandarra (EME) da. EME lanerako markoa da, ez-arauemailea. Grafikoki, laguntza-koadro bat da erakundean hizkuntzaren presentzia eta erabilera (zerbitzuari eta lan-hizkuntzari dagokienez) zertan gauzatu ohi den adierazten duena modu eskematiko eta ordenatuan, baita erabilera-presentzia horien azpian dauden barne-mekanismoak eta kudeaketa ere.

    Erreferentzia Marko Estandarrak bi ardatz ditu:

  1. Zerbitzu-hizkuntza

  2. Lan-hizkuntza

  1. Bi ardatz horietan erakunde bateko hizkuntza baten erabileraren, presentziaren eta kudeaketaren berri ematen duten osagaiak modu ordenatuan eta integratuan jasotzen dira.

  1. Eusko Jaurlaritzak hiru egiaztapen-maila zehaztu ditu, euskararen presentziari, erabilerari eta kudeaketari dagokienez erakundeak egiaztatutako mailaren arabera: oinarrizko mailako ziurtagiria, erdi-mailako ziurtagiria eta goi-mailako ziurtagiria.

  2. Egiaztapenaren hiru mailak ebaluazioan aitortutako euskararen erabilera eta presentziaren neurrikoak izango dira, baita entitateak hartutako hizkuntza-irizpideen errotze- eta garapen-mailaren araberakoak ere. Maila bakoitza Erreferentzia Marko Estandarraren ardatz eta jardun-eremu nagusi bakoitzari egokitutako puntuazioaren batuketaren arabera lortuko da.

  3. Erreferentzia Marko Estandarraren bi ardatzetako bakoitzak berariazko pisu bat dauka, eta desberdina izango da dekretu honen 2.1 artikuluan ezarritako hartzaile-motaren arabera. Puntu guztien batuketa eginda, guztira mila puntuko kopurua ateratzen da, eta dekretu honen I. eranskinean ikus daiteke.

  4. Dagokion ziurtagiria lortzeko, ebaluazio-prozesuan gutxieneko puntu-kopurua pilatu beharko da, honela:

    (Ikus .PDF)

  5. Ebaluatutako erakundeek puntu-kopuru jakin bat pilatuko dute ardatz bakoitzean, eta ardatz horietako jardun-eremu nagusi bakoitzean egiaztatu duten garapen-mailaren arabera jasoko dute maila bateko edo besteko egiaztapena.

  6. Ebaluaketara aurkeztutako entitateek ezingo dute Bikain ziurtagiri-maila bat eskuratu baldin eta euskara alorrean legediak ezartzen dizkien betekizunak bermatzen ez badituzte.

  1. Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko ebaluazioa establezimendu, enpresa edo erakundearen (pribatua zein publikoa) ordezkariak eskatu beharko du, dekretu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

  2. Eusko Jaurlaritzak doako ebaluazio-zerbitzua eskainiko die hizkuntza-kudeaketaren arloan Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu nahi duten entitate publiko zein pribatuei.

  3. Kanpo-ebaluazioaren prozesuan hiru izango dira parte hartuko duten aldeak: ebaluatuko den erakundea, talde ebaluatzailea eta prozesuaren kudeatzaileak.

  4. Ebaluazio-prozesuaren fase nagusiak honako hauek izango dira:

    1. Kanpo-ebaluazioa eskatu duten erakundeekin informazio-bilerak egitea.

    2. Erakundeei jakinaraztea onartuak izan diren edo ez, eta ebazpena bidaltzea.

    3. Ebaluatuak izateko onartutako erakundeek aurretxostena prestatzea, kudeatzaileek eskuratuko dieten ereduari jarraikiz.

    4. Talde ebaluatzaileak eratzea. Erakunde bakoitzari egokitu zaion talde ebaluatzailea komunikatuko zaio eta bisita-egunak (bat, bi edo gehiago) hitzartuko dira.

    5. Ebaluazio-bisita bera burutzea.

    6. Talde ebaluatzaileak ebaluazio-txostena idaztea.

    7. Ebaluazio-txostena erakundeen eskura jartzea.

    8. Ebaluazio osteko bilera egitea (hautazkoa).

    9. Ziurtagiriak banatzea.

  5. Kanpo ebaluazioaren prozesuaren kudeatzaileek aipatutako fase nagusi horien gaineko informazio osagarria unean-unean helaraziko diete alde guztiei, prozesua egoki burutu dadin.

  6. Dagokion entitatean ebaluazioa egin ostean, ebaluatzaile-taldeak txosten bat igorriko dio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari edo hizkuntza-politikaren eremuan eskuduna den organoari, eta, berau izango da ebaluatutako entitatearen garapen-maila aitortu eta egiaztatuko duena, dekretu honetako xede den gaiari dagokionez.

  7. Zerbitzu hori tartean, aldeek konfidentzialtasun-printzipioa gorde beharko dute.

  1. Bikain Ebaluatzaileen Kluba sortzen da dekretu honen bidez. Ebaluatzaileen Klubeko kideak izango dira kanpo-ebaluazioak egingo dituztenak. Honako hauek izan daitezke klub horretako kide:

    1. Erakundeetako profesionalak, euskararen erabilera sustatzeko ardura-lanpostuak dituztenak.

    2. Kudeaketa Aurreratuaren ereduan adituak direnak.

    3. Hizkuntza-arloko zerbitzu-enpresetako profesionalak.

    4. Hizkuntza-normalkuntzarako teknikariak.

    5. Kudeaketa-sistemetako profesionalak.

    6. Kanpo-ebaluazioa jaso edo jasotzeko eskabidea egin duten erakundeetako langileak.

  2. Ebaluatzaileen klubeko kide izateko berariaz antolatuko diren prestakuntza-saioetan parte hartzea ezinbestekoa izango da. Ebaluatzaile Klubeko kide izateko gainontzeko betekizunak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak edo hizkuntza-politikaren eremuan eskuduna den organoak Erreferentziazko Gidan onartutako oinarrien baitan egongo dira.

    Prestakuntza honetan emakume eta gizonen berdintasunari buruzko oinarrizko formazioa ematen saiatuko da, baita genero eta berdintasunaren arloan sentsibilizatzen eta trebatzen ere.

  3. Kanpo-ebaluazioa jasotzen duten erakundeek langile-zerrendako pertsona bat, gutxienez, bidali beharko dute berariaz egingo den prestakuntza-modulura edota moduluetara. Hori nahitaezko baldintza izango da ebaluazio-zerbitzua jaso ahal izateko.

  4. Bikain Ebaluatzaile Klubeko kide izateko eskabideak kudeatzea eta Klubeko kideen zerrenda sortzea Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak edo hizkuntza-politikaren eremuan eskuduna den organoak egingo du.

  5. Bikain Ebaluatzaileen Kluba osatzerakoan ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza lortzen badu.

  1. Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria marka zein hura adierazten duten irudiak eta ikurra Eusko Jaurlaritzarenak dira, eta haren izenean inskribatuta daude.

  2. Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren markak ezaugarri desberdinak ditu, ezarritako hiru mailen arabera. Hain zuzen ere, dekretu honekin batera doan II. eranskinean zehaztu dira Ziurtagiriaren ezaugarri berezituak.

  3. Dekretu honetan zehaztutako Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu duten erakundeek, dagokion ziurtagiria erabili ahal izango dute beren barneko zein kanpoko dokumentuetan. Halaber, Ziurtagiria eskuratu dutenek txertatzeko eskubidea izango dute publizitatean, bere web guneetan, kontsumitzaileei eta bezero potentzialei zuzendutako komunikazio orotan, baita enpresa-komunikazioan ere.

  4. Markaren erabilera bat etorriko da abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaren bitartez onartutako Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan markentzako ezarrita dagoen araudiarekin. Halaber, Bikain markak ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak onartutako erakunde-nortasunaren berariazko eskuliburua dauka, eta eskuliburu hori entitateari helaraziko zaio behin ziurtagiria egiaztatuta, ziurtagiriaren maila edozein izanda ere.

  1. Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren Artezkaritza Kontseilua sortu da. Artezkaritza Kontseilua partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari edo hizkuntza-politikaren eremuan eskuduna den organoari atxikia, baina haren egitura hierarkikotik at dagoena. Organo honetan parte hartuko duen erakunde bakoitzak proposatuko du bere ordezkaria, eta hizkuntza-politikaren eremuan eskuduna den organoak izendatuko ditu kide horiek.

  2. Honako kide hauek osatzen dute Artezkaritza Kontseilua:

    1. Lehendakaritza: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

    2. Idazkaria: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko zuzendaria.

    4. Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatuta izendatutako kide bana.

    5. Euskal Udalen Elkarteak (Eudel) proposatuta izendatutako kide bat.

    6. Euskal Enpresarien Konfederakuntzak (Confebask), Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK), eta Arabako Enpresariek (SEA) proposatuta kide bana.

    7. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak proposatuta izendatutako kide bat.

  3. Halaber, Artezkaritza Kontseiluan esku hartu ahal izango dute Artezkaritza Kontseiluak hala erabakita egoki iritzitako beste erakunde batzuetako ordezkariek ere, gehienez ere 20 kideko kopurura heldu arte.

  4. Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren Artezkaritza Kontseilua osatzeko edo horietan parte hartzeko pertsonak izendatu eta aukeratzerakoan, trebakuntza, gaitasuna eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar da. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dira.

  5. Artezkaritza Kontseiluak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako edo hizkuntza-politikaren eremuan eskuduna den organoko zerbitzu teknikoen laguntza izango du.

  6. Artezkaritza Kontseiluaren funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari lotuta egongo da.

  1. Honako hauek dira Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren Artezkaritza Kontseiluaren egitekoak:

    1. Urteko Ekintza Plana onartzea Bikain ziurtagiria zabaldu eta inplementatzeko.

    2. Aholkuak ematea, hizkuntza-kudeaketaren ebaluazio- eta egiaztapen-ereduaren garapenari eta horrek dakartzan prozedurei dagokienez.

    3. Jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatzea, ezarritako egiaztapen-sistema garatzeko.

  2. Artezkaritza Kontseilua aldiro-aldiro bilduko da, hau da, bilkurak egitea beharrezko irizten dionean; edozein modutan ere, gutxienez urtean behin bilduko da.

  3. Ebaluazio- eta egiaztapen-sistema honetan adituak diren teknikarien laguntza jaso ahal izango du Artezkaritza Kontseiluak. Teknikari horiek Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren esparruan eskumena duen arlokoak izango dira. Era berean, gai honetan adituak diren pertsonen laguntza jaso ahal izango du Artezkaritza Kontseiluak, bere egitekoak hobeto betetzeko, beti ere egoki iritziz gero eta horretarako berariaz hartutako erabakiaren bidez.

  4. Artezkaritza Kontseiluko kideek ez dute dietarik eta konpentsaziorik jasotzeko eskubidea izango organo horretan parte hartzeagatik izandako gastuengatik.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egingo du ebaluazio-prozesu honen kudeaketa, eta, horretarako, Idazkaritza Teknikoa osatuko du. Idazkaritza Teknikoan, organo kudeatzaileaz gain, besteak beste, Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Zuzendaritzak hartuko du parte.

  1. Entitate pribatu eta sozietate publikoen kasuan, beharrezko lege-nortasunez horniturik egon eta, aldi berean, dagokion erregistroan izen emanda izatea. Erakundearen lege-ordezkariak izendatuko du eskabidean zein diren ebaluatu behar diren guneak (negozio-unitateak edota lan-zentroak badira, adibidez). Eskabidean izendatu ez den gunerik ez da ebaluatuko.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluen eragin-eremuan sartzen diren herri-administrazioak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, Justizia Administrazioak eta Ertzaintzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartua eta indarrean izan behar dute. Horrekin batera, lanpostu-zerrendan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezarrita izango dituzte, betiere derrigorrezko indizea eta Euskararen erabilera Normalizatzeko Plana betez.

    Estatuko Administrazioaren kasuan, erakunde eskatzaileak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana izango du.

    86/1997 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluen eragin-eremuan ez dauden zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publikoen kasuan, zerbitzu-hizkuntzari dagokionez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartua eta indarrean izango dute.

  3. Ezin izango dute ebaluazio-prozesuan parte hartu: diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe dauden eskatzaileak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zigortuak ere, beti ere zehapenean finkatutako epe-barrutian.

  4. Erakunde eskatzaileak zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egunean izan behar ditu. Horretarako, kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileari baimenik eskatu gabe, ordainketa horietan egunean dagoela behar bestetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraituz.

  5. Erakundearen plantillako kide batek edo batzuek, Bikain Ebaluatzaile Klubeko prestakuntza-modulua egingo du(te), dekretu honen 17. artikuluan jasotakoaren arabera.

  6. Kasuan-kasuan, eta beharrezko iritziz gero, dekretu honen organo kudeatzaileak bilera batera deitu ahal izango ditu erakunde eskatzaileak, banaka, kanpo-ebaluazioaren perimetroa hitzartzeko. Hitzartzen den hori izango da ebaluatuko den perimetroa.

  7. Erakunde eskatzaileak berrehun eta berrogeita hamar (250) langile baino gehiago baditu, berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko du, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako denak, bere 45.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Eskatzaileek Eskabidea ondo bete beharko dute.

  2. Horretaz gain, erakundeari buruzko honako agiri hauek ere erantsi beharko dituzte:

    Administrazio honetako Erregistroetan izen emanda ez badaude, honako agiri hauek: eratze-eskrituraren kopia, entitateko estatutuen kopia eta dagokion erregistro publikoan izen emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

    Administrazio honetako Erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du organo kudeatzaileak.

    Erregistratzera beharturik ez dauden entitateek sortzeko behar izan dituzten dokumentuak erantsi beharko dituzte.

  3. Beharrezkotzat jotzen denetan, organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako eskaria egoki baloratzeko. Halaber, organo honek eskumena izango du informazio osagarria eskuratzeko erakundeak euskara-planak egiteko diru-laguntzak jasotzearren organo honi beroni aurkeztutako euskara-plan eta gainerako agiri osagarrietatik.

  1. Entitate interesdunek bide elektronikoa erabili beharko dute prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan dioenari jarraituz.

    Dekretu honen 2.1 artikuluan aipatutako entitate pribatuen kasuan, pertsona fisikoak badira, bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabidea, kontsultak eta beharrezkoak diren bestelako izapide guztiak. Halaber, eskatzaileei egin beharreko jakinarazpen, komunikazio eta eskabidearen ondoko bestelako izapideak bitarteko berberak erabiliz egingo dira.

  2. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/bikain-ziurtagiria-eskaera/ helbidean daude eskuragarri.

    Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunearen bitartez egin beharko dira.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edota aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun naturaleko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Dekretu honen 10. artikuluak zehazten duen organo kudeatzaileak eskaerak jaso eta aztertuko ditu, eta eskatzaileek ebaluazioa jaso ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zuzen dagoela egiaztatu ondoren, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren ebazpen bidez, eskatzaileetako bakoitzari kanpo-ebaluazioaren prozesuan parte hartzeko eskaera onartua izan den edo ez, eta onartua izanez gero, zein izango den ebaluazioaren kronograma jakinaraziko zaio. Eskabidea aurkeztu, eta handik 90 egun naturaleko epean ebazpenik jasoko ez balitz, administrazio-isiltasunak eskaeraren ukapena adierazten duela ulertuko da. Nolanahi ere, ebaluazioa amaitzeko epea, gehienez ere 6 hilabetekoa izango da onartua izanaren ebazpena jaso zenetik.

Ebaluatuak izango diren erakundeak onartzeko garaian kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta aldaketa horrek baldintzaren bat ez betetzea ekarriko balu, erakunde horrek ebaluazioa jasotzeko eskubidea galduko du.

  1. Ebaluatuak izateko onartzen diren erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Erakundeko plantillako pertsona bat solaskide izendatuko dute, Bikain organo kudeatzailearekiko harremana bidera dezan prozesu osoan. Ahal dela, pertsona horrek Bikaineko ebaluatzaile izateko prestakuntza-modulua jasoko du, eta Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide izango da.

    2. Erakunde eskatzailearen tamainaren arabera plantillako pertsona bat edo batzuk, Bikain, Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko izendatuko ditu erakundeak.

      Erakunde eskatzailea 300 langilekoa bada: gutxienez kide 1.

      Erakunde eskatzailea 301-699 langile artekoa bada: gutxienez 2 kide.

      Erakunde eskatzailea 700-1.499 langile artekoa bada: gutxienez 3 kide.

      Erakunde eskatzailea 1.500 langilekoa bada: gutxienez 4 kide.

      Ebaluazioak partzialak badira, guneka alegia, eta eskabideak bereiziak izan badira, gune bakoitzetik gutxienez pertsona batek joan beharko du ikastarora, eta aurreko puntuotan finkatu diren proportzioak errespetatuko dira.

      Pertsona horiek izendatzerakoan ahaleginak egingo dira gizonen eta emakumeen parte-hartzea orekatua izan dadila bermatzeko, eta partaide guztiek trebetasun, gaitasun eta prestakuntza egokiak bildu beharko dituzte. Ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

      Pertsona horiek Bikainen organo kudeatzaileak antolatuko duen prestakuntza-modulura joan beharko dute nahitaez. Halaber, beste entitate bat ebaluatzen parte hartuko dute, baldin eta kudeatzaileek halaxe eskatzen badiete. Profesional hauek analisian, erredakzioan nahiz ofimatika erabiltzen ohituak izango dira, ahal dela. Pertsona horiek gainerako ebaluatzaileentzat finkatuko diren baldintza berberak bete beharko dituzte. Izen-ematea Bikainen webgunearen bitartez egingo da: www.euskadi.eus/bikain/

    3. Onarpen-ebazpena jaso eta gero, erakundeon solaskideak bertaratu egingo dira organo kudeatzaileak deituko dituen bilerara, prozesuaren, dokumentazioaren, eta beste hainbat jakingarriren berri jasotzeko.

    4. Aurretxostena kudeatzaileek eskuratuko dioten ereduaren arabera osatuko da. Agiri horren bitartez, erakundearen hizkuntza-egoera objektiboaren berri jasoko da, ebaluazio-prozesuarekin hasi aurretik.

    5. Kanpo-ebaluazioaren kudeatzaileek zerbitzu honek iraun bitartean eska diezaioketen informazioa nahiz baliabideak jarri beharko ditu eskura, ebaluazio-prozesua egoki burutu dadin. Eskakizun horiek ez betetzeak kanpo-ebaluazioaren prozesua etetea ekar lezake.

  2. Kanpo-ebaluazioaren kudeatzaileek zehaztu egingo dituzte ebaluatzeko onartuak diren erakundeekin nahiz ebaluatzaileekin erabiliko diren komunikazio- eta koordinazio-euskarriak.

  1. artikuluan zehaztu den ebaluazio-prozesua amaitu eta gero, egindako ebaluazio-txostenak eta erakundeek lortutako emaitzak organo kudeatzaileari eskuratuko dizkiote talde ebaluatzaileek, eta horren ostean, eskumena duen hizkuntza-ikerketa eta koordinazioko zuzendariak ebazpen-proposamena luzatuko dio hizkuntza-politikan eskumena duen sailburuordeari ebaluatutako erakundeek egiaztatutako ziurtagiri-mailak aitortzeko, eta horren ebazpena har dezan. Ebaluazio partzialen kasuan, organo kudeatzaileak hala jasoko du eratortzen diren agirietan. Horren ostean, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ebazpen bidez, erakunde eskatzaile bakoitzari kanpo-ebaluazioan aitortutako ziurtagiri-maila jakinaraziko dio.

    Azkenik, urtean behin, gutxienez, iragarki bat argitaratuko da EHAAn Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratu duten erakundeen zerrenda eta egiaztatu duten mailaren berri emateko, horrek bere ondorioak sor ditzan. Informazio hori ere Bikain web orrian www.euskadi.eus/bikain/ emango da.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituen martxoaren 3ko 53/2009 Dekretuari jarraikiz, 2008an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gidaritzapean egindako ebaluazio-prozesuetan entitateek eskuratutako ziurtagiri-mailen balioa aitortzen da III. eranskinean, eta aitorpen horiek indarrean jarraituko dute, baita oraingo dekretu hau indarrean sartu artean aitortutakoak ere.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretuan, eta Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituen martxoaren 3ko 53/2009 Dekretuan araututakoa, hemendik aurrera Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren oinarrizko mailan txertatuta gelditzen da.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Dekretu honetan arautzen den Bikain ziurtagiriaren mailak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Administrazio Instituzionalak izapidetzen dituzten diru-laguntza deialdietan aurkezten diren egitasmoak baloratzeko kontuan hartu ahal izango dira.

    Halaber, diru-laguntza horien eskatzaileak pertsona fisikoak direnean, dekretu honen 13.1 artikuluak ezarritakoa aplikatuko zaie.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Dekretu honen hirugarren artikuluan eta lehen eranskinean aipatzen den Erreferentzia Marko Estandarraren (EME) edukia hizkuntza-politikan eskumena duen sailburuak onartuko du agindu baten bidez, eta Bikain web orrian www.euskadi.eus/bikain/ argitaratuko da.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, kanpo-ebaluazio zerbitzua eskatzeko tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira.

    Horrekin lotuta, 2015eko abenduaren 22an, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen duen 2015eko abenduaren 2ko Agindua argitaratu zen, hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arlokoak, hain zuzen ere. Agindu horren I. eranskinean, Fitxategiak sortzea izenekoan jasotzen da Bikain deialdiak izeneko izaera pertsonaleko datuen fitxategia sortu dela.

    Fitxategi honen helburua dekretu honetako kanpo-ebaluazioekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita kanpo-ebaluazioa eskatu nahi duten erakundeei prozesu horren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da. 2/2004 Legeak ezarritakoari jarraituz, sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

    Bikain kanpo-ebaluazioetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari honako honetarako: emandako datuak erkatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (administrazio honen esku egon, edo beste administrazio publiko batzuen esku egon); betiere, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko xedez.

Indarrik gabe gelditzen da martxoaren 3ko 53/2009 Dekretua, Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate ziurtagiria arautzen dituena, dekretu honen lehenengo xedapen gehigarrian jasotakoak izan ezik.

Martxoaren 3ko 53/2009 Dekretuaren 8. artikuluari jarraituz sortutako Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kide guztiak automatikoki pasatuko dira dekretu berri honen bidez sortuko den Bikain Ebaluatzaileen Klubeko kideak izatera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren esparruan eskumena duen arloko arduradunari baimena ematen zaio beharrezko xedapenak eman ditzan, Dekretu honetan jasotakoa indarrean jarri eta garatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 30ekoa.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.