Arautegia

Inprimatu

234/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 5
  • Hurrenkera-zk.: 69
  • Xedapen-zk.: 234
  • Xedapen-data: 2015/12/22
  • Argitaratze-data: 2016/01/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Justizia

Testu legala

Transexualitatea ez da gaur egungo fenomenoa. Oso antzinatik eta hainbat kulturatan existitzen da. Transexual terminoa 1940an hasi zen erabiltzen, bi egoera hauen arteko disoziazioa jasaten duten pertsonak izendatzeko: batetik, zer sexurekin jaiotzen diren, eta, bestetik, zer sexutakoak diren sentitzen duten. Izatez, transexualek eta, oro har, transgeneroek, ez dute arreta eskatzen patologia edo nahasmendua dutelako, baizik eta gizarte-oztopoak aurkitzen dituztelako euren eskubiderik funtsezkoenak askatasunez garatu ahal izateko. Izan ere, zailtasun horiek mina eta larritasuna eragiten dizkiete. Hori dela-eta, premisa hau hartu behar dugu abiapuntutzat: pertsona baten sexua ez dute eratzen jaiotzeko unean ikusten zaizkion kanpoko organo genitalek bakarrik.

Bilakaera-testuinguru horretan, ukaezina da Espainiako estatuan, nazioartean bezala, joera argia bizi izan dela transexualitatea despatologizatzea bultzatzen duten jarreren alde. Horrela, Erregistroan pertsonen sexuari buruzko aipamenen zuzenketak arautzen dituen martxoaren 15eko 3/2007 Legeak ahalbidetu du, zenbait betekizun betez gero, erregistro zibilean sexuaren eta izen propioaren erregistro-izendapena aldatzea. Horri esker, erraztu egiten da dokumentazio administratibo guztia pertsona baten benetako genero-nortasunera egokitzeko prozesua. Hala ere, arau horrek ez ditu arautzen transexualitatearen tratamendu integralean oso garrantzitsuak diren hainbat alderdi.

Dena dela, pertsona horien egoera konplexua da eta, ondorioz, arreta integrala eman behar zaie, erregistro-esparrutik haratago. Hori dela-eta, Eusko Legebiltzarrak 14/2012 Legea onetsi zuen, ekainaren 28koa, Transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa. Lege horren helburua da transexualei arreta integrala ematea eta transexualen izaera edo egoera pertsonal edo sozialagatik legedian dauden diskriminazio guztiak gainditzea; horrez gain, Konstituzioan aipatzen diren zenbait printzipioren arau-garapena hobetzea, alegia, diskriminaziorik eza, nortasunaren garapen askea eta pertsonaren, familiaren eta taldearen babes sozial, ekonomiko eta juridikoa jasotzen dituzten printzipioen arau-garapena hobetzea, horretarako aplikatzekoa den araudia gizarteak bizi duen garai historiakoari egokituta.

Azaldutako testuinguruan, aipatutako legearen II. kapituluko 7. artikuluan, transexualek, sexua berriz esleitzeko prozesuak irauten duen bitartean, dokumentazio administratibo egokia izateko duten aukera jasotzen da, gizarte-integrazio hobea izan dezaten laguntzeko, eta hala, sufrimendu- edo diskriminazio-egoerak saihesteko. Xedapen hori garatzeko helburuarekin, transexualen dokumentazio administratiboari buruzko dekretu hau proposatzen da.

Dekretuak zioak azaltzeko atal bat, sei artikulu, azken xedapen bat eta bi eranskin ditu. Lehenengo artikuluan adierazten da, hain zuzen ere, dekretuaren xedea dela transexualek, Erregistro Zibilean sexuari buruzko aipamena aldatzen duten arte, edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinen kasuan, jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egin ahal izan arte, eduki dezaketen dokumentazio administratiboa arautzea.

Bigarren artikuluan, dekretuak bere aplikazio-eremua finkatzen du eta legean araututako dokumentazio administratiboa zer pertsonak eskuratu ahal izango duen zehazten du.

Bestetik, hirugarren artikuluan, dokumentazio administratiboa jaulkitzeko organo-eskuduna zein den zehazten da. Laugarren artikuluan, jaulkitzeko prozedura azaltzen da, eta azkenik, bosgarren artikuluan, aurretik aipatutako prozedura ebaztearekin lotutako alderdiak arautzen dira.

Seigarren artikuluan, dekretu honen bidez araututako dokumentazio administratiboa jaulkitzearen ondorio orokorrak eta ondorio partikularrak finkatzen dira, zehazki, osasun eta hezkuntza arlokoak.

Azkenik, bi eranskinetan, dokumentazio administratiboa eskatzeko eredua eta jaulki beharreko txartelaren eredua finkatzen dira, hurrenez hurren.

Aurrekoa dela bide, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eginez eta Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretu honen xedea da transexualek, Erregistro Zibilean sexuari buruzko aipamena aldatzen duten arte, edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkin transexualen kasuan, jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egin ahal izan arte, eduki ahal izango duten dokumentazio administratiboa arautzea.

Lege honen bidez araututako dokumentazio administratiboa honako pertsona hauek eskuratu ahal izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizilekua izanik, ekainaren 28ko 14/2012 Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera transexualak diren pertsona guztiek, erregistroan sexuari buruzko aipamena jada aldatu dutenek izan ezik.

Askatasun afektibo-sexualaren esparruan pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzeko eskumena duen Zuzendaritzari dagokio dekretu honen bidez araututako dokumentazio administratiboa izapidetzearekin eta jaulkitzearekin eta horretarako beharrezkoak diren fitxategien gaineko erantzukizunarekin lotutako funtzioak betetzea.

  1. Dokumentazioa jaulkitzeko prozedura interesdunak, bere kabuz edo behar den bezala ordezkatuta, eskatzen duenean hasiko da.

    Eskatzailea adingabea baldin bada, haren legezko ordezkariek egingo dute eskaera, baina adingabeak beti entzuna izateko eta iritzia emateko eskubidea izango du, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako eskaera dekretu honen I. eranskinean jasotako eredu normalizatuaren arabera formalizatuko da, eta bertan eskatzailearen identifikazio berriarekin lotutako datuak idatzi beharko dira. Horretarako, berez edo abizenekin konbinatuta duintasunaren kontrakoak diren edo identifikazioa nahasgarri egiten duten izen propioak erabiltzea saihestuko da.

    Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa. Horretarako, honako agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko da: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena, Atzerritarren Nortasun Txartela edo identifikatzeko balio duen jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudun batek jaulkitako edozein agiri ofizial zalantzarik baldin badago, dagokion agintaritza kontsularrak ziurtatu beharko du. Nolanahi ere, erabilitako dokumentazioan argazki bat eta emailearen sinadura agertu beharko dira.

    2. Eskatzailearen aurpegiaren argazki bat, koloretakoa eta duela gutxikoa.

    3. Eskatzailea bizi den udalerriko udalaren erroldatze-ziurtagiria, gehienez ere dokumentazioa eskatu baino hiru hilabete lehenago egina.

    4. Dagokion Erregistro Zibilaren aurrean pertsonen sexuari buruzko erregistro-aipamena zuzentzeko espedientea ireki dela egiaztatzeko dokumentu bat. Aipatutako espedientea ireki ez bada, eskatzaileak ekainaren 28ko 14/2012 Legearen 3. artikuluan aurreikusitako txostena aurkeztu beharko du.

    5. Hala badagokio, eskatzailearen ordezkaritza egiaztatzeko dokumentazioa.

  3. Eskaerak ez baditu exijitutako baldintzak betetzen edo aurkeztutako dokumentazioa ez badago osorik edo akastuna bada, interesdunari hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio. Horrez gain, honako hau ohartaraziko zaio: hala egiten ez badu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluari jarraikiz, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aipatutako legearen 42. artikuluan jasotako baldintzen araberako ebazpena eman ondoren.

  1. Eskatzailea dekretu honen aplikazio-eremuaren barruan dagoela egiaztatu ondoren, askatasun afektibo-sexualaren esparruan pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzeko eskumena duen Zuzendaritzako titularrak eskatutako dokumentazioaren onarpenari buruzko ebazpen administratiboa emango du. Dokumentazioa dekretu honen II. eranskinean zehaztutako ereduaren ezaugarriak dituen txartel bat izango da, eta, bertan, eskatzailearen datuak agertuko dira.

    Erregistro Zibilean sexuari buruzko aipamena aldatu arte balioko du aipatutako dokumentazioak, edo, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinen kasuan, jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egin ahal izan arte.

  2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea gehienez ere hilabetekoa izango da, izapidetzeko eskaera organo eskudunaren erregistroan jasotzen den egunetik hasita. Aipatutako epea bukatutakoan, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaera baietsitzat joko da, baina horrek ez du esan nahi administrazioak berariazko ebazpena emateko betebeharrik ez duenik.

  1. Askatasun afektibo-sexualaren esparruan pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra sustatzeko eskumena duen Zuzendaritzak dekretu honen bidez araututa dagoen dokumentazio administratiboa emateko ebazpena jakinaraziko die dokumentazio horren titularrak bere eskaeran berariaz adierazitako administrazio publikoei.

  2. Aurretik adierazitakoa eragotzi gabe, aipatutako dokumentazio administratiboaren titularrak edozein unetan jo ahal izango du organo eskudunera, aipatutako dokumentazioa emateko ebazpena jakinarazi behar zaien administrazio publikoen zerrenda eguneratu dezan eskatzeko.

  3. Euskal administrazio publikoek, parte hartzen duten kasu eta prozedura guztietan, neurriak hartu beharko dituzte (administratiboak eta beste edozein motatakoak), dekretu honen bidez ezarritako dokumentazioa duten pertsonak libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izan daitezen bermatzeko.

  4. Osasun arloan, dekretu honen bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte:

    1. Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.

    2. Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.

    3. Dokumentazio administratiboa egokitzeko eskubidea; salbuespen gisa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ardurapean dagoen osasun-historial konfidentzialean, dagokion pertsonaren inguruko beharrezko erreferentziak egingo dira.

  5. Hezkuntza arloan, dekretu honen bidez araututako dokumentazioa daukaten pertsonek honako eskubide hauek izango dituzte:

    1. Libreki aukeratutako genero-nortasunaren arabera tratatuak izateko eskubidea.

    2. Libreki aukeratutako genero-nortasunari dagokion izenarekin identifikatuak izateko eskubidea.

    3. Ikastetxeko dokumentu administratiboak egokitzeko eskubidea, adibidez: ikasgelako zerrendak, kalifikazioen informazio-buletina, ikasle-txartela, hauteskunde sindikal edo administratiboetarako hautesle-errolda eta bestelakoak. Helburua hau da: dekretu honetan xedatutakoaren arabera jaulkitako dokumentazio administratiboan adierazitakoari jarraikiz, ikasle, langile eta irakasle transexualen genero-nortasuna kontuan hartzea.

      Aurretik adierazitakoa gorabehera, ikaslearen espediente ofizialean ondorio ofizialetarako erregistratutako nortasun-datuei eutsiko zaie.

  6. Aurreko paragrafoetan adierazitakoa gorabehera, dekretu honetan aurreikusitako dokumentazioa jaulkitzeak ez du aldatuko dokumentazio hori lortzen duen pertsonari dagozkion eskubideen eta betebeharren titulartasun juridikoa, eta nortasun agiri nazionalaren zenbakiak agertu beharko du, beharrezkoa denean.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.