Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

4/2016 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen Dekretua aldatzen baita, bizitegi-kuantifikazioari dagokionez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 25
  • Hurrenkera-zk.: 548
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2016/01/19
  • Argitaratze-data: 2016/02/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoan 1997tik hona indarrean dauden Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan, udalerrietako plangintzaren bizitegi-kuantifikazioari buruzko irizpideak eskaintzen dira, eta dagozkien eremu funtzionaletan aplikatu beharreko lurralde-plan partzialetarako erreferentzia-esparru izan daitezke.

Urteen joanaren ondorioz, gorabeherak izan dira demografian, familien tamaina aldatu egin da, etxebizitza-parkea eta etxebizitzen erabilera ere aldatu egin dira, eta lurzoruaren artifizializazioa ere gertatu da; faktore horien guztien ondorioz jazotako aldaketak direla-eta, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aldatu beharra dago bizitegi-kuantifikazioari dagokionez, egoera berrira egokitu daitezen. Horrela, bada, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aldaketa zehatz bat da, arlo zehatz horretakoa.

Era berean, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak onartu zirenetik ia hogei urte igaro direnez, 1997an onartutako lurralde-eredua erabat berrikusteko parte-hartze prozesu bat jarri beharko da martxan, eta, bertan, normala denez, bizitegi-kuantifikazioa ere berrikusi beharko da, prozesu horretatik ateratzen den lurralde-eredura egokitu dadin.

Dena dela, egungo egoera ikusita eta kontuan izanda lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen xedapenetara egokitu behar dutela udalerriek hirigintza-plangintza, indarrean dauden Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan finkatutako bizitegi-kuantifikazioa berehala aldatu beharra dago.

Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez Gobernu Kontseiluak 2016ko urtarrilaren 19an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

«7. artikulua. Bizitegi-kuantifikazioa.

  1. Bizitegi-kuantifikaziorako prozedura.

    1. Plangintzako bizitegi-kuantifikazioa ezartzeko prozedura dekretu honen eranskinean dago jasota.

    2. Eranskin horretan deskribatutako metodologia lurralde-plan partzialak egokitzeko aplikatu ahal izango da, bai eta hirigintzako udal-plangintzak berrikusi eta aldatzeko ere. Dena dela, eranskinean jasotako balioen datuak argigarriak eta gutxi gorabeherakoak dira, eta, beraz, ez dute arau-baliorik.

    3. Bizitegi-kuantifikazioaren kalkulua estatistika ofizialaren gainean eta plangintzaren berrikusketaren aurrerapena erakusteko akordioaren aurreko urtean dauden datuen gainean egingo da.

  2. Bizitegi-beharrak.

    Bizitegi-beharrak honako hauek batuta ateratzen dira:

    1. Bertako biztanleriaren kopurua aldatzeak sortutako etxebizitza nagusien beharrak.

    2. Familia-tamaina aldatzeak sortutako etxebizitza nagusien beharrak.

    3. Etxebizitza nagusien eskaria aldatzeak sortutako bigarren etxebizitzen eskaria.

    4. Bigarren etxebizitzen koefizientea aldatzeak sortutako bigarren etxebizitzen eskaria.

    5. Okupatutako etxebizitzen kopurua aldatzeak sortutako etxebizitza hutsen aurreikuspena.

    6. Dagokion eremu funtzionaleko lurralde-plan partzialean ezarritako lurralde-ereduaren zuzenketak.

      Harrotze-faktorea.

    1. . Harrotze-faktorea indize bat da, zeinek gehieneko bizitegi-beharraren zifra plangintzan kalifikatutako lurraren gehieneko hartze-ahalmen bihurtzen baitu, izan litezkeen beharrak asetzea bermatzeko.

    2. Harrotze-faktorea 2,2 eta 3,0 artean egongo da, eta udalerriak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzeko erabiltzen diren bost mailen arabera aplikatuko da (eranskinean zehaztuta daude).

      1. Etxebizitza hutsa.

        1. Etxebizitza hutsaren balioa, bizitegi-kuantifikaziorako kontuan hartu beharrekoa, bizitegi-parkeko etxebizitza guztien % 2 izango da gutxienez.

        2. Bizitegi-kuantifikazioan etxebizitza huts guztien % 50 sartzea gomendatzen da (behin etxebizitza hutsen portzentaje teknikoa, eranskinean adierazitakoa, kendu ondoren).

      2. Hirigintza-plangintzaren bizitegi-kuantifikazioa.

        1. Plangintza orokorrean aurreikusitako hiri-lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren bizitegi-ahalmena dekretu honetako irizpideak aplikatuz ateratzen diren balioen barruan egongo da. Horrela, baliorik handiena, orokorrean, aterako da bizitegi-beharrak kalkulatuz behin harrotze-faktorea aplikatu ondoren eta etxebizitza hutsengatiko portzentajea kendu ondoren; baliorik txikiena, berriz, gehieneko balioari % 50 aplikatuz aterako da.

        2. Arau orokor horren bi salbuespen daude bizitegi-ahalmenaren gehieneko balioa finkatzeko orduan:

          1. Udalerri guztietan, hirigintza-plangintza onartzen den unean, bizitegi-ahalmena ez da etxebizitza-parkearen % 50 baino handiagoa izango.

          2. Edozein udalerrik hasierako etxebizitza-parkearen % 10aren pareko bizitegi-ahalmena planteatu ahal izango du. Era berean, gutxienez, 20 etxebizitzako ahalmena ezartzen da. Kopuru hori dagokion lurralde-plan partzialak egokitu ahal izango du, hala behar izanez gero.

        3. Ez dira bizitegi-ahalmenaren handitze gisa hartuko honako hauek:

          1. Etxebizitza-kopurua edo hirigintza-eraikigarritasuna zuzkidura-jarduketa bidez handitzea. Horren salbuespentzat hartuko dira eraikuntzarik gabeko partzeletan egindakoak edo antolamenduz kanpokotzat deklaratutako eraikuntzekin egindakoak.

          2. Lurzoru urbanizaezinean kokatutako etxebizitzen azpibanaketa.

          3. Aurreikusi diren baina eraiki ez diren eraikuntzak, dagoeneko lizentzia dutenak.

          4. Birgaitzeen bidez sortutako etxebizitzak, edo merkataritzako lokalen erabilera aldatuz sortutakoak.

        4. Aukeran, bizitegi-kuantifikazioan landaguneen ahalmena ere sartu ahalko da.

        5. Etxebizitza-kopurua eraikigarritasun bihurtzeko orduan, dekretu honen eranskinean ezarritakoa hartuko da kontuan.

      3. Bizitegi-kuantifikazioa lurralde-plan partzialetan.

        1. Lurralde-plan partzialetan eremu funtzionaleko esparruaren barruko udalerri bakoitzari dagokion bizitegi-lurzoruaren eskaintza kuantifikatu beharko da, eta, zehatzago, lurralde-ereduaren osagaia.

        2. Behin betiko onartutako lurralde-plan partzialak bizitegi-kuantifikazio horretara egokitu beharko dira, gehienez ere sei urteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

        3. Lurralde-plan partzialak aldaketa honetara egokitzeko prozesuan, kontuan hartuko dira udaletako hirigintza-plangintzetan dagoeneko sartuta dauden bizitegi-kuantifikaziora egindako egokitzapenak.

      4. Bizitegi-kuantifikazioa udaleko hirigintza-plangintzan.

        1. Lurralde-plan partzialak bizitegi-kuantifikazio honetara egokitu arte, udal-plangintzetan honako hau izango da gehieneko bizitegi-ahalmena: indarrean dagoen lurralde-plan partzialetik eta aldaketa hau aplikatzetik ateratzen diren gehieneko balioetatik txikiena. Gutxieneko bizitegi-ahalmena izango da gehienez aplika daitekeen bizitegi-ahalmenaren tarteari dagokiona.

        2. Onartutako plangintza egokitu arte, udal-plangintza berrikusteko prozesuetan, baldin eta indarreko plangintzaren bizitegi-ahalmena aldaketa honetako irizpideetatik ateratzen dena baino handiagoa bada:

          1. Ahalmen handiagoa errespetatu ahal izango da, birgaitzeko, berritzeko edo hiri-lurzorua birdentsifikatzeko jarduketetatik ateratzen denean, indarreko plangintzaren ahalmena gainditu gabe.

          2. Lurzoru urbanizagarriari dagokionez, indarreko plangintzak onartutakoa errespetatu ahal izango da, baldin eta behar bezala justifikatzen bada hirigintza-garapena edo plangintzaren gauzatzea kontuan izanda; hala ere, kasu horretan, ez da onartuko berriz sailkatzea lurzoru urbanizaezina hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa.

          3. Udalerri erregresiboetan, plangintza berrikusteko prozesuak espediente honetako irizpideetara egokitzeak lurzoru urbanizagarri asko desklasifikatzea badakar, bizitegi-ahalmen handiagoa onartu ahal izango da, behar bezala justifikatuta, eta, dena dela, gehieneko muga kalkulatzeko, kontuan hartuko da udalerriko biztanle-kopuruari eutsiko zaiolako hipotesia (A1 osagaia = 0). Irizpide horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak berariazko balorazioa ematea dakar.

        3. Ezin izango da plangintzaren aldaketarik onartu, baldin eta aldaketek bizitegi-ahalmena plangintza behin betiko onartu denetik eman diren lizentzien gainetik handitzen badute, salbu eta hiri-lurzorua birdentsifikatzeko eta berritzeko jarduketen kasuan.

      5. Herrigune anitzeko udalerriak edo kontzeju-egitura dutenak.

        1. Herrigune anitzeko udalerrietan edo kontzeju-egitura dutenetan, irizpide orokorretatik ateratzen den bizitegi-kuantifikazioko kopurua herrigune nagusiaren eta bizitegi-garapenak planteatzen diren herriguneen gainean aplikatuko da.

        2. Kontzeju-egitura duten udalerrietako gainontzeko herriguneetan, etxebizitza-kopurua handitzea ahalbidetuko da, dauden etxebizitzak gainditu gabe.

        3. Kuantifikazioaren kalkulu orokorrean kontzeju guztien bizitegi-ahalmena sartzeko aukera dago.

        4. Landaguneetan, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak xedatutakoa beteko da.

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aplikatu eta garatzeko tresnek kontuan izan beharko dute indarrean den arloko legeria, eta, hain zuzen ere, besteak beste, abiazio zibilean, administrazio hidraulikoan edo garraioaren azpiegituretan aplikatzekoa dena.

Dekretu hau ez da nahitaez aplikatzekoa izango dekretua indarrean sartzen denerako hasieran onartuta duden lurralde-plan partzialetan eta udaletako hirigintza-plangintzetan.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko urtarrilaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

  1. Bizitegi-kuantifikazioa.

    Udal-plangintzarako bizitegiak kuantifikatzeko metodologiak bi helburu bete nahi ditu. Lehenik, kuantifikatzeko metodo orokorra azaltzen da, kasuan kasuko proiekzio zehatzagorik gabe, EAEko edozein udalerritako bizitegi-ahalmena nahikoa zehaztasunez kuantifikatzea ahalbidetzen baitu. Bigarrenik, azaldutako metodologiak erreferentzia gisa erabili ahal izango den kontzeptuzko eskema bideratuko du, kasuan-kasuan egoki irizten diren egokitzapen eta hobekuntzekin, Lurralde Plan Partzial ezberdinek dagokien eremuko udalerrietarako egin behar duten bizitegi-ahalmenaren kuantifikaziorako.

    Formulazioak kontzeptu orokorrak dakartza, eta horiek Lurralde Plan Partzialek kasuan-kasuan identifikatzen dituzten lurralde-ereduaren zuzenketekin batera aintzat hartu beharko dira. Azpimarratu behar da zuzenketa horiek behar beste zehaztu beharko direla, hala tamainari, nola denboran zeharko erritmoari dagokionez, azaldutako kuantifikazio-metodoak barne hartzen dituen osagai orokorrei arazorik gabe eransterik egon dadin. Gainera, zuzenketa zehatz horiek eragindako udalerri ezberdinen gaineko eragin positibo eta negatiboak identifikatu beharko dituzte, lurralde-ereduan proposatutako aldaketek erantsitako eragin metatua ezerezean gera dadin (dagozkion fluxuetarako proposatutako lurralde-eremuarena ez den jatorri edo jomuga bat zehazten den kasuetan izan ezik).

    Bestalde, metodologia honetan proposatzen diren kasu orokorrak eguneratu egin beharko dira denbora igaro eta informazioa berria eduki ahala. Bigarren etxebizitza eta hutsik dauden etxebizitzen inguruko alderdiek interes berezia dute, informazio orokorra ez baita oso fidagarria atal hauen inguruan. Fenomeno horiek garrantzi berezia duten udalerriek dagokion informazioa eman eta gai horien inguruan ezarritako kasu eta koefizienteak justifikatu beharko lituzkete.

    Era berean, nahitaezkoa da joerak identifikatzeko erabilitako biztanleria- eta etxebizitza-kopuruak homogeneoak direla eta proposatzen den proiekziorako denbora-tarte egokia betetzen dutela ziurtatzea, identifikatutako joerek aztertutako aldagaien egiazko portaera isla dezaten.

    Planeamenduaren eragileen arreta eskatzen duen beste alderdi bat, plangintza-ariketa orori atxikitako denborazko erreferentziak egokitasunez tratatzea da. Ezinbestekoa da kuantifikazioaren denbora-mugak, erabilitako aldagaietarako erreferentziazko datak eta fluxu eta bariazio garrantzitsuen urteko erritmoak argi eta garbi zehaztea. Zehaztasun horrek proposatutako kuantifikazioaren inplikazioak hobeto ikustea eta ondoriozko planaren ebaluazio gardenagoa egitea ahalbidetzen ditu, zehaztasunez mugatutako denbora-tarte baten inguruko beharren proiekzioaren inguruko kuantifikazioak baino ez baitu zentzua.

    Bizitegi-ahalmena kuantifikatzeko metodoa bi urratsetan egituratzen da. Lehenengo urrats batean, etxebizitza-parkeak behar duen gorakada kalkulatzen da, horretarako etxebizitza nagusien beharrak, bigarren etxebizitzen eskaria eta aurrekoei lotutako etxebizitza hutsen aurreikuspena hartzen dira kontuan. Bigarren urrats batean, plangintza-aldiaren hasierako unean egokia den bizitegi-ahalmena kalkulatzen da, aurreko urratsean proiektatutako etxebizitzen gorakadari harrotze-faktorea ezarrita. Bederatzigarren taulak azaldutako kuantifikazio-metodoaren aurkezpena laburbiltzen du, erabilitako formulazioa, kontzeptuak eta parametroak barne hartuta.

  1. Bizitegi-beharrak.

    Bizitegi-beharren kuantifikazioak lurralde-ereduaren zuzenketen eragina ez ezik, sei batugai ere hartzen ditu kontuan, ondoriozko emaitza osatzeko.

    BB = LEZ+A1+A2+B1+B2+C1

    Honako hauek dira aintzat hartu beharreko sei osagaiak:

    1. LEZ. Indarreko lurralde-ereduaren zuzenketa.

    Udalerri bakoitzaren osagai espezifikoa da, eta dagokion eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean xedatutako lurraldearen orekarako estrategiekin zerikusia du. Osagai horretan islatzen dira lurralde-plangintzak udalerri jakin batzuetan ezar ditzakeen hazkunde selektiboak nahiz dagoen lurralde-erabilgarritasunaren edo azpiegituren, ekipamenduen eta lurralde-planak aurreikusitako hiria birgaitzeko eragiketen inguruan sortzen diren inplikazioen arabera plan horrek artikulatzen dituen beste kontzeptu batzuk. Oro har, zenbait udalerriren hazkunde handiagoa beste batzuen hazkunde txikiagoak konpentsatu beharko luke, osagai horrek berekin dituen migrazio-fluxu berriez kanpoko jatorria aurreikusten denean izan ezik. Osagai hori bat dator 1997ko LAGek azaldutako 1. osagaiarekin, hau da, «lurralde-ereduaren inplikazioak» deiturikoarekin. LAGen aldaketa honen ondoriozko bizitegi-ahalmena kontuan hartuta, LPPak LEZ ereduaren osagaia egokituko du; Hazkunde Selektiboko ekintzak ez luke izan behar, salbuespeneko aldaketa-egoerak izan ezean, ereduaren osagai baten ezarpena, gainerako osagaietatik datorren ohiko bizitegi-ahalmenak udalerri bakoitzak azken urteotan izandako dinamismo espezifikoa jasotzen baitu.

    2. A1. Bertako biztanleriaren kopurua aldatzeak sortutako etxebizitza nagusien beharrak.

    Aintzat hartutako lurralde-eremuan bizi den biztanleriaren aldaketaren (gorakada edo beherakada) ondorioz sortutako etxebizitza nagusien beharra jasotzen du. 1997ko LAGetan azaldutako «hazkunde demografikoa» izeneko 2. osagaiarekin parekatzen da.

    3. A2. Familia-tamaina aldatzeak sortutako etxebizitza nagusien beharrak.

    Aintzat hartutako lurralde-eremuko batezbesteko familia-tamaina aldaketaren ondorioz etxebizitza nagusien beharretan izandako aldaketa jasotzen du. 1997ko LAGetan azaldutako «familia-egituraren aldaketa» izeneko 3. osagaiarekin parekatzen da.

    4. B1. Etxebizitza nagusien eskaria aldatzeak sortutako bigarren etxebizitzen eskaria.

    Aintzat hartutako lurralde-eremurako aurreikusitako etxebizitza nagusien kopuruaren (A1 eta A2 osagaiak) aldaketari lotutako bigarren etxebizitzen eskarian izandako aldaketa jasotzen du. Erabilera nagusirako aurreikusitakoak baino etxebizitza gehiago aurreikusi beharra adierazten du osagai honek. Osagai honek A1 eta A2 osagaien bitartez aurreikusitako etxebizitza nagusien kopurua bermatu ahal izateko bigarren etxebizitzen eskaria asetzeko gehigarria aurreikusi behar dela adierazten du. 1997ko LAGetako bigarren etxebizitza koefizienteari (BEK) eusten zaio, etxebizitza okupatuen (erabilera nagusikoak zein bigarren erabilerakoak) eta etxebizitza nagusien arteko ratioa adierazteko, baina osagai hori kalkulatzeko era aldatzen da.

    5. B2. Bigarren etxebizitzen koefizientea aldatzeak sortutako bigarren etxebizitzen eskaria.

    Aintzat hartutako lurralde-eremuan bigarren etxebizitzen eta etxebizitza nagusien arteko proportzioan emandako aldaketak (BEK koefizientearen aldaketak, alegia) eragindako bigarren etxebizitza kopuruaren aldatzea (gorakada edo beherakada) jasotzen du. Osagai hori baliogabea izango da, koefiziente horretan emandako aldaketari buruzko zehaztasunik izan ezean. Hala ere, bigarren etxebizitzaren eta erabilera nagusiaren arteko proportzioan aldaketarik izanez gero, osagai honek bigarren etxebizitzen kopuru gehigarria jasoko du (BEK koefizientearen gorakada aurreikustekotan), edo, bestela, bigarren erabileratik okupazio nagusira pasa litezkeen etxebizitzen kopurua (BEK koefizientearen beherakada aurreikuste-kotan). Kontuz ibili beharreko gaia da, hala eskuragarri dagoen estatistika-informazioaren anbiguotasunagatik, nola esparru honetan politika alternatiboak izateko aukeragatik. Beraz, osagai hori erabiltzerakoan hausnarketa sakona egitea eta adostasun-maila handiz jokatzea gomendatzen da. Osagai hori erabiliz gero, kasu gehienetan balio negatiboa izatea espero daiteke, bigarren etxebizitzak etxebizitza nagusi bilakatzeko joera islatuta. EAEko udalerri askotan gertatzen ari den joera da, hain zuzen, bereziki hiriburuetatik gertuko eremuetan.

    6. C1. Okupatutako etxebizitzen kopurua aldatzeak sortutako etxebizitza hutsen aurreikuspena.

    Aintzat hartutako lurralde-eremurako kontuan izandako epealdian zehar okupatutako etxebizitzetan emandako aldaketari (A1, A2, B1 eta B2 osagaiak) lotutako etxebizitza hutsen aurreikuspena jasotzen du. B1 osagaiarekin gertatzen zen bezala, osagai honek ere okupatutako etxebizitzen aurreikuspena baino etxebizitza gehiago aurreikusi beharra islatzen du, frikzio-faktore askoren (eskualdatze-aldiak, zaharberrikuntza, etab.) ondorioz etxebizitzen zati bat huts teknikoan egoten baita beti. BEK koefizientearen moduan, etxebizitza hutsen koefizientea (EHK) ezartzen da, dauden etxebizitzen (okupatuta edo hutsik) eta etxebizitza okupatuen (nagusia edo bigarren etxebizitza) arteko ratioa erakusteko.

  2. Beharrak kalkulatzeko ezarri beharreko irizpideak.

    1. Biztanleria-proiekzioa (B).

    EAEko biztanleriak ia hiru hamarkada daramatza 2.100.000 biztanleren inguruan egonkor. Ildo horretatik, 1981. urtetik 2001.era beheranzko joera txikia (urteko batezbesteko bariazio-tasa: -% 0,1) eta azken urte horretatik neurrizko gorakada izan du. EAEko eta bertako lurralde-eremu ezberdinetako biztanleriaren 1981. urtetik 2011. urtera bitarteko bilakaera laburbiltzen du 1. taulak.

  1. taula. Biztanleriaren bilakaera lurralde-eremuaren arabera.

    (Ikus .PDF)

    1996-2011 aldian ikusitako biztanleriaren bariazioaren urteko tasa ezarriko da (Eustaten bost urteko seriea) edo, hala behar izanez gero, plan berrikuspenaren aurrerakinaren akordioaren aurreneko urtearen aurreko hamabost urteetan izandako biztanleriaren aldaketari buruzko datu ofizialak. Horrela, kalkulatutako bariazio-tasa negatiboa ateratzen denean, ikusitako balioaren erdira murriztuta erabiliko da tasa, neurketa-akats posibleen eragin negatiboa arintzeko eta atzeraldi demografikoak kontuan hartutako lurralde-eremuan familia-tamainaren murrizketa handiago gisa izan dezakeen ondorioa simulatzeko.

    2. Batezbesteko familia-tamaina (BFT).

    Biztanleriaren bizitegi-beharrak zehaztu ahal izateko funtsezko aldagaia da, biztanleria eta etxebizitza nagusia batezbesteko familia-tamainaren bitartez lotzen baitira, familia-tamainatzat etxebizitza berean bizi diren pertsona-kopurua jota.

  2. taula. Familia-tamainaren bilakaera EAEn.

    (Ikus .PDF)

    Urteko % 1,5eko murrizketa-tasa ezarriko zaio eskuragarri dagoen azken informazioan jasotako familia-tamaina aldagarriari, udalerriko familia-tamainarena (hau da, familia-tamainaren balioa eta unitatearen arteko aldea).

    3. Bigarren etxebizitzen koefizientea (BEK).

    2011ko Erroldan jasotako tasa ezarriko da (edo 2001 eta 2011ko emaitzen batezbestekoa, 2011n jasotako koefizienteak 2001ekoa gainditzen badu). Ezarritako koefizientearen balioa 1,25 (hau da, bigarren etxebizitza bat lau etxebizitza nagusiko) edo hori baino gehiagokoa izanez gero, justifikatu egin beharko da. Planaren hasieran zeuden bigarren etxebizitzen zati baten eraldaketa azal daiteke; eta, horrela, proiektatutako bizitegi-beharrak murriztu, baina kasu horien tamaina eta bideragarritasuna justifikatu beharko dira.

    4. Etxebizitza hutsen koefizientea (EHK).

    Etxebizitza huts tekniko bakoitzeko, 1,04 eta 1,08 arteko tasa ezarriko da, kasuan kasuko udalerriaren biztanleriaren arabera (ikus balioen taula 3. koadroan). Beste balio batzuk erabiltzen direnean, ezarritako koefizientearen balioa justifikatu beharko da. Planaren hasieran zeuden etxebizitza huts batzuk erabilgarri bilakatzea aztertu daiteke eta, horrela, proiektatutako etxebizitza-premiak murriztea, baina horretarako, oinarrian dauden hipotesien tamaina eta bideragarritasuna justifikatu beharko dira.

  3. taula. Etxebizitza hutsen koefizientea (EHK) udalerriaren tamainaren arabera.

    (Ikus .PDF)

  1. Bizitegi-ahalmena.

    Udalerriko bizitegi-beharrak kuantifikatu ostean, planaren aldirako aurreikusitako behar horiek planaren hasieran eskatutako bizitegi-ahalmenaren balioespen bihurtu behar dira, antolamenduaren iraupenerako identifikatutako beharrak aseko direla bermatzeko.

    Behin-behineko onarpen-datan udal-plangintza nagusian aurreikusten den bizitegi-ahalmen deritzo hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatutako bizitegi-eremuetan eraikitzeko baimena ematen den bizitegi berrien guztizko kopuruari. Nahi izanez gero, kuantifikazioan, landa-guneen ahalmena ez ezik, Arabako kontzeju guztiei dagokiena ere sartu ahal izango da.

    Aurreikusitako beharretara egokitutako bizitegi-ahalmena kalkulatzeko, harrotze-faktore bat ezartzen da. Hala, bizitegi-beharren zifra (hortaz, antolamenduaren indarraldirako aurreikusitako bizitegi-eraikuntza) antolamenduan kalifikatutako lurzoruen hartze-ahalmen bihurtzen da, kalkulatutako beharrak aseko direla bermatzeko.

    BA = (BB x HF) EH

    BB: Bizitegi-beharrak

    HF: Harrotze-faktorea

    EH: Etxebizitza hutsa (1.3.2 atalarekin bat)

    Muga txikiagoa azaltzen da, eta bizitegi-ahalmenaren erdia izango litzateke.

    1. Harrotze-faktorea.

    Harrotze-faktoreak erantzuna ematen dio plangintzaren hasieran identifikatutako bizitegi-ahalmenaren beharrari, baldin eta horrek nabarmen gainditzen badu planaren indarraldirako zenbatetsitako bizitegi-beharren tamaina. Marjina hori faktore ugarirengatik azaltzen da, faktore horiek bizitegi-lurzoruek aurreikusitako kontsumoa sobera gainditzea eskatzen baitute. Faktore garrantzitsuenen artean, honako hauek aipa daitezke: hiri-lurzoruari dagokiona bezain merkatu segmentatu eta diskriminatuan izaten diren gorabeherak; planaren egiazko exekuzioa edo iraunaldia nabarmen luza dezaketen administrazio-prozedura garrantzitsuen geldota-suna; eta, beharren proiekzioaren balizko akatsak. Azken horren ondorioa bereziki kaltegarria izan daiteke sekulako zurruntasuna duen merkatu batean.

    Harrotze-faktoreak, funtsean, planaren epealdirako aurreikusitako beharren derrigorrezko puztea adierazten du, epealdi horren amaieran erabili gabeko bizitegi-lurzoruaren izakinak nahiko zabalak izan daitezen eskaintza faltagatik merkatuak ez dezan beroaldi onartezinik jasan. Kontzeptu hori argitzeko asmoz, esan daiteke 8 urteko plangintzari ezarritako 2,5eko harrotze-faktoreak, planaren hasieran kuantifikazioan aurreikusitako erritmora, 20 urteko bizitegi-eraikuntza asetzeko lurzoru nahikoa identifikatzen duela. Horrela, plana amaitzean 12 urteko bizitegi-eraikuntzarekin pareka daitekeen bizitegi-ahalmena izatea aurreikusten da. Kopuru horrek nahikoa dirudi, bizitegi-lurzoruaren merkatuan estugune onartezinik ez dela izango bermatzeko.

    Jakina denez, planean aurreikusitakoak baino eskari-maila handiagoek, plangintza burutzeko atzerapenak edo plan berria berandutzeak, harrotze-faktoreak teorikoki berma dezakeen segurtasun-marjina murriztu dezakete. Harrotze-faktorearen balio egokia aukeratzea, planaren egiazko iraunaldirako merkatuaren funtzionamendua bermatzeko nahiaren eta, jasangarritasunaren eta baliabide eskasen erabileraren eraginkortasunaren ikuspegitik, hiriaren hazkundea murrizteko komenigarritasunaren arteko konpromisoa da.

    Udalerriaren tamainaren arabera (ikus balioen taula 4. koadroan) 8 urterako kalkulatutako bizitegi-premiei 2,2 eta 3 arteko gehienezko harrotze-faktorea ezartzea proposatzen da. Udalerriaren tamaina murriztu ahala harrotze-faktorea handitu egiten da, tamaina hori zenbat eta txikiagoa izan, merkatua orduan eta zurrunagoa baita (bai arrazoi fisikoengatik, bai jabetzen kontzentrazio handiagoarengatik), eta proiekzioek fidagarritasun-maila txikiagoa baitute kasuan kasuko lurralde-eremuaren tamaina murrizten den heinean.

  2. taula. Bizitegi-beharretan ezarri daitekeen bizitegi-ahalmenaren harrotze-faktorearen balioa, udalerrien tamainaren arabera.

    (Ikus .PDF)

    2. Etxebizitza hutsak.

    Ildo horretatik, ezartzen da udalerri bakoitzaren bizitegi-kuantifikaziorako kontuan hartu behar diren bizitegi hutsen balioa gutxienez udalerri horretan dauden etxebizitza guztien % 2 izango dela. Beraz, txertatu beharreko balio gisa, etxebizitza huts guztien % 50 sartuko da, eta kopuru horri kendu egin behar zaizkio 3. taulako Bizitegi Hutsen Koefizientean definitutako etxebizitzen portzentaje teknikoa.

    Osagai hori ezartzeko, bizitegi-ahalmenaren zenbatekoari kendu beharko zaio bizitegi-beharrei harrotze-faktorea ezartzearen ondoriozko emaitza.

  1. Muga gehigarriak.

    Azkenik, kuantifikatzeko metodologia hau ezarritakoan lortutako emaitzen bi baldintza gehigarriak erantsi dira, proposatutako erregelen ezarpen mekanikoaren ondorioz eman litezkeen muturreko emaitzak galarazteko. Honako hauei ezarriko zaizkie muga horiek: batetik, oso iragan atzerakorra duten udalerriei; eta, bestetik, aurreko urteetan bat-bateko hazkunde handia izan duten udalerriei.

    Lehenengo kasuan, arloko eragileei jarduteko nolabaiteko ahalmena emango dien eta demografiak behera egiten duen egoera batean merkatuaren funtzionamendua gehiegi murriztuko ez duen gutxieneko bizitegi-ahalmena ziurtatzea da helburua. Bigarren kasuan, gehiegizko estrapolazioak saihestu nahi dira, zaila baita horien ondorioz gauzatzen diren ekimenak zuzentzea. Jakina, beharrezkoa izango da indarrean dagoen plangintzaren eguneratzea azkartzea, denboran dirauen eta harrotze-faktorea bermatu nahi duen marjina agortzea mehatxatzen duen hazkunde azkartuaren kasuan.

    Honako hauek dira udalerriaren bizitegi-ahalmenaren azken kuantifikazioari ezartzen zaizkion bi muga gehigarriak:

  1. Udalerri guztietarako, bizitegi-ahalmena ezin izango da hirigintza-plangintza onartu zeneko etxebizitza-parkearen % 50etik gorakoa izan.

  2. Edozein udalerrik hasierako etxebizitza-parkearen % 10ren pareko bizitegi-ahalmena jaso ahal izango du. Era berean, 20ko gutxieneko etxebizitza-ahalmena ezartzen da. Kopuru hori dagokion Lurralde Plan Partzialak egokitu ahal izango du, hala behar izanez gero.

  1. Etxebizitza kopurua eta eraikigarritasuna.

  1. taulak azken urteotan eraiki diren etxebizitzen batezbesteko azaleraren balioespena jasotzen du, babes erregimenaren eta tipologiaren arabera. Eraikitako azalera kontzeptuan ez da barne hartzen garaje, trasteleku eta horrelako lokalak, gehienetan sestrapean edota estalkipean aurkitzen baitira etxebizitza anitzeko eraikinetan. Familia bakarreko etxebizitzetan, garajea barne hartzen da, hori sestrapean egon ezean (eraikitzen diren etxebizitza familia bakarren % 50en kasua dela zenbatetsi da).

    Adibide edo argibide gisa, eraikitako azalera eta etxebizitzaren azalera erabilgarriaren arteko ratio moduan 1,32 balioa erabili da BOEentzat, ohikoa den zifra baino handiagoa, alegia. Balio bera erabili da etxebizitza anitzeko eraikinetan kokatutako etxebizitza libre eta tasatuetan ere. Elkarri atxikitako etxebizitzen eta familia bakarren etxebizitzen kasuetan 1,25 balioa erabili da, hori ere adibide edo argibide gisa.

  1. taulan adierazten diren batezbesteko azalera balioak EAE osorako balioespenak dira. Landa-guneetan eta lurzoru baliabide handiagoak dituzten esparruetan, etxebizitzen bateztesteko azalera balioak handiagoak izango lirateke; Bilbao Metropolitarraren batezbesteko etxebizitza, aldiz, txikixeagoa izango litzake. BOEi esleitutako batezbesteko balioa zehazteko, honako hipotesi hau erabili da: etxebizitza horien % 5etik 10era logela bakarrekoak dira, beste % 40tik 50era bi logelakoak (3 edo 4 ohekoak) dira, eta % 45etik 55era hiru logelakoak (5 edo 6 ohekoak) dira.

    Etxebizitza-mota dibertsifikatzeko komenigarritasunaren alde egiten duten seinaleak daude, bereziki azalerari dagokionez. Familia-tamainaren etengabeko beherakadak, pertsona bat edo biko familien gorakadak, eta etxebizitza erosteko prezio garestiak (hala jabetzan, nola alokairuan) etxebizitza txikiagoen aldeko eskari-segmentua legokeela adierazten dute, honelako ekimenen aurrean gizartearen eta hainbat sektoreren erresistentzia nabaria ere antzeman arren. Sakon aztertu beharreko gaia da hori, etxebizitza bakoitzaren batezbesteko azalera murriztea eta bizitegi-lurzoruaren kontsumoa gutxitzea ahalbidetuko bailuke.

  1. Taula. Gaur egun eraikitzen den etxebizitzaren batezbesteko azalera EAEn.

    (Ikus .PDF)

  1. 2014-2022rako kuantifikazio-metodoaren ezarpen adierazgarria.

    Azaldutako metodologia horren funtzionamendua eta edukia argitu nahian, EAEko udalerri guztietarako eta 2014-2022 epealdirako (hau da, 2014ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arteko epealdia) simulazio orokorra egin da. Kuantifikazio horrek ez ditu indarrean dagoen lurralde-ereduaren zuzenketa-osagaiak (dagozkion LPPek definitu beharrekoa) barne hartzen, eta ez dira aintzat hartu udal-eremu ezberdinetan ezarri daitezkeen bigarren eta hutsik dauden etxebizitzen koefizienteen balizko aldaketak. Beraz, B2 (bigarren etxebizitzen koefizientearen aldaketaren eragina), berez, baliogabea da. Gainera, 1,25ean ezarri da bigarren etxebizitzen koefizientearen (BEK) balioa, dagokien balio historikoak kota hori gainditzen duen udalerrietan. Jakina, aintzat hartu ez diren faktore horiek kontuan izateak ondorio nabarmena izango du udalerri eta eremu funtzional dezenteetan eta, baliteke baztertu ezinezko eragina izatea EAE osoko balio erantsietan.

  1. Etxebizitzen beharrak (2014-2022).

  1. taulak aintzat hartutako 8 urteko epealdirako (2014-2022) beharren kuantifikazioa laburbiltzen du. Epealdi horretarako bizitegi-behar metatua 88.144 etxebizitzakoak izango direla aurreikusten da, hau da, batezbesteko eraikuntza-erritmoan 11.018 etxebizitza urtean. Lurralde-eremu dinamikoenetan kalkulatutako beharra epealdiaren hasieran dagoen parkearen % 15etik % 25era bitartekoa da, eta kopururik handienak Mungia eta urrunago Igorre, Arabako Errioxa eta Guardian agertzen da, azterketak Bakio eta Bastidako bigarren etxebizitzaren litekeen eskari osoa barne hartzen ez badu ere. Durangaldea, Urola-Kosta, Tolosaldea eta Laudio eremu funtzionaletarako kalkulatutako beharrak hasierako parkearen % 10aren inguruan kokatzen dira. Dinamismo demografiko txikiagoko 4 eremuetan (Debabarrena, Debagoiena, Busturialdea-Artibai eta Bilbo Metropolitarra) bizitegi-beharren estimazioa ez da hasierako parkearen % 8ko kotara heltzen. Kasurik muturrekoenak Deba bailaran hautematen dira, bertan, biztanleria-kopuruaren aldaketa (A1 osagaia) dela-eta, etxebizitza nagusiaren beharrak balio negatiboa hartzen baitu, neurrizko muntakoa izan arren.

  1. Taula. 2014-2022 epealdirako aurreikusitako bizitegi-beharrak.

    (Ikus .PDF)

    Ariketa horretan erabilitako hipotesien eraginez, bigarren etxebizitzen eta hutsik dauden etxebizitzen osagaiek oso garrantzi mugatua dute etxebizitza nagusiaren beharren aldean, eta identifikatutako guztizko beharren % 10 baino ez dute hartzen kontuan. Bestalde, 2000. urtearen inguruan izandako inflexio demografikoaren eragina ere nahiko mugatua da. Biztanleriaren aldaketa-osagaia tamaina adierazgarrikoa (15.400 etxebizitza epealdirako) izan arren, familia-tamaina txikiagotzearen ondoriozko beharren (64.216 etxebizitza epealdirako) % 24 besterik ez du adierazten, metodo berriak aurrez erabilitako familia-tamainaren murrizketa-kasuak baino askozaz moderatuagoak ezartzen baditu ere.

    Halere, hautemate orokor horiek lurralde-eremu guztietan ez dira berdin mantentzen. Dinamismo demografiko handiagoko eremu funtzionaletan (Mungia, Igorre, Arabako Errioxa eta Araba Erdialdea), biztanle-kopurua aldatzeagatiko osagaiak familia-tamaina txikiagotzeari dagokionari lotutakoa gainditzen du. Egoera modu ikusgarrian alderantzikatzen da eremu geldoenetan, hala nola, Bilbo Metropolitarrean, bertan, familia-tamaina txikiagotzearen ondoriozko beharrak hazkunde demografikoaren ondoriozko beharrak baino ia 10 bider handiagoak baitira.

    Halaber, nabarmentzekoa da udalerri txikietako beharren indar erlatiboa, bereziki, 1.000 biztanletik 7.000ra dituztenetan. Udalerri horien arteko askoren dinamismo handiagoak eta bigarren etxebizitza eta hutsik dauden etxebizitza gehiago izateak, udalerri horietako bizitegi-beharren tasa hasierako parkearen aldean, EAE osorako aurreikusitakoa baino nabarmen handiagoa izatea eragiten du.

  1. Bizitegi-ahalmena (2014-2022).

  1. taulak 2014-2022 epealdirako bizitegi-ahalmenaren kuantifikazioa islatzen du, dagozkion harrotze-faktoreak eta udalerri bakoitzari dagozkion muga gehigarriak ezarri ondoren. Oro har, ikusi da 88.144 etxebizitzatan aurreikusitako bizitegi-beharrak, 186.463 etxebizitzako gehienezko bizitegi-ahalmen bihurtzen direla EAE osorako, egiazko harrotze-faktorea 2,12koa dela adierazita. Ahalmenaren kotarik txikiena 93.297 etxebizitzakoa litzateke (batezbesteko harrotze-faktorea: 1,06).

  1. taula. 2014-2022ko plangintzarako aurreikusitako bizitegi-ahalmena.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

  1. Gaur egun indarrean dauden LAGekiko konparaketa.

    Amaitzeko, 8. taulak metodo berria ezartzearen ondorioz eta LAGek 1997an ezarritako irizpideak ezartzearen ondorioz sortutako emaitzak alderatzen ditu (2001/2011ko erroldak).

    Metodologia berria azken urteotan ezarri dena baino murriztaileagoa da, bizitegi-ahalmenaren kuantifikazioan aintzat hartutako alderdi gehienetan:

  1. Udalerri atzerakorretako biztanleria galeren proiekzioak, nahiz eta modu leundua izan, etxebizitza nagusien beharren murrizketa eragiten du.

  2. Familia-tamainaren kalkuluaren aldaketak, planteamenduan zein abiaduran, etxebizitza nagusien beharren 24.739 etxebizitzako murrizketa eragiten du.

  3. Metodo bakoitzak bigarren etxebizitzen eskaria kalkulatzeko erak ere 3.239 etxebizitzako murrizketa sortzen du, nahiz eta bi kasuetan BEK berdinak erabili.

  4. Kuantifikazio metodo berrian harrotze-kontzeptua sartzeak, 1997ko LAGek erabiltzen zuten eskaintzaren zurruntasunaren zuzenketaren ordez, era desberdineko aldeak sortzen ditu udalerri bakoitzean. Aldaketaren garrantzia osagai hori kalkulatzeko moduan datza, aztertzen den esparruko bizitegi-beharrekin lotuta geratzen baita, hasierako parkean oinarrituta egon beharrean. Ildo horretatik, harrotze-koefizientearen ezarpenak 57.524 etxebizitzen murrizketa sortzen du, alderatzen baldin baditugu koefiziente horrek sortutako emaitzak eta 1997ko LAGek ezarritako «eskaintzaren zorroztasunaren zuzenketa» izenekoaren ondorioz sortutako etxebizitzen kopurua.

  5. Onartutako gehienezko bizitegi-ahalmenari muga gehigarriak ezarri zaizkio (1997ko LAGek ez zuten elementu hori kontuan hartzen); beraz, metodologia berria ezartzearen ondorioz etxebizitza ahalmenean 101.028 etxebizitzen murrizketa sortzen da, 1997ko LAGek ezarritako metodoa ezartzearen ondorioz sortutako ahalmenaren aldean.

  1. taula. Bizitegiak kuantifikatzeko metodologiaren laburpen-fitxa.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.