Arautegia

Inprimatu

237/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 9
  • Hurrenkera-zk.: 142
  • Xedapen-zk.: 237
  • Xedapen-data: 2015/12/22
  • Argitaratze-data: 2016/01/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola irakaskuntza arautzea, hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen horretaz baliaturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak (gaur egun, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila) Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntzako bi zikloak antolatzen dituen curriculuma onartu zuen, eta urtarrilaren 20ko 12/2009 Dekretua argitaratu zuen, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ikaskuntza horiek ezartzen dituena (urtarrilaren 30eko EHAA).

Gerora, apirilaren 20ko 121/2010 Dekretua argitaratu zen, Haur Hezkuntzako curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa (maiatzaren 7ko EHAA). Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aldaketak egin behar izan zituen aurreko dekretuan, elebitasun integratzaile bat lortzeko, eta, horren bidez, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko lege oinarrizkoak, arautzen duena eta otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, arautzen duena betetzeko. Bi arau horiek, familien aukeratzeko askatasuna bermatuta, bi hizkuntza ofizialak ikasi beharra agintzen dute.

Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak, Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoak, testu berria ezarri dio Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari, baina testu berri horrek ez du aldatu abenduaren 29ko 1630/2006 Errege Dekretuak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko gutxieneko irakaskuntzak zehazten dituenak, Haur Hezkuntzarako arautzen dituen xedapenak. Hala ere, «Heziberri 2020» ekimenaren lehen proiektuak, «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak», aldaketa batzuk egin ditu hezkuntza-etapa guztietako ikuspegi pedagogikoan. Horren ondorioz, dekretu hau eman behar da Haur Hezkuntzarako, Oinarrizko Hezkuntzarekin lotzeko hezkuntza-etapa hori.

Dekretu honek Haur Hezkuntza arautzen du, eta hezkuntza-sistemaren pedagogia eguneratzea eta hezkuntza-helburu berriak lortzea sustatzen du, eta bat dator gizartearen eskakizunekin, hezkuntza-sistemaren kalitatea etengabe hobetzea eta emaitza onak eskuratzea eskatzen duen aldetik, bertako hezkuntza-sistema bikaintasunera eramateko.

Dekretu honek Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzarekin lotuta zehazten ditu Haur Hezkuntzako hezkuntza-ereduaren markoa edo esparrua, ikastetxe bakoitzean eta ikasleen ezaugarriekiko izango duen egokitzapena, haien ebaluazioa eta irakaskuntza-jarduna.

Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak hiru kapitulu hartzen ditu: I. kapituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu; II. kapituluak oinarrizko konpetentziak, eta III. kapituluak, berriz, curriculumaren antolamendua. Hezkuntza-eredua ikastetxeen eta ikasleen ezaugarrietara egokitzeko prozesuak bi kapitulu hartzen ditu: IV. kapituluak ikastetxeen autonomia eta kontrola jorratzen ditu eta ikastetxeen proiektu instituzionalak eta plangintza arautzen; V. kapituluak, berriz, aniztasunerako tutoretza, orientazioa eta arreta lantzen ditu. Ikasleen ebaluazioa eta maila-igoerak arautzen ditu VI. kapituluak.

Esan bezala, dekretu honen I. kapituluak zehazten ditu xedapen orokorrak. Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzaren aurretiazko etapa da Haur Hezkuntza, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, bi eta sei urte bitarteko haurren ia % 100 eskolatzen ditu. Lehen hezkuntza-etapa da Haur Hezkuntza, eta, alde horretatik, hezkuntzarako eskubidea bermatzen die pertsona guztiei txiki-txikitatik. Horrenbestez, ekitatean eta justizia sozialean oinarritutako planteamendu etiko batetik abiatuta, aukera-berdintasunerako bermea da Haur Hezkuntza, inolako diskriminaziorik egiten ez duena ezaugarri pertsonalengatik, nortasun kulturalarengatik, genero-nortasunagatik edo sexu-joera eta -nortasunarengatik. Izan ere, diferentzia ekonomikoak, sozialak, hizkuntzazkoak, kulturalak eta pertsonalak gainditzea da haren xedeetako bat. Hori horrela izanda, inklusioaren printzipioa bete behar dute Administrazioak, hezkuntza-arduradunek, profesionalek eta hezkuntza-komunitateko kide guztiek, eta hezkuntza muinbakar eta pertsonalizatua sustatu behar dute, ikasle guztiak ahalik eta egoerarik egokienean irits daitezen derrigorrezko hezkuntzara.

Hezkuntzaren lehen xedea da haurren garapen osoa lantzea dimentsio eta alderdi guztietan, familiekin gertuko lankidetzarekin. Erantzukidetasuna, lankidetza eta elkarren onarpena funtsezko jardun-oinarriak dira irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuak lantzeko.

Alde horretatik, familiaren, eskolaren, administrazio publikoen, komunikabideen, elkarte eta erakunde soziokulturalen eta gainerako eragileen egitekoa da, bakoitzari dagokion mailan eta, beti, elkarlanean, ikasleei oinarrizko konpetentziak edo konpetentzia giltzarriak eskuratzen eta menderatzen laguntzea. Eskola-eremua gainditzen du eginkizun horrek, eta hezkuntzaren helburuak betetzea du xede. Hezkuntza-prozesu horretan, egiteko bera dute eskolak eta gainerako hezkuntza-eragileek. Hala bada, hezkuntza-prozesu formalak, ez-formalak eta informalak barne hartu eta elkar lotzen dituen «komunitate hezitzailearen» planteamenduarekin bat egingo du eskolaren hezkuntza-ereduak. Pertsona guztiak bizitza osorako prestakuntzaren, aurrerabidearen eta garapenaren bidean jartzea izango du jomuga, haurtzaroari eta gaztaroari lehentasuna emanda. Azken batean, pertsona guztien hezkuntza-eskubidea gauzatu nahi da, eta, horretarako, sinergiak sortu nahi dira ikastetxeetako hezkuntza-komunitateen, udal-politiken eta eragile soziokulturalen artean.

Oinarrizko konpetentziak eskuratzeko funtsa ezartzen eta lantzen da hezkuntza-etapa honetan; hau da, bizitzako eremu eta egoera guztietan arazoei prestutasunez erantzuteko konpetentzien oinarriak ezartzen dira.

Adin horietan, berebiziko garrantzia dute norberari buruzko irudi doitua eraikitzeko eta haurrek beren burua ezagutu, baloratu eta kontrolatzeko ikaskuntzek, horien bidez jartzen baitituzte euren autonomia eta ekimen pertsonala lantzeko oinarriak. Pertsona guztiekin izandako harremanen, bizipen guztien eta ikasitako guztiaren ondorioa da eraikuntza hori, eta, gauza berriak ikasteko abiapuntua den aldetik, oinarrizko konpetentzia guztiak lantzen laguntzen du.

Proposamen bat baino gehiago egiten dira ikasleek Haur Hezkuntza amaitzean eskuratu behar dituzten oinarrizko konpetentziak zehazteko. Dekretuaren II. kapituluak oinarrizko konpetentziak eta metodologia-printzipioak definitu eta arautzen ditu, konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegiarekin bat eginez.

Oinarrizko konpetentzia guztiak dira beharrezkoak eta ezinbestekoak bizitzarako, baina haiek bereiztea eta erlazionatzea komeni da. Bereizi egin behar dira, diziplinako oinarrizko konpetentziak garatzen dituzten arloen berezko edukiak ikasteko prozesuan sartuz soilik ikasi eta ebaluatu baitaitezke zeharkako oinarrizko konpetentziak. Baina harremanetan ere jarri behar dira, oinarrizko zehar-konpetentzien bidez eskuratzen direlako diziplina bakoitzeko oinarrizko konpetentziak.

Konpetentea izateko, denetariko baliabideak erabili behar dira erronkei edo arazoei aurre egiteko. Irteera-profilean eragin nabarmena izango duten egoerak hautatzea eta egoeraren beraren kontzeptua zehaztea dira gakoa konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamenduan; izan ere, erronkarik edo konpondu beharreko arazorik gabeko egoerek ez dute gaitzeko biderik ematen.

Euskal gizartean eta curriculum-proposamen honen barruan, hezkuntza-sistemaren elebitasuna funtsezko elementua da gizartearen kohesioan eta hezkuntza-sistemaren koherentzian. Azken batean, historian, hezkuntza-sistemaren esku egon da ikasleak euskalduntzeko ardura nagusia, euskal gizartean euskara normalizatzen laguntzea helburu. Hezkuntza-sistemak benetan dituen aukeren barruan ondo bete du erantzukizun hori; baina, edonola ere, lan horrek ikasleen sozializazioan eta, hortaz, euskalduntzean parte hartzen duten eragile guztien lankidetza eskatzen du, zeren eta eskolak berak bakarrik ezin du. Izan ere, eskolak pertsonen sozializazioan duen irismena erabakigarria baina mugatua da, eta azken faktore hori zuzen-zuzenean dago lotuta ikasleen hizkuntza gaitasunarekin. XXI. mendeko euskal gizartea eleaniztuna da, eta ikastetxeek herritar eleaniztunak prestatu behar dituzte ezinbestean. Ildo horretan, jakintzaren gizartea, informazio- eta komunikazio-teknologiak eta pertsonen mugikortasuna gero eta garrantzitsuagoak diren mundu honetan, hizkuntza ofizialak menderatzeaz gain, beharrezkoa da hizkuntza global deitzen direnetako bat edo batzuk jakitea, pertsonen arteko ezaguera, ideien trukea eta kulturen arteko ulermena hobetzeko.

Eskualde-hizkuntzen edo Hizkuntza Gutxituen Europako Kartan (1992) ezarritakoaren arabera, inguruneko baldintzek eta elkarreragin sozialak mesede egiten diotenez gaztelania erabiltzeari eta Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak ebaluazioen arabera irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan euskara erabiltzea funtsezkoa denez euskaraz ahoz eta idatziz komunikatzeko konpetentzia praktikoa eta eraginkorra eskuratzeko, euskara izango da sistema eleaniztun horren ardatza; hau da, euskarari lehentasunezko tratua bermatuko zaio, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak aitortzen duen hizkuntza aukeratzeko askatasunaren printzipioa errespetatuko du eta derrigorrezko hezkuntzako ikasketak amaitutakoan, baldintza berberetan, bi hizkuntza ofizialen behar adinako ezagutza praktikoa izateko benetako aukera bermatuko du. Helburua da bi hizkuntza ofizialen arteko egungo desoreka gainditzea gaur egun euskararen kalterako baita eta bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala eta ikasleen aukera-berdintasuna sustatzea. Horrenbestez, gainera, euskararen erabilera ohikoa eta normalizatua izatea bermatuko da, hezkuntza-komunitateko alor eta egoera guztietan.

Elebitasuna bermatzea da euskal eskolaren erronketako bat, baina, horrez gain, pertsona eleaniztunak hezi behar ditu, atzerriko, gutxienez, hizkuntza bat jakingo dutenak, maila nahikoan, Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzean. Haur Hezkuntzan, pertsonen hizkuntza-bizipenak familiako hizkuntzatik abiatzen direla nabarmentzen du ikuspegi eleanitzak, bi hizkuntza ofizialak ikasi, eta, kasuan kasu, lehen atzerri-hizkuntza ikasi arteko bideari ekinez. Pertsonek ez dituzte hizkuntza horiek buruko konpartimentu bereizietan gordetzen; aitzitik, komunikaziorako konpetentzia lantzen dute, eta lantze-bide horretan, hizkuntzarekin lotutako jakintza eta bizipen guztiek dute zeresana. Hizkuntzek elkarren arteko harremanean eta elkarrekintzan dihardute bide horretan. Ikuspegi horretatik abiatuta, hizkuntza-konpetentzia guztiak biltzen dituen hizkuntza-multzo bat garatu nahi da.

Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuan adierazi behar da hizkuntzak irakastearekin eta erabiltzearekin lotutako gai guztien plangintza. Hain zuzen ere, honakoak zehaztu behar ditu hizkuntza-proiektuak: batetik, hizkuntzak ikaskuntza-prozesuan irakasteko eta erabiltzeko irizpideak ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan ere agertu behar dute eta, bestetik, hizkuntzek Ikastetxearen Curriculum Proiektuan izango duten trataera. Gainera, proiektuko erabakiek zuzeneko eragina izango dute ikastetxeko gainerako agirietan.

  1. kapituluak curriculumaren antolamendua arautzen du. Haurren garapeneko lehen etapa honetan, haurrek bizitzen dituzten egoerei lotzen zaie hezkuntza-planteamendua, eta, ondorioz, bizipen- edo esperientzia-eremuetan egituratzen dira hezkuntza-proposamenak. «Norberaren nortasunaren eta ingurune fisiko eta sozialaren eraikuntza» eta «Norberaren nortasunaren eta komunikazioaren eraikuntza eta irudikapena» esperientzia-eremuen bidez, Haur Hezkuntzari dagozkion oinarrizko zehar-konpetentzien eta diziplinako oinarrizko konpetentzien lorpen-mailak erdiesten ditu haurrak, harik eta Lehen Hezkuntzara joateko maila egokia iristen duen arte. Haur Hezkuntzako ikasleen irteera-profilak zehazten du oinarrizko zer konpetentzia eskuratu behar dituzten ikasle horiek Lehen Hezkuntzara igaro, Oinarrizko Hezkuntzan aurrera egin eta hura amaitu arteko bidea egiteko.

    Haur Hezkuntzako curriculuma eta antolamendua ezarrita, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetu nahi da, arrakasta izan dezan hezkuntza-komunitate osoak; alegia, ikasleek, irakasleek eta familiek. Horien inplikazioa ezinbestekoa da hezkuntza-garapen egokia bermatzeko.

    Ikastetxeen autonomia eta proiektu instituzionalak arautzen ditu IV. kapituluak. Hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparru komuna zehazten dute aurreko kapituluek Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntza ematen duten ikastetxe guztientzat. Ikastetxe bakoitzaren ezaugarrietara, bereizgarrietara eta testuingurura egokitu behar da esparru komun hori.

    Hezkuntza-politiken araubide eta gobernantza berriak urrun daude eredu burokratikoetatik, eta ikastetxeen autonomiaren alde egiten da: ikastetxeak gai dira beren proiektu propioak garatzeko, emaitzak kontuan hartuz, ikasleen arrakasta nondik handituko. Proiektu propioak garatzeko orduan funtsezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldea, hark egiten baititu pedagogia eta kudeaketa mailako lider-lanak. Lidergo horrek konpetentzia zehatzak eskatzen ditu: konpromiso profesionala, motibatzeko gaitasuna, berriztatzeko trebetasuna eta komunikaziorako gaitasuna, emaitzek eskatzen duten kohesio-, bizikidetza- eta lan-giroa sortzeko. Zuzendaritza-lanak egiten dituzte kide anitzeko organoek ere, eta Eskola Kontseiluek edo Ordezkaritza Organo Gorenek zeresan handia dute ikastetxeen erabakietan.

    Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua inguruko ezaugarrien arabera erabakitzeko autonomiak bat etorri behar du, baina, ikastetxeak modu interdependentean funtzionatzearekin hezkuntza-sistema baten barnean. Hau da, autonomoak izan behar dute, baina, aldi berean, eragin eta parte hartu egin behar dute hezkuntza-sistema osorako adostutako helburu komunak erdiesten. Hala, hezkuntza-lanaren esparru orokorra ezartzen du Hezkuntza Administrazioak, eta jarduerak egiteko eta helburuak lortzeko baliabideak ematen dizkie ikastetxeei. Ikastetxeek, berriz, zehatz eta ganoraz erabili behar dituzte baliabide horiek, beren eginkizuna ahalik eta hobekien betetzeko.

    Lege-esparruak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia errespetatuko badu eta autonomia hori helburu eta arau komunekin uztartuko badu, beharrezkoa da ebaluazioak egiteko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea. Hezkuntza-sistemak erronka handiak dituenez, ezinbestekoa zaio informazio publikoa eta gardena jasotzea ikastetxeengandik, haiei emandako baliabideak nola erabiltzen diren jakiteko, bai eta haiekin lortutako emaitzak baloratzeko ere, kontuan hartuz inguruko gizartearen, ekonomiaren, kulturaren eta hizkuntzaren eragina.

    Ikastetxeen proiektu instituzionalak lantzeko eta proiektuok hezkuntza-komunitate osoaren partaidetzaz gauzatzeko jarraibideak ezartzen dira kapitulu honetan. Ikastetxe bakoitzak bere proiektuak egingo ditu, haien testuingurura eta baimenduta dituzten ziklo eta etapetara egokituta.

    Proiektu instituzionalak lantzeko, ez da hutsetik hasi behar, ibilbide luze eta emankorreko hezkuntza-esperientzia ugariak baliatuta baizik; esaterako, elebitasunaren eta eleaniztasunaren ingurukoak, ikaskuntzaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien ingurukoak, aniztasunaren trataerari edo bizikidetzari eta hezkidetzari buruzkoak eta genero-indarkeria prebenitzera bideratutakoak. Haiei denei esker eraikitako kultura pedagogikoak elkarren osagarritzat hartzen ditu zuzentasuna, konpromiso soziala, berrikuntza eta bikaintasun akademikoa. Bide horretan mugarri izan dira Euskal Curriculumaren proiektua eta Euskal Herrirako Curriculuma, hezkuntza-eredu eta curriculum propioa adostu baitzuten hezkuntzako, gizarteko eta politikako eragileek. Curriculum-proposamen horiek nortasun propioa eman diote euskal hezkuntza-sistemari, euskaran eta euskal kulturan oinarritua, aldi berean inguruan sustraitua eta kanpora zabalik. Ikuspegi horren arabera, bada, eta euskal hezkuntza-sistema garatzeko bidean, eskolak gizarteko gertaeretan inplikatu eta parte hartu behar du, eta modu solidarioan lankidetzan aritu inguruko erakundeekin.

    Ikasleen aniztasunaren trataera eta tutoretzak eta hezkuntza-orientazioak hezkuntza-sisteman betetzen duten eginkizuna arautzen ditu V. kapituluak.

    Gizarteak eta hezkuntza-sistemak, Haur Hezkuntzatik, aniztasunari nola erantzun behar dieten adierazten du inklusioaren kontzeptuak. Heziketaren ardura, orain arte ikaslea zuzenean artatzen duen profesionalaren esku soilik egon dena, komunitate osoarena izatera pasatu da.

    Eskola inklusiboan haur guztiek jasotzen dute hezkuntza, nolanahikoa ez baizik eta kalitatezkoa, guztiei aukera berdinak ematen dizkiena modu justu eta zuzenean.

    Alor pertsonalean, akademikoan eta sozialean aurrera egiteko hezkuntza-aukerak eta laguntza curriculum-alorrekoa, pertsonala edo materiala eman behar dizkiete ikastetxe inklusiboek haien ikasle guztiei. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena.

    Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.

    Ikasleen ebaluazioa eta maila-igoerak arautzen ditu VI. kapituluak. Ikaskuntzaren ebaluazioa ezin da bereizi curriculumaren gainerako elementuetatik. Ikasleek ikasitakoa ebaluatzeko erreferentzia bat erabili behar da, eta ikasleen irteera-profilerako zehaztu diren konpetentzia oinarrizko edo giltzarriei buruz hartutako erabakiek izan behar dute ezinbestean erreferentzia hori.

    Dekretu hau osatzeko, Haur Hezkuntzako curriculumari dagozkion esperientzia-eremuei buruzko eranskina jasotzen da.

    Hori guztia aintzat hartuta, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Haur Hezkuntzari dagokion berezko curriculuma ezartzea, eta berau nola ezarri, ebaluatu eta garatu behar den arautzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntzako bi zikloak, ziklo horietako bat edo lehen zikloaren zati bat ematen duten ikastetxe guztiek bete behar dute dekretu hau.

Haur Hezkuntza borondatezkoa da, eta sei ikasturteko iraupena du, bi ziklotan banatuta: zero urtetik hiru urtera bitartekoa da lehen zikloa, eta hiru urtetik sei urtera bitartekoa bigarrena.

  1. Haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzen laguntzea da Haur Hezkuntzaren xedea, garapen horren dimentsio guztietan. Oinarrizko konpetentziak garatuz lortu nahi da hori, familiekin lankidetza estuan arituta.

  2. Hau egin behar da Haur Hezkuntzaren xede hori erdiesteko:

    1. Familiekin lankidetzan jardunda, haurraren garapen osoa landu behar da, haurraren ongizate psikikoari eta fisikoari, sozializazioari eta heziketari erreparatuta, haurraren eskubideak babestuz eta haren potentzialtasun guztiak garatuz.

    2. Desberdintasunak prebenitu eta gainditzeko heziketa sustatu behar da, eta ahalegin berezia egin behar da egoera sozial eta pertsonal ahulak bizi dituzten haurrei arreta emateko eta ekitatea bilatzeko.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan elebitasun orekatua lortzeko baldintzak landu eta sustatu behar dira lan hezitzailearen hasieratik.

    4. Hiru urtetik beherako haurrei arreta, zaintza eta heziketa emanez, zerbitzua eman behar zaie familiei, gurasoen lana eta familia-bizitza bateratzen laguntzeko. Kontuan hartu behar da, gainera, familiak askotarikoak izan daitezkeela.

  1. Haur Hezkuntzako etaparen xedea da ikasleak akuilatzea, bizitzako gainerako etapetan lantzen jarraituko duten oinarrizko konpetentziak zeharkakoak nahiz espezifikoak garatzen has daitezen.

  2. Esperientzia-eremuei dagozkien etapa-, eduki- eta ebaluazio-irizpideen helburuek lagunduko diete ikasleei Haur Hezkuntza amaitzean izan behar duten irteera-profila lortzen.

  3. Dekretu honen eranskinean jasotzen diren ebaluazio-irizpideen eta lorpen-adierazleen bidez ezartzen da etapa-helburuen lorpen-maila, eta, ondorioz, Haur Hezkuntzako ikasleen irteera-profila osatzen duten oinarrizko konpetentzien maila.

  1. Konpetentzia da irakaskuntza eta hezkuntza-etapa bakoitzeko eduki propioak modu integratuan aplikatzeko gaitasuna, jarduerak behar bezala egiteko eta arazo konplexuak modu eraginkorrean ebazteko.

  2. Pertsona guztiek beren burua errealizatzeko eta garatzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta lan egiteko behar dituztenak dira oinarrizko konpetentziak.

  3. Oinarrizko konpetentzia horiek izan daitezke zeharkakoak edo diziplina barrukoak.

  4. Haur Hezkuntza amaitzean, Lehen Hezkuntzara igarotzeko behar diren konpetentziak lortu behar dituzte ikasle guztiek.

  5. Ikasleak oinarrizko konpetentzia horiez modu eraginkorrean jabetzeko, ikastetxeek jarduera integratuak diseinatuko dituzte, ikasleek konpetentzia bat baino gehiago ikas dezaten aldi berean.

  1. Oinarrizko zehar-konpetentzia deritze bizitzaren esparru eta egoera guztietan arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar diren konpetentziei, hala esperientziaren eremuko egoeretan, nola eguneroko bizitzaren egoeretan.

    Pertsonen garapen pertsonal eta sozialerako oinarriak ezartzen dira Haur Hezkuntzan, eta zehar-konpetentziak garatzeko ikasketak barneratzen.

    Esperientziaren eremu guztietan batera lan eginez sustatu eta indartu behar dira oinarrizko zehar-konpetentziak, eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan integratuz eskuratzen eta aplikatzen dira.

  2. Honako hauek dira oinarrizko zehar-konpetentziak:

    1. Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia.

    2. Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

    3. Elkarbizitzarako konpetentzia.

    4. Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia.

    5. Izaten ikasteko konpetentzia.

  1. Bizitzaren esparruek eta egoerek sortzen dituzten arazoak eraginkortasunez konpontzeko behar diren oinarrizko konpetentziak dira diziplinako oinarrizko konpetentziak, eta esperientzia-eremuren batekin lotutako baliabide espezifikoak erabiltzeko premia dakarte. Esperientziaren eremuren batek berezko dituen egoerak barneratuta eskuratzen dira diziplina-konpetentziak; hala ere, funtzio anitzekoak eta transferitzeko modukoak dira, beste eremu batzuekin lotutako egoera-arazoak konpontzeko balia baitaitezke.

  2. Haur Hezkuntzan, haurren bizipenak dira hezkuntza-planteamenduaren funtsa, eta, ondorioz, bizipen- edo esperientzia-eremuetan egituratzen dira hezkuntza-proposamenak.

  3. «Norberaren nortasunaren eta ingurune fisiko eta sozialaren eraikuntza» eta «Norbere nortasunaren eta komunikazioaren eraikuntza eta irudikapena» esperientzia-eremuen bidez, oinarrizko diziplina-konpetentzia hauek landuko dituzte haurrek:

    1. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia.

    2. Matematikarako konpetentzia.

    3. Zientziarako konpetentzia.

    4. Teknologiarako konpetentzia.

    5. Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia.

    6. Arterako konpetentzia.

    7. Konpetentzia motorra.

  1. Inklusibitatea eta zuzentasuna aplikatzen direla bermatzeko, hezkuntza-eskumenak dituen sailak konpetentzia guztien garapena eta ikasle guztien arrakasta ongien bermatzen duten ikaskuntza- eta irakaskuntza-metodologiak sustatuko ditu.

  2. Konpetentzien araberako pedagogiak ezaugarri nagusi hauek ditu:

    1. Problema-egoerak konpontzea, eskura dauden baliabideak modu integratuan erabiliz.

    2. Helburua ez da informazioak eta ezagutzak transmititzea, oinarrizko konpetentziak garatzea baizik.

    3. Adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak baliabideak dira, baina ezinbestekoak dira problema-egoerak konpontzeko.

    4. Oinarrizko konpetentziak garatu ahal izateko, egoera errealetako jarduerak proposatu behar dira, eguneroko bizitzako problema nagusiak jakintzarekin lotuz.

    5. Oinarrizko konpetentziak garatzeko aukera emateko, ikasleak modu aktiboan inplikatu behar du jakintza bilatzen, ikasten, esperimentatzen, hausnartzen, aplikatzen, autoebaluatzen eta komunikatzen.

    6. Hezitzailearen eginkizuna izango da haurren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan laguntzea eta prozesu horiek tutorizatzea, eta horretarako prozesuak diseinatu, planifikatu, antolatu, estimulatu, lagundu, ebaluatu eta birbideratu egin behar ditu.

  3. Ikaskuntza-egoera integratuak prestatuko dituzte ikastetxeek, ikasleek konpetentzia bat baino gehiago gara ditzaten aldi berean eta oinarrizko konpetentziak modu eraginkorrean eskura ditzaten.

  4. Adin horietan, errealitatea ulertzeko moduek baldintzatu egiten dute oinarrizko konpetentzien garapena ikasleengan. Haur Hezkuntzako lehen zikloan, gorputza da mundu fisikoa eta esperientzien mundua esploratzeko abiapuntua. Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, berriz, jokoaren eta esperimentazioaren bidezko jarduna da garapen- eta ikaskuntza-prozesuaren ardatza.

  1. Hezkuntza arloan eskumena duen sailak elebitasuna sendotzea bultzatuko du hezkuntza eleaniztunaren esparruan. Horrek indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen lagunduko du, ikasle guztiek eskuratu ahal izan ditzaten irteera-profileko hizkuntza-konpetentziak. Horretarako, euskarari beharrezkoa duen lehentasunezko tratua ematea bermatuko du, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozialaren desoreka berdintzeko.

    Edonola ere, bi hizkuntza ofizialen hizkuntz eta literatur komunikaziorako konpetentziak aintzakotzat hartuko ditu ikasleen eta haien ingurunearen baldintza soziolinguistikoak ere, ikastetxeek baldintza horietara egokituko dituzte Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua eta Ikastetxearen Curriculum Proiektua, eta eragile aktiboak izango dira hizkuntza normaltzeko prozesuan.

  2. Bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat, eta euskarak gizarte-erabilera desorekatua eta ahula duenez gaztelaniaren aldean, euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak.

  3. Haurrak entzuteko, adierazteko eta hitz egiteko gaitasuna garatu behar du, eta gizartearen arauak eta konbentzioak errespetatzen hasi behar du beste pertsona eta inguruarekiko komunikazioa harreman eraikitzaileen bidez aberasteko; aldi berean, sentimenduak, emozioak eta bizipenak garatu behar ditu, lagungarri izango zaizkionak bere burua hobeto ezagutzeko.

  4. Elebitasuna oinarri hartuta, ikasle eleanitzak sortzeko xedea erdiesteko, atzerri-hizkuntzaren baten ikaskuntza eta erabilerak finkatzeko neurriak ezar ditzakete ikastetxeek, dekretu honetako 10. artikuluan ezarritako printzipioei jarraituz.

  1. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak hizkuntzen trataera integratua eta integrala sustatuko du.

    Horrek arreta berezia ematen dio ikasketak hainbat hizkuntzatan emateari, komunikatzeko konpetentzia eleaniztun bat lortzeko asmoz. Hizkuntza bakoitzak berezkoa duena lantzea eta denek berdina dutena partekatzea da, betiere, ikasleak modu egokian eta eraginkorrean erabiltzen duelarik egoera bakoitzak eskatzen duen hizkuntza.

    Hizkuntzak modu integratuan tratatzeko, bada, irakasle guztiek jardun behar dute lankidetzan komunikatzeko konpetentzia garatzeko bidean. Hain zuzen, esperientzia-eremuetako berezko adierazpen-forma guztiek eta komunikazio-hizkuntza bakoitzean izaten diren hizkuntza-egoera eta -esperientzia guztiek laguntzen diote konpetentzia horri.

  2. Eleaniztasunaren konpetentzia erdiesteko bi hizkuntza ofizialetan, eta, kasuan kasu, atzerriko hizkuntzaren batean, hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala baliatuko da, printzipio hauek beteta:

    1. Hizkuntzak irakasteak inklusioa izan behar du oinarrian; hau da, ikasle guztiek izan behar dute gai, ama-hizkuntza edozein dutela ere, eleaniztasunerako konpetentzia bere osotasunean garatzeko.

    2. Hizkuntzak irakasteak erabilera izan behar du oinarrian, hizkuntzak erabilera sozial eta akademikoaren bidez ikasten baitira eta komunikatzeko beharrizan pragmatikoek bideratzen eta errazten baitute kodeaz jabetzea.

    3. Hizkuntzen irakaskuntzaren oinarriak komunikazioa izan behar du; hau da, hizkuntza bakoitzeko egoera pertsonal, sozial eta akademikoen multzo adierazgarriak hautatu behar dira, eta ikasgela komunikatzeko gune pribilegiatu bihurtu, ikasleek askotariko komunikazio-jardueretan eraginkortasunez parte hartzeko.

    4. Hizkuntzekiko eta hiztunekiko jarrera onean oinarritu behar da hizkuntzen irakaskuntza, eta kontuan izan behar da hizkuntzek zer-nolako garrantzi handia duten gizabanakoen garapen emozionalean eta haien sozializazio-prozesuan.

  1. Dekretu honetan, Haur Hezkuntzako ikasgaien ikaskuntzako eta irakaskuntzako prozesuak zehazten dituzten elementuen antolaketari esango zaio curriculuma.

  2. Dekretu honen eranskinean jasotzen da Haur Hezkuntzako curriculuma Euskal Autonomia Erkidegorako.

  3. Honako alderdi hauek osatzen dute curriculuma: oinarrizko konpetentziek, haurren garapenaren berezko arloak barne hartzen dituzten esperientzia-eremuek, eremu bakoitzerako etapa-helburuek, ebaluaziorako irizpideek eta lorpenen adierazleek, eta metodologia-jarraibideek.

  1. Haur Hezkuntzako curriculuma esperientzia-eremutan antolatzen da, haurren garapen globala errazte aldera.

  2. Haur Hezkuntzaren esperientzia-eremuak bi dira: norberaren nortasunaren eta ingurune fisiko eta sozialaren eraikuntzaren eremua, zeinak haurren garapenaren berezko zenbait arlo barne hartzen baititu, hain zuzen ere gizarte eta naturaren ezaguerari buruzko zientziei dagozkienak; eta norberaren nortasunaren eta komunikazio eta irudikapenaren eraikuntzaren eremua, haurren garapenaren berezko beste arlo batzuk barne hartzen dituena, hala nola hizkuntza, matematika, artea eta motrizitatearekin lotutako gaitasunei dagozkienak.

    Norberaren identitatea eraiki eta ingurune fisiko eta soziala ezagutzeko eremuan, haurren garapenari dagozkion alderdi hauek biltzen dira: nork bere burua ezagutzea, nork bere buruaren irudia osatzea, pertsona-nortasuna eraikitzeko prozesua, eta autonomiaren garapena. Horiek guztiak ingurune fisikoarekiko eta sozialarekiko elkarrekintzan garatzen dira, jolasaren eta esplorazioaren bidez. Horrela jokatuta, bere burua ezagutzen du haurrak, bai eta besteak ere, eta inguruan duen errealitatea deskubritzen du.

    Norbere nortasunaren eta komunikazioaren eraikuntza eta irudikapenaren eremuan, norberaren nortasunari lotutako komunikazio- eta irudikapen-moduak sartzen dira, errealitatea interpretatzeko eta ingurune fisiko eta sozialarekin komunikatzeko baliatzen direnak, pentsamenduak, beharrizanak, sentimenduak eta bizipenak adieraziz eta gainerako pertsonekin elkarreraginez.

  1. Haur-eskolek zerbitzu zabala eskaini behar diete familiei zero eta hiru urte bitarteko etapan, lana eta familia-bizitza bateratzen laguntzeko. Hala ere, haurrek ezingo dute, oro har, zortzi ordu baino gehiago eman egunero eskolan.

  2. Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, 875 orduko ordutegia bete beharko da urtean, ikasturte bakoitzean. Astelehenetik ostiralera egingo da lan ikasleekin, goizez eta arratsaldez. Ikasturte bakoitzean, 25 ordu, gutxienez, egin beharko dira astero.

  3. Etapa guztian, ikuspegi globalizatzaile bat hartuta ezarriko da eskola-ordutegia, eta, jarduerak antolatzean, jarduera-mota eta erritmo askotarikoak eta atsedena txandakatzeko aukera emango zaie haurrei.

  4. Haurrak pixkanaka sartuko dira lehen aldiz ikastetxean, eta egokitze-aldi bat ezarriko da. Egokitze-aldi horren helburua da etxearen eta eskolaren arteko zubiarena egitea eta haurrak apurka-apurka egokitzea eskolara.

  1. Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen V. tituluan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren V. tituluaren 2. kapituluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeen autonomia da erabakiak beren kabuz hartzeko ahalmena, bai esparru pedagogikoan eta curriculumean, bai plangintzan, antolaketan eta kudeaketan arlo ekonomikoaren kudeaketan eta pertsonalaren arlokoan, inguruko beharren eta eskaeren arabera. Autonomia hori posible da baliabideak eskuratu eta modurik egokienean antolatu eta banatzeko aukera dagoen heinean, ikastetxeen helburuak inguruneko beharren eta eskakizunen arabera betetze aldera.

  2. Ikastetxeen autonomia Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua oinarri hartuta egiten diren proiektu instituzionaletan islatzen da. Proiektu instituzional batzuk curriculumarekin daude lotuta adibidez, Ikastetxearen Curriculum Proiektua eta programazio didaktikoak; beste batzuk, antolakuntzarekin adibidez, hezkuntza-komunitateak gobernu- eta funtzionamendu-organoen bidez parte hartzeko arauak eta moduak erregulatzen dituzten Antolakuntza eta Jarduera Arautegia edo Barne Arautegia, bai eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Langile Kudeaketaren Proiektua ere; eta beste batzuk mistoak, hala nola Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua, Zuzendaritza Proiektua eta Ikastetxearen Urteko Plana eta Memoria.

  3. Proiektu instituzionalak egiteko autonomia praktikan jartzeko, ezinbestekoa da giza baliabideak proposatzeko eta modu egokienean antolatzeko autonomia ere izatea, bai eta baliabide ekonomiko, material eta funtzionalak eskuratzeko eta kudeatzeko autonomia ere.

  4. Autonomia bateratu behar da ikastetxea hezkuntza-sistema batean integratuta funtzionatzearekin. Lege-esparruak ikastetxeen pedagogia- eta kudeaketa-autonomia errespetatuko badu eta autonomia hori helburu eta arau komunekin uztartuko badu, beharrezkoa da ebaluazioak egiteko eta kontuak emateko mekanismoak ezartzea. Hezkuntza-sistemak erronka handiak ditu, eta ezinbestekoa da informazio publikoa eta gardena jasotzea ikastetxeek baliabideak nola erabiltzen dituzten jakiteko, bai eta haiekin lortutako emaitzak baloratzea ere.

  1. Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 46. artikuluan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 121 artikuluan xedatutakoaren arabera, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak ikastetxeak bere autonomiatik abiatuta egindako hezkuntza-aukera eta jardun-ildo nagusiak jasotzen dituen proposamen integrala zehaztuko du, eta hezkuntza-komunitateak ikastetxean egingo duen esku-hartzea koherentziaz zuzentzeko erreferentzia izango da.

  2. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan sartzen dira: ikastetxearen nortasunari gorputza ematen dioten ezaugarriak eta balioak; hezkuntza-helburuak; ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko konpetentziak; hizkuntzaren, curriculumaren eta antolakuntzaren arloko irizpideak, estrategia-lerro nagusiak eta lehentasunak, denak hala denak ikastetxearen ingurunearen araberakoak.

  3. Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko Legearen arabera, ikastetxeetako Hezkuntza eta Curriculum Proiektuek kontuan izan behar dute:

    1. Balioen araberako hezkuntza, zuzenbideko funtsezko printzipio, eskubide eta askatasunekin bat, bereziki aniztasunaren errespetua eta inor ez baztertzea (jaioterri, adin, arraza, sexu, egoera zibil, sexu-joera, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein egoera edo ezaugarri pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik).

    2. Tolerantzia, gizalegea eta bakearen kultura sustatzen dituzten balioetan oinarritua.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoaren errealitate soziala eta kulturala errespetatzea, bere aniztasun osoan, eta, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ikasten direla bermatzea.

    4. Gertuko kultura ezagutzea, eta beste eremu batzuen aurrean zabalik egotea.

    5. Ingurumen naturala eta orekatua errespetatzea, garapen jasangarrian oinarriturik.

    6. Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak lehenestea, prestakuntzarik onena bermatzeko pertsonala, eskolarra eta profesionala, eta eskolatzea hasten den unetik arreta indibidualizatuz.

  4. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua garatzen eta zehazten da Ikastetxearen Curriculum Proiektuan eta programazioetan, Antolakuntza eta Jarduera Arautegian edo Barne Arautegian, Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuan, Aniztasun Planean, Tutoretza Planean, Bizikidetza Planean, Hezkidetza eta Genero Indarkeria Planean, eta Ikastetxearen Prestakuntza Planean.

  5. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua onartzea Eskola Kontseiluaren edo Ordezkaritza Organo Gorenaren egitekoa da ikastetxe publikoetan, edo itunpeko ikastetxe pribatuetako titularraren egitekoa. Batean zein bestean, argitara eman behar da.

  1. Bat etorriz Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 47. artikuluarekin, ikastetxe bakoitzak Ikastetxearen Curriculum Proiektuan jasoko ditu Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan definituta dituen printzipioen eta curriculum arloko jardun-ildo nagusien zehaztapena, betiere bat etorriz dekretu honetan ezarritakoarekin.

  2. Ikastetxearen Curriculum Proiektuak ikastetxearen testuinguru sozioekonomiko, kultural eta hizkuntzazkora, ikasleen ezaugarri eta premietara, eta ikastetxearen hizkuntza-aukeretara eta baliabideetara egokitu behar du dekretu honen II. eranskinean araututako curriculuma, betiere Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua erreferentziatzat hartuta. Hala, Haur Hezkuntzako ziklo bakoitzerako zehaztuko da hura, edukiak dekretu honek arautzen duen curriculum ofiziala betez irakats daitezen.

  3. Ikastetxearen Curriculum Proiektuak honako alderdi hauek finkatuko ditu, gutxienez:

    1. Hezkuntza-jarduerari lotutako konpetentziak, helburuak eta edukiak, ikasleen beharrei egokitutakoak, irakaskuntza-alderdi guztietan jasoak.

    2. Ziklo bakoitzeko ebaluazio-irizpideen eta lorpen-adierazleen zehaztapena, etapa amaitzean eskuratu beharreko gutxieneko konpetentzia-mailak, eta ikasleen ebaluazioari eta mailaz igotzeko prozesuari buruzko erabakiak.

    3. Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuko curriculum-alderdiak.

    4. Pedagogia-irizpideen eta irizpide didaktikoen zehaztapena, bai eta metodologia-aukerena eta curriculum-materialei buruzkoa ere, bi zikloen arteko jarraitutasuna eta koherentzia bermatzeko.

    5. Babesa behar duten ikasleen arreta integrala: hezkuntza-behar bereziak dituztenak, gaitasun intelektual handiak dituztenak, hezkuntza-sisteman berandu hasi direnak, ikasteko zailtasunak dituztenak baldintza pertsonalengatik edo eskolarrengatik, eta desberdintasun soziala pairatzen dutenak.

    6. Indartze-jarduerei buruzko erabakiak.

    7. Tutoretzako ekintzen programazioa.

  4. Bi zikloak irakasten dituzten ikastetxeetan, ziklo bakoitzaren berezitasunak adieraziko ditu Ikastetxearen Curriculum Proiektuak, eta koherentea izango da hura etapa osoan.

  5. Ikastetxeek Ikastetxearen Curriculum Proiektua egingo dute eta eskumena duen sailaren eskura jarriko dute, Ikuskaritzaren txostenaren ostean, araudi aplikagarrien araberakoak diren ala ez erabaki dezan eta, egoki denean, proiektuaren bideragarritasunari buruzko ohar egokiak egin ditzan.

  6. Ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, irakasle-klaustroak egin behar du Ikastetxearen Curriculum Proiektua. Klaustroari dagokio proiektua onartzea, itunpeko ikastetxe pribatuen Eskola Kontseilua entzun ondoren, eta ikastetxe publikoen kasuan, Ordezkaritza Organo Gorena entzun ondoren. Ikastetxearen Curriculum Proiektua urteko planaren bidez gauzatuko da; zehazki, irakaskuntza-jardueretako programaren bidez, eta prestakuntza-jardueretako, eskolaz kanpoko jardueretako eta jarduera osagarrietako programaren bidez. Urteko Memorian Urteko Planaren ebaluazioa jaso beharko da.

  7. Finantziazio publikorik gabeko ikastetxe pribatuetan, curriculum-proiektua nork egin eta onartu behar duen jakiteko, eskumenen barne-banaketari erreparatu behar zaio.

  8. Ikasturte hasieran, jakitera eman behar dira ziklo bakoitzean gainditu beharreko gutxieneko helburuak eta Ikastetxearen Curriculum Proiektuan onartutako ebaluazio-irizpideak.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdi guztien plangintza da Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua, eta ikastetxe bakoitzak egin beharko du, bere hezkuntza-esparruan aplikatzeko. Ikastetxearenaren Hezkuntza Proiektuan jasotako ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak nola irakatsiko eta erabiliko diren finkatuko du Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuak, eta zehaztuko du zer-nolako trataera izango duten hizkuntzek Ikastetxearen Curriculum Proiektuan. Agiri horretan jasotako erabakiek zuzeneko eragina izango dute ikastetxearen agiri hauetan ere: Antolakuntza eta Jarduera Arautegian edo Barne Arautegian, urteko plangintzan, barruko eta kanpoko harremanak arautuko dituzten printzipioetan eta gainerako agirietan, haien bidez gauzatuko baitira Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuko printzipioak.

  2. Ikastetxe bakoitzak Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuko lorpen-adierazleak egokituko ditu, ikasleen irteera-profila erreferentziatzat hartuta. Adierazle horiek ezberdinak izan daitezke hizkuntza bakoitzaren hizkuntza-trebetasunei dagokienez, hezkuntza-ereduaren arabera eta ikasleen eta haien hezkuntza-inguruneko ezaugarri soziolinguistikoen arabera. Gainera, hizkuntzen trataera integratuaren inguruko alderdi metodologikoak, prestakuntzakoak eta antolaketakoak ezarriko ditu, Dekretu honen 10. artikuluko xedapenei jarraituz.

  3. Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuak barne hartu behar ditu honako alderdi hauek: ikastetxeak eleaniztasunaren arloan duen esperientziaren diagnostikoa; epe ertain eta luzerako helburuak ikastetxeko ikasleen hizkuntza-konpetentzia hobetzera bideratutakoak, hain zuzen; proiektuaren garapenaren gaineko plangintza; irakasleen prestakuntzarako aurreikusitako ekintzak; proiektuaren jarraitutasuna hezkuntza-etaparen zikloen artean; ebaluazio-irizpideak eta espero diren emaitzak.

  4. Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuan jaso beharko da, hala dagokionean, zenbat orduz emango den atzerriko hizkuntza. Orobat bermatu beharko da hizkuntza-konpetentzia lortzen dela euskaraz, gaztelaniaz eta lehenengo atzerriko hizkuntzan. Horretarako, organo eskudunak ikastetxe publikoetako lanpostuen zerrenda aldatuko du, atzerriko hizkuntzen konpetentzian ezarritako betekizunak beteko direla bermatzeko.

  5. Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenari eta itunpeko ikastetxe pribatuetako Eskola Kontseiluari dagokio Hizkuntza Proiektua onartzea.

  1. Arlo eta ikasgai bakoitzeko planifikazio-, garapen- eta ebaluazio-tresna da; bertan zehazten dira curriculumeko elementuak, Ikastetxearen Curriculum Proiektuaren arabera, ikasleen ezaugarrietara moldatuta.

  2. Urtero, ikasturte hasieran, ikastetxe bakoitzak programazio didaktikoak egiteko eta ebaluatzeko irizpideak ezarriko ditu.

  3. Ikasturteetako programazio didaktikoek edo, hala badagokio, zikloetakoek honako osagai hauek izan behar dituzte gutxienez:

    1. Ikasturtean edo zikloan zehar garatu beharreko oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplinazko konpetentziak eta integrazio-egoerak.

    2. Helburuak.

    3. Edukiak.

    4. Ebaluazio-irizpidearen eta lorpenaren adierazleak.

    5. Erabaki metodologikoak eta didaktikoak.

  4. Programazio didaktikoak ebaluatzeko, honako alderdi hauei lotutako lorpen-adierazleak erabiliko dira, besteak beste:

    1. Ikasturteko ebaluazio-emaitzak arlo bakoitzean.

    2. Material eta baliabide didaktikoen egokitasuna, eta erabilitako metodo didaktikoei eta pedagogikoei emandako denboraren eta espazioren banaketa.

    3. Ikasgelako eta ikastetxeko giroaren hobekuntzan metodo didaktikoek eta pedagogikoek izandako eragina.

  1. Gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dute haurren eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektutik abiaturik, ikastetxeek konpromisoak sustatuko dituzte familien edo legezko tutoreen eta ikastetxeen artean, eta bertan jasoko dira familiak, irakasleak eta ikasleak zer jardueratara konprometitzen diren etapa bakoitzeko helburuak eta oinarrizko konpetentziak lortzeko.

  2. Konpromiso horien artean egongo dira, gutxienez, honako alderdi hauek: Ikastetxearen hezkuntza-printzipioak onartzea, familiaren ideologia eta morala errespetatzea legeetan ezarritako hezkuntza-printzipioen eta -balioen arabera, ikasleen bilakaeraren jarraipena egitea, bizikidetzako neurri zuzentzaileak hartzea, eta ikastetxearen eta familiaren artean harremanak egotea. Hezkuntza-konpromisoak ikastetxearen zuzendaritza-taldeak idatziko ditu, eta Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak onartu eta ebaluatuko ditu. Konpromiso zehatz gehiago ere sar daitezke, eta aldizka berrikusiko dira ikastetxeak erabakitako baldintzetan eta epeetan.

  3. Halaber, ikastetxeak eta familiak, banaka, hasierako konpromisoak ikuskatu eta haiek aldatzeko akordioetara iritsi ahal dira, ikaslearen hezkuntza- edo bizikidetza-prozesua hobetzeko edo ikasle bati hautemandako arazoak konpontzeko.

  4. Familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu ahal izango dituzte gurasoentzat, tutoreentzat eta legezko tutoreentzat.

  1. Irakasleen prestakuntzaren helburua da irakasleek konpetentzia-profil egokia lortzea, eta, horren bitartez, haurrari bere konpetentziak garatzen laguntzea.

  2. Hezkuntza-eskumenak dituen sailaren prestakuntza-ekintzek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

    1. Ikastetxea izatea prestakuntza-plangintzaren ardatza.

    2. Hezkuntza-jarduerari eta irakasle-lanari buruzko azterketa eta gogoeta azpimarratzea.

    3. Hezkidetza, aniztasun afektibo-sexuala, eta hezkuntza-babes bereziak behar dituzten kolektiboentzako arreta egokia sustatzeko hezkuntza inklusiboa garatzea.

    4. Erantzukizun soziala duten profesionalak trebatzea, kritikoak baina proaktiboak eta sortzaileak aldaketen aurrean.

    5. Konpetentzien araberako ikuspuntua eta planteamendu orokorrak eta diziplinen artekoak sustatzea.

    6. Bikaintasuna sustatzea, hezkuntza berriztatzeko proiektuen bidez.

    7. Euskara eguneratzeko lana eta atzerriko hizkuntzako prestakuntza sustatzea.

    8. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan prestakuntza sustatzea, baliabide digitalen bidez.

    9. Zientziaren, didaktikaren eta hezkuntza-antolaketaren arloko eguneratzea.

    10. Trebetasun sozialei, arlo emozionalari eta, oro har, irakasle-lanari behar besteko arreta eskaintzea.

    11. Langileen arteko lankidetza bultzatzea (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

  3. Euskal hezkuntza-sisteman aritzen diren irakasleek euren berezko egiteko eta zereginak behar bezala betetzea ahalbidetuko dien profil konpetentziala edukiko dute. Hona hemen zeregin horiek:

    1. Ikasleek pentsatzen eta ikasten ikasteko, komunikatzen ikasteko, besteekin bizitzen ikasteko, izaten ikasteko eta egiten nahiz ekiten ikasteko prozedurak irakastea.

    2. Gelako ikaskuntza-egoeren proposamenak egitea, aplikatzea eta ebaluatzea, oinarri hauek hartuta: irakaskuntzako edukiak, ikasleen ezaugarriak eta oinarrizko konpetentziak, zeharkakoak zein diziplinazkoak.

    3. Ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak ikertzea, berriztatzea, garatzea eta ebaluatzea, gogoeta eginez haien eta irakasle-taldeen praktikari buruz eta prestakuntza-sareei buruz.

    4. Ikaslearengan ikasteko grina piztea eta bizi-proiektua eraikitzeko orientazioa ematea, familiarekiko elkarlanean.

    5. Proposamen didaktikoak ikasle bakoitzaren premietara egokitzea eta doitzea.

    6. Beste irakasleekin eta hezkuntza-eragileekin elkarlanean jardutea, eta ikastetxearen kudeaketan eta etengabeko hobekuntzan parte hartzea.

    7. Jarduerak erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta, hala badagokio, atzerriko hizkuntzaren batean gauzatzea.

    8. Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzea eta curriculumean txertatzea.

    9. Lanbideari buruz, eta eragile berritzaile den aldetik garatutako gizarte-konpromisoari dagokionez, ikuspegi etikoa garatzea.

    10. Arazoak eta gatazkak konpontzea.

    11. Norberaren prestakuntza jarraitua planifikatzea, norberaren lanari buruzko gogoeta eginez.

  4. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak ebaluatuko ditu irakasleen konpetentziak, garapen profesionala hobetzen laguntzeko. Irakasleek ere parte hartuko dute ebaluazioan.

  5. Prestakuntzak lagungarria izan behar du ikastetxeetan berrikuntza-proiektuak abiarazteko.

  6. Ikastetxeek, beren instalazioetan prestakuntza emateaz gain, jakintza partekatzeko ikastetxe-sareetan parte hartu ahal dute. Ikaskuntza-mota hori loturik dago elkarlanarekin, berdinen arteko harremanarekin, talde-lanarekin eta konpromiso partekatuarekin; betiere, irakaskuntza hobetzea helburu hartuta.

  7. Prestakuntzaren ingurune komunitarioa lagungarria izango da irakaskuntza formala eta ez-formala lotzeko. Horrela, komunitate hezitzaileranzko bidea urratzen da, hezkuntzako eta komunitateko eragile guztiak inplikatuta, eta, betiere, ikasle guztien oinarrizko konpetentziak hobetze aldera.

  8. Prestakuntza-prozesuak kontuan hartu behar du zer eragin duen ikasgelan edo ikastetxeko egunerokoan (curriculumean, antolakuntzan, metodologian, ebaluazioan, eskolako giroan eta familiekiko eta erakunde sozialekiko eta komunitarioekiko harremanean). Prestakuntza-proiektu guztiek adierazi behar dute haien inpaktua, eragin hori sistematizatzen eta objektiboa egiten duten adierazleak baliatuta.

  9. Hezkuntza-eskumenak dituen sailak koordinatuko du, alde batetik, prestakuntza-eskaera guztien plangintza, eta bestetik, Administrazioaren beraren eta bestelako hezkuntza-eragileen prestakuntza-eskaintza, batik bat irakasleei eta familiei zuzendutako hezkidetzari buruzkoa.

  10. Berritzeguneetako aholkulariek hezkuntza-eskumenak dituen sailak hezkuntza-berrikuntzaren sustatutako lehentasun-ildoak garatzen lagunduko dute, eta horretarako kontuan izango dute ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-komunitateak zehazki zer behar dituen. Horiek horrela, hezkuntza-berrikuntza bultzatuko dute, ikastetxeei irakaskuntza-ikaskuntzako metodologia berriei buruzko aholkuak emanez; irakasleen prestakuntzan haiekin batera lan eginez, eta ikastetxeetan arrakasta izan duten pedagogiako esperientzien trukea eta ezarpena erraztuz. Gainera, modu aktiboan hartuko dute parte ikastetxeetako hobekuntza-planak eta ikasleentzako indartze-plana indibidualak egiten eta garatzen.

  1. Irakasle-talde osoaren egitekoa da ikaslea ikaskuntza-prozesuan eta garapenean laguntzea, baina, bereziki, tutorearen egitekoa da, hura baita ardurapean duen taldeko ikasleei ematen zaien orientazioaren, taldeko ikasleei eskolak ematen dizkieten irakasleen arteko koordinazioaren eta familiekin edo legezko tutoreekin komunikazio-fluxu arina ezartzearen erantzule nagusia.

  2. Tutoretzako ekintza-planak Ikastetxearen Curriculum Proiektuaren barruan dago tutorearen esku-hartzea antolatzen du, dela ikasleen banakako edo taldekako jarraipenaren eta familiekiko harremanen esparruan, dela irakasleekiko eta kanpo-eragileekiko koordinazioaren esparruan.

  3. Tutoreei dagokie plan hori aurrera eramatea, irakasle-taldearekin eta ikasle-taldearengan eragiten duten gainerako eragileekin batera.

  4. Ikastetxeetako Tutoretza Planek atal hauek izango dituzte, gutxienez:

    1. Tutoretzan landuko diren konpetentziak, helburuak eta edukiak, ikasleen premiei egokituta.

    2. Tutoreak ikasleekiko, irakasle-taldearekiko eta familiekiko egin beharreko lanak eta bestelako lanak.

    3. Ekintza horiek ikasturtean zehar egiteko plangintza.

    4. Tutoretza-plana ebaluatzeko irizpideak.

  5. Tutoretzako ekintza-planak arreta berezia jarri behar dio oinarrizko zehar-konpetentzien garapenari.

  6. Hezkuntzaren alorreko eskumena duen sailak jarraibideak emango ditu Haur Hezkuntzako tutoretzako ekintza-planak egin eta lantzeko.

  1. Banakako eskola-orientazioko txosten bat egingo du tutoreak, familiei informazioa emateko. Haur Hezkuntzako etapa amaitzean egingo da txosten hori. Era berean, aparteko egoerak gertatzen direnean egingo da; hala nola, haurra zikloz edo mailaz igarotzen ez denean hezkuntza-premia bereziak edukitzeagatik.

  2. Gutxienez, oinarrizko konpetentzien eskuratze-maila adieraziko da Haur Hezkuntzaren amaieran egingo den banakako eskola-orientazio txostenean, eta, bereziki, ikasle bakoitzaren hezkuntza-aurrerabidea gehien baldintzatzen duten konpetentzien eskuratze-maila. Era berean, banakako arreta bermatzeko garrantzitsutzat jotako alderdiak adieraziko dira.

  3. Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako igarobidea errazteko, arreta berezia jarriko zaio etapa bien arteko koordinazioari, bien arteko desberdintasun pedagogikoak eta antolaketakoak eta desberdintasun horiek ikaslearen aurrerabide akademikoan eragin ditzaketen desorekak gainditzeko.

  1. Hezkuntzako esku-hartzeak ikasleen aniztasuna aitortu eta errespetatu behar du. Halaber, ikasle guztien oinarrizko konpetentzien garapen gorena lortzera bideratutako arreta espezializatua bermatu behar du.

  2. Aniztasuna tratatzeko neurriek ikaslearen hezkuntza-premiak asetzea izan behar dute xede, ingurune normalizatu eta inklusiboan. Neurriek, halaber, ikasleen ikasteko interesak, motibazioak eta konpetentziak hartu behar dituzte kontuan, eta, edonola ere, Haur Hezkuntzako ikasleen irteera-profilerako ezarrita dagoen konpetentzia-maila lortzeko bideak aurreikusi behar dituzte.

  3. Ikastetxeek mekanismoak ezarriko dituzte garapen-erritmo desberdinak direla- eta hezkuntza-laguntza espezifikoak eskatzen dituzten premiak dituzten ikasleei ahalik eta goizen antzemateko. Izan ere, ikasle horiei hezkuntzazko erantzun pertsonalizatua eman behar zaie, ezaugarri hauek baitituzte:

    Desgaitasunen bat edo jokabide-nahaste larriak dituzte.

    Ikasteko zailtasunak dituzte.

    Gaitasun intelektual handiak dituzte.

    Hezkuntza-sisteman berandu sartu dira.

    Egoera pertsonal edo eskolaldi bereziak izan dituzte.

    Desberdintasun sozialak pairatzen dituzte.

    Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen trastornoak dituzte.

    Ikasleen beharrizanak hauteman ondoren, curriculum- eta antolaketa-neurri egokiak hartuko dira, ikasle guztien aurrerabide egokia bermatzeko.

  4. Aniztasunari erantzuteko neurrien artean, honako hauek ezar daitezke: dagokion espezialitateko irakasleak eta profesional kualifikatuak jartzea; ikasgelan bi irakasle batera aritzea; tutoretza pertsonalizatua, aldaketa metodologikoak ikasgelako interakzioak aberastu eta ugaritzeko; taldeak banatzea, komunikazio-konpetentziak lantzeko; banakako lan-planak; curriculum-aberastea; curriculuma zabaltzeko edo nabarmen aldatzeko egokitzapenak eta derrigorrezko eskolatzearen hasiera atzeratzea edota eskolatze-aldia malgutzea.

  5. Hezkuntza-premia bereziak dituzten Haur Hezkuntzako ikasleei dagokienez, curriculumaren ebaluazio-irizpideetatik eta edukietatik nabarmen aldentzen diren egokitzapenak ezartzeko aukera egongo da. Egokitzapen guztien helburua izango da oinarrizko konpetentziak ahalik eta gehien garatzea, eta ikaslearen lan-plan pertsonalizatuan jasota geratuko dira. Egokitzapenotan finkatutako ebaluazio-irizpideen araberakoa izango dira ebaluazioa eta maila-igoera.

  6. Adimen-gaitasun handiko ikasleen eskolatzeak malgua izan behar du, haien ikaskuntza-erritmora egokitzeko. Hala, dagoen etapako egonaldia laburtzeko aukera izango da, baldin eta hori bada jardun-modurik egokiena ikaslearen oreka pertsonala eta gizarteratzea garatzeko. Ikasle horiekin esku hartzeko proposamenak plan pertsonalizatu batean jasoko dira, normalizazio- eta inklusio-irizpideak betez eta ikaslearen arreta integrala bermatuz.

  1. Ikastetxeek ikaslearen adinari, garapen pertsonalari, ezagutzei eta bestelako ezaugarriei erreparatuko diete hezkuntza-sisteman berandu sartzen diren ikasleak eskolatzeko; hala, eskolatze hori egiteko modu egokiena hautatuko dute, oinarrizko konpetentziak Haur Hezkuntzako eskolatzearen amaierarako ezarrita dauden mailan eskura ditzaten.

  2. Berandu eskolatutako ikasleren batek gabezia handiak baldin baditu ikastetxeko eskolatze-hizkuntzen ezagutzan, berariazko arreta emango zaio ikasle horri, hizkuntzen ikaskuntzako berariazko programen bidez. Talde arruntean eskolatzearekin batera emango da arreta hori.

  1. Ikaslearen ikaskuntza ebaluatzea ezin da bereizi gainerako curriculum-osagaietatik.

  2. Haur Hezkuntzan, ebaluazio-eredu funtsezkoa dira curriculumak ziklo bakoitzerako ezarrita dituen esperientzia-eremuen ebaluazio-irizpideak, Ikastetxearen Curriculum Proiektuan eta programazio didaktikoetan zehaztuta daudenak. Esperientzia-eremuei dagozkien oinarrizko konpetentzien arabera ezarriko dira, jarduera-planean, hezkuntza-premia bereziko ikasleak ebaluatzeko irizpideak.

  3. Ebaluazio jarraituan ikaslearen aurrerabidea ez bada egokia, indartze-neurriak ezarriko dira. Zailtasunak hauteman bezain laster hartuko dira neurri horiek, eta haien helburua izango da ikasleek, heziketa-prozesuan aurrera egiteko, ezinbesteko ikasketak eskuratuko dituztela bermatzea.

  4. Haur Hezkuntzan, ikasleen konpetentzien ebaluazioa orokorra, jarraitua eta prestakuntzakoa izango da, eta ikasleak curriculumeko eremu guztietan egindako aurrerapenari erreparatuko dio, oinarrizko konpetentziak kontuan hartuta.

  5. Ziklo bakoitzean ezarritako gutxieneko helburuen eta ebaluazio-irizpideen berri emango diete ikastetxeek ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei. Ikasturte bakoitzaren hasieran emango da informazio hori, ikastetxeak ezarritako prozeduraren arabera.

  6. Tutoreak, ikasturte bakoitzean aurreikusitako ebaluazio-saioak egitean, edo baldintzek horretarako bidea ematen dutenean, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren gaineko txostena egingo du. Ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei emango zaie txosten hori. Hiru ebaluazio-saio egongo dira, gutxienez. Txosten horretan adieraziko dira: hezkuntza-konpetentzien lorpenari buruzko balorazioa, eskola-errendimenduari eta integrazio sozial eta hezkuntzakoari buruzko informazioa, eta, beharrezkoa baldin bada, aurreikusitako laguntza- eta indartze-neurri orokorrei buruzkoa.

    Arau orokor gisa, hurrengo ikasturtera, ziklora edo etapara igarotzeko erabakia hartuko da. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak soilik geratu ahal izango dira beste urtebetez Haur Hezkuntzako zikloren batean. Erabaki hori hartzeko, familien baimena beharko da.

  7. Ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek ebaluazio jarraituaren eta etaparen amaierako ebaluazioaren emaitzei buruzko azalpenak eska diezazkiekete irakasleei.

  8. Ikasleen ikaste-jardueraz gainera, irakaskuntza-prozesua eta berek egindako lana ebaluatuko dute irakasleek, curriculumak araututako oinarrizko konpetentziak eskuratu diren ala ez aztertzeko. Hiruhileko bakoitzaren amaieran gutxienez, ziklo bakoitzeko irakasle-taldeak ebaluazioko emaitzak bilduko ditu, eta prozesua bideratzeko aldaketak proposatuko ditu edo xede horretarako erabakiak hartuko.

  1. Hezkuntzako Ikuskaritzaren ardura da ebaluazio-prozesuaren nondik norakoak ikuskatzea hala ikasleei nola irakaskuntzari dagokienez. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legean ezarritakoaren arabera, emaitzak hobetzen laguntzeko neurrien gainean aholkuak emateko balio behar du ikastetxe publikoetako irakasleen lana ebaluatzeak.

  2. Ikuskariak, ikastetxeak bisitatzean eta banakako ebaluazioen emaitzak ezagututa, zuzendaritza-taldearekin bilduko dira emaitzak aztertzeko eta baloratzeko.

Hauek dira ebaluazio-agiri ofizialak: espediente akademikoa, ziklo-amaierako ebaluazio-aktak, historia akademikoa, eta, halakorik bada, lekualdaketen ondoriozko txosten pertsonala.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ezartzeko egutegia.

Haur Hezkuntzako curriculuma 2015-2016 ikasturtean ezarriko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Erlijio-irakaskuntzak.

  1. Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzkoak, bigarren xedapen gehigarrian arautzen duena aintzat hartuta, erlijio-irakaskuntzak jasoko dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.

  2. Hezkuntza-alorreko eskumena duten administrazioek bermatu behar dute ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek beren nahia adierazten dutela, ikasleek erlijio-irakaskuntzak jasoko dituzten ala ez erabakitzeko.

  3. Erlijio-irakaskuntzek ikasleen eta haien familien eskubideak betetzen dituztela zainduko dute hezkuntza-alorrean eskudun diren administrazioek, irakaskuntza horiek jasotzeak edo ez jasotzeak diskriminaziorako biderik ireki ez dezan.

  4. Erlijio katolikoaren eta Estatuarekin hezkuntza-arloko lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzten gainerako erlijioen curriculumak zehazteko eskumena izango dute, hurrenez hurren, eliza-hierarkiak eta erlijio-agintariek.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hezkuntza sistema hobetzeko plana.

    Hezkuntza-eskumenak dituen sailak, kontuan hartuz dekretu honetako hezkuntza-eredu pedagogikoa eta barruko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak, hezkuntza-sistema hobetzeko beste plan bat aurkeztuko du, eta bertan jasoko ditu euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak.

    Plan horretan sartuko dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dekretu honetan hartutako konpromisoak. Konpetentzien araberako eredua aplikatuz Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek garrantzi berezia izango dute Plan horretan. Batik bat, neurri hauek nabarmenduko dira: irakasleen hasierako eta etengabeko prestakuntzarekin eta familien prestakuntzarekin lotutakoak; elebitasuna hezkuntza eleaniztun baten barruan sendotzeko neurriak, ikastetxe guztietan atzerriko lehen hizkuntza komunikazio-hizkuntza gisa eskaintzea orokortu arte; hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari eman beharreko arreta bultzatzeko neurriak; ikastetxeen autonomia sustatzeko neurriak eta ikastetxeak euren kontuak aurkeztera akuilatzeko neurriak; material didaktikoak sortu eta kudeatzeko eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak integratzeko neurriak, eta ikasleak, irakasleak eta hezkuntza-sistema ikertzeko eta ebaluatzeko neurriak. Irakasleei, ikastetxeei eta familiei beren erantzukizunak betetzen laguntzeko neurriak ere hartuko dira.

Indargabetu egiten da urtarrilaren 20ko 12/2009 Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ikaskuntza horiek ezartzen dituena (urtarrilaren 30eko EHAA).

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Oinarrizko konpetentziak

  1. Oinarrizko zehar-konpetentziak

  2. Oinarrizko konpetentzia espezifikoak

  1. Esperientzia-eremuak

  2. Errealitatea ulertzeko moduak eta ikasteko egoerak

    1. NORTASUNAREN ERAIKUNTZAREN ETA INGURUNE FISIKO ETA SOZIALAREN EZAGUERAREN EREMUA

  1. Eremuaren ezaugarriak

  2. Etapako helburuak

  3. Edukiak

    1. Lehen zikloa

    2. Bigarren zikloa

  4. Ebaluazio-irizpide eta -adierazleak

    2. NORTASUNAREN ERAIKUNTZAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN ETA ADIERAZPENAREN EREMUA

  1. Eremuaren ezaugarriak

  2. Etapako helburuak

  3. Edukiak

    1. Lehen zikloa

    2. Bigarren zikloa

  4. Ebaluazio-irizpide eta -adierazleak

    3. METODOLOGIA KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZAREN IKUSPEGITIK

    SARRERA

    Haur Hezkuntzaren xede nagusia da dimentsio guztietan laguntzea haurraren garapena, familiekin eta ingurunearekin lankidetza estuan jardunda. Irakatsi eta ikasteko prozesuak lantzeko, ezinbesteko dira erantzukidetasuna, lankidetza eta elkarren onarpena.

    Oinarrizko konpetentziak, zeharkakoak eta espezifikoak, lantzen hastea da Haur Hezkuntzako etaparen helburua, pertsona guztiek landu behar baitituzte, gerora, bizitzan zehar.

    1. OINARRIZKO KONPETENTZIAK

    Europako Erkidegoen Batzordeak 2006an egindako proposamenean, hauek dira konpetentzia giltzarri edo oinarrizkoak: «pertsona guztiek behar dituztenak garapen eta errealizazio pertsonalerako, hiritar aktibo izateko, gizarteratzeko eta lana lortzeko. Hasierako hezkuntza eta prestakuntza amaitzean, helduarorako prestatzeko behar bezainbeste landuta izan behar dituzte gazteek konpetentzia giltzarriak, eta, aurrerantzean ere, horiek garatu, mantendu eta eguneratu behar dituzte, etengabeko ikaskuntzaren esparruan». Horrez gainera, DeSeCo txostenaren proposamenak (2002) adierazten du hiru baldintza hauek bete behar dituela konpetentzia batek giltzarria edo oinarrizkoa izateko: «balio pertsonal edo sozial handiko emaitzak lortzen lagundu behar du, testuinguru eta esparru anitzetan erabiltzeko modukoa izan behar du, eta eskakizun konplexuak arrakastaz gainditzeko aukera eman behar die hura eskuratzen duten pertsonei». Bestela esanda, konpetentzia bat giltzarria edo oinarrizkoa izango da, baldin eta baliagarria baldin bada herritar guztientzat, haien sexua, gizarte- eta kultura-egoera eta familia-ingurunea edozein dela ere. Guztiek batera, XXI. mendeko bizitza sozialean parte hartu eta bazterketa-arriskurik ez izateko ikaskuntza ezinbestekoak osatzen dituzte konpetentziek.

    Bi erreferentzia nagusi hauek ditu oinarrizko konpetentzien azalpen edo formulazio honek: a) Jacques Delors buru zela Unesco erakundearentzat idatzitako txostena (1996), hezkuntzaren lau zutabe edo oinarri zehazten dituena: ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea; b) Europako Erkidegoetako Batzordeak 2006. urtean eman zuen gomendioak adierazi zituen konpetentzia giltzarri edo oinarrizkoak; hau da, ikasten ikastea; ekimena eta espiritu ekintzailea; pertsona arteko konpetentziak eta konpetentzia zibikoak; ama-hizkuntza eta atzerriko hizkuntzak; konpetentzia digitala; matematikak, zientziak eta teknologia; eta kultura-kontzientzia eta -adierazpenak.

    Oinarrizko konpetentzien artean, oinarrizko zehar-konpetentziak eta oinarrizko konpetentzia espezifikoak bereizten dira:

    Oinarrizko zehar-konpetentziak edo orokorrak: bizitzako esparru eta egoera guztietan arazo-egoerak eraginkortasunez ebazteko behar diren konpetentziak dira, bai esperientzia-eremuetan, bai eguneroko bizitzako gainerako egoeretan. Esperientzia-eremu guztietan orotara egindako lanaren bidez sustatu eta indartu behar dira zehar-konpetentziak, eta bizitzako esparru eta egoera guztietan integratu edo barneratuz eskuratzen eta erabiltzen dira.

    Esperientzia-eremuetan eta haien eguneroko bizitzako gainerako egoeretan integratu edo uztartu behar dituzte haurrek zehar-konpetentziei dagozkien prozedurak eta jarrerak. Horrela jokatuta, oinarrizko zehar-konpetentzia hauek landuko dituzte haurrek:

    Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.

    Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

    Elkarbizitzarako konpetentzia.

    Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia.

    Norbera izaten ikasteko konpetentzia.

    Oinarrizko konpetentzia espezifikoak: bizitzako esparru eta egoeretan arazo-egoerak eraginkortasunez ebazteko behar diren konpetentziak dira, eta haietan, diziplina-arloren bateko berariazko baliabideak erabiltzen dira. Esperientzia-eremuek berezko dituzten integrazio-egoeren bidez eskuratzen dira diziplina baitako konpetentziak. Funtzio anitzekoak eta transferitzeko modukoak dira, eguneroko bizitzan sortzen diren arazo-egoerak ebazteko balia baitaitezke.

    Haurren bizipenei lotzen zaie Haur Hezkuntzaren planteamendu edo ikuspegia, eta horrenbestez, curriculuma esperientzia-eremuetan egituratzen da, eta hezkuntza-proposamenak modu globalizatu batean planteatzen dira.

    Honako oinarrizko konpetentzia espezifiko hauek landuko dituzte haurrek «Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisiko eta sozialaren ezagutza» eta «Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena» esperientzia-eremuen bidez:

    Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia.

    Matematikarako konpetentzia.

    Zientziarako konpetentzia.

    Teknologiarako konpetentzia.

    Konpetentzia sozial eta zibikoa.

    Arterako konpetentzia.

    Konpetentzia motorra.

  1. Oinarrizko zehar-konpetentziak.

    Oinarrizko zehar-konpetentziak hezkuntzaren ardatz edo zutabeen arabera sailkatzea lagungarria da ardatz bakoitzaren berezitasunak zehazteko, baina kontuan izan behar da ardatz horiek moldatu eta elkartu egiten direla ekintzak gauzatzean. Ekintza konpetenteak egiteko, ezinbestekoa da pentsatzen, komunikatzen, elkarrekin bizitzen eta izaten jakitea. Konpetentzia horiek batera eta bereizketarik gabe baliatu behar dira. Ez dago konpetentzien arteko lehentasun edo hierarkiarik. Adibidez, ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia ez da gainerakoak baino lehenagokoa, ezta garrantzitsuagoa ere.

    Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia.

    Komunikaziorako konpetentzia izateko, modu osagarrian erabili behar dira hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala, komunikazio egokiak eta eraginkorrak egiteko egoera askotarikoetan.

    Konpetentzia horren bidez, pentsamendua eraikitzen da eta gizabanakoaren eta ingurunearen arteko hartu-emanak bideratzen dira. Komunikaziorako konpetentzia funtsezkoa da kultura sortzeko eta ikasleak kultura hori bereganatzeko, irakasteko eta ikasteko prozesu elkarreragilearen bidez.

    Haurrek, Haur Hezkuntzan, hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako konpetentzia lantzen dute, eta gero eta eskuragarriagoak izaten dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Tresna digitalak normaltasunez erabiltzeko aukera izan behar dute haurrek, eta, zenbaitetan, lehentasuna eman behar zaie tresna horiei baliabide tradizionalagoen gainetik, desberdintasunak konpentsatzea baita Haur Hezkuntzaren zereginetako bat.

    Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

    Haur Hezkuntzaren xedea da ikaskuntza funtzional eta adierazkorrak egiteko testuinguruak ziurtatzea, bai eta haurrei beraien jarduera erregulatzeko prozedurak eskuratzeko laguntza ematea ere; hau da, pixkanaka ikasten ikasteko behar dituzten prozedurak eskuratzen laguntzea.

    Xede hori betetzeko, prozedura horiek ikasteari ekin behar diote, egoera hauek osatutako testuinguruetan: askotariko iturrietako informazioa bilatu, hautatu, gorde eta berreskuratzeko beharrizana dakarten egoerak; informazioa konparatu, sailkatu, segidan antolatu eta buruz ikasteko beharrizana dakarten egoerak (pentsamendu ulerkorra); informazioa interpretatzeko eta balioesteko beharrizana dakarten egoerak (pentsamendu kritikoa); eta ideiak sortu eta hautatzeko beharrizana dakarten egoerak (pentsamendu sortzailea). Horrela jokatuta, askotariko egoeratara mobilizatzen eta transmititzen dira eskura dauden baliabideak.

    Elkarbizitzarako konpetentzia

    Etapa honetan, familiatik eskolara igaroz, handitu eta zabaldu egiten da haurren ingurunea. Gizartean hartu-emanak izateko aukerak handitzen zaizkie, eta horrek bide ematen die pertsonekin harremanak izateko, lankidetzan aritzeko eta elkarrekin bizitzeko.

    Ingurunearekin eta beste haur batzuekin hartu-emanak izanda, hurbileko duten inguruan integratuko dira eta, arian-arian, gai izango dira pentsamendu-prozesuak lantzeko, erabakiak hartzeko, arazo-egoerak ebazteko, errealitatea eta bizi duten mundua ezagutzeko, eta baliabide kognitiboak gero eta era landuagoan eta konplexuagoan erabiltzeko.

    Hori horrela izango baldin bada, egoera hauek planteatu behar zaizkie haurrei: norberaren sentimenduak, pentsamenduak eta gogoak modu asertiboan adierazi, eta, era berean, gainerako pertsonen sentimenduak, pentsamenduak eta desirak adi entzuteko aukera ematen duten egoerak; taldean ikasteko eta lan egiteko egoerak, nork bere gain hartzeko norberari dagozkion ardurak eta elkarlanean aritzeko helburu komun bati begira; giza eskubideei dagozkien printzipio etikoak eta bizikidetzarako gizarte-aztura oinarrizkoen ondoriozko arau sozialak betez jokatzen ikasteko egoerak; eta gatazkak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzeko aukera ematen duten egoerak.

    Ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

    Ideiak ekintza bihurtzeko gai izatean datza ekimen eta espiritu ekintzailerako konpetentzia. Konpetentzia hori lantzeko, giro egoki bat, ekimenerako aukera emango duena, eskaini behar zaio haurrari, jarduerek irekiak eta malguak izan behar dute, eta malgutasunez antolatu behar dira denborak eta espazioak. Ekosistema horrek, konfiantza-giro baten baitan, sormena eta berrikuntza lantzeko aukera ematen die haurrei, baita arriskuak hartzekoa ere. Egoki zaie ekosistema hori, era berean, ekimenak planifikatzeko eta kudeatzeko abilezia garatzeko. Haurrak zer interes dituen ikusi behar dute pertsona helduek, eta eguneroko bizitzan erabakiak hartzeko aukerak eman behar dizkiete, hori baita haurraren ekimena eta autonomia lantzeko bidea.

    Norbera izaten ikasteko konpetentzia

    Adin horietan, berebiziko garrantzia dute norberaren irudia eraikitzeko bide ematen duten egoerek eta ikaskuntzek, baita beraien burua eta ingurunea ezagutzeko, balioesteko eta kontrolatzeko bide ematen dutenek ere.

    Oinarrizko zehar-konpetentzia eta konpetentzia espezifiko guztietan esku hartzen du «izaten ikasteak» eta autoerregulazioko prozesuak dira esku-hartze horren bitartekari; hau da, kontzientziaren prozesuak eta oinarrizko konpetentzia bakoitzari dagozkion pentsamenduak, hitzak eta ekintzak erregulatzeko prozesuak. Txanpon beraren bi aldeak dira konpetentea izatea proposamen honetan adierazten den moduan ulertuta eta, autoerrealizazioaren bidetik, norbera izatea.

    Hausnartzeko gaitasuna izatea funtsezkoa da autoerregulaziorako gaitasuna eskuratu eta nortasuna eraikitzeko prozesuan, eta ezinbestekoa da, era berean, norberaren sentimenduez, pentsamenduez eta ekintzez jabetzea. Haurrak pixkanaka bereizi behar ditu barneko eta kanpoko munduak, eta garapen pertsonalaren dimentsio ugariak eraikitzen lagundu behar dio helduak haurrari; hala nola, hitzezko eta hitzik gabeko lengoaiak, ikasteko prozesuak eta haurraren estilo kognitibo propioa, portaera sozial eta morala, motibazioa eta gogo-indarra, gorputzaren funtzioak eta gorputz-irudia, emozioak, haurrak bere buruaz duen kontzeptua, autoestimua eta autonomia.

  2. Oinarrizko konpetentzia espezifikoak.

    Hezkuntza-ikuspegiak haurren bizipenei erreparatzen die Lehen Hezkuntzan, eta ondorioz, esperientzia-eremutan egituratzen dira hezkuntza-proposamenak. Ikuspegi horren baitan, eta haurren garapen osoa lantzeko xedea hartuta, honako hiru alderdi hauek hartu behar dituzte kontuan hezkuntzaren plangintzak eta jardunak: haurraren jarduera eta esperimentazioa, hezitzaileak haurraren ekintzak «entzutea» eta haien gaineko gogoeta egitea, eta ekintzen hezkuntza-testuingurua.

    Honako oinarrizko konpetentzia espezifiko hauek lantzen dituzte haurrek «Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisiko eta sozialaren ezagutza» eta «Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena» esperientzia-eremuen bidez:

    Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia

    Sentimenduak eta emozioak adierazi eta bizipenak izan ahala, pertsonek gero eta gehiago ezagutzen dute beraien burua. Adierazpen eta bizipen horien bidez harreman eta lotura eraikitzaileak ezartzen dira beste pertsona batzuekin eta ingurunearekin, entzuteko, azalpenak emateko eta elkarrizketan aritzeko ahalmenak lantzen dira, eta komunikazio-trukerako arau eta gizarte-ohiturak betetzen ikasten da.

    Etapa honetan, literaturaren adierazpen xumeenak gerturatuko dizkie literatura-hezkuntzak haurrei, bizipen gozagarriak izan ditzaten, literatura-testuak entzun eta moldatuta.

    Matematikarako konpetentzia

    Matematikarako konpetentzia lantzean, errealitatea ulertu eta interpretatzeko tresnak eskuratzen dira, eta tresna horien bidez, errealitateko elementuak identifikatzen dira eta elementu horien arteko erlazioak, formak, denboraren erabilera eta espazioaren adierazpena zehazten.

    Haurrak, bere burua ezagutzeko, inguru-kokapenaz jabetzeko eta ingurumen fisikoarekin hartu-emanak izateko prozesuan, ingurune fisiko horren elementuak aztertzen, behatzen, esploratzen, ikertzen eta identifikatzen ditu, elementuen arteko erlazioak ezartzen ditu, antzekotasunak eta diferentziak hautematen ditu, ordenatu, sailkatu eta zenbatu egiten ditu, elementu horiekin egindako ekintzek izango dituzten ondorioak aurreratzen ditu, eta haien manipulaziotik abiatuta, eboluzio bat izaten du, harik eta haien errepresentazioak eta hitzezko adierazpenak egiten dituen arte.

    Zientziarako eta teknologiarako konpetentzia

    Konpetentzia hau garatzeko, pertsonen arteko hartu-emanak landu behar dira, eskuz erabili behar dira objektuak eta materialak, aldatu eta eraldatu egin behar dira, jarduera horien emaitzak behatu behar dira eta gerta daitezkeen ondorioak aurreratu eta aurresan.

    Etapa honetan, teknologien erabileraren gaineko lan hezigarria egin behar da. Erabilera egokia eta adierazkorra eginda, teknologiak doitasunez eta sormenez erabiltzeko lehen urratsak emango dituzte haurrek.

    Konpetentzia sozial eta zibikoa

    Haurrek gizarte-errealitatea ulertzeko bidea urratzen dute familian eta eskolan prestutasunez, errespetuz, elkarlanean eta ekimenez parte hartzen dutenean, genero-diskriminaziorik gabe. Honako jardun hauek landu behar dira bizikidetzarako trebetasun sozialak eskuratzeko gizarte plural eta demokratikoetan: norberaren inguruko esparru guztietan gogoz eta arduraz parte hartzea, jokabide egokiak eta desegokiak bereiztea, gatazkak bide baketsuetatik konpontzea, norberaren iritziak adierazi eta defendatzea, eta gainerako pertsonen iritziak errespetatzea.

    Arterako konpetentzia

    Material askotarikoak arakatu eta sormenerako erabiltzen baldin badira, kultura ezagutzeko, ulertzeko eta balioesteko bidea egiten da; era berean, artea balioesteko eta arteaz gozatzeko trebetasunak eskuratzen dira, baldin eta adierazpen-teknika oinarrizkoak erabiltzeari ekiten baldin bazaio irudimena eta fantasia elikatzeko, abestiak, dantzak, mugimenduak eta adierazpenak interpretatzeko jarrera lantzen baldin bada eta bertako eta beste herrialde batzuetako adierazpen artistiko eta kulturalekiko interesa eta jakin-mina pizten baldin badira.

    Konpetentzia motorra

    Haurrak, jarduera motor kontzientearen bidez, bere nortasun propioa eraikitzen du, bere gorputza ezagutzen du eta hura adierazpen-bitarteko moduan erabiltzen, gorputz-egitura osatzen du, denbora-errealitatea bizi du, eta kanpo-munduaz eta gainerako pertsonekin harmonian konpartitu behar duen espazioaz jabetzen da.

    Kanpo-munduan «den bezala» adierazteko aukera ematen dio gorputz-adierazpenak haurrari, eta horretarako, keinuak, aurpegierak, mugimenduak, gorputz-jarrerak, ukimena eta antzeko baliabideak erabiltzen ditu. Baliabide horien bidez, ideiak eta emozioak adierazten ditu, eta egokitasunez interpretatzen eta balioesten ditu gainerako pertsonen adierazpenak.

    2. ESPERIENTZIA-EREMUAK

    Haurrak ingurune fisikoarekin, ingurune naturalarekin eta, batik bat, gizartearekin dituen hartu-emanen harian eraikitzen du nortasun pertsonala. Gorputza, zentzumenak eta komunikatzeko eta adierazteko moduak erabiltzen ditugu ingurunearekin hartu-emanak izateko, eta horien bidez osatzen dugu gure eraikuntza pertsonala. Eraikuntza hori emaitza eta, aldi berean, ezinbesteko aurre-baldintza da ingurunearekin hartu-emanean aritzeko prozesu dinamiko horretan, komunikazioa eta errealitatearen errepresentazioa edo adierazpena bitartekotzat hartuta.

    Esperientzia-eremuak, beraz, ez dira eremu itxiak; aitzitik, elkarri lotuta daude hezkuntza-jardunean, eta banaezinak dira eraikuntza pertsonaleko prozesu dinamikoan. Esperientzia-eremuak, arloak edo ikasgaiak bereizten dira, errealitatearen alderdiak egituratzen laguntzen dutelako eta gerora erraz integratu edo batu daitezkeelako.

    Nortasun propioaren eraikuntza ezinbestean dago loturik ingurunearekiko hartu-emanekin eta errealitatearen komunikazioarekin eta errepresentazioarekin; horrenbestez, bi esperientzia-eremu hauek barne hartzen ditu:

    Ez dira beti agerikoak eta zuzen-zuzenak izaten oinarrizko konpetentzia espezifikoen eta Haur Hezkuntzako etaparen esperientzia-eremuen arteko korrespondentziak, ezta Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo eta ikasgaien artekoak ere, baina erlazio edo lotura horiek ezarri behar dira ikasteko prozesuak ondo antolatzeko eta oinarrizko konpetentzia espezifikoak ebaluatzeko.

    Oinarrizko konpetentzia espezifikoen korrespondentzia Haur Hezkuntzako eremuekin eta Lehen Hezkuntzako arloekin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgaiekin.

    (Ikus .PDF)

    3. ERREALITATEA ULERTZEKO MODUAK ETA IKASTEKO EGOERAK.

    Adin horretako haurrek errealitatea ulertzeko duten moduak baldintzatu egiten du oinarrizko konpetentzia guztien, zehar-konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen, garapena.

    Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-3 urte), gorputza da mundua arakatzeko eta esperientziak izateko abiapuntua. Adin horietan eratzen dira errealitatea ulertzeko oinarriak, eta eratze-prozesu horretan, espazioak, denborak, kausalitateak, erritmo biologikoek, plazerak, minak eta beste aldagai ugarik osatutako erreferentzia-esparrua eraikitzen da. Prozesu horretan, bere nortasun soziala deskubritzen du haurrak, eta komunikaziorako modu askotarikoak lantzen ditu.

    Prozesu horretan, garrantzitsua da zaintza, afektu eta komunikazioko jarraibideen ildotik deskubritzea norberaren nortasun soziala, eboluzio-egokitzapenak biltzen eta jarraibide kultural konkretuak islatzen diren bitartean.

    Adin horretako haurrentzat, jolasa eta esperimentazioa dira garapeneko eta ikasteko prozesuaren ardatza eta motorra.

    Haur Hezkuntzako bigarren zikloan (3-6 urte), jolasarekin eta esperimentazioarekin batera, haur-ipuinak eta haurren narrazioak eta elkarrizketak dira, besteak beste, garapeneko eta ikasteko prozesuaren ardatza eta motorra. Urte horietan, ingurunearen ezagutza eta gizarte-harremanak handitzen dituzten heinean, nabarmen hobetzen dute ahozko hizkuntzaren bidezko komunikazioa.

    Errealitatea ulertzeko modu horiei erreparatu behar zaie, bai ikasteko egoerak hautatzeko, bai ikasitakoak integratu edo biltzeko egoerak hautatzeko. Eguneroko bizitzako egoeren familia batzuk adieraziko ditugu adibide moduan. Egoera horiek konplexutasun mailaren bat dute, eta haurrak batera edo modu integratuan erabili behar ditu zenbait trebetasun, ezagutza eta estrategia, arazo-egoeraren bat eraginkortasunez ebazteko.

    Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera eremuarekin lotutako egoeren familiak: atsedena-erlaxazioa, loa, garbitasuna, elikadura, jolas sinbolikoa, jolas heuristikoa, kanpoko ekintzak, tradizio kulturaleko jarduerak...

    Komunikazioa eta adierazpena eremuko egoera-familiak: ipuinak, bildumak, poesia, hitzen kateak, erritmo-jolasak, antzerkia, adierazpen grafikoak...

    Esperientzia-eremu guztiek komunak dituzten egoeren familiak: sarrera eta irteerako errituak, batzarrak, txokoak, lantegiak, ordenagailua, arbel digitala, proiektu txikiak...

    1. NORTASUNAREN ERAIKUNTZAREN ETA INGURUNE FISIKO ETA SOZIALAREN EZAGUERAREN EREMUA

    1. EREMUAREN EZAUGARRIAK

    Pertsona-nortasunaren gainean eta ingurune natural, fisiko eta sozialaren gainean gero eta ezagutza doituago bat eraikitzeko bidea adierazten du esperientziaren eremu honek. Bide hori urratzeko, errealitatearen eta bere buruaren gaineko irudi konkretu bat osatu behar du haurrak, ingurunearekiko partaidetza-sentimenduak landu behar ditu eta errespetu, interes eta balioespeneko jarrerak izan behar ditu haren elementuekiko.

    Norberaren gorputza ezagutzea da, haurrarentzat, pertsona den aldetik bere burua ezagutzeko lehen erreferentea, baita «ni» nozioa eta bere buruaren gaineko irudia osatzekoa ere.

    Norberaren gorputza eta bere aukerak eta mugak ezagutu, kontrolatu eta menderatu behar dira nortasuna eraikitzeko prozesuan, eta ezinbestekoa da gorputza bere osotasunean eta atalka ezagutzea, hura koordinatzea, haren kontrol dinamikoa egitea eta zeregin oro betetzeko izan behar diren manipulazio-trebetasunak izatea.

    Prozesu horretan, haurrak diferentziak ageri ditu bere buruaren eta gainerako pertsonen artean, baita haurraren beraren eta inguruan duen errealitatearen artean ere, eta egoera horrek, ondorioz, gero eta independentzia handiagoa ematen dio, arian-arian, pertsona helduekiko. Haurrak eragin aktiboa du bere nortasuna eraikitzeko prozesuan, eta prozesu hori elkarreragin sozialeko testuinguruan gertatzen da, afektibitatearen partaidetzarekin. Bere buruaren gaineko kontzeptu eta autoestimu doituak osatzean, haurrak bere ahalmenen baitako pertzepzioak eta jokabideak izaten ditu, eta baztertu egiten ditu, ondorioz, bai jokabide beldurti eta zalantzatiak, bai jokabide handikeriazko eta despotikoak.

    Adin horietan ekiten zaio sexu eta generoko nortasuna eraikitzeari, eta biak bereizi ezean, gizarteak egindako hautuak barneratzen dira, gizon edo emakume izatearen ondorio ezinbesteko direlakoan. Horrenbestez, premiazkoa da haurra hartuko duen eskolak, esku-hartze hezitzailearen plangintza egitean, sexualitatea bizitzeko aukera ematea eta bizipen horren haria nork bere burua deskubritzea, jakin-mina, topaketa eta gozamena izatea.

    Haurrak kalitatezko lotura afektiboak ezartzen baldin baditu inguruan dituen erreferentziazko pertsona helduekin eta heldu horiek segurtasun afektiboa ematen baldin badiote, haur horrek hartu-emanak izateko eta errealitateak nola funtzionatzen duen ezagutzeko eta ulertzeko jakin-mina adieraziko du.

    Nork bere burua zaintzen ikasteko, elikaduraren, garbitasunaren, ariketa fisikoaren, atsedenaren eta segurtasunaren gaineko jokabide-ildo egoki eta osasungarriak eskuratu behar dira pixkanaka.

    Hezitzaileak erreferentzia-esparru egonkor eta afektiboa eman behar die haurrei, eta haurrek entzuten zaiela sentitu behar dute esparru horretan; era berean, norberaren beharrizan eta gogoak ase eta erregulatzeko ohitura sozialak eskuratzen lagundu behar die, eta horrekin batera, haien ahalmenak ahalik eta gehien garatzeko laguntza eman behar die.

    Haurrak, ingurumen fisikoarekin hartu-emanak izateko prozesuan, ingurune fisiko horren elementuak arakatzen, behatzen, ikertzen eta identifikatzen ditu, elementuen arteko erlazioak ezartzen ditu, antzekotasunak eta diferentziak hautematen ditu, ordenatu, sailkatu eta zenbatu egiten ditu, elementu horien gainean egiten dituen ekintzek izango dituzten ondorioak aurreratzen ditu, eta haien manipulaziotik abiatuta, eboluzio bat izaten du, harik eta haien errepresentazioak eta hitzezko adierazpenak egiten dituen arte.

    Eremu honetako eduki nabarmenak dira nortasun propioaren eraikuntza, hurbileko ingurune natural eta sozialak, haien elementu fisikoak, elementu horien arteko erlazioak eta ingurune horietan eratzen diren antolamenduak, rolak eta harreman sozialak. Kontuan izango ditugu, era berean, gizarte-komunikabideen bidez ikasgelara iristen diren ingurune edo erreferentzia urrunekoak, ikasleen familiari, bidaiei edo bestelako egoerei lotutakoak, haurren arreta erakarri eta ingurune horiek ezagutzeko interesa pizten duten neurrian.

    Proposamen honen oinarriko kontzeptua da haurraren eskolak ingurunera zabaldu eta arreta jarri behar diola haurrek eskolatik kanpo bizi dituzten esperientzien ekarpenari, aintzat hartu behar duela haren inguruan gertatzen dena, lekua egin behar diola kanpoko errealitateri eta eskolak, bere ekarpenen bidez, dagokion errealitate sozial eta naturalean eragin behar duela.

    Haurren jakin-min eta interes handia pizten dute ingurune naturalak eta haren baitako izaki eta elementuek. Naturako elementuekin izaten dituen bizipenak eta elementu horiekiko gogoeta gidatuak bitarteko izango dira haurrarentzat, pertsona helduen laguntzarekin, naturako zenbait fenomeno eta haien adierazpenak eta ondorioak beha ditzan, eta, pixkanaka, izaki bizidunak ezagutzeari ekingo dio. Era berean, izakien artean ezartzen diren erlazioak, erlazio horien ezaugarriak eta izaki horien bizi-funtzio eta -zikloetako batzuk ezagutzen hasiko dira.

    Gertuko ingurune soziokulturala estimulu-iturri bat da adin horretako haurrentzat, haien arreta pizten baitu eta txikitatik izaten baita haien interesgune nagusia. Etapa honetan, familiako, eskolako eta komunitateko partaide direla ikasten dute pixkanaka haurrek, hau da, hezten diren ingurune sozialeko partaide direla.

    Haurren hezkuntzak gero eta esperientzia zabalagoak izateko aukera emango die haurrei eta, haien bidez, pertsonak eta pertsonen arteko harremanak ezagutzeari ekingo diote. Horren bidez, loturak sortuko dituzte pertsonekin eta konfiantza, enpatia eta atxikimenduko jarrerak landuko dituzte, haien sozializazioaren oinarri direnak. Partaidetza, lankidetza, negoziazioa eta gatazka dira gizarte-harremanen oinarri, eta aukera paregabea ematen dute gizarte-ikaskuntza, pertsonen arteko harremanak eta bizikidetza lantzeko.

    Kultura-aniztasunaren bidez, gizarte-usadio eta -ohitura askotarikoak eta haien inguruneko kultura-eremuak ezagutzen dituzte haurrek, ikuspegi ireki eta integratzailearekin. Hori horrela, gizartean ageri diren kulturen molde eta adierazpen ugari ezagutuko dituzte haurrek, eta onarpen, errespetu eta balioespeneko jarrerak landuko dituzte kultura horiekiko.

    2. ETAPAKO HELBURUAK

    Hauek dira, etapa honetan, «Nortasunaren eraikuntza eta ingurune fisikoaren eta sozialaren ezaguera» eremuko helburuak:

  1. Ohartzea norbera pertsona berezia dela eta nork bere buruaren gaineko irudi orekatu eta positiboa osatzea, norberaren nortasuna eraikitzeko.

  2. Gorputza kontrolatzeko bidea urratzea, zentzumen-pertzepzioa lantzea eta testuinguruaren ezaugarrietara doitzea mugimenduaren tonua, oreka eta koordinazioa, ekintzetan dituen ahalmenak eta mugak deskubritzeko.

  3. Ongizate emozionalari eta fisikoari dagozkion jarrerak lantzea (erritmo biologikoak, mugimenduak, jolasa, arakatze-jarduna, elikadura, garbitasuna eta segurtasuna erregulatzea), segurtasun afektiboa finkatu eta eguneroko bizitzako egoerez gozatzeko.

  4. Ekimenak abiatzea eta norberaren ekintzak planifikatzea eta sekuentziatzea, egiteko errazak edo arazo-egoerak ebazteko eta nork bere buruaren gaineko konfiantza-sentimendua handitzeko; frustrazio txikiak onartzea, sortzen zaizkion zailtasunak gaintzeko jarrera adieraztea eta gainerako pertsonengandik behar den laguntza bilatzea.

  5. Errespetu, laguntza eta lankidetzako jarrerak eta ohiturak lantzea, norberaren jokabidea erregulatu eta norberaren eta gainerako pertsonen beharrizanetara egokitzeko, eta sumisio nahiz nagusitasuneko jarrerak baztertzea.

  6. Ingurune fisiko eta soziala behatu eta aztertzea eta hura ezagutzeko interesa adieraztea, haren partaide izateko sena lantzeko eta ingurune horretan nolabaiteko segurtasunez eta autonomiaz jarduteko.

  7. Ingurune fisikoa arakatzea eta esperimentatzea eta haren elementuetako batzuen ezaugarriak ezagutzea, elementu horien gainean eragin eta haiek eraldatzeko gaitasuna lantzeko, eta interes eta errespetuzko jarrerak lantzea.

  8. Elementu eta bildumek zer ezaugarri dituzten jakitea; multzokatzeko, sailkatzeko, ordenatzeko eta zenbatzeko erlazioak ezartzea, pentsamendu zientifikoa lantzeko.

  9. Gailu teknologikoak erabiltzen hastea eta haien komunikazio-ahalmena balioestea, eta, arian-arian, haiek informazioa eskuratzeko, ikasteko eta plazera lortzeko erabiltzea.

  10. Hurbilean zer gizarte talde dituen jakitea eta haiengana, haien kultura-ekoizpenetara, balioetara eta bizimoduetara jarrera irekiz gerturatzea, konfiantza, errespetu eta balioespeneko jarrerak lantzeko.

  11. Arian-arian, gizartean jokatzeko oinarrizko jarraibideak barneratzea eta norberaren portaera jarraibide horietara moldatzea, gero eta modu egoki eta orekatuagoan.

  12. Haurraren bizi-ingurunean egiten diren bertako eta kanpoko festak, tradizioak eta ohiturak ezagutzea eta haietan parte hartzea, haiekin gozatu eta nortasun-zeinu diren aldetik balioesteko.

    3. EDUKIAK.

    0. Eduki komunak.

    Eremu guztiek komunak dituzten oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

    Edukien multzo honetan adierazitako jarrera eta prozeduren xede dira:

    Informazioa identifikatu, lortu eta berreskuratzea.

    Informazioa ulertzea (konparatzea, sailkatzea, sekuentziatzea eta aztertzea), buruz ikastea eta adieraztea (deskribatzea, zehaztea, azaltzea, etab.).

    Informazioa balioestea eta adieraztea (arrazoiak ematea, justifikatzea, etab.).

    Ideiak sortu eta adieraztea.

    Zereginak eta proiektuak planifikatzea eta aztertzea.

    Plangintzan erabakitakoa betetzea edo, beharrezkoa baldin bada, doitzea.

    Egin eta betetako plangintza balioestea eta hura hobetzeko proposamenak egitea.

    Lortutako emaitza komunikatzea.

    Pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa lantzea (enpatia eta asertibitatea).

    Elkarlana eta lankidetza taldean ikasteko zereginetan.

    Giza eskubideak eta gizarte-arauak betetzea.

    Gatazkak kudeatzea.

    Gorputza eta emozioak autoerregulatzea.

    1. Lehen zikloko edukiak.

  1. MULTZOA. Nortasuna eraikitzea

    Zentzumenak gorputza eta kanpo-errealitatea arakatzeko erabiltzea eta, arian-arian, zer sentsazio eta pertzepzio izaten dituen ezagutzea.

    Norberaren eta gainerako pertsonen gorputzak osotasunean eta atalez atal dituen ezaugarri eta ahalmenetako batzuk ikertzea eta, arian-arian, haiek identifikatzea eta ezagutzea.

    Arian-arian, norberaren gorputza eta nortasuna eraikitzea eta onartzea.

    Norberaren eta gainerako pertsonen sentimenduak, emozioak, oinarrizko beharrizanak eta interesak adieraztea, identifikatzea eta erregulatzen hastea. Laguntza onartzea eta, arian-arian, hura bilatzea.

    Norberaren segurtasun afektiboa ziurtatzeko estrategiak erabiltzea (erreferentziazko pertsona helduaren begirada bilatzea, kontaktu afektiboa eskatzea, etab.).

    Gorputzaren tonua eta jarrera objektuen, gainerako pertsonen, ekintzen, egoeren eta espazioaren ezaugarrien arabera kontrolatzen eta egokitzen hastea.

    Gero eta konfiantza handiagoa izatea norberaren ahalmen motorretan. Ekintzarako ekimena eta trebetasun berriak ikasteko jakin-mina izatea.

    Eskuen erabilera fineko trebetasunak koordinatzen eta kontrolatzen hastea.

    Estimuluak baztertu eta onartzeko ahalmena lantzea (atsedenerako eta mugimendurako uneak hartzea).

    Norberaren erritmo biologikoa eguneroko bizitzaren sozializazio-sekuentzietara egokitzea arian-arian.

    Konfiantza izatea zereginak laguntzarekin betetzeko eta eguneroko bizitzako zailtasunak gainditzeko ahalmenean (zenbaitetan laguntza-premia izan arren). Arrisku-egoera batzuk hautematen eta saihesten hastea.

    Eguneroko bizitzako lanetan (garbiketetan, arropa jantzi eta eranztean, jostailuak jasotzean, ipuinak entzutean, etab.) eta jolasetan laguntzeko interesa izatea.

  2. MULTZOA. Hartu-emanak gizarte-ingurunean

    Zer gizarte taldetako partaide den jakitea eta horiek bereiztea (hasierakoak, familia eta eskola).

    Lotura afektiboak bilatu eta ezartzea adineko pertsonekin eta eskolako haurrekin. Enpatia-jarrerak izaten hastea.

    Hurbileko gizarte-ingurunearen ezaugarriak eta funtzioak behatzea.

    Gizarteko hartu-emanen oinarrizko jokabideak izaten hastea (txandaren zain egotea, pertsona helduak, espazioak, materialak eta gainerakoak konpartitzea), eta elkarbizitzaren arau batzuk betetzea.

    Jolasetan parte hartzea eta ekimena izatea, eta, arian-arian, ardura txikiak hartzea eguneroko bizitzan.

    Jolas sinbolikoak egiteari ekitea, hurbileko gizarte-ingurunea ulertzen hasteko.

    Hurbileko gizarte-inguruneko kultura-adierazpenekiko interesa izatea.

  3. MULTZOA. Hartu-emanak ingurune fisiko eta naturalarekin

    Espazioak behatzea eta arakatzea, eta haietan dauden objektuak erabiltzea zentzumenen eta ekintzen bidez (erortzen uztea, kolpatzea, jasotzea, herrestan eramatea, hustea, irekitzea, etab.).

    Jolasa erabiltzea ingurune fisikoa esploratzeko. Esanahiak eta ezagutzak eraikitzea, ingurunean ekinez.

    Naturako elementuak (ura, hondarra eta bestelakoak) eta fenomenoak (euria, haizea eta bestelakoak) behatzeko interesa izatea. Haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen hastea.

    2. Bigarren zikloko edukiak.

  1. MULTZOA. Nortasuna eraikitzea

    Norberaren gorputza arakatzea eta ezagutzea. Norberak zer ezaugarri eta bereizgarri dituen jakitea eta gainerako pertsonekiko diferentziak eta antzekotasunak identifikatzea.

    Zentzumenak gorputza eta kanpo-errealitatea arakatzeko erabiltzea eta zer sentsazio eta pertzepzio izaten dituen ezagutzea.

    Gorputzaren egituraren gero eta irudi doituago bat izatea eta adieraztea.

    Gorputzak oinarrizko zer beharrizan dituen jakitea eta haiek adieraztea, erregulatzea eta kontrolatzea. Konfiantza izatea norberak beharrizan horiek asetzeko duen ahalmenean.

    Norberaren ezaugarriak, ahalmenak eta mugak balioetsi eta, arian-arian, onartzea.

    Garbitasuneko, elikadurako eta atsedeneko ohitura osasungarriak ezagutzea, balioestea eta horiek gero eta autonomia handiagoaz betetzea. Behar bezala erabiltzea ohiturazko jarduera horiei dagozkien espazioak eta objektuak.

    Eguneroko bizitzako jarduerak (jatorduak, atsedenak, garbitasuna eta joan-etorriak) antolatzeko ezarrita dauden arauak onartzea eta balioestea.

    Osasunari zuzenean eragiten dioten arrisku-faktoreen balioespen doitua egitea eta prebentzioko eta segurtasuneko portaerak izatea ohiko egoeretan.

    Objektuen, gainerako pertsonen, ekintzen eta egoeren ezaugarrietara egokitzea gorputz-jarrera.

    Jolasaren bidez (jolas motor, zentzumenezko, sinboliko eta arautuen bidez) arakatzea ingurunea. Disfrutatzeko eta harremanak izateko bitarteko gisa balioestea jolasa.

    Jolas sinbolikoaren bidez, egoera errealak edo irudizkoak eta pertsonaiak antzeztea.

    Jolas-arauak ulertzea eta onartzea. Jolasaren premia balioestea eta hura erregulatzen parte hartzea.

    Eguneroko bizitzako lanak egiteko ekimena izatea eta lan horiek gero eta autonomia handiagoz egitea.

    Lanak egitean, ekintzen sekuentzia planifikatzea; eta antolatzeko, konstantea izateko, arreta jartzeko, ekimena izateko eta ahalegintzeko ohiturak hartzea.

    Norberaren lana balioestea eta akatsak ekintza hobetzeko bidea direla aitortzea.

    Laguntza eskatu eta onartzea hura premiazkoa duenean. Gainerako pertsonen laguntza-jarrerak balioestea.

    Eskuzko eragiketak koordinatu eta kontrolatzea eta egokitasunez erabiltzea sarri erabiltzen diren tresnak.

    Konfiantza izatea norberaren ekintza-ahalmenean eta jolasetan parte hartzea eta saiatzea.

    Zereginak betetzeko moduak aurkitzeko interesa izatea eta gelakideek egindako proposamenak balioestea.

    Antolatzeko, konstantea izateko, arreta jartzeko, ekimena hartzeko eta ahalegintzeko ohiturak eta jarrerak lantzen hastea.

  2. MULTZOA. Hartu-emanak gizarte-ingurunean

    Gainerako pertsonen nortasuna eta ezaugarriak onartzea, diferentziak errespetatzea eta diskriminazio-jarrerak baztertzea.

    Afektu eta enpatiako harremanak sortzeko jarrera positiboa izatea eta talde-lanetan laguntzea.

    Eguneroko bizitza antolatzen duten arau kolektiboak eztabaidatzea, hausnartzea, balioestea eta betetzea.

    Hastapenetako zer gizarte taldetako partaide den jakitea eta horiek bereiztea. Familia-ereduak, senidetasun-harremanak...

    Haurrak parte hartzen duen gizarte taldeetan ezartzen diren harreman afektiboen garrantzia balioestea.

    Komunitatearen beharrizanak, lanbideak eta zerbitzuak behatzea eta esploratzea.

    Gogoz bereganatzea, arian-arian, elkarbizitzaren oinarrizko arauak. Gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen hastea.

    Haurrek harreman orekatuak izatea elkarren artean. Estereotipo eta aurreiritzi sexista batzuk identifikatzea eta baztertzea.

    Norberak egiten dituen eta ingurunean egiten diren jarduera soziokulturalak balioestea eta horietan parte hartzea; norberaren nortasun-zeinuetako batzuk ezagutzea.

  3. MULTZOA. Hartu-emanak ingurune fisiko eta naturalarekin

    Ingurune naturala eta haren baitako objektuak, materiak, eginkizunak eta eguneroko erabilerak behatu, esploratu eta ezagutzea.

    Izaki bizidunen portaera, funtzio, ezaugarri eta aldaketa batzuk ezagutzea. Jaiotzaren eta heriotzaren bitarteko bizi-ziklora hurbiltzea. Izaki bizidunen gaineko aieru edo konjeturak egitea.

    Ingurune naturaleko fenomenoak (gau eta egunen segida, euria, etab.) behatzea eta gizakien bizitzan duten eraginaz ohartzea.

    Naturaren eta izaki bizidunen gaineko jakin-mina, interesa eta errespetua izatea. Pertsonek zaintzaren gainean duten arduraz jabetzea eta jarrera kritikoa izatea ingurunean egiten diren jarduera kaltegarriekiko.

    Teknologia gailuak erabiltzen hastea, ikasten eta komunikatzen laguntzeko.

    Arian-arian ohartzea teknologiak doitasunez eta beharrezkoa denean erabili behar direla, bai ikasteko, bai jakintza eskuratzeko.

    4. EBALUAZIO-IRIZPIDE ETA ADIERAZLEAK

  1. Gorputzaren egituraren gero eta irudi doituago bat adieraztea eta bere sentsazio eta pertzepzioez jabetzea.

    Arian-arian, bere eta gainerako pertsonen gorputzaren atalak ezagutzen, izendatzen eta kokatzen ditu.

    Pertsonen arteko diferentziak eta antzekotasunak ezagutzen eta azaltzen ditu, gorputzaren ezaugarri eta bereizgarri batzuei erreparatuta.

    Giza irudia irudikatzen du eta gizakien ezaugarri fisiko batzuk ikusten dira irudi horietan.

    Zentzumenak eta horiei dagozkien sentsazioak ezagutzen ditu.

    Zentzumenen eta beraien helburuen arteko loturak egiten ditu.

  2. Trebetasun motorrak eta eskuak erabiltzeko abileziak hobetzea, bere ahalmenean gero eta konfiantza handiagoa izanda.

    Gero eta gehiago kontrolatzen du gorputza, bai mugimenduan (joan-etorrietan, ibiltzean, korrika egitean, jauzi egitean, etab.), bai geldirik dagoenean (oreka, gorputz-jarreraren kontrola, etab.).

    Gero eta trebetasun gehiago eskuratzen ditu.

  3. Gero eta autonomia handiagoz ebaztea eguneroko bizitzako arazo-egoera errazak.

    Espazioak, materialak eta tresnak, teknologikoak barne, koordinazio eta kontrol egokiz erabiltzen ditu, eguneroko bizitzako lanak egiteko.

    Pertsona helduen laguntzarekin, lan errazen sekuentziak planifikatzen ditu, sortzen zaizkion arazo-egoera errazak ebazteko.

    Gauza berriak egiteko ekimena du eta bere disfrutatu egiten du bere aurrerapenekin.

    Arian-arian, estrategia egokiak erabiltzen ditu frustrazio-egoerak bideratzeko.

  4. Jolasetan parte hartzea, eta, parte-hartze horretan, gero eta gehiago erregulatzea sentimenduen eta emozioen adierazpena.

    Jolasetan eta taldearen proposamenetan gogoz parte hartzen eta laguntzen du.

    Jolas sinple batzuen arauak onartzen eta betetzen ditu.

    Sentikorra da gainerako pertsonen aldartearekin, interesekin eta gogoarekin.

    Arian-arian, sumisio eta nagusikeriazko jarrerak baztertzen ditu.

  5. Ingurunea haren elementuen behaketaren, eskuzko erabileraren eta esplorazioaren bidez deskubritzeko jakin-mina adieraztea.

    Inguruko objektu fisikoen propietate eta ezaugarri batzuk ezagutzen eta bereizten ditu.

    Objektuen ezaugarrien (forma, kolorea, tamaina, pisua, etab.) eta haien portaera fisikoaren (erortzea, flotatzea, biratzea, irristatzea, etab.) arteko loturak egiten ditu.

    Elementu eta material batzuen portaerari buruzko hipotesiak egiten (flotatu egingo du, hondoratu egingo da, etab.) eta egiaztatzen ditu.

  6. Maiz erabiltzen dituen lekuetan orientatzea eta kokatzea, oinarrizko espazio-nozioak egoki erabilita.

    Espazio-nozioak erabiltzen ditu bere burua eta objektuak kokatzeko.

    Nolabaiteko autonomiaz egiten ditu ibilbideak eta jarduerak, horiek maiz egiten dituen lekuetan.

  7. Eguneroko bizitzako jardueren eta ekitaldi sozialen denbora-sekuentzia ezagutzea eta aurreratzea, oinarrizko denbora-nozioak egoki erabilita.

    Oinarrizko denbora-nozioak erabiltzen ditu bere egitekoak antolatzeko eta gertakarien segida adierazteko.

  8. Gailu teknologikoen eta digitalen gaineko interesa adieraztea eta haiek erabiltzea, pertsona helduen laguntzarekin, gailuen funtzionamendua ulertu eta ingurune fisiko eta soziala ezagutzen hasteko.

    Pertsona helduen laguntzarekin, gailu teknologiko eta digitalak erabiltzen ditu, jolasteko eta inguruko errealitatea ulertzeko.

  9. Gizarte-ingurunea ezagutzeko jakin-mina adieraztea, erreferentziazko gizarte taldeetan gogoz parte hartuta.

    Kide den gizarte taldeen ezaugarriak ezagutzen ditu.

    Gizarteko hartu-emanetan parte hartzen du, kortesiazko arau batzuk (agurtzea, hitz egiten duenari begiratzea, txandari itxarotea, etab.) beteta.

    Elkarbizitzarako arau batzuk ezartzea beharrezkoa dela jakitea.

    Askotariko tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu.

    Ezagutzen ditu ingurunean egiten diren kultura-adierazpen batzuk.

    2. NORTASUNAREN ERAIKUNTZAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN ETA ADIERAZPENAREN EREMUA

    1. EREMUAREN EZAUGARRIAK

    Pertsonaren eta ingurunearen arteko komunikazioa eta interakzioak lantzea da eremu honen xedea. Norberaren baitako eta kanpoko munduaren arteko lotura egiten dute hizkuntzek; izan ere, haien bidez, errealitatea adierazten dugu, portaerak erregulatzen ditugu, hartu-emanak izaten ditugu eta, besteak beste, pentsamenduak, sentimenduak eta bizipenak adierazten ditugu.

    Haur Hezkuntzako etapan, handitu eta dibertsifikatu egiten dira haurren esperientziak eta ugaritu egiten dira haurren komunikazio eta adierazpen moduak. Haurrek, hasiera batean, gorputzaren eta keinuen bidezko komunikazio moduak baliatzen dituzte kontaktuko, afektuko eta orientazioko beharrizan oinarrizkoak asetzeko; ondoren, hizkuntza guztiak, eta bereziki ahozko hizkuntza, lantzen dituzte pertsona helduekin izaten dituzten harremanetan.

    Etapa horretan, handitu eta sakondu egiten da ingurunearekin duten harremana, adierazpide berriak eskuratzen dituzte, komunikazio-trukeak indartzen dituzte beraien adineko kideekin eta pertsona helduekin, eta, arian-arian, eduki landuagoak erabiltzen dituzte komunikazioetan; era berean, zenbait kontzeptu, trebetasun eta jarrera eskuratzen dituzte, gero eta adierazpen konplexuagoak egiteko.

    Komunikazio-trebetasunak eskuratzeko, indartu egin behar dira mezuak hartu eta interpretatzeko ahalmenak eta haiek sortu edo igortzekoak. Ahalmen horiek landuta, mundua ulertzeko urratsak ematen dituzte haurrek eta berezkotasunez, irudimenez, sormenez eta funtzionaltasunez adierazten dituzte beraien sentimenduak, beharrizanak, emozioak eta ideiak.

    Honako hizkuntza hauek baliatzen dira eremuan: hitzezkoa, idatzizkoa, artistikoa, gorputzarena, matematika-hizkuntza, musika-hizkuntza, ikus-entzunezkoa eta ikaskuntzaren eta ezagutzaren teknologiena. Adierazpen modu horiek lantzeko prozesuan, esanahiak negoziatzen direnean, gizartean hitzarturik dauden kodeak bereganatzeko urratsak emango dituzte haurrek, haien alderdi adierazkor eta funtzionalean.

    Haurraren eskolak komunikaziorako esparru bat izan behar du, topaleku bat, eta esparru horrek adiera aberatseko hizkuntza-eredu bat eskaini behar die haurrei, argia eta ongi egituratua. Eredu horrek, batik bat, komunikazio-aukera askotarikoak eman behar dizkie haurrei, bai hezitzaileekin komunikatzeko, bai ikasgelako kideekin komunikatzeko, haien hipotesiak probatu eta kontrasta ditzaten.

    Haurraren hurbileko ingurunearen beste elementu bat da idazketa. Deigarri egiten zaie idazketa haurrei, eta idazteko gogoa pizten zaie, helduek egiten duten moduan jarduteko. Ikasgelan irakurketa eta idazketa modu adierazkor eta funtzionalean erabiltzen baldin bada, haurrek, hezitzaileen laguntzarekin, idazteko sistemaren ezaugarri eta arau batzuk ikasten hasiko dira, eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan osatuko dute idazketaren alorrean hasitako eskuratze-prozesu hori.

    Arte-hizkuntzaren bidez, haurrek errealitatea arakatzen dute, errealitateaz duten ezagutza adierazten dute, beraien emozioak eta sentimenduak adierazten dituzte, beraientzat berriak diren abileziak eta trebetasunak eskuratzen dituzte, eta irizpide estetikoak eta sormena lantzen hasten dira.

    Musika-hizkuntzaren bidez, hainbat ahalmen lantzen dira; hala nola, pertzepzioa, erritmoa eta kantua, soinudun objektuen eta tresnen erabilera, gorputzaren mugimendua, eta entzute arretatsuak, probek, eskuen erabilerak eta soinuekin eta musikarekin egiten diren jolasek dakarten sormena.

    Gorputz-hizkuntzak (keinuek, kontaktu tonikoak, begiradek, espazioen okupazioak, etab.) adierazpenaren dimentsiorako atea zabaltzen du eta kanpora erakusten ditu haurraren bizipen emozionalak. Haurrak gero eta egokiago doituko ditu, ingurunearekiko harremanean, izaten dituen bizipenak. Haurrek, objektuekin jolastuz eta munduaren eta niaren arteko dialektika etengabekoan, beraien gorputza deskubritzen dute, mundu errealean ekintzak egiteko bitartekoa den aldetik, eta gero eta zehaztasun handiagoz erregulatzen dituzte ekintzak.

    Ikus-entzunezko hizkuntzak eta teknologiaren hizkuntzak lekua dute haurren bizitzan, eta modu hezigarrian landu behar dira hizkuntza horiek, haien erabilera egoki eta baliozkoa eginda. Alde horretatik, ikus-entzunezko mezuak interpretatu, ulertu eta sortzeko bideari ekin behar diote haurrek, haien erabilera egoki eta sortzailea eginda.

    Objektuen eta errealitatearen propietateak eta haien arteko erlazioak adierazten ditu matematika-hizkuntzak, eta haurrek jolas-izaerako testuinguru adierazkor eta funtzionaletan eskuratzen dute hura, beraien esperientzia aktiboaz baliatuta.

    Hizkuntzen bidezko komunikazioa kultura-aberastasunerako tresna da, eta haurrek, haren bidez, beraien inguruneko tradizioak eta adierazpen moduak ezagutzen dituzte, baita urrutiko kultura-adierazpen askotarikoak ere.

    2. ETAPAKO HELBURUAK

    Hauek dira, etapa honetan, «Nortasunaren eraikuntza eta komunikazioa eta adierazpena» eremuko helburuak:

  1. Norberak zer emozio eta sentimendu dituen ezagutzea eta horiez jabetzea, horiek guztiak komunikazio-asmoz adierazteko eta, arian-arian, gainerako pertsonenak aintzat hartzeko.

  2. Hizkuntza askotarikoen komunikazio-tresnak eskuratzeko bidea egitea eta tresna horiez gozatzea, norberaren egoera pertsonal, fisiko eta sozialeko beharrizanak, sentimenduak eta bizipenak adierazi eta azaltzeko.

  3. Ahozko hizkuntza arian-arian erabiltzea eta balioestea norberaren portaera eta elkarbizitza erregulatzeko.

  4. Gainerako haurren eta helduen mezuak ulertzea eguneroko bizitzako egoeretan, eta hartu-eman horietako arauak ikastea, komunikatu nahi dena interpretatzeko.

  5. Hizkuntza ofizialetan eta inguruneko hizkuntza askotarikoetan komunikatzeko jarrera irekia izatea, beste errealitate eta kultura batzuk deskubritu eta errespetatzeko.

  6. Atzerriko hizkuntza bat komunikazio-xedez erabiltzen hastea, ikasgelako egoera normaletan parte hartzeko.

  7. Hainbat kultura-tradiziotako testu batzuk ulertzea, azaltzea eta moldatzea, haiekiko interesa izateko, haiek balioesteko eta haiekin gozatzeko.

  8. Hizkuntza idatziaren gizarte-arauak ikasten hastea, idazketaren funtzionamendua ikertzeko eta komunikatu, informatu eta gozatzeko tresna moduan balioesteko.

  9. Askotariko testuingurutan erabiltzea matematika-adierazpenak, objektuen ezaugarriak deskribatzeko eta inguruneko egoerak interpretatu eta ulertzeko.

  10. Arte-produkzioetan (ikus-entzunezkoen, teknologiaren, antzerkiaren, musikaren eta, besteak beste, gorputzaren bidez sortutako produkzioetan) parte hartzea, askotariko teknikak erabilita, komunikazio-aukerak arakatu eta kultura bera ulertzen hasteko.

    3. EDUKIAK

    0. Eduki komunak.

    Eremu guztiek komunak dituzten oinarrizko zehar-konpetentziekin lotutako edukiak.

    Edukien multzo honetan adierazitako jarrera eta prozeduren xede dira:

    Informazioa identifikatu, lortu eta berreskuratzea.

    Informazioa ulertzea (konparatzea, sailkatzea, sekuentziatzea eta aztertzea), buruz ikastea eta adieraztea (deskribatzea, zehaztea, azaltzea, etab.).

    Informazioa balioestea eta adieraztea (arrazoiak ematea, justifikatzea, etab.).

    Ideiak sortu eta adieraztea.

    Zereginak eta proiektuak planifikatzea eta aztertzea.

    Plangintzan erabakitakoa betetzea edo, beharrezkoa baldin bada, doitzea.

    Egin eta betetako plangintza balioestea eta hura hobetzeko proposamenak egitea.

    Lortutako emaitza komunikatzea.

    Pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa lantzea (enpatia eta asertibitatea).

    Elkarlana eta lankidetza taldean ikasteko zereginetan.

    Giza eskubideak eta gizarte-arauak betetzea.

    Gatazkak kudeatzea.

    Gorputza eta emozioak autoerregulatzea.

    1. Lehen zikloa.

  1. MULTZOA. Hitzezko komunikazioa

    Ahozko hizkuntza ulertu eta adierazteko urratsak ematea arian-arian, beharrizanak eta emozioak komunikatzeko, izandako bizipenak gogoratzeko eta norberaren portaera erregulatzeko.

    Ahotsa deskubritzea eta probatzea.

    Hizkuntzaz kanpoko zeinuak (intonazioa, keinuak, aurpegierak) ezagutzea eta arian-arian erabiltzea, komunikazio-xedearen esanahia indartzeko.

    Ahozko hizkuntzaren bidez adierazi eta hizkuntza-adierazpenak egiteko interesa eta ekimena izatea.

    Komunikazio-harremanen oinarrizko arauak erabiltzen hastea (hitz egiten zaionari begiratzea, arretaz entzutea, etab.).

    Askotariko euskarritan (ipuinetan, aldizkarietan, liburuetan, karteletan, bildumetan eta antzekoetan) idatzitako testuak erabiltzeko interesa eta ekimena izatea.

    Askotariko testuak (ipuinak, olerkiak, abestiak, errimak eta bestelakoak) arretaz entzutea eta testu horiek eskatzea.

  2. MULTZOA. Gorputz-hizkuntza

    Norberaren gorputzak dituen komunikazio-ahalmenak arakatzea, deskubritzea eta erabiltzea, adierazpen-baliabide izateko: mugimendua, negarra, irribarrea, oihua, tonua, adierazkortasuna, keinua.

    Espazioaren, erritmoaren eta denboraren lehen nozioak lantzea mugimenduaren bidez.

    Dramatizazio eta imitazioko jolasetan, dantzetan eta gorputz-adierazpena darabilten bestelako jolas-jardueretan parte hartzeko interesa izatea.

  3. MULTZOA. Matematika-hizkuntza

    Elementuen eta multzoen arteko loturak eta zenbakirik gabeko kuantifikazioak egitea (asko, gutxi, batzuk, etab.).

    Ohiko lekuetan orientatzea eta espazio-nozio batzuk hitzez adieraztea, haurra bera eta/edo gauzak non dauden azaltzeko.

    Eguneroko bizitzako ekintzen denbora-segidaz ohartzea eta eguneroko ekintza eta jarduera errepikatuak aurreratzea.

  4. MULTZOA. Arte-komunikazioko beste modu batzuk:

    Zentzumenak esploratzea eta askotariko materialak eta tresnak erabiltzea. Materialen eta tresnen ezaugarri batzuk deskubritzea.

    Ahotsaren, norberaren gorputzaren, eguneroko bizitzako objektuen eta musika-tresnen aukerak arakatzea.

    Soinu eta kontraste batzuk entzumenaren bidez bereizten hastea: zarata-isiltasuna, luzea-laburra, ozena-eztia, etab.

  1. Bigarren zikloa.

  1. MULTZOA. Hitzezko eta idatzizko komunikazioa

    Pertsona helduek eta haurrek eguneroko bizitzako egoeretan dituzten komunikazio-xedeak ulertzea eta, arian-arian, horietara egokitzea.

    Ahoz adierazitako testu errazak ulertzea: deskribapenak, kontakizunak, ipuinak, abestiak, errimak, esaera zaharrak, asmakizunak, etab.

    Informazio, beharrizan, emozio eta gogoak hitzen bidez adierazi eta azaltzea eguneroko bizitzako egoeretan.

    Ahozko adierazpenetan, gero eta egokitasun handiagoz erabiltzea lexikoa, sintaxi-egiturak, intonazioa, keinuak eta ahoskatzea.

    Hizketaldiak eta elkarrizketak abiatzeko estrategia egokiak erabiltzea (deiak egitea, hitz egiteko txanda betetzea, begietara begiratzea, etab.) eta horietan parte hartzea eta arretaz entzutea.

    Ahozko hizkuntza komunikaziorako eta norberaren eta gainerako pertsonen portaera erregulatzeko bitartekoa dela jakitea eta balioestea.

    Sormena adieraztea hizkuntzaren ahozko erabilera egiten duten jolasetan, ondo pasatu eta ikasteko.

    Hizkuntzak eta dialektoak erabiltzeko interesa izatea eta haiek begirunez begiratzea.

    Atzerriko hizkuntzan egiten diren ahozko elkarrizketetan parte hartzea, komunikazioko errutina eta egoera arruntetan.

    Idatzizko hizkuntzara hurbiltzea, komunikatzeko, informatzeko eta gozatzeko bitarteko izan dakien.

    Testu idatzien ondoan dauden irudiak eskuez erabiltzea eta interpretatzea, eta irudien eta testuaren arteko loturak egitea.

    Idatziak eta adierazpen grafikoari dagozkion bestelako adierazpen-formak (marrazkiak, irudiak, zenbakiak, etab.) bereiztea.

    Idazte-sistemaren arauak erabiltzen hastea.

    Hitz idatzien arteko diferentziak eta antzekotasunak hautematea.

    Testu irakurgarriak egiteko interesa izatea, eta arian-arian, hizkuntza idatziaren arauak betetzeko bidea urratzea.

    Gero eta autonomia handiagoz erabiltzea hizkuntza idatziaren euskarri askotarikoak; hala nola, liburuak, aldizkariak, egunkariak, ordenagailuak, kartelak eta etiketak.

    Liburutegia erabiltzen hastea eta hura informatzeko, ikasteko, entretenitzeko eta gozatzeko baliabidea dela balioestea.

    Literatura-testu errazak, tradizionalak eta garaikoak, entzutea, ulertzea eta errezitatzea, plazera sentitzeko eta ikasteko.

    Literatura-testu errazak dramatizatzen parte hartzea.

    Atzerriko hizkuntzan dauden abestien, ipuinen, olerkien edo errimen zatiak entzutea, haien mezu orokorra ulertzea, buruz ikastea eta errezitatzea.

  2. MULTZOA. Gorputz-hizkuntza

    Espazioaren, erritmoaren eta denboraren lehen nozioak finkatzea mugimenduaren bidez.

    Gorputza eta mugimenduak egokitzea, adierazpenak egin edo komunikatzeko asmoarekin, pertsonen, espazioen, denboraren eta objektuen ezaugarrien arabera.

    Dramatizazio eta imitazioko jolasetan, dantzetan eta gorputz-adierazpena darabilten bestelako jolas-jardueretan parte hartzea.

    Gainerako pertsonen adierazpen, azalpen eta antzezpenekiko interesa eta begirunea izatea.

  3. MULTZOA. Matematika-hizkuntza

    Objektuen eta materialen ezaugarri batzuk (kolorea, forma, horien egitekoa, etab.) ezagutzea eta bereiztea. Objektuen arteko antzekotasunak eta diferentziak hautematea.

    Elementuak sailkatzea. Kidetza-harremanak eta kidetzakoak ez direnak.

    Elementuak mailaz maila antolatzea. Testuingurutan erabiltzea zenbaki ordinalak.

    Multzoak zenbakitu gabe kuantifikatzea (asko, gutxi, etab.).

    Objektu multzoen kantitateak konparatzea.

    Berdintasun eta desberdintasuneko loturak egitea (berdinak dira, gehiago dira, gutxiago dira...).

    Doitasunez zenbatzea multzo batean dauden elementuen kantitateak. Zenbaki kardinalak erabiltzea. Zenbaki-segidak adieraztea.

    Zenbakien balio funtzionala eta eguneroko bizitzan duten erabilpena behatzea eta horretaz guztiaz jabetzea.

    Eragiketa errazak egitea (kentzea, gehitzea, banatzea, etab.) arazo-egoerak ebazteko.

    Neurketak egiteko premia dakarten egoerak identifikatzea.

    Neurtzeko unitate arautu eta arautu gabe batzuk eta neurtzeko tresna batzuk ezagutzea.

    Lan eta ziklo batzuk denbora-unitateekin (eguna, astea, urtaroa, urtea, etab.) duten erlazioaren zenbatespena egitea eta eguneroko bizitzako jarduerak denboran kokatzea (eguna, gaua, goiza, arratsaldea, astea, jaieguna, etab.).

    Norberak eta objektuek espazioan duten kokapena. Posizio erlatiboak.

    Inguruneko elementuen forma lauak eta hiru dimentsiokoak identifikatzea. Oinarrizko gorputz geometriko batzuk esploratzea.

    Topologia-kontzeptu oinarrizkoak jakitea (irekita, itxita, barruan, kanpoan, gertu, urrun, etab.) eta leku batetik bestera joatea, ematen zaizkion jarraibideen arabera.

  4. MULTZOA. Arte-komunikazioko beste modu batzuk

    Proiektu kolektiboak egiten parte hartzea eta inguruneko arte-ekoizpenen gaineko interesa izatea.

    Arteko trebetasun eta teknika oinarrizkoak erabiltzen hastea.

    Materialak probatzea eta ekoizpen plastikoak egitea askotariko materialak eta teknikak erabilita.

    Hizkuntza plastikoaren zenbait elementu deskubritzea eta probatzea (linea, forma, kolorea, egitura, espazioa, etab.).

    Arte-adierazpenak baliatuz adieraztea eta komunikatzea gertakariak, sentimenduak, emozioak, bizipenak eta ametsak.

    Soinu eta erritmo errazak sortzea melodiak edo beste elementu batzuk (testuak, irudiak, etab.) interpretatzeko.

    Inguruko soinuak eta haien ezaugarri eta kontraste oinarrizkoak (zarata-isiltasuna, luzea-laburra, ozena-eztia) bereiztea.

    Genero eta estilo askotako obra batzuk entzutea.

    Folklorea eta kultura-inguruneko beste arte-adierazpen batzuk balioestea eta haiekiko interesa izatea.

    Ikus-entzunezko bitartekoetatik igortzen diren mezuak interpretatzen hastea eta haien bidez mezuak igortzen hastea.

    4. EBALUAZIO-IRIZPIDE ETA ADIERAZLEAK

  1. Askotariko hizkuntzak erabiltzea sentsazioak, emozioak, beharrizanak eta gogoak ezagutu, adierazi eta, arian-arian, erregulatzeko.

    Sentimenduak eta emozioak ezagutzeko eta bereizteko bidea egitea.

    Laguntza eskatzen du beharrizanak eta bere gogoa asetzeko.

    Askotariko komunikazio-estrategiak erabiltzen ditu (hitzezkoak, gorputzaren erabilera, musika, etab.) bere beharrizanak, emozioak, bizipenak, sentsazioak eta gogoak adierazteko.

    Gero eta adierazpen agerikoagoak eta egokiagoak egiten ditu bere beharrizanak, sentsazioak eta gogoak azaltzeko.

    Arian-arian, harremanak egiten ditu bere gogo-aldarteen eta aldarte horien arrazoien eta ondorioen artean.

  2. Ahozko hizkuntza erabiltzea bere adinekoekin eta pertsona helduekin harremanak dituenean, komunikazio-xedeak aintzat hartuta eta entzuteko jarrera arretatsua eta errespetuzkoa izanda.

    Ahozko hizkuntza erabiltzen du egoera askotan eta solaskide ugarirekin komunikatzeko, gizarte-arau batzuk betez (besteari entzunez, solaskideari begiratuz, hitz egiteko txanda betez, etab.).

    Gogoz entzuten ahozko testu askotarikoak (mezuak, kontakizunak, literatura-ekoizpenak, deskribapenak, azalpenak, informazioak, etab.), eta ulertu egiten ditu.

    Ahozko hizkuntza darabilten jardueretan parte hartzen du: asmakizunak asmatzen, olerkiak ozen irakurtzen, hitz-segidak errepikatzen, ipuinen amaierak aurreratzen, eta antzekoak egiten.

    Galderak egiten ditu gauzak hobetzeko ulertzeko.

    Eguneroko bizitzako gertakariak eta bizipenak gero eta ordena egokiagoan azaltzen ditu.

  3. Elkarrizketen bidez edo txandaka parte hartzea komunikazio-egoeretan eta gizarte-harremaneko jolasetan.

    Gero eta denbora-epe luzeagoetan eusten dio arretari komunikazio-egoeretan.

    Gero eta adierazpen agerikoagoak eta egokiagoak egiten ditu hartu-emaneko komunikazio-egoeretan.

    Jolasetan, pertsona helduen eta/edo kideen komunikazio-xedeak ulertzen ditu.

    Arretaz eta errespetuz entzuten du solaskideek hizkuntza eta dialekto askotarikoetan adierazten dutena.

    Atzerriko hizkuntzan egindako jardueretan parte hartzen du.

  4. Irakurtzeko eta idazteko jardueretan parte hartzea eta haiekiko interesa adieraztea, idatzizko testuak erabiltzen eta haien helburuak ulertzen hastea eta idazte-sistemaren ezaugarri batzuk ezagutzea.

    Ikasgelan irakurtzeko eta idazteko egiten diren proposamenetan parte hartzen du eta horiekiko interesik adierazten du.

    Arian-arian, idatzizko hizkuntzaren euskarriak erabiltzen ditu (liburuak, aldizkariak, egunkariak, ordenagailuak, kartelak, etab.), komunikatzeko, informatzeko eta gozatzeko.

    Idatziak eta adierazpen grafikoari dagozkion bestelako adierazpen-formak (sinboloak, irudiak, zenbakiak, etab.) bereizten ditu.

    Idatzizko hizkuntza darabilten egoera adierazkorren gaineko testu errazak sortzen ditu eta, arian-arian, idazte-sistema arautura egokitzen ditu.

  5. Matematika-estrategia zenbait erabiltzea bizi duen mundua ulertzeko.

    Espazioak eta objektuak neurtzeko erreferentzia ohikoak eta ezohikoak (hatzak, oinak, etab.) erabiltzen ditu.

    Sailkapenak eta segidak egiten ditu inguruko elementuekin eta hitzen bidez adierazten du horiek egiteko erabili duen irizpidea.

    Materia jarraituei dagozkien zenbatzaileak (asko, gutxi, nahiko, etab.) erabiltzen ditu.

    Zenbakien segida erabiltzen du elementuak zenbatzeko.

    Zenbatespena erabiltzen du zenbatzeko.

    Zenbakien segidako grafia modu funtzionalean erabiltzen du.

    Jolasetan eta eguneroko bizitzako egoeretan modu funtzionalean erabiltzen ditu zenbaki ordinalak eta kardinalak.

    Egutegia erabiltzen du denbora adierazi eta neurtzeko.

  6. Artearen, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen bitartekoak, materialak eta teknikak erabiliz adieraztea eta komunikatzea, eta haien aukerak arakatzeko interesa adieraztea, haiekin egiten direnak gozatzeko eta gainerako pertsonekin bizipen estetikoak eta komunikazioak konpartitzeko.

    Gorputzaren, musikaren, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen hizkuntzak eta plastikaren material, tresna eta tekniken adierazpen-ahalmenak probatzen eta esploratzen ditu.

    Musikako, gorputz-adierazpeneko eta/edo adierazpen plastikoko jardueretan parte hartzen du, banaka nahiz taldean.

    Gogoz eta arretaz begiratzen ditu askotariko kultura-adierazpenak eta gainerako pertsonek egindako kultura-ekoizpenak.

    3. METODOLOGIA KONPETENTZIEN ARABERAKO HEZKUNTZAREN IKUSPEGITIK

    Hezkuntza-xedeak lortzeko elementu giltzarria da metodologia. Pedagogia-jarduna zehazten duten erabakiak eta estrategiak adierazten ditu, hezkuntza-teorian oinarrituta eta justifikatuta. Espazioen, denboren, proposamenen, materialen, esku-hartzeko estiloen eta beste alderdi askoren gaineko erabakiak planifikatzeko, antolatzeko eta zehazteko aukera ematen digu metodologiak, eta gure heziketa-jarduna zuzentzen du, haurraren garapenerako ematen dugun laguntzaren baitan. Bestela esanda, ikasteko prozesua kudeatzeko aukera ematen digu metodologiak, prozesu horretako elementu guztiak kontuan hartuta.

    Hainbat diziplinaren ekarpenak baliatzen ditu konpetentzietan oinarritutako hezkuntzak, ikasleari bizitzarako heziketa bat emateko, ezagutzen transmisio hutsetik harago. Ikasleen garapenean ematen den laguntzan esku hartzen duten aldagaien artean, alderdi bereizgarri hauek nabarmentzen ditugu, metodologiaren gaineko erabakietan eragiten duten aldetik:

    Ekintza, sentimenaren eta pentsamenduaren adierazpena den aldetik, eguneroko bizitzako arazo-egoerak jolasaren eta saiakuntzaren bidez ebazteko aukera ematen du, baliabideak batera edo modu integratuta erabilita.

    Oinarrizko konpetentziak garatu ahal izateko, egoera errealak hartu behar dira aintzat, eta benetako jarduerak proposatu; hala, eguneroko bizitzako arazo nagusiekin lotu behar da ezagutza.

    Oinarrizko konpetentziak ganoraz landuko badira, haurrak gogoz parte hartu behar du ezagutzak bilatu, ikasi, probatu, haien gainean hausnartu, aplikatu eta komunikatzeko prozesuetan.

    Ikastea ez da, soilik, egiten jakitea. Ikasteko, egiten jakiteaz gain, zer egin duen jakin behar du haurrak, eta batik bat, nola egin duen, zer egingo duen erabakitzeko. Ikasteak lotura du erabakigarria dena hautatzearekin, eta hautu hori egiteko, ezinbestekoa da hautatzea, zuzentzea, akatsak egitea, ebaztea, eta besteak beste, ondorioak ateratzea; horrenbestez, norberak ez du inoiz ere bakar-bakarrik ikasten.

    Hezitzaileak, oinarrizko konpetentziak garatzen laguntzean, ikasteko testuinguruak edo egoerak diseinatzeko bitartekari, gidari edo laguntzaile izan behar du, eta egoera nahiz testuinguru horiek egokiak izan behar dute garapen pertsonala eta soziala bideratzeko, arazo-egoerak ebazteko eta ingurunea ezagutu eta eraldatzeko.

    1. METODOLOGIA ETA EBALUAZIOKO ORIENTABIDEAK

    HAUR HEZKUNTZA, EGINKIZUN PARTEKATUA

    Familia eta eskola dira haurraren sozializaziorako eta garapenerako lehen testuinguru edo guneak. Haurraren autonomia lortzen laguntzea eta haren ahalmenak garatzea dira bien ala bien helburu. Funtsezkoa da elkarrekiko konfiantza eta onarpeneko harremanak ezartzea familien eta eskolaren artean, hezkuntzarekiko erantzukizunak partekatu eta haurraren oinarrizko beharrizan hauek asetzeko:

    Beharrizan fisiologikoak.

    Lotura afektibo egonkorrak, onartua sentitzeko eta gizartean hazi eta garatzeko egokiak.

    Garapenerako ingurune pizgarria.

    Kultura-partaidetzarako balio egokiak.

    Familian sortzen dituzte haurrek beraien lehendabiziko lotura afektiboak, eta eskolak babestu egin behar ditu lotura horiek. Haurrei harrera banakatua, gozoa eta errespetuzkoa egiteko egitura bat eman behar du eskolak, egokitzapen-denboren plangintza eginda.

    Haurrek harreman egonkor eta jarraitua izan behar dute haiek zaintzen eta babesten dituzten pertsonekin eta ikertzeko eta jolasteko beharrizanak asetzen dizkieten pertsonekin. Familiaren eta eskolaren arteko elkarlanean, haurraren ongizaterako baldintza egokiak sortu behar dira, eta eskolan atxikimendu-figurak sortzeko modua eman behar dute baldintza horiek.

    SEGURTASUN AFEKTIBOA

    Ikertze-jardunaren nolakoak baldintzatzen ditu garapena eta ikaskuntza; hau da, jakin-mina eragiten digun horretan buru-belarri aritzeko denborak. Denbora hori, ordea, lasaitasun eta segurtasun afektiboko giroan erabili behar da. Haurren talde batean giro hori nagusitzen denean, ekintza eta elkarrekintza ugari gertatzen dira haien artean; hala ere, ez da gatazka kopuru handirik sortzen haurren arteko harremanetan, eta ez da haurren garapen pertsonalik eragozten.

    Haurrek harreman afektibo egonkor eta kalitatezkoak izan behar dituzte zaintzen eta babesten dituzten pertsonekin eta ikertzeko eta jolasteko beharrizanak asetzen dizkieten pertsonekin. Harreman horiek ongizateko, konfiantzako eta segurtasuneko sentimenduak sorrarazten dituzte eta atxikimendu-figurak ezartzea dakarte, haurrak baldintzarik gabe eskura izango dituela espero baitu. Atxikimendu-figurek eragin erabakigarria dute haurraren garapen sozialean. Figura horiekin izaten dituzten harremanen bidez, gainerako pertsonekin komunikatzen ikasten dute haurrek, beraien portaera erregulatzen eta arrazoi, arau eta balio sozialak barneratzen. Figura horiek gabe, zalantzan eta babesgabe sentitzen dira.

    Konfiantza eta segurtasuneko testuinguru edo gune bat planifikatzea eta sortzea da irakasleen taldearen egiteko garrantzitsuenetako bat. Testuinguru horretan, haurrek konfiantza eskuratuko dute beraien buruan, bai ingurunea deskubritzeak eta ezagutzeak dakarzkien erronkei aurre egiteko, bai ingurune horretan barneratzeko bitartekoak eta estrategiak eskuratzeko.

    ANIZTASUNAREN ZAINTZA

    Haur guztiek hezkuntzarako sarbidea izango dutela bermatzea da eskola inklusiboaren ezaugarri nagusia, baina hezkuntza horrek kalitatezkoa izan behar du, aukera berdinak emango dizkiena pertsona guztiei.

    Pertsona guztiok ditugu ezaugarri komunak, baina antzekotasun horiek ditugun arren, alde asko izaten dira gizakitik gizakira. Pertsona guztiek ez dute komunikatzeko, mugitzeko, ikasteko, harremanak lantzeko, jarduteko edo pentsatzeko modu bera izaten, desberdinak baitira pertsonen ezaugarri fisikoak, psikologikoak eta sozialak.

    Aniztasuna zaintzeko, modu inklusiboan ezagutu, errespetatu, onartu, balioetsi eta landu behar dira desberdintasun edo diferentzia indibidual eta kultural horiek guztiak. Premiazkoa da arretaz begiratzea hezkuntza-laguntza jasotzeko zer beharrizan biologiko eta psikosozial berariazkoak izan ditzaketen haurrek, haiek garaiz hauteman eta identifikatzeko. Egoera horiek hautemateko, lankidetza estuan jardun behar dute familiek eta eskolak, jardun-irizpide komunak erabilita.

    Haur Hezkuntzarako proposatzen den hezkuntza-estiloa ez da «denak aldi berean gauza bera egiten» erakoa, eta bai aniztasuna errespetatu eta haren hezkuntza-tratamendu aktiboa egitea, anitzak baitira garapen-mailak, erritmo biologikoak, familia-kulturak, ikasteko estiloak, beharrizanak, interesak, etab. Aniztasun horri erantzun egokia emateko, berrikusi egin behar ditugu hezkuntzako eta esku hartzeko estiloa, familiekiko harremana, talde-lana eta ebaluazioa, eta, horrez gainera, ikastegi osorako erabakiak hartu behar ditugu. Metodologia-irizpideek ez dute zurrunak izan behar, ez zaie xehetasun txikienei oinarrizko interbentzio-ildoei adinako garrantzia eman behar; izan ere, horrelako metodologiak ez dira egokitzen testuinguruen errealitatera eta haurren ezaugarri eta beharrizanetara.

    HEZITZAILE TALDEAREN ESKU-HARTZE ESTILOA

    Hezkuntzako esku-hartzearen estiloak elkarlana lehenetsi behar du, eta elkarlan horretatik abiatuta, elkarrizketa-eremuak sortu eta joan-etorriko loturak egin behar dira gogoeta eta ekintza pedagogikoen artean. Jarduera-ildo adostu batzuetatik abiatuta, bilaketa, azterketa eta ikerketako prozesu banakoak eta taldekoak egiteko aukera eman behar du planteamendu horrek.

    Ikerketa-prozesu baten moduan ekin behar dio lanari irakasleak, eta prozesu horretan, kezkak konpartitu behar ditu, etengabe aztertu behar ditu jokabide moduak, egoerak ulertu eta, beharrezkoa baldin bada, bestelako elementuak barneratu eta aldaketak egin behar ditu.

    Haurra hartuko duen eskolako profesionalek konpromiso handia izan behar dute beraiei dagokien hezkuntza taldearekin, garbi izan behar dute taldeak zer esparru konpartitzen duen eta horren arabera jokatu. Hori horrela izateko, ondo ezagutu behar dira haurren gaitasunak eta ahalmenak, haien beharrizanak, garapen-bilakaera, eta heltzeko eta testuinguruetara etengabe egokitzeko darabiltzaten erritmo eta prozesuak.

    Ikaskuntzak egitura globala izango baldin badu, aldez aurretik antolatu eta planifikatutako hezkuntza-ekintzak barne hartu behar ditu, baina, era berean, jardun espontaneoak egiteko, eguneroko bizitzako gauzak deskubritzeko eta, besteak beste, jakin-mina pizteko aukera eman behar du.

    Behaketatik abiatuta, arretaz entzun behar da, eta beharrezkoa denean soilik esku hartu behar da ikasgelan.

    Proposamen irekiak egin behar dira, jarduera sortzaileak bultzatu eta pentsamenduaren dimentsio guztiak pizteko.

    Testuinguruek ikasteko ingurune eta egoera askotarikoak eskaini behar dituzte eta askatasunez hautatzeko aukera eman behar dute.

    IKASTEKO TESTUINGURU ASKOTARIKOAK ANTOLATZEA

    Haur guztiek ez dituzte erritmo, interes eta beharrizan berberak. Errespetatu egin behar dira haurren arteko diferentzia horiek, eta aintzat hartu behar dira ikasteko testuinguruak antolatzean; hau da, ikasgelako espazioak eta denborak planifikatzean eta jardueren antolaketa zehaztean.

    Jarduera-eremuen antolaketak egokia izan behar du beharrizan askotarikoak batera asetzeko, haurrei zer egin nahi duten, nola egin nahi duten eta zeinekin egin nahi duten hautatzen uzteko eta, horren ondorioz, haien ekimena eta autonomia garatzeko.

    Funtsezkoa da espazioa dinamikoa eta baliotsua dela ikustea, eta hura gizabanako bakoitzaren esperientziekin eta ekarpenekin eraikitzen eta aldatzen dela ulertzea.

    Era berean, hezitzaileen taldeak aintzat hartu behar du talde-topaketak eta banakoen jarduerak txandatu behar direla, orekatu egin behar direla agindu zehatzez osatu beharreko uneak eta une espontaneoak, eta eguneko denbora-sekuentzien plangintza egin behar dela, egunak erreferentzia ziurrak eman diezazkion haurrari, egunean zehar zer egingo duen aurreikusi eta aurreratu dezan eta bere eguneko jarduera autoerregula dezan.

    Espazioen eta denboren plangintza egitean aintzat hartu behar den beste alderdi bat da hezitzaileak taldearekiko ikuspegi periferikoa izan behar duela, hau da, ziurtatu behar da haurrek pertsona helduari erraz begiratzeko aukera izango dutela.

    Baliabide materialek pizgarri ugariko inguru edo esparru bat sortu behar dute hezkuntza-prozesuan, eta horren bidez elkarrekintzarako bidea zabaldu behar da eta haurren jakin-min agortezina piztu. Haurren garapen-ahalmena handituko du horrek guztiak, esperientzia adierazkorrak izaten dituzten heinean. Aukeratutako materialek agertuko dituzten pertsonak eta portaerak ez dira estereotipatuak edo sexistak izango, eta kultura-erreferente askotarikoak erakutsiko dituzte, ezagunak izan daitezen haur guztientzat.

    EBALUAZIOA: PROZESUEN BEHAKETA

    Hezkuntza-prozesuaren elementuetako bat da ebaluazioa, eta bere helburua prozesu hori bera eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea da. Irakatsi eta ikasteko prozesuak eta, oro har, hezkuntza-alderdiak balioesten ditu ebaluazioak, haur bakoitzaren egoerari eta hezkuntza-sistemaren xedeei erreparatuta.

    Hezkuntza-jarduna hobetzeko prozesua da ebaluazioa, dinamikoa eta jarraitua, eta familiarekin partekatu behar da. Ebaluazioari ekiteko, ondo ezagutu behar dira haurrak, irakatsi eta ikasteko prozesua zuzendu, bideratu eta doitzeko.

    Hezitzaileen taldeak, beraien lanaren plangintza egitean, hasierako ebaluazio bat izan behar du abiapuntu. Haur bakoitzaren egoera pertsonal eta sozialari buruzko informazioa bildu behar du hasierako ebaluazio horrek, bai eta haurraren garapena bultzatzeko egingo diren esku-hartzeak bideratzen lagun dezaketen datu guztiak ere.

    Behaketa zuzena eta sistematikoa da ebaluazio-tresna egokiena Haur Hezkuntzan, hezkuntzako esku-hartzea erregulatzeko aukera ematen duen aldetik. Ebaluazioko irizpide eta adierazle argiak, behatu eta erregistratzeko modukoak, adostu behar dira, jarraibide edo ildo batzuk ezarriko dituztenak, irakatsi eta ikasteko estrategiak eta prozesuak diseinatu, egokitu eta banakatzeko.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.