Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

84/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1970
  • Xedapen-zk.: 84
  • Xedapen-data: 2017/04/11
  • Argitaratze-data: 2017/04/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu da, eta Administrazioaren sailei eskumenak berrezarri zaizkie, legegintzaldi honetan Jaurlaritzaren Programa osatzen duten konpromiso guztiak burutzeko ahalik eta eraginkortasun handienez.

Aipatu dekretuaren 2. artikuluan xedatzen denez, Lan eta Justizia Saila Eusko Jaurlaritzaren organigramaren parte da, eta haren 16. artikuluan xedatzen diren egitekoak eta arloak izango ditu. Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoan, eskatzen da, halaber, saila egituratuko duten araudi organikoak prestatzeko, betiere programan zehaztutako antolaketa-irizpideekin eta aurreikuspenekin bat etorriz.

Sailak bi sailburuordetza izango ditu: Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetza eta Justizia Sailburuordetza. Sailburuordetza bakoitzean, bestalde, zenbait zuzendaritza daude, bakoitzari dagozkion arlo espezifikoak kontutan hartuta.

Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzaren egitekoa lan-legeria betearaztea izango da, arlo hauetan: lan-harremanak; gizarte-ekonomia: kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa; enpresen gizarte-erantzukizuna, eta Gizarte Segurantza; betiere Autonomia Estatutuan ezarritakoari jarraituz.

Justizia Sailburuordetzak, berriz, honako eskumen hauek izango ditu sailaren barruan: botere judizialarekiko harremanak zaintzea; justizia baliabidez hornitzea, behar bezala jardun dezan; espetxe-establezimenduak eta, bereziki, haien antolaera eta funtzionamendua eta espetxe-legeriaren betearazpena, bere gain hartuz legeria horrek Espetxe Administrazioko organo zentralei ematen dizkien ahalmenak; adingabe arau-hausleen arloko eskumenak baliatzea, ezertan eragotzi gabe Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak arlo horretan dituen eskumenak; notario eta jabetza-erregistratzaileak izendatzea, eta Justizia Administrazioaren esparruan euskara normalizatzeko oinarrizko arauetan bildutako eskubideak bermatzea. Badago berritasunik Justizia Sailburuordetzaren barruan: Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritza sortzen da, bere gain hartuko dituena kalitatea hobetzera bideratutako egitekoak, hain zuzen ere sistema judizial moderno, azkarra eta eraginkorra lortzeko, teknologia berriak erabat barneratuta. Hartara, ahalegina egiten da eraginkortasun-printzipioa errespetatzeko helburuak betetzerakoan; izan ere, zuzendaritza horrek beteko dituen egitekoak Justizia Administrazioko Zuzendaritzak betetzen zituen lehen, baina zaila zuen egiteko horiek eraginkortasunez betetzea, kontuan hartuta era askotako atazak eta lan-karga handia zituela.

Azkenik, zuzenean sailburuaren mende, Zerbitzu Zuzendaritza eta Kabinetearen Zuzendaritza daude: lehenengoa saileko gainerako organoei laguntzeko organo gisa eratzen da, saileko arlo guztiei dagozkien gaietan, eta Kabineteak, berriz, zuzenean lagunduko dio sailburuari karguaren arabera dituen egitekoak betetzen.

Ondorioz, Lan eta Justiziako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Lan eta Justizia Sailaren egitekoak eta jardun arloak zehaztuta daude Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16. artikuluan. Horretaz gainera, honako artikulu hauetan bildutako eskumenak izango ditu.

  1. Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak betetzeko, honako organo hauek izango ditu Lan eta Justizia Sailak:

    1. Organo Nagusiak:

      1. Lan eta Justiziako sailburua:

        1. Zerbitzu Zuzendaritza.

        2. Kabinetearen Zuzendaritza.

      2. Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetza:

        1. Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza.

        2. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

      3. Justizia Sailburuordetza:

        1. Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

        2. Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritza.

        3. Justizia Zuzendaritza.

    2. Organo periferikoak:

      1. Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritzak, lurralde historiko bakoitzekoak.

      2. Kudeaketa Unitate Teknikoak, lurralde historietako hiriburuetako justizia-jauregietan kokatuak.

      3. Honako organo hauek ere Lan eta Justizia Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezartzen den moduan:

        1. Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa eta haren lurralde-bulegoak, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren arabera sortuak.

        2. Herri Lanetarako Erakunde arteko Batzordea, apirilaren 29ko 74/2008 Dekretuaren arabera sortua.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioa Informatizatzeko Planaren Jarraipenerako Batzorde Mistoa, zeina sortu eta arautu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioa Informatizatzeko Planaren Jarraipenerako Batzorde Mistoa sortzeko urriaren 4ko 383/1994 Dekretuaren bidez.

        4. Eusko Jaurlaritzaren eta Idazkaritza Judizialaren arteko lankidetza-organoa, zeina sortua baitago Eusko Jaurlaritzaren eta EAErako Idazkaritza Judizialaren arteko elkarlanerako organoa sortzeko maiatzaren 27ko 123/1997 Dekretuaren bidez.

        5. Aholku Kontseilua eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko ekainaren 19ko 110/2012 Dekretuaren bidez sortuak.

        6. Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak, Doako Laguntza Juridikoari buruzko ekainaren 19ko 110/2012 Dekretuaren bidez sortuak.

        7. Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea sortzeko abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaren arabera sortua, eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea arautzeko azaroaren 21eko 236/2012 Dekretuaren bidez arautua.

        8. Justizia Administrazioaren Euskal Behatokia, Justizia Administrazioaren Euskal Behatokia sortu eta arautzen duen maiatzaren 8ko 81/2001 Dekretuaren bidez sortua.

          1. Lan eta Justizia Sailari atxikita dago:

            Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea organismo autonomoa.

          2. Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, Lan eta Justiziako sailburua buru duela, hari laguntzeko sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen. Kontseilu horretako kide izango dira sailburuordeak, Zerbitzu zuzendaria, Kabineteko zuzendaria eta goi-kargudunak edo, landu beharreko gaiaren arabera, bileran parte hartzeko sailburuak deitzen dituen saileko pertsonak.

  1. Honako eskumen hauek dagozkio Lan eta Justiziako sailburuari: Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak, eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan, dekretu horren bidez sortu, ezabatu eta aldatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak eta finkatzen baitira horien egitekoak eta jardun arloak.

  2. Honako hauek ere Lan eta Justiziako sailburuaren eskumenak dira:

    1. Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

    2. Izendapen askeko lanpostuak betetzea aurretik deialdi publikoa eginez, eta aldi baterako langileak izendatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako diru-laguntza izendunak ematea, sailaren jardun-arloan.

    4. Saileko organoen arteko eskudantzia-gatazkak ebaztea, eta beste sailekikoak planteatzea.

      Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebaztea.

      Ofizioz berrikusteko prozedurak ireki eta ebaztea, betiere egiteko horiek arauz beste organo bati esleitzen ez bazaizkio.

    5. Indarreko araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak baliatzea honako arlo hauetan: funtzio publikoa, ondarea, ekonomia eta aurrekontu-kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako egiteko eta gaiekin lotutakoak, baldin eta dekretuak sailaren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

      4 artikulua. Sailburuordeak.

      Lan eta Justizia Saileko sailburuordeei, zuzenean eta hierarkiaz sailburuaren mende jardunez, honako eskumen hauek dagozkie, oro har:

    1. Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

    2. Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo guztiak eta jarduera guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

    3. Jardun-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea, eta, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, hari laguntza teknikoa ematea.

    4. Sailburuordetzaren mende dauden zerbitzuetako proiektuak proposatzea, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definituz, aurrekontuen aurreproiektua prestatu ahal izateko.

    5. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritza-zentroen eta erakundeen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

    6. Sailburuordetzaren mendeko organoek hartutako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    7. Saileko hizkuntza normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

    8. Zehapen-ahalmena baliatzea bere eskumen-eremuan, indarreko legeriari jarraituz oso astuntzat jotzen diren falten kasuan, betiere egiteko hori beste organo bati espresuki esleitzen ez bazaio.

    9. Indarreko ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien eskumen guztiak, eta, eskumen komunak direlako, oro har sailburuordeei dagozkienak.

      5 artikulua. Zuzendariak.

      Zuzendariek, dagokien sailburuordearen zuzeneko eta hierarkiazko mendetasunez Zerbitzu zuzendaria edo Kabineteko zuzendaria izan ezik, horiek sailburuaren mende baitaude, eskumen hauek izango dituzte, oro har:

    1. Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak betearaztea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak baliatzea.

    2. Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

    3. Zuzendaritzaren jarduerak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

    4. Espedienteen erregistroak eta artxiboak eta dagokion zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

    5. Goragoko organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

    6. Azterketak eta, hala behar bada, txosten tekniko-juridikoak egitea xedapen arauemaileen proiektuei buruz, Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamenei buruz edo sailaren ekimenez sinatzekoak diren hitzarmenei buruz.

    7. Errekurtsoak ebaztea, indarreko legerian agindutako kasuetan.

    8. Zerbitzu Zuzendaritzari helaraztea zuzendaritza bakoitzaren berezko arloetako estatistika-datuei buruz beharrezkoa den informazioa.

    9. Sailari dagozkion egitekoak betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten izan beharreko presentzia-modeloari dagokionez, betiere kasuan-kasuko zuzendaritzari esleitutako arloetan.

    10. Beren eskumenaren eremuan zehapen-ahalmena erabiltzea, indarreko legeriari jarraikiz astuntzat edo oso astuntzat jotako faltei dagokienez.

    11. Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitu berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatu bere Zuzendaritzako arduradunekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez.

      Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-eremuetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala dagokionean, hizkuntza irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan eta diru-laguntza deialdietan.

      k) Indarreko ordenamendu juridikoak espresuki ematen dizkien gainerako egitekoak, eta, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei dagozkienak.

6 artikulua Zerbitzu Zuzendaritza.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gainera:

    1. Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, salbu eta Justizia Administrazioko langileei buruzkoak.

    2. Langileen prestakuntza-planak eta -programak koordinatu eta kudeatzea.

    3. Sailaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontukoa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraitukoak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

    4. Zerbitzuen eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, eta, halaber, zerbitzu publikoetako kalitate-hobekuntzaren eta berrikuntzaren arloan organo eskudunek emandako ekimenak eta jarraibideak sailetako organoek nola betetzen dituzten gainbegiratzea.

      Sailari dagozkion gaietan, irizpen teknikoak prestatzea eta, oro har, laguntza juridikoa ematea, saileko organoek hala proposatzen dutenean; halaber, eskatzen zaion laguntza ematea xedapen orokorrak prestatzeko eta administrazio-egintzak emateko prozeduretan.

    5. Sailburuak ebatziko dituen ondare-erantzukizuneko espedienteak hastea.

      Kontratuen arloan, informazioa ematea, espedienteak izapidetzea eta errekurtso arruntak eta gorabeherak ebaztea.

    6. Izapideak egitea sailaren gaiak Gobernu Kontseilura eta Jaurlaritzako Batzordeetara bidaltzeko, baldin eta haiek landu beharrekoak badira.

    7. Notarioak eta jabetza-erregistratzaileak izendatzea.

    8. Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

    9. Sailari dagozkion informatika-zerbitzuen segimendua egitea eta, behar izanez gero, zerbitzuok kudeatzea; halaber, egiaztatzea datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen dela.

    10. Politika publikoetan eta sailak kudeatzen dituen administrazio-arloko gaietan hizkuntza normalizatzen eta euskara sustatzen laguntzea, Justizia Administrazioan salbu, hori guztia hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren irizpideekin bat etorrita.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuaren 10. artikuluan sailari argitalpenaren arloan esleitutako egitekoak betetzea.

    12. Informazio eta telekomunikazio-sistemen arloan Lan eta Justizia Sailari dagozkion egitekoak betetzea, betiere otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 7. artikuluko d) eta e) letretan ezarritakoari jarraituz, dekretu horren bidez arautzen baitira informazio eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa.

    1. Sailaren estatistika-lanak bultzatu, proposatu eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) eskumenak.

    2. Sailak ziurtatzea herritarrei arreta eta informazioa emateko dituen zerbitzuek egoki jarduten dutela (arreta emateko 2. eta 3. maila), eta, halaber, Jaurlaritzak herritarrei arreta emateko duen zerbitzuarekin (Zuzenean zerbitzuarekin) harremanak behar bezala taxutzea, bere eskumenekoak diren arloetan solaskide operatiboak daudela bermatuta.

    3. Eusko Jaurlaritzaren ekimen eta jarraibide orokorrak gauzatzeko beharrezkoa den sostengua bermatzea, arlo hauetan: kudeaketa aurreratua, modernizazioa, administrazio elektronikoa, gobernantza eta berrikuntza. Halaber, ekimen eta jarraibide horiek sustatzea sailaren barruan.

    4. Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa eskuragarri izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei emandako erantzunak eta sailaren datu publikoen zabalkundea koordinatzea eta horien jarraipena egitea, gardentasun-politikarekiko koherentziaz, betiere.

    5. Sailak herritarrekin interakzioan jarduteko abian jarritako kanal elektronikoen erabilera koordinatzea eta haren jarraipena egitea; halaber, arauak planifikatu eta prestatzeko prozesuetan parte hartzeko eta politikak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko kanal presentzialen edo birtualen irekiera sustatzea.

    6. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainontzeko zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, hala nola euskararen sustapena ere egitea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan.

    7. Herritarrei informazio orokorra emateko eta kexak eta iradokizunak jasotzeko egitekoak koordinatzea.

  2. Zerbitzu zuzendaria izango da sailaren kontratazio-organoa.

  3. Zerbitzu zuzendariaren eskumena izango da, halaber, sailaren gastuak eta kreditu-transferentziak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak. Kreditu transferentziak ere bere eskumenekoak dira.

  4. Zerbitzu zuzendariak eskumena izango du, era berean, negozio juridikoak izenpetzeko, zeinen bidez entitate bati eskatzen baitzaio prestazio jakin bat egin dezan. Horretarako, entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propioaren eta zerbitzu teknikoaren izaera izan behar dute, sektore publikoaren kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

    7 artikulua. Kabinetearen Zuzendaritza.

    Sailburuak, bere egitekoak burutzeko, Kabinetearen Zuzendaritzaren laguntza izango du, eta hark, dekretu honetako 5. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gainera, honako hauek izango ditu:

    1. Sailburuaren lan-programa planifikatzea, haren jarraipena egitea eta hari babesa ematea.

    2. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak programatu eta antolatzea.

    3. Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea, eta sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bidez.

    4. Sailak beste administrazio publiko batzuekin egin beharreko jarduketak koordinatu eta bideratzea, ezertan eragotzi gabe Jaurlaritzaren beste organo batzuek esleituak dituztenak.

    5. Sailaren eta Jaurlaritzaren beste sailen arteko harremana zaintzea, bere eskumeneko arloetan.

    6. Teknikak eta metodoak proposatzea, sailaren programa eta jarduna garatzera eta betetzera bideratutako arloetan burutu beharreko jarduerak planifikatzeko, programatzeko eta ebaluatzeko. Alde horretatik, sailburuari dagozkion jarraipen eta koordinazio-egitekoak errazteko beharrezko laguntza eta agiriak eskatu ahal izango dizkie arlo horiei.

    7. Sailaren plan estrategikoak eta plan horiei dagozkien jarraipen-txostenak prestatzen laguntzea, saileko sailburuordetzekin koordinatuta.

    8. Sailaren eginbeharrekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

    9. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzearen alde egitea, saileko zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin elkarlanean.

    10. Europar Batasunaren Erakundeen inguruan sailari dagozkion jardueren jarraipena egitea.

8 artikulua. Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetza.

  1. Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion eskumenez gainera:

    1. Sailburuari laguntza teknikoa ematea, haren esku utzi diren egitekoetan eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion egitekoetan, bai eta horiekin zuzeneko lotura dutenetan ere.

    2. Eragile sozialek lanaren arloko topaguneetan egiten dituzten akordioak sustatzea, eta horiek garatzen laguntzea.

    3. Lan-harremanen eta laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan eragile sozialek egindako akordioak bultzatu eta babestea.

    4. Enpresa-kultura bat bultzatzea, oinarri izango dituena hitzarmenak eta langileek enpresetan parte-hartzea.

    5. Lanaren antolamenduaren hobekuntza eta modernizazioa bultzatzea, enpresetan produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko.

    6. Ekonomiaren garapenaren arloko sailarekin elkarlanean jardutea, koordinaziorako eta lankidetzarako formulak garatuz, helburu hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren gizarte eta industria-arloko sarea osatzen duten sektoreen produkzio-prozesuak bultzatzea.

    7. Lan Harremanen Euskal Eredua defendatzea.

    8. Gizarte-elkarrizketako foroetan jardutearen eta parte hartzearen alde egitea.

    9. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatuta, zehapenak jartzea, honako arau-hauste hauetakoren bat egiten bada: batetik, laneko arriskuen prebentzioaren arloan erdi-mailako arau-hauste oso astuntzat jotzen direnak, eta, bestetik, laneko legeriaren arloko arau-hauste eta oztopatze-ekintzak, maila goreneko oso astuntzat jotzen direnak; salbu eta enpleguarekin eta langabeziarekin lotutako arau-hausteak badira.

    10. Sailburuordetzako zuzendariek hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

    11. Ekonomia sozialaren, solidarioaren eta kooperatibismoaren arloko jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    12. Enpresaren erantzukizun sozialaren arloko jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    1. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza bere gain hartzea, eta haren funtzionamendua zaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzaren mende, zuzendaritza hauek daude:

    1. Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza.

    2. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

      9 artikulua. Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza.

      1. Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, lan-arloko agintaritza den aldetik dekretu honen 5 artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:

        1. Indarreko legeriak lan arloko legeria betearaztearen eremuan esleitzen dizkion eskumenak baliatzea.

        2. Lurralde-ordezkaritzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, eta jarduera ikuskatzailearen planak eta programak ezartzea.

        4. Lan-harremanei buruzko espedienteen berri izatea, horiek tramitatzea eta lehen auzialdian ebaztea, ordenamendu juridikoak gai horretan ematen dizkion eskumen guztiak baliatuz.

        5. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatuta, zehapenak ezartzea, honako arau-hauste hauetakoren bat egiten bada: batetik, laneko arriskuen prebentzioaren arloan erdi-mailako arau-hauste oso astuntzat jotzen direnak, eta, bestetik, laneko legeriaren arloko arau-hauste eta oztopatze-ekintzak, maila txikieneko oso astuntzat jotzen direnak; salbu eta enpleguarekin eta langabeziarekin lotutako arau-hausteak badira.

        6. Lurralde-ordezkariek hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, bere eskumeneko arloetan.

        7. Urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, kaleratze kolektiboaren, kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizteen prozedurak aztertu, izapidetu, eta, kasua bada, ebaztea, baldin eta eragindako enpresak lantegiak baditu lurralde historiko batean baino gehiagotan; halaber, prozedura horiei buruzko txostenak egitea, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 64. artikuluan xedatutako kasuetan.

        8. Euskal Autonomia Erkidegoko laneko jaiegunen egutegi ofiziala egin eta izapidetzea.

        9. Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzea, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarreko gainerako araudietan xedatutakoari jarraikiz.

        10. Lan-arloko Hitzarmen Kolektiboen hedapen eta atxikipen-espedienteak ebatzi eta izapidetzea.

        11. Greba egiteko eskubidea gauzatzen denean, komunitatearentzako funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko xedapenen proposamena izapidetzea.

        12. Euskal Autonomia Erkidegoan indarreko ordenamendu juridikoak lan-agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza, arbitraje, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, hargatik eragotzi gabe Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak.

        1. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzen dituen bulego publikoa zuzentzea, eta lurralde-ordezkaritzen bulego publikoak zuzendu eta koordinatzea.

        2. Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

        3. Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren arloan lan-agintaritzari dagozkion egitekoak gauzatzea, hargatik eragotzi gabe Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak.

        4. Laneko Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Tramitazio Telematikorako Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

        5. Laneko Arriskuen Prebentziorako Ordezkarien Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

        6. Erakunde espezializatuak akreditatzea, enpresetatik kanpoko prebentzio-zerbitzu gisa jardun dezaten, eta, halaber, pertsonak eta erakunde espezializatuak akreditatzea, prebentzio-sistemaren gaineko auditoria-jarduerak burutu ditzaten. Horretaz gainera, akreditazio horiei buruzko aldaketa eta etete-espedienteak ebaztea.

        7. Kanpoko Prebentzio Zerbitzuen eta Auditorien Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

        8. Laneko arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste oso astunak egiteagatik zehatutako enpresen erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

        9. Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren sektoreko Enpresa Bermatuen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

        10. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko batean baino gehiagotan lantokiak dituzten Aldi Baterako Lan Enpresen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea, halako enpresei administrazio-baimena ematea eta haien gainean lan-agintaritzari esleitutako eskumenak baliatzea.

        11. Laguntza teknikoa ematea enpresei, langileei, entitateei eta erakundeei, lan-agintaritzaren egitekoak gauzatzeko zereginaren barruan.

        12. Gizarte-eragileek dituzten giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, zenbait prestakuntza-planen bitartez, zehazki giza baliabide horiek gizartearen garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alde egin dezaten sustatuko duten prestakuntza-planen bitartez.

        13. Administrazio publikoetako bestelako organoei laguntzea, informazioa ematea eta haiekin lan egitea, lan-arloko arauen aplikazioan edo laguntza eta diru-laguntza publikoen zaintzan eta kontrolean, bai eta organo judizial eskudunek eskatzen dituzten txostenak egitea ere.

        14. Laneko Ikuskaritzaren jardunari buruzko lan-estatistikak eta memoria eta txostenak prestatzea.

      2. Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren mendekotasun organikoa, funtzionala eta hierarkikoa duela, bere gain hartuko du lurralde-ikuskaritzen zuzendaritza teknikoa eta administratiboa.

        10 artikulua. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza.

        Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluak oro har esleitzen dizkion egitekoez gainera:

        1. Gizarte Ekonomia bultzatzea eta sustatzea, zuzendaritza honetatik landuko, kudeatuko eta gauzatuko diren programa eta ekintzen bitartez.

        2. Kooperatiben arloko zehapen-espedienteak bideratzea eta ikuskatze-lanak egitea, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean xedatutakoaren arabera, eta kooperatiben deskalifikazioak eta haietan esku hartzeko aldi baterako neurriak proposatzea, aipatu legearen 141. eta 142. artikuluei jarraikiz.

        3. Euskadiko Kooperatiben Erregistroa zuzendu eta kudeatzea, betiere Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.

        4. Lan Sozietateei buruzko Legean ezarritako baldintzak betetzen direla kontrolatzea, eta enpresei «Lan Sozietate» kalifikazioa ematea edo kentzea.

        5. Sailburuari legeria berritzeko proposamenak egitea, bai eta Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean aldaketak proposatzea ere, sektoreak hobeto funtziona dezan.

        6. Baimena ematea Lan Sozietateei, mugagabeko kontratuen bidez kontratatutako langileek bazkide ez direnek urtean lan egin behar duten ordu-kopuruaren gainean legez ezarritako mugak gainditzeko.

        7. Zenbait baimen-espedientez arduratzea zehazki, hirugarren batzuekin jarduerak eta zerbitzuak hasteko edo gehitzeko baimen-espedienteez, eta inoren konturako langileen lanaldien urteko ordu-kopurua gainditzeko baimen-espedienteez, haiek izapidetzea eta haien gaineko ebazpenak sailburuari proposatzea, betiere Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 5.2 eta 99.4 artikuluetan hurrenez hurren ezarritakoaren arabera.

        8. Kooperatiba sozietateak onura publikoko deklaratzeko espedienteez arduratzea, haiek izapidetzea eta ebazpena sailburuari proposatzea, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan ezarritako moduan, onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua onartzen baitu dekretu horrek.

        9. Kooperatibak «gizarte-ekimeneko kooperatiba» gisa sailkatzea, apirilaren 4ko 61/2000 Dekretuan xedatutakoaren arabera, bai eta gizarteratzea bultzatzea ere.

        10. Ekonomia solidarioa sustatu eta bultzatzea.

        11. Lurralde-ordezkaritzek hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, bere eskumeneko arloetan.

        12. Bultza egitea langileek Gizarte Ekonomiako enpresetan parte har dezaten.

        1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Autonomoaren Elkarteen Erregistro Berezia zuzendu eta kudeatzea; erregistroa Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean jasotzen da.

        2. Enpresaren Erantzukizun Soziala sustatu eta bultzatzea.

11 artikulua. Justizia Sailburuordetza.

  1. Justizia Sailburuordetzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion eskumenez gainera:

    1. Honako erakunde hauekiko harremanen ardura izatea: Botere Judiziala, Justizia Ministerioa eta Justizia Administrazioan jarduten duten gainerako erakunde eta organoak; epaile, fiskal eta letraduak ordezkatzen dituzten korporazio eta antolakundeak, eta notarioak, erregistratzaileak, abokatuak, prokuradoreak eta lan-harremanetako graduatuak ordezkatzen dituztenak.

    2. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak eskuratzea, oro har, eta haren antolamendua eta jarduerak planifikatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan Zuzenbide Estatua garatzeko eta justizia sendotzeko neurriak bultzatzea.

    4. Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak Justizia Administrazioan erabili ahal direla bermatzea, eta Justizia Administrazioaren euskalduntze-prozesua sustatzea.

    5. Agintaritza Judizialak xedatzen dituen neurrien betearazpena koordinatzea, bereziki adingabeko arau-hausleei dagokienez.

    6. Espetxeen gaian Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak planifikatzea.

  2. Honako zuzendaritza hauek egongo dira Justizia Sailburuordetzaren mende:

    1. Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

    2. Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritza.

    3. Justizia Zuzendaritza.

  1. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez aparte:

    1. Lanpostuen zerrenden bidez, organo eskudunari proposamen bat egitea honako gai hauei buruz: plantilla organikoa; langileen antolamendua, eta bulego judizialen egitura osatzen duten unitateetan langileak integratzeko modua. Horren ondoren, zerrendak kudeatu eta hornitu beharko ditu.

    2. Organo eta bulego judizialak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua barne, langilez hornitzea, haien egitekoak bete ditzaten errazteko. Horretarako, lan-araubideko kontratuak egingo dira, edo Euskal Autonomia Erkidegoko kidegoetako funtzionarioak atxikiko.

    3. Justizia Administrazioaren eremu bakoitzeko langileei buruzko politika planifikatu, gidatu eta bultzatzea: besteak beste, prestakuntza, gizarte-politika, sustapena, arriskuen prebentzioa, diziplina eta ordainsariak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruaren arabera, betiere.

    4. Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoa bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz; eta, halaber, beraren zerbitzuko langileen euskalduntzea eta alfabetatzea antolatu eta kudeatzea.

    5. Lanbide juridikoetara eta Justizia Administrazioarekin lotutakoetara sartzeko prestakuntzarako laguntza-sistema bat planifikatu eta garatzea.

    6. Bake-epaitegiei laguntzeko programak kudeatzea eta Bake Justiziaren gaian ekintzak sustatzea.

    7. Justizia Administrazioaren zerbitzuko peritu judizialen eta euskara-itzultzaileen sarea antolatu eta gidatzea.

    8. Destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan duten epaile, magistratu, fiskal, eta letraduentzako prestakuntza programatzea erkidego horretan.

    9. Organo eta zerbitzu judizialen eta haien instalazioen segurtasuna zaintzea, eta haietarako larrialdi-planak prestatu eta gainbegiratzea.

  2. Eraentzako Antolapide Teknikoak (EAT) izeneko administrazio-unitateak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetako justizia-jauregietan daude, eta Justizia Sailburuordetzatik deszentralizatutako lurralde-zerbitzu gisa eratzen dira. Organikoki, Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren mende daude, eta, egitekoei dagokienez, arloan arloko eskumena duen Justizia Sailburuordetzako zuzendaritzaren mende.

    Hauek dira unitate horien egitekoak:

    1. Etengabeko lotura egitea sailburuordetzako zuzendaritza guztien eta organo eta zerbitzu judizialen artean.

    2. Dagokion lurraldeko organo eta zerbitzu judizialen beharrei erantzutea.

    3. Laguntza zuzena ematea, bulego eta zerbitzu komunen antolaketa-plana ezartzeko.

Bulego Judizial eta Fiskala Modernizatzeko Zuzendaritzak honako egiteko hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gainera:

  1. Justizia Administrazioa hobetzeko eta modernizatzeko programak eta planak egitea eta gauzatzea.

  2. Justizia Administrazioari dagokion informatika-plana egitea, eta plan horren ondoriozko informatika-zerbitzuak ematea.

  3. Bulego eta Zerbitzu Judizialak, Fiskaltzak eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea Antolatzeko Plana prestatu, proposatu eta ezartzea, eta haren jarduerak koordinatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoan organo eta zerbitzu judizial berriak sortzeko beharrizan materialak planifikatzea.

  5. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabide material eta ekonomikoak planifikatu, eskuratu eta antolatzea.

  6. Justizia Administrazioaren eremuko kontratazio-organoari dagozkion laguntza teknikoko eta materialeko egitekoak betetzea.

    14 artikulua. Justizia Zuzendaritza.

    Justizia Zuzendaritzak honako eskumen hauek izango ditu, dekretu honetako 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion eskumenez gainera:

  1. Tutoretza judizialaren eraginkortasunera eta doako justiziara bideratutako neurriak hartzea.

  2. Zuzenbideko profesionalen prestakuntza koordinatu eta programatzea, doako laguntza juridikoko zerbitzuak eskaintzearen arloan.

  3. Justizia Administrazioari buruzko informazio eta ezagutza zabaltzeko eta hura herritarrengana hurbiltzeko planak sustatu eta gauzatzea.

  4. Justizia konpontzailea eta gatazken konponbide alternatiboa sustatu eta garatzea Justizia Administrazioaren esparruan.

  5. Delituen biktimen eskubideak bermatu eta sustatzea, Delituen Biktimen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2015 Legean eta haren garapen-araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

  6. Zehapen eta espetxe-legeria betearaztea, bere eskumenen eremuan, Jaurlaritzak eremu horietan egiten dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

  7. Gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatu, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz.

  8. Lantalde psikosozial judizialen antolaketari eta funtzionamenduari laguntza ematea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea.

  9. Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak sortu eta kudeatzea.

15 artikulua. Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritzak.

  1. Lurralde Historiko bakoitzean lurralde-ordezkaritza bat egongo da. Lurralde-ordezkaritzako buru lurralde-ordezkaria izango da, zeina, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarekiko mendekotasun organikoa duela, bere lurraldeko lan-arloko agintaria izango baita. Hauek dira lurralde-ordezkariaren eskumenak:

    1. Lan-legeria eta laneko segurtasunaren eta osasunaren legeria betearaztearen arloko arauek esleitzen dizkioten eskumenak baliatzea, dagokion lurralde historikoan.

    2. Bere lurralde-eremuan, lan-harremanei buruzko espedienteen berri izatea, eta horiek lehenengo auzialdian ebaztea, gai horri buruz indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.

    3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak eskatuta, zehapenak ezartzea, laneko arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste astun eta arinak egiten badira, eta laneko legeriaren arloan arau-hauste eta oztopatze-ekintza astunak eta arinak egiten badira, enpleguaren eta langabeziaren arloko arau-hausteen kasuan izan ezik.

    4. Hala dagokionean, enplegu-erregulazioko espedienteak aztertu, izapidetu eta ebaztea, bere lurralde-eremuan, ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuan eta ekainaren 28ko 139/2011 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta, halaber, espediente horiei buruzko txostena egitea, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 64. artikuluan xedatutako kasuetan.

    5. Urriaren 29ko 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, kaleratze kolektiboaren, kontratu-eteteen eta lanaldi-murrizteen prozedurak aztertu, izapidetu, eta, kasua bada, ebaztea, bere lurralde-eremuan; halaber, prozedura horiei buruzko txostenak egitea, uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen 64. artikuluan xedatutako kasuetan.

    6. Banakako gatazketan, nahitaezko adiskidetze-lanak gauzatzea, azaroaren 23ko 2756/1979 Dekretuan ezarritako moduan.

    7. Dagokion Lurralde Historikoko tokiko jaiegunen egutegia ezartzea.

    8. Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoaren lurralde-sekzioa kudeatzea.

    9. Dagokion lurralde-eremuan, indarreko ordenamendu juridikoak lan-agintaritzari esleitzen dizkion bitartekaritza, arbitraje, eta adiskidetze-egitekoak betetzea, hargatik eragotzi gabe Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion egitekoak.

    10. Dagokion lurralde-eremuan, erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzen dituen Bulego Publikoa kudeatzea.

    11. Sindikatu Hauteskundeen Lurralde Bulegoen egitekoak burutzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    12. Laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean lan-agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, dagokion lurralde historikoan, alde batera utzi gabe Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak.

    1. Laneko istripu eta gaixotasunei buruzko parteen jakinarazpenak jaso eta erregistratzea.

    2. Laneko Arriskuen Prebentziorako Ordezkarien Erregistroaren lurralde-sekzioa kudeatzea.

    3. Bere lurralde-eremuko enpresen artean amianto-arriskua dutenen erregistroa kudeatzea, haiei baimen administratiboa ematea eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren sektoreko Enpresa Bermatuen Erregistroa kudeatzea, betiere lantokia bere lurralde-eremuan badute, eta horien gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    5. Lantokiak irekitzeko jakinarazpenak jaso eta izapidetzea.

    6. Lantokia bere lurralde-eremuan duten aldi baterako laneko enpresen erregistroa kudeatzea, haiei baimen administratiboa ematea eta halako enpresen gainean lan-agintaritzak dituen eskumenak baliatzea.

    7. Aparteko baimena ematea hamasei urtetik beherakoek jendaurreko ikuskizunetan parte har dezaten.

    8. Nazioz gaindiko zerbitzuak emateko esparruan, joan-etorrien jakinarazpenez arduratzea eta horiek izapidetzea, bai eta, hala badagokio, horiek jasotzea ere.

    9. Kontuak gaitzeari, legeztatzeari eta gordailutzeari eta sinadurak autentifikatzeari dagozkion egitekoak burutzea, martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan ezarritako moduan (59/2005 Dekretua, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena).

    10. Zerbitzu zuzendariari kontratazio-arloan dagozkion ahalmenak gorabehera, lurralde-ordezkaritzetako titularrek eskumena izango dute beren eremuan beharrezkoak diren funtzionamendu-gastuak onartzeko, indarrean den funts aurreratuen araubidearen barruan betiere.

    11. Eta, oro har, indarreko antolamendu juridikoak esleitzen dizkien egiteko guztiak, eta espresuki eskuordetzen zaizkienak.

  2. Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaritza bakoitzean, lurralde-ordezkariarekiko zuzeneko mendekotasuna duela, idazkaritza nagusi bat egongo da, administrazio-unitate guztiak koordinatzeaz arduratuko dena. Idazkari nagusiak lurralde-ordezkaria ordezkatuko du, behin-behinean, baldin eta postua hutsik badago edo titularra falta bada edo gaixorik badago. Era berean, fede publikoa emango du, Kooperatiben Erregistroan izena eman dezaketen liburu pribatuen sinadura autentifikatuko du eta indarreko araudiak eta organo eskudunek esleitzen dizkioten egiteko guztiak gauzatuko ditu.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea

    Saileko sailburuordeen edo zuzendarien postuak bete gabe egonez gero edo kanpoan edo gaixorik badaude, haien eskumenak, egoera hori gertatu baino lehen eskuordetu ez badira, honela beteko dira:

    1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

    2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak dagokion sailburuordetzako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, egituran aurre-aurretik dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengo zuzendaria sailburuordeak ordezkatuko du. Horiek ezin badute, hierarkikoki gain-gainetik dagoen hurrenak ordezkatuko ditu, hurrengo letran xedatzen den kasuan izan ezik.

    3. Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Kabineteko zuzendariak beteko ditu, eta alderantziz.

    4. Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, gainetik dagoen hurrengo administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Araudi-erreferentziak

      Justizia-arloko indarreko legeriak lehengo Herri Administrazio eta Justizia Sailari egiten dizkion aipamenak Lan eta Justizia Sailari egiten zaizkiola ulertuko da, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, sail horri esleitutako egitekoei eta jardun-eremuei dagokienez, eta dekretu honetan sailari esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez.

Dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte abian dauden espedienteak, kasuan kasuko gaiaren arabera.

Indargabetuta geratzen dira: Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua, eta dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dion maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (13)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.