Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

79/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1965
  • Xedapen-zk.: 79
  • Xedapen-data: 2017/04/11
  • Argitaratze-data: 2017/04/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu da, eta, bestetik, Administrazioko sailen artean eskumenak berriro esleitu dira; eta hori guztiori legegintzaldi honetan gobernu-programa osatzen duten konpromisoak betetzeko orduan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko xedez egin da. Hau da, sailak, berriro ere, hezkuntza arloa baino ez du izango; ez ditu izango hizkuntza-politika eta kultura.

Aipatutako 24/2016 Dekretuaren 11. artikuluak honako egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio Hezkuntza Sailari:

  1. Irakaskuntzaren alorrean Autonomia Estatutuan ezartzen diren ahalmenak, araubide orokorrekoak zein araubide berezikoak, etapa eta maila desberdinak barnean direla, bai eta goi-mailako hezkuntza ere. Bizitza osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere sartzen dira.

  2. Lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak egitea, zeinaren bidez bizialdi osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotuko baitira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza estua izango du, bere erantzukizunetatik.

  3. Zientzia-politika; ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatu eta koordinatzea.

  4. Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

  5. Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

    Aipatu egitekoak balia ditzan, saila lau sailburuordetzatan banatu da, bakoitza jardun-arlo jakin batekin, eta euretariko bat zeharkakoa da. Halaber, Hezkuntza Sailari sektore publikoko hiru erakunde atxikitzen zaizkio, eta horiek lanabes funtsezkoak dira aipatu egitekoen eta jardun-arloen eremuan sailari bultzatzea dagozkion politikak garatzeko.

    Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien zereginak eta jardun-arloak finkatzeari buruz Lehendakariak azaroaren 26an emandako 24/2016 Dekretuko 11. artikuluan zehaztutako egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Hezkuntza Sailari; eta egiteko eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko dira.

Hezkuntza Sailak, bere eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu:

  1. Organo zentralak:

    1. Hezkuntzako sailburua.

    1. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

    2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.

    1. Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

    2. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.

    3. Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza.

    4. Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

    1. Hezkuntza Sailburuordetza.

    1. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza.

    2. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza.

    1. Lanbide Heziketako Sailburuordetza.

    1. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza.

    2. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza.

    1. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza.

    1. Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza.

    2. Ikerketa Zuzendaritza.

  2. Organo periferikoak:

    Lurralde historiko bakoitzean Hezkuntza Sailak dauzkan lurralde-ordezkaritzak.

  3. Sektore publikoko erakundeak:

    Hezkuntza Sailari atxikita geratzen dira sektore publikoko honako erakunde hauek:

    1. Administrazio instituzionala:

    1. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste erakunde batzuk:

    1. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia-Musikene, fundazio pribatua.

    2. Haurreskolak Partzuergoa.

  4. Kide anitzeko organoak eta beste organismo batzuk:

    Honako organo hauek ere Hezkuntza Sailari atxikita daude, sortze-arauek ezartzen dutenaren arabera:

    1. Euskadiko Eskola Kontseilua.

    2. Euskadiko Unibertsitate Kontseilua.

    3. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea.

    4. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua.

    5. Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordea.

    6. Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua.

    7. Ikerketarako Euskal Kontseilua.

    8. Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI).

    9. Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

    10. Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK).

    11. Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA).

Hezkuntza Sailak zuzendurik, Zuzendaritza Kontseilu bat izango da, titularrari ondoko lan hauetan lagun diezaion: sailaren politika ikuskatu eta jarraitzen eta esleitzen zaizkion eginkizun eta jardueren plangintza orokorra egiten. Ez da administrazio-organotzat hartuko.

Sailburuaren zuzendaritzapean, honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: sailburuordeek eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendariak, zeinak Kontseiluko idazkari legez jardungo duen. Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute Zuzendaritza Kontseiluan.

Hezkuntzako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluek ezarritako eskumenak baliatzea, eta, halaber, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin bat etorriz, Sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan, indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion eskumenak baliatzea.

Sailaren organo gorena denez, saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan sailaren jardun-arloan esleituta dauden diru-laguntza izendunak emango ditu.

Horretaz gain, sailburua arduratuko da, deialdi publikoa egin ondoren, izendapen askeko lanpostuak betetzeaz, eta baita behin-behineko langileak izendatzeaz ere.

Era berean, eta beste organo batzuei berariaz esleitu ez bazaizkio, sailburuari dagokio Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimenik behar ez duten hitzarmen eta akordioak baimentzea sailari dagozkion gaietan, baita horiek sinatzea ere. Honako hauek ere badagozkio: ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, administrazio-xedapen eta -egintza deusezak ofizioz berrikustea, eta administrazio-egintza deuseztagarrien kaltegarritasuna deklaratzea.

Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI), Hezkuntzako sailburuaren mende dela, otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuan ezarritako egitekoak garatuko ditu, baita agintzen zaizkion beste batzuk ere.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari, organikoki sailburuaren mende dela, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Sailburuaren lan-programa planifikatzea eta horren segimendua egitea, eta sailaren arlo desberdinak koordinatzea.

  2. Bere eskumeneko arloetan, sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa izatea, eta, halaber, eremu material horri lotuta eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa izatea.

  3. Sailaren kanpo-jardueren eta ekintza publikoen protokoloa eta antolaketa koordinatzea, baita sailak sustatutako kongresu, mintegi, jardunaldi eta hitzaldiena ere.

  4. Solaskide izatea sailak Legebiltzarrarekin, Arartekoarekin eta EAEko eta Estatuko gainerako erakunde eta instituzioekin izaten dituen harremanetan, koordinaturik eta hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako beste organo batzuen eskumenak.

  5. Sailaren eskumenekoak diren gaiak koordinatzeko neurriak gauzatzea, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudia eta politikak lantzeko eta aplikatzeko izan beharreko esku-hartzea garatu ahal izateko. Horren haritik, saileko organoen eta Erkidegoko Erakundeen arteko gaiak eta harremanak bideratuko ditu, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumeneko organoaren bitartez.

  6. Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez, beste administrazio publiko batzuekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

  7. Sailaren komunikazio-politika koordinatzea eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak garatzea eta zaintzea, sailari lotutako jardueren, erabakien eta politiken hedapena eta zabalkundea errazteko.

  8. Sailaren jardun-arloei buruzko informazioa herritarrei emateko lanak koordinatzea, eta sailaren jardun-arloen inguruan dauden kexak eta iradokizunak jasotzea.

  9. Dokumentazio-zerbitzuak eta dokumentu-baseak kudeatzea, eta sailak egin beharreko argitalpenen gaineko jarraipena eta koordinazioa egitea, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiaren gainean eskumena duen sailak dauzkan eskumenak.

  10. Honako hauen koordinazioa eta jarraipena egitea: informazioaren argitaratze aktiboa; informazio publikoa eskuratzeko eskubidearekin lotutako eskaerei erantzutea; eta sailaren datu publikoak irekitzea, gardentasun-politikarekin bat etorriz.

Sailburuordetza bakoitzaren arduraduna sailburuorde bat izango da, hierarkian sailburuaren menpeko zuzena izango dena. Sailburuordetzan garatutako jarduerei, eta sailburuordetzaren menpean dauden zuzendaritzei eta gainerako administrazio-organo eta -unitateei dagokienez, Hezkuntza Saileko sailburuordeei dagozkie:

  1. Jardun-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea.

  2. Esleitu zaizkien egitekoen eremuan, sailburuari laguntza ematea.

  3. Sailburuordetzaren jarduerak programatzea, eragin soziala aztertzea, eta behar diren aldaketak edo garapenak zehaztea zuzendaritzen helburuetan.

  4. Sailburuordetzako administrazio-unitateen funtzionamendurako instrukzioak eta zirkularrak ematea.

  5. Xedapen-proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikarekin bat etorriz.

  6. Helburuen eta jardun-planen kudeaketa ikuskatzea.

  7. Bere eskumeneko arloetan, sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa izatea, eta, halaber, eremu material horri lotuta eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa izatea, betiere, egiteko hori beste organo batzuei esleituta ez badago.

  8. Sailburuordetzako hizkuntza normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

  9. Errekurtsoak ebaztea, indarrean dagoen legerian aurreikusten den kasuetan.

  10. Mendeko organoen jarduera ikuskatu eta zaintzea.

  11. Mendeko organoak eskuordetzea eskumenak baliatzeko, bai eta mendekoen arteko gatazkak ebaztea, eta goragokoak eskumenak bereganatzea, indarrean diren arauetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduraduna zuzendari bat izango da, zeina zuzenean eta hierarkian dagokion sailburuordearen mende izango baita, salbu eta Sailburuaren Kabinetearen Zuzendaritzarako aurreikusitakoa. Hezkuntza Saileko zuzendariei dagokie:

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea.

  2. Garatzen diren jardunak bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. Zeinek bere eskumen-eremuko planak edo jardun-programak proposatzea organo arduradunei.

  4. Bere jardun-arloan sartuta dauden espedienteetatik eratorritako gastua kontratatu, baimendu eta onartzea, indarrean dagoen legeriaren arabera txikitzat jotzen diren kontratuei badagokie.

  5. Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, zuzendaritza bakoitzeko zerbitzu-burutzekin batera, euskararen kudeaketa integratua eginez.

  6. Esandakoez gain, indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak eta Jaurlaritzako zuzendariei oro har dagozkienak ere bete behar dituzte.

  1. Saileko sailburuordetzen zeregin orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari:

    1. Saileko administrazio-unitateen barne-araubidearekikoak koordinatzea.

    2. Saileko aurrekontuen aurreproiektuaren prestaketa koordinatzea, eta aurrekontua ebaluatu era aztertzeko prozedurak antolatzea.

    3. Eragin ekonomikoa duten egintza eta xedapenak ikuskatzea; eta, hartarako, 1.000.000 eurotik gorako zenbatekodun espedienteetan sailaren gastua baimentzea, betiere Gobernu Kontseiluaren eskumenak errespetaturik. Halaber, Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta izaera ekonomikoa duen beste edozein koordinatzea.

    4. Sailaren kontratazio-organoa sailburuordea da, baldin eta lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurotik gorakoa bada.

    5. Euskal Ondareari buruzko Legeak Sailari esleitzen dizkion eskumenak, salbu eta beste organoren bati esleitutakoak.

    6. Hezkuntza-sistemako baliabide materialak eta kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa koordinatzea, eta, hartarako, aipatu baliabideak plangintza orokorrari egokitzen zaizkion ala ez gainbegiratu eta egiaztatzea.

    7. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzearen eta haiekin itunak egitearen arloetan, sailaren politika koordinatzea; betiere, Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, bakoitzak bere eskumeneko arloan, zehaztutako planifikazioarekin bat etorriz.

    8. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemako langileen arloko jardunak ikuskatu eta koordinatzea, lan-kontratuko langileen kontratazioa barne dela; betiere, bat etorriz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, bakoitzak bere eskumeneko arloan, zehaztutako plangintzarekin.

    9. Honako eremu hauetan beka eta laguntzen politika sustatu eta bultzatzea:

      Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

      Irakaskuntzarako instalazio eta eraikinetako obrak.

      Aurreko g) letran aipatu finantzaketa-akordioen ondoriozko beste laguntza batzuk.

    10. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan jantoki- eta garraio-politika sustatu eta bultzatzea.

    11. Sailak Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin dituen harremanez eta sailaren eta bulego horren arteko koordinazioaz arduratzea.

      1. Hezkuntza-sistema informazio-gizartearen beharrizan eta eskakizun berriei egokitzeko behar diren sistema informatikoak sustatu eta bultzatzea; hartarako, diseinuaren eta planifikazioaren arloan beharrezko eskumenak baliatuko ditu.

        1. Sailaren barne-kudeaketarako behar diren baliabide informatikoak zuzendu, koordinatu eta bultzatzea, Internet eta Intranet zerbitzuak barne direla.

  2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren mende daude zuzendaritza hauek: Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza eta Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari:

    1. Sarreren eta gastuen egoera-orria egitea, saileko aurrekontuen aurreproiektua prestatzeko, eta horren egikaritzearen kudeaketa eta jarraipena egitea.

    2. Aurrekontu-programen jarraipena eta ebaluazioa egitea, zeintzuen bidez egiaztatu ahal izango baita helburuak erdietsi diren eta lortutako eraginkortasuna eta efizientzia norainokoak diren, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek gai horretan dituzten eskumenak.

    3. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eta hezkuntza-sistemako gainerako unitateen kostuen azterketa, sistemaren finantzaketa-ereduak ezartzeko.

    4. Saileko organo guztiei aholkularitza ematea, finantzaketari eta aurrekontuen kudeaketari dagozkion gaietan.

    5. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan garraioaren eta jantokien gaineko azterketa, proposamena eta haien kudeaketa.

    6. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuen finantzaketaren eta horiekiko itunen arloko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe sistemaren planifikaziora egokitzea.

    7. Ondoren zehaztutako eremuetan bekak eta laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea:

      Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

      Aurreko f) letran aipatu finantzaketa-akordioen ondoriozko beste laguntza batzuk.

    8. Unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxeetako irakasleei egin beharreko ordainketa eskuordetua kudeatzea.

    9. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen kudeaketa ekonomiko-administratiboaren eredua ezarri, ikuskatu eta gaurkotzeko txostena eta proposamena egitea, haien kudeaketa-autonomiaren printzipioa betetzeko xedez.

    10. Zuzendariari dagozkio honako hauek: 1.000.000 eurotik beherako espedienteetan sailaren gastua baimentzea, eta Gobernu Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta izaera ekonomikoa duen beste edozein prestatzea. Atal honetan jasotakotik salbuetsi egiten dira kasu bakoitzean dagokion kontratazio-organoak onartu dituen kontratu publikoetatik datozen gastu-baimentzeak, dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

    11. Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekiko harremanak koordinatzea.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik: artikulu honetako 2. zenbakian zerrendatutakoak, zeintzuk kontrakorik esan ezean beherago zehaztutako langileen arlokoak baitira, zehazki, unibertsitatez kanpoko ikastetxeei, irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko zerbitzuei eta Hezkuntzako Ikuskatzailetzari atxikitakoen arlokoak:

    1. Irakasleak.

    2. Hezitzaileak.

    3. Saileko lan-kontratuko beste langile batzuk, sailaren hitzarmen kolektiboari lotuak direnak.

    4. Administrazio Orokorreko langileak, ikastetxeei atxikiak direnak.

  2. Aipatutako langile horiei dagokienez, zuzendaritzari honako egiteko eta lan-jardun hauek dagozkio:

    1. Aurreko zenbakiko a), b) eta c) letretan aipatutako langileei dagokienez, lan-kontratuko langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bakoitzak bere eskumeneko arloan zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea.

    2. Karrerako irakasle funtzionarioen leku-aldatze lehiaketetako oinarriak prestatzea, baremazio-batzordeak izendatzea eta lehiaketaren garapena kudeatzea.

    3. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzarekin eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzarekin bat etorrita oinarriak prestatzea, eta irakaskuntzaren ikerketa eta laguntzarako zerbitzuetako plazak betetzeko merezimendu-lehiaketa kudeatzea.

    4. Aurreko puntuko a), b) eta c) letretan zehaztutako langileen nominak kudeatu eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuen eskudantziak.

      1. paragrafoko a), b) eta c) letretan zehaztutako langileen gastuak aurreikustea, eta gastu horien jarraipena egitea.

    1. Aurreko puntuko a), b) eta c) letretan zehaztutako langileei dagokienez, sindikatuekiko harremanak eta hitzarmen kolektiborako negoziazioa zuzentzea.

    2. Lan-absentismoa kontrolatzea eta hari buruzko azterlan estatistikoak prestatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat lanean diharduten Langileen Erroldako Irakasleen Atala, otsailaren 19ko 2/1993 Legeko artikuluan aurreikusia, kudeatzea eta mantentzea.

    4. Administrazio-egoeren deklarazioa, eta unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioei jardunera itzultzeko baimena ematea, zeregin hori beste organo bati ez badagokio.

    5. Bateragarritasun-espedienteak ebaztea eta nahitaezko erretiroen eta ezintasun fisikoagatiko erretiroen deklarazioa.

    6. Zerbitzu-eginkizunak ematea. Era berean, honako lizentzia eta baimen hauek ematea:

      1. Gaixotasunagatik lanaldia murrizteko baimena;

      2. Sindikatuen edo langileen ordezkari-lanak egiteko lizentzia;

      3. Genero-indarkeriagatiko lizentzia;

      4. Gaixotasun kronikoa edo mugikortasun-arazoak dituen senidea zaintzeko baimena;

      5. Lanpostuarekin edo laneko egitekoekin zuzenean lotutako lanbide-hobekuntzako ikasketak egiteko baimena;

      6. Lanpostuarekin edo laneko egitekoekin zuzenean lotuta ez dauden ikasketak egiteko baimena;

      7. Hautetsi-karguen ondoriozko egitekoak betetzeko baimena (baimen horretarako murrizketa aplikatzeko aukera hartzen denean);

      8. Ordaindu gabeko baimena:

      9. Partez ordaindutako baimena.

        1. Langileak ahalik eta egokien kudeatzeko irizpide eta jarraibideak ematea.

          1. paragrafoko c) eta d) letretako kolektiboen lanpostuen zerrenden proposamena egitea.

          1. Laneko arriskuen arloan aplikatu beharreko neurriak proposatzea, eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.

          1. Oro har, langileen buru izatea, eta administrazio eta kudeaketako egintzak burutzea.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik:

    1. Hezkuntza-sistema egoki garatzeko, azpiegituretako dotazioak kudeatzea.

    2. Higiezinak eraiki, handitu eta hobetzeari dagokionez unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak eta sailaren gainontzeko bulegoak, prozedurak instruitzea eta ikuskatzea.

    3. Obra-proiektuak ikuskatzeko zerbitzu espezifiko gisa jardunez, obrak ikuskatzea, ikuskapen teknikoa, kalitate-kontrola eta ziurtapenen segimendua; eta, halaber, itundutako prestazioa egoki gauzatzeko beharrezko jarraibideak eman eta erabakiak hartzea; betiere, beste sail edo organo batzuei dagozkien egitekoak eragotzi gabe.

    4. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak eta sailaren gainontzeko bulegoak ekipatzeko dotazio orokor eta bereziak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei dagozkien egitekoak.

    5. Sistema eta baliabide informatikoak planifikatu, diseinatu eta ezartzea sailari dagozkionak, hezkuntza-sistema informazio-gizartearen premietara behar bezala egokitzeko xedez.

    6. Informatika arloko beharrizanak aplikazioak eta euskarriak planifikatzea eta koordinatzea.

    7. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzarako eraikin eta instalazioetako obretarako laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea.

    8. Estatistikaren arloan sailari dagozkion egitekoak baliatzea; hartarako, Hezkuntza Sailaren estatistika-organo espezifikoa atxikiko zaio.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik:

  2. Laguntza juridikoaren arloan honako hauek dagozkio:

    1. Lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorrak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, sailari eragiten dioten gaietan edo sailari atxikitako edo sailaren mendeko edozein erakunderi eragiten dioten gaietan ere.

    2. Xedapen orokorren eta sailarekin sinatu beharreko akordioen eta hitzarmenen gaineko txosten juridikoak egitea, eta baita, horretarako eskatzen denean, Gobernu Kontseiluak eta haren eskuordeko batzordeek aztertu beharreko gaien gaineko txosten juridikoak ere, eta, saileko edozein organok eskatzen badio, aholkularitza ematea.

    3. Sailaren jarduera administratiboaren aurka aurkezten diren administrazio-errekurtsoak izapidetzea.

    4. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana, sailak parte hartzen duen gaietan, eta horien gainean emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola.

    5. Sailaren jarduerari dagokionez, sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta izapidetzea.

    6. Hezkuntzako zerbitzu publikoari atxikitako udal titulartasuneko ondasunak jabari publiko direnak desafektatzeari buruzko espedienteak, hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzen eskumenak.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak Sailari ematen dizkion egitekoak baliatzea.

    8. Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen bidez sailetako aholkularitzei esleitutako gainontzeko egitekoak.

  3. Langileen arloan, dekretu honetako 10. artikuluak aipatu langileen kasuan izan ezik, honako hauek dagozkio:

    1. Behar diren prozedurak administratu eta kudeatzea, eta, hartarako, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenak baliatuko ditu, betiere, beste organo batzuei dagozkien eskumenak eragotzi gabe.

    2. Saileko langileen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.

    3. Langileentzako formazio eta hobekuntza planak eta programak sustatzea, hartara eragotzi gabe, arlo horretan, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin eta Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin gauzatu beharreko lankidetza.

    4. Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.

  4. Kontratazioaren arloan honako hauek dagozkio:

    1. Saileko organo guztiei aholkularitza ematea honako arlo hauetan: sektore publikoaren kontratuei buruzko legeria; kontratuak gauzatzean eta legeria horretan araututako prozeduretan hura egoki aplikatzea, hartara eragotzi gabe beste organo batzuei esleitutako eskumenak.

    2. Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, baina horrek ez ditu eragotziko, batetik, Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak, eta, bestetik, beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak.

    3. Sailaren kontratazio-organoa zuzendaria da, betiere lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, gastu-onarpena barnean dela; kanpoan uzten dira dekretu honetan beste organo batzuei esleitutako kontratu txikiak.

  5. Aurrekoez gain, sailaren zeharkako kudeaketako organoa den aldetik, honako hauek dagozkio:

    1. Saileko Erregistro Nagusiko Bulegoak funtziona dezan, behar diren baliabideak jartzea.

    2. Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea; bai eta kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere; baina horrek ez ditu eragotziko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari esleitutako eskumenak.

    3. Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen arloan, organo eskudunak emaniko ekimenak eta jarraibideak garatu eta baliatzea.

    4. Irakaskuntzakoa ez den eremuan, lanpostuen banaketa fisikoari, lanpostuetako ekipamenduari eta eraberritze-lanei dagokienez, saileko unitateen jardunak zuzentzea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari gai honetan esleitutako eskumenak eragotzi gabe. Saileko bulegoen barne-araubidea zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta sailaren ekipamenduak administratu eta kontserbatzea.

    5. Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, eta sailean herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko ardura duten zerbitzuek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duen organoarekin kanal anitzekoa eta zentralizatzailea izanik harreman egokia izan dezaten arduratzea.

    6. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin batera lan eginda eta koordinatuta, legean aurreikusitako neurriak bete daitezen, gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat etorriz.

    7. Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko xedapen gehigarrietarik hamargarrenean aurreikusitako euskara-unitateak saileko politiketan euskara sustatzen lagunduko du, hain justu ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarraibideen ildotik.

    8. Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ogasun eta Ekonomia Saileko zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak zentralizatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeari jarraikiz; era berean, sail horrekin elkarlanean, sailarenak diren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea.

    9. Datuak babestearen gainean sailak diseinatzen dituen planak garatzea, eta Datuak Babesteko Euskal Agentziak ezarritako gomendioak eta jarraibideak gauzatzea.

  6. Aurreko paragrafoetan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko sailburuordetzek esleituta dituzten egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Hezkuntza Sailburuordetzari:

    1. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzen arloko hezkuntza-politika zehaztu eta koordinatzea, eta, halaber, haren eragina garapen curricularrean eta arauemailean, irakasleen prestakuntzan, hezkuntza-beharrizan berezietan eta hezkuntza berriztatzeko programen garapenean.

    2. Programazioa bultzatu eta koordinatzea, eta hura inplementatzea unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan.

    3. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak ebaluatzera bideratutako jarduerak ikuskatzea, irakaskuntzan hobekuntza-planak jarri eta hobetzera bideratutako neurriak hartu eta kontrolatzeko, hargatik eragotzi gabe Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak arlo horretan dituen eskumenak.

    4. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak antolatu, berritu eta ikertzeko egintzak koordinatzea.

    5. Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin bat, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetan, materialei eta giza baliabideei dagokienez, dauden premiak aztertzeko prozesuak koordinatzea eta haiek zehaztea.

    6. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzarekin koordinatuta, irakaskuntzako funtzio publikoan eta hezkuntza ikuskaritzako eta laguntzako zerbitzuetan sartzeko, gaien edukiak nola ezarriko diren ikuskatzea, eta sarrera-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzen parte hartzea.

    7. Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Sistemaren plangintza egitea, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzarekin koordinatuta; besteak beste, unibertsitatez kanpoko ikastetxeen tipologia eta kokapena zehazteko irizpideak finkatuko ditu, langile-premiei erantzuteko proposamenak eta giza baliabideak hobetzeko eta kualifikatzeko planak aztertuko ditu, eta azpiegitura eta ekipamendu baliabideen dotazio berriei buruzko proposamenak aztertuko ditu.

    8. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren barruan, hizkuntz helburuak hobetzeko proposamenak planifikatu eta horien jarraipena egitea. Ildo horretatik, helburu horiek lortzeko eta kontrolatzeko neurri egokiak hartuko ditu; besteak beste, irakasleen euskalduntze programak kudeatuko ditu eta euskarazko material didaktikoa sortuko du.

    9. Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin koordinatuta, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren eta Eskola Publikoari buruzko Legeko III. tituluaren esparruan, Euskararen erabilera arautzeko Legea garatzeko jarduerak definitu eta koordinatzea; eta euskararen jakite-maila egiaztatzeko honako agiri hauek emateko prozedurak definitu eta koordinatzea: irakaskuntzako 1. eta 2. hizkuntz eskakizunak, Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria hizkuntz eskakizuna (HLEA) eta EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) titulua.

    10. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetarako programazioa planifikatzea.

    11. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeari buruzko proposamenak egitea; eta unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate publikoentzako baimenak emateari eta horiek aldatu eta amaitzeari buruzko proposamenak egitea.

      1. Artikulu honetako a), b), c), d), e), f), g), h), j) eta k) letretan esleitutako egitekoek ez dituzte eragotziko 16. artikuluan ezarritako egitekoak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarenak direnak.

        1. Haurreskolak Partzuergoarekiko harremanak bultzatzea eta koordinatzea.

  2. Hezkuntzako Ikuskatzailetza Hezkuntzako Sailburuordetzaren mende egongo da eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 25. artikuluaren 2. zenbakian esleitzen zaizkion egitekoak izango ditu, indarrean dagoen araudiak ematen dizkionez gain.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari:

    1. Unibertsitatez kanpoko mailetan irakaskuntza planifikatu, bultzatu eta garatzea, hezkuntza berriztatzeko programen jarraipena barne dela.

    2. Unibertsitatez kanpoko curriculuma garatzeko material didaktikoa prestatzea bultzatzea.

    3. Unibertsitatez kanpoko IKTen garapena eta aplikazioa bultzatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetan, hezkuntza-curriculuma egoki garatzera bideratutako arauak aplikatzeko proposamenak, ebaluazio-lanak eta azterlanak egitea. Esparru orokor horren barruan, eskola-curriculumeko euskal alderdi espezifikoa definitu, garatu eta aplikatzera bideratutako neurriei arreta berezia eskainiko zaie.

    5. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren ebaluazioa arautzeko proposamena egitea, ISEIrekin koordinatuta.

    6. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzari dagokionez, programa europarretan eta Batasuneko egintzetan parte hartzeko beharrezko ekintzak sustatu eta bultzatzea.

    7. Eskola-laguntzarako zerbitzuak sustatzea, hain justu ere, kanpoko baliabide didaktikoak zuzentzeari dagokionez nahiz eskola barneko laguntza izateari dagokionez, betiere ikastetxeen arloan.

    8. Hezkuntza-sistemako hezkuntza-beharrizan berezietarako langileak eta neurriak aztertu, ebaluatu eta proposatzea.

    9. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen premiak planifikatzeko irizpideak ezartzea (zerbitzu osagarriei dagokienez arreta espezifikoa edo berezia behar duten ikasleak).

    10. Hezkuntza bereziko ikasgela egonkorrak eta pedagogia terapeutikoko irakasleak behar dituzten ikasgelak planifikatzea (ituntzearen aurretik).

    11. Desberdintasunen osabide-ekintzak garatzea osabidezko hezkuntzako planen bitartez, gizarteratzea eta laneratzea errazteko xedearekin.

    12. Unibertsitatez kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntza-plana diseinatu, aplikatu eta kontrolatzea, Lanbide Heziketako irakasleena izan ezik, bai birziklatze orokorraren arloan bai zenbait espezialitateren arloan ere.

    1. Unibertsitatez kanpoko mailetan egin daitezen hezkuntza-esperientziak baimentzea, eta horien jarraipena eta kontrola egitea.

    2. Euskararen erabilera arautzeko Legeko II. tituluko II. kapitulua eta Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeko III. titulua benetan eta modu eraginkorrean aplikatzen direla bermatzearren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, bere Euskara Zerbitzuaren bidez, hezkuntzaren arloan euskara erabiltzeko aukerak eta testuinguruak sustatu eta dinamizatzeaz arduratuko da, gelaren barruan zein kanpoan, euskararen lege horretako 17. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

    1. Artikulu honetan esleitutako egitekoek ez dituzte eragotziko 17. eta 18. artikuluetan Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren egiteko propiotzat ezarritakoak.

  2. Aurreko puntuan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari:

    1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoen kokapena eta programazioa garatzea, eta unibertsitatez kanpoko irakasleen beharrizanak definitzea, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta.

    2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate pribatuentzako baimenak emateko eta baimen horiek aldatu eta iraungitzeko prozedurak hasi eta izapidetzea, eta emandako baimenen betekizunei eusten zaiela gainbegiratzea.

    3. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hasi eta izapidetzea.

    4. Hezkuntza-sektoreek ikastetxeetako bizitzan parte-hartzea sustatzea.

    5. Ikastetxeetako oinarrizko ekipamendu-moduluak diseinatzea, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzarekin batera.

    6. Ikastetxeek egoki funtziona dezaten behar diren administrazio-neurriak hartzea.

    7. Ikastetxeak eraentzeko araubidea kontrolatzea.

    8. Hezkuntza-itunen deialdirako ikastetxeen plangintza proposatzeari buruzko txostena egitea, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin lankidetzan.

    9. Erregimen bereziko irakaskuntzak ezarri eta garatzeko programazioa eta diseinua egitea: hizkuntza-ikasketak, arte-ikasketak eta kirol-ikasketak, barne direla Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasketak.

    10. Etapa, maila, ikastetxe eta zerbitzuetako irakasle-lanpostuen zerrendak egitea, sailaren beharrizan eta lehentasunen arabera, eta aurrekontuan ezarritako dotazioak kontuan izanda.

    11. Artikulu honetan esleitutako egitekoek ez dituzte eragotziko 17. artikuluan Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari dagokionez ezarritakoak.

    12. Helduen hezkuntzarako programak garatzeko beharrezko ekintzak sustatu eta aplikatzea.

    1. Helduen hezkuntzarako ikastetxeetako langileak eta baliabide materialak planifikatzea.

    2. Helduen hezkuntzarako unitateak eta ikastetxeak sortu, eraldatu eta kentzea, bai eta irakasleen beharrizanak definitzea ere, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko sailburuordetzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari:

    1. Lanbide Heziketako Euskal Plana garatu, aplikatu eta eguneratzea, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.

    2. Eremu ez-formaletan, bizialdi osoko ikaskuntzarako ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea, jakintzaren gizartean konpetentzia berriak eskuratzeko beharrezkoak direnak.

    3. Lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak egitea, zeinaren bidez bizialdi osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotuko baitira; eta hartarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza baliatuko da, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan.

    4. Lanbide-heziketako ikastetxeetan hasierako lanbide-heziketa programatu eta inplementatzea.

    5. Lanbide-heziketa ebaluatzea, hura kontrolatzeko eta haren kalitatea ziurtatzera bideratutako neurriak hartzeko.

    6. Hezkuntza-sisteman lanbide-heziketa antolatu, eraldatu eta berritzeko ekintzak planifikatzea.

    7. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan langileen arloan eta baliabide materialetan diren beharrizanak aztertu, planifikatu eta definitzea, eta, orobat, irakasleentzako kualifikazio- eta -hobekuntza-planak ezartzea.

    8. Hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketa emateko beharrezkoak diren espazioak, instalazioak eta ekipamenduak hornitzeko baliabideak planifikatzea.

    9. Lanbide-heziketari dagokionez, unitate eta ikastetxe pribatuentzako baimenak emateko eta baimen horiek aldatu eta iraungitzeko proposamenak egitea; eta unitate eta ikastetxe publikoak sortu, eraldatu eta kentzeari buruzko proposamenak egitea.

  2. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende daude Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI), Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK) eta Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (TKNIKA).

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari:

    1. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arlo osoa antolatu eta erregulatzen duten araudiei buruzko proposamenak egitea, gure eskumenen esparruan.

    2. Lanbide Heziketako heziketa-zikloak osatzen dituzten curriculum-diseinuak garatzeko araudi-proposamenak lantzea.

    3. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako ikastetxeen antolaketari eta kudeaketaren berrikuntzari buruzko jarduerak zuzentzea.

    4. Lanbide-heziketako ikastetxe eta unitate publikoak eta pribatuak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hastea eta izapidetzea.

    5. Hezkuntza- eta ekoizpen-sektoreek Lanbide Heziketako ikastetxeetako bizitzan parte har dezaten bultzatzea.

    6. Hezkuntza-sisteman, Lanbide Heziketako titulu bakoitzarentzako, lanbide-heziketarako beharrezko oinarrizko espazio-, instalazio- eta ekipamendu-moduluak definitzea.

    7. Produkzio- eta gizarte-inguruneak eskatzen dituen kualifikazioak aldatzen diren neurrian, hezkuntza aldaketa horietara etengabe egokitzeko tresnak ezartzea.

    8. Gizarte-eragileek beren lantokietan ikas-ekinezko erregimeneko heziketa duala ezartzen parte har dezatela bultzatzea. Horretarako, beren lantokietan jaso daitekeen prestakuntzari buruzko eskaintza bat aurkez dezatela eskatuko zaie, horrela, lanbide-heziketaren arloan elkarrekiko parte hartzearen kultura sortuz eta Hezkuntza Sistema eta lan eta produkzioarena lotuz.

    9. Lantokietan garatu beharreko heziketaren jarraipen eta ebaluaziorako sistema bat ezartzea.

    10. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen antolamendu-egitura bat ziurtatzea, emandako egiteko eta zeregin guztiei erantzuteko gai izango dena.

    11. Hezkuntza-itunen deialdia egiteko, lanbide-heziketako ikastetxe pribatuen plangintzarako proposamenari buruzko txostena egitea.

    12. Lanbide-heziketako irakasle-lanpostuen zerrenda egitea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren beharrizan eta lehentasunen arabera eta aurrekontuan ezarritako dotazioak kontuan izanda.

    1. Hasierako Lanbide Heziketako programak garatu eta ezartzeko behar diren ekintzak planifikatu eta ezartzea.

    2. Konpetentzia aitortzeko ekintzak eta bizialdi osoko ikaskuntzako sistema ebaluatzeko ekintzak planifikatzea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin koordinaturik.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari:

    1. Lanbide-heziketako irakasle eta ikasleen artean, sormen-gaitasuna, berrikuntzarako gaitasuna eta pentsamendu konstruktiborako gaitasuna sustatzen duten ekintzak bultzatzea.

    2. Ikasketa-metodologia aktibo berrien ezarpen orokorra sustatzea, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketan berrikuntza metodologikoa indartzeko xedez.

    3. Lanbide-heziketaren ikaskuntza-maila desberdinetan STEAM kultura bultzatzea.

    4. Lanbide-heziketako ikastetxeetan berrikuntza aplikatuko proiektuak sustatzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik ezarritako estrategiei erantzunez.

    5. Lanbide-heziketako ikastetxeetan, egungo eta etorkizuneko teknologia aurreratuak aztertzea, sustatzea eta ezartzea, ingurune konplexuetan irakasleen eta ikasleen konpetentziak hobetzeko xedez.

    6. Lanbide-heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-planak diseinatu eta aplikatzea; eta kontuan hartuko dira eguneratzea eta espezializatzea ere.

    7. Ikasgelan ikasketa-metodologia berriak garatzeko helburuarekin, irakasleen konpetentziak hobetzera zuzendutako prestakuntza-ekintzak diseinatzea.

    8. Irakasleen prestakuntzara zuzendutako ekintzak sustatzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuetan behar bezala erantzuteko gai izan daitezen.

    9. Esparru ez-formalean, bizialdi osoan ikasketa erabilgarriak egiteko jardueren garapenerako beharrezkoak diren ekintzak planifikatzea.

    10. Lanbide-heziketako ikasleen artean espiritu ekintzailea sustatzea eta enpresa-kultura bultzatzea.

    11. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketari dagokionez, programa europarretan eta Batasuneko egintzetan parte hartzeko beharrezko ekintzak sustatu eta bultzatzea.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

Saileko sailburuordetzen zeregin orokorrez gain, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzari honako egiteko eta jardun-arloak dagozkio:

  1. Sailaren unibertsitate-politika diseinatzea, arloko eragileekin batera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-arlokoak diren ikasketa arautu guztiak harmonizatzeko eta gizartearen beharrizanetara egokitzeko tresnak artikulatzea, unibertsitate-politikan ezarri dituen helburuak lortzeko.

  3. Euskal unibertsitate-sistemaren garapen osoa koordinatzea.

  4. Unibertsitate-arloko harremanak koordinatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste erkidegoen artekoak, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren artekoak.

  5. Egoki iritzitako kontratu eta hitzarmenak egitea unibertsitate, departamentu, ikastetxe, unibertsitate-institutu eta ikerketa-zentroekin, edo erakunde publiko edo pribatuekin, Euskal Autonomia Erkidegokoak izan zein ez.

  6. Aukera-berdintasuna lortzeko, ikasteko bekei eta laguntzei buruzko politika planifikatu, aztertu eta proposatzea.

  7. Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez indarrean dauden arauetan eta planetan ezarritako neurriak bete daitezen eragitea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari esleitu zaizkion eskumenak.

  8. Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea bultzatu eta bermatzea.

  9. Unibertsitate-planaren eta kontratu-programen diseinua eta onarpena bultzatzea eta sustatzea, baita horiek eguneratzea ere.

  10. Euskal Herriko Unibertsitateko langileen euskalduntzea bultzatzea eta horretarako laguntza ematea.

  11. Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateen eta inguruko eta kanpoko unibertsitateen arteko trukaketa eta mugikortasuna bultzatzea; kanpoko unibertsitateei dagokienez, indartu egingo dira Iberoamerikako unibertsitateekiko aliantzak.

  12. Unibertsitatearen jarduera akademikoetan, irakaskuntza eta zientzia garatzeko beste hizkuntza batzuk jakitea eta erabiltzea sustatzea.

  1. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziarekin lankidetzan aritzea, indarreko legeriak esleitzen dizkion egitekoak gauzatu ahal izateko, eta hari sostengua ematea Hezkuntza Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa dagozkion alderdi guztietan.

  2. Unibertsitateei esleitutako etengabeko ikaskuntza bultzatzea eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe Lanbide Heziketako Sailburuordetzari esleitutako eskumenak.

  1. Zientzia eta teknologiaren garapena interes orokorrari begira bultzatzea, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin eta Osasun Sailarekin batera jarduteko bideak ezarrita, hargatik eragotzi gabe sail horiei edo beste batzuei dagozkien eskumenak.

  2. Euskal gizartean, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloko sentiberatze-, jendarteratze- eta prestakuntza-planak aurrera eramatea, eta, horretarako, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekiko lankidetza bultzatzea, hargatik eragotzi gabe sail horri edo beste batzuei dagozkien eskumenak.

  3. Jaurlaritzako sailek ikerketaren arloan egiten dituzten jarduerak antolatu, planifikatu, sustatu eta koordinatzea.

  4. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Plana egiterakoan parte hartzea, eta planaren garapena bultzatzea.

  5. Harremanetarako organo izatea nola Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean dauden eragileekin hala ikerketa-arloko erakunde arteko topaguneekin, betiere eginkizun hori beste organoren bati esleituta ez badago.

  6. Lankidetza bultzatzea eta sustatzea unibertsitate, ikerketa-zentro, enpresa, zentro teknologiko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuen artean; horrela, etekinik handiena ateratzeko ikerketa-arloko baliabideen erabilerari, ezagutza zientifikoa gizartera transferitzeko eta ikerketarako baliabide pribatuak erakartzeko, hargatik eragotzi gabe Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Berrikuntza Zuzendaritzari arlo honetan esleitutako eskumena.

  7. Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren jarduerak bultzatzea eta koordinatzea.

  8. Ikerketaren eta teknologia-garapenaren politikako ildo nagusiak lantzea, lehentasunezko arloak ezartzea, helburu zientifiko eta teknologikoak zehaztea, eta, ikerketaren eta teknologia-garapenaren arloan, hainbat urtetarako planak egitea, hargatik eragotzi gabe Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari arlo honetan esleitutako eskumena.

  9. Ikerketarako programa eta proiektuei, giza baliabideen hautaketa eta prestakuntzari eta azpiegituren sorrerari dagokien arloan, ikerketarako eta teknologiaren garapenerako planak behar bezala gauzatzeko eta plan horiek ebaluatzeko tresnak diseinatzea, hargatik eragotzi gabe arlo honetan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari esleitu zaion eskumena.

  10. Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sistema Europako ikerketa-sisteman zailtasunik gabe sartzea bideratuko duten neurriak eta ekintzak bultzatzea, hargatik eragotzi gabe teknologia eta berrikuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuei dagozkien eskumenak.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoan, ikerketarako azpiegiturak hainbat eragileren artean sortzeko eta erabiltzeko neurriak eta ekintzak bultzatzea, eta indarreko ordenamendu juridikoak esleitutako beste edozein egiteko.

  1. Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Unibertsitate Zuzendaritzari:

    1. Proposamenak egitea honako hauek sortu, aldatu eta ezabatzeko: fakultateak, eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak, edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzeko edo kentzeko baimenak planteatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Ikastetxe eta Unibertsitate Irakaskuntzen Erregistroa garatzea eta kudeatzea.

    4. Atzerriko unibertsitateetako hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeen espedienteak aztertzea, baimenak eman ahal izateko, eta aplikatzekoa den ordenamendu juridikotik datorren beste edozein ahalmen.

    5. Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia fundazio pribatuarekiko harremanak koordinatzea eta harekin lankidetzan aritzea.

    6. Ikastetxeak unibertsitate publikoari edo pribatuari atxikitzeko edo atxikipen hori kentzeko proposamenak aztertzea, hartarako onarpena eman ahal izateko.

    7. Zaintzea, eskumeneko ikuskaritzaren bidez, unibertsitateek betetzen dutela bai otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legean ezarritakoa eta bai aplikatzekoa den gainerako ordenamendu guztian ezarritakoa.

    8. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bidez, bekei, ikasketetarako kredituei eta unibertsitate-laguntzei buruzko politika garatu eta kudeatzea, baita politika hori koordinatzea ere.

    9. Unibertsitate Plana behar bezala gauzatzeko eta ebaluatzeko behar diren tresnak diseinatu eta kudeatzea, eta planaren idazkaritza teknikoari dagozkion egitekoak betetzea.

    10. Unibertsitate legeriari buruzko aldaketak proposatzea, lege-aurreikuspenak egokitzeko edo aldatzeko.

    11. Unibertsitateekin programa-kontratuak hitzartzeko proposamenak egitea; kontratuok izaera administratiboa izango dute; diru-laguntzak izango dira.

    12. Hezkuntza Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren arteko harremanak koordinatzea, baita unibertsitate pribatuetan horren kideko diren organoekiko harremanak koordinatzea ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate publikoei dagokienez:

    1. Unibertsitate publiko bat sortzeko edo kentzeko behar den lege-proiektua egitea, eta proposamena Eusko Jaurlaritzari helaraztea.

    2. Unibertsitate publikoen jarduerak hasteko baimena ematea, indarrean dagoen legerian eta sortzeko legean aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero.

    3. Unibertsitatearen finantzaketari buruzko proposamena egitea, unibertsitateari entzun eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak txostena egin ondoren.

    4. Inbertsio eta azpiegituretarako hainbat urtetarako programa egin, onartu eta ikuskatzea.

    5. Egitura tekniko baten sorrera sustatzea, hitzarmen, akordio edo itun kolektiboen negoziazioan alderdi publikoaren ordezkaritza bere gain har dezan eta elkar-hartze horien jarraipena egin dezan.

    6. Eusko Jaurlaritzari, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarrien mugak ezartzeko proposamena egitea nola funtzionarioen hala lan-kontratukoen kasuan, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideekin bat.

    7. Euskal unibertsitate publikoko ikaspostu berrien eskaintza onartzea.

    8. Unibertsitateko prezio publikoak finkatzeko araudia egitea; prezio publiko horiek irakaskuntza-zerbitzuei eta legez ezartzen diren beste eskubide batzuei dagozkie.

    9. Azterketa egitea euskal unibertsitate-sistemaren eremuan ondasunak jabari publikotik kentzeko eta, hala egokituz gero, horietaz xedatzeko.

    10. Kostuen ebaluazioa egitea, nola irakasle eta ikertzaileei dagokienez hala administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, eta lanpostu eta kontratuen aurreikuspena egitea, hartarako baimenak eman ahal izateko.

    11. Aztertzea, baimendu ahal izateko, kapital-eragiketetatik gastu arrunteko eragiketetara egin beharreko kreditu-transferentziak, baita zorpetzeko eta bermeak eskatzeko eragiketak ere.

    12. Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateekin, unibertsitate-informazioaren sistema integratuari dagokion alderdi oro koordinatzea.

    1. Zuzendaritza honen mendean dauden erakunde guztietan, kontabilitate analitikoaren erabilpena bultzatzea eta sustatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate pribatuei eta, hala denetan, Eliza Katolikoaren unibertsitateei dagokienez:

    1. Unibertsitate horiek onartzeko lege-proiektua egitea, edo, hala badagokio, onarpen hori kentzekoa, eta nola bata hala bestea Eusko Jaurlaritzari proposatzea.

    2. Publikoak ez diren unibertsitateen onarpena sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek onarpen horretarako behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

    3. Publikoak ez diren unibertsitateen ekintzak aztertzea eta horien gaineko txostena egitea, ekintza horiek otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen 110.3 artikuluan jasotakoak badira.

Saileko zuzendaritzen egiteko orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ikerketa Zuzendaritzari:

  1. Proposamenak egitea eta gauzatzea, Eusko Jaurlaritzako sailekiko eta bestelako erakunde batzuekiko koordinazio zientifiko eta teknologikoa bideratuko duten tresnak sortu eta horien jarraipena egiteko.

  2. Irizpideak ezartzea, ikerketarako eta teknologia-garapenerako programak eta proiektuak ebaluatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko, baita unibertsitate- eta zientzia-arloan azpiegiturak sortzeko programak ebaluatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko ere.

  3. Ikerketarako proiektu eta programei nahiz azpiegiturei dagokienez, Hezkuntza Sailak zer baliabide izendatuko dituen proposatzea, eta proiektu eta azpiegitura zientifikoei buruzko datu-banku edo erregistro bat sortzea, baliabideak efizientzia handiagoz kudeatu ahal izateko.

  4. Ikertzaileak hautatzeko eta prestatzeko programak egitea eta gauzatzea, eta, horretarako, ikertzaileen jarduna prestatzea eta ikuskatzea; halaber, ikertzaileak prestatzeko programetarako lankidetza eskaintzea, doktoretza-eskolei eta unibertsitateetan horien kideko diren organoei laguntza emanda.

  5. Laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak proposatzea, zehaztea eta kudeatzea, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduera bultzatzeko eta interes estrategikoa duten gaien ikerketa sustatzeko.

  6. Ikerketa traslazionalera bideratutako laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak proposatzea, zehaztea eta kudeatzea; areagotu egin nahi da, hala, ezagutza zientifikoa sektore pribatura transferitzeko aukera eta baliabide pribatuak ikerketa-zereginetarako erakartzeko ahalmena.

  7. Sailak hitzartutako programa-kontratuetan jasotako ikerketa-arloko aurreikuspenak aurkeztea eta ikuskatzea.

  8. Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Planaren ondorioz Hezkuntza Sailari dagozkion programak kudeatzea, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta beste eragile ekonomiko eta sozialekin batera.

  9. Ikerketa-programetan, formula berriak prestatzea eta gauzatzea, sistemak eta zientzia-komunitateak berrikuntzaren erronkei eta Europako Ikerketa Esparruari aurre egin diezaieten.

  10. Sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko programetan, formula berriak prestatzea eta gauzatzea, ezagutzaren transferentzia egiteko.

  11. Erakundeen arteko jarduerak gauzatzeko planak, azterlanak, txostenak eta proposamenak egitea, zuzendaritza honen eskumeneko gaietan.

  12. Euskal gizartearen kultura zientifikoa bultzatzea, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloan sentiberatze-, jendarteratze- eta prestakuntza-programak landuta.

  1. Bere eginkizunak betetzerakoan gauzatutako jardueren jarraipena egitea.

  2. Ikerbasque fundazioaren jarduerak ikuskatzea; Ikerbasque, Zientziarako Euskal Fundazioa, talentua biltzeko eta erakartzeko sortua da.

  1. Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako zentroen jarduna (BERC) eta garapena bultzatzea, Euskadin puntako ikerketan diharduten taldeek eta horiek lantzen dituzten lerroek nazioartean prestigio handiagoa izan dezaten. Hartara, Euskadi talentua erakartzen duen gune bihurtzen lagunduko da, eta, aldi berean, unibertsitateetako ikertzaileekin eta Euskadin I+G+b helburu duten beste zentro batzuetako ikertzaileekin lankidetzan aritzeko tresnak ezartzea sustatutako da.

  2. Urtero Euskadiko Ikerketa Sarirako deialdia egitea, Euskadin eragin onuragarria ekarri duen ikertzaile eta talde kualifikatuen lana eta ahalegina sustatzeko eta bultzatzeko.

  3. Hezkuntza Sailari apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan eta urtarrilaren 13ko 2/2009 Dekretuan ezartzen zaizkion funtzioak garatzea. 96/1997 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu eta arautu zen, eta, horretarako, batetik, Euskadiko Teknologia Ikerketarako Erakundeekiko elkarlana eta koordinazioa finkatu zen, eta, bestetik, erakunde horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu ziren. Gerora, 278/2000 Dekretuak aldatu egin zuen 96/1997 Dekretua. 2/2009 Dekretuaren bidez, berriz, Bitariko Transferentzia Batzordeak 2008ko abenduaren 11n hartutako Akordioa onetsi zen; akordio horren arabera, ikerketa eta garapen zientifiko nahiz teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion.

  4. Ikerketa-politikaren arloko neurriak bultzatzea, zehazki, abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoan, 3/2004 Legean eta 2/2009 Dekretuan jasota daudenak. Urtarrilaren 13ko 2/2009 Dekretuaren bidez, Bitariko Transferentzia Batzordeak 2008ko abenduaren 11n hartutako Akordioa onetsi zen; akordio horren arabera, ikerketa eta garapen zientifiko nahiz teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion.

Hezkuntzako sailburuaren mendetasun organikoaren eta hari atxikitako sailburuorde eta zuzendaritza bakoitzaren mendetasun funtzionalaren pean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, lurralde-ordezkari batek gidatuta; egiteko hauek izango ditu:

  1. Sailaren ordezkaria izatea dagokion lurralde historikoaren eremuan.

  2. Sailak lurralde historikoan dituen administrazio-zerbitzu eta -unitateak zuzentzea.

  3. Sailak emandako jarraibideak eta arauak dagokion lurralde eremuan bete beharrekoak bideratzea.

  4. Sailaren eskumenen arloan ematen diren xedapenak eta dagokion lurralde historikorako egindako programak eta aurrekontu-aurreikuspenak betetzen direla kontrolatzea.

  5. Sailaren organo nagusiek eskatzen dizkioten espedienteei eta gainontzeko arazo guztiei buruzko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea.

  6. Unibertsitatez kanpoko bitarteko irakasle funtzionarioak izendatzea eta kargutik kentzea, eta unibertsitatez kanpoko funtzionario irakasleen kargu-hartzeei eta -uzteei buruzko jakinarazpenak egitea.

  7. Norbanakoek edo sailaren menpe ez dauden erakundeek sustatutako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan edota sailaren gainontzeko lokaletan antolatzen diren jardueren jakitun egotea, eta, hala behar denean, horiek baimentzea.

  8. Kontratazio-arloko eskumena, bigarren xedapen gehigarrian jasoa.

  9. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak eskuordetuta, 10. artikuluko 2.k) paragrafoan ezarri ez diren lizentziak eta baimenak ematea.

  10. Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitzea berari dagokion alorrean, eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, bere lurralde-ordezkaritzako zerbitzu-burutzekin batera, euskararen kudeaketa integratua eginez.

  11. Indarreko araudiak ematen dizkion bestelakoak.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea.

    Saileko sailburuordetzetako edo zuzendaritzetako postua hutsik badago edo titularra bera falta bada nahiz gaixorik badago, horiei esleitutako eskumenak, honela beteko dira, betiere egoera hori gertatu aurretik ardurok esleitu ez badira eta egoera horrek dirauen artean:

  1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte egiturako hurrenkeraren arabera.

  2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, aurre-aurrean dagoenari egokituko zaio dena delako zuzendaria ordezkatzea, eta lehenengoa sailburuordeak ordezkatuko du; eta, horiek ezin badute, hierarkikoki gainetik dagoenak beteko ditu, hurrengo paragrafoan xedatzen den kasuan izan ezik.

  3. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak beteko ditu.

  4. Aurreko arauak nahikoa ez diren kasuetan, administrazio-organoaren eskumenak gain-gainetik dagoen administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontratu txikiak.

    Kontratu txikiei dagokienez, organo hauei dagokie euren eremu funtzionalean eta euren lurraldean indarreko araudian kontratu txiki gisa tipifikatuta dauden eta euren funtzionamendurako beharrezko diren kontratuak kontratatzea, eta gastua baimentzea eta onartzea, ez badira kudeaketa zentralizatukoak, beste organo batzuen eskumenekoak, edota ez badute eskatzen fakultatibo eskudun batek eginiko proiektu teknikorik:

    Lurralde-ordezkaritzak.

    Ikastetxeen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren araudian aurreikusitakoak.

    Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKNIKA), abenduaren 1eko 222/2015 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI).

    Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK).

    Euskadiko Eskola Kontseilua.

    Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

    Hezkuntza-sistemaren laguntza-zerbitzua eta aurreratutako fondoak kudeatzeko baimena duten sailaren mendeko bestelako erakundeak.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bitarteko propioentzako gomendioak.

    Era berean, Hezkuntza Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, baldintza beretan, obrak gauzatzeko eta zerbitzuak emateko kudeaketari buruzko gomendioak emateko, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko testu bateginaren 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan ezarritako baldintzetan, gastua baimendu eta onartzea barnean dela.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Estatistika Organo Espezifikoa.

    1. Sailaren estatistika-organoa martxoaren 31ko 74/2009 Dekretuak sortutakoa da (74/2009 Dekretua, martxoaren 31koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoa sortzen duena); hemendik aurrera, Hezkuntza Saileko Estatistika Organo Espezifikoa izango da.

    2. Martxoaren 31ko 74/2009 Dekretuaren 2. artikulua (Menpetasun organikoa) honela idatzita geratzen da:

      Hezkuntza Saileko estatistika-organo espezifikoa kide bakarreko organoa da; Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendariaren menpe dago, eta zuzendaritza horri atxikitzen zaio.

Dekretu hau indarrean jartzean izapidetze-fasean dauden espedienteak arlo horretan eskumena duten organoek izapidetu eta ebatziko dituzte.

Honako hauek indargabetuta geratzen dira: 193/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena, hezkuntza-arloei aplikatu beharrekoan, bai eta dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren bestelako erregelamenduzko xedapenak ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Gaitzea.

Baimena ematen zaio Hezkuntzako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Arau-erreferentziak.

  1. Hezkuntza-gaietako indarreko araudiak aipamenak eginez gero iraungitako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, horiek Hezkuntza Sailari egindakotzat hartuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan sail honi esleitutako egitekoei eta jardun-arloei eta dekretu honetan sailari ematen zaizkion eskumenei dagokienez.

  2. Indarreko arau edo xedapenetan Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  3. Indarreko arau edo xedapenetan Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  4. Indarreko arau edo xedapenetan Ikastetxeen Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  5. Indarreko arau edo xedapenetan, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko erreferentziak eginez gero, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari edo Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira, gaiaren arabera.

  6. Indarreko arau edo xedapenetan Unibertsitate Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  7. Indarreko arau edo xedapenetan Zientzia Politikarako Zuzendaritzari edo horren titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Ikerketa Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea sortzeko Dekretua aldatzea.

    Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea sortzeko otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuaren 5. artikulua honela geratuko da:

    AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntzako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.