Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

155/2017 DEKRETUA, maiatzaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 100
  • Hurrenkera-zk.: 2623
  • Xedapen-zk.: 155
  • Xedapen-data: 2017/05/16
  • Argitaratze-data: 2017/05/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Izatezko bikote bat eratzeko akordioa egiten duten pertsonei aplikatzeko araubide juridikoa erregulatzea da Izatezko Bikoteak Arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen xedea. Helburu hori betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa sortzen du legeak 4.1 artikuluan. Organikoki, une bakoitzean haren kudeaketa esleiturik daukan sailaren mendekoa izango da, eta izaera administratiboa eta funtzionamendu deszentralizatua izango ditu.

Jarraian, 4. artikuluaren bigarren zenbakian, Izatezko Bikoteen Erregistroak izan beharreko xedea ezartzen da. Izatezko bikoteak eratzeko eta azkentzeko deklarazioak jasoko ditu, bai eta bikoteak ezarri ahal izango dituen ekonomia- eta ondare-erregimena arautzeko hitzarmen nahiz itunak ere. Eta, azkenik, bere egitura eta jardunbidea erregelamendu bidez ezarriko direla ezartzen du.

Aurreko agindua betetzeko, eta aipaturiko legearen azken xedapenetatik lehenengoan aurreikusitako lege-gaikuntzaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 22ko 124/2004 Dekretuaren bitartez arautu zen Izatezko Bikoteen Erregistroa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendua onetsi zenetik denbora igaro denez gero, hartan jasota ez zeuden hainbat egoera sortzen joan dira. Egoerok zailtasunak zekartzaten Izatezko Bikoteen Erregistroan eskaerak aurkezteko, eta, aldizka, erregistrorako sarbidea izatea galarazi ere egiten zuten. Era berean, izatezko Bikoteen Erregistroan has daitezkeen prozedura ezberdinei berme handiagoa emateko asmoz, izen-emateak onartzeko izapideak ordenatu eta sendotzeko beharrizana ere detektatu da; segurtasun juridiko handiagoarena, funtsean. Egoera eta behar horiek guztiek 124/2004 Dekretua ordeztuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregelamendu arautzaile berri bat onesteko egokitasuna bultzatu dute.

Beste alde batetik, orain dela gutxi Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legea onetsi izanak eragin zuzena izan du, bigarren xedapen gehigarriaren bidez, izatezko bikotekideei aplika dakieken araubide juridikoan.

Zehazki, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalak aldatu egiten ditu Izatezko Bikoteei buruzko Legearen 2. eta 5. artikuluak, eta eragin zuzena du, eginiko aldaketen bidez, hala izatezko bikoteetan (izatezko bikotearen eratze-deklarazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatzeko eskatu ahal izango da) nola Erregistrora jotzen duten izatezko bikoteen ekonomia- eta ondare-araubidean, hurrenez hurren.

Izatezko Bikoteei buruzko Legearen 2. artikuluaren idazpen berriak (eta, zehazki, artikulu horren azken paragrafoak) aldaketa bat dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan inskripzioa bere horretan egiteko eskatu ahal izateko izatezko bikoteek bete behar dituzten baldintzetan, aipatutako lege-testuan jasotako xedapenak aplikatu ahal izateko. Hain zuzen ere, aldaketa horrek dakar izatezko bikotekideetako batek gutxienez euskal auzotasun zibila izatea eskatzea, aldez aurretik aurreikusitako auzotasun zibil administratiboaren ordez.

Hori dela eta, euskal auzotasun zibilaren aipamenak nahitaez dakar Kode Zibilean gai horri buruz jasotako arau araupetzaileetara jotzea (14. artikuluan zehazten dira), auzotasun hori lortzeko, mantentzeko eta galtzeko moduak ezagutzeko, eta, horrenbestez, zehaztu ahal izateko nork duen euskal auzotasun zibila eta nork duen gaitasuna izatezko bikotea Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatzeko.

Bestalde, Izatezko Bikoteei buruzko Legearen 5. artikuluan sartutako xedapen berriak, ekonomia- eta ondare-harremanen esparruan, zehaztu egiten du zein araubide ekonomiko aplikatu behar zaien izatezko bikoteei, bikoteko kideek horren inguruko adostasunik lortu edo aurreikusi ez duten kasuetan. Hori ikusita eta bat etorriz 5. artikuluarekin, lege honek araupetutako izatezko bikoteen ekonomia- eta ondare-araubidearen inguruko berariazko adostasunik lortu ezean, Kode Zibilean ezarritako ondasunen banaketa aplikatuko da.

Dekretu honen bitartez onesten den Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendu arautzaileak bost kapitulu ditu.

Lehenengo kapituluan Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroari esleitzen zaizkion xede, antolamendu eta funtzioak ezartzen dira. Juridikoki, erregistro bakartzat konfiguratutako administrazio-organoa da, baina, deszentralizazio-printzipioa aplikatuz, izatezko bikoteen arloan eskuduna den eta Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzeko eta mantentzeko eskumena bere gain hartzen duen sailaren lurralde historikoetako administrazio-unitateen bitartez kudeatuko da.

Hartarako, administrazio-unitate ezberdinen artean beharrezko den koordinazioari buruzko xedapen zehatzak aurreikusten dira, bai eta ordezkaritzei informazioa emateko bideei eta inskripzio- eta kudeaketa-prozedurari buruzko arau erkideak onesteari buruzkoak ere. Izatezko bikoteen arloan eskuduna den sailaren zuzendariaren gain egongo dira funtzio horiek guztiak.

Azkenik, Izatezko Bikoteen Erregistroa udaletako izatezko bikote edo elkarketen erregistroekin koordinatzeko beharra jasotzen da.

Bigarren kapituluak bost atal ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroari egin dakizkiokeen eskaera ezberdinak arautzen ditu. Hori horrela izanik, lehenengo atalean eskaera mota guztiei ezartzeko xedapenak jasotzen dira; haien artean, eskaerek bildu beharreko baldintza orokorrak, berauek aurkezteko tokia eta forma, nortasuna egiaztatzeko moduak eta atzerriko agiriek bete beharreko baldintzak. Jarraian, bigarren ataletik bosgarreneraino, eskaera mota ezberdinek bildu beharreko baldintza zehatzak jorratzen dira, haien artean: izatezko bikotea eratzeko deklarazioak inskribatzeko eskaerak, aurreko inskripzioa ezeztatzeko eskaerak, izatezko bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko hitzarmena erantsi edo aldatzeko eskaerak, eta Izatezko Bikoteen Erregistroan sartu diren izatezko bikoteen harremanaren edukia erasaten duten egintza edo gertaerak ziurtatzeko eskaerak, beste edonolako baldintza edo gaiak ziurtatzeko eskaerak, eta bai horiek guztiak aurkezteko eskubidea duten pertsonak ere.

Hirugarren kapituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak Erregistroan bertan jasotako eskaerei dagokienez jarraitu beharreko jardunbide orokorra garatzen da. Bertan, eskaera onartzen denetik kalifikatzen den arte egin beharreko izapideak xedatzen dira, egiaztatze aldera Izatezko Bikoteak Arautzeko Legeak eskatzen dituen baldintzak eta Dekretu honek onartzen duen Araudiko aurreikuspenak betetzen direla. Hala badagokio, bikoteak eskaerarekin batera aurkeztutako ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunetan jasotako eskubide eta betebeharren legezkotasuna ere egiaztatuko da. Hasitako prozedura amaitu aurretik egin behar izango da hori guztia. Azken fase horren arabera ezarriko dira eskaeren ebazpen- eta jakinarazpen-epeei, isiltasun administratiboaren eraginei eta inpugnazio-bideei buruzko aurreikuspenak.

Laugarren kapituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan izatezko bikoteek egindako inskripzio ezberdinen forma, edukia eta eraginkortasuna jorratzen dira, bai eta izatezko bikotearen azkentzearen ondorioz inskripzioa ezeztatzea ere. Halaber, kapituluaren amaieran, Izatezko Bikoteen Erregistroak, edozein unetan, ofizioz edo pertsona interesdunek eskaturik, bere egintzetako akats materialak zuzentzeko aukera izango duela aurreikusten da.

Azkenik, bosgarren kapituluan, Erregistroaren publikotasunaren esparruan eta hartarako eskudunak diren pertsona edo organoek eskaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak inskripzioen edo Erregistroko beste edozein gairen ziurtagiriak igortzeko ahalbidea arautzen da. Kapitulu honetan, inskripzioen nahiz Izatezko Bikoteen Erregistroan aurkeztutako eskaerei dagokienez hartutako ebazpenen ondorio diren egiaztatze-efektuak arautzen dira, baita ere. Eta, azkenik, Izatezko Bikoteen Erregistroak izapidetutako espediente artxibatuen kontsulta zuzena ahalbidetzeko xedapen zehatzak ezartzen dira.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta gaia Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendu arautzailea onartzen da, zeinaren testua dekretu honen eranskinean zehazten den.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean definitutako ezaugarriak eta nolakotasunak dituen erregistro elektroniko orokorrik existitzen ez den eta erabilgarri ez dagoen artean, eskaerak izapidetu eta ebazteko, eta ebazpenak jakinarazteko epearen hasiera-data izapidetzeko organo eskudunak emandako sarrera-erregistroko data izango da.

Dekretu hau indarrean jartzean, indargabetu egingo da 124/2004 Dekretua, ekainaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendua onartzekoa, bai eta, oro har, dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Erregelamendu-Garapena.

Izatezko bikoteen arloaren eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendu arautzaile honetan aurreikusitakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezko diren xedapenak egiteko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Eskabide normalizatuak.

Izatezko bikoteen gaian eskuduna den sailburuari ahalmena eman zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren Erregelamendu arautzailean erantsitako eskabideen eredu normalizatuak egunera edo alda ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I ERANSKINA

155/2017 DEKRETUA, MAIATZAREN 16KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IZATEZKO BIKOTEEN ERREGISTROAREN ERREGELAMENDUA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaren helburua hauxe da: izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen babesean eratutako izatezko bikoteen eraketa- eta deuseztatze-deklarazioak inskribatzea.

  2. Bikotekideek ondarea eta ekonomia arautzeko ezar ditzaketen itunak inskribatzeko helburua ere badu, eta bai bikotekideen arteko erlazioari eragiten dion edozein egintza, egitate eta titulu inskribatzekoa ere.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa, organikoki zein funtzionalki, izatezko bikoteen arloan eskuduna den sailaren mende egongo da, sail horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

  2. Izaera administratiboa eta funtzionamendu deszentralizatua ditu Izatezko Bikoteen Erregistroak. Hartarako, juridikoki erregistro bakar gisa konfiguratuko da, eta izatezko bikoteen gaian eskuduna den eta kudeaketa-eskumena bere gain hartu duen sailaren administrazio-unitateen bitartez kudeatuko da. Administrazio-unitate horiek Lurralde Historikoetan egongo dira, Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzeko zereginak esleituta dituen eta izatezko bikoteen esparruan eskumena duen saileko zuzendaritzaren mende.

  3. Izatezko Bikoteen Erregistroaren kudeaketa deszentralizatuaren ondorioz, administrazio-unitateetako bakoitzean funtzio hori izango duen arduradun bat egongo da.

  4. Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzeko eskumena duen zuzendariak ezarriko ditu Erregistro horretan izapidetu daitezkeen prozeduren inguruko zuzentarau orokorrak eta, zehazki, kudeaketari eta izapidetzari dagozkionak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroari dagokio honako funtzio hauek betetzea, bere administrazio-unitateen bidez:

  1. Inskripzioak eta idatzoharrak egiteko eskabideak izapidetzea eta ebaztea, eta, beharrezkoa bada, ezerezpenak egitekoa direnak, eta hartarako egoki direnak gauzatzea.

  2. Izatezko Bikoteen Erregistroan diren datuen ziurtagiriak egitea eta gainontzeko publikotasun erak ematea; besteak beste, hauei buruz: eskabideak, inskripzioak, ezeztatzeak, itunak izatea, bikoteen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunen edukia, itunak aldatzea, agiri bidezko frogabideak eta administrazio-prozedura egokian jasotako beste edozein arlo.

  3. Epaitegiek, auzitegiek, Legebiltzarrak, Arartekoak eta beste erakunde publiko batzuek hala eskatuz gero, txosten tekniko eta estatistikoak egitea.

  4. Erregistroan gordailatutako agiriak artxibatzea eta zaintzea, agiri horien euskarria edozein dela ere; konfidentzialtasun-berme osoarekin artxibatu eta zaindu beharko ditu, datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoaren arabera.

  5. Lurralde Historiko bakoitzeko datu estatistikoak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaz arduratuko diren pertsonak administrazio-unitateetan egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko A taldeko kidego edo eskaletako funtzionarioen artean aukeratuko dira.

  1. Idatzoharrak euskarri informatiko egokietan jasoko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan jaso behar diren datu guztiak dudarik gabe, berme juridiko egokiarekin, kontserbatzeko segurtasunarekin, eta eskuratzeko nahiz ulertzeko erraztasunarekin bildu eta espresatzeko.

  2. Ahal delarik, euskarri informatikoek espediente osoa jaso beharko dute, barruan direlarik Izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean zehaztutako betekizunak bete izana egiaztatzeko agiriak.

  1. Izatezko bikote edo elkarketen udal-erregistroak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan egindako izatezko bikoteen inskripzioek sarbidea izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistrora, baldin eta Izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen badute.

  2. Udal-erregistroek egindako inskripzioak jakinarazi beharko dizkiote Autonomia Erkidegoko erregistroari, bikotekideek izenpetutako ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunak adieraziz, eta bai egindako inskripzioen ezeztatzeak eta itunei nahiz bikotearen bizilekuari eragiten dieten eraldaketak ere.

  3. Bikotekide bien aldez aurreko onespen espresua izan beharko dute udalek egindako jakinarazpenek. Udal-erregistroaz arduratzen den pertsonak igorritako ziurtagiri baten bitartez, espedientean onespen hau jasota utzi beharko dute berariaz.

  4. Bikotea inskribatzeko beharrezkoa eta nahikoa den espediente-zatiaren agiri originalak bidali beharko dituzte udalek. Nolanahi ere, hartan, barne hartu beharko dute udal-erregistroaz arduratzen den pertsonak igorritako ziurtagiria, non berariaz jasota agertu beharko baita bikotekide biek, udal-erregistroan presentzialki aurkezturik, izatezko bikote bat eratzeko gogoa agertu dutela.

  5. Udal-espedientea ikusita, 2/2003 Legeak edo Araudi honek ezartzen dituzten legezko baldintza guztien konplimendua akreditatu edo betetzen ez dela edo aipamenen bat falta dela ikusten badu Izatezko Bikoteen Erregistroak, bikoteari jakinaraziko dio, dokumentazio gabeziak zuzentzeko edo dokumentazioa aurkezteko izapidetze-epean aurkez ditzan falta diren agiriak.

  6. Izatezko Bikoteen Erregistroak, izatezko bikotea eratzeko deklarazioa eskatu moduan inskribatzea ahalbidetzeko, edozein unetan, egoki deritzen argibideak edo agiriak eskatu ahal izango dizkie udalei, udal-espedientea era egokian kalifikatu ahal izateko.

  7. Udal-erregistroek espedienteak igorri ondoren hasitako administrazio-prozeduretan, ebazpenetan jasoko da aurreko bosgarren edo seigarren ataletan aurreikusitako egoerarik gertatu den. Halaber, dagokion udal-erregistroko inskripzio-data jasoko da.

  8. Inskripzioaren eragin-data inskripzioa udal-erregistroa egin zen egunekoa izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan aurkeztutako eskabideek kapitulu honetan berariaz aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan araututako baldintza orokorrak ere.

  1. kapitulua. Eskaerak aurkeztea.

  1. Eskabideak elektronikoki edo ohiko bideak erabiliz aurkeztu ahal izango dira. Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen du izapidetze elektronikoa.

  2. Eskabideak erregelamendu honi erantsitako instantzia normalizatuetan egin beharko dira.

  3. Eskabideen eredu normalizatuak Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzeko eskumena duten administrazio-unitateetan daude eskuragarri, eta egoitza elektronikotik zuzenean ere deskarga daitezke (https://euskadi.eus).

  4. Eskabideak, behar bezala eta osorik bete ostean, aurrez aurre aurkez daitezke Eusko Jaurlaritzako Herritarraren Arreta Zerbitzuko bulegoetan (Zuzenean), Izatezko Bikoteen Erregistroaren administrazio-unitateetan, edota Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Azken kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorran sarrera izan duten agirien arabera gertatuko dira bai eskabidearen izapidea eta bai inskripzioaren eraginak.

  1. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira bikotea eratu behar duten pertsonen nortasuna egiaztatzeko, eta, hala badagokio, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan beren izenean aurkezteko baimendu duten pertsonaren edo pertsonen nortasuna egiaztatzeko:

    1. Estatuko hiritarren kasuan, nortasun-agiria edo pasaportea.

    2. Europar Batasuneko beste estatu-kide bateko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu bateko hiritarren kasuan, pasaportea edo titularraren nazionalitatea jasota duen bere herrialdeko nortasun-agiri baliokidea.

    3. Gainerako estatuetako hiritarren kasuan, Atzerritarren Identifikazio Txartela (identifikazio-ondorioetarako atzerritarren identifikazio-zenbakia «AIZ» zehazten duen agiria) edo pasaportea.

  2. Nortasuna egiaztatzeko agiriek indarrean egon beharko dute eskabidearen datan.

  3. Edonola ere, eskaera izapiderako eskuduna duen organoari nortasun-datu horiek Barne Arazoetako Ministerioan frogatu edo egiaztatzeko baimena ematen bazaio eskabidean, pertsona eskatzaileak ez du zertan NANa edo, hala badagokio, Atzerritarren Identifikazio Txartela aurkeztu.

  1. Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluari eta Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 3. eta 6. artikuluei jarraikiz, aurkeztutako edozein agiri atzerritar ofizialki itzulirik egon beharko da euskarara nahiz gaztelaniara.

  2. Era berean, alor honetan oro har aplikatzekoa den legedian zehaztutako xedapenen arabera legeztaturik egon beharko dira atzerriko agiri publikoak. Halaber, Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoari buruzko uztailaren 30eko 29/2015 Legea aplikatuko zaie; zehazki, 56. eta 57. artikuluetan xedatutakoa.

    2. ATALA

    INSKRIBATZEKO ESKABIDEAK

  1. Honako baldintza hauek adierazitako eran betetzen dituzten bikoteek edo, hala badagokio, bikotekideetako batek eskatu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatzeko:

    1. Bi pertsonak adinez nagusiak edo adingabe emantzipatuak izatea.

    2. Pertsonak gaitasun osoa edukitzea.

    3. Ez izatea lerro zuzeneko odol- edo adopzio-ahaideak, edo bigarren graduko albo-ahaideak.

    4. Bi pertsonek harreman afektibo-sexuala izatea.

    5. Bi pertsonetako inor ez egotea beste pertsona batekin ezkonduta edo ez izatea beste pertsona baten izatezko bikotea.

    6. Bikotekideetako batek behintzat euskal auzotasun zibila izatea, Kode Zibilaren 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Bikotekide biek batera egin beharko dute izatezko bikote gisa inskribatzeko eskabidea.

Izatezko bikote gisa inskribatzeko eskabideak eskabide normalizatuan aurkeztu beharko dira, honako alderdi hauek zehaztuz:

  1. Bikotekide bakoitzaren izen-abizenak.

  2. Bakoitzaren NANa, Atzerritarren Identifikazio Txartela edo pasaportea.

  3. Bakoitzaren jaioteguna.

  4. Bakoitzaren nazionalitatea edo nazionalitateak.

  5. Bakoitzaren egoera zibila.

  6. Hala badagokio, bikotekide bakoitza ordezkatzen duen pertsonaren nortasun-datuak.

  7. Bikotearen egoitza.

  8. Beste pertsona bati ezkontzaz loturik ez daudela adierazteko erantzukizunpeko adierazpenak bikotekide bakoitzak bana edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan izatezko bikotekide gisa inskribatu nahi duten pertsona ez den beste norbaitekin izatezko bikotekidetzat inskribaturik ez daudela.

  9. Bikotekideen erantzukizunpeko adierazpenak, honako gai hauek jakinaraziz:

    egiazkoak direla eta ontzat ematen dituztela eskabidean eta erantsitako agirietan jasotako datuak.

    ezagutzen dituztela izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatzearen ondoriozko efektuak.

  10. Eskabidea aurkezteko tokia eta data, eta bikotekide bien sinadura.

  1. Behar bezala izenpetutako inskripzio-eskabideekin batera, bikotekideek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, derrigorrean:

    1. Araudi honen 9. artikuluan ezarritako moduan, bikotekideen nortasun-agiriak eta, hala badagokio, ordezkatzen duen pertsonarena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan bikotekideen izenean izapideak egiteko baimena duen pertsonaren nortasun-agiria.

    2. Bikotekideen egoera zibilaren ziurtagiriak, Erregistro Zibilari buruzko indarreko araudi erregulatzailearen arabera, edo agintaritza eskudunak igorritako agiri baliokidea, atzerriko pertsonen kasuan. Aipaturiko egiaztapena gauzatzeari begira, Estatuko hiritarren kasuan, inskripzio-eskabidearen aurkezpen-data baino gutxienez hilabete lehenago igorritako agiriek ez dute baliorik izango eta, atzerritarren kasuan, hiru hile lehenago igorritakoek.

    3. Eskabidea aurkeztean gutxienez izatezko bikoteko kideetako batek egiaztatzea euskal auzotasun zibila, honako era hauetakoren batean, espainiar nazionalitatea jaiotzez duten pertsonak edo espainiar nazionalitatea lortu duten atzerriko pertsonak diren:

      1. Espainiar nazionalitatea jaiotzaz duten pertsonak, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnak:

      Eskabidea aurkezten den eguna baino lehen hamar urtetik gora igaro baditu Euskal Autonomia Erkidegoan jarraitutasunez bizitzen, denbora-tarte horri dagokion erroldatze-ziurtagiria. Halaber, Erregistro Zibilak emandako jaiotza-ziurtagiri literala, egiaztatu egiten duena ez dagoela euskal auzotasun zibila ez lortzeko borondate-aitorpenik edo aurreko auzotasun zibila mantentzeko borondaterik.

      Eskabidea aurkezten den eguna baino lehen bi urtetik gora baina hamar urtetik behera igaro baditu Euskal Autonomia Erkidegoan jarraitutasunez bizitzen, Erregistro Zibilak emandako jaiotza-ziurtagiri literala, adierazi egiten duena euskal auzotasun zibila lortzeko borondatea.

      2. Espainiar nazionalitatea jaiotzaz duten pertsonak, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez direnak:

      Erregistro Zibilak emandako jaiotza-ziurtagiri literala, egiaztatu egiten duena euskal herritartasun zibila lortu izana.

      Aurreko agiririk eduki ezean, erroldatze-ziurtagiria; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan ondoz ondoko 10 urte baino gehiago bizi izan dela egiaztatzen duena. Horrekin batera, ondorengo eta eskabidearen datara bitarteko erroldatze-ziurtagiriak, eta Erregistro Zibilak emandako jaiotza-ziurtagiri literala aurkeztu beharko ditu.

      3. Espainiar nazionalitatea lortu duten pertsona atzerritarrak:

      Espainiar nazionalitatea lortzean euskal auzotasun zibila hautatu bada, espainiar nazionalitatea lortu izanaren ziurtagiria, Erregistro Zibilak emandakoa eta nazionalizatzean euskal auzotasun zibilaren aldeko hautua adierazten duena.

      Espainiar nazionalitatea lortzean euskal auzotasun zibila ez beste bat hautatu bada, euskal auzotasun zibila egiaztatzeko, espainiar nazionalitatea jaiotzaz duten pertsonek dituzten bide berberak erabili ahal izango dira, dagokien kasuaren arabera.

      Adierazitako epeak aintzat hartu behar badira, euskal auzotasun zibila ez beste bat lortu dutela adierazten duten egunetik aurrera zenbatuko dira.

      Nolanahi ere den, izena emateko eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egindako jaiotza-ziurtagiri literalek ez dute balioko auzotasun zibila egiaztatzeko. Halaber, ez dute balioko data hori baino hilabete lehenago emandako erroldatze-ziurtagiriek.

    4. Bikotekideetako bat edo biak adingabeak izanez gero, emantzipazioa egiaztatzen duen Erregistro Zibileko agiria.

  2. Bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itun batez lagundu ahal izango dira eskabideak eta, kasu horretan, eskabidean bertan adierazi behar izango da.

    Ituna notario-eskritura publikoan edo agiri pribatuan jaso ahal izango da, eta bikotekideen eskuzko sinadurak izan beharko ditu; agiri pribatuan jasotzekotan, orri guztien alde biak sinatu beharko dira.

  1. Izatezko bikotea eratzeko deklarazioaren aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaz arduratzen den arduradunaren aurrean bertaratzeko eskatuko zaie bikotekideei; zehazki, eskabidea kudeatzeko eta izapidetzeko administrazio-unitatera jo beharko dute. Helburua da aurrez aurre adieraz dezatela inskribatzeko gogoa, izatezko bikotea eratzeko beharrezko diren baldintzak betetzen dituztela, eta izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatzearen ondoriozko eraginen jakinaren gainean daudela.

  2. Bikotekideek ez dute bertaratzeko betebeharra izango kasu hauetan:

    1. epe luzerako ospitaleratzea edo etengabeko tratamendu medikoa dakartzan eta pazientearen tokialdatzea kaltegarri egiten duen gaixotasun larria badute, bikotekide batek nahiz biek. Kasu horretan, eta izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatu ahal izateko, izatezko bikotea eratzeko deklarazioarekin batera, bikotekide gaixoak bere medikuak igorritako txosten baten bidez frogatu beharko du bere egoera eta, era berean, bere gaitasun mentalen jabe dela eta izatezko bikotekide gisa inskribatzeko gogoa adierazteko gaitasuna bere horretan duela utzi behar izango du jasota txosten horretan.

    2. bikotekide bat edo biak espetxeraturik badaude. Kasu horretan, eta izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatu ahal izateko, izatezko bikotea eratzeko deklarazioarekin batera, espetxeko zuzendariak igorritako eta egoera hau jasota duen ziurtagiria aurkeztu behar izango du espetxeratutako bikotekideak.

  3. Aurreko zenbakian adierazitako kasuetan, zehaztutako agiriez gain, Izatezko Bikoteen Erregistroaren aurrean pertsona interesdunaren izenean izapideak egiteko pertsona baimendua nor den eta esleitzen zaizkion eginkizun zehatzak zeintzuk diren zehazteko notario-ahalordea aurkeztu behar izango da, edo notarioaren aurrean legeztatutako sinadura duen idazki pribatua. Halaber, espetxean eskumena duen agintariaren, organoaren edo pertsonaren aurrean idazki pribatua aurkeztu ahal izango da, kautotuta, betiere, aurreko atalean aurreikusitako kasua b) idatz-lerroan zehaztutakoa bada. Hala badagokio, bikoteak hautatutako ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna ere adieraziko da.

    3. ATALA

    EZEZTATZEKO ESKABIDEAK

Izatezko bikotea eratzeko deklarazioa ezeztatzeko eskabidea bikotekide biek batera edota batek aurkeztu ahal izango dute, Araudi honetan aurreikusitako moduan.

Elkarrekin aurkeztutako ezeztatze-eskabideak eskaera-orria betez egingo dira, eta honako alderdi hauek zehaztu beharko dituzte:

  1. Bikotekideen izen-abizenak.

  2. Bikotekideen NANa, Atzerritarren Identifikazio Txartela edo pasaporteak.

  3. Hala badagokio, bikotekide bakoitza ordezkatzen duen pertsonaren nortasun-datuak.

  4. Eskabidea aurkezteko tokia eta data, eta bikotekide bakoitzaren sinadura.

Elkarrekin adostutako ezeztatze-eskabideekin batera, Araudi honen 9. artikuluan xedatutako eran, nortasun-agiria besterik ez du aurkeztu beharko bikotekide bakoitzak, eta, hala badagokio, ordezkatzen duen pertsonarena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan bikotekideen izenean izapideak egiteko baimena duen pertsonaren nortasun-agiria.

Ezeztatzeko eskabideak banaka aurkezteko, eskaera-orria bete behar izango da, eta honako aipamen hauek izan beharko dituzte:

  1. Baliogabetzeko eskabidea aurkezten duen bikotekidearen izen-abizenak.

  2. Ezeztatzeko eskabidea aurkezten duen bikotekidearen NANa, Atzerritarren Identifikazio Txartela edo pasaportea.

  3. Hala badagokio, bikotekide bakoitza ordezkatzen duen pertsonaren nortasun-datuak.

  4. Eskabidea aurkezteko tokia eta data, eta ezeztatzeko eskabidea aurkezten duen bikotekidearen sinadura.

  1. Banaka aurkeztutako ezeztatze-eskabideek, edonola ere, honako agiri hauek izan beharko dituzte erantsirik, derrigorrean:

    1. Ezeztatzea eskatzen duen pertsonaren nortasun-agiria eta, hala badagokio, araudi honen 9. artikuluan xedatutako eran, ordezkatzen duen pertsonarena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan ezeztatze-eskabidea aurkeztu duen pertsonaren izenean izapideak egiteko baimendu duen pertsonarena.

    2. Eratutako izatezko bikotea amaitutzat jotzeko erabakia beste bikotekideari era frogagarrian eta zuzenbidean onartutako edozein bitartekoren bidez jakinarazi zaiola egiaztatzen duen agiria, ezeztatzea eskatzen ari den bikotekidea genero-indarkeriaren biktima denean salbu.

  2. Ezeztatzea eskatzen duen bikotekidea genero-indarkeriaren biktima bada, egoera hori eskabidearekin batera frogatu beharko du, honako modu hauetako edozeinen bidez:

    1. Biktima babesteko agindua, eskabidea aurkeztean indarrean dagoena.

    2. Genero-indarkeriatzat hartutako ekintzen ondoriozko kondena-epaia, laguntza eskatzean indarrean dauden biktimaren aldeko babes-neurriak jasotzen dituena.

    3. Babes-agindurik edo kondena-epairik ezean, babes-agindua eman arte, eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela iradokitzen duten adierazgarriak daudela azaltzen duen Fiskaltzaren txostena hartuko da genero-indarkeria egiaztatzeko agiritzat.

  3. Behin genero-indarkeriaren biktima-egoera frogaturik, eta izatezko bikotea eratzeko deklarazioa ezeztatu aurretik, eskabidea kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena duen Izatezko Bikoteen Erregistroko administrazio-unitateak hartuko du bere gain eratutako izatezko bikotea amaitutzat jotzeko erabakia beste bikotekideari jakinarazteko ardura, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

  4. Ezeztatzea eskatzen duen pertsonak frogatzen badu bere bikotekideari burofax bidez eta era frogagarrian eratutako izatezko bikotea amaitutzat jotzeko erabakiaren jakinarazpena helarazten ahalegindu dela, baina ezinezko gertatu zaiola ezezagun duelako haren helbidea, eskabidea kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena duen Izatezko Bikoteen Erregistroko administrazio-unitateak aurreko zenbakiko baldintza berberei helduko die.

    Hartarako, pertsona interesdunak, izatezko bikotea eratzeko deklarazioa ezeztatzeko asmoz, bere bikotekidearen helbidea edo eratutako izatezko bikotea amaitutzat jotzeko erabakiaren jakinarazpena bidaltzeko tokia ezezagun duela agertzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar izango du aldez aurretik.

  1. Izatezko bikotea eratzeko deklarazioa ezeztatu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaz arduratzen den arduradunaren aurrean bertaratzeko eskatuko zaie bikotekideei; zehazki, eskabidea kudeatzeko eta izapidetzeko administrazio-unitatera jo beharko dute. Helburua da adieraz dezatela izatezko bikotea eratzeko deklarazioaren inskripzioa ezeztatu nahi dutela.

  2. Izatezko bikotea osotzen duten pertsonak bakarrik bertaratu ahal izango dira, betiere bikotekideetako batek hala eskatzen badu edo Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroko arduradunak elkarrekin ez bertaratzea egokiagoa dela uste badu.

  3. Bikotekideek ez dute bertaratzeko betebeharra izango Araudi honen 14.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, eta, notario-ahalordearekin edo notarioaren aurrean legeztatutako izenpea duen idazki pribatuarekin batera, hartan zehaztutako agiriak aurkeztu behar izango dituzte, bikotea ezeztatzeko gogoa adieraziz eta bere izenean izapideak egiteko pertsona baimendua zein den zehatuz.

    4. ATALA

    ITUNAK ERANSTEKO EDO ERALDATZEKO ESKABIDEAK

Bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna eransteko edo aldatzeko eskabideak bikotekide biek batera aurkeztu beharko dituzte.

Izatezko bikotetzat inskribatzeko eskabidea egitean aurkeztu ez zen bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna eransteko eskabideak, eta bai inskripzioarekin batera edo beste une batean aurkeztutako itunak eraldatzeko edo indargabetzeko eskabideak ere, eskaera-orria betez gauzatuko dira, eta honako aipamen hauek izan beharko dituzte:

  1. Bikotekideen izen-abizenak.

  2. Bikotekideen NANa, Atzerritarren Identifikazio Txartela edo pasaporteak.

  3. Hala badagokio, bikotekide bakoitza ordezkatzen duen pertsonaren nortasun-datuak.

  4. Eskabidea aurkezteko tokia eta data, eta bikotekide bakoitzaren sinadura.

Itunera gehitzeko edo ituna aldatzeko eskabideek honako agiri hauek izan beharko dituzte erantsirik, derrigorrean:

  1. Araudi honen 9. artikuluan ezarritako moduan, bikotekideen nortasun-agiriak eta, hala badagokio, ordezkatzen duen pertsonarena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan bikotekideen izenean izapideak egiteko baimena duen pertsonaren nortasun-agiria.

  2. Bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna, Araudi honen 13. artikuluaren hirugarren zenbakian xedatu legez.

  1. Bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna inskribatu aurretik, eskabidea kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena duen Izatezko Bikoteen Erregistroko administrazio-unitatean bertaratzea eskatuko zaie bikotekideei, adieraz dezaten beren ekonomia- eta ondare-harremanak erregulatzeko edo beroiek aldatzeko gogoa, eskabidearekin batera aurkeztutako itunean xedatutakoaren arabera.

  2. Bikotekideek ez dute bertaratzeko betebeharra izango Araudi honen 14.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan eta, notario-ahalordearekin edo notarioaren aurrean legeztatutako izenpea duen idazki pribatuarekin batera, hartan zehaztutako agiriak aurkeztu behar izango dituzte, bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko zein itun aukeratu duten adieraziz.

    5. ATALA

    ZIURTAGIRI ESKABIDEAK

  1. Egintzak eta egitateak egiaztatzeko eskabideak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistrora sarbidea izan duten izatezko bikoteen harremanaren edukian eragina duten beste edonolako baldintzak egiaztatzeko eskabideak bikotekide biek batera aurkeztu ahal izango dituzte, edo haietako batek bakarrik, eta bai interes legitimoa duela egiaztatzen duen pertsona orok ere.

  2. Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan aurreikusitako moduan, ziurtagirien eskaerak ordezkari baten bitartez ere aurkez daitezke.

Izatezko bikoteak eratu eta azkentzeko deklarazioen ziurtagirien eskaerak, bai eta bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunen ziurtagirien eskaerak ere, eskaera-orria betez gauzatuko dira, eta honako aipamen hauek izan beharko dituzte:

  1. Eskatzailearen izen-abizenak.

  2. Bikotekideen NAN, Atzerritarren Identifikazio Txartela edo pasaporteak.

  3. Hala badagokio, bikotekide bakoitza ordezkatzen duen pertsonaren nortasun-datuak.

  4. Ziurtagiriaren helburua.

  5. Ziurtagiria eskatzeko arrazoia.

  6. Eskabidea aurkezteko tokia eta data, eta ziurtagiriaren eskaera aurkezten duten pertsonen sinadurak.

  1. Ziurtagiri-eskabideekin batera, ziurtagiria eskatzen duen pertsonaren nortasun-agiria aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, ordezkatzen duen pertsonarena, Agiri honen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Ziurtagiria eskatzen duen pertsona ez bada inskribatutako bikotekideetako bat, interes legitimo baten titular dela egiaztatu beharko du agiri bidez. Horrek guztiak ez du ezertan galaraziko bikotekideek ordezkari baten bidez ziurtagiriaren eskaera egiteko duten ahalbidea, Araudi honen 25.2 artikuluan jaso legez.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eskabide bat aurkezten denean, Administrazioaren erregistro elektronikoak bermatuko du honako hauek jasotzen direla egiten den idapenean: erregistroko sarrera-zenbakia, aurkezpenaren data eta ordua, interesdunaren edo interesdunen identifikazioa, igorri duen administrazio-organoa (bidezkoa bada), hartzaile den administrazio-organoa eta dagokion eskabidearen edukiaren erreferentzia.

  2. Eskatzaileari edo eskatzaileari eskaera aurkeztu izanaren ziurtagiri bat emango zaio/zaie. Ziurtagiriak hauek jasoko ditu: aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta, hala badagokio, erregistratzen den dokumentuaren edukiaren erreferentzia.

  3. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistro elektronikoan sartzen den dataren arabera ezarriko da ebazpena emateko epea, Araudi honen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Aurkeztutako eskabide eta agiriek ez badituzte Araudi honetan ezarritako baldintzak betetzen edo beren edukia ez bada nahikoa, edo beharrezko diren agirietako bat aurkezten ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroaz arduratutako pertsonak hamar egun balioduneko epea emango die pertsona eskatzaileari edo pertsona eskatzaileei, akatsak zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko.

  2. Eskaeran, hartzaileari jakinaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskabidea ezetsitzat joko dela, eta artxibatu egingo dela. Horrek guztiak ez du eragotziko Administrazioak, eskabidea artxibatu baino lehen, hari buruzko berariazko ebazpen espresu bat emateko eta jakinarazteko duen betebeharra, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  3. Ofizioz nahiz pertsona interesdunak edo pertsona interesdunek hala eskatuta, eta akatsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko zailtasun bereziak badituzte, beste bost egun baliodun luzatu ahal izango da hamar egun balioduneko epea.

  4. Halaber, Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzeko ardura dutenek are gehiago luzatu ahal izango dute epea, ofizioz edo pertsona interesdunaren/interesdunen eskaerari jarraituta eta betiere zuhurtziaz, baldin eta pertsona interesduna atzerritara bada eta agiriak jatorrizko herrialdean eskatu behar baditu.

  5. Pertsona interesdunak edo pertsona interesdunek uko egiten badute eta eskabidea artxibatu egiten bada ere, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango dute aurrerago.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan aurkeztutako eskabideen izapidea honako hauen arabera egingo da: 2/2003 Legea, maiatzaren 7koa, Izatezko Bikoteak araupetzen dituena; dekretu hau; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

  1. Izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatzeko edo ezeztatzeko eskabideak kalifikatu aurretik, eta bai bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna erantsi edo aldatzeko eskabideak kalifikatu aurretik ere, aurrez aurre bertaratzea eskatuko zaie bikotekideei, dekretu honen II. kapituluan aurreikusitako eran eta xedearekin, eta II. kapitulu horretan jasotako bertaratzeko betebeharraren salbuespenei inolako kalterik egin gabe.

  2. Bertaratzea Araudi honen II. kapituluan aurreikusitako moduan eta aurreikusitako xede eta ondoreetarako egingo da. Nolanahi ere den, II. kapituluan bertan aurreikusitako salbuespenek indarrean jarraituko dute.

  3. Bertaratzea egintza pertsonala da, eta, hortaz, pertsona interesdunek aurrez aurre egin beharrekoa. Ezin izango dute ordezkaririk bidali, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

  4. Bertaratzen diren pertsonak bikotekideak direnean nahiz, Araudi honen 14.2, 20.3 eta 24.2 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, Izatezko Bikoteen Erregistroan haien izenean izapideak egiteko baimena duten ordezkariak direnean, beren nortasuna frogatzeko xedez, agiri hauetako bat aurkeztu behar izango dute: nortasun-agiri nazionala, pasaportea, titularraren nazionalitatea jasotzen duen jatorrizko herrialdeko nortasun-agiri baliokidea, Atzerritarren Identifikazio Txartela (identifikazio-ondorioetarako atzerritarren identifikazio-zenbakia «AIZ» zehazten duen agiria) edo pasaportea, kasu bakoitzean egoki dena.

  5. Edonola ere, nortasuna egiaztatzeko agiriek indarrean egon beharko dute bertaratzea egiten den datan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzeko administrazio-unitateetako pertsona arduradunek kalifikatu egingo dituzte bai aurkeztutako eskabideak, bai Izatezko Bikoteak Arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak eskatzen dituen baldintzen egiaztapena eta bai Araudi honen aurreikuspenak ere. Hala badagokio, eskaerarekin batera, bikoteak aurkeztutako ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunaren edukietako eskubide eta betebeharren legezkotasuna ere egiaztatuko dute.

  2. Aurkeztutako eskabidea onetsi, baztertu ala bertan behera utzitzat jo behar den egiaztatzea izango da aurreko jarduketen helburua, eta, hori ikusita, izatezko bikotea eratzeko edo ezeztatzeko deklarazioa inskribatzea, bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunak inskribatzea, edo eskabidea artxibatzea.

  1. Izatezko bikoteen arloan eskuduna den zuzendariak ebatziko du izatezko bikotea eratzeko edo ezerezteko deklarazioa nahiz bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko ituna inskribatzeko eskaera onesten ala ezesten den, edo, eskabidean atzera egin badu, artxibatu egingo den.

  2. Gehienez, hiru hileko epea izango du ebazpena jakinarazteko, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoan sartu denetik hasita, eta ezertan galarazi gabe Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluan jasotako epe-etenak.

  3. Epe hori igaro ondoren ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak baietsi direla pentsatu ahal izango dute.

  4. Genero-indarkeriaren biktima den pertsona batek berak bakarrik izatezko bikotea eratzeko deklarazioa ezeztatzeko aurkeztutako eskabideen kasuan, behar bezala egiaztatu badu egoera hori, Araudi honetan aurreikusitakoaren arabera, ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehienezko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoan sartu den egunetik hasita.

  5. Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lurralde-ordezkariaren ebazpenak berariazkoak izango dira eta beti egongo dira motibaturik, eta lege-testu bereko 35. eta hurrengo artikuluetan xedatutako moduan jakinaraziko zaizkie pertsona interesdunei.

  6. Ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, hierarkian izatezko bikoteen esparruan eskumena duen zuzendariaren gainetik dagoen organoaren aurrean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. Artikuluetan xedatutakoarekin.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatu eta mantentzera bideratutako funtzioak esleitu zaizkion eta izatezko bikoteen arloan eskuduna den zuzendaritzak onetsitako ereduaren araberakoak izango dira inskripzioak.

  2. Inskribatutako bikote bakoitzak erregistro-fitxa bat izango du. Bikoteari dagozkion garrantzizko datu guztiak izango ditu fitxak, Izatezko Bikoteak Arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen eta Araudi honen xedeetarako. Erregistro-fitxa hori euskarri informatikoan gordeko da, espediente bakoitza izapidetzeko erabilitako gainerako euskarriei inolako kalterik egin gabe.

  3. Izatezko bikote bati eragiten dioten datu eta agiri guztiak jaso egingo dira, eta espediente-zenbaki bakarra esleituko zaie.

  4. Izatezko bikoteak eratzeko edo ezeztatzeko deklarazioen inskripzioek, bai eta bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunak eransteko edo eraldatzeko deklarazioen inskripzioek ere, organo eskudunaren izenpea izango dute, eskuzkoa nahiz informatikoa.

Inskripzioak honako datu hauek jasoko ditu beti:

  1. Eskabidea aurkeztu den lekua eta data.

  2. Bikotekide bakoitzaren izen-abizenak.

  3. Bikotekide bakoitzaren sexua.

  4. Azaltzen den nortasuna egiaztatzeko agiria edo agiriak, eta horien zenbakia.

  5. Bikotekide bakoitzaren jaiotza-data.

  6. Bikotekide bien helbidea. Adierazten den izatezko bikotearen helbidea. Bikotekide bakoitzaren egoera zibila.

  7. Bikotea eratu dela adierazten duen aitorpenaren inskripzioa edo izatezko bikotea deuseztatzeko aitorpenaren inskripzioa jasotzen duen ebazpenaren data. Azken kasu horretan, deuseztatzeko arrazoia eman behar da; bestela, hala badagokio, ukoa edo bertan behera uztea (eta horren ondorengo eskabide-artxibatzea) jasotzen duen ebazpena.

  8. Ebazpenaren jakinarazpen-data.

  9. Ekonomia- eta ondasun-harremanak araupetzen dituen ituna dagoen ala ez dagoen, eta, hala badagokio, itunaren data eta itun-ereduaren inguruko iruzkin laburra.

  10. Aurreko ituna aldatzen edo ordezkatzen duen itun berri baten ekarpenaren data eta edukia.

  11. Izatezko bikotearen harremanaren edukia ukitzen duen beste edozein izendapen, garrantzitsua bada Izatezko Bikoteei buruzko maiatzaren 7ko 272003 Legearen edo Araudi honen ondoreetarako.

  1. Erregistro-fitxan idazpen egokietan zehaztutako moduan jasotako informazio guztia egiazkotzat joko da, aurkakoa frogatu ezean.

  2. Izatezko bikoteak eratu eta ezeztatzeko deklarazioen inskripzioak, eta bai bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunak erantsi edo eraldatzeko deklarazioen inskripzioak ere, ebazpenaren datatik aurrera izango dute eragina. Erregistroko fitxan jasotako ebazpen-data eta organo eskudunaren eskuzko izenpea duen ebazpen originalean agertzen den data bat ez badatoz, bigarrenak izango du balioa.

  3. Dekretu honen aurreko artikuluan jasotako egoerarik inskribatzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan, ezin izango da haren aurkakoa edo harekin bateraezina den besterik inskribatu nahiz lehenagokoa, berdina edo aurreragokoa izan bere data. Salbuespena egingo da araudi honen 33.1 artikuluan aipatzen den organoak, epaitegiek edo auzitegiek aurkako ebazpena ematen dutenean.

  1. Izatezko Bikoteak Arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako arrazoietako baten ondorioz izatezko bikotea ezeztatu egiten bada, bikotea eratzeko deklarazioaren inskripzioa ezeztatzeko betebeharra izango da.

  2. Ofizioz nahiz izatezko bikotekide batek edo biek eskatuta, honako kasu hauetarako ezarritako eran eta efektuekin gauzatuko da ezeztatzea:

    1. Bikoteko kideetariko baten heriotza-deklarazioagatik edo heriotzarengatik. Kasu horretan, nahikoa izango da bizirik dirauen bikoteko kideak edo beste edozein pertsona interesatuk aurkeztutako heriotza-ziurtagiria edo heriotza-deklarazio judiziala aurkeztea. Bikotearen deuseztatze-data, kasu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan jasoko dena, heriotza-ziurtagiriaren edo heriotzaren aitorpen judizialean agertzen den eguna izango da.

    2. Bikoteko kideak beren artean ezkontzeagatik. Kasu horretan, dagokion ezkontza-ziurtagiria aurkeztu beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan jasoko den azkentze-data ezkontza-ziurtagirian jasotako ezkontza-dataren aurreko eguna izango da.

    3. Bikoteko kide bat ezkontzegatik. Kasu horretan, bikotekide gisa inskribaturik izatea ezeztatzeko eskatu beharko du ezkonduko denak, eta, horrez gain, dagokion ezkontza-ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bikotearen azkentze-data ezkontza-ziurtagirian jasotako ezkontza-dataren aurreko eguna izango da.

    4. Bikotekide biek eskatuta, dekretu honen 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitako eran.

    5. Bikotekide batek eskatuta, dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako eran.

  3. Izatezko bikotea osatzen duen pertsonetako baten edo bien heriotza edo ezkontza dagokion moduan egiaztatzen denean, inskripzioa ezeztatu egin ahal izango da, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta.

  4. Halaber, izatezko bikotearen eratze-aitorpenaren inskripzioa ofizioz deuseztatu ahal izango da, epai judizial irmoa exekutatzeko edo epai judizial irmoarekin bat egiteko. Orobat inskripzioa baliogabea dela adierazten duen administrazio-ebazpena edo helburu horretarako egoki den beste edozein titulu ematen bada.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak edozein unetan zuzendu ahal izango ditu, ofizioz nahiz pertsona interesdunek eskatuta, bere egintzetan izandako akats materialak, bat etorriz Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109. artikuluan ezarritakoarekin.

Bikotekideek, interes legitimoa dutela egiaztatzen duten pertsonek edo epaitegi eta auzitegiek eskatuta, inskripzioen ziurtagiriak edo Erregistroaren edukietako beste edozein egoeraren ziurtagiriak igorriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak.

  1. Eskabidea jaso duen administrazio-unitateko Izatezko Bikoteen Erregistroko arduradunak igorri eta izenpetuko ditu ziurtagiriak, eta hiru hilabetez izango dute froga-balioa, ziurtagiria igortzen den datatik hasita.

  2. Izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatzeko ebazpenek hiru hilabetez izango dute inskripzioa egiaztatzeko balioa, ebazpenaren datatik hasita. Epe hori igarota, galdu egingo dute froga-balioa.

  3. Itunik badagoen ala ez dagoen, balioz erantsitako azken itunaren data eta bikoteak aukeratutako ekonomia- eta ondare-harremanen erregimen mota adierazi ahal izango dituzte bikotearen ekonomia- eta ondare-harremanak arautzeko itunei dagozkien ziurtagiriek.

  4. Eskabidea itunean jasotako alderdi edo hitzarmen bati buruzkoa denean, aurkeztutako eskaerari erantzuna emateko nahikoa den itunaren edukia transkribatuko du ziurtagiriak. Itunaren eduki osoa eskatzen bada, osorik transkribatuko da, eta ituna sinatu den tokia eta data adieraziko dira.

  1. Soilik honako hauek kontsultatu ahal izango dituzte zuzenean administrazio-unitateetan artxibatutako espedienteak: izatezko bikotea osatzen duten pertsonek, epaitegi nahiz auzitegiek, eta interes legitimoa dutela egiaztatzen duten hirugarrenek, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

  2. Interes legitimo eta zuzena dutela egiaztatzen duten pertsonek soilik izango dute espedienteetan jasotako agiriak kontsultatzeko eta ziurtagiriak jasotzeko eskubidea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak dituen datu guztiek datu pertsonalei eman beharreko babesa jasoko dute, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoaren arabera, eta zerikusia duten eta aplikatzekoak diren beste arau batzuekin ere bat eginez.

(Ikus .PDF)