Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

140/2016 DEKRETUA, urriaren 4koa, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak onartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 192
  • Hurrenkera-zk.: 4251
  • Xedapen-zk.: 140
  • Xedapen-data: 2016/10/04
  • Argitaratze-data: 2016/10/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean bertan sortu zen Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea. Hain zuzen ere, lehenengo xedapen gehigarrian xedatzen da batzorde hori sortzea. Kontsulta-organo gisa sortzen da, Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena sustatzeko eta arlo horretan Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari aholkularitza eskaintzeko xedez, baita arlo horretan lege-berrikuntzak eta aldaketak proposatzeko ere.

Azken xedapenean ezarritako vacatio legis epea agortuta, 2015eko urriaren 3an indarrean sartu zen legea. Beraz, aipatutako xedapen gehigarri horren bigarren zenbakian adierazten den bezala, Jaurlaritzak Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen estatutuak egin eta onartu behar ditu, dekretu bidez, legearen agindua erregelamendu bidez garatuz.

Horrela, bada, dekretu hau, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legea bera bezala, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.5 artikuluan ezarritako eskumenean oinarritzen da; izan ere, artikulu horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetako foru-zuzenbide zibil eta berezia, dela idatzia ala ohiturazkoa, gorde, aldatu nahiz garatzea, eta indarra zein lurraldetan izango duen finkatzea. Eskumen-titulu horrekin batera, eta horren gainetik, Administrazioak bere burua garatzeko daukan ahala aktibatzen du proiektu honek, zeina 10.2 artikuluan islatzen den. Artikulu horren arabera, Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da bere «autogobernatzeko erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamendua, betiere estatutu honen arauen barruan».

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin, lehendakariak aldez aurretik onarturik, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko urriaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak onartzen dira. Estatutuen testua dekretu honen eranskinean jaso da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Batzordeak zer atxikipen organiko izango duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean.

  1. Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2. artikuluaren 2. zenbakiari k) letra eransten zaio. Honela geldituko da idatzita:

    1. Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bidez sortua.

  2. Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 11. artikuluari 6. zenbakia eransten zaio. Honela geldituko da idatzita:

    1. Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen erregelamendu bidezko garapenean ezarritako moduan, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikiko zaio Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Indarrean sartzea.

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko dira indarrean dekretu hau eta Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak.

    Vitoria-Gasteizen, 2016ko urriaren 4an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

    JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea kide anitzeko aholku-organoa da, eta haren xedea da Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena sustatzea. Horretarako, honako hauek egingo ditu: ikertu, ebaluatu, proposamenak eztabaidatu eta aholkularitza eman Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari, baita arlo horretan lege-berrikuntzak eta aldaketak proposatu ere.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Zuzenbide Zibilaren arloan eskumena duen sailera atxikita dago Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea, sail horren egitura organikoari buruz indarrean dauden arauekin bat etorriz.

  2. Batzordeak, atxikita dagoen sailari berariaz eskatu ondoren, beste sail batzuen eskumenekoak diren araugintzako proiektuetan edo arloetan, goian aipatutako ikerketa, ebaluazio, proposamenen eztabaida eta aholkularitza zeregin horiek ere bete ahal izango ditu, baldin eta Zuzenbide Zibilarekin lotuta badaude edo zeharka zerikusirik badute, edo sail ezberdinek ekimena batera tramitatu behar badute.

  3. Batzordeak estatutu hauek bete beharko ditu, eta, ordezko moduan, administrazio publikoen prozedurari eta araubide juridikoari buruzko legeriak kide anitzeko organoen funtzionamenduarekin lotuta xedatzen duena.

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen egoitza Gasteizen dago.

  1. Eusko Jaurlaritzak lankidetza-tresnak formalizatzea bultzatu eta sustatuko du Batzordearen antzeko izaera duten Zuzenbide Zibilean espezializatutako edo kodetzearen arloko beste aholku-organo batzuekin, Espainian zein Europan edo nazioartean. Xedea izango da esperientzien trukea bultzatzea, elkarren jardunbide egokiak ezagutzea eta tresna praktiko edo informatikoak garatzea, edo interes komuneko gaietan beste lankidetza-arlo batzuk garatzea.

  2. Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak harremana izango du Zuzenbidearen arloko ikasketa, informazio eta ikerketa institutu eta zentroekin, baldin eta interesgarritzat jotzen badu bere xedeak betetzeko.

  3. Gizarte zibilak eta, bereziki, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzorde honen alorrekoak diren gaiekin lotutako lege- eta erregelamendu-ekimenak sustatzen dituzten batzordeek, bai eta Zuzenbide Zibilaren arloan interesa duten herritarren elkarteek, elkarte profesionalek edo elkarte enpresarialek ere, Batzordearen lanetan parte hartu ahal izango dute, Estatutu hauek eta Batzordeak berak ezarritako eran.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak emandako misioarekin bat etorrita, honako eginkizun hauek izango ditu Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak:

  1. Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena sustatzea, batez ere lege-erreformak egiteko beharrizanari buruzko irizpenak emanez, erreforma horien helburua denean bai indarrean dauden xedapenak kontsolidatzea, harmonizatzea eta sinplifikatzea, edo bai euskal legeria unean-uneko errealitate sozialera egokitzea, erakunde berriak arautzeko egokitasunari buruzko azterketak egitea barne, hala badagokio.

  2. Indarrean dagoen zuzenbidea berrikusi, ikertu eta aztertzea, barruan hartuta, idatzizko arauez gain, ohiturazko zuzenbidea eta Euskal Zuzenbide Zibilaren jatorrian dauden printzipio orokorretatik datorrena jakinaraztea eta hedatzea, zuzenbide horren aplikazioa errazteko xedez eta aurreko letran aipatzen den garapenaren euskarri izan beharko diren oinarriak eta konexio-puntuak ezartzeko xedez.

  3. Zaintzako eta alerta goiztiarreko lanak egitea, Euskal Zuzenbide Zibilaren legegintza garapenak eta aplikazioak izango duten Estatuko eta Europako arau-esparruaren alorrean, baita Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak eska dezaketen aholkularitza ematea ere, batez ere erakunde horiei Estatutik edo Europatik legegintza- edo araugintza-prozeduren tramitazioa dela-eta kontsultak egiten dizkietenean.

  4. Eskatzen dizkioten lege-aurreproiektuen eta xedapen-proiektuen zuzentasun teknikoa eta hizkera juridikoaren eta estiloaren argitasuna sustatzea, hizkera inklusiboaren erabilera barne, eta, era berean, Batzordetik ateratzen diren testuetan aplikatzea indarrean diren legegintzako teknikaren zuzentarauak eta egin beharreko lege-proiektu, dekretu, agindu eta ebazpenak egitekoenak. Era berean, euskararen erabilera sustatuko da Euskal Zuzenbide Zibilaren adierazpen hizkuntza legez eta bere terminología juridikoaren azterketa, bultzada eta zabalkundea, Euskaltzaindia, Eusko Legebiltzarra, Herri Arduralatitzaren Euskal Erakundea eta bere kasuan egiteko honetrarako egoki irizten diren beste gizarte eragileekin elkarlanean.

  5. Europan eta Estatuan oro har onartzen diren erregulazio onaren printzipioak, eta bai administrazio-prozedurako oinarrizko legeriak zein euskal sektore publikoaren gobernantza onak eskatzen dituenak, bermatzea, eta, era berean, kontuan hartzea edo sustatzea indarrean dauden arauen emaitzen ebaluazioak eta, eskatzekoak direnean, egiten dituen araugintza-proposamenen inpaktuaren aurretiazko ebaluazioa.

  6. Zuzenbide Zibilaren alorrean eskumena duen saileko titularrari aholkularitza ematea, eta, hala badagokio, Administrazio Orokorraren gainerako sailei eta, era berean, baita Batzordearekin harremana izateko ardura daukan Legebiltzarreko organoari ere, eskatzen duten guztietan.

  7. Artikulu honetan ezarritakoez gain edo haien osagarri gisa, Zuzenbide Zibilaren alorrean eskumena duen saileko titularrak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak honako organo hauek izango ditu:

  1. Lehendakaritza.

  2. Osoko Bilkura.

  3. Idazkaritza Nagusia.

Zuzenbide Zibilaren arloan eskumena duen saileko titularra izango da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko lehendakaria, eta, lehendakari gisa, honako eginkizunak izango ditu:

  1. Batzordeko ordezkari izatea.

  2. Batzordearen osoko bilkuraren bileretan buru izatea, eta, Komite Teknikoaren bileretara joaten bada, haietan ere buru izatea.

  3. Bera dagoen bileretan sortzen diren berdinketak bere botoaren bidez ebaztea.

  4. Osoko Bilkuraren bileretarako deialdiak egitea.

  5. Batzordekideak izendatzea.

  6. Batzordearen urteko jarduera-plana onartzea, plan hori osoko bilkuran eztabaidatu ondoren.

  7. Batzorde Teknikoari arau-proposamenak, irizpenak edo txostenak egin ditzan eskatzea, bere ekimenez edo Batzordeko bokalek aurkeztutako mozioetan oinarrituta, eta Legebiltzarretik hartzen diren eskaera guztiak kontuan hartuta betiere.

  8. Batzordeari planteatutako gaien gaineko erantzuna Legebiltzarrera edo, hala dagokionean, aurreproiektuaren tramitazioa edo txostenaren edo irizpenaren berri izatea dagokion Administrazio Orokorreko zuzendaritzara edo sailera bidal dadin agintzea, eta, hala dagokionean, Batzordeak egindako proposamenak, azterketak edo txostenak argitara daitezen agintzea.

  9. Hala dagokionean, bere sailaren eskumenekoak diren araugintza-aurreproiektu eta -proposamenei dagokien tramitazioa agintzea.

  10. Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen jardunari buruzko urteroko txostena igortzea Eusko Legebiltzarrari, honen ezagutza hutserako.

  1. Batzordearen osoko bilkuran, Batzordeko lehendakariaz eta idazkaritza nagusiko eginkizunen ardura duten karguez gain, honako erakunde edo organoek kasuan-kasuan bokal izateko izendatzen dituztenak ere egongo dira:

    1. Zuzenbide Zibilaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko hiru goren-kargu edo goi-kargudun.

    2. Eusko Legebiltzarrak izendatutako ospe handiko hiru legelari.

    3. Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek izendatutako ospe handiko legelari bana; hiru, guztira.

    4. Emakunde ordezkatzeko bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Europako gaien gainean, ekonomia sozialare gainean eta familia-politikaren gainean eskumena duten organoek izendatutako bana; lau, guztira.

    5. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko abokatuen elkargoek izendatutako bana; hiru, guztira.

    6. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko prokuradoreen elkargoek izendatutako bana; hiru, guztira.

    7. Euskal Herriko Notarioen Elkargoak izendatutako hiru pertsona, haien jatorriari dagokionez lurraldeen arteko oreka egokia aditzeko beharrarekin.

    8. Erregistratzaileen Elkargoaren Euskal Autonomia Erkidegorako organizazioak izendatutako hiru pertsona, haien jatorriari dagokionez lurraldeen arteko oreka egokia aditzeko beharrarekin.

    9. Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak izendatutako bana; hiru, guztira.

    10. Zuzenbidearen Euskal Akademiak izendatutako bat.

  2. Era berean, osoko bilkurako kide izan ahalko dira:

    1. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenen artean izendatutako magistratu bat, Botere Judizialaren gobernu-organoak izendapen hori egitea eta eginkizun horretarako baimentzea erabakiko balu betiere.

    2. Estatuko Fiskal Orokorrak, Kontseilu Fiskalaren txostena ikusita eta Euskadiko Fiskal Nagusia entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenen artean izendatutako Ministaritza Fiskaleko kide bat izendapen hori egitea eta, Fiskal Orokorrak, aipatu izapidetzeak tarteko, eginkizun horretarako baimentzea erabakiko balu betiere.

  3. Karguagatik izendatu direnek kargua uztean utziko diote kide izateari.

  4. Kideek osoko bilkuran parte hartu ahal izango dute edo beren kabuz edo, ordezkari edo ordezko gisa, eskuordetutako pertsonaren bidez. Eskuordetzen den kasuetan, eskuordetutako horrek ezin izango du beste inor eskuordetu.

  5. Osoko bilkurako erabakiak bileran daudenen botoen gehiengoz hartuko dira, eta, hala dagokionean, lehendakariaren botoak ebatziko du.

  6. Batzordearen osoko bilkurak hartutako erabakiak ez dira ezein kasutan lotesleak izango.

  7. Batzordearen osoko bilkurak urtean gutxienez ohiko bilera bat egingo du, ekitaldia irekitzeko; ezohiko bilera, berriz, lehendakariak deialdia egiten duen bakoitzean egingo da, bere kabuz edo osoko bilkurako heren batek eskatuta.

  8. Lehendakariak proposatuta eta eztabaidatu beharreko gairen batek hala eskatzen duen guztietan, osoko bilkurako bilera zehatz batzuetan adituei eta gizarte zibileko ordezkariei parte hartzeko deialdia egin ahal izango zaie; hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa ematekoa ez.

  9. Batzordearen kide izango diren pertsonak izendatzeko orduan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizon eta emakumeen arteko oreka bilatuko da.

Honako eginkizun hauek izango ditu osoko bilkurak:

  1. Euskal Zuzenbide Zibila eguneratu, aldatu eta garatzeko proiektuak sustatu eta bultzatzea.

  2. Euskal Zuzenbide Zibilaren zabalkunde eta hedapenerako azterlanak eta ekimenak sustatzea.

  3. Batzordeko lehendakariak onartu beharrekoa den Batzordearen urteko jarduera-planaren ildo nagusien berri izatea eta haien gainean eztabaidatzea.

  4. Zuzenbide Zibilean eskumena duen saileko titularrari aurkeztekoak direla jotzen diren antolamendu juridikoa aldatzeko proposamenak presta daitezen eskatzeko aurkeztu diren mozioen gainean informatzea eta eztabaidatzea, Gobernuko beste sail batzuekin batera tramitatzekoak direnak eragotzi gabe.

  5. Antolamendu juridikoaren alderdi ezberdinei buruz komenigarritzat jotzen diren azterlanak edo ebaluazioak egiteko aurkeztu diren mozioen gainean informatzea eta eztabaidatzea.

  6. Indarrean dagoen zuzenbidea sistematikoki aztertu eta berrikustea, barne hartuta, idatzizko arauez gain, ohiturazko zuzenbidea eta Euskal Zuzenbide Zibilaren jatorrian dauden printzipio orokorretatik datorrena jakinaraztea eta hedatzea, zuzenbide horren aplikazioa errazteko eta haren garapenaren euskarri izan beharko diren oinarriak eta konexio-puntuak ezartzeko xedez.

  7. Europan eta Estatuan oro har onartzen diren eta administrazio-prozedurako oinarrizko legeriak zein euskal sektore publikoaren gobernantza onaren gainekoak eskatzen dituzten erregulazio onaren printzipioak bermatzea eta, era berean, indarrean dauden arauen emaitzen ebaluazioak eta egiten dituen araugintza-proposamenen inpaktuaren aurretiazko ebaluazioak kontuan hartzea edo sustatzea.

  8. Zaintzako eta alerta goiztiarreko lanak egitea, Euskal Zuzenbide Zibilaren legegintza garapen-zeregin horrek izango duen Estatuko eta Europako arau-esparruaren alorrean, baita Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak eska dezaketen aholkularitza ematea ere, batez ere erakunde horiei Estatutik edo Europatik legegintza- edo araugintza-prozeduren tramitazioa dela-eta kontsultak egiten dizkietenean.

  9. Helburu berberak dituzten beste elkarte eta erakunde batzuekiko hitzarmen eta harremanen berri izatea.

  10. Aurrekoekin lotutako beste edozein eginkizun, Zuzenbide Zibilean eskumena duen saileko titularrak eskatzen dion guztietan.

  1. Bokalek, beren eginkizunak betetzean, objektibotasunez eta independentziaz jokatuko dute, eta honako eskubide eta ahalmenak izango dituzte:

    1. Osoko bilkuraren bileraren aurretik, eta behar besteko denborarekin, beren eginkizunak betetzeko behar dituzten agiri eta materialak edukitzea.

    2. Bileretarako deialdiak hartzea eta bileretan egotea, baita bilerako gaien gainean eztabaidatzea eta bozkatzea ere, lehendakariaren zuzendaritzapean.

    3. Mozioak aurkeztea, Batzorde Teknikoari eska dakion Zuzenbide Zibilean eskumena duen saileko titularrari aurkeztekoak direla jotzen diren antolamendu juridikoa aldatzeko proposamenak prestatu ditzan, eta, hala badagokio, Batzordeari emandako eginkizunekin lotura duten antolamendu juridikoaren alderdiei buruz komenigarritzat jotzen diren azterlanak edo ebaluazioak egin ditzan.

  2. Bokalek isilpean gorde beharko dute proposamenen, irizpenen eta txostenen egoera, harik eta dagokion araua onartzen den arte eta, tramitatzen ez badira, Batzordeko lehendakariak kontrakorik adierazi arte. Betebehar hori lanen egoerari eta bileretan izandako eztabaidei, iritziei eta botoei dagokienez ere bete behar da.

  1. Batzordeko lehendakariaren menpean Idazkari nagusi bat egongo da. Honen egitekoak izango dira koordinazioa eta laguntza ematea Batzordearen lanetan, baita beharrezkotzat jotzen diren zerbitzu administratiboak betetzea ere. Zerbitzu hauek, zuzenbide zibilaren arloan eskumena duen sailari atxikita dauden langileek beteko dituzte.

  2. Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko idazkari nagusiaren kargua Zuzenbide Zibilaren arloan lege-garapenari dagokion eskumena esleituta duen organoaren titularrak beteko du.

  3. Batzordearen Idazkaritza Nagusiari honako hauek dagozkio:

    1. Batzordeko lehendakariak proposamenei, irizpenenei edo txostenei buruz ematen dituen aginduak, jarraibideak eta betekizunak bideratzea.

    2. Batzordearen kanpo- eta erakundeharremanak koordinatzea.

    3. Batzordearen eginkizunetan lagunduko duten eta elkarlanean arituko diren langileek beraien lana egoki betetzen dutela zaintzea.

    4. Osoko bilkuran eztabaidatzeko eta Lehendakaritzak agindutakoari jarraituz, Lehendakaritzak osoko bilkuran eztabaidatu ondoren onartu behar dituen Batzordearen jarduera planaren eta urteko ekintzen proposamenak prestatzea eta, halaber, horiek gauzatze aldera dagozkion jarduerak betetzea.

    5. Osoko bilkuraren eta Batzorde Teknikoaren bileretarako deialdiak bideratzea.

    6. Osoko bilkuraren eta Batzorde Teknikoaren saioak prestatzea, baita horien aktak idatzi eta berak berez baimentzea ere.

    7. Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearekin zerikusirik duten ziurtagiriak, eragin guztietarako, eman eta baimentzea.

    8. Geroago izapidetuko diren proposamen guztiak formalizatzea, horiek behar beste dokumentatuta.

    9. Idazkaritzak antolamendu egokia izan dezan beharrezkoak diren erregistro-liburuak eramaten direla zaintzea eta baita horiek gordetzea ere.

    10. Batzordearen Artxiboa antolatu eta ezin hobe funtzionatzen duela zaintzea, Batzordean aztertu izan den gai bakoitzarekin lotutako aurrekari eta datu guztien zaintza ordenatua bermatzeari arreta berrezia ipiniz. Horrez gain, Euskadiko Zuzenbide Pribatuari buruzko funts dokumentala eta bibliografikoaren sorrera izango du bere zaintzapean.

    11. Gastuen aurreikuspena egitea.

  1. Batzordearen idazkari nagusiaren zuzendaritzapean, Batzorde Teknikoa eratuko da. Batzorde tekniko horrek etengabe beteko du bere lana, edo Batzordearentzako txosten edo lan zehatz bat prestatzeko berariaz lan egingo du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzu juridiko zentraletako edo sailetako aholkularitza juridikoetako legelariek osatuko dute Batzorde Teknikoa.

    Era berean, inolako ordainik gabe eta Batzorde Teknikoarekin koordinatuta, osoko bilkuraren bokalak izendatzen dituzten erakundeek proposatutako ospe handiko juristek ere lagundu ahal izango dute.

  2. Gai zehatz batzuetarako berariazko gaitasuna duten beste pertsona batzuen laguntza behar dela irizten denean, Zuzenbide Zibilaren arloan eskumena duen saileko titularrak izendatu ahal izango ditu pertsona horiek, Batzordeari atxikitako laguntzaile gisa, batzorde txostengile edo lantalde batean sartuta. Izendapena egitean zehaztuko den eta behar den beste denbora egongo dira laguntza ematen, eta, gainera, ezin izango dute inolaz ere ordainik jaso.

Honako eginkizun hauek izango ditu Batzorde Teknikoak:

  1. Araugintza-testuen aurreproiektuak eta proposamenak prestatu eta idaztea.

  2. Euskal Zuzenbide Zibilaren arauen aurrekariak aztertzea, oraingoak edo historikoak, baldin eta horrek zuzenbide horren aplikazioari buruzko irizpenak emateko balio badu edo zuzenbide hori kontserbatzeko, mantentzeko eta garatzeko balio badu.

  3. Arauen gaineko ebaluazioak egitea, besteren artean praktika zibil eta judizialaren eraginaren eta errealitatearen gaineko datu estatistikoak bilduz, Euskal Estatistika Erakundera eta antzeko erakundeen laguntzarekin, bai eta notarioen estatistiken eta estatistiketarako eta analisiak egiteko Justizia Administrazioak eta Botere Judizialak dituen tresna eta baliabideen laguntzarekin.

  4. Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena sustatzeko behar diren beste azterlan batzuk egitea, batez ere lege-erreformak egiteko beharrizanari buruzko irizpenak emanez, erreforma horien helburua denean bai indarrean dauden xedapenak kontsolidatzea, harmonizatzea eta sinplifikatzea, edo bai euskal legeria unean-uneko errealitate sozialera egokitzea eta, hala badagokio, erakunde berriak arautzeko egokitasunari buruzko azterketak eginez.

  5. Osoko bilkurari egotzitako beste zereginetan laguntzea, hura bilduta ez dagoen bitartean.

  6. Euskal Zuzenbide Zibilaren alorrean eskumena duen saileko titularrari edo Batzordearekin harremanak izateko ardura duen Legebiltzarreko organoari aholkularitza ematea, eskatzen duten guztietan eta Batzordeko lehendakariaren bitartez.