Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

21/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2016ko programa garatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 37
  • Hurrenkera-zk.: 823
  • Xedapen-zk.: 21
  • Xedapen-data: 2016/02/16
  • Argitaratze-data: 2016/02/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

2008tik aurrera jasan dugun krisi ekonomiko sakonarekin batera, nabarmen murriztu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomikoek lor zitzaketen finantzaketa-bideak. Hala ere, azken urteetan, eta batez ere azken biurtekoan, asko normalizatu dira finantzaketa-iturri desberdinak lortzeko aukerak, eta, aldi berean, adierazle ekonomikoek ere hobera egin dute. Joera horrek jarraitu egingo duela ematen duen arren, uste dugu, aurreko urtean bezala, krisi ekonomikoari lotutako ziurgabetasun-egoeraren ondorioz, komeni dela zirkulatzailea finantzatzeko laguntza-programa bat indarrean izatea enpresa txiki eta ertainentzat, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat, 2009tik gauzatu izan diren programen ildotik.

Programaren hartzaileei dagokienez, jarduera honek hauek hartzen ditu kontuan: eragile ekonomikoen talde honek enpresa-egituran duen garrantzia; ekoizpen-jarduera osoan duen eragina, eta handizkako finantzaketa-merkatuetara edo kreditu-erakundeen lerroetara iristeko duen gaitasun erlatibo txikiagoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantza-laguntza emateko programa hau bideratzeko eman beharreko laguntzak, aurreko urtean bezala, honako oinarri hau izango du: bere babesean hitzartzen diren finantzaketa-eragiketen birfidantzamendu partziala. Horretarako lege-oinarria 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legearen 9. artikulua da. Finantza-laguntza emateko programa honek enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen zirkulatzailea finantzatzeko beharrei eta likidezia-beharrei aurre egitea izango du xede.

Horretarako, dekretu honek programan sartzeko baldintzak arautzen ditu, hala nola enpresa eta pertsona onuradunak, bitartekoen erabilgarritasuna eta maileguetarako baldintzak. Era berean, barruan jasotzen du elkarrekiko berme-baltzuetan eta finantzaketa-eskabideetan laguntzen duten finantza-erakundeetan izapideak egiteko prozedura.

Azkenik, Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dauzkan eginkizunak baliatuta, maileguak emateko aukera ere aurreikusten da.

Ondorioz, Ogasun eta Finantza sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 16an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro horren helburua izango da banku-finantzaketa lortzeko aukera ematea, likidezia-beharrei erantzuteko eta kapital zirkulatzailea finantzatzeko, aipatutako eragile ekonomikoez ari garela.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenak izapidetzen dituzten elkarrekiko berme-baltzuen eta finantza-erakunde laguntzaileen bidez, finantza-lerroa eratuko du enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen alde.

  1. Dekretu honetan jasotako bermeak eta finantzaketa-lerroak honako hauek eskuratu ahal izango dituzte:

    1. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa txiki eta ertainek (ETE); hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

      Jarduera ekonomikoren bat egitea.

      250 langile baino gutxiago izatea.

      Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

      Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa batek edo batzuek batera.

      Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan (EEAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.

    2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoek; hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenek:

      Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide berezian alta emanda egotea.

      Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari lotutako jarduera ekonomikoen edo profesionalen bidez etekinak lortzea.

  2. Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomi Elkarteko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. paragrafoetan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte.

    Betekizunen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan adierazitakoa dago. Horren arabera, ezingo dira dekretu honetan bildutako bermeen eta finantzaketa-lerroaren deialdietara aurkeztu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratiboa edo penala jasota duten pertsona fisikoak edo juridikoak, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

    Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, 15. artikuluaren 1. atalean xedatutakoa baztertu gabe, onuradun gisa salbuetsita geratzen dira erakunde eta sozietate publikoak, jarduera ekonomikorik ez duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, finantza-erakundeak (EJZ epigrafeak: 81, 82, 831 eta 832) eta higiezin-jarduerei lotutakoak (EJZ epigrafeak: 833, 834 eta 861.1).

  3. Lerroari heldu ahal izateko, enpresak baldintza hauek bete beharko ditu: kaudimengabezia kolektiboko prozeduran ez egotea; hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak ez betetzea konkurtso-arauen arabera; eta foru-aldundiei eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketetan egunean egotea.

  1. Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xede hau izan behar dute: kapital zirkulatzailea finantzatzeko beharrak eta likidezia-beharrak estaltzea. Eskatzaileak eskuragarri duen finantzaketaren hazkunde garbia ekarri beharko du finantzaketak, eta, beraz, ezin izango da erabili bizirik dauden mailegu edo kredituak amortizatzeko.

  2. Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkarrekiko berme-baltzuak, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu, ahal den neurrian eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.

  1. Dekretu honetan ezarritakoaren arabera gauzatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiek elkarrekiko berme-baltzuren batek abalatuta egon beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta eragiketan parte hartuko duten elkarrekiko berme-baltzuek hitzarmena sinatuko dute, eta, haren bitartez, birfidantzamendu-sistema bat egokituko zaie baltzu horiek abalatutako finantza-eragiketei.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, enpresa eta pertsona onuradunen aldeko finantzaketa-eragiketak formalizatzeko.

  1. Elkarrekiko berme-baltzuek emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, dekretu honetako lehenengo artikuluan zehaztutako beharrizanak estaltzeko erabili diren finantzaketa-eragiketetatik eratorri badira.

  2. Honakoak izango dira abalen kostua eta baldintzak:

    Azterketa-komisioa: maileguaren printzipalaren % 0,10; behin bakarrik, abala eskatzean.

    Formalizazio-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,20; behin bakarrik.

    Abal-komisioa: % 0,75 urteko. Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako maileguak urte bakoitzean egun horretan duen saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan aplikatuko da, batez besteko saldoaren arabera.

    Elkarrekiko berme-baltzuak ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

  1. Finantzaketa-eragiketek ezaugarri hauek izango dituzte:

    Baliabidea: mailegu amortizagarria.

    Gehieneko interes-tasak: Euriborra sei hilabetera, gehi gehieneko diferentziala, maileguaren epearen arabera.

    Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

    Dena den, finantza-erakundeak elkarrekiko berme-baltzuen bermedun ICO lerrotik eratorritako funtsak erabiltzen baditu, finantza-erakundeek finantzaketa tasa finkoari edo aldakorrari aplikatu beharreko gehieneko marjina, ICOk hamabostaldiro eskaintzen duena, % 0,75ekoa izango da, eta hura mailegua ordaintzeko funtsak erabiltzen diren egunean argitaratuko du erakunde horrek.

    Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak maileguen interes-tasak berrikusi ahalko ditu hiruhileko natural bakoitzaren amaieran, merkatuko tasa parekagarrien bilakaera kontuan hartuta. Interes-tasak eguneratzen badira, finantza-erakunde laguntzaile guztiei jakinaraziko zaie, Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariaren ebazpen bidez. Tasa berriak finantza-erakundeei jakinarazi ondoren ematen diren maileguei baino ez zaizkie aplikatuko.

    Mailegu-eragiketen epea eta Euribor aplikagarriaren gaineko diferentziala:

    (Ikus .PDF)

    Maileguetan printzipala amortizatzeko aukerako urtebeteko gabealdia kontuan hartu ahal izango da. Hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Mailegua tasa aldakorrarekin formalizatuz gero, interes-tasa sei hilean behin berrikusiko da.

    Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

  2. Honako hauen artekoa izango da maileguen zenbatekoa:

    50.000 euro eta 650.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.

    5.000 euro eta 100.000 euro artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

    1. 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 352/9, 2013-12-24koa) jasotako nekazaritza-sektorean diharduten eskatzaileentzat, aipatutako erregelamenduaren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko da.

      2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 190/45, 2014-06-28koa) jasotako arrantza- eta akuikultura-sektorean diharduten eskatzaileentzat, aipatutako erregelamenduaren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko da.

    2. Dekretu honen bidez emandako maileguak aurreko ekitaldietan finantza-laguntzako dekretuen eta hitzarmenen bitartez xede bererako emandakoekin bilduko dira, halako eran non batzuen eta besteen batuketak ez duen gaindituko 750.000 euroko baterako muga enpresa txiki edo ertain bakoitzarentzat, eta 120.000 eurokoa banakako enpresaburu edo profesional autonomo bakoitzarentzat, betiere maileguen onuradun diren enpresek edo pertsonek egunean badute aurreko ekitaldietako programen bitartez lortutako maileguen amortizazio-kuoten eta interesen ordainketa.

  3. Enpresa edo pertsona onuradunak emandako maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

  1. Dekretu honek araututako finantzaketa-lerroak eskuratzeko deialdia egingo da; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori, eta publikotasun, lehia eta objektibotasun printzipioei jarraitu beharko zaie.

    Ogasun eta Finantzetako sailburuaren aginduaren bitartez egingo da deialdia, eta erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epe eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak zehaztu beharko dira bertan. Era berean, deialdian laguntzaile diren finantza-erakundeen eta elkarrekiko berme-baltzuen zerrenda ere zehaztuko da.

  2. Deialdian, edo deialdi guztien artean, gutxienez 30 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, 90 milioi eurora handitu ahal izango da zenbateko hori, dekretu honetako I. kapituluan zehaztutako banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

    Hala ere, Ogasun eta Finantza Sailak zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren kolektiboetakoren batean finantzaketa-eskaria nahikoa izan ez den kasuetan.

  1. Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Eskabidea, eranskineko F1P formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.

    3. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P formularioa). Ikuskaritza-bisitan egiaztatu ahal izango dira eta honako hauek dira, hain zuzen ere:

      2015eko ekitaldiko abenduaren 31n langile-taldean zegoen langile-kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.

      Fakturazio-zifra 2015eko ekitaldiko abenduaren 31n.

      Urteko balantze orokorraren zifra 2015eko ekitaldiko abenduaren 31n.

      ETE ez den ezein enpresak edo enpresa batzuek elkarrekin enpresaren kapitalean zuzenean edo zeharka % 25etik gorako partaidetzarik ez izatea.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztelako frogagiria.

    5. Foru Aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    6. Azken hiru ekitaldietako (2013tik 2015era) urteko kontuak.

    7. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria. Enpresak egin behar du (eranskineko F3 formularioa).

  2. Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Eskabidea, eranskineko F1A formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A formularioa).

    3. Foru Aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztelako frogagiria.

    5. Eskatzailearen ondasunen aitorpena.

    6. 2015. urteko diru-sarrera eta gastuen egikaritzea, eta urte honetarako aurreikuspena.

    7. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria.

  3. Eskatzaileak gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa eta bai penala.

  4. Edonola ere, Ogasun eta Finantza Sailak eta elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileek aurkeztu den eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duten informazio osagarria galdegin ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

  1. Lankidetza-hitzarmenaren arabera laguntzaileak diren elkarrekiko berme-baltzuen bulegoetan aurkeztu beharko dira eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak.

    Eskabidea eta horri lotutako gainerako dokumentazioa aurkeztean, eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarren dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.

  2. Interesdunek www.euskadi.eus atarian edo Zuzenean arreta-zerbitzuaren bitartez (012 telefono-zenbakia) eskuratu ahal izango dute informazio gehiago, bai eta eskaera-orriak ere.

  1. Programan laguntzaile diren elkarrekiko berme-baltzuen ardura izango da aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.

  2. Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak agindeia egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

  3. Elkarrekiko berme-baltzuak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

  4. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, «abala baimentzeko agiria» emango du, hala badagokio, eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

  5. Elkarrekiko berme-baltzuak aldi berean emango die «abala baimentzeko agiriaren» berri enpresa edo pertsona onuradunari, finantza-erakunde laguntzaileari eta Ogasun eta Finantza Sailari.

  6. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ogasun eta Finantza Sailari, horretarako egin den lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduei jarraituz.

  1. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak bermatzen den mailegu-eragiketarako «abala baimentzeko agiria» onetsi eta finantza-erakunde egokiari bidali ostean, enpresa edo pertsona eskatzaileak lankidetza-hitzarmena sinatu duen finantza-erakunderen batekin formalizatuko du eragiketa hori.

  2. Finantza-erakundeek formalizatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Finantza Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduei jarraituz.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak berme-baltzu laguntzaileei eskainitako birfidantzamendua, dekretu honen 4.1 artikuluan jasotakoaren arabera, bertan behera geratuko da «abala baimentzeko agiria» ematen den egunetik gehienez hiru hileko epean formalizatzen ez diren eragiketetan.

  1. Dekretu honetako diru-laguntzak emateari utziko zaio haren bidez banatutako finantzaketa-eragiketak 600 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean.

  2. Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko du aurreko hori Ogasun eta Finantza Sailak, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Finantza-laguntza emateko programa honetako erakunde eta pertsona eskatzaileek egindako erreklamazioak jasoko ditu Ogasun eta Finantza Sailak, eta haiek kasuan kasuko elkarrekiko berme-baltzuari edo finantza-erakundeari entzun ostean bideratuko dira. Aurkeztutako erreklamazioa Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordearen ebazpen bidez ebatziko da.

  1. Finantza-laguntzako programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta erakunde laguntzaileek Ogasun eta Finantza Sailaren egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduerak onartu beharko dituzte.

  2. Jarduera horien ondorioz egiaztatuko balitz pertsona edo enpresa onuradunen batek baldintzaren bat bete ez duela, dagokien elkarrekiko berme-baltzuari eta finantza-erakundeari jakinaraziko litzaieke hori, emandako finantzaketa ezezta dezaten. Hori dela eta, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, aurretiaz amortizatuta. Bestalde, egiaztatuko balitz erakunde laguntzaileetakoren batek bere egindako betebeharren bat bete ez duela, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lege- eta administrazio-jarduera batzuk abiaraztea baztertu gabe.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere egindako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, erakunde onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak, prozedura egokia bideratu eta erakunde onuradunari entzun ondoren, enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.

  1. Eragiketek «minimis» estatuko laguntzak erregulatzeko araudiak ezarritakoa beteko dute, honako hauetan bildutakoa, hain zuzen: 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013-12-24); 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013-12-24); eta 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Batzordearen Erregelamendua, arrantza- eta akuikultura-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014-06-28).

    Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein herri-administrazio, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa.

  2. Arau honen bidez onuradun diren pertsona edo enpresek beti jakinarazi beharko diote Ogasun eta Finantza Sailari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

Finantzen Euskal Institutuak, egokitu zaizkion eginkizunak baliatuta, dekretu honetako lehen artikuluan zehaztutako finantzaketa-beharrak estaltzeko maileguak eman ahalko ditu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Ogasun eta Finantzetako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Dekretu hau «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)