Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

82/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1968
  • Xedapen-zk.: 82
  • Xedapen-data: 2017/04/11
  • Argitaratze-data: 2017/04/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.2 artikuluan, gure autonomia-erkidearen eskumen esklusiboen artean, badago autogobernatzeko erakundeen antolamenduari, araubideari eta funtzionamenduari dagokiena, betiere Estatutuaren arauen barruan. Ondorioz, Autonomia Estatutuaren 30. artikuluarekin eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluarekin bat, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena azaroaren 15eko 20/2012 Dekretuak lehengo legegintzaldirako onartu zuen sailen egitura berrantolatu du hauteskundeen ondorengo errealitate berrira egokitzeko; Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako gobernu-programaren ildo nagusiak ere egokitu ditu, lan politiko-administratiboaren jarraitutasuna bermatzen duen trantsizio ordenatua errazte aldera.

Alde horretatik 24/2016 Dekretuaren 2. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura zehaztu du, eta sail horietariko bat Kultura eta Hizkuntza Politika da. Bestetik, 14. artikuluak sail horri honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio:

  1. Hizkuntza-politika.

  2. Euskara sustatzea.

  3. Ondare historiko-artistikoa kudeatu eta babestea; museoak, liburutegiak eta artxibategiak.

  4. Arte- eta kultura-jarduerak eta horien zabalkundea.

  5. Kirolak.

  6. Komunikabide sozialak; irratien emakida eta frekuentzien esleipena.

  7. Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  8. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

    24/2016 Dekretuaren 14.2 artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita daude «Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE)» eta «Euskadiko Liburutegia» erakunde autonomoak, «Euskal Irrati Telebista (EITB)» eta «Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute» zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, «Euskadiko Orkestra SA.» sozietate publikoa eta «Basque Team Fundazioa» eta «Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa» sektore publikoko fundazioak.

    Orain arte, Jaurlaritzaren antolaketa-egitura ezartzeko, kontuan hartu da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan ezarritakoa, eta, 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluan aipatutako egiteko eta jardun-arloetarako, apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena. Ondorioz, azken bi jardun-arloak banatu egin direnez, bion ardura hartzen duen sail berri bat sortzeko, sail berri horren antolaketa-egitura definitu beharra dago; hain zuzen, hori da dekretu honen helburua, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak ezarritakoarekin bat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu dekretu horrek.

    Hori dela eta, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari; eta egiteko eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko dira.

Aurreko artikuluan adierazitako egitekoei eta jardun-arloei dagozkien eskumenak baliatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak organo hauek izango ditu:

  1. Organo zentralak:

    1. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua:

      1. Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.

      2. Zerbitzu Zuzendaritza.

      3. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.

    2. Kultura Sailburuordetza:

      1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

      2. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza:

      1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza

      2. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

      3. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeak.

    1. Administrazio Instituzionala: Kultura Sailari atxikita daude Administrazio Instituzionaleko erakunde hauek:

      1. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) administrazio-erakunde autonomoa.

      2. Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa eta haren mendeko sozietateak.

      3. Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

      4. Euskadiko Liburutegia administrazio-erakunde autonomoa.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste erakunde batzuk:

      1. Euskadiko Orkestra, S.A. sozietate publikoa.

      2. BASQUE TEAM fundazioa.

      3. Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa.

  3. Kide anitzeko organoak:

    1. Kulturaren Euskal Kontseilua.

    2. Euskararen Aholku Batzordea.

    3. Kirolaren Euskal Kontseilua.

    4. Euskal Ikus-entzunezkoaren Erakunde arteko Batzordea (EIEB).

    5. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea.

    6. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea.

    7. Euskadiko Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua.

    8. Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea.

    9. Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea.

    10. Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Euskal Batzordea.

    11. Kirol Justiziako Euskal Batzordea.

    12. Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea.

    1. Euskadiko Museoen Aholku Batzordea.

    2. Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea.

    3. Baliokidetzen Jarraipen Batzordea.

    4. Kiroleko Dopinaren aurkako Aholku Batzordea.

    5. Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordea.

  1. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean, sailburuaren mendean, Kultura Sailburuordetza eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza egongo dira.

  2. Sailburuordeek ahalmen hauek izango dituzte ematen zaizkien jardun-arloetan:

    1. Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzen eta bestelako organo eta administrazio-unitateen jarduerak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    2. Jardun-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzarekin koordinaturik.

    3. Sailburuari asistentzia teknikoa ematea gomendioan utzi zaizkion egitekoen eremuan.

    4. Sailburuari xedapenetarako proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikaren arabera.

    5. Sailburuordetzaren jarduerak programatzea.

    6. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.

    7. Plan estrategikoen eta urteko jardun-planen lanketa, kudeaketa eta garapena gainbegiratzea.

    8. Kontratazio-organoa izatea esleituta dauzkan jardun-arloetako gaietan, baldin eta indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jo ezin badira. Dena den, zuzenean beren mendeko diren zuzendaritzen jardun-eremua gainditzen duten kontratu txikietan eta beren jardun-eremuko gaietan ere jardungo dute kontratazio-organo gisa.

    9. Sailaren eta administrazio honetako organoen arteko harreman-organoa izatea bere eskumeneko arloan, behar denean. Zerbitzu Zuzendaritzak eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak dituzten egitekoak eragotzi gabe egingo dute lan hori.

    10. Zehapen-prozedurak hastea eta zehapenak jartzea bere jardun-eremuan baldin eta beste organo bati ez badagozkio.

    11. Kulturako sailburuarekiko elkarlanean jardutea, «Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute» erakunde publikoarekiko harremanetan, Kultura Sailari atxikita egoteak dakarzkien jardun-arloetan.

    12. Beheragoko organoen jarduna gainbegiratzea eta jarraibideak eta zirkularrak ematea sailburuordetzaren administrazio-unitateek egoki funtziona dezaten.

    1. Organikoki mendean dauzkan zuzendaritzen arteko gatazkak ebaztea.

    2. Eskumenak eskuordetzea edo goragokoak eskumenak bereganatzea, organikoki mendean dauzkan zuzendaritzei dagokienez.

    3. Eragin soziala aztertzea eta sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuetarako behar diren aldaketak eta garapenak zehaztea.

    4. Harremanak izatea Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta foru-aldundietako organoekin eta toki-entitate eskudunekin, gaiaren arabera.

    5. Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.

    6. Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea bere eskumenen esparruan.

    7. Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta, bere eskumeneko arloetan zerbitzu- eta lan-hizkuntza euskara izan dadila bultzatzea, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko zuzendaritzetariko bakoitzaren arduraduna zuzendari bat izango da; zuzendari horiek zuzenean eta organikoki nor bere sailburuordearen mende egongo da, hauek izan ezik: Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria, Zerbitzuen zuzendaria eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, sailburuaren mende egongo dira eta. Zuzendariek honako egiteko hauek izango dituzte, oro har:

  1. Zuzendaritzako jarduerak programatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea organo eskudunek emandako arauen arabera.

  2. Organo arduradunei planak, jardun-programak eta arau-garapenak proposatzea bakoitzak eskumeneko dauzkan gaietan.

  3. Dekretu honek esleitzen dizkien egitekoetarako behar diren administrazio-egintzak ematea.

  4. Mendeko zerbitzu eta unitateak antolatzea, baita horien lan-sistemak ere.

  5. Indarreko legeriaren arabera txikitzat jotzen diren kontratuen gastuak baimentzea, bakoitzak bere jardun-arloan, eta, oro har, kontratu horietako kontratazio-organoa izatea.

  6. Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinaturik eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekiko lankidetzan, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planaren helburuak arlorako definitzea eta, helburuok lortzeko xedeaz, ekimenak garatu eta ebaluatzea euskararen kudeaketa integratua egon dadin, zein bere zuzendaritzako zerbitzuburuekiko elkarlanean.

  7. Zuzendaritzako jardun-eremuetan, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala badagokio, hizkuntza-irizpideak txertatzea administrazio-kontratazioan eta diru-laguntzetarako deialdietan.

  1. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak baliatzea, baita indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak ere, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera sail honi dagozkion egiteko eta jardun-arloen esparruan (24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  2. Saileko organo gorena denez, bera arduratuko da saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien zuzendaritzaz, koordinazioaz eta kontrolaz.

  3. Langileen alorrean, berriz, sailburuak eskumen hauek izango ditu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen arabera:

    1. Saileko lanpostuen zerrendak proposatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 10.1 artikuluaren e) letran xedatutakoarekin bat.

    2. Falta astun eta oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzea, funtzio publikoaren legeriaren arabera, hauek izan ezik: zerbitzutik behin betiko kentzea edo, hala badagokio, iraiztea.

    3. Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretik haien deialdi publikoa eginda, eta behin-behineko langileak izendatzea.

  4. Sailburua kontratazio-organoa izango da sailburuordetza bakoitzaren esparrutik kanpo geratzen diren gaietarako baldin eta indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jo ezin badira.

  5. Sailburuari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako diru-laguntza izendunak ematea sailaren jardun-arloan.

  6. Halaber, Gobernu Kontseiluaren aldez aurretiko baimena behar ez bada, sailburuari dagokio sailaren alorreko hitzarmenetarako eta akordioetarako baimena ematea, baita horiek sinatzea ere.

  7. Sailburuari dagokio ondare-erantzukizunari buruzko espedienteak ebaztea baldin eta horien ebazpena ez bada Gobernu Kontseiluaren eskumenekoa.

  8. Sailburuari dagokio xedapen eta administrazio-ekintza deusezak ofizioz berrikusteko espedienteak hasi eta ebaztea, berak edo sailaren gainerako organoek emandako ekintzak edo xedapenak badira.

  9. Sailburuari dagokio hasiera eta, hala badagokio, kaltegarritasun-deklarazioa ematea, deusezta daitezkeen egintza eta xedapenei dagokienez, berak edo sailaren gainerako organoek emandako ekintzak edo xedapenak badira.

  10. Sailburuari dagokio sailaren erakunde edo agintarien aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, beste organo baten eskumenekoak ez badira.

  11. Sailburuari dagokio bere eskumen-arloko helburu estrategikoak definitzea, betiere Gobernu Programan ezarritako lerro estrategiko eta konpromiso programatikoen arabera.

  12. Sailburuari dagokio helburu estrategikoak garatuz gizartean zer-nolako eragina lortzen den aztertzea, eta saileko jarduera-sektore bateko eta besteko helburuetan egin beharreko aldaketak edo garapenak zehaztea.

  1. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua buruan dela, Zuzendaritza Kontseiluak, administrazio-organotzat hartzen ez bada ere, sailburuari lagunduko dio sailaren politika gainbegiratzen eta jarraipena egiten, jardueren plangintza orokorra egiten, eta gomendioan uzten zaizkion gai guztietan.

  2. Sailburua zuzendari gorena izanik, Zuzendaritza Kontseilua hauek osatuko dute: saileko sailburuordeak, Zerbitzu Zuzendaritza, eta Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.

  3. Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute Zuzendaritza Kontseiluan.

  4. Sailburuak izendatuko du Kontseiluaren idazkaritza-egitekoak egingo dituen pertsona bat.

  1. Sailburuak, ematen zaizkion ahalmenez baliatzeko, zuzenean izango du bere mende Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren laguntza eta aholkularitza; 4. artikuluak saileko zuzendariei ematen dizkien egiteko orokorrez gain, artikulu honetako ataletan zerrendatutako egitekoak eta jardun-arloak ere badagozkio zuzendaritza horri.

  2. Sailburuaren kabineteari dagokionez, zeregin hauek izango ditu:

    1. Sailburuari laguntzea Kultura Sailari emandako eskumenak era koordinatuan baliatzen.

    2. Jardun-irizpideak aztertzea eta sailburuari proposatzea, sailaren eskumeneko gaietan, ezertan ere urratu gabe saileko sailburuordeek gai horietan dituzten ahalmenak.

    3. Sailaren harremanak koordinatu eta zaintzea, bai Eusko Legebiltzarrarekikoak bai gainerako erakundeekikoak, sailean erakunde-harremanen eskumena duen organoaren bidez.

    4. Sailaren kanpoko harremanen alorrean behar diren ekintzak egitea. Bereziki, sailak Europar Batasuneko erakundeekin izan behar dituen jardunak koordinatu eta zaintzea, sailean kanpo-harremanetarako eskumena duen organoaren bidez.

    5. Sailak beste administrazio publiko batzuekin izan behar dituen jardunak koordinatu eta zaintzea, saileko organo eskudunaren bidez.

    6. Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.

    7. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.

    8. Sailak gizarte-komunikabideekin, informazio-agentziekin eta prentsa idatziarekin dituen harremanak koordinatzea, irudi-lanak eta sailaren kanpo-harremanak egikaritzea, baita sailaren iragarki ofizialak, prentsa-oharrak eta publizitate-kanpainak kudeatzea ere, beste sail batzuen eskumenak eragotzi gabe.

    9. Sailaren arlokako atalekin barruko kudeaketa-planak eta horien jarraipen- eta ebaluazio-txostenak egiteko lanak koordinatzea.

    10. Koordinatzea eta jarraipena egitea informazio-argitalpen aktiboari, infromazio publikora iristeko eskubidea baliatzeko eskabideen erantzunei eta saileko datu publikoen irekierari, gardentasunarekin politikarekin bat.

    11. Koordinatzea eta jarraipena egitea sailean herritarren esku jarritako interakzio-bide elektroniken erabilerari, eta plangintza-prozesuetan, araugintzan, politiken ebaluazioan eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioan parte hartzeko bide presentzialak edo birtualak ireki daitezen sustatzea.

  3. Gizarte-hedabideen alorrean, behar diren beste administrazio-jardun guztiei ekingo die baldin arauz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren barruko beste organo bati ez badagozkio. Egitekoen arlo honetan, nolanahi ere, hauek sartuko dira:

    1. Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekiko lankidetzan, teknologia digitalari loturiko komunikabideak eta bestelako zerbitzuak ezartzeko eta egikaritzeko egin beharreko administrazio-jardunak garatzea.

    2. Behar den administrazio-kudeaketa egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren irrati-telebistako zerbitzuak emateko behar diren titulu juridikoak ematera bideratutako prozeduretan.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren irrati-telebistako operadoreek irratiari eta telebistari buruzko xedapen orokorrak eta operadoreek zerbitzua emateko izenpetutako dokumentuetako aurreikuspenak betetzen dituztela jarraitu eta egiaztatzea.

    4. Zehapen-prozedurei hasiera ematea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari arlo horretan dagozkion zehapenak jartzea, beste organo bati ez badagozkio.

    5. Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan behar diren erregistroez arduratzea.

    6. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekiko elkarlanean jardutea «Euskal Irrati Telebista» erakunde publikoarekin egin behar diren jardunetan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erakundea den aldetik.

1. 4. artikuluak saileko zuzendariei dagozkien egiteko orokorrez gain, Zerbitzu Zuzendaritzak, sailburuaren mende, zerrendatutako egiteko hauek ere izango ditu:

  1. Kudeaketa ekonomikoaren eremuan:

    1. Sailaren eskumeneko arloetan eduki ekonomikoa duten azterketak eta txostenak programatzea eta, hala badagokio, saileko zuzendaritzekin batera lantzea. Sailaren aurrekontuen aurreproiektua prestatzeko, zuzendaritzak koordinatuko ditu eta aurreproiektu propioa formulatuko du sailburuaren gainbegiradapean.

    2. Sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzeko jarduketak egin eta koordinatzea, haiek betearaztea, jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta sailaren gastuak baimentzea, baldin eta dekretu honetan xedatutakoaren arabera beste organo bati ez badagozkio, eta Gobernu Kontseiluaren eskumenak eragotzi gabe.

    3. Sailak dituen ondasunak direla eta, zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak koordinatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeak dioen bezala. Era berean, sailarekiko elkarlanean, sailarenak diren ondasun eta eskubideen ondare-inbentarioa osatzen laguntzea.

  2. Asistentzia juridikoaren eremuan:

    1. Saileko organoei aholkularitza juridikoa ematea, eta eskatutako zuzenbide-txostenak ematea, beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.

    2. Sailaren egintzen auka edo sailaren gaietan jarritako administrazio-errekurtsoak ebazteko proposamenak aztertu, izapidetu eta formulatzea.

    3. Sailaren jarduerari lotutako ondare-erantzukizunari buruzko erreklamazioak hasi eta izapidetzea.

    4. Administrazioarekiko auzibidera jo aurretik eta Konstituzio Auzitegiko eta Arbitraje Batzordeko prozedurak abiatu aurretik, beste administrazio publiko batzuek egindako errekerimenduei buruzko ebazpen-proposamenak prestatzea, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko lankidetzan.

    5. Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, gainerako sail-zuzendaritzek izapidetzen dituzten kontratu txikiak izan ezik, baina horrek ez ditu eragotziko ez Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak ez beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak. Horretaz gain, saileko organoei gai hauei buruzko aholkularitza ematea dagokio: sektore publikoaren kontratuei buruzko legeria, araututako ezein prozeduratan legeak egoki aplikatzea eta kontratuak egitea; betiere beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.

    6. Fundazioen gaian, indarreko legeek sailari esleitzen dizkioten gai horretako egitekoak bereganatu eta koordinatzea.

    7. Xedapen orokorreko proiektuak prestatzea, baita txosten juridikoak ematea eta aurretik behar diren lan tekniko-juridikoak egitea ere.

    8. Gobernu Kontseiluari igorri behar zaizkion espedienteak prestatzea.

    9. Aholku tekniko-juridikoaren eremuan esleitzen zaizkion eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiari ez dagozkion gainerako egitekoak.

  3. Langileak kudeatzeko eremuan:

    1. Sailari atxikitako langileen gaineko prozedurak administratu eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenez baliatuta, betiere beste organo eskudun batzuei dagozkien egitekoak urratu gabe.

    2. Saileko langileen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.

    3. Langileentzako prestakuntza- eta hobekuntza-planak eta -programak sustatzea; hala badagokio, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta gaiko sail eskudunaren arteko lankidetzan.

    4. Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.

    5. Langileen arloan, indarrean dagoen legeriaren arabera behar diren espedienteei hasiera ematea eta zehapen arinak jartzea.

  4. Aurrekoez gain, sailaren zeharkako kudeaketako organoa den aldetik:

    1. Behar den euskarria bermatzea, Eusko Jaurlaritzaren eremu orokorreko ekimenak eta gidalerroak garatu eta gauzatzeko, kudeaketa aurreratuko gaietan, modernizazioan, Administrazio elektronikoan, gobernantzan eta berrikuntzan bermatzea, eta sailean bertan sustatzea.

    2. Sailak herritarrei informazioa eta arreta emateko dituen zerbitzuek ahalik eta ongiena funtziona dezaten ziurtatzea (2. eta 3. arreta-mailak), eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuarekiko harreman egokiak ezartzea.

    3. Informazio-sistemen, estatistikaren, eta azterketen eta analisien alorreko kudeaketa eta koordinazioa egitea, Ogasun eta Ekonomia Sailari dagozkion eskumenak ezertan urratu gabe. Apirilaren 23ko 86/1996 Dekretuaren bidez araututako sailaren estatistikarako organo berezia ere zuzendaritza honi atxikita dago. Atxikipen horrek ez dio kalterik egingo Jaurlaritzaren Sailetako Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuari.

    4. Sailaren ikus-entzunezkoen argitalpenak, elektronikoak, informatikoak eta telematikoak koordinatzea, eta saileko zuzendaritzekin batera bermatzea bere eskumen-eremuko gaietan solaskide operatiboak daudela.

    5. Lanpostuen banaketa fisikoarekin, ekipamenduarekin eta eraberritze-lanekin zerikusia duten saileko unitate guztien jardunak zuzentzea, Administrazioan beste sail batzuei gai honetan emandako eskumenak kaltetu barik. Sailaren bulegoen mantentze-lanak egitea, atxikitako ondarea administratzea eta kontserbazioaz arduratzea.

    6. Sailaren informatika-gaietako beharrizanak aplikazioak eta euskarriak planifikatu eta koordinatzea baldin eta ez badaude Administrazioko beste sail batzuei esleituta.

    7. Gobernu Kontseiluak edo eskuordeko organoek aztertu beharreko gai eta espedienteak izapidetu eta koordinatzea, baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharreko xedapen eta administrazio-egintzak ere.

    8. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzaz baliaturik, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatu eta dinamizatzea, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan.

    9. Sailburuordetzaren baten eremutik kanpo geratzen diren gaietan, kontratazio-organo gisa jardutea baldin eta indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jotzen badira.

    10. Sailean kalitate- eta berrikuntza-ereduak diseinatu eta garatzea.

    11. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako zuzendaritzekin, Administrazio Instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin batera lan eginda eta koordinatuta, legean aurreikusitako neurriak bete daitezen, gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat.

    12. Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea, baita kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere; baina horrek ez ditu eragotziko beste sail batzuei gai berean esleitutako eskumenak.

    1. Sailaren politiketan, euskara sustatzen laguntzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarraibideen segimenduan, eta, horretarako, saileko euskara-unitatea atxikiko zaio.

  5. Lurralde historikoetariko bakoitzeko Kulturako lurralde-zerbitzuak ere Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita egongo dira. Zerbitzu horiek Kultura Sailari dagozkion alorretan egiten diren kontsultak edo dokumentuak erantzungo dituzte, edo organo eskudunari igorriko dizkiote.

1. 4. artikuluak saileko zuzendariei ematen dizkien egiteko orokorrez gain, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, sailburuaren mende, zerrendatutako egiteko hauek ere izango ditu:

  1. Beharrizanak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion arauzko neurriak proposatzea, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

  2. Era guztietako kirol elkarteen sorrera bultzatzea.

  3. Kirol federazioei laguntzea eta lankidetzan jardutea beren egitekoak bete indarreko arauen arabera bete ditzaten, baita Estatuko, Europako, Europaz gaindiko erakundeekin eta entitateekin elkarlanean aritzea ere kirolaren gaian guztien interesekoak diren jardueretan.

  4. Kirol politika integralak garatzea, erakundearteko eta sailarteko lantaldeak koordinatuta.

  5. Kirolaren inguruko informazioa eta dokumentazioa bildu eta hedatzea, baita horren gainean egoki iritzitako ikerketa eta azterketa guztiak egin eta sustatzea ere.

  6. Jarduera fisikoari eta kirol jarduerari loturiko zientzia- eta teknika-ikerketak bultzatzea.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan, goi-mailako kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.

  8. Bertoko kirolak sustatzea eta horiei laguntza ematea.

  9. Euskal kirolaren presentzia Estatuan eta nazioarteko eremuan ziurtatzeko neurriak ezartzea.

  10. Erkidegoaren mailako eskola-lehiaketak antolatzea.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol instalazioen sarea planifikatu eta bultzatzea.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

  1. Indarreko legeriak esleitzen dizkion ikuskapen-egitekoak betetzea, eta, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen arloan, Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak instruitzea.

    1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren administrazio-zerbitzu zentralez gain, bertan administrazio-zerbitzu hauek ere egongo dira, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legean xedatutakoaren arabera:

      1. Kirolaren Euskal Eskola.

      2. Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa.

      3. Hobekuntza Teknikorako Zentroa.

      4. Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia.

    2. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak emango dizkio Kirol Justiziako Euskal Batzordeari bere egitekoak behar bezala gauzatzeko behar dituen baliabideak.

  1. Kulturako sailburuordeari dagozkio 3. artikuluan saileko sailburuordeari esleitutako egiteko orokorrak, jardun-arlo hauetan:

    1. Historia- eta arte-ondarea, museoak, liburutegiak, artxiboak eta jabetza intelektuala kudeatu eta babestea.

    2. Arte- eta kultura-jarduerak eta haien hedapena.

  2. Kulturako sailburuak emango die hasiera euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak kalifikatzeko eta inbentariatzeko espedienteei, eta espediente horien izapideak egiteko behar diren erabakiak hartuko ditu baldin eta erabaki horiek hartzea administrazioko beste organoren bati ez badagokio.

  3. Beste organo bati ez badagokio, Kulturako sailburuordeak hasi eta ebatziko ditu sailari lege hauen arabera dagozkion espedienteak: Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legea eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legea.

  4. Kulturako sailburuordeak zuzendaritza hauek izango ditu hierarkian mende, esleituta dituen egitekoak gauzatzeko:

    1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    2. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

  1. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu, euskal kulturaren ondarea zaintzea, aberastea, babestea, zabaltzea eta sustatzea xede duten eremuetan, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen eta bera garatzeko ematen diren xedapenen arabera.

    Horrekin batera, egiteko horiek izango ditu museoei eta liburutegiei loturiko eremuetan, Euskadiko Museoen abenduaren 1eko 7/2006 Legean, Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legean eta legeok garatzeko ematen diren xedapenetan ezarritakoaren arabera.

  2. Egiteko horiek gauzatzeko zerbitzu hauek ditu Kultura Ondarearen Zuzendaritzak:

    1. Kultura Ondarearen Zentroa.

    2. Museoen Zentroa.

    3. Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa, Irargi, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzietako artxibo historikoak.

    4. Liburutegi Zerbitzua.

    5. Jabetza Intelektualaren Erregistroa eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoa.

      1. Kultura Ondarearen Zentroari hau dagokio:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 5. artikuluan aurreikusitako egitekoak garatzea.

        2. Kalifikazioen, inbentarioen eta balizko zona arkeologikoen espedienteak proposatu eta izapidetzea, baita euskal kultura ondaretik desafektatzeko espedienteak ere.

        3. Hala badagokio, esleitutako jardun-eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-plangintzako eta lurralde-antolamenduko dokumentuak eta ingurumen-ebaluaziorako nahitaezko prozeduren mendean jarritako planak edo proiektuak informatzea.

        4. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari esleitutako gai honi buruzko egitekoak garatzea: euskal kultura-ondarea gordetzeko, aberasteko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen funtsak aplikatzeko irizpideak. Eta funts horiek erabiltzeko irizpide materialak proposatzea.

        5. Euskal Autonomia Erkidegoan gordeta egon eta euskal kultura-ondarea osatzen duten elementuak eta artelanak esportatzeko eta mugimenduak ikuskatzeko Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jardunak egitea.

        6. Eusko Jaurlaritzak kultura-ondasun kalifikatuak eta inbentariatutakoak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko espedienteak izapidetzea bai beretzat bai bestelako erakunde publikoentzat edo irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat.

        7. Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologikoaren gordailua kudeatzea.

        8. Kultura-ondarearen arloko zehapen-espedienteak instruitzea, ebazpena edo zehapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoei badagokie, betiere.

      2. Museoen Zentroari hau dagokio:

        1. Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak 3. artikuluan aurreikusitako egitekoak garatzea.

        2. Museoen gaian diren beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumei laguntzak emateko sistema kudeatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak dokumentatzeko, kontserbatzeko eta babesteko irizpideak zehaztea.

        5. Euskadiko Museoen Legearen eremuan, Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak instruitzea.

      3. Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzietako artxibo historikoei hau dagokie:

        1. Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionala dela-eta, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartu zituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzea.

        2. Kultura-ondareari buruzko politikaren esparru orokorraren barruan, dokumentu-ondareari eta artxiboei buruzko politika espezifikoa diseinatu eta kudeatzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako agirien tratamendua eta irizpideak normalizatzea, eta horien edukiaren hedapena sustatzea.

        5. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo hari buruzkoak diren artxibo publiko eta pribatuetako funtsetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedapena sustatzea.

        6. Dokumentu-ondarearen eta artxiboen gaian, beharrizanak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

        7. Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarearen eta artxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertu eta proposatzea eta gai horretako prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko behar diren erakundeekin lan egitea.

        8. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzietako artxibo historikoak kudeatzea, Estatuaren Administrazioarekin sinatutako hitzarmenek xedatzen dutenarekin bat.

      4. Liburutegi Zerbitzuari hau dagokio:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskadiko Liburutegien Sistemari dagozkion planifikazio-, funtzionamendu- eta koordinazio-egitekoak garatu eta gauzatzea.

        2. Legezko gordailuaren eta ISBNaren alorretan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak dituen egitekoak betetzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoan eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo egindako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzea.

        4. Euskal bibliografia eta ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa egin, kudeatu eta zabaltzea.

        5. Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea.

        6. Ondare bibliografikoaren eta liburutegien arloko beharrizanak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea.

        7. Liburutegi-politika eta ondare bibliografikoa diseinatu eta kudeatzea; horretarako behar diren proiektuak sustatu eta eta zuzentzea.

        8. Sistema osatzen duten liburutegietako funtsen erreferentzia bibliografikoak biltzen dituen katalogo kolektiboa diseinatu eta kudeatzea, eta hartarako irispidea ziurtatzea.

        9. Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondarerako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.

        10. Ondare digitalaren alorrean lankidetza-programak sustatzea.

        11. Liburutegien eremuan euskararen erabilera normalizatzeko zer beharrizan dagoen ikertu eta zehaztea.

        12. Sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegietarako jardun-eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea.

        1. Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoaren Sarea osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

        2. Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko tresnak diseinatu eta kudeatzea eta lortutako datuak aztertzea; ondoren, liburutegiei beren ahalmenak ondoen aprobetxatzeko metodologia eskaintzeko.

        1. Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza bultzatzea eta haien profila definitzea.

        2. Indarreko legeriak ematen dizkion ikuskapen-egitekoak gauzatzea eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

      5. Jabetza Intelektualaren Erregistroari eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoari hau dagokie:

        1. Inskripzioa eta idazpena egiteko eskaerak izapidetu eta ebaztea, eta, behar izanez gero, inskripzioak indargabetu eta egitea.

        2. Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatuta dauden eskubide, egintza eta kontratuak ziurtatzea eta publikotasuna ematea.

        3. Txosten teknikoak egitea beren eskumen-eremuan.

        4. Gordailuko dokumentu eta materialak artxibatu eta zaintzea.

        5. Oro har, Jabetza Intelektualaren Erregistroa kudeatzeko behar diren jardunak, baita indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkionak ere.

        6. Erakunde edo erakunde-elkarte hauei baimena ematea eta errebokatzea: beren kontura edo inoren kontura ustiatze-eskubideak edo ondarearen arloko beste batzuk kudeatu nahi dituztenak, betiere jabetza intelektualaren eskubideen autore batzuen edo beste titular batzuen kontura eta interesen alde.

        7. Kudeaketa-erakunde horien estatutuak eta horien aldaketak onartzea.

        8. Kudeaketa-erakunde guztiek indarreko araudian ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela zaintzea.

        9. Kudeaketa-erakundeen jardunaren kontrola eta, hala badagokio, ordezkaritza edo kudeaketa egiten duten erakundeena.

        10. Bitartekaritza eta arbitrajea, Estatuko Administrazio Orokorraren ahalmenei kalterik egin gabe.

        11. Kultura Ondarearen Zuzendaritzari aholkularitza juridikoa ematea eskumeneko gaietan.

  3. Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita daudenez, kide anitzeko organo hauen egitekoak beteko ditu zuzendaritza horrek:

    1. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 Dekretuak arautua.

    2. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea, martxoaren 26ko 62/1996 Dekretuak arautua.

    3. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

    4. Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

    5. Museoen Aholku Batzordea, martxoaren 18ko 54/2008 Dekretuak arautua.

    6. Liburutegien Aholku Batzordea, abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak arautua.

  1. Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu honako arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta arte bisualak.

  2. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza lehen aipatutako arloetako lanbide-jarduerez arduratuko da bereziki.

  3. Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Aipatutako arloetan dauden beharrizanak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horietan egiten diren jarduerak bultzatzeko, sendotzeko eta zabaltzeko egoki ikusten dituen administrazio-neurriak hartzea.

    2. Kulturaren Euskal Behatokia zuzendu eta kudeatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren alorrean informazio-, dokumentazio- eta ikerketa-zentroa den aldetik.

    3. Sailburuordetzaren eremuan, egokitzat jotzen diren azterketak eta ikerketak dokumentatu, egin eta zabaltzea.

    4. Bereziki arlo horietan diharduten erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzeko formulak bilatzea.

    5. Arlo horietako jardun publikoa planifikatzea.

    6. Arlo horietan, kultura kontserbatzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz arduratzea.

    7. Euskadiko kultura-industriak garatzen laguntzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta euskal kultura-eremuko beste lurraldeen arteko kultura-harremanak sustatzea.

    9. Etxepare Euskal Institutuarekiko elkarlanean jardutea euskal kulturaren sorkuntza kanpoan zabaltzeko neurriak aztertzeko eta proposatzeko.

  1. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dekretu honen 3. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu honako jardun-arlo hauetan:

    Hizkuntza-politika.

    Euskararen sustapena.

  2. Jardun-esparru horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak egiteko hauek izango ditu:

    1. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek arlo honetan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.

    2. Lehendakaritzak eta Jaurlaritzako sail guztiek beren egitura organiko eta funtzionaletan sortuak dituzten edo sortzen dituzten euskara-unitateen jardun-irizpideak ezartzea, politika publikoetan eta kudeatzen dituzten administrazio-gai guztietan euskara bultzatzen laguntzeko.

    3. Jaurlaritzaren egungo egituran, hizkuntzaren eremuan, egiteko espezifikoak dituzten organo eta zerbitzu guztiek sarean, koordinatuta eta modu osagarrian jarduten dutela bermatzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.

    4. Arlo honetako zuzendaritzek hizkuntza-politikaren arauak ezartzeko, aldatzeko edo aplikatzeko egiten dituzten proposamen orokorrak eta espezifikoak koordinatzea eta, hala badagokio, sailburuari helaraztea.

    5. Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko erakundeek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.

    6. Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra prestatzea eta baterako jardunak gauzatzeko planak formulatzea, Jaurlaritzak onar ditzan.

    7. Hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoak elkarlanean aritzeko neurriak dinamizatu eta bultzatzea, horretarako behar diren ekimen guztiak sustatuta eta erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa areagotzen duen beste edozein formula ikertuta.

    8. Azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak. Esleitutako jardun-eremuan, euskararen erabilera normalizatzeko xedez, arreta berezia jarriko du botere publikoek xedapen orokorrak bete ditzaten, baita Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak ere, eta betetze-maila ebaluatuko du.

    9. Hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten erakundeekiko harremanak izatea eta, euskal hiztunen komunitate osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere aritzea.

    10. Hizkuntza-eskakizunak zehazteko eta eskakizun horiek aplikatzeko proposamena egitea, Euskal Funtzio Publikoaren Legean ezarritako ondorioetarako. Gainera, administrazio publikoekin batera arituko da irizpide horietara egokitzeko planak lantzen eta ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzen. Horrek ez ditu eragotziko administrazio horietako bakoitzak dituen eskumen eta eskudantziak, ezta Jaurlaritzako sailek dituztenak ere.

    11. Euskararen jakintza-mailari dagozkion titulu eta ziurtagiriak homologatzeko prozedura aurrera eramatea, izan agiriok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailek edo horien mendeko erakundeek emandakoak, izan hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak, edo izan berez helduen euskalduntzearen arlotik kanpo egonda ere euskara irakasten duten beste erakunde batzuek emandakoak. Halaber, dagoeneko homologatuta daudenak eguneratzea edo egokitzea ere badagokio. Horretarako, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotako aurreikuspenak beteko ditu, besteak beste, eta, ondorioz, Baliokidetzen Jarraipen Batzordeari esleitutako eginkizunak zuzenduko ditu, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari atxikita baitago.

    12. Euskaratik beste hizkuntza batzuetara edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara zinpeko itzultzaile eta interprete aritzeko gaikuntza profesionala lortzeko prozesuak kudeatzea, eta, horrekin batera, lanbide horretako gaikuntza duten profesionalen erregistroa kudeatzea.

  3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki mendean:

    1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

    2. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

  4. Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) administrazio-erakunde autonomoa, azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez.

  5. Euskararen Aholku Batzordea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, urriaren 16ko 176/2007 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

  1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak.

  2. Ildo horretatik, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Euskararen erabilera normalizatzeko legeria garatzeko arauzko neurriak aztertu eta proposatzea, baita kontrataziorako, argitalpenetarako, administrazio-baimena edo -emakida behar duten jardueretarako, diru-laguntzetarako eta bestelako laguntzetarako hizkuntza-irizpide orokorrak ere.

    2. Euskararen erabilera normalizatzeko hartutako arauzko neurriak eta administrazio-neurriak benetan betetzen diren eta eraginkorrak diren aztertzea eta horren jarraipena egitea.

    3. Dekretu honen 13.2 artikuluaren b) letran xedatutakoa betetzeko behar den jardunak egitea.

    4. Eusko Jaurlaritzaren euskara-plana lantzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotzen diren jardunak proposatzea, baita planaren koordinazioa eta jarraipena Eusko Jaurlaritzako sailetako arduradunekin batera egiteko nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionaleko erakundeetako arduradunekin batera egiteko egoki irizten diren neurriak ere.

    5. Aholkularitza eta laguntza eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundietako, udaletako eta gainerako erakunde publikoetako euskara-planak diseinatzeko eta ezartzeko.

    6. Plan horiek zenbateraino bete diren ebaluatzeko eta jarraitzeko lanak egitea eta planak berrikusteko irizpideak zehaztu eta ezartzea.

    7. Instituzio eta entitate publikoetan euskara-planak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta funtzionamenduan jartzeko proposamenak egitea.

    8. Sozietate publikoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako euskara-planen diseinuan eta ezarpenean aholkularitza eta laguntza ematea.

    9. Esleiturik duen helburu nagusiaren araberako azpiegiturak bultzatzea eta, hala badagokio, horien arduradunei prestakuntza ematea behar diren metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten, bestelako administrazio-organoen eskumenak urratu gabe.

    10. Dekretu honen 13.2 artikuluaren j) letran ezarritakoa betetzeko behar diren jardunak garatzea. Horrekin batera, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua ere kudeatuko du.

    11. Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, goi-mailako ikasketak eta unibertsitatekoak eginda lortutako hizkuntza-maila aztertzea, lortutako maila horren homologazioa egiteko euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arabera eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren arabera, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste organo batzuei esleitu zaizkien eskumenak.

    12. Behar diren txostenak ematea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zer eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko.

    1. Hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza ematea eta eragindako erakundeei elkarlana eskaintzea eskubide horiek benetan bete ditzaten, uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak sortutako Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren bitartez.

    2. Euskal administrazio publikoetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten gaineko nahitaezko txostena egitea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 97.5 artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, erabilera-planei buruzko nahitaezko txostenak egingo ditu, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuarekin bat (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzekoa).

    1. Hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoen arteko lankidetza bultzatzea, koordinatuta jardun dezaten. Horretarako, Herri Aginteen Koordinazio Batzordea (HAKOBA) instituzionalizatuko da.

    2. Dekretu honen 13.2 artikuluaren k) letran ezarritakoa betetzeko behar diren jardunak garatzea.

  1. Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko lanaren alorrean, beti ere euskararen erabilerari gainbalio positiboa gehituta.

  2. Ildo horretatik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatu eta koordinatzea.

    2. Euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzea, baita euskarazko hedabideak bultzatzea ere.

    3. Euskara normalizatzeko eta hizkuntza-ondarea aberasteko ekimen pribatuak sustatzea.

    4. Bide-seinaleetan eta hizkuntza-paisaian, oro har, toponimia normalizatzea baldin eta Euskararen Aholku Batzordearen Toponimiako Berariazko Batzordeari ez badagokio.

    5. Euskararen corpusa estandarizatu eta modernizatzea, betiere Euskararen Aholku Batzordeak horretarako bideratzen dituen bestelako egintzak ezertan urratu gabe.

    6. Euskalterm terminologia-banku publikoa kudeatzea eta euskarazko terminologiaren inguruko egitekoak dituzten erakundeekiko lankidetza sustatzea.

    7. Bere kabuz edo beste erakunde edo organo batzuekiko elkarlanean, berez esleiturik duen egiteko nagusia betetzeari begira bideratutako beste edozein jarduni ekitea.

    8. Haurrak eta gazteak euskara erabiltzera bultzatzeko ekimenak eta programak proposatu eta kudeatzea.

    9. Euskalgintzako erakunde eta elkarteekin batera, euskararako, interes globaleko proiektuak garatzea.

    10. Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) administrazio-erakunde autonomoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita egoteak sailari dakarzkion jardunak garatzea.

  1. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak dekretu honen 4. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu, euskararen normalizazioan inplikatuta dauden eragileekiko jardunbide eta harremanei dagokienez eta euskararen egoerari eta garapenari buruzko ikerketei dagokienez.

  2. Ildo horretatik, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Euskararen Aholku Batzordeak eta haren batzorde bereziek lanerako behar dituzten datuak jaso eta prestatu-tratatzea, lanak koordinatzea eta jarraipena egitea, baita batzordearen idazkaritza-lanak egitea ere.

    2. Ingurune digitalean, euskararen erabilera sustatzea, eta eremu horretan euskara presente egon dadin behar diren proposamenak egin eta kudeatzea.

    3. Erakunde pribatuen euskara-planak diseinatzen, abian jartzen eta garatzen laguntzea eta sustatzea.

    4. Erakunde publiko eta pribatuen jardueretan euskararen erabilera nolakoa den jakiteko eta ebaluatzeko sistema bat ezartzea aztertzea, eta sistema horren ezarpena sustatzea, indarrean dauden kalitate-ziurtapenen sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta.

    5. Europako lankidetza-proiektuak koordinatu eta kudeatzea, hizkuntza-politikaren ardura duten beste elkarte eta organismo batzuekin batera.

    6. Euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatzea, Iparraldeko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeekiko lankidetzan eta koordinazioan.

    7. Sailburuordetzaren eremuan, egokitzat jotzen diren azterketak eta ikerketak dokumentatu, egin eta zabaltzea.

    8. Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mapa Soziolinguistikoa aldian-aldian egin eta berrikustea; bestelako hizkuntza-ikerketak egin eta bultzatzea, eta dekretu honen 13.2 artikuluko e) letrako ikerketak eta lanak koordinatzea.

      XXI. mendeko euskararen erabileraren parametroak identifikatzea (Internet, gizarte-sareak, tresna teknologiko berriak), eta alor honetan egoki irizten diren azterketak eta ikerketak bultzatzea.

    1. Behaketa- eta prospekzio-proiektu estrategikoak garatzea nazioarteko mailan, hizkuntza-politikaren arlora berrikuntza dakarten jardueren jarraipena eginda. Ikerketarako eta lankidetzarako akordioak bideratzea, gutxiengoen hizkuntzek Europar Batasunean eta handik kanpora bizi duten errealitate sozialaren berri izateko.

    2. Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren jarraipena egiteko, plana ebaluatzeko eta aldian-aldian eguneratzeko behar diren azterlanak eta analisiak egitea.

    3. Etxepare Institutuarekin lankidetzan aritzea, euskarak hizkuntzen arloko azoketan, sareetan eta antzeko ekitaldietan tokia izan dezan, eta ahalegina egitea euskararen lurralde guztietako ordezkariek elkarrekin parte har dezaten.

    1. Euskararen geografia osatzen duten gainerako lurraldeekin batera lan egiteko bideak sustatzea, euskara sustatzeko eta garatzeko xedez.

    2. Espainiako gainerako hizkuntzen gaineko eskumenak dituzten erakundeekiko lankidetza bultzatzea.

    3. Erakunde pribatuetan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak babesteko eta euskararen erabilera bermatzeko ekimenak sustatzea.

    4. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoa kudeatzea eta jarraipena egitea, hizkuntza-politika gobernu-jardunaren ardatzetako bat izan dadin.

      LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapen-araubidea.

      Saileko sailburuordeen edo zuzendarien postuak hutsik egonez gero edo beraiek absente edo gaixorik egonez gero, beren eskumenak lehenago inori eskuordetu ez badizkiote, egoerak dirauen bitartean arau hauen bidez egingo dira ordezkapenak:

    1. Sailburuordeek dituzten eskumenak eta egitekoak beren mende dauden zuzendariek beteko dituzte dekretu honetan ezarritako hurrenkeran.

    2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, aurre-aurrean dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengoa sailburuordeak ordezkatuko du; horiek ezin badute, hierarkikoki gainetik dagoenak beteko ditu, hurrengo paragrafoan xedatzen den kasuan izan ezik.

    3. Zuzenean sailburuaren mende dauden zuzendarien ordezkapena txandaka egingo da dekretu honen 2.1.a) artikuluak ezarritako ordenaren arabera.

    4. Aurreko arauak nahiko ez badira, gain-gainetik dagoen administrazio-organoak izendatutako pertsonak beteko ditu administrazio-organoaren eskumenak.

      BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sail iraungiari zegozkion zehapen-prozeduretatik hizkuntza-politikaren eta kulturaren eremuari dagozkion zehapen-prozedurak.

      Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkion zehapen-espedienteen instrukzio-egilea izendatzeko horrela egingo da: sailburuak instrukzio-egilea txandakako aldietan izendatuko du teknikarien artetik, espedientea hasterakoan antzinatasun handiena duenetik hasita, baina inork ezin izango ditu bi txanda jarraian egin, hartarako langilerik ez bada, betiere.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Baliabide propioei egindako enkarguak.

      Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, baldintza beretan, obrak gauzatzeko eta zerbitzuak emateko enkarguak egiteko, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko testu bateginaren 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, edo, hala badagokio, ordezkatzen duen sektore publikoaren kontratazioaren araudi erregulatzailearen arabera.

      LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidean dauden espedienteak.

      Dekretu hau indarrean jartzen denean izapidean dauden espedienteak gaiaren araberako eskumena duten organoek izapidetu eta ebatziko dituzte.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Estatistikarako Organo Bereziaren egitekoak hartzeko erregimen iragankorra.

      Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzen ez den bitartean, Kultura Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzen duen urriaren 23ko 86/1996 Dekretuak jarraituko du indarrean.

Apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena zati batean indargabetzen da, hain zuzen hizkuntza-politikaren eta kulturaren eremuetan aplika daitekeen zatian. Dekretu honetan xedatutakoaren aurkako bestelako arau-xedapenak ere indargabetzen dira, gazteria-arloaren ingurukoa izan ezik.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Arau-erreferentziak.

  1. Indarreko arauetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sail iraungiari egiten zaizkion hizkuntza-politikako eta kulturako aipamenak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari egindakotzat hartuko dira, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan sail honi esleitutako egitekoei eta jardun-arloei eta dekretu honetan sailari ematen zaizkion eskumenei dagokienez. Lehendakariaren dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu.

  2. Indarreko arau edo xedapenetan Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  3. Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari edo horren titularrei indarreko arau edo xedapenetan erreferentziarik eginez gero, Zerbitzu Zuzendaritzari egindakotzat ulertuko da, dekretu honetan emandako gaiei dagokienez, edo, kasuan kasu, dekretu honetan ezarritako kontratazio-organoei egindakotzat, kontratu txikietako kontratazioa egiten duten organoak alde batera utzita.

  4. Indarreko arau edo xedapenetan Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Zerbitzu Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira dekretu honetan emandako gaietan.

  5. Indarreko arau edo xedapenetan Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Kultura Sailburuordetzari egindakotzat hartuko dira dekretu honetan emandako gaietan.

  6. Indarreko arau edo xedapenetan Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira dekretu honetan emandako gaietan.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.