Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

82/2016 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 2439
  • Xedapen-zk.: 82
  • Xedapen-data: 2016/05/31
  • Argitaratze-data: 2016/06/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Enplegurako Lanbide Heziketa da laneko antolamendu juridikoan tradiziorik handiena duen politika publikoetako bat. Gainera, pertsonen bizialdi osoko ikaskuntzaren funtsezko oinarrietako bat ere bada.

Enplegurako Lanbide Heziketako ekintzak langileentzako zerbitzu nagusietako bat dira, enplegagarritasuna hobetzen laguntzen baitiete. Ekintza horien bidez, lanbide jakin bat gauzatzeko beharrezkoak diren konpetentzia profesionalak eskura daitezke, garrantzi berezia emanda esparru jakin baten gaineko ezagutzari eta sektore eta ekintza ekonomiko guztietan aplika daitezkeen zeharkako konpetentziak bereganatzeari. Gauzak horrela, Enplegurako Lanbide Heziketa, oro har, tresna egokiena da enplegu-arloko politika aktiboetan. Prestakuntza-ekintzak orokorrean eta modu bateratuan hartzen dira, honako hauek barne hartuta: orientazio- eta aholkularitza-lanak, prestakuntza-ibilbide teoriko eta praktiko pertsonalizatuak eta lan-esperientziarako aukerak praktiken bidez eta enpleguaren bidez.

Europar Batasunaren esparruan, funtsezko zutabetzat jotzen da bizialdi osoan egiten den etengabeko ikaskuntza, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren enplegu-estrategian. Helburua da globalizazio ekonomikoaren ondorioz izandako aldaketa ekonomiko eta sozialei erantzuna ematea, enplegua sendotuz eta erreforma ekonomikoari eta gizarte-kohesioari bide emanez.

Izan ere, lehia globalak, aldaketa demografikoek, aurrerapen teknologikoek eta enplegu-joeren aldaketa indibidual eta kolektiboek inpaktu esanguratsua dute lan-merkatuetan eta ezagutza, trebetasun eta konpetentzia berrietan.

Urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enpleguaren Legeko testu bateginaren 40. artikuluak lan-arloko Enplegurako Lanbide Heziketaren sistemaren lege-esparrua ezartzen du. Han adierazten denez, Enplegurako Lanbide Heziketaren ekimen eta ekintzen helburua da konpetentzia profesionalak eta lanbide-kualifikazioak etengabe eskuratzea, hobetzea eta eguneratzea. Ekimen horiek lagungarri izan behar dute biztanle aktiboen bizialdi osoko prestakuntzari modu erabakigarrian bide emateko. Horretarako, pertsonen, enpresen, lurraldeen eta produktibitate-sektoreen beharrizanak hartuko dituzte kontuan.

34/2008 Errege Dekretuak, urtarrilaren 18koak, Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen ditu, zeinak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren lanbide-kualifikazioak ofizialki egiaztatzeko tresna gisa definituta baitaude lan-arloko administrazioaren eremuan.

30/2015 Legeak, irailaren 9koak, Lan-eremuan Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema arautzen duenak, Enplegurako Lanbide Heziketaren araudi-esparru berria ezarri du. Lege horren bidez egiten den erreformak lau helburu estrategiko ezartzen ditu zioen azalpenean: langile landunek eta langabeek prestakuntza jasotzeko duten eskubidea gauzatzen dela bermatzea, bereziki, egoera ahulenean daudenei dagokienez; prestakuntzak egiazki enpresen lehiakortasunean modu eraginkorrean laguntzea; negoziaketa kolektiboa sendotzea, prestakuntza-eskaintza produkzio-sistemaren eskakizunetara egokitzeko, eta baliabide publikoen kudeaketa eraginkor eta gardena.

Lege horren hamabigarren xedapen gehigarrian, Euskal Autonomia Erkidegoak arlo horretan duen berariazkotasuna aitortzen da, hots, honako hauetan xedatutakoaren ondoriozko berariazkotasuna: Autonomia Estatutuan; azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez onartutako Akordioan (Batzorde Mistoaren akordioa, autonomia erkidego honi lanaren, enpleguaren eta Enplegurako Lanbide Heziketaren arloko funtzioak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa), eta Kontzertu Ekonomikoan (maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartu zen). Bada, hamabigarren xedapen gehigarrian ezartzen denari jarraituz, aipatutako araudi-esparru horretan ezarritakoaren arabera aplikatuko da irailaren 9ko 30/2015 Legea autonomia erkidego honetan.

Autonomia Estatutuak 12. artikuluan jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoak lan-arloko legeriaren exekuzioarekin lotuta duen eskumena, zehazki, langileen kualifikazioa sustatzeari eta horien erabateko prestakuntzari dagokienez.

EAEko Enplegurako Lanbide Heziketak ibilbide luzea eta nabarmena dauka. EAEko administrazioak inbertsio-ahalegin handia egin du bai langabetuen kualifikazioa hobetzeko lerroetan, bai landunen konpetentziak hobetzekoetan. Izan ere, esparru honetan inplikatutako eragile guztiek jakin badakite sistema hau garrantzizkoa dela langileen konpetentzia profesionalak etengabe hobetzeko eta lan-merkatuan txertatzeko.

Enplegurako politika aktiboen transferentzia Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duen azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez egin da. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta Enplegurako Lanbide Heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Eskumen horiek bere gain hartuta sortu zen Euskal Enplegu Zerbitzua. 2011ko urtarrilaren 1ean eskubide pribatuko erakunde publiko gisa hasi zuen ibilbidea, eta, gaur egun, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legean araututa dago, Eusko Jaurlaritzako erakunde autonomoaren izaera juridikoa duela (enplegu-arloko eskumena duen sailari atxikia). Erakunde autonomo hori Eusko Jaurlaritzako enplegu-politikaren organo kudeatzailea da, eta berariaz enpleguaren eta lanbide-kualifikazioaren eskumenak gauzatzea du helburu; zehazki, enplegurako prestakuntza eta lanbide-arloko orientazioa eta informazioa ematea.

2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Enplegurako Lanbide Heziketako ekintzak eta programak gauzatzen ditu langabeei eta landunei zuzendutako hainbat deialdiren bidez.

Aurreko esperientzietan oinarrituta, eta arau- eta eskumen-errealitate berrira egokitzeko antolamendu-formula gisa, dekretu honen bidez erakunde-egitura bakar batean integratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketa osoaren kudeaketa eta programazioa. Horretarako, hiruko organoetan garatutako lankidetza-esperientzia bikaina baliatuko da; izan ere, halako organoetan egiaztatuta geratu da gizarte-eragileek, enpresa-erakundeek eta sindikatu nagusiek ezagutza handia dutela eta ekoizpen-sarean sendo finkatuta daudela; bi alderdi horiek berebiziko garrantzia dute Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistemak ondo funtzionatu dezan, eta kontuan hartu behar da sistema horren esparrua erabakigarria dela enplegurako politika aktiboen helburu nagusiak erdiesteko, hau da, sistema horren hartzaileen enplegagarritasuna eta enplegua eta enpresen lehiakortasuna hobetzea.

Dekretu honek aurreko esperientzia guztiak jasotzen ditu, eta, indarrean dagoen egungo araudiaren esparruan, Enplegurako Lanbide Heziketaren kudeaketa-eredu berria sortzen du EAEren eremuan.

Eredu berri horrek sistema bakar batean sartzen ditu gure lurraldean gauzatzen diren Enplegurako Lanbide Heziketaren ekintza guztiak. Helburua da langileei (landunei zein langabeei) lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanen araberako prestakuntza ematea, betiere enpresen lehiakortasunaren eskakizunak aintzat hartuta. Era berean, prestakuntza horrek bermatu beharko du pertsona guztiek aukera dutela sustapen profesionalerako eta garapen pertsonalerako nahiak asetzeko.

Hala, dekretu hau lagungarria izango da giza kapitalaren prestakuntzan, lehiakortasunaren giltzarri den aldetik, bai eta ekonomia iraunkor eta enplegu-sortzailea garatzen ere, betiere kalitate-, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideetan oinarritutako Enplegurako Lanbide Heziketaren antolamenduaren bidez, gizarte-eragileek sistemaren gobernantzan parte hartuz eta prestakuntza-erakundeekin lankidetzan.

Dekretu honek dakartzan berritasunen artean, nabarmentzekoa da prestakuntza-plangintza eta -programazio egonkorra bilatzea, hautemandako beharrizanei eta lan-merkatuan sartzeko aukerak sortzen dituen esparruaren garapenari erantzun integrala emateko xedez. Esparru hori behar bezala integratu beharko da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean jasotako Lanbide Heziketaren Euskal Sisteman.

Horrenbestez, adierazitako guztiaren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko maiatzaren 31an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa antolatzea da dekretu honen xedea. Horretarako, honako hauek guztiak ezarriko dira: xedeak eta printzipioak; plangintzaren, programazioaren, kudeaketaren eta prestakuntza emateko faseak; egiturazko elementuak; barne hartzen dituen ekimenak, eta prestakuntza-jardueraren ebaluazioari, segimenduari eta kontrolari buruzko alderdiak.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat da, enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

  2. Honako hauek dira Enplegurako Lanbide Heziketaren helburuak:

    1. Langabezian eta lanean dauden langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea. Horretarako, euren lanbide-kualifikazioa eta garapen pertsonala hobetuko duten prestakuntza-ibilbide bateratzaileak bultzatuko dira.

    2. Langileei lan-merkatuan eskatutako konpetentzia profesionalekin eta enpresen beharrizanekin bat datozen ezagutzak eta praktikak ematea, eta prestakuntzarako aukerak berdintasun-baldintzetan ziurtatzea.

    3. Langileen enplegagarritasuna hobetzea, bereziki laneratzeko eta enpleguari eusteko zailtasun handiak dituztenen kasuan.

    4. Enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

    5. Langileek eskuratutako konpetentzia profesionalen aitortza bultzatzea, hala prestakuntza-prozesuen bidez (formalak eta ez formalak) nola lan-esperientziaren bidez, eta estatu-mailako eta Europako aitorpenaren bidez.

    6. Kalitateko enplegua lortzen laguntzea.

    7. Lanbideari buruzko informazio- eta orientazio-prozesuak sustatzea, hain zuzen ere bizialdi osoko ikaskuntza erraztuko duten erabaki pertsonalak hartzen laguntzeko.

  3. Enplegurako Lanbide Heziketa printzipio hauetan oinarritzen da:

    1. Gardentasuna, kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia.

    2. Negoziaketa kolektiboa eta elkarrizketa soziala lan-eremuan Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema garatzeko tresna gisa, bai eta gizarte-agenteek sistemaren gobernu-organoetan duten partaidetza ere, batez ere prestakuntza-eskaintzaren diseinuari, plangintzari, kontrolari, jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez, bereziki, langile landunei zuzendutakoa.

    3. Langileek eskubidea izatea Enplegurako Lanbide Heziketa jasotzeko, eskubide hori doakoa izatea, aukera-berdintasunean oinarritua, edozein izanik ere adina, generoa, egoera pertsonala edo lan-arlokoa, eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzea horretarako beharrezkoak diren ekintza positiboen bidez.

    4. Ekoizpen-ereduaren eskakizun eta aldaketetara aurreratzea, eta prestakuntza-eskaintza azkar eta malgutasunez egokitzea Euskadin aldatzen ari diren beharrizanetara, bai eta enpresen beharrizan zehatzetara ere.

    5. Plangintza estrategikoari bide emango dion eta prestakuntza-baliabideetan inbertsioak egitea sustatuko duen egonkortasuna, segurtasuna eta ziurtasuna.

    6. Prestakuntzaren eragina eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa neurtzea informazio-sistemak sendotuz, jarraipena eta kontrola eginez eta prestakuntza-prozesuko etapa guztietan etengabeko ebaluazioa eginez.

    7. Informazio- eta komunikazio-teknologia berriak prestakuntza-prozesuetan erabiltzea sustatzea.

    8. Arreta berezia ematea lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiena duten kolektiboei.

    9. Administrazio publikoak, nor bere eskumenen eremuan, lankidetzan eta koordinazioan aritzea (bereziki, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailarekin), Enplegurako Lanbide Heziketa nahiz konpetentzia profesionalak egiaztatzeko prozesuak bultzatzeko eta zabaltzeko, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzaren bide formal eta informalen bidez. Halaber, lankidetza bultzatuko da administrazioaren eta enplegurako prestakuntzaren kudeaketan parte hartzen duten erakundeen artean.

    10. Langileek eskubidea izatea Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzeko Enplegurako Lanbide Heziketa.

Dekretu honen eta berau garatuko duen araudiaren ondorioetarako, kontuan hartu beharreko definizioak emango ditugu:

  1. Prestakuntza-ekintza: konpetentzia profesionalak eta lanbide-kualifikazioak lortzera eta/edo hobetzera zuzendutako ekintza. Hainbat prestakuntza-modulutan egituratu ahal izango da, berariazko helburuekin, edukiekin eta iraupenarekin.

  2. Prestakuntza-erakundea: erakunde publiko edo pribatua, berak bere kabuz, bere bitarteko edo instalazioen bidez edo inoren bitarteko edo instalazioen bidez, Enplegurako Lanbide Heziketako sistemako prestakuntza eman dezakeena.

  3. Erakunde egiaztatua: profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza ematen duten prestakuntza-erakundeak. Ziurtagiri bakoitzaren araudi zehatzetan ezarritako arauak bete beharko dituzte erakundeok, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketako Erakundeen Erregistroa (dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitakoa) erregulatzen duen araudian ezarritako berariazko arauak ere.

  4. Inskribatutako erakundea: profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta ez dagoen prestakuntza ematen duten erakundeak; betiere espezialitatearen prestakuntza-programan ezarritako betekizunak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketako Erakundeen Erregistroa (dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitakoa) arautzen duen araudian ezarritako berariazko arauak bete behar dituzte.

  5. Profesionaltasun-ziurtagiria: lanbide-kualifikazioak egiaztatzeko tresna ofiziala da, lan-administrazioaren esparrukoa. Enplegurako esanguratsua den lan-jarduera batean aritzeko gaitasuna egiaztatzen du, eta hori eskuratzeko prestakuntza egokia jaso dela ziurtatzen du, Enplegurako Lanbide Heziketako Sistemaren barruan.

  6. Prestakuntza-espezialitatea: eduki, konpetentzia profesional eta espezifikazio teknikoen multzoa, produkzio-prozesuaren fase batean txertatutako eta antzeko funtzioak dituzten lan-jarduera batzuei erantzuten diena. Prestakuntza-espezialitatea erreferentea izango da Enplegurako Lanbide Heziketaren sistemaren esparruan ekintzak programatzeko. Prestakuntza-espezialitateak profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta egon daitezke, edo ez.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa: Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren enplegurako prestakuntza-planak eta prestakuntza-ekintzak antolatzeko oinarri gisa balioko duen prestakuntza-espezialitateen katalogoa.

  8. Prestakuntza-ekimenak: Enplegurako Lanbide Heziketa atal ezberdinetan banatzen duten prestakuntza-programen multzoa.

  9. Prestakuntza-ibilbidea: lanbide-kualifikazioa aztertzea edo langabeen nahiz landunen enplegagarritasuna hobetzea ahalbidetzen duten prestakuntza-ekintza kateatuen multzoa.

  10. Prestakuntza-modulua: prestakuntzaren bloke koherentea. Prestakuntza-espezialitate ezberdinetan banatzen da, eta profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, dagokion ziurtagiriaren bidez egiaztatutako kualifikazioa osatzen duten gaitasun-unitate guztiekin lotuta dago.

  11. Prestakuntza-plana: prestakuntza-ekintzen multzo koherente eta ordenatua, denbora-tarte jakin batean zehaztua, eta prestakuntza-helburuak lortzera bideratua.

  12. Berariazko programa: prestakuntza-arloan kolektibo, lurralde, sektore edo helburu jakin bati zuzendutako ekintzen multzoa.

  1. Laneratzeko eta gizarteratzeko proiektuak: arreta integralaren proiektu baten bidez langileak gizarteratzea eta laneratzea xede duten ekimenak dira. Proiektu horrek beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin hainbat esku-hartze mota batu edo koordinatuko ditu, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna errotik hobetu ahal izateko.

  2. Gaitasunen Erregistroa: prestakuntza-prozesu formalen eta ez formalen bidez eta lanbide-esperientzia egiaztatzearen bidez langileek eskuratutako gaitasun guztiei alta ematen dien erregistroa.

  3. Gaitasun-unitatea: konpetentzia profesionalen gutxieneko multzoa, enplegurako garrantzitsua dena eta partzialki aitortu eta egiazta daitekeena (Egiaztapen Partzial Metagarria). Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko gutxieneko unitate egiaztagarria osatzen du. Gaitasuna dagokion prestakuntza gainditzearen bidez edo egiaztatze-prozesua gainditzearen bidez egiaztatzen da.

  4. Prestakuntza-unitatea: Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan bildutako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluen azpimultzoa.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketaren ekimenetan parte har dezakete hala langileek nola langabeek, bai eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten zaintzaile ez-profesionalek eta langile autonomoek eta gizarte-ekonomiakoek ere, betiere dekretu honetan eta arlo honetan aplikatzekoa den araudian nahiz dekretua garatuko duten xedapenetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

  2. Laneratzeko edo lan-merkatuan jarraitzeko zailtasun handienak dituzten langileei prestakuntzarako sarbidea bermatzeko, lehentasunezko kolektiboak identifikatu ahal izango dira hainbat prestakuntza-ekimenetan parte hartzeko. Kolektibo horiek zehaztuta jasoko dira kasuan kasuko programak artikulatzen, arautzen edo martxan jartzen dituzten xedapenetan edo ekintza administratiboetan. Horretarako, kontuan hartuko dira enplegu-politikaren estrategia planifikatzeko tresnetan unean-unean ezarritako aurreikuspenak eta Europako Gizarte Funtsaren programa operatiboetan ezarritakoak.

  1. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako ekintzek, gutxienez, ziurtagirion araudian ezarritako iraupena izango dute.

    Ziurtagiri horien egiaztapen partzial metagarriei bide emateko eta langileen prestakuntza-ikastaroak ahalbidetzeko (zeinahi delarik ere uneko lan-egoera), profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluetan edo, hala badagokio, prestakuntza-unitateetan oinarritutako ekintzak programatzea sustatuko da. Eusko Jaurlaritzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, bermatuko du prestakuntza-eskaintza askotarikoa eta nahikoa izatea, pertsonek aurretiaz adierazitako prestakuntza-ibilbideak amaitu ahal izateko.

  2. Prestakuntza-ekintzek, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez daudenean, helburuaren araberako iraupena izango dute, kolektibo hartzailearen, kasuan kasuko prestakuntza-motaren, emateko modalitatearen eta beharrezkotzat jotzen diren beste irizpide batzuen arabera, betiere errespetatuz Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan ezarritako iraupena edo aplikagarria den araudian oro har ezarritako gutxieneko iraupena.

  3. Ikasgelaren barruan egindako prestakuntza-ekintzez gainera, prestakuntza-ekintzatzat joko dira ikasgelaren testuingurutik kanpo egindako jarduerak xede dituztenak eta lanerako inguru errealetan ikaskuntza-metodologia berriekin jarduerak gauzatzen dituztenak, bai eta gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak prestakuntza-kualifikazio arruntean sartzera bideratutako oinarrizko gaitasunen ekintzak ere. Era berean, halakotzat joko dira zeharkako ekintzak, hain zuzen, langile landunen nahiz langabeen profilean curriculuma hobetzea ahalbidetuko dutenak.

  4. Ekintzak edukiekin, konpetentzia profesionalekin eta espezialitateen zehaztapen teknikoekin bat etorriz emango dira, berrikuntza pedagogikoak kontuan hartuta, bai ikaskuntza-prozesuak hobetzea ahalbidetuko duten berrikuntza pedagogikoak betiere parte-hartzaileen premietara eta gizarteratzen eta laneratzen zailtasunak dituzten kolektiboetara egokituta, bai sistema produktiboan benetako eginkizunak ezagutzen neurri handiago batean lagunduko duten berrikuntza pedagogikoak.

  5. Araudi aplikagarrian ezarritako ordutegi-mugen barruan parte hartuko dute pertsonek prestakuntza-ekintzetan.

  6. Dekretu honen ondorioetarako, ez dira prestakuntza-ekintzatzat joko prestakuntza-prozesu bat garatzea xede ez duten informazio- edo dibulgazio-ekintzak.

  1. Prestakuntza modu presentzialean eman daiteke, bai eta teleprestakuntzaren bidez edo modalitate mistoan ere.

  2. Prestakuntza presentzialtzat jotzen da, ikasgela batean, izan fisikoan edo birtualean, irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita, eta era sinkronizatuan arituz.

  3. Teleprestakuntzaren modalitatean, prestakuntza-ekintzen ikaskuntza-prozesua bitarteko telematikoen bidez egiten da, parte-hartzaileen eta adituen arteko elkarreraginari bide emanez eta beste leku batean jarritako bitartekoen bidez.

  4. Teleprestakuntza tutoreen laguntzarekin batera osatuko da, berariazko araudian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  5. Prestakuntza mistoak bi modalitate aurreikusiko ditu: aurrez aurrekoa eta teleprestakuntza.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketa ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean esleitutako kontsignazioekin bat etorriz finantzatuko da.

    Europako funtsen bidez kofinantza daiteke (batik bat, Europako Gizarte Funtsaren bidez).

    Erakunde publikoek edo pribatuek prestakuntza-ekintzak kofinantzatu ahal izango dituzte, betiere, kofinantziazio hori behar bezala bermatuta badago. Kofinantzatutako ekintzek berariaz finantzaketa publikoaren bidez emandakoen trataera berbera izango dute.

    Gizarte Segurantzak Lanbide Heziketarako ezarritako kuotaren ondoriozko funtsetatik ere finantzatzen da Enplegurako Lanbide Heziketa.

  2. Prestakuntza-ekintzak modulu ekonomikoen bidez finantzatuko dira, parte-hartzaileen eta prestakuntza-orduen kopurua kontuan hartuta.

    Dekretu hau garatuko duen araudian xedatutakoari jarraituz finantzatuko dira dekretu honen 26.2 artikuluan araututako gizarteratze- eta laneratze-proiektuen parte diren prestakuntza-ekintza osagarriak eta prestakuntza sostengatzeko ekintzak eta nazioz haraindiko mugikortasunerako ekintzak, V. kapituluan araututakoak.

Enplegurako Lanbide Heziketaren plangintza eta ebaluaziorako ildo nagusiak organo honek zehaztuko ditu: Eusko Jaurlaritzako sail eta erakundeek garatutako Lanbide Heziketaren arloko politikak koordinatzeko funtzioak esleitu zaizkion organoak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena duen organoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legean ezartzen denaren arabera.

  1. Aplikagarria den araudi orokorraren esparruan, gizarte-eragileek posizio kualifikatua dute Enplegurako Lanbide Heziketaren Sisteman, presentzia eta ezarpen nabarmena baitute ekoizpen-sarean. Hartara, sare horretan duten esperientziaren eta ezagutzaren berri ematen dute, Sistema indartzeko eta behar bezala planifikatzeko, parte-hartzearen eta lankidetza-esparruen bidez.

  2. Aurreko lerrokadan adierazitako helburuak betetzeko, prestakuntza-premiak aztertu eta hautemateko Aholku Batzordea sortzen da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aholkularitza-organo gisa, eta organo autonomo horri atxikia.

    Batzorde horretako partaide izango dira, administrazioaren ordezkariekin batera, enpresa-erakunde eta sindikatu esanguratsuenak, beren ordezkaritzaren proportzioan, Enplegurako Lanbide Heziketaren premiak hautemateko eta hura planifikatzeko, programatzeko, zabaltzeko eta ebaluatzeko.

    Enplegu-arloko eskumena duen sailaren titularrak agindu bidez garatuko du batzordearen osaera eta jardun- eta finantzaketa-erregimena.

  3. Prestakuntza-premiak aztertu eta hautemateko Aholku Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

    1. Prestakuntza-premiak aztertzea eta hautematea.

    2. Prestakuntza-programetarako orientazioa eta lehentasunak proposatzea, bereziki ETEei zuzendutakoak.

    3. Dagokion sektorean, enplegurako prestakuntzaren kudeaketa eta kalitatea hobetzeko proposamenak egitea.

    4. Prestakuntza-proposamenak egitea, sektoreen doikuntzarekin, berregituraketarekin eta garapenarekin lotuta, bereziki gainbehera datozen sektoreetako langileen birkualifikazio-premiekin lotuta.

    5. Enplegurako Lanbide Heziketaren prestakuntza-ekimenak zabaltzea, bereziki ETEen eta mikroETEen artean.

    6. Azterlanak egiteko proposamenak prestatzea.

    7. Lan-arloan, enplegurako lanbide-heziketari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

    8. Lanbide-kualifikazioak, profesionaltasun-ziurtagiriak eta prestakuntza-espezialitateak definitzen eta eguneratzen parte hartzea, kasuan kasuko organo eskudunei proposamenak eginez.

    9. Egiaztatze-premiei buruzko proposamenak egitea, lan-esperientzia eta ikaskuntza ez-formala aitortzeko prozeduraren bidez, bai eta prozedura horri amaiera ematen lagunduko duten prestakuntza-jarduerak diseinatzeko proposamenak egitea ere.

    10. Lanbide Heziketa duala sendotzea eta haren zabalkundea bultzatzea eta sustatzea, lan-arloko prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuaren bidez, nork bere jarduera-eremuan.

1. ATALA

PRESTAKUNTZA-ESPEZIALITATEAK.

  1. EAEko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa sortuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatua, eta, han, Euskal Autonomia Erkidegoan emango diren prestakuntza-espezialitateak bilduko dira. Hona hemen:

    1. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartzen diren prestakuntza-espezialitateak, barne hartuta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak eta egiaztatzekoak ez diren beste prestakuntza-espezialitate batzuk, baldin eta sistema osorako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak onartutakoak badira.

    2. Enplegurako garrantzi berezia duten prestakuntza-espezialitateak, Euskal Autonomia Erkidegoko espezifikoak.

  1. Profesionaltasun-ziurtagiriek ofizialki egiaztatuko dituzte enplegurako esanguratsua den lan-jarduera bat gauzatzeko gaikuntza ematen duten konpetentzia profesionalak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu behar du langileek eskuratutako konpetentzia profesionalak egiaztatuak izatea, izan prestakuntza-prozesuen bidez edo lan-esperientziaren bidez eskuratutakoak.

  2. Profesionaltasun-ziurtagiriak eta/edo egiaztapen partzial metagarriak lortu ahal izango dituzte honako era hauetan: eskaintzaren prestakuntza-ekimenetan eginiko prestakuntza-ekintzen bidez, enpresek antolatutako prestakuntzaren bidez, heziketa dualaren eta programa zehatzen bidez nahiz ekimen pribatuen bidez, eta lan-esperientziaren edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduren bidez.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko ekimen pribatuko enpresen edo erakunde pribatuen bidez eta finantzaketa publikorik gabe antolatutako prestakuntzak profesionaltasun-ziurtagiria edo egiaztapen partzial metagarria lortzeko eskubidea emango du, baldin eta prestakuntza sustatzen duen ikastetxeak edo erakundeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena lortu badu eta, prestakuntza gauzatzerakoan, profesionaltasun-ziurtagiriak erregulatzen dituen araudiak ezarritako prestakuntza-antolamendua betetzen badu. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintzen ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egingo du, eta horretarako beharrezkoak diren jarraibideak eman ahal izango ditu.

  4. Konpetentzia profesionalak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren gaitasun-unitateei buruzkoak dira. Horrenbestez, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzak unitate bat edo gehiago har dezake.

  5. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duen prestakuntzak prestakuntza-moduluen edukiak nahiz ziurtagiri horiek arautzen dituzten arau espezifikoek ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

  6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-ekintzekin batera, gaitasun-unitateekin lotura ez duten beste modulu batzuk eman ahal izango ditu, prestakuntza aprobetxatzeko beharrezkoa den gutxieneko prestakuntza bermatzen dutenak.

  7. Profesionaltasun-ziurtagirien praktika-modulua egitea edo salbuestea profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen araudiaren araberakoa izango da.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak du profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarrien egiaztagiriak izapidetzeko eta ebazteko eskumena, bai eta azken egiaztagiri horiek ematekoa ere, eta eskatzaileak eskatuta emango ditu, betiere ziurtagiriari dagozkion moduluak gainditu dituela frogatzen duenean edo lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuaren bitartez hala aitortzen zaionean, hala xedatzen baita Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortu eta ziurtagiri eta egiaztapen horiek erregistratzeko eta emateko prozedura ezartzen duen abenduaren 17ko 463/2013 Dekretuan.

  9. Aurreko lerrokadan aipatzen den erregistroa kudeatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak informazio hori denbora errealean eguneratzen dela bermatuko du, dagozkion ondorioetarako. Horretarako, bidezkoak diren prozedurak eta jakinarazpenak baliatuko ditu, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa zehatz-mehatz betez.

    2. ATALA.

    PRESTAKUNTZA EMATEA. PRESTAKUNTZA-ERAKUNDEEN ERREGISTROA

Euskal Autonomia Erkidegoan, Enplegurako Lanbide Heziketa eman ahal izango dute:

  1. Prestakuntza-erakundeak, publiko nahiz pribatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Enplegurako Lanbide Heziketa emateko egiaztatuta eta/edo inskribatuta daudenak. Erakunde horiek ezingo dute hirugarrenekin azpikontratatu esleitu zaien prestakuntza-ekintzaren exekuzioa. Hala, ordea, prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko.

  2. Beren langileentzat nahiz euren taldeko edo enpresa-sareko langileentzat nahiz langabezian dauden pertsonentzat prestakuntza-ekintzak gauzatzen dituzten enpresak, hala kontratatzeko konpromisoa izanik nola beste akordioren bat izanik enplegurako zerbitzu publikoarekin. Horretarako, beren bitartekoak balia ditzakete, edo, bestela, kontrataziora jo, betiere xede horretarako egokia bada.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bai Eusko Jaurlaritzak prestakuntza emateko dituen ikastetxe egokien bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetuz, bai prestakuntza emateko egiaztatuak eta/edo inskribatuak dauden erakunde edo enpresa publikoekin egindako hitzarmen edo itunen bidez; azken horiek ezingo dute hirugarrenekin azpikontratatu prestakuntza-jardueraren exekuzioa; hala ere, ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleak kontratatzea.

    Jaurlaritzaren ikastetxetzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Prestakuntzako Erakundeen Erregistroa sortu eta arautuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatua. Han, egiaztatuta eta/edo inskribatuta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan instalazioak eta baliabideak dituzten prestakuntza-erakundeek, hargatik eragotzi gabe Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak arlo horretan duen eskumena betetzea.

3. ATALA

ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETAREN DIAGNOSTIKOA ETA PLANGINTZA

Enplegurako Lanbide Heziketaren arloan egin beharreko jarduketak prestakuntza-beharrizanen diagnostiko batean oinarrituta egon beharko dute. Diagnostiko hori honako hauen ondorio izango da:

  1. Produkzio-sistemako prestakuntza-beharrizanak aztertzea eta atzematea. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren behategiek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo dute hori. Azterketa horren xedea izango da etengabe aldatzen den lan-merkatuan prestakuntza- eta birkualifikazio-beharrizanei aurrea hartzea eta erantzun eraginkorrak ematea, langileen garapen profesionalean eta pertsonalean eta enpresen lehiakortasunean ekarpena eginez. Horretarako, merkatuaren beraren hainbat aldaera aurreikusi beharko dira, bai eta sektoreko joerak eta azterlanak eta enplegu-aukera berriak ere.

  2. Langileen beharrizanak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak atzeman dituenak: bai langile bakoitzarenak, bai kolektiboenak, hots, enplegagarritasuna hobetzeko lanbide-kualifikazioa hobetu beharra daukatenenak.

  3. Beste organo, erakunde edo entitate batzuek eta, bereziki, agente sozialek beharrizanak atzemateko gauzatutako ekimenetatik ateratako informazioa. Prestakuntza-premiak aztertu eta atzemateko Aholku Batzordea baliatuko da informazioa trukatzeko eta ezagutza partekatzeko.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketaren ekimenetan egin beharreko prestakuntza-ekintzen plangintzak aurreko artikuluan deskribatutako prestakuntza-premien diagnostikoa izango du oinarri, betiere EAEn zehazten diren organo eskumendunek emandako jarraibideak aintzat hartuta.

  2. Gauzatzen diren prestakuntza-ekintzek plangintza izango dute oinarri. Hala ere, aurreikusita ez dauden premiak hau da, enpresek, sektore ekonomikoek eta langileek sortutako premiak beteko dituzten jarduketak ere programatuko dira, areago berekin ekartzen badituzte lan-kontratazioko konpromisoak. Hala egingo da, halaber, lanbide jakin batzuetan prestakuntza espezifikoa exijitzen duen araudia indarrean jartzen denean ere. Prestakuntza-programa nagusiak arautzen dituzten xedapenek behar besteko malgutasuna izango dute atzeman eta planifikatu ez diren baina beharrezkoak diren ekintzak egin ahal izateko.

    4. ATALA

    EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KONPETENTZIEN ERREGISTROA ETA LAN-ESPERIENTZIA EGIAZTATZEA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroa sortzen da. Izaera administratiboa izango du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari atxikita egongo da, erakunde horretan enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren bidez.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroaren xedea izango da Euskal Autonomia Erkidegoko langile guztien prestakuntza-curriculuma barne hartzea, prestakuntza-ibilbideak diseinatzeko tresna eraginkor bat antolatzeko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren Europako Estrategiarekin bat etorriz.

  3. Erregistro horrek langileen prestakuntzari buruzko informazioa jasoko du, hala nola izaera ofizialeko titulazioak eta hezkuntza- eta lan-arlokoak, egiaztapen partzial metagarriak bai prestakuntza-moduluak gaindituz lortutakoak bai lan-esperientziaren bidez eta prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren bidez lortutakoak, bai eta administrazioaren esparruan egindako ikaskuntza ez-egiaztagarriei buruzko informazioa ere.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroak beharrezkoak diren datuak jasoko ditu Prestakuntza Kontua kudeatzeko, Enplegurako Lanbide Heziketako informazioaren sistema integratuaren eremuan.

  1. Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako beste bide ez-formal batzuen bidez lortutako konpetentziak ebaluatu, aitortu, egiaztatu eta erregistratu egin ahal izango dira, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan araututako prozeduraren bidez.

  2. Prozedurak Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala hartuko du oinarri, eta horren bidez, konpetentzia-unitateak aitortu ahal izango dira, profesionaltasun-titulu eta -ziurtagirien lanbide- edo prestakuntza-moduluak baliozkotzeko edo horietatik salbuesteko.

  3. Eusko Jaurlaritzak bermatu egingo du lan-esperientziaren bidez edo bide formal eta ez-formalen bidez konpetentzia profesionalak egiaztatzeko prozedura gainditzen duten pertsonek egiaztatzeko moduko prestakuntza jasotzea, hain zuzen, dagokien titulua, profesionaltasun-ziurtagiria, edo, hala badagokio, egiaztapen partzial metagarria lortzeko behar dutena.

    5. ATALA

    ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETAREN INFORMAZIO-SISTEMA

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, enplegurako lanbide-heziketaren arloan, informazio-sistema bat garatuko du, honako hauek bilduko dituena: prestakuntza-jarduerei buruzko datuen multzoa; Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroaren eta Prestakuntza Kontuaren informazioa eta dekretu honen 11. eta 14. artikuluetan aurreikusitako EAEko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoaren eta EAEko Enplegurako Lanbide Heziketako Erakundeen Erregistroaren informazioa.

  2. Informazio-sistema hori Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioarekin koordinatuko da, bai eta Estatuko Enplegu Publikoaren Zerbitzuaren eta autonomia-erkidegoen artean Enplegurako Lanbide Heziketaren Sistema osorako ezarritako informazio-sistema integratuarekin ere.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak garatzen duen informazio-sistemak (Enplegurako Lanbide Heziketaren informazio-sistema) orientazio-zerbitzuari emango dizkio biltzen dituen datuak, laneratzeko ibilbide pertsonalizatua diseinatzeko (langileen premiei eta egoera errealari erantzungo dien ibilbidea).

  2. Lanbideren informazio-sistema (Enplegurako Lanbide Heziketaren informazio-sistema) bizialdi osoko orientaziorako sistema integratuarekin koordinatuko da, zeina Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeko III. kapituluan araututa baitago.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Enplegurako Lanbide Heziketari buruzko informazioa ematea errazteko tresnak eta prozedura egokiak ezarri beharko ditu, baita koordinazio-mekanismoak ere, hots, Enplegurako Lanbide Heziketaren gainean eta, bereziki, Estatuko Enplegu Publikoaren Zerbitzuak autonomia-erkidegoekin lankidetzan martxan jartzen duten informazio-sistema integratuaren gainean informazioa eta orientazioa emateko eginkizunak gauzatzen dituzten instituzio eta erakundeekin koordinatzeko mekanismoak.

  4. Enplegurako Lanbide Heziketaren informazio-sistemaren esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, horretarako ezartzen diren prozedurekin bat etorriz, irekia eta etengabekoa izango den zerbitzua eskaini behar du, pertsonei lan-eskarmentuaren bidez edo prestakuntza-bide ez formalen bidez eskuratutako lanbide-gaitasunak aitortzeko prozedurari buruzko informazioa eta orientazioa emateko, bai eta honako hauei buruzko informazioa emateko ere: nola iritsi prozedura horretara, zein eskubide eta betebehar dituzten herritarrek, zein egiaztapen ofizial lor ditzaketen eta egiaztapen horien ondorioak.

  5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aukera emango du pertsonek Konpetentzien Erregistroko datuak kontsulta ditzaten eta sarbidea izan dezaten Lanbide Heziketako sistemaren eta prestakuntza-eskaintzen informazio eguneratura, helburu izanik lortu nahi duten prestakuntza-ibilbidea osatzen duten aukera onenak bilatzeko informazioa eta orientazioa nabarmentzea.

1. ATALA

ENPRESEK PROGRAMATUTAKO PRESTAKUNTZA.

  1. Enpresek programatutako prestakuntzan, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan jarduten duten soldatapeko langileek parte hartu ahal izango dute, zehazki Administrazio Publikoen prestakuntza-akordioen aplikazio-eremuan sartuta ez dauden enpresa edo erakunde publikoetan zerbitzuak ematen dituztenek. Horien artean egongo dira epealdi batean lanik gabe dauden aldizkako langile finkoak, prestakuntza honetan parte hartu bitartean langabezian geratu diren langileak eta, arrazoi ekonomiko edo teknikoak tarteko, edo antolamendu- edo ekoizpen-arrazoiak tarteko, kontratua aldi baterako etetearen ondorioz kaltetutako langileak (enplegu-eteteetan).

    Programatutako prestakuntzan parte hartu ahal izango dute, halaber, kotizazio-erregimenean lanbide-heziketaren kontzeptuagatik kuota bat ordaintzen duten kolektiboetako langileek, hain zuzen ere prestakuntza-premiak bete ditzaten.

  2. Enpresek programatutako prestakuntza-ekintzek enpresa-jarduerarekin lotura izan behar dute. Ekintza horiek behar besteko malgutasunez egingo dira, bai edukiei dagokienez, baita horiek emateko uneari dagokionez ere, enpresaren prestakuntza-beharrizanei arin erantzuteko eta langileen konpetentziak egokitzeko aldatzen doazen eskakizunetara.

  3. Programazio hori langileen legezko ordezkariaren informaziorako eta kontsultarako eskubidea betez egingo da, eta hari eskatu beharko zaio, nahitaez, txostena. Nolanahi ere, bizkortasunez jokatuko da prestakuntza-ekintzak hastean eta garatzean.

  4. Enpresek programatutako prestakuntza hobari-sistemaren bidez finantzatuko da, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako moduan.

  5. Aurreko lerrokadan aipatutako finantzazioa osatze edo ordezte aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, aurrekontu-baliabideen arabera, laguntzak emateko deialdiak egin ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei prestakuntza-ekintza estrategikoak garatzen laguntzeko. Halakotzat hartuko dira enpresaren proiektuarekin zuzenean lotuta dauden ekintzak.

  6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enpresek programatutako prestakuntza-ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako jarduerak egingo ditu (Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietako langileen prestakuntzaren inguruan programatutako ekintzak).

    2. ATALA

    PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-eskaintzaren helburua da langileei hala landunei nola langabeei lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, eta, era berean, enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei nahiz lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei ere erantzutea. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beharrezkoak diren neurriak hartu behar ditu prestakuntza-eskaintza irekia, etengabekoa, eskuragarria, egiaztagarria eta lurraldearen, langileen eta Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen eta enpresen premia espezifikoetara egokitua izan dadin.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-eskaintzak kontuan izango ditu honako hauek: dekretu honen 15. artikuluan adierazitako beharrizanen diagnostikoa; urte anitzeko agertokia; Enplegurako Lanbide Heziketako sistemaren urteko plana, eta Lanbide Heziketaren arloko politikak koordinatzen dituen organoak emandako jarraibideak (Eusko Jaurlaritzako sail eta erakundeek garatzen dituzten politikak).

  4. Programazioak hainbat urtetarako prestakuntza-planak jaso beharko ditu. Horiek prestakuntza-eskaintzaren egonkortasuna bermatuko dute, eta merkatuaren beharrizanetara behar bezala egokitzea ahalbidetuko duen urteko zehaztapena gauzatu beharko da.

    1. AZPIATALA

    LANGABETUENTZAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA

  1. Langabetuentzako prestakuntza-eskaintzaren xedea da norbanakoaren eta produkzio-sistemaren beharrizanekin bat datorren prestakuntza ematea, lan-merkatuan eskatutako konpetentziak eskuratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Langabezian dauden langileentzako prestakuntza-ekintzen helburu nagusia da laneratzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei euren lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman behar dizkie. Profesionaltasun-ziurtagiriak dira prestakuntza-eskaintza honen oinarri nagusia. Era berean, lan-esparrura hurbiltzen laguntzen duten prestakuntza-ekintza eta -proiektu guztiak antolatuko dira, eta arreta berezia jarriko da gizarte-bazterkerian egoteko arriskua duten kolektiboetan. Era berean, kualifikazioa ematen duen prestakuntza eta zeharkako prestakuntza programatuko da, hain zuzen ere profesionaltasun-ziurtagirien katalogoan jasota ez dagoena.

  3. Langabezian eta lanean dauden pertsonen arteko partaidetzaren proportzioa dagokion unean Enplegurako Lanbide Heziketaren sistemaren ekimenerako ezarritakoa izango da. Hala, lehentasuna izango du prestakuntza-ekintzetan ezarritako sarbide-baldintzak betetzen dituzten kualifikazio-maila baxuko langabeen parte-hartzeak.

  4. Dagokion araudi-garapenen bidez ezarriko dira langabetuentzako prestakuntza-ekintzak programatzeko jarduketen tipologia eta irismena, prozedurak eta ereduak, bai eta haiek finantzatzeko moduak eta baldintzak.

  5. Prestakuntza-eskaintzak jasoko duen jarduketa-ildoetako bat kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzei dagokiena da. Ekintza horiek zuzenean eskatuko dituzte enpresek, enpresa-taldeek edo indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzetan kontratuak gauzatzeko konpromisoa duten erakundeek, eta lehentasuna izango dute prestakuntzaren programazioan.

  1. Kualifikazioa lortzeko prestakuntza-ekintzetara bertaratzen diren ikasleek, oro har, lanez kanpoko praktikak egingo dituzte enpresetan, eskuratuko konpetentziak lantoki-inguru erreal batean praktikan jartzeko. Enpresetan eginiko praktika profesionalek ez du inola ere ekarriko ikasleen eta enpresen arteko lan-harremanik.

    Prestakuntza amaitu ondoren egingo da praktika. Hala ere, prestakuntzarekin batera ere egin ahal izango da ikaskuntza-prozesurako onuragarria denean. Praktikak, gehienez ere, egunean zortzi ordukoak izango dira. Prestakuntza eta praktika aldi berean egiten bada, bi prestakuntza-prozesuen arteko ordu-kopurua ere asko jota zortzi ordukoa izango da.

  2. Praktika ekintza ematen duen ikastetxearen eta enpresaren artean eginiko akordioaren arabera hitzartuko da. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri.

    2. AZPIATALA

    LANGILE LANDUNENTZAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA

  1. Lanean dauden langileentzako prestakuntza-eskaintzaren xedea da prestakuntza bat ematea, honako hauei erantzungo diena: enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei; produkzio-sisteman dauden aldaketetara egokitzeko beharrizanei eta langileen lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako aukerei. Prestakuntza horren bidez, lanbide ezberdinetarako kualifikazioa izango dute, eta euren enplegagarritasuna hobetuko da.

  2. Prestakuntza-eskaintza honek enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak beteko ditu, eta harekin batera emango dira, modu osagarrian, prestakuntza-programen bidez. Programa horiek sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak hartuko dituzte barne.

  3. Era berean, langile landunek profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-eskaintzan parte har dezaten eta eskaintza horretarako sarbidea izan dezaten, lanbide-kualifikazio eta -aitortzako programak garatuko ditu administrazioak. Horretarako, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza jarriko du eskura, egiaztapen partzial metagarriari eta lan-esperientziaren bidez lortutako gaitasunen egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurei bide emanez.

  4. Langile landunez gain, langabezian daudenek ere parte hartu ahal izango dute artikulu honetan aurreikusitako prestakuntza-eskaintzan, unean uneko lan-merkatuaren egoerarekin bat etorriz ezartzen den mugaren arabera.

  5. Profesionaltasun-ziurtagiri baten prestakuntza osatzen duten langile landunek lanleku batean egin ahal izango dute praktikaren prestakuntza-modulua, zerbitzua ematen duten enpresa berean, profesionaltasun-ziurtagiriarekin loturiko lanak egiten badituzte, edota prestakuntza praktikoaren modulua garatzeko egokia den beste enpresa batean.

  6. Arau-garapenen bidez, langile landunentzako prestakuntza-eskaintzaren norainokoa ezarriko da, planen ezaugarriak eta finantzatzeko moduak eta baldintzak zehaztuta.

    3. AZPIATALA

    LANERATZEKO ETA GIZARTERATZEKO PROGRAMA ESPEZIFIKOAK ETA PROIEKTUAK.

  1. Programa espezifikoen helburua da neurrira egindako neurriak bultzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek unean-unean dituzten beharrizanei eta berezitasunei erantzuteko.

    Programa horiek kontuan hartu behar dituzte langile landunen zein langabeen prestakuntza- eta/edo kualifikazio- eta birkualifikazio-beharrizan bereziak. Horretarako, kolektibo, sektore eta lurralde ezberdinetara egokitutako neurriak edota zeharkako beste neurri zehatz batzuk ezarriko dira, bizialdi osoko prestakuntzaren arloan lanean dauden pertsonen eta enpresen parte-hartzea areagotzeko.

    Programa espezifikoak mota hauetakoak izan daitezke:

    1. Jarduketa espezifikoren bat behar duten langileen kolektiboei zuzendutako prestakuntza-programak (prestakuntza-behar bereziak dituztelako edo laneratzeko edo birkualifikatzeko zailtasunak dituztelako).

    2. Prestatzaileak prestakuntza-metodologietan edo EAEko Lanbide Heziketako Sistema Integratuaren beste alderdi batzuetan eguneratzeko programak.

    3. Langileei aholkularitza emateko programak, laneratzeko ibilbideak diseinatzeko eta euren lanbide-ibilbidean gora egiteko.

    4. Enpresa txiki eta ertainetako langileei sostengua eta aholkularitza emateko programak, euren prestakuntza sustatu eta/edo areagotzeko eta beharrizan berezi gehien dituzten kolektiboen partaidetza bultzatzeko.

    5. Zeharkako programak, prestakuntzarako eta lanbide-kualifikaziorako tresnak hobetzen laguntzeko.

    6. Lanbide-kualifikaziorik gabeko gazteei zuzendutako programak, laneratzeko eta hasierako lanbide-kualifikazioa ematen laguntzeko.

    7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere plangintzaren eta detektatutako beharrizan berrien arabera ezar ditzakeen beste prestakuntza-programa batzuk.

  2. Laneratzeko eta gizarteratzeko proiektuak.

    Arreta integralaren proiektu baten bidez langileak gizarteratzea eta laneratzea xede duten ekimenak dira. Proiektu horrek beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin hainbat esku-hartze mota batu edo koordinatuko ditu, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna errotik hobetu ahal izateko.

    Hona hemen gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuek lortu nahi dituzten helburuak:

    1. Lan-arloan zailtasun bereziak dituzten langileen kolektiboak gizarteratzea eta laneratzea.

    2. Langileen enplegagarritasuna hobetuko duten espezializazio-ekintza berritzaileak garatzea.

    3. Metodologian, curriculumean eta teknologian berrikuntzaren bidez ikasteko modu berriak bultzatzea, kolektibo horien beharrizanetara egokituta.

    4. Aktibazioko proiektu integralak sortzea, sistemaren zenbait ekimen tartekatuz lana aktibatzeko eta enplegua sustatzeko baliabide publiko edo pribatuen sistemarekin, eta parte hartzen duten pertsonak laneratzera bideratutako lan-aukerak eta -ibilbideak sortuz.

    5. Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren laguntza izan duten pertsonen parte-hartzea bermatzea, Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen esparruan.

      3. ATALA

      ENPLEGUAREKIN TXANDAKATUTAKO PRESTAKUNTZA

Enpleguarekin txandakatutako prestakuntza-proiektuen helburua da kualifikazioaren eta enplegagarritasunaren hobekuntza bultzatzea, lan-merkatuaren premiei erantzunez prestakuntza eta lana tartekatuz. Proiektu horiek garatzerakoan, parte-hartzaileek enpleguarekin bat datorren prestakuntza jasoko dute, enpresa batean egin behar duten lan-jardunarekin txandakatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuarekin loturiko heziketa duala Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 11. artikuluko 2. zenbakian eta hori garatzen duen araudian xedatutako prestakuntza-kontratuaren bidez gauzatu ahal izango da, bai eta hori babesten eta dinamizatzen lagunduko duten programen bidez ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguarekin txandakatutako prestakuntza artikulatu eta sustatzeko, enplegurako prestakuntzako programa publikoak garatu ahal izango dira, bai eta xede hori duten beste programa batzuk ere, baldin eta lan-merkatuaren egoerak hala aholkatzen badu eta programa horiek langabeei laguntzen badiete gure inguruneko enpresetan laneratzen.

1. ATALA

PRESTAKUNTZARI LAGUNTZEKO EKINTZAK

Prestakuntzari laguntzeko ekintzen helburua da lan-merkatua ikertzea eta aztertzea produkzio-sistemetan gertatzen diren aldaketei aurrea hartzeko, langileen kualifikazio-premiak hautematea, prestakuntzak enpleguan dituen ondorioak aztertzea enpresen lehiakortasunaren arloan eta langileen kualifikazioaren arloan, Enplegurako Lanbide Heziketarekin loturiko produktu eta tresna berritzaileak egitea eta, azken batean, sektore produktiboen eta langileen bilakaera ekonomikoari laguntzeko beharrezkoak diren prestakuntza-premiak zehaztea.

Dekretu honen babespean prestakuntzari laguntzeko egiten diren ekintzek helburu zehatz hauek bete behar dituzte:

  1. Produkzio-sistemen, haien bilakaeraren eta aldaketek enpresen lehiakortasunean eta langileen kualifikazioan duten ondorioen ezagutza hobetzea, bai eta Enplegurako Lanbide Heziketari oro har eragiten dieten arloen ezagutza hobetzea ere.

  2. Enplegurako Lanbide Heziketaren antolamendua garatzen laguntzea, konpetentzia profesionalaren hainbat esparrutarako bitarteko eta baliabideen kalitate-estandarren bidez lanbide-kualifikazioen sistemak erreferentziatzat hartuta, eta, halaber, irizpideak ematea enplegurako prestakuntza helburuetara egokitzeko.

  3. Helburuak eta baliabideak esleitzeko prozesuak hobetzen laguntzea, bai eta kalitateko Enplegurako Lanbide Heziketa garatzen eta ebaluatzen laguntzea ere.

  4. Enpresa txiki eta ertainen eta gizarteratzeko zailtasun gehien dituzten langileen Enplegurako Lanbide Heziketan sartzeko prozedurak aztertzea, prestakuntzarako sarbidean aukera-berdintasuna bermatze aldera.

  5. Enplegurako Lanbide Heziketarekin loturiko produktu eta ikerketekin lortzen diren emaitzak zabaltzea, emaitza zabalagoa lortzeko eta ondorioak besterentzeko.

Prestakuntza sostengatzeko ekintzak, ezagutza sortzeko eta Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema hobetzeko esperientziaren oinarri gisa, honela gauzatu ahal izango dira:

  1. Azterketa eta ikerketarako ekintzak. Ekintza horien helburua da produkzio-sisteman dagoen Enplegurako Lanbide Heziketaren eskaria egituratzen duten faktoreak aztertzea. Horrela, aurre hartu ahal izango zaie aurrerapen teknikoaren eta lan-antolamenduaren ondorioz lanbide-kualifikazioetan egon daitezkeen aldaketei, hainbat sektore ekonomikotan eta lurralde-eremutan dauden prestakuntzako arazo eta beharrizan berezien ezagutzan sakondu ahal izango da, eta hainbat ekimen garatu ahal izango dira enplegurako prestakuntza-eskaintza lanbideen edukiek izandako bilakaerara egokitzeko. Era berean, ekintza horien helburuak izango dira, besteak beste, prestakuntzarako sarbidean zailtasun gehien duten langileek eta enpresa txiki eta ertainek zein prestakuntza-beharrizan duten ezagutzea.

  2. Produktu, teknika eta/edo tresna berritzaileak egitea eta probatzea xede duten ekintzak, Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema pedagogikoak edo antolamendukoak hobetzeko. Bereziki kontuan hartuko dira informazio- eta komunikazio-teknologia berrietan oinarritutako ikaskuntza-tresna eta metodologiei dagozkien ekintzak, betiere prestakuntza enpresa txikietako langileengana zabaltzen dutenak.

  3. Enplegurako Lanbide Heziketa ebaluatzeko ekintzak. Ekintza horien xedea da jarduera ekonomikoko hainbat sektoreren edo lurralde-eremuren Enplegurako Lanbide Heziketa ebaluatzeko prozesuak gauzatzea eta ebaluatzeko prozedurak eta teknikak garatzea, prestakuntzan parte hartzen duten eta prestakuntza hori kudeatzen duten pertsonek aplikatu ahal izateko, kalitatea hobetze aldera.

  4. Enplegurako Lanbide Heziketaren jakintza-sareak sortzea xede duten sustapen- eta hedapen-ekintzak, honako hauen bidez egingo direnak: lanleku birtualak, kontsultarako dokumentu-baseak, lineako edo aurrez aurreko eztabaida-foroak, jardunbide egokien gidak eta ikasketak sustatzeari eta hedatzeari bide ematen dion beste edozein neurri; Enplegurako Lanbide Heziketako tresnak eta produktuak, prestakuntzan parte hartzen duten enpresen, enpresa-erakundeen eta sindikatu-erakundeen artean, eta enpresa txiki eta ertainak elkartzea sustatzea, euren prestakuntza-programak antolatu eta kudea ditzaten.

Prestakuntzari laguntzeko ekintzak honela gauzatuko dira: bitarteko propioen bidez, sektore publikoko kontratuen araudiaren mendeko kanpoko kontratazioaren bidez, diru-laguntza publikoen bidez edo hitzarmenak sinatuz.

2. ATALA

NAZIOZ GAINDIKO PROIEKTUAK

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu edo kofinantzatuko ditu nazioz gaindiko mugikortasunerako proiektu hauek:

  1. Langile landunen edo langabeen mugikortasunerako proiektuak. Langile landunen edo langabeen mugikortasunerako proiektutzat jotzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko enplegagarritasuna hobetzea xede dutenak. Horretarako, lanez kanpoko praktika profesionalak egiten dira aldi baterako atzerrian.

  2. Lanbide-heziketaren esparruko profesionalen mugikortasunerako proiektuak. Profesionalen mugikortasunerako proiektutzat joko dira Enplegurako Lanbide Heziketaren edozein esparrutan lan egiten duten pertsonei zuzendutakoak. Horretarako, aztertzeko bisitak egiten dira beste herrialde batzuetan, beste kudeaketa-sistema batzuk ezagutze aldera.

  3. Enplegurako Lanbide Heziketaren eta etengabeko ikaskuntzaren arloko proiektu berritzaileak, nazioarteko sareekin loturikoak. Nazioarteko sareekin loturiko Enplegurako Lanbide Heziketaren eta etengabeko ikaskuntzaren arloko proiektu berritzailetzat jotzen dira Europako kualifikazio-sistemak eta -esparruak garatzen laguntzen dutenak eta tresna europar bateratuak gardentasuna sustatzeko eta eskumenak eta kualifikazioak aitortzeko sortuak sartzen dituztenak, lan-merkatuko beharrizanekin bat etorriz lanbide-gaitasunak garatzeko laguntza ematen dutenak eta lanpostu berrietarako gaitasun berriak bultzatzen dituztenak. Horiek guztiak Europako nazioz gaindiko lankidetzaren esparruan garatu dira.

  1. Definizioa.

    Dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketako Erakundeen Erregistroan alta emanda dauden prestakuntza-erakundeen multzoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako enplegurako prestakuntza-planak edo -jarduketak gauzatzen dituztenak, prestakuntza-ekimenen esparruan.

  2. Helburuak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Erakundeen Sarearen helburua da prestakuntza integrala emateko gai izango den prestakuntza-azpiegitura bat garatu eta mantentzea, EAEko enpresen eta langileen prestakuntza-premiak asetze aldera. Sareak prestakuntza egonkor eta etengabea eskainiko du, doan, finantzaketa-sistema publiko baten bidez.

EAEko Prestakuntza Erakundeen Sarea osatuko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten prestakuntza-erakundeek:

  1. Dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan erregistratuta egotea, enplegurako prestakuntza-erakunde gisa.

  2. Urteko edo hainbat urtetako Prestakuntza Plan bat izatea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuta, edo, hala badagokio, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bat izatea.

  3. Prestakuntza Planaren prestakuntza-ekintzak programatzea, dekretu honen 11. artikuluan aurreikusitako Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoaren arabera.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketaren ekimenei dagozkien prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ebaluatuak izango dira, eskuratutako gaitasunak EAEko Konpetentzien Erregistroan erregistratu ahal izateko.

  2. Ikaskuntzaren ebaluazioa etengabe egingo da, prestatzaileen fidagarritasuna, objektibotasuna eta zorroztasun teknikoa bermatzen duten irizpideei jarraikiz. Hala, aukera-berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren irizpideak bermatuko dira.

  1. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzearekin loturiko prestakuntzan parte hartzen dutenen ikaskuntzaren ebaluazioa prestakuntza moduluen arabera egingo da, eta, hala badagokio, prestakuntza-unitateen arabera, kasuan kasuko konpetentzia profesionalak eskuratzeko prozesuan emaitzak egiaztatzeko asmoz. Ebaluazio horrek horri loturiko prestakuntza-modulu bakoitzerako ezarritako gaitasunak eta ebaluatzeko irizpideak hartuko ditu oinarri.

  2. Era berean, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzearekin loturiko prestakuntza ebaluatzeko, dokumentuetan jasota geratuko dira parte-hartzaile bakoitzak ziurtagiriaren prestakuntza-modulu bakoitzean lortutako emaitzak. Hala, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak balioztatu ahal izango ditu. Horretarako, ebaluazio-akta bat egingo da, eta, han, jaso beharko da onuradun bakoitzak lortutako emaitza. Hala, prestakuntza-moduluei, edo, hala badagokio, prestakuntza-unitateei dagozkien gaitasunak eskuratu dituen edo ez adieraziko da.

  3. Ebaluazio-prozesua dokumentatuta jasoko da prestakuntza-ekintzaren administrazio-espedientean. Akten bidez egiaztatuko dira ebaluazio-prozesuak eta ebaluaziorako banako txostenak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eredu normalizatuetan egingo dira.

  4. Nolanahi ere, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzaren ebaluazioa profesionaltasun-ziurtagirien araudian ezarritakoaren arabera egingo da.

  1. Profesionaltasun-ziurtagiriekin loturiko prestakuntzaren bidez lortutako lanbide-kualifikazioak egiaztatzeko, ziurtagiri horiek emango dira, edo, hala badagokio, gainditutako moduluen ziurtagiriak (gaitasun-unitate bati edo batzuei lotuta), eta egiaztapen partzial metagarriaren eragina izango du horrek.

  2. Prestakuntza lotuta ez badago profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-eskaintzarekin, prestakuntza-ekintza amaitu duen parte-hartzaile bakoitzari bertaratu izana adierazten duen ziurtagiria entregatu beharko zaio, eta, prestakuntza gainditzen badu, lortutako konpetentziak jasotzen dituen diploma entregatuko zaio, eta konpetentziak horiek jasoko dira haren prestakuntza-kontuan eta EAEko Konpetentzien Erregistroan. Konpetentzia horiek konpetentzia profesionalak aitortzeko sistemaren esparruan ezarritako prozeduretan baloratu ahal izango dira.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako prestakuntza-eskaintzaren kalitatea zaindu beharko du, eta prestakuntza-ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren premietara egokitzen dela eta eraginkorra dela bermatzeko.

  2. Enplegurako Lanbide Heziketaren esparruan gauzatzen diren ekimen, programa eta ekintza guztiek kalitate egokia izan behar dute enpresen eta xede diren pertsonen premiei erantzuteko. Era berean, prozedura eta metodologia egokien bidez gauzatu behar dira, langile nahiz bitarteko didaktiko, tekniko eta material egokienak erabiliz, prestakuntzaren ezaugarrien arabera betiere.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Enplegurako Lanbide Heziketaren kalitatea hobetzea sustatu behar du, edukiei, iraupenari, instalazioei, langileei eta bitarteko didaktiko eta teknologiei dagokienez.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduketen helburua izango da emaitzak lortzea, betiere oinarri hartuta plangintzan zehaztutako xedeak eta jarduketen balorazio-sistema. Ildo horretatik, jarduketen exekuzioak dituen kostu zehatzak identifikatuko dira, eta zabalkundea emango zaie jarduketa horien inguruan egindako jarduera egokiei.

  4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eguneratzeko eta hobetzeko plana ezarri beharko du prestakuntza-, tutoretza- eta kudeaketa-lanak egiten dituzten profesionalentzat, Enplegurako Lanbide Heziketaren kalitatea hobetze aldera.

  5. Erakunde independenteek egiten dituzten kanpoko ebaluazioak gorabehera, prestakuntza eman ondoren, dekretu honetan araututako ekintzak gauzatzeko erantzukizuna duten prestakuntza-zentroek eta -erakundeek prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza eman bitartean.

  6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kalitatea hobetzeko sistemak eta tresnak ezartzea bultzatu beharko du prestakuntza-ekintzak ematen diren zentro eta erakundeetan. Halaber, laguntzak eman ahal izango dituzte kalitate-sistema horiek ezartzen eta/edo mantentzen laguntzeko.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketaren ebaluazioak ezagutza lortzeko aukera eman behar du, prestakuntza osatzen duten ekimenen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren premietara etengabe eta uneoro egokitzen dela bermatzeko. Ebaluazio horrek oinarri izango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Plan Estrategikoan ezarritako adierazleak.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, zehazten den maiztasunarekin, ebaluazio-plan bat prestatu eta gauzatu beharko du, honako hauek baloratzeko: jarduketen kalitatea eta eraginkortasuna, erabilitako baliabide eta bitarteko ekonomikoen efizientzia, Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegurako Lanbide Heziketaren sistemak kolektibo onuradunengan izan duen eragina betiere aintzat hartuta generoaren eta gizarteratzeko eta laneratzeko irizpideak, eta enpresen lehiakortasunaren hobekuntzan izan duen eragina, hobetu beharreko alderdiak identifikatuta.

  3. Ebaluazio-planaren barruan, gainera, honako hauek ere jasoko dira: ekintzak planifikatzeko zenbait irizpide eta adierazle, horien exekuzioa eta prestakuntzan lortutako emaitzak. Horretarako, kontuan hartuko dira prestakuntza emateko erantzukizuna duten zentroek eta erakundeek eginiko kalitateari buruzko ebaluazioak, prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten pertsonen asebetetze-maila eta kontrol- eta jarraipen-prozesuen emaitzak.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak du Enplegurako Lanbide Heziketaren kontrola eta jarraipena egiteko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoan. Nolanahi ere, beste fiskalizazio- eta kontrol-organo batzuek ere izango dute horretarako eskumena. Horretarako, urteko jarraipen-plan bat egingo du Lanbidek.

  2. Jarraipen-ekintzen artean daude, besteak beste, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak, hain zuzen ere dagokion araudi erregulatzailearekin bat etorriz eginikoak.

  3. Aurreko ataletan ezarritakoa gorabehera, emandako prestakuntzaren jarraipena eta kontrola egiteko irizpide zehatzak ezarri ahal izango dira dekretu honetan jasotako ekimen bakoitzari dagokionez.

  4. Kontrol- eta jarraipen-jarduketei dagokienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kanpoko zerbitzuei agindu ahal izango dizkie jarduketa horiek egiteko, sektore publikoko kontratuen araudiarekin bat etorriz.

  5. Lan Ikuskaritzak, halaber, urteko planean zenbait jarduketa jasoko du prestakuntza-erakundeek garatutako enplegurako prestakuntza-jarduerak kontrolatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestatutako jarraipen-planarekin koherentzian. Horretaz gainera, Lan Ikuskaritzak beste jarduketa batzuk gauzatu ahal izango ditu arlo honetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aurkezten dizkion salaketen edo egiten dizkion eskaeren haritik.

  6. Enplegurako Lanbide Heziketaren arloko arau-hauste eta zehapenei dagokienez aplikatu beharreko erregimena Gizarte-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoa da (2000ko abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategin hori).

Enplegurako Lanbide Heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABErekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik eta abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren babesean aurkeztutako diru-laguntza eskabideek, ebatzi gabe badaude, izapidetze-prozeduran segituko dute, eta 327/2003 Dekretua aplikatuko zaie, Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena.

Indargabetu egiten da 327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Enplegurako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailaren titularrak dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ahal izango ditu.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko organoek, nork bere eskumen-arloan, beharrezkoak diren administrazio-egintzak eman ahal izango dituzte dekretu hau aplikatu dadin.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Busturian, 2016ko maiatzaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (18)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.