Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

33/2016 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, Izki (ES2110019) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatzen duena eta hari dagozkion kontserbazio neurriak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 98
  • Hurrenkera-zk.: 2212
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2016/03/01
  • Argitaratze-data: 2016/05/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamen hori Europako Batzordera eraman zen, eta han Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL) ontzat eman zuten, 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Izki (ES2110019) dago, Atlantikoko eskualde biogeografikoan. Gainera, Hegaztientzat izendatu diren sei BBEetako bat da.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta KBE eta Hegaztientzako BBEak behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

Gobernu Kontseiluak 2000ko azaroan hartutako Erabakiaren bidez Izki (ES2110019) Hegaztientzako BBE izendatu denez, Izki eremuan bertako habitatak kontserbatzeko neurriak ezartzen dira, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basa-hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieen biziraupena eta ugalketa beren banaketa-eremuan ziurtatzeko, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere.

Beraz, Dekretu honen bidez, Izki KBE izendatu eta haren kontserbazio-neurriak onartzen dira eremua KBE eta Hegaztientzako BBEa izateagatik bete behar direnak. Baina eremu horrek Naturagune Babestuen tipologia hirukoitza biltzen du, Parke Naturala (martxoaren 31ko 65/1998 Dekretuak izendatua) eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua zein Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua baita. Beraz, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira dokumentu bakar batean biltzeko; horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen araubide desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute. Hainbat tipologiatarako dokumentu bakarraren legegintza desideratuma ezin da lortu Parke Naturalen kasuan, tipologia horiek Natura Baliabideak Antolatzeko Plan baten (NBAP) bidez (NKLTBaren 20. artikulua) eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan baten (EKZP) bidez (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar baitira. Beraz, horrelako kasuetan, bi dokumentu egon beharko dira: bata Parke Naturalerako izaera bikoitza duen BNAPa eta KBErako helburu eta erregulazioak jasotzeko; eta, bestea, izaera bikoitza duen EKZPa eta kudeaketa neurriak jasotzeko.

Gainera, onartzean, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteek koordinazio-ahalegin berezia dakartela. Izan ere, NBaren tipologia guztien deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio edonola ere (NKLTBaren 19.1 artikulua). Parke Naturalei dagokienez, NBAPa bideratzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a) artikulua); EKZPrako, aldiz, prozedura bifasikoa jarraitzen da. Hau da, lehenik, foru-organoek bideratzen dute eta organo horiek onartzen dituzte Parke Naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak; eta bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak bideratzen du, araudiari dagokionez (NKLTBaren 29.e artikulua). Era berean, KBE eta Hegaztientzako BBEei dagokienez, helburuak eta araudiak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta jarraibideak eta kudeaketa neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, baliabide desberdin horiek guztiak EHAAn argitaratu behar izaten dira beti.

Horregatik, Dekretu honen helburua Izki Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea da, baita, KBE eta HBBE izanik, izendatze horrek eskatzen dituen kontserbaziorako helburu eta neurriak onartzea eta mugak ezartzea ere, hala baitagokio Eusko Jaurlaritzari. Geroago, Arabako Foru Aldundiak EKZPa (Dekretu honekin batera izapidetu dena) igorritakoan, Eusko Jaurlaritzak Plan horretako araudia onartuko du eta baliabide osoa EHAAn argitaratzeko aginduko du. Dekretu honen 3.2 artikuluak aurreikusten duenez, EKZP horrek bi helburu izango ditu (arestian aipaturiko NKLTBaren 18.artikulua ezarrita): Parke Naturalaren EKZPa izango da eta KBEaren eta Hegaztientzako BBEaren kudeaketa-jarraibideak ere ezarriko ditu (22.5 artikuluaren bigarren paragrafoari jarraikiz). Horrela, espazio honen araudia osatuko da eta 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua osorik beteko da.

Horretarako, onartzen den Dekretu honek bi eranskin ditu. Lehenengoak KBE/Hegaztientzako BBEaren kartografia jasotzen du; bigarrenak NKLTBaren 22. artikuluak ezarritako beharrak betetzen ditu, Eusko Jaurlaritzak KBE/Hegaztientzako BBEari dagokionez duen eskumena kontuan hartuta eta, horretarako, dagoeneko izendatu diren Natura 2000 Sareko gainontzeko espazioetan erabilitako planteamendu bera segituko da.

Dekretuaren Azken Xedapenetako Lehenean adierazita dagoenez, arau hau argitaratu eta gero Izkiko Parke Naturalaren NBAParen aldaketa abiarazi beharko da, II. eranskina txertatuko duena. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren eskumena den dokumentu bakarra lortu eta NKLTBaren 7. artikuluak ezarritako prozedura luze eta konplexuko prozesu-izapidetzea beteko da, baina ordurako Europari begirako beharrak beteta.

Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, Izki sakon aztertu da, eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa eta haien kontserbazio-egoera ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Izki eremuaren ezaugarria da Izki ibaira doazen erreka askok hondeatutako sakan txikiek zeharkatzen duten lautada hareatsu handi baten gainean kokatutako baso zabala. Izki ibaiak eremu hori mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du. Dauden litologia eta orientazioek landare-formazio ezberdin asko sortzen dituzte; horien artean, ametzen basoa (Quercus pyrenaica) da azpimarratzekoa, Europako zabalenetako bat. Izkin, gutxienez, Batasunaren intereseko 30 habitat mota topatu dira, eta horietako 10ek lehentasunezko izaera dute. Habitat-aniztasun horrek intereseko landare- eta fauna-espezie asko hartzen ditu barnean.

Flora-espezieen artean, Olandinako urmaeleko nenufar zurien populazioa (Nymphaea alba) da nabarmentzekoa, EAEko bakarra eta Iberiar Penintsulako handiena baita. Faunari dagokionez, Izkin diren ornogabe-espezieen artean, intsektu saproxilikoen eta odonatuen populazioak dira azpimarratzekoak. Izkin, besteak beste, 12 anfibio-espezie daude; horietatik hiru Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrendan daude jasota, hala nola baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina), apo lasterkaria (Epidalea calamita) eta hegoaldeko apo pintatua (Discoglossus jeanneae). Izki KBE/Hegaztientzako BBEan, ugaztunen artean, kiropteroak dira azpimarratzekoak, hala nola arratoi-belarri handia (Myotis myotis), Bechsteingo saguzarra (Myotis bechsteinii), saguzar biboteduna (Myotis mystacinus) eta ferra-saguzar handia (Rhinopolus ferrumequinum). Gainera, honako mustelido hauek daude: bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba (Lutra lutra).

Hegaztiei dagokienez, okil ertainaren populazioa (Dendrocopus medius) aipatu beharra dago, 750 indibiduotik gorako errolda baitu eremu horretan; beraz, Izki eremuak hegazti mota horretarako garrantzi handia du iberiar penintsulan. Bestalde, Izki ugatz (Gypaetus barbatus), sai zuri (Neophron percnopterus) eta sai arrearentzako (Gyps fulvus) interes bereziko eremuen artean dago.

Izki KBE/Hegaztientzako BBEa kontserbatzeko baliabidea sortzeko lan teknikoak egin bitartean, egokitzat jo da Naturagune Babestua 470 hektareatan zabaltzea, eremuaren ipar-mendebalderantz, eta tipologia bien mugak bateratzea. Alderdi horretan, oso ondo kontserbatuta dauden Batasunaren intereseko habitatak daude, zehazki, ameztiak, erkameztiak, txilardi kaltzikolak (4090) eta orkideak dituzten soropil lehor erdinaturalak (6210*). Besteak beste, eremu hori zabaldu egin da, KBE/Hegaztientzako BBEan Onura Publikoko Mendien lursail guztiak sartzeko, BGLan partzialki baino ez baitzeuden sartuta.

Hegaztientzako BBEaren mugaketa berriaren onarpena administrazio honen eskumenekoa da; baita tokiaren izendapena justifikatzen duten hegaztiei asaldurarik ekiditeko eta habitatak ez hondatzeko hartu behar diren neurriak finkatzea ere, Europako Batzordeak ezertarako esku hartu gabe. Alabaina, KBEaren mugaketa berriak Europako Batzordearen erabaki bidezko onespena behar du, benetan eraginkorra izango bada, eta horregatik ageri dira eremuaren bi mugaketa-lerroak KBEaren mugaketaren kartografian, Dekretuaren Azken Xedapenean agindutako eran gauzatuko baita mugaketa berria. Hala ere, KBEaren mugaketa berria geroago indarrean jartzeak ez du inolako ondoriorik kasu honetan; izan ere, KBEaren eta Hegaztientzako BBEaren mugak eta araudi eta helburuak bateratu direnez gero, Dekretuak Hegaztientzako BBEarentzat finkatzen dituen araudi eta helburuak Dekretua argitaratu orduko baitira aplikagarriak gunearen lurralde osoan.

Horretaz gain, xehetasun-lanei eta eskala doitu izanari esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera igorri eta jakinarazitako datuekin. Gainera, xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela. Hori guztia Europako Batzordera bidaliko da, egunera dezan.

KBE izendatzeko eta KBE / Hegaztientzako BBEaren kontserbaziorako mugak, helburu eta arauak ezartzeko prozeduran parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita horretarako prestatu den web-orrialdearen bitartez (http://www.euskadi.eus/natura2000); eremuari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.

Izki KBE/Hegaztientzako BBEa kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraiki landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan eta 2009/147/EE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, Dekretuak izendapena bera, lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta flora-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa bat ere jasotzen ditu.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.1 eta 22.5 artikuluetan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44, 45.1 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 1ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Izki eremua (ES2110019) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.

  2. KBE horren mugaketa Dekretu honen I. eranskineko kartografian dago jasota, eta bat dator Atlantikoko eskualde biogeografikoan Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onartzeari buruzkoa den Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian jasotakoarekin.

  3. Aurreko atalean jasotako KBEaren mugaketa I. eranskinean adierazitako muga geografikoetaraino zabalduko da, Europako Batzordeak onartutakoan.

  4. ES2110019 Izki izeneko Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (aurrerantzean Hegaztientzako BBE) mugaketa I. eranskinean jasotakoa da, eta KBEarekin zein zabaldutako eremuarekin bat dator.

  5. Onartu egiten dira KBE/Hegaztientzako BBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

  1. Arau honen xedea honako hau da: KBE/Hegaztientzako BBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion banaketa-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. KBE/Hegaztientzako BBEan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua, 2009/147/EE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

  1. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, II. eranskinak KBE/Hegaztientzako BBEaren izendapena argudiatzen duten Batasunaren garrantzizko habitat motak eta animalia- eta flora-espezieak, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako araudiak eta jarraipen-programa jasotzen ditu.

  2. KBEa kudeatzeko jarraibideak eta neurriak Izkiko Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean txertatuko dira.

  1. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

Dekretu honi ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENengoa

Dekretu hau onartzen denean, Parke Naturalaren eta KBE/Hegaztientzako BBEaren mugak bat etortzeko prozedurari ekingo zaio, eta Parke Naturalaren NBAPa Naturagune Babestuen tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakar bihurtzeko prozedura ere abiaraziko da, 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ingurumenean eskumena duen sailburuak Izki KBEa (ES2110019) zabaltzeari buruz Europako Batzordeak hartutako Erabakia argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

MARTXOAREN 1EKO 33/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA:

MUGAKETA MAPA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_33_2016/izki.json&lang=eu

(Ikus .PDF)