Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

5/2015 DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, Euskadiko Turismo Mahaia sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 30
  • Hurrenkera-zk.: 718
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2015/01/27
  • Argitaratze-data: 2015/02/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, autonomia-estatutuaren 10.36 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskumen esklusiboa dauka turismoaren arloan.

6/1994 Legeak, martxoaren 16koak, Turismoaren Antolaketari buruzkoak, administrazio-jardueraren printzipio eta irizpideen artean hau ezartzen du: «gainerako herri-administrazioekin koordinatu eta lankidetzan aritzea, herri-ekintza eraginkorragoa izan dadin». Halaber, legearen xede eta helburuak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea ere aurrez ikusten du, sektoreko eragileekin eta gainerako herri-administrazioekin lankidetzan.

Abenduaren 15eko 392/1987 Dekretuaren bidez, Consejo Vasco de Turismo / Euskal Turismoaren Kontseilua sortu zen. Geroago, martxoaren 31ko 80/1992 Dekretuaren bidez, aipatutako dekretu hori indargabetu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoko Aholku Batzordea sortu zen eta batzorde horren osaera eta zereginak ezarri ziren, Consejo Vasco de Turismo / Euskal Turismoaren Kontseiluaren ordez.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 2013-2016 Jarduera Planaren turismo-arloko helburua da, besteak beste, Euskadi erreferentziazko destinotzat finkatzea eta erakunde- eta kudeaketa-esparrua optimizatzea. Kasu honetan, koordinazioa eta baterako lana areagotu nahi ditu arlo honetan eskumenak dituzten erakundeen eta beste sektore-eragile batzuen artean, eraginkorra eta efizientea izango den turismo-politikaren diseinua eta egikaritzea ziurtatzeko. Koordinazio ezin hobearen eta eraginkortasunaren printzipioak finkatuta daude autonomia-estatutuan eta, administrazio honen funtzionamenduaren oinarrizko printzipioak diren aldetik, eginkizunen idazketa berriaren eta kideen identifikazio berriaren oinarri ere badira.

Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak behartu egiten ditu euskal herri-aginteak «neurri egokiak hartzera, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin erabakiak hartzeko eremu guztietan». Horrenbestez, Turismo Mahaiak bete egin behar du lege horrek ezartzen duena.

Hori guztia dela-eta, une honetan, beharrezkotzat jotzen da turismoaren arloko aholku-organoa birmoldatzea. Horrela, indargabetu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoko Aholku Batzordea arautzen duen dekretua, eta dekretu honen edukiak ordeztu egingo du organo hori. Ondorioz, organo horren eginkizunak, kideak eta funtzionamendua birmoldatu egingo dira.

Dekretu honek, adierazitako helburuak lortzeko, Euskadiko Turismo Mahaiaren jardun-araubidea, osaera eta eginkizunak arautzen ditu, eta, ekintza dinamikoagoa lortzeko, osoan edo berariazko batzordeetan egituratzea aurrez ikusten du.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko urtarrilaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea Euskadiko Turismo Mahaia sortzea da. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikita egongo da baina ez da haren egitura organikoan sartuta egongo. Turismo alorrean Sail horri aholku ematea izango da bere zeregina. Horrez gain, dekretu honek Euskadiko Turismo Mahaiaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautuko ditu.

Euskadiko Turismo Mahaiaren eginkizunak hauek dira:

  1. Turismo-politiken definizioan eta sektoreko jarduera-ildo berrien programazioan parte hartzea, sektorea indartzeko, modernizatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

  2. Turismo-produktu berritzaileak sortzea proposatzea.

  3. Turismo-arloko proiektu arauemaile berriak eztabaidatu eta aztertzea.

  4. Turismoa kudeatzeko sistema eta hortik ondorioztatuko diren prozesuak eta proiektuak ezarri eta garatzeko lanean laguntzea (kalitatea eta irisgarritasuna, besteak beste).

  5. Turismo-jardueraren inguruko datuak eta estatistikak ebaluatzea.

  6. Euskadiko turismoa garatu eta indartzea xedetzat duten erakunde publiko eta pribatu guztien arteko harremana eta koordinazioa hobetzeko beharrezkoak diren neurri guztiak aztertzea.

  1. Euskadiko Turismo Mahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko.

  2. Euskadiko Turismo Mahaia honela osatuta dago:

    1. Lehendakaria turismo-arloan eskumena daukan sailburuordea izango da.

    2. Lehendakariordea Turismoko zuzendaria izango da. Lehendakariordearen eginkizuna izango da Turismo Mahaiko lehendakari-lanak egitea, lehendakariaren lanpostua hutsik badago, lehendakaria ez badago, gaixorik badago edota bestelako lege-kausaren bat dela-eta.

    3. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria.

    4. Merkataritzako zuzendaria.

    5. Lurralde Historiko bakoitzeko Foru Aldundiaren ordezkari bat, bakoitzari dagokion gobernu-organoak izendatua, edo horrek eskuordetutako zuzendaria.

    6. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetako alkateak, edo zinegotziak edo eskuordetutako zuzendariak.

    7. Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) kide gisa izendatutako pertsona bat.

    8. Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek kide gisa proposatutako pertsona bat.

    9. Turismo-arloan lanbide-heziketako zentroak, unibertsitate-prestakuntzako zentroak eta ikerketa-zentroak ordezkatzeko kide bat.

    10. Turismo-enpresen sei ordezkari: ostalaritza-elkarteak ordezkatzeko kide bat; bidaia-agentziak eta turismo-gidariak ordezkatzeko kide bat; biltzarrak antolatzen dituzten enpresak eta erakundeak ordezkatzeko kide bat; eta ostatu-establezimenduen enpresen elkarteak ordezkatzeko hiru kide.

    11. Autonomia-esparruko kontsumitzaile-elkarte eta -federazioek proposatutako kide bat.

  3. Turismo-arloan eskumena daukan sailburuak, agindu bidez, kide izendatuko ditu erakundeek proposatutako pertsonak.

Euskadiko Turismo Mahaiaren egitura organo hauek osatzen dute:

  1. Osoko bilkurak.

  2. Lan-batzordeek.

  1. Turismo Mahaiko kide guztiek osatuko dute osoko bilkura.

  2. Osoko bilkuraren eginkizunak hauek izango dira:

    1. Planteatutako gaiak aztertu, eztabaidatu eta proposatzeko behar diren batzordeak eratzea, eta, hala badagokio, turismo-arloan eskumena daukan saileko langile teknikoak edota aztertu beharreko arloko adituak organo horietara gehituko diren zehaztea. Halaber, berez osoko bilkurari dagozkion baina batzordeei esleitu ahal zaizkien eginkizunak zeintzuk diren erabaki ahal izango du.

    2. Lan-batzordeek aurkeztutako proposamenak, txostenak eta azterlanak aztertu eta, hala badagokio, onartzea.

    3. Jardueren urteko memoria onartzea.

  1. Turismo Mahaiaren osoko bilkura lehendakariak aldez aurretik deituta bilduko da, gutxienez urtean bi aldiz, eta lehendakariak komenigarritzat jotzen duen aldi guztietan edo gutxienez kideen bi herenek eskatzen dutenean. Bileren deialdiari gai-zerrenda erantsiko zaio.

    Mahaiaren osoko bilkura eratuta geratuko da, honako hauek bertaratzen direnean: lehendakaria eta idazkari-lanak egingo dituena, edo horiek ordezkatuko dituztenak, eta gutxienez Turismo Mahaia osatzen duten kideen erdia.

    Quorumik ez badago, osoko bilkura bigarren deialdian eratuko da, lehenengo deialdirako ezarritako ordua baino ordu erdi geroago, betiere hitza eta botoa dituzten kideen herena bertaratzen bada; horiek artean egon beharko dute lehendakariak eta idazkari-lanak egingo dituenak.

  2. Turismo Mahaiko lehendakariak izendatuko du osoko bilkuran idazkari-lanak egingo dituen pertsona. Pertsona hori turismo-arloan eskumena duen saileko abokatuen artetik izendatuko du. Hitza izango du, baina botorik ez.

Lan-batzordeak izaera iraunkorrarekin eratuko dira, edota lan-batzorde horiek helburu dituzten lanak amaitu arte.

Ez da jasoko zerbitzuari dagokion kalte-ordainik edo bidaia-saririk Turismo Mahaira joateagatik.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoko Aholku Batzordeari eginiko erreferentziak Euskadiko Turismo Mahaiari egindako erreferentziatzat hartuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Turismo-arloan eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Dekretu honetan aurrez ikusita ez dauden kasuetarako, Turismo Mahaiari aplikatuko zaizkio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako xedapenak, kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko araubideari eta jarduerari buruzkoak.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko urtarrilaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.