Arautegia

Inprimatu

76/2016 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpeneko hainbat arlotan betekizun higieniko eta sanitarioak egokitzeko baldintzak ezartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 97
  • Hurrenkera-zk.: 2181
  • Xedapen-zk.: 76
  • Xedapen-data: 2016/05/17
  • Argitaratze-data: 2016/05/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Europar Batasunak, bere araudian, elikagaiek bete behar dituzten betekizun higieniko eta sanitarioak ezartzen ditu. Betekizun horiek, oro har, erregelamendu hauetan daude jasota: 852/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, elikagaigintzako produktuen higieneari buruzkoa; 853/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, animalia-jatorriko elikagaietarako higiene-arau espezifikoak ezartzen dituena; 854/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, gizakiak jateko diren animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak ezartzen dituena; 2074/2005 Erregelamendua, Batzordearena, 2005eko abenduaren 5ekoa, zenbait produktutan aplikatu beharreko neurriak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 853/2004 Erregelamenduan (EE) ezarritakoaren arabera, eta kontrol ofizialak antolatzeko neurriak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 854/2004 Erregelamenduaren (EE) eta 882/2004 Erregelamenduaren (EE) arabera. Halaber, Erregelamendu horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 852/2004 Erregelamenduan (EE) xedaturikoan salbuespenak sartzen dira, eta 853/2004/EE eta 854/2004/EE Erregelamenduak aldatzen dira.

Araudi honek planteamendu integratua jasotzen du, elikagaien segurtasuna bermatzeko ekoizpen primarioaren tokitik merkatuan jarri arte, eta ekoizpenerako oinarria diren printzipioak ditu, elikagai guztien higiene-arauen arabera.

Halere, Europako Erkidegoko betekizun horiek nolabaiteko jarraitutasunarekin eta estandarizazio-mailarekin egiten diren jarduerei aplikatu behar zaizkie, eta, beraz, araudiak berak jasotzen dituen egoera batzuetan, zuzeneko aplikazio hori egitea ezinezkoa da, eta malgutasunez jokatzeko baimena ematen du. Horretarako, ezarritako betekizunak egokitzea eta/edo aldatzea ahalbidetzen du, bai elikagaien ekoizpen primariorako bai transformaziorako. Hori gertatzen da, besteak beste, ekoizpen-, transformazio- edo banaketa-faseetan metodo tradizionalak erabiltzen dituzten jardueren eta enpresa txikien kasuan.

Kontuan izan behar da, baita ere, araudiak berak adierazten duen bezala, gaur egun oraindik ez dela bideragarria Arriskuen Analisiaren eta Puntu Kritikoen Kontrolaren (AAPKK) Sistemaren printzipioak, oro har, ekoizpen primarioari aplikatzea. Ondorioz, Higieneko Jardunbide Egokien Gidaliburuak (HJEG) aplikatzea sustatuko da, eta gidaliburu horiek, behar izanez gero, ekoizpen primariorako higiene-arau espezifikoekin osatu beharko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera txiki ugari daude, eta, jarduera horietan, ekoizpena, transformazioa eta merkaturatzea tokikoak dira, eta lehen aipatutako kasuen barruan sartzen dira; beraz, Europako Erkidegoko betekizunak egokitu eta/edo aldatu egin daitezke. Hala ere, orain arte, ez da aztertu kasu horien arautze higieniko-sanitarioa, oro har hartuta; hori da, hain zuzen ere, dekretu honen xedea.

Europako araudiak malgutasunari buruz onartzen dituen aginduei jarraituz, salbuespenak edo exentzioak ematen dira eta betekizunak egokitzen dira, eta, horrez gain, horretarako ahalmena ematen zaie estatu kideei, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera: 852/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, elikagaigintzako produktuen higieneari buruzkoa; zehazki, 13. artikuluan, I. eranskina (ekoizpen primarioa) eta II. eranskina (elikagaien enpresen operadoreak, ekoizpen primarioa izan ezik) aldatu eta egokitzeari buruzkoan.

Dekretu honetan planteatutako egokitzea zehatz-mehatz gauzatuko da dekretu hau onetsi ostean egin behar diren produktuei edo produktu-multzoei dagozkien arau teknikoetan.

Kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoan bai arautu direla betekizun higieniko-sanitarioen egokitzea eskatzeko moduko ekoizpenak; esaterako, artisau-ekoizpena. Zehazki, jarduera hau Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko 126/2012 Dekretuaren bidez (martxoaren 25eko 43/2014 Dekretuak aldatua) arautu da, eta dekretu horrek, dagoeneko, egokitzeko aukera jasotzen du 7. artikuluan. Artikulu horretan aurreikusten denez, aipatutako dekretuaren babeseko artisau-produktu guztiei edo batzuei dagokienez, elikagaien artisau-lanketa, -ekoizpen eta -eraldaketan bete beharreko higiene- eta osasun-betekizunak egokitu egin daitezke, ekoizpen-motaren arabera, osasun publikoaren arloan indarrean den araudiarekin bat etorriz, eta aplikatu beharreko Europako araudia betez. Egokitze hori, egiten bada, produktu bakoitzerako egingo den arau teknikoan jaso beharko da.

Dekretu honen xede diren ekoizpenentzako betekizun higieniko-sanitarioak zehaztea, eta, hala badagokio, horiek egokitu ahal izatea, hainbat erakunderen arteko baterako lan koordinatuaren emaitza izan behar da: arlo horretan eskudunak diren Eusko Jaurlaritzako sailak, zuzendaritzak eta zerbitzuak; foru-aldundiak; udalak, eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekoizpenean parte hartzen duen eragile sektorialak. Halaber, betekizun higieniko-sanitarioak egokitzeko irizpideetan homogeneotasuna zaintzea garrantzitsua, konplexua eta beharrezkoa da, eta, ondorioz, gutxieneko parametro batzuk ezarri behar dira, homogeneotasuna parametro horietan oinarritu dadin. Horiek dira dekretu honen ardatzak eta funtsa.

Hori dela-eta, kontuan izan behar da arau honen xedea ez dela dekretu hauek aldatzea: 126/2012 Dekretua, Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzkoa; eta 422/2013 Dekretua, urriaren 7koa, nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa. Halere, aldaketa horiek beharrezkoak dira dekretu honetan jasotako xedea lortzeko, eta, horregatik, aipatutako aldaketak azken xedapenetan sartu dira.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da beharrezko gutxieneko baldintzak ezartzea, dekretu honen 2. artikuluan aipatutako nekazaritzako elikagaien ekoizpen-motetan betekizun higieniko-sanitarioak egokitzeko, hala badagokio eta indarrean dagoen araudiak horretarako baimena ematen badu.

Dekretu hau eremu hauetan aplikatuko da:

  1. Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko 126/2012 Dekretuan xedatutakoa betetzen duten ekoizpenetan, elaborazioari, produkzioari eta transformazioari dagokienez.

  2. Ezaugarri tradizionalak dituzten elikagaiak lantzen dituzten ekoizpenetan.

  3. Betekizun higieniko-sanitarioak egokitzea ahalbidetzen duten Europako Erkidegoko erregelamenduetan jasota dauden baldintzak betetzen dituzten ekoizpenak, baldin eta artikulu honen 1. eta 2. zenbakietan aurreikusitako ekoizpenen barruan ez badaude.

  4. Ustiategi txikietako ekoizpen primarioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 178/2002 Erregelamenduaren (EE) 17. paragrafoaren 3. artikuluan jasotako definizioaren arabera; horren bidez, elikagaien legeriaren gaineko printzipio eta betekizun nagusiak finkatzen dira, Elikagaien Segurtasunerako Europako agintaritza sortzen da, eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dira.

Dekretu honen ondorioetarako, Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko 126/2012 Dekretuaren 3. artikuluan jasotako definizioez gain, beste definizio hauek ezartzen dira:

  1. Ezaugarri tradizionalak dituzten elikagaiak. Modu tradizionalean fabrikatu diren eta ezaugarri hauek dituzten elikagaiak:

    1. Historikoki produktu tradizionaltzat onartu dira, edo prozesu tradizionaletan erregistratutako erreferentzia teknikoen arabera fabrikatu dira, edo ekoizpen-metodo tradizionalen arabera; edo, bestela,

    2. estatuko, eskualdeko, tokiko edo Europar Batasuneko legediak babestuta daude, elikagai tradizional gisa (jatorri-deitura babestua-JDB, adierazpen geografiko babestua-AGB eta berezitasun tradizional bermatua-BTB).

  2. Tokiko edo hurbileko merkaturatzea edo salmenta.

    Elikagai hauen salmenta da: nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpenetik datozenak, elikagai horien transformazioaren bidez lortutakoak, eta industrialak ez diren establezimenduetan ekoitzitakoak, artisau-produktuak eta tradizionalak barnean direla. Horien merkaturatze-esparruak ez du gaindituko Euskal Autonomia Erkidegoko esparru geografikoa, eta horien gehieneko ekoizpen-bolumena dagokion jarraibide teknikoan zehaztuko da produktu edo produktu-multzo bakoitzarentzat.

    Tokiko edo hurbileko merkaturatze edo salmenta hori bi modalitatetan egin daiteke:

    1. Zuzeneko salmenta: Arau honetan araututako establezimenduek (nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizleak zein ekoizle-elkarteak izan) edo industrialak ez diren establezimenduek zuzenean azken kontsumitzaileari egiten dioten salmenta da, eta bitartekaririk gabe egiten da.

    2. Zirkuitu laburreko salmenta: Txikizkako establezimenduen, nekazaritza-turismoko establezimenduen eta jantoki kolektiboen bidez egiten den salmenta da.

Dekretu honen 2. artikuluan aurrez ikusitako ekoizpenetan betekizunak egokitu ahal izateko, gutxienez, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Ekoizpen-mota: dekretu honen 2. artikuluan aipatutakoren bat.

  2. Merkaturatze-esparrua: Euskal Autonomia Erkidegoa.

  3. Salmenta-modalitatea: tokiko edo hurbileko salmenta.

  4. Ekoizpenaren bolumena/neurria: dagokion jarraibide teknikoan produktu edo produktu-multzo bakoitzarentzat zehaztutakoa.

  1. Higienearen arloan Europako erregelamenduek jasota dituzten xedapenen arabera, egokitzea honela aplikatu ahal izango da:

    1. Higienearen arloko erregelamenduen eranskinetan ezarritako zenbait betekizuni salbuespenak edo exentzioak emanez.

    2. Higienearen arloko erregelamenduen eranskinetan ezarritako zenbait betekizun egokitzeko baimena emanez.

    3. Jarduera batzuk higienearen arloko erregelamenduen aplikazio-eremutik kenduz. Sektore, jarduera edo, beharrezkoa balitz, produktu-mota bakoitzari dagozkion arau teknikoetan definitu edo zehaztuko dira horiek guztiak.

  2. Ekoizpen primarioari dagokionez, hori arautzen duten xedapen arauemaileak egokituko dira.

    Egokitze horrek, hala ere, ez du murriztuko dekretu honek arautzen dituen ekoizpenen berme sanitarioa.

  1. Dekretu honen eraginpeko produktuen ekoizpenean, elaborazioan eta transformazioan bete behar diren betekizun higieniko-sanitarioak berariazko arau teknikoetan jasoko dira, eta arau horiek, gutxienez, eduki hau izango dute:

    1. Baimentzeko, erregistratzeko eta kontrol sanitariorako baldintzak.

    2. Kokalekua eta sarbideak.

    3. Eraikinen eta lokalen antolaera, diseinua eta neurriak.

    4. Lokalen barneko egiturak.

    5. Ur-hornidura.

    6. Efluenteak eta hondakin-urak.

    7. Argiztapena.

    8. Aireztapena.

    9. Ekipoak eta tresnak.

    10. Zerbitzu higienikoak eta aldagelak.

    11. Higiene pertsonala.

    12. Garbiketa eta desinfekzioa.

    1. Izurrien kontrola.

    2. Hondakinak eta azpiproduktuak biltegiratu, maneiatu eta deuseztatzea.

    1. Garraiobideak.

    2. Eragiketen higienea (produktuak eta prozesuak).

    3. Manipulatzaileen prestakuntza.

    4. Ontziratzea eta enbalatzea.

    5. Etiketatzea eta trazabilitatea.

    6. Autokontrol-sistema.

  2. Osasunaren, nekazaritzaren eta elikagaien kalitatearen arloko sail eskudunetako titularrek emandako aginduaren bidez onartuko dira arau horiek. Halere, arau horien aldaketak osasun publikoaren arloko sail eskuduneko titularrak egingo ditu.

  3. Elikagaien artisau-ekoizpenaren kasuan, produktu edo produktu-multzo bakoitzaren berariazko arau teknikoetan jasota egongo da aplikatu beharreko betekizun higieniko-sanitarioen atalean aipatutako arauen informazioa. Arau tekniko horiek Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko 126/2012 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden nekazaritza- edo elikagai-enpresen titularrek, dekretu honen 2. artikuluan jasotako ekoizpenak egiten badituzte, jarduera-hasieraren aurretiazko jakinarazpena aurkeztu beharko dute, osasun publikoaren arloko zuzendaritza eskudunari zuzendua. Jakinarazpen horren eredua dekretu honen eranskinean dago jasota.

    Aurretiazko jakinarazpena telematikoki aurkeztu ahal izango da http: //www.euskadi.eus web-orrialdearen bitartez, edo, bestela, aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango da, bai osasun publikoaren arloan eskuduna den sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituen tokietan, edo lege hori ordezten duen arauan jasotakoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz.

  2. Instalazioetan ekoizpen primarioa eta ekoizpen primario horri lotutako jarduerak soilik egiten dituzten nekazaritza-ustiategiek ez dute aurkeztu beharko aurreko paragrafoan aipatutako jarduera-hasieraren aurretiazko jakinarazpena. Jarduera horien artean daude, besteak beste, biltegiratzea, sailkatzea, poltsaratzea eta etiketatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean dauden datuak erabiliz, nekazaritza-arloko zuzendaritza eskudunak ofizioz inskribatuko ditu instalazioetan ekoizpen primarioa eta ekoizpen primario horri lotutako jarduerak soilik egiten dituzten nekazaritza-ustiategiak Nekazaritza Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean edo Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean, dagokion jardueraren arabera.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 5. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak aldatzea.

    Honela idatzita geratuko dira Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 5. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak:

    "1. Produktu edo produktu-multzo bakoitzaren elikagaigintzako artisau-ekoizpenerako arau tekniko espezifikoak elikagaien kalitatearen arloko sail eskuduneko titularraren eta osasun-arloko sail eskuduneko titularraren baterako aginduaren bidez onartuko dira, eta, ondoren, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

  1. Arau teknikoak Elikagaien Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseiluak proposatuko ditu, aurreko atalean xedatutakoaren arabera onartzeko. Kontseilu hori dekretu honen 26. artikuluan sortu da."

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Urriaren 7ko 422/2013 Dekretuaren 17. artikulua aldatzea. Dekretu hori nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzkoa da.

    Beste paragrafo bat gehitzen zaio, 4. paragrafoa, Nekazaritzako eta elikagaigintzako industrien erantzukizunpeko adierazpenen erregimena arautzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko urriaren 7ko 422/2013 Dekretuaren 17. artikuluari. Laugarren paragrafo hori honela idatzita geratuko da:

    1. Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroaren eta Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorraren arteko interkomunikazioa zabaldu egingo da nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko organo eskudunek kudeatzen dituzten erregistroetara, ekoizpen primarioari lotuta dauden eta lehenengoan inskribatuta egon behar duten jarduerei dagokienez.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.. - Garatzeko ahalmena.

    Nekazaritzaren eta elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen saileko titularrari eta osasunaren arloan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaie dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzaten.

    AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

    Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 17an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

    Osasuneko sailburua,

    JON DARPÓN SIERRA.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (7)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.