Arautegia
Inprimatu5/2016 DEKRETUA, urtarrilaren 26koa, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten elkarteentzako eta erakundeentzako laguntzak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 20
- Hurrenkera-zk.: 444
- Xedapen-zk.: 5
- Xedapen-data: 2016/01/26
- Argitaratze-data: 2016/02/01
Gaikako eremua
- Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Terrorismoaren biktimei aitorpena eta ordaina egiteko den ekainaren 19ko 4/2008 Legeak, 27. artikuluan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio izaera osagarria duten jarduerak sustatzeko, lege horretan ordaina jasotzeko eta laguntzeko ezarritako xedeak hobeto bete ahal izateko komenigarriak edo beharrezkoak direnak.
Era berean, aipatutako legearen IV. tituluak, «Elkarteen jarduerak sustatzea» izenekoak, sustapen-politika horren helburu gisa, bereziki adierazten du elkarteek eta erakundeek sustatutako egitarauak eta jarduerak bultzatzea, egitarau eta jarduera horien xedea honako hau denean: batetik, biktimei arreta eta giza laguntza ematea, lagunekin eta familiakoekin batera epaiketetara laguntzea, terrorismoaren biktimei orientazio edo laguntza psikosoziala ematea; edo, bestetik, gai honi buruzko foroak, ikastaroak eta mintegiak egitea eta hezkuntzara edo balio etiko eta demokratikoen sustapenera bideratutako bestelako jarduera eta proiektuak lantzea.
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren otsailaren 23ko 55/2010 Dekretuak ezartzen du, kide anitzeko organo honen zereginen artean, Eusko Jaurlaritzari irizpideak proposatzea terrorismoaren biktimei zuzendutako arretaren eta laguntzaren arloan jardun ohi duten erakundeentzako eta elkarteentzako laguntza eta diru-laguntza publikoak banatzeko.
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean terrorismoaren biktimei emandako arretarekin lotutako gaiak kudeatzen dituen sailean egon den atxikipen organikoaren aldaketa dela-eta, une honetan Lehendakaritzan kokatzen dena, beharrezkoa da dekretu mailako baliabide juridiko bat onartzea.
Dekretu honen bidez alderdi jakin batzuk aldatu dira Herrizaingo sailburuaren ekainaren 22ko aginduan, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakundeentzako eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituena, terrorismoaren biktimei zuzendutako laguntzak erregulatzeko eta onartzeko prozesuetan hobekuntza teknikoak gehitzeko helburuarekin.
Aldaketa horien artean, laguntzak erabakitzeko norgehiagokazko prozedura bakar baten ezarpena nabarmendu beharra dago, haren bitartez prozedura arrazionalizatzea eta sinplifikatzea lortzen baita, beharrezko bermeak murriztu gabe. Halaber, laguntzen mugak homogeneizatzen dira, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzen jarduten duten elkarteen eta erakundeen tipologiaren eta egoitza sozialaren arabera.
Bestalde, emandako diru-laguntzari dagokionez, beharrezkotzat jo da langileen gastuen eta gastu arrunten finantzaketari mugak ezartzea, kontuan hartuta mota horretako gastuek Dekretuaren helburu nagusiaren mendekoak izan behar dutela: terrorismoaren biktimei arreta eta laguntza ematearekin lotutako jarduerak eta programak gauzatzea.
Dekretu honen bidez Balioespen Batzordearen osaera aldatu da banantze-irizpide subjektibo baten arabera; hala, Balioespen Batzordea laguntzak esleitzeko proposamena aurkezteko ardura hartzen duena bereizi egin da ebazpenak erabakitzen dituen organotik laguntzak onartzen ala ukatzen dituena.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloari dagokionez, Dekretu honek laguntzak esleitzeko irizpide berri bat ekarri du, generoaren ikuspuntua proiektuetara eransteko moduari dagokiona, eta entitate onuradunen betebehar gisa ezarri da igorritako dokumentu guztietan hizkera sexistarik erabiliko ez dela bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
Ondorioz, Dekretu honek gai horren inguruko aurreko araua indargabetu du, aipatutako Herrizaingo sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko agindua.
Horregatik guztiagatik Dekretu hau onartutzat eman da, arlo honetan erregelamendu-esparru bat ezartzeko xedez, Terrorismoaren biktimei aitorpena eta ordaina egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legean ezarritakoari jarraikiz, eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua entzun ondoren.
Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko urtarrilaren 26ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak arautzea, hain zuzen horiek zuzendu badira terrorismoaren biktimei laguntzeko programak eta jarduerak finantzatzera, terrorismoaren biktimen arloan jardun ohi duten erakundeek eta elkarteek sustatuta, Terrorismoaren biktimei aitorpena eta ordaina egiteko den ekainaren 19ko 4/2008 Legearen IV. tituluan ezarritakoa betetzeko asmoz.
Dekretu honek araututako laguntzak helburu hauek dituzten programak edo jarduerak sustatzera zuzenduko dira:
Terrorismoaren biktimei arreta, orientazioa eta giza babesa ematea.
Terrorismoaren biktimei eta zaintzailearen lana betetzen duten familiako pertsonei laguntza psikosoziala ematea.
Biktimak edo beren senitarteak laguntzea Entzutegi Nazionalean gauzatuko diren epaiketetara, hain zuzen biktimak izatera eraman dituzten delituei dagozkienak.
Oro har, terrorismoaren biktimei buruzko eztabaida-guneak, ikastaroak edo mintegiak antolatzea.
Hezkuntzara edo balio etiko eta demokratikoen sustapenera bideratutako bestelako jarduerak eta proiektuak lantzea.
Dekretu honen xede diren programak eta jarduerak dagozkien deialdian zehaztutako epearen barruan gauzatu beharko dira.
Aurreko artikuluaren xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik aterako dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen zenbateko osoak ezin du gainditu aipatutako zuzkidura edo haren kopuru eguneratuta, baldin eta indarreko legeriarekin bat etorrita, aurrekontu aldaketak onesten badira, prozeduraren ebazpena onartu baino lehen. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, terrorismoaren biktimen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpenaren bidez.
Dekretu honek araututako laguntzen onuradun izan daitezke entitate hauek:
Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten terrorismoaren biktimen elkarteak.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egoitza duten terrorismoaren biktimen elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako ekintza terroristen biktimak izanez gero beraien kideen artean.
Bestelako pertsona juridikoak, pribatuak eta irabazi-asmorik gabekoak, beren ohiko jarduera dekretu honen eremuan garatu eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dutenak, eta helburu eta xede gisa bertan gertatutako terrorismo-ekintzetako biktimen arreta dutenak, baita balio etiko eta demokratikoen sustapena eta bake-hezkuntza eta Giza Eskubideak ere.
Ezingo dituzte dekretu honetan erregulatutako laguntzak eskatu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien administrazio-zehapena edo zehapen penala duten entitateek, ezta haiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen legezko debekuren bat dutenek ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ezarritakoak barne, betiere dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.
Entitate onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaitzea.
Laguntzen helburua aipatutako entitateek ondoko programak eta jarduerak gauzatzea izan beharko da:
Terrorismoaren biktimei arreta, orientazioa eta giza babesa emateko helburua duten programak edo jarduerak.
Terrorismoaren biktimei eta zaintzailearen lana betetzen duten familiako pertsonei laguntza psikosoziala, barne geratzen direlarik zaintze-prestakuntza, zaintzaileei laguntzeko taldeak eta dagozkien etxez etxeko laguntza.
Biktimak edo beren senitarteak Entzutegi Nazionalean gauzatuko diren epaiketetara laguntzeko programak edo jarduerak; hain zuzen, biktimak izatera eraman dituzten delituekin lotutakoetara.
Programa horiek orientazioa eta laguntza pertsonala edota psikologikoa eskainiko diete ahozko epaiketetara edo atal honetan aipatutako bestelako prozedura-izapideak egitera joan behar dutenei.
Entitate eskatzaile bakoitzari gehienez emango zaion zenbatekoa 10.000 euro izango da. Diruz lagunduko diren gastuen artean sartuko dira agerraldia prestatzeko eta laguntzeko behar direnak, baita entitateak berak zuzenean hartutako beste batzuk, hots, biktimen eta senitartekoen eta beraien laguntzaile pertsonalen joan-etorri, mantenu eta ostatutik sortuak.
Aurrekoa ataletan jasotako gaien inguruko eztabaida-bilerak, ikastaroak edo mintegiak egitera zuzendutako programak edo jarduerak.
Atal honetan, diruz lagun daitezkeen bidaia- eta ostatu-gastu bakarrak irakasleenak, hizlarienak eta biltzarkideenak izango dira: gehienez 2.000 euro entitate eta ekitaldi bakoitzeko.
Hezkuntzara edo balio etiko eta demokratikoen sustapenera bideratutako bestelako jarduerak eta proiektuak lantzea.
Entitate onuradunek artikulu honetako 1. paragrafoko a), b) eta d) ataletan aipatutako proiektuei emandako diru-laguntzari esleitu ahalko dizkiote beren langileen gastuak eta gastu arruntak, betiere emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 25eko mugarekin, eta entitate bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa inola ere gainditu gabe.
Dena dela, muga horiek ez dute eraginik izango proiektuaren edo jardueraren garapenerako ezinbestekoak diren gastuetan, betiere horrela egiaztatzen bada azalpen-memorian.
Hala eta guztiz ere, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa honako muga hauen araberakoa izango da, entitateek aurkeztutako gastuen aurrekontuari aplika dakizkiokeenak:
Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako biktimen elkarteak: % 90.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratutako biktimen elkarteak: % 70.
Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako beste entitate batzuk: % 70.
Dekretu honen babespean lortutako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako beste laguntza batzuekin, helburu bera badute.
Beste administrazio publiko edo entitate pribatu edo publiko batzuek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako diru-laguntzekin bat eginez gero, laguntza horien zenbatekoa ez da izango entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gain-finantzaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntzari kenduko zaio gainditzen duen zenbatekoa, Dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz.
Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularraren urteroko ebazpenaren bidez egingo da Dekretu honetan erregulaturiko laguntzen deialdia. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta laguntza horiei urtero eskainiko zaizkien baliabide ekonomikoak zehaztuko ditu.
Interesa duten elkarteek eta entitateek prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ditzakete, baliabide elektronikoen bidez.
Laguntza horiek izapidetzen erabiliko diren baliabide elektronikoen jarraibideak argitaratuko dira deialdiei dagozkien ebazpenetan ezarriko diren helbide elektronikoetan.
Eskabideak, deialdien ebazpenetan ezarritako agiriekin batera, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskudunaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, adierazitako guztian behar bezala betetako eskabide-orri normalizatuaren bidez.
Eskabide-eredua deialdiei dagozkien ebazpenetako eranskin gisa egongo da, eta horietan ezarriko den helbide elektronikoan.
Era berean, eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira, dagokien deialdien ebazpenetan ezarritako euskadi.eus helbide elektronikoan.
Eskabideetan aukera egongo da laguntza eskatu duen entitateak esanbidez baimendu dezan dokumentazioaren zati bat laguntzaren organo-kudeatzaileak lortzea edo egiaztatzea, kalterik eragin gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen, egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenei.
Laguntzen entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin loturikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste alditan, eta horretarako ez du beharko entitate horien aurretiazko baimenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Beste autonomia-erkidego batean helbideratutako entitateen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak haiekiko elkareragingarritasunezko zerbitzurik ez badu, zerga-betebeharrak egunean direla ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
Honako eginbehar hauek erantzukizunezko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira:
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
Eskatzailea murgildurik ez egotea oraindik izapidetzen ari diren diru-itzulketa edo zigortze-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitakoak.
Entitate eskatzaileak ezin du ezarrita eduki laguntza eta diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio arlokorik, ez zigor bidekorik, eta ezin du eduki legez debekatuta halakorik eskuratzea (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).
«Minimis» araubidearen mendeko bestelako diru-laguntzak aitortzea, dagokien zerga-ekitaldian eta aurreko bietan jasotakoak, frogatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduak, Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoak, agindutako muga maximoa.
Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Eskaera egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, deialdian zehaztutako helbidean egingo dira.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunaz geroztik.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo deialdiaren ebazpenean eskatutako agiriak berekin ez baditu, Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko zaiola, herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera.
Laguntzak lehiaketa bidezko prozedura baten bidez esleituko dira.
Horretarako, proportzionaltasunaren irizpidea erabiliko da diru-laguntzak emateko; gauzak horrela, diru-kopurua eskaera guztien artean banatuko da, balorazio fasean lortutako puntuazioaren arabera, eta Dekretu honetako 4. artikuluan aurreikusitako diru-kopuru mugatua errespetatuko da, eskatutako zenbatekoa gainditu gabe.
Aurkezten diren eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da; kide hauek izango ditu:
Batzordeburua:
Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskudunaren zerbitzuko arduraduna.
Batzordekideak:
Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako teknikari bat.
Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskuduneko teknikari bat, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.
Hurrengo paragrafoan ezarritako irizpideak aplikatuko dira eskabideen balorazioak egiteko; hori egin eta gero, Batzordeak laguntzak emateko proposamena egingo du eta Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrari aurkeztuko dio, ebazpena eman dezan.
Eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideak baloratuko dira hurrengo irizpideen eta ponderazioen arabera, eta guztira 100 puntu jaso ahal izango dituzte:
Entitate eskatzailea (15 puntu).
Terrorismoaren biktimen elkarteei eta erakundeei dagokienez, EAEn gauzatutako atentatuen ondorioz terrorismoaren biktimak edo horien lehen mailara arteko senideak diren kideen kopurua baloratuko da.
Gainerako entitateei dagokienez, proposatutakoaren antzeko izaera duten proiektuak egiten metaturiko esperientzia eta gaitasuna baloratuko da.
Bi kasuetan, gainera, emakumeek zuzendaritza-batzordeetan berdintasunezko baldintzetan parte hartzea baloratuko da.
Entitate eskatzaileak aurreko hiru urteetan garatutako programak edo jarduerak (15 puntu).
Terrorismoaren biktimei laguntzeko jardueren eremuan, aurreko hiru urteetako deialdietan garatutako ekintzen kopurua, izaera eta kaudimena (10 puntu).
Funts pribatuen bidez egindako gastuaren estaldura (5 puntu).
Aurkeztutako proiektua (55 puntu).
Dekretu honetan zehaztutako helburuekiko egokitasun-maila (15 puntu).
Kalitate teknikoa (10 puntu).
Kontrol-mekanismoak, helburuak lortu direla eta gastuaren eraginkortasuna bermatzeko (10 puntu).
Pertsonen eta entitate pribatuen inplikazioa proiektuarekiko (5 puntu).
Benetako onuradunak edo parte-hartzaileak diren pertsonen kopurua (10 puntu).
Nola txertatu den generoaren ikuspuntua egin beharreko programetan, jardueretan eta ekintzetan (5 puntu).
Entitate eskatzaileak proiektua gauzatzeko aurkezten dituen baliabide pertsonalak eta materialak, herri administrazioek diruz lagundutakoak ez direnak (15 puntu).
Balorazio orokorrean 40 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak ezingo dira diruz lagundu.
Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrak emango du laguntzak onartzeko edo ukatzeko ebazpena, eta, hala badagokio, emandako laguntzen zenbatekoa ere zehaztuko da bertan.
Ebazpena 4 hilabeteko epean eman beharko da, baita pertsona interesdunei jakinarazi ere, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenaren jakinarazpenik jaso ezean, eskabidea ezetsitzat eman ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Jakinarazpena Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 58. eta 59. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz egingo da edo, hala badagokio, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta bat datozen artikuluen arabera.
Entitate onuradunen zerrenda, baita emandako diru-laguntzen zenbatekoa ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek jakin dezaten.
Diru-laguntza bi alditan ordainduko da: lehenengoan emandako zenbatekoaren % 50 ordainduko da, 16.2 artikuluan adierazitako epea igaro eta berehala, pertsona interesdunak uko egin ezean; eta gainerako % 50a laguntza ematea eragin zuen xedea bete dela eta jasotako funtsak 15. artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatu direla egiaztatu eta gero.
Diru-laguntza justifikatuko da egindako programaren edo jardueraren txosten xehatua aurkeztuz; horrek gastuen eta sarreren balantzea izango du eta, halaber, horretan aurkeztuko dira diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egindako gastuen jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.
Halaber, memorian erantsiko dira diru-laguntzen erabiltzaileen edo onuradunen kopuruen adierazleak eta datuak, baita diruz lagundutako proiektua gauzatu duen plantillarenak ere, sexuaren arabera bereizita; salbuespen gisa, entitate onuradunak, garatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, datu horiek ezin eskuratu ditzakeela justifikatzen duenean izan ezik.
Egiaztagiriak Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskudunera bidali beharko dira, deialdiaren urtearen hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen.
Entitate edo elkarte onuradunek, diru-laguntza onartzearekin batera, Dekretu honetan ezarritako arau guztiak ere onartu behar dituzte, baita itzulketen eta zehapenen erregimenarekin lotuta dauden bermeak ere, hau da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoak.
Diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasita 15 eguneko epean, entitate edo elkarte onuradunak diru-laguntzari uko egiten diola berariaz eta idatziz jakinarazten ez badu, onartu egin duela ulertuko da.
Zehatz-mehatz, entitate edo elkarte onuradun bakoitzak betebehar hauek izango ditu:
Diru-laguntzaren xede den programa edo jarduera egitea.
Diru-laguntzaren xedea bete dela eta jasotako funtsak Dekretu honen 15. artikuluan jasotako terminoetan aplikatzen direla egiaztatzen duen agiria aurkeztea.
Terrorismoaren Biktimen arloko zuzendaritza eskudunaren eta Kontrol Ekonomikoaren Bulegoaren egiaztatze-lanak onartzea, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta diru-laguntzei dagokienez, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak ezarritakoak ere.
Xede bera duten bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Terrorismoaren Biktimekin loturiko zuzendaritza eskudunari.
Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Terrorismoaren Biktimen arloko zuzendaritza eskudunari horren berri ematea.
Berariaz aipatuko da Eusko Jaurlaritzaren lankidetza diruz lagundutako jarduera guztietan, eta programen hartzaileei ere jakinaraztea.
Terrorismoaren Biktimen arloko zuzendaritza eskudunari ematea 4.1 artikuluko d) eta e) paragrafoetan sartutako programetan edo jardueretan sortutako materialak biltzen dituen artxibo digitala, zuzendaritza horrek webgunean herritarren esku jar ditzan, edo dagokien URL helbidea ematea haietarako esteka sartu ahal izateko.
Igorritako dokumentu guztietan hizkera sexistarik erabiliko ez dela bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
Terrorismoaren Biktimen arloko zuzendaritza eskudunari dagokio Dekretu honen babespean iragarritako deialdian aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea.
Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskudunak egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu emandako diru-laguntzari dagokionez, eta, hala behar izanez gero, hura emateko aurkeztutako frogagiri guztiak eskuratu ahalko ditu.
Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskudunak aldian behin azter dezake aurreikusitako jarduerak Dekretu honetako helburuei egokitzen zaizkien, behar diren neurri zuzentzaileak finka ditzake eta egoki iritzitako egiaztapenak egin, laguntza ematen duen ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak eta hau aldi berean jasotzeak, diru-laguntza hori emateko ebazpena aldaraz dezakete, betiere onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak gordetzen badira.
Ondorio horietarako eta 11.2 artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoaren proposamenez, Terrorismoaren Biktimei arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrak ebazpena emango du emandako diru-laguntzen kopuruak berriro egokitzeko. Hala ere, baldintzen aldaketek emandako diru-laguntza handitzea ekartzen badute, onar daitezke, hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu gabe.
Hutsegiteak izango dira Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan zehaztutakoak, honako hauek bereziki:
Jasotako diru-laguntzaren zenbateko osoa edo zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren xedea ez den beste jarduera baterako erabiltzea.
Aukeratutako proiektuan aldaketak egitea, garrantzirik gabekoak izanik, Terrorismoaren Biktimen arloko Zuzendaritza eskuduneko titularrak ontzat ematen ez baditu.
Diru-laguntza emateko ebazpenean baimendutako partidak ez frogatzea.
Aurkeztutako eskabidean edo agirietan dauden datuak benetakoak ez izatea.
Kontrolezko administrazio-organoek eskatutako laguntzen inguruko informazioa edo dokumentazioa ez ematea.
Diru-laguntzaren elkarte edo entitate onuradunak betetzen ez badu emate-ebazpenean edo Dekretu honetan ezarritako baldintzaren bat, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari itzuli beharko dio jasotakoa eta legez dagozkion interesak, eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio.
Dekretu honetan jasotako laguntzek edo diru-laguntzek honako hau bete beharko dute: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
Indargabe geratzen da Herrizaingoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Agindua, Terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituena.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko urtarrilaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: EBAZPENA, 2016ko apirilaren 21ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinak 2016. urteko laguntzetarako deialdia egiten baitu terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako.
- Ikus: EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 25ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez 2017. urteko laguntzetarako deialdia egiten baita terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzat
- Indargabetutakoa: 57/2018 DEKRETUA, apirilaren 24koa, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko proiektuetarako diru-laguntzak arautzen dituena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Herrizaingoko sailburuarena, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituena.
- Ikus: 4/2008 LEGEA, ekainaren 19koa, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa.