Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

177/2014 DEKRETUA, 2014ko irailaren 16koa, zeinak behin betiko onartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 198
  • Hurrenkera-zk.: 4348
  • Xedapen-zk.: 177
  • Xedapen-data: 2014/09/16
  • Argitaratze-data: 2014/10/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako 8. kapituluan (aurrerantzean, LAG) gidalerroak 1997ko otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuak onartu zituen behin betiko Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala idaztea aurreikusten da, Ingurune Fisikoaren gidalerroaren garapen gisa.

Plan hori Eusko Jaurlaritzako orduko Nekazaritza eta Arrantza Sailak prestatu zuen 2001. urtean, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak amaitu zuen haren tramitazioa.

Gidalerroetako Ingurune Fisikoaren Antolaketa Kategorien garapen moduan, planak honako kategoria hauek ezartzen ditu: Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Balio Estrategiko Handia; Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Trantsizioko Landa Paisaia; Basoa - Mendi Barbana; Basoak; Mendi Larreak; Mendi Larreak - Harkaitzak; Ingurumenaren Hobekuntza; eta Gainazaleko Uren Babesa.

Planak, halaber, LAGetako Ingurune Fisikoaren Antolaketarako Matrizea ere zehazten du, erabilerak egokiak, onargarriak edo debekatuak diren kontuan hartuta zenbait kategoriaren arabera arautuz. Zehazki, merezi du berezitasun hauek azpimarratzea:

  1. Erabilera onargarrien (2a) eta debekatuen (3a) arteko desberdintasunak argitzea. Erabilera onargarriaren kasuan (2a), nekazaritza eta basozaintzako jardueran duen eragina aztertu egingo da, eta neurri zuzentzaileak hartuko dira. Erabilera debekatuen kasuan (3a), erabilera ez da nahi izatekoa, baina, salbuespen moduan, onargarria izango da bermatuta badago nekazaritza-arloan eskumena duen foru-organoaren txosten baten bidez eta nekazaritza- nahiz basozaintza-jardueraren gaineko eragina berariaz kontuan hartzen duen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura baten bidez.

  2. Kontuan hartzea bestelako ezaugarri batzuek bereizten dituztela Arabako Erdialdeko eta Guardiako eremu funtzionalak EAEko gainerako eremutik; eta lurraldearen gainerakoa ez bezala arautzea aurreneko biak, balio estrategiko handiko lur asko dagoelako eremu funtzional horietan. Arautze desberdin hori, erabilera jakin batzuei dagokienez, Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala - Balio Estrategiko Handia kategoriarako ezartzen da.

  3. Udal-plangintzak aurreikus ditzakeen baldintzak ezartzea aurretik zeuden guneak oinarri dituzten hazkundeetarako, eta erabilera hori onargarria den kategorietan adieraztea ingurumen-inpaktuaren ebaluazioko azterlanak nekazaritza-inguruneko inpaktuaren balioztatze espezifikoa izan beharko duela. Hala ere, onartutako lurralde-plangintzako irizpideari jarraituta, aurretik zeuden guneak oinarri ez dituzten hazkundeak debekatu egiten dira.

    Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legeak nekazaritza-balio handiko lurraren babes berezia xedatzen du, kasuan kasuko lurralde-plan sektorialak dioenaren arabera (aurrerantzean, LPS). Horri dagokionez, plan honek Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala - Balio Estrategiko Handia kategoriaren mugaketa eta arauketaren lotura ezartzen du udal-plangintzarentzat, bai eta Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak gainjarritako baldintza ere.

    Nekazaritza Ustiaguneari Lotutako Etxebizitza Isolatuaren arauketa Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 30. eta 31. artikuluetan xedatutakora egokitzen da; haiek baserriak berreraikitzeari eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiapenari lotutako etxebizitza-lizentziak emateari buruzkoak dira, eta etxe horiek zer baldintza bete behar dituzten xedatzen dute.

    Bestalde, LPS honen eta Lurralde Plangintzaren arteko koordinazioa ezartzen da. Behin betiko onartutako lurralde-plan partzialak (aurrerantzean, LPP) LPSari gailenduko zaizkio, lurraldea antolatzeko legeetan xedatutakoaren arabera. Lurralde-plan partzialek balio estrategiko handiko eremuak eta Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak jaso beharko dituzte. LPSei dagokienez, haietan ere kontuan hartu beharko dira balio estrategiko handiko eremuak, Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak.

    Halaber, LPS honen aldeko irizpena Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak 2012ko urriaren 11n egin zuen 4/2012 osoko bilkuran.

    LPS hau Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 1990eko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean jasotako lanketa- eta tramitazio-prozesu luze baten emaitza da; fase guztiak dauzka: aurrerapena, hasierako onarpena, behin-behinekoa eta behin betikoa; zenbait sail autonomiko eta foralek esku hartu dute, bai eta toki-korporazioek ere; eta bateragarria izan behar du ekonomia eta lurraldea planifikatzeko beste bitarteko batzuekin.

    Planeko B dokumentua «Antolamendu-arauak» da, eta planak izaera arau-emailea ematen dien xedapen eta proposamen guztiak jasotzen ditu; dokumentua dekretu honi gehitu zaio I. eranskin gisa, argitaratua izateko.

    Era berean, Planarekin batera doa Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioko Azterlana ere. Ingurumen-araudian xedatutakoa betetzeko 2006ko apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gainekoa; 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena, eta haren erregelamenduzko garapena den 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duena ingurumen-alderdiak planean txertatzeaz hartutako erabakiaren gaineko aginduzko adierazpena gehitu zaio dekretu honi II. eranskin gisa.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 1990eko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumena da plan honen behin betiko onarpena Jaurlaritzaren Kontseilura eramatea.

    Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko irailaren 16an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

2. II. eranskinean, ingurumen-alderdiak planean sartzearen inguruan hartutako erabakiaren gaineko adierazpena argitaratu da. Orobat, III. eranskinean, LPS honen kartografia argitaratu da.

LPS honek, Lurraldea Antolatzeko Legean xedatutakoaren arabera hierarkia handiagoko bitartekoa denez, bere gisa lotetsiko ditu hirigintza-legeria aplikagarriak xedatutako hirigintza-planeamenduko bitartekoak.

Horrenbestez, udal-planeamendua lotetsita dago plan honen ondorioz, eta haren edukira egokitu beharko du; gainera, erreferentzia izango du zehazten dituenak interpretatu eta aplikatzean.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Plan hau indarrean jartzean hasierako onespena eman ez zaien LPPak eta LPSak lantzeko prozeduretan, hemen jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira planak, LPS honetako Balio Estrategiko Handiko Eremuei, Onura Publikoko Mendiei eta Mendi Babesleei dagokienez.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lurzoru ez-urbanizagarriaren osoko arauketa lantzeko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan sartuta dauden hirigintza-dokumentuek, plan hau indarrean jartzean hasieran onartu ez badira, beren zehaztapenak plan honen aginduetara egokitu beharko dituzte, kasuan kasuko berrikuste- edo aldatze-prozeduren arabera.

Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko hirigintza-antolamendu orokorra plan honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta bi urteko epean.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

  1. Nekazaritza eta basozaintzako LPSa lurraldea antolatzeko bitartekoa globalizatzailea eta dinamikoa da. Alde batetik, nekazaritza eta basozaintzako erabilerak kudeatzeko eta planeatzeko jarduerak iradoki eta bideratzen ditu, lurraldearen antolaketa globalaren esparruan sartuz. Bestetik, nekazaritza- eta basozaintza-sektorearen interesak defendatzen ditu bestelako erabileren aurrean. Hori guztia Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearen 12. artikuluan xedatutako helburuarekin: nekazaritzako lurraren erabilera jarraitua eta egokia sustatzea, nekazaritza-jarduerari lotuta, eta gizarteak eskatzen duenaren arabera.

  2. LPSaren helburu nagusiak hauek dira:

    1. Nekazaritzako lurra definitzea eta babestea, bereziki balio agrologiko handiko lurra, nekazaritza eta basozaintzako jarduna orekatua izateko funtsezko baliabide gisa.

    2. Gaur egungo landa-egoera zehaztea: Nekazaritza-jarduerak, ustiagunerik produktiboenak, lehentasuna dutenak, bertan behera uzteko arrisku handiena dutenak, mehatxurik larrienak. non dauden jakitera ematea.

    3. Lurralde-antolamendua sustatzea, plangintza landa-irizpideetatik planteatuta. Ildo horretan, LAG Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako Ingurune Fisikoaren Gidalerroa oinarri hartuta, gidalerro horrek nekazaritza eta basozaintzako sektorearen beharrak eta optikak jaso behar ditu. Horrela, zenbait erronka daude:

      1. Nekazaritza eta basozaintzako jarduerak ingurumenaren kontserbazioa bermatzen duten oinarrizko faktoreen barruan sartzen direla ziurtatzea.

      2. Nekazaritza eta basozaintzako jarduerak modu bideragarrian egiteko behar diren lursailak (kalitatea eta kopurua kontuan izanik) bermatzea.

      3. Landa-inguruneko eragileak eta herriak antolamendu- eta babes-politiken barruan inplikatzea.

      4. Landatarraren papera birdefinitzea, aro industrialaren ondoko fasean sortutako testuinguru sozioekonomikoan: erabilera publikoa, bizi-kalitatea.

    4. Jarduteko bitarteko baliagarriak eta onargarriak planteatzea, haien bidez sektorea eta sektorearen baliabideak defendatzeko nekazaritzarako eta basozaintzarako ez diren beste erabilera batzuen aurrean (batez ere azpiegiturak, eta etxebizitza eta industria-erabilerak), eta bateratasun-zonetan plangintzen arteko koordinazioa bermatzeko.

    5. Aurretiaz egindako dokumentuetan (adibidez, Landa eta Basozaintzako Plan Estrategikoak, LAGak, etab.) lurraldea eta sektoreak antolatzeko eta planifikatzeko jasota dauden irizpideak eta gidalerroak jasotzea.

    6. Udal-plangintzak, lur ez-urbanizagarria zonakatzean, zenbait irizpide eta kontzeptu beregana ditzan gomendatzea, eta LAGetan proposatutako Ingurune Fisikoaren kategorizazioa garatzea LPSan.

    7. Nekazaritza-babesa eta ingurumen-babesa bateragarri bihurtzea.

    8. LPS honen emaitzak hedatuko direla bermatzea, lurralde-kudeaketako eta -plangintzako beste dokumentu batzuetan kontuan izateko. Bitarteko honek nekazaritza eta basozaintzako politika gainerako politika sektorialekin lurralde-eremu bateratu batean txertatzeko eskaintzen duen aukera aprobetxatzea.

  1. LPS honek garatu eta xehatu egiten ditu LAGetako atal hauei dagozkien irizpideak: Ingurune Fisikoaren Antolamendua kapituluko «5.2. Ingurune Fisikoko Elementuen eta Prozesuen Gidalerro Orokorrak» eta «6.8. Ingurune Fisikoa Antolatzeko Kategoriak», nahiz eta epigrafe batzuk berariaz garatzen diren natura-ingurunearen alderdi zehatz batzuen inguruko beste LPS batzuetan.

  2. Sektoreei dagokienez, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak nekazaritzako eta basozaintzako erabilerak arautzen ditu; hala ere, nekazaritza eta basozaintzarako balio handiagoa duten lurren biziraupena arriskuan jartzen duten beste erabilera batzuetarako zuhurtzia ere ezar dezake.

  3. LPS honen antolamendu-eremua EAE osora iristen da, aldez aurretik zeuden hiri-eremuetara izan ezik. Aldez aurretik zeuden hiri-eremuak hauek dira: dokumentu hau behin betiko onetsi zen egunerako udal-planeamendu orokorraren arabera lurzoru urbano edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta zeudenak.

  4. Era berean, hurrengo artikuluan azaltzen diren puntuen arabera, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren antolaketa-eremutik kanpo geratzen dira bitarteko hau eta ingurumen- edo lurralde-plangintza koordinatzearen ondorio diren beste eremu batzuk.

Honako esparru hauek antolatzeko, ingurumen-araudira edo natura-inguruneari buruzkora jo beharko da:

  1. Natura Parkeak eta Biotopo Babestuak, bai deklaratuak bai deklaratzeko bidean daudenak, natura babesten duen 16/1994 Legearen arabera.

  2. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren esparrua; hura antolatzeko, Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko 1989ko uztailaren 6ko 5/1989 Legeari eta haren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planari lotzen zaie.

  3. Europako Natura 2000 ekologia-sarea osatzen duten eremuak.

  1. Behin betiko onartutako LPPak gailendu egingo zaizkio LPS honi, lurraldea antolatzeko indarreko legeriak esaten duen moduan.

  2. Tramitazioan dauden LPPek plan honetako Balio Estrategiko Handiko Eremuei buruz Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan xedatutakoak jaso beharko dituzte, eta baita Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak izeneko gainjarritako baldintza ere.

  3. Behin betiko onartutako LPPetan geroago egiten diren aldaketek eta berrikuspenek kontuan hartu beharko dute zer xedatzen duen Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak balio estrategiko handiko eremuei eta Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak direlakoei buruz.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa eta beste LPS batzuk koordinatu egingo dira, era honetan:

  1. LPS guztiak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSarekin koordinatuko dira Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearen 16. artikuluan adierazitako moduan; balio agrologiko handiko lurraren babesaren gaineko artikulua da. Horretaz gain, LPSetan kontuan hartu beharko dira Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak zedarritutako Balio Estrategiko Handiko Eremuak eta Onura Publikoko Mendiak nahiz Mendi Babesleak.

  2. Ibaien eta erreken ertzak antolatzeko LPSak ezarritako antolamendua Kantauri eta Mediterraneoko isurialdeak eta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak ezarritakoa gainjartzen badira, eta kontrakoa badiote, lehenengoaren irizpideak bigarrenaren irizpideei gailenduko zaizkie.

  3. Zona Hezeen LPSak antolatutako esparruak (II. taldea) Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren antolamendu-esparrutik kanpo geratzen dira. III. multzoko hezeguneetan Zona Hezeak Antolatzeko LPSaren gomendioak aplikatuko dira.

  4. EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko LPSaren arabera itsasertzeko babes berezikoak, ingurumen-hobekuntzakoak edo hiri-hondartzak diren zonak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren antolaketa-esparrutik kanpo geratzen dira.

  5. Beste lurralde-plan sektorialek (nagusiki, azpiegiturak garatzekoa, trenbide-sare berriarena, errepideena, hondakin solidoena, energia eolikoarena, bizikleta-bideena, eta abar) eragina duten esparruetan, haietako gidalerroak koordinatuko egingo dira Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko gidalerroekin.

  1. Kosta-zerrendan, itsaso-lehorretako jabari publikoko erabilerak Kostaldeei buruzko Legearen 31. eta 32. artikuluen bidez arautuko dira, eta, babes-zorguneko erabilerak, berriz, lege-testu horretako 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren bidez.

  2. Halaber, Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko aireportuetako eta haien zuhurtziako aldeetako aireportu-sistema orokorraren esparruan, aireportuen plangintzan aurreikusitako erabilerak, eta, oro har, aireportua ustiatzeko beharrezkoak direnak onartuko dira. Era berean, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan aztertzen diren lurren artean Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Logroño-Agoncilloko aireportuen soinu-aztarnen edo zorgune aeronautikoen barruan daudenek, plan honetako kartografian haiei buruz emandako definizioaren arabera, eragin horiekin bateragarriak diren erabilerei buruzko egungo araudia bete beharko dute. Alde horretatik:

    1. Donostia, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko aireportuetako aireportu-sistema orokorren esparruan, aireportu-erabilera publikoa izango da erabilera onargarri bakarra, eta haietan aeronautika-arloko xedapenak gailenduko dira; bereziki, aipatu aireportu horietako plan zuzentzaileetan jasotakoak.

    2. Soinu-aztarnak eragindako planaren esparruan, aipatutako definizio grafikoaren arabera, ez dira bateragarritzat hartzen etxebizitza-erabileretarako eraikuntza berriak, hezkuntza- edo osasun-zuzkidurakoak, ez eta hirigintza-aldaketak ere, eragindako pertsonen kopurua handitzen badute.

    3. Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta LogroñoAgoncilloko aireportuetako zortasun aeronautikoen gune mugatzaileek ezein eraikuntzak, lurzoruaren aldaketak edo azpiegiturak (energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak, antenak, eta abar) ezin gaindi ditzakeen garaierak zehazten dituzte, agintari eskudunaren ustez frogatu ezean ez dela arriskuan jartzen segurtasuna, eta ez zaiola eragiten aireontzien operazioen erregulartasunari.

    4. Aire-nabigaziorako instalazio irrati-elektrikoetako segurtasun-guneetan debekatuta dago lurraren osaera aldi baterako edo betiko aldatzea edo ezer eraikitzea, Aire Segurtasunerako Estatu Agentziak (AESA) aurrez baimena eman ezean.

    5. ILS maniobrari dagokion Hurbilketa Zapuztuko Esparruaren barruan, ezin da oztoporik eraiki, ez bada nabigaziorako aurreikusitako laguntzaren bat, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

    6. Zortasun aeronautikoko zonetan sartutako esparruetan, garapen-plangintza egin baino lehen, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren berariazko aldeko irizpena izan beharko da, edo Aire Segurtasunerako Estatu Agentziaren baimena eraikuntza edo instalazioetarako, haiek gauzatu baino lehen, geroagoko hirigintza-bitarteko baten beharrik izan ezean.

    7. Zortasun aeronautikorik ez duten planaren antolamendu-esparruko zonetan, edozein eraikuntza edo egitura egin nahi bada, eta hura egiteko behar diren bitartekoen instalazioaren garaiera 100 metrotik gorakoa bada, kokatuta dagoen lekua edo, eskumeneko uren barruan, itsas maila kontuan hartuta, nahitaezkoa izango da Aire Segurtasunerako Estatu Agentziak bere iritzia ematea aire-operazioen segurtasunean izan dezakeen eraginari buruz.

    8. Kontraesana badago EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko antolamendu-arauetan, edo antolamendu-arauen eta lurralde-planean jasotako planoen artean, zortasun aeronautikoek ezarritako mugek edo baldintzek lehentasuna izango dute plangintzan jasotako beste edozein neurriren aurretik.

    9. Zortasun aeronautikoek ezarritako muga eta baldintzen ondorioz ezinezkoa bada aurreikusitako eraikuntzak edo instalazioak egitea, ez da sortuko Sustapen Ministerioaren, aireportuaren kudeatzailearen eta aire-nabigaziorako zerbitzuak ematen dituenaren eskutik kalte-ordaina jasotzeko inolako eskubiderik.

    10. LPS honetan aurreikusitako instalazioek ezingo dute zabaldu kerik, hautsik, lainorik edo beste edozer, zabaldutako hori nahikoa bada arriskua izateko Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Logroño-Agoncilloko aireportuetan aritzen diren aireontzientzat. Era berean, hegazti-fauna erakar dezaketen instalazioak eta lurraren erabilerak baztertuko dira, aske dabiltzan hegaztiak babesteko balio dezaketenak barne, zortasun aeronautikoen 584/1972 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera. Bestalde, kontuan hartu behar dira eguzki-argiak teilatuetan eta estalkietan izan ditzakeen islapenak eta aireontzietako tripulazioentzat trabagarri izan daitezkeen eta operazio aeronautikoen segurtasuna arriskuan jartzen dezaketen aire artifizialaren iturriak.

    11. Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Logroño-Agoncilloko aireportuen zortasun aeronautikoek eragindako lurretan paratzen diren eraikuntzek, instalazioek nahiz edozein jarduketak, haiek egiteko behar diren bitartekoek barne, hala nola, besteak beste, zutoinek, antenek, haize-sorgailuek (palak barne), eraikuntzako garabiek, kartelek, zaintza-dorreek eta energia elektrikoa garraiatzeko lineek, LPS honetan babestuta badaude, gauzatuak izateko geroago plangintza-bitartekorik behar ez badute ere, Aire Segurtasunerako Estatu Agentziaren aldez aurreko aldeko irizpena izan beharko dute, 584/1972 Dekretuaren 29. eta 30. artikuluek gaur egun duten idazketaren arabera, eta harekin batera, behar izanez gero, segurtasun-azterketa aeronautiko bat aurkeztu beharko da.

  1. LPS honek dokumentu hauetan ditu jasota bere zehaztapenak:

    1. Memoria.

    2. Antolamendu-arauak.

    3. Antolamendu-planoak.

    4. Eranskinak.

    5. Ingurumen Jasangarritasunaren Txostena.

  2. Soil-soilik b. Antolamendu-arauak eta c. Antolamendu-planoak dokumentuak dira arau-emaileak; c. Antolamendu-planoak dokumentua, zehazki, 10. artikuluan azaldutakoaren arabera.

  1. LPS honetako arauak hitzez hitzeko idazketaren arabera interpretatuko dira, daukaten testuinguruan, eta A. Memoria dokumentuan adierazitako xedeak eta helburuak kontuan hartuta.

  2. Arautze grafikoaren eta idatzizkoaren artean kontraesana egonez gero, idatzitako dokumentazioa gailenduko da.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari dagokio Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan jasotako zehaztapenak interpretatzea.

  1. LPSak mugagabeko indarraldia izango du.

  2. Lau urtean behin, LPSaren idazketan eta jarraipenean eskumena duten Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako sailek memoria bat prestatuko dute, plana nola bete den balioztatzeko, eta ikusteko zer eragin izan duen lurralde-antolaketa partzialean eta sektorialean eta udaleko hirigintza-plangintzan; gainera, hala egokituz gero, hautematen diren desorekak galarazteko zer neurri hartu behar diren zehaztuko du. Memoria hori Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordean aurkeztuko da, batzordeak haren berri izan dezan.

EAEko Lurraldea Antolatzeko Legearen arabera, LPS honen loturek ondoren adierazten den moduan izango dute eragina udal-plangintzan:

Araudiari dagokionez:

  1. Udal-plangintzak lurzoru ez-urbanizagarria zenbait kategoriatan sailkatuko du; horretarako, plan honetan jaso eta 46. artikuluan definituta dauden kategoriak erabiliko ditu, LAGek definitutako Babes Berezia kategoriaz gain (ez da jasotzen LPSan, aipatu artikuluan adierazitako arrazoiengatik).

  2. Udal-plangintzak berariaz jaso beharko ditu Nekazaritza eta Abeltzaintzako Lurzoru Ez Urbanizagarria eta Balio Estrategiko Handiko Landazabala zonei (Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak definituta) lotutako mugaketa eta araudia. Mugaketa hori udal-plangintzak zabaldu ahal izango du, LPS honen helburu orokorrak argudiatuta.

  3. Udal-plangintzak, gainera, onura publikoko mendien eta mendi babesleen arau-izaera eta mugaketa gainjarritako baldintza moduan jaso beharko ditu.

  4. Kategoria bakoitzean sartu beharreko erabileren araubidea bat etorriko da plan honekin. Zehazki, balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintza nahiz landazabal gisa kalifikatutako esparruetan, udal-plangintzak ezingo du ahalbidetu aurrez sortutako guneetan oinarrituta ez dagoen hazkunderik, LPParen berariazko definizioa izan ezean.

  5. Udal-plangintza, lurralde-plangintza eta sektore-plangintza idazteko eta onartzeko izapideetan, nekazaritza-sektorearen gaineko eragina ebaluatzeko protokoloa erabiliko da, LPS honetako «Jardun-tresnak» I. eranskineko D dokumentuaren arabera. Nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoaren txostena izan beharko da betiere, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 2008ko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan xedatuta dagoen bezala.

    Antolaketa-planoei dagokienez:

  1. Udal-plangintzak jasotako Lurzoru Ez Urbanizagarria kategoriak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak III. kapituluan (Antolamendu-kategoriak) aurreikusi bezala proposatutako antolamendu-kategoriak oinarri gisa hartuko ditu, eta, hala egokituz gero, mugaketa udal-errealitate eta -eskalara egokituko du.

  2. Balio Estrategiko Handia azpikategoriaren mugaketa loteslea izango da. Gainerako mugaketak orientagarriak dira, eta udal-plangintzak ongi arrazoituta aldatu ahal izango ditu.

  3. Onura publikoko mendien eta mendi babesleen mugaketa loteslea izango da, eta haien legeria sektorialean jasotako moduan eta prozeduren arabera soilik aldatu ahal izango da.

  1. Eraikuntza horiek, orokorrean, eta LPSaren ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintzako nahiz landazabaleko kategorietako balio estrategiko handiko nahiz trantsizioko landa-paisaiako azpikategorietara mugatzen dira; III. kapituluan zehazten dira kategoria horiek.

  2. Nekazaritza-jarduerari lotutako eraikin berriak jartzeko, nekazaritza-gaian eskumena duen foru-sailaren aldez aurreko baimena eskatu beharko da, haien titularrak nekazariak direla eta instalazioak indarrean dagoen eta kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiaren araberakoak direla egiaztatzeko.

    Nolanahi ere, nekazaritza-jarduerari lotutako edozein eraikinek (etxebizitzek izan ezik, dagokien artikuluan araututa baitaude), gauzatua izan baino lehen, nekazaritza-gaian eskumena duen foru-sailaren aldeko irizpena izan beharko du. Emandako erabilerarako baino ezingo dira erabili. Edozein erabilera-aldaketetarako dagokion lizentzia izapidetu beharko da.

  3. Lursail hartzailearen gutxieneko azalera lurralde historiko bakoitzerako erabakitako laborantzako gutxieneko unitatea izango da, lursaila biztanle-gunean edo horren ondoan egon ezean. Nekazaritzari lotuta dauden eraikuntza txikiagoek (adibidez, siloak, pixor-zuloak, eta abar) eraikin nagusia dagoen lursailaren perimetroaren barruan egon behar dute.

  4. Ez da baimenduko ukitutako finkak banantzea, bereizte horren ondorioz laborantzako gutxieneko unitatea baino azalera txikiagoa duten lursail edo finka berriak sortzen badira, salbu eta dauden beste nekazaritako ustiagune batzuei atxikitzen zaiela bermatzen bada.

  5. Eraikin berriak, bolumetriari eta konfigurazio orokorrari dagokienez, EAEko eraikin tradizionalen eraikuntza-tipologietara egokitzen ahalegindu beharko da. Eraikuntzaren gehienezko okupazioa egin nahi den edo dagoen ustiagunearekin edo egin nahi den erabilerarekin proportzionala izango da.

  6. Bai zortasun-zonan, bai 10 urteko errepika-denborako uholde-eremuetan, besteak beste nekazaritza-, abeltzaintza- eta basozaintza-erabilerak izan ahal izango dira, erriberako korridoreko ekosistemari eragiten ez bazaio, eta degradatzen ez bada. Haiei lotutako nekazaritza edo abeltzaintzako edozein eraikin, azpiegitura edo instalazio baztertu behar da. 10 eta 100 urte arteko errepika-denborako uholde-eremuak oztopo fisiko artifizialik gabeko zona moduan mantendu beharko dira.

  1. Inguruaren populatze-ereduari jarraiki, udal-plangintzari dagokio nekazaritzako ustiaguneari lotutako etxebizitza isolatuak eraikitzea egokia den ala ez xedatzea.

  2. Baimena jaso ahal izateko, etxebizitza-erabilerako eraikin berriek ustiaguneari lotuta egon beharko dute, ustiagunearen titularraren ohiko etxebizitza izan beharko dute, eta Nekazaritza eta Abeltzaintza - Balio Estrategiko Handia nahiz Trantsizioko Landa Paisaia kategoriako zonetara mugatuta egon beharko dute; ez dira onargarriak izango gainerako lurzoru ez-urbanizagarrian. Gainera, aldundiko nekazaritza-sailak baimendu beharko ditu, lizentzia eman aurretik.

  3. Lehenago sortutako nekazaritza-ustiaguneei lotutako etxebizitzei dagokienez, honako baldintza hauek bete beharko dira:

    1. Baratze- eta abeltzaintza-ustiagune bati lotutako eraikuntza-lizentzia bat ematea onartzeko, ezinbestekoa izango da hura ohiko etxebizitza moduan erabiltzea ustiagune ekonomikoa kudeatuko duen pertsona titularrak. Horretarako, eskatzaileak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 31.1 artikulu-zatiaren arabera, aldez aurreko baimena eskatu beharko dio kasuan kasuko lurralde historikoko nekazaritza-sailari, eta, gutxienez, honako hauek ziurtatu beharko ditu:

      Ustiaguneak gutxieneko baldintzak betetzen dituela modu autonomoan ekonomikoki bideragarria izateko.

      Eskatzaileak izena emanda daukala kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren erregimen berezian, eskaera egin baino gutxienez urtebete lehenagotik.

      Aurkeztutako azken errenta-aitorpenean eskatzailearen sarrera arrunten % 50 baino gehiago baratze- edo abeltzaintza-jardueraren ustiapenetik datorrela.

    2. Nekazaritza-ustiagunea kasuan kasuko lurralde historikoko Nekazaritza Ustiaguneen Erregistroan izena emanda dagoelako agiria aurkeztu beharko da.

    3. Ustiagunearen jabetzako gutxieneko lursail-azalera lurralde historiko bakoitzeko laborantzako gutxieneko unitaterako adierazitakoa izango da, lursaila biztanle-gunean edo haren ondoan egon ezean.

  4. Aurretik dagoen baserri bat birgaitu eta berreraiki behar bada, nekazaritza-ustiagune bati lotutako etxebizitzak jartzeko edo finkatzeko, 2/2006 Legean xedatutakoa bete beharko da, honako baldintza hauek kontuan hartuta:

    1. Etxebizitza-erabilerarako eraikinak osorik leheneratu edo berritu nahi izanez gero, barruko banaketa arrazionalizatuko da, eta etxe-inguruko txabolak, gehigarri ezegonkorrak eta teilapeak kenduko dira. Hala, eraikinaren eta inguruaren konfigurazioa eta itxura hobetuko dira. Xede horrekin egin beharreko obrek eraikinaren oinarrizko ezaugarriak errespetatu behar dituzte, bai eta balio arkitektonikoak edo historikoak ere, halakoak baditu. Obrek kanpo-elementuei eragiten badiete, landa-eraikin tradizionaletako materialak erabiliko dira, ahal izanez gero, edo, eraikina handitzen bada, jatorrizko eraikinak dituenak bezalakoak.

    2. Nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako lokalak eraikin independente batean kokatu beharko dira, edo, bestela, beheko solairutik goraino doan horma bertikal isolatzaile baten bidez etxebizitzatik bereizita. Baserria berreraikitzen bada, ukuiluak nahitaez eraikin independentean eta bereizian kokatu beharko dira.

  5. Salbuespen gisa, nekazaritza-ustiagune bati lotutako etxebizitza osagarria izan dadin familia bakarreko edo bi familiako eraikin berri eta bakar bat egin ahal izateko, eraikin berriak bat etorri beharko du, bolumetriari eta konfigurazio orokorrari dagokienez, EAEko landa-eraikin tradizionalen eraikuntza-tipologiekin, honako kasu hauetan:

    1. Aurretik dagoen baserria legezko aurri-egoeran dagoela adierazi bada indarreko hirigintza-legeriaren arabera, egiturazko egonkortasuna, segurtasuna, estankotasuna eta sendotasuna berreskuratzeko egin beharreko konponketa-lanen kostua handiagoa delako legeriak xedatutako kontserbazio-betebehar normalaren muga-kostua baino.

    2. Ustiaguneko lurretan etxebizitzarik ez badago. Kasu horretan, artikulu honen 3. zatian etxebizitzak eraikitzeko jasotako baldintzak kontuan hartu beharko dira.

    3. Baserrian lan egiten duten eta, aipatu baserrian bigarren etxebizitza egiteko leku nahikoa ez dagoenean, bertan jarraitzeko asmoa duten seme-alaba jaraunsleek familia berria egiten badute; udal-arkitektoaren aurretiko txostenak bermatuko du kontu hori. Eskritura publikoan egiaztatuko da nekazari gazteak nekazaritzako ustiagunean jarraitzen duela, indarrean dauden legeen arabera, honako modalitate juridiko hauen bitartez:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilari buruzko Legea aldatzeko 3/1999 Legeak babestutako oinordetza-ituna.

      2. Nekazari gazteak ustiagunearen titularkidetasuna eskuratzea, nekazaritzako ustiaguneak modernizatzeko 1995eko uztailaren 4ko 19/1995 Legean xedatutakoarekin bat, aldi berean honako baldintza hauek betetzen badira:

        Titularrak eta nekazari gazteak erabakitzea azken horrek gerentziaren erantzukizuna, ustiapenaren emaitza ekonomikoak, haren kudeaketari loturiko arriskuak eta bertan egiten diren inbertsioak bere gain hartuko dituela 100eko 50eko gutxieneko proportzioan. Akordio horrek gutxienez sei (6) urte iraun beharko du.

        Titularrak nekazari gazteari eskualdatzea bere jabetzaren herena gutxienez, ustiagunea osatzen duten elementuei dagokienez; haien erabilerak eta aprobetxamenduak ustiagunean sartuta jarraituko dute.

      3. Ustiagunearen jabetza osoa edo biziarteko gozamenaren salerosketa edo dohaintza.

      4. Kasu honetan, artikulu honetako 3. zatia bete beharko da.

  6. Aurreko paragrafoetan aipatutako kasuetan, baratze- edo abeltzaintza-ustiapenari lotutako oin berriko etxebizitza egite- eta eraikitze-egintzen dokumentuak eta lizentziak emateari dagokionez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 31. artikuluan araututakoa kontuan hartuko da.

  7. - Nekazaritza-ustiagunearen ekoizpen-dimentsioa behar adinakoa izango da ustiaguneko etxebizitza guzti-guztietan justifikatzeko (bai eta lehenagoko baserrian daudenetan eta aurreikusitako berrietan ere) gutxienez nekazaritzako lan-unitate bat okupatzen dela eskulanean, eta lortzen den marjina garbia azken hiru urteetako lanbide-arteko gutxieneko soldataren parekoa dela.

  8. Etxebizitza-erabilerarako eraikuntza-lanak lurzoru ez-urbanizagarrian egitea baimentzeko, bete beharreko legezko baldintza izango da erabilera horrek kasuan kasuko ustiagunearekin edo landa-garapenaren berezko beste erabilera batzuekin duen loturak indarrean jarraitzea inolako etenik gabe gutxienez hogeita bost urtez. Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako lotura egiaztatzeko balio duten lursailak, hirigintzari eta erroldari dagokionez, baimentzen den eraikinari lotuta geratuko dira.

  9. Oin berriko eraikinen kasuan, ukuiluak eraikin independente eta bereizi batean egongo dira nahitaez, eta beste nekazaritza- eta/edo abeltzaintza-lokalak ere eraikin independenteetan kokatuko dira lehentasunez, edo, bestela, beheko solairutik goraino doan horma bertikal isolatzaile baten bidez etxebizitzatik bereizita.

  1. Horrelako instalazioak 515/2009 Dekretuan arautzen dira berariaz, 165/1999 Dekretuaren arabera jarduteko lizentzia lortzetik salbuetsita dauden abeltzaintza-ustiaguneak izan ezean, azken dekretu horrek arautuko baititu, edo haren ordezko arauak.

  2. Araudi aplikagarriaren arabera, ustiagunean dagoen abere-kopuruarekiko mendekotasun- eta proportzio-erlazioa zaindu behar da abeltzaintzako instalazioetan, eta espezie bakoitzak dauzkan beharrak bete behar dira, okupatutako lekuari, giroko tenperaturari, aireztapenari, hezetasunari, eta abarri dagokienez, ganaduaren erabilera funtzionalaren, elikagaien eta gorozkien arabera, eta osasun-arloan indarrean dagoen araudia betetzeko.

  3. Oro har, ganadua erabiltzeko eraikuntzek (uhaskak, askak, eskortak, eta abar) estali gabeak izan behar dute, eta ezartzean lurrik mugitzea behar ez duten material mugikorrak edo erraz desmunta daitezkeenak erabiliz egingo dira. Siloak estankoak izango dira, euriak biltegiratuta dagoena busti ez dezan. Lurzoruek gutxienez % 2ko malda izan beharko dute, siloratze-fluidoen geratze oro galarazteko, eta haiek azkar husteko biltegiratze-hodi espezifikoetan, edo, horrelakorik egon ezean, pixor-zuloetan.

  4. Udal-plangintzak abeltzaintza-ustiagune berriak jartzea edo egungoak zabaltzea debekatu ahal izango du, pentsatzen bada haietan jarri nahi diren espezieek kalte egin diezaieketela natura-inguruneari eta biodibertsitateari; adibidez, bisoi amerikarrak (Mustela vison), koipuak (Myocastor coipus) eta Floridako dortokak (Trachemys scripta). Babestutako espezieak kudeatzeko planak eta espezie inbaditzaileen legeria sektorialaren zehaztapenak aplikagarriak izango dira: 630/2013 Errege Dekretua, 2013ko abuztuaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baita espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa.

  1. Nekazaritza-jarduera oinarrizko nahiz osagarrietarako lizentzia ematean, sortutako hondakin solidoak eta likidoak biltegiratzeko, tratatzeko eta deuseztatzeko sistema bat aurreikusita egotea gomendatzen da, ingurunea ez kutsatzeko.

  2. Hondakinak solidoak badira, barruti estali eta iragazgaitz batean gordeko dira, eta lixibiatuak hobi estanko batean biltzea aurreikusiko da. Hondakin solidoak eta likidoak 2009ko irailaren 22ko 515/2009 Dekretuaren arabera jasoko dira, zeinak ezartzen baititu abeltzaintzako ustiaguneetako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak.

  3. Pixorra ustiaguneko lurretan ongarri natural gisa zabaltzeko, kontuan izan behar da zein den azalera-unitate bakoitzeko gehieneko medeagarri edo karga organikoko kapazitate onargarria. Eta, bereziki, orain arte kalteberatzat jotako zonen kasuan nahiz etorkizunean halakotzat joko direnen kasuan, honako hauek aplikatuko dira: 1998ko abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuan xedatutako irizpideak dekretu horrek nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruak izendatzeko arauak finkatzen ditu (inguruok hedatu egin zituen Ingurumeneko eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuen 2008ko apirilaren 8ko Aginduak), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen du eta 2009ko irailaren 22ko 515/2009 Dekretuko zehaztapenak beste dekretu horrek abeltzaintzako ustiaguneetako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen ditu.

  4. Nekazaritza-administrazioak lurzorua babesteaz arduratuko dira, eta neurriak hartzea sustatuko dute, EAEko akuiferoen kutsadurarekiko urratze-arriskuaren mapetan (Eusko Jaurlaritza, 1995) zehaztuta dauden eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakorrak diren zonak babesteko, haien urrakortasun-maila kontuan hartuta betiere.

  1. Baso-erabileraren arauketa honako hauek kontuan hartuta egingo da: mendiei buruzko foru arauak eta LPS hau aplikatu behar den eremurako administrazio eskudunak ematen dituen arau osagarriak.

  2. LPS honen aplikazio esparruan, zuhaitzak moztu eta landatzeko baimen-eskaerak foru-sail eskudunean aurkeztuko dira. Basozaintzako aprobetxamenduak baimentzeko unean, aprobetxamendu horiek ingurune naturalean edo dauden azpiegituretan egin dezaketen kalteak gutxitzeko behar diren neurriak ezarriko dira.

  3. Baso-kudeaketaren alderdi guztietan, baso-antolaketaren hiru xede klasikoak lortzen ahalegindu beharko da: masen iraunkortasuna, errendimendu jasangarria eta ahalik eta onura gehien. Zentzu horretan, basozaintzako lanen bidez basoen kontserbazio-egoera eta produktibitatea hobetzen saiatuko da, beste erabilera batzuen potentzialtasuna eta etorkizunerako baso baliabideak arriskutan jarri gabe.

  4. Zona bereziki ahuletan edo balio natural handiena dutenetan, zenbait jarduketa bultzatzea gomendatzen da, helburu hauekin: jarduteko gehieneko azalera mugatzea, baso-unitatearen tamainarik onena lortzea, zuhaitz hostozabalak edo mistoak landatzea, erabilerak eragin txikia izatea, jarduketak egiten diren sasoia faunan inpakturik txikiena duena izatea, ertzetako landaretza, erriberetakoa eta heskaiak mantentzea, eta abar.

  5. Baso-berritzeetan erabiliko diren espezieak aukeratzerakoan, kontuan izango da jabearen beharrizanei eta lursail bakoitzaren ezaugarri fisikoei egokitzen zaizkien.

  6. Basozaintzako jarduerek baliabide edafikoen eta hidrikoen kontserbazioa bermatuko dute. Horretarako, suaren erabilera estentsiboa, belar-sastraken garbitze estentsiboa eta lur-mugimenduak ahalik eta gehien mugatuko dira, eta eskuz -ez makinaz- landatzea, mozteko metodo progresiboak (hala nola entresakak, arboladiak moztea eta bakantzeak) sustatuko dira, erabateko mozketaren aurretik. Lan horiek egiteko, administrazio eskudunaren kasuan kasuko baimena behar da. Horren bidez, lurzoruaren egitura mantentzen dela eta baliabide horretan ahalik eta galera gutxien gertatzen direla bermatuko duten beharrezko jarraibideak emango dira.

  7. Baso-bideak trazatzean, ahalegina egingo da % 12tik gorako maldarik egon ez dadin, eta muga hori salbuespenezko kasu batzuetan baino ezingo da gainditu, beharrezkoa bada, paisaia-inpaktu negatiboak saihesteko. Bide horietan urak ateratzeko eta ezpondak finkatzeko behar diren mekanismoak jartzen ahaleginduko da, lur gehiegi ez galtzeko eta baimendutako ibilgailuak erregulartasunez sartu ahal izateko.

  8. Basozaintza- eta hirigintza-araudi aplikagarrian adierazitako moduan, ez da baimenduko erabilera aldatzea suaren, ingurumen-kalteen edo legez kontrako mozketen ondorioz basoz gabetutako lurretan.

  1. Azpiegitura horiek diseinatzean, flora eta fauna anfibioek erabili ahal dituztela bermatu beharko da. Fauna anfibioa putzuan sartu ahal dela eta handik irten ahal dela eta urte osoan ura egongo dela bermatu behar da.

  2. Substratu naturaleko putzuetan, malda etzaneko eta lur emankorreko ibai-bazterrak mesedetuko dira. Lurzoru hori erriberako landaretzak kolonizatzea bideratu eta erraztuko da. Paisaia leheneratzeko eta hobetzeko lanak sustatuko dira, azpiegitura dagoen landa-ingurunean txertatzeko asmoz.

  1. Udaleko planeamendu orokorraren barruan, udalek aisialdiko ortuak ezartzea sustatu ahalko dute, ekimen publikoan edo pribatuan. Erabilera hori kokatzeko, lur erreserba batzuk aurreikusi behar dira, aldi baterako edo modu mugagabean.

  2. Nekazaritza-zerbitzuetarako txabolak badaude, aldi baterako izango dira, eta haien eraikuntza-ezaugarriak dagozkien funtzioen eta ingurunearen araberakoak.

  1. Aterpeak eta bordak mendi-larreetan kokatutako eraikuntza tradizionalak dira, eta artzaintza transhumanteari eta lekuz aldakorrekoa denari lotuta daude.

  2. Borden eta aterpetxeen barne-banaketak eta tipologiak bat etorri beharko dute kokatuta dauden natura-inguruneko eraikuntza-ezaugarri tradizionalekin. Eraikuntza horiek eta haietarako sarbideak erabiltzeko baldintzak eta baimenak nekazaritza-arloan eskumena duen foru sailak ezarriko ditu. Gainera, mendiaren titularra den entitatearen baimena nahitaezkoa da, eraikuntzak mendi publikoetan badaude.

  1. Eraikuntzak lurzoru urbanizaezinean instalatu eta kokatzean, urei buruzko kasuan kasuko araudiak xedatzen duena beteko da, instalazio horiek baino beherago dagoen uraren kalitate ekologikoa mantentzeko.

  2. Eraikuntzak eta azpiegiturak kokatu nahi badira lurzoru urbanizaezinean (zehazki, Gutxi Aldatutako Paisaiak gainjarritako baldintzak eragindako eremuetan edo udal-plangintzak xedatzen dituen ikus-hauskortasun handiko beste esparru batzuetan), horrek paisaian izan dezakeen eragina aztertzeko ebaluazioa eskatu ahal izango da. Horretarako, titularrari edo sustatzaileari neurri zuzentzaile partikularrak eta eraikuntzok beren inguruan integratzeko neurriak hartzeko eskatu ahal izango zaio, aipatu ebaluazioarekin bat. Neurri horietako bat, adibidez, hesi estetikoak edo landarezko estaldurak ezartzea da.

  3. Lurrak % 12tik gorako maldako eremuetan mugitzea berekin dakarten eraikuntza-proiektuak garatzeko egiten diren azterlan teknikoetan, neurriak zehaztuko dira, lurraren egonkortasun eta higagarritasunean inpaktu negatiborik ez dela eragiten bermatzeko.

  4. Egin nahi diren mota guztietako indusketetan, obren titularrak landaretza naturala birjarri beharko du, behar den landare-lurrezko geruza barne, obren ondorioz suntsitu diren lur-eremuetan.

  5. Nekazaritza-arloko administrazioak lurzorua babesteaz arduratuko dira, kasuan kasuko sektore-araudiaren barruan hartarako ezarritako neurriak aplikatuz.

  6. Abeltzaintza-ustiaguneek 2009ko irailaren 22ko 515/2009 Dekretuko zehaztapenak bete beharko dituzte, zeinak ezartzen baititu abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak.

Itxiturak eta hesiak mota ezberdinetakoak izan daitezke. Gomendio hauek eman daitezke:

  1. Heskai biziak, zuhaixka ezberdinekin eginak. Efektu estetiko polita daukate eta ingurune naturalarentzat mesedegarri dira, basa-animalientzat babesleku direlako; horregatik, bestelako itxiturei gailenduko zaizkie. Bertako zuhaixka espeziez eginiko heskaiak hobetsiko dira.

  2. Alanbrezko itxiturak batez ere ganadua kontrolatzeko erabiliko dira. Alanbre-sare lauz edo hariz edo haien konbinazioez egingo dira, tratatutako zurezko edo metalezko taketen gainean. Itxituren ezaugarriak eta altuera zerbitzua emango dioten abere-espezieen araberakoak izango dira, oro har, animalia basatien banaketari eragin diezaioketen sare «zinegetikoen» erabilera saihestuz.

  1. Landa-bideen erabilera lehenetsiak izango dira honako hauek: nekazariak ustiaguneetara sartzea, ibilgailuen zirkulazioa nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintzako jarduerak egiteko, nekazariek beren nekazaritza-ustiaguneetan egiten dituzten turismo- eta artisautza-jarduera osagarriak, eta natura-ingurunea kontserbatzea helburu dutenak.

  2. Aurreko puntuan aipatutako erabilerekin bateragarriak izango dira oinez eta bizikletaz ibiltzea, zaldi gainean ibiltzea eta ibilgailuetan (motordunak edo ez) ibiltzea, baldin eta bidearen zerbitzuari dagokion zirkulazioa trabatzen edo zailtzen ez bada, edo ingurumena babesteko arrazoiengatik edo bestelako arrazoiengatik beren-beregi debekatuta ez badago.

  3. Bide-segurtasunarekin eta bideak nahiz haietako elementuak mantentzearekin bateraezinak diren beste erabilerak edo jarduerak baztertu egingo dira.

  1. Lurra zuzenean erabiltzea behar duten laborantzetarako nekazaritza-aldeak (laborantzak hidroponikoak edo antzekoak izan gabe), ahal bada, II. eta III. mota agrologikoen barruan lant daitezkeen lurretan ezarriko dira, lur horiek lauak edo malda gutxikoak izanda betiere.

  2. Lurrik gabeko laborantzak, hidroponia edo loreontzia oinarri dituzten jardueren kasuan, haiek lugorrietan jartzea sustatuko da; besteak beste, itxitako zabortegietan, betelan-lekuetan, eta abar.

  1. LPS honetako erabileren sistematizazio orokorra hauxe da:

    1. Ingurumena babestea.

      1. Ingurumenaren hobekuntza.

    2. Aisialdia.

      1. Aisia estentsiboa.

      2. Aisia intentsiboa.

        Jolas-eremuen egokitzapena eta erabilera.

        Aisia intentsiboari lotutako eraikinak edo instalazio handiak.

      3. Ehiza- eta arrantza-jarduerak.

    3. Lehen mailako baliabideen aprobetxamendua.

      1. Nekazaritza.

        Nekazaritzako ustiaguneekin zerikusia duten jarduerak.

        Nekazaritzako ustiaguneekin zerikusia duten eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak.

      2. Abeltzaintza.

        Abeltzaintzako ustiaguneekin zerikusia duten praktika kulturalak.

        Abeltzaintzako ustiaguneekin zerikusia duten eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak.

      3. Basozaintza.

        Basoko jarduerekin zerikusia duten praktika kulturalak.

        Basozaintzako ustiaguneekin zerikusia duten eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak.

      4. Nekazaritzako industriak.

      5. Erauzketa-jarduerak.

    4. Azpiegiturak.

      1. Garraiobideak.

      2. Landa-bideen eta pisten erabilera.

      3. Aireko lineak.

      4. Lurpeko lineak.

      5. Izaera lineala ez duten A motako zerbitzuen instalazio teknikoak.

      6. Izaera lineala ez duten B motako zerbitzuen instalazio teknikoak.

      7. Obra-hondakindegiak eta hondakin solidoen zabortegiak.

    5. Eraikuntzako erabilerak.

      1. Aurretik zeuden guneak oinarri dituzten hirigintza-hazkundeak.

      2. Aurretik zeuden guneak oinarri ez dituzten hirigintza-hazkundeak.

      3. Onura publikoko edo gizarte intereseko eraikinak eta instalazioak.

      4. Nekazaritzako ustiaguneari lotutako egoitza isolatua.

      5. Nekazaritzako ustiaguneari lotuta ez dagoen egoitza isolatua.

      6. Instalazio arriskutsuak.

  2. Erabileren aurreko sistematizazioa (eta sistematizazio horren garapena, orain egingo duguna) definizio irekia eta ez-baztertzailea izango da. Horrenbestez, sistematizazio horretan beren-beregi sartuta ez dauden erabilerak eta jarduerak tipifikatu ahalko ditu lurraldearen antolamenduan eskumena duen administrazioak, erabilera horien ondorioen eta aipatu diren beste erabilera batzuen ondorioen artean analogia eginez.

  3. Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan zehaztapen hauek egiten dira LAGetan lurzoru ez-urbanizagarriari dagokionez jasotzen diren egungo erabilerez eta izan daitezkeenez egindako proposamenari buruz:

  1. Kontserbazioa erabilera: pentsatzen da egungo erabilera mantentzea, edo erabilerak jarraitzea, ez dela Erabilera berez, baizik eta berekin gainerako erabileretarako zehaztapen batzuk dakartzan helburu bat; horregatik, Kontserbazioa erabilera ez da kontuan hartzen LPS honetan. Hala ere, plangintzek erabilera hori aurreikusi ahal izango dute, batez ere LAGek erabilera hori egokitzat jotzen duten kategorietan.

  2. Berotegi-erabilera: nekazaritza-erabileraren barruan sartu da.

  3. Erabilera berri bereizia: Landa-bideak eta pistak.

    1. ATALA: LURZORUAREN ERABILERAK ETA INGURUMEN-BABESARI LOTUTAKO JARDUERAK.

  1. Tratamendu kulturalak, eremua jatorrizko egoerara eraman dezaketenak, edo balio handiagoko oreka ekologikoko egoeretara.

  2. Hobekuntza hori zenbait eratakoa izan daiteke, egokitu zaien unitateen kasuistika bereziaren arabera.

  3. Jarduerak hauek izango dira: natura-landaretza leheneratzea; aukerako ebaketak; artzaintza kontrolatua; garbiketak; landaretza aukeran kentzea; izurrien eta gaixotasunen tratamendua; birsortzeko itxiturak; ezpondak birmoldatzea, ezpondak ekologia eta paisaia hobetzeko prozesuen alde egiten badira; ereite hidraulikoak; aukerako ebaketak; eta abar.

    2. ATALA: LURZORUAREN ERABILERAK ETA INGURUMEN-BABESARI LOTUTAKO JARDUERAK.

  1. Aisia estentsiboa ondo pasatzea da, aisia-, turismo-, hezkuntza- eta natura-ingurunearen interpretazio-helburuekin, jarduera bigunak oinarri hartuta eta ekipamendu aipagarririk gabe: txangoak eta paisaia ikustea (ingurune fisikoan eragin txikia dute). Aisia mota honetan, soilik oinezkoak ibiltzen dira. Horretarako azpiegitura eta egokitzapen txiki batzuk baino ez dira behar, adibidez obra txikiak (erreken gaineko pasabideak, bideetan balizak jartzea, behatokiak, eta abar). Obra horiek kontuz egiten dira eta paisaian txertatzen dira. Oro har, erabilera honetatik eraikuntza-garapenak eta bide-sarearen instalazioak edo elementuak baztertzen dira.

  2. Erabilera honen arauketa, batez ere, 1996ko apirilaren 16ko 79/1996 Dekretuan egiten da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoan mendi-ibiliak antolatu eta normalizatzeko baita.

  1. Ondo pasatzea aisialdiko, turismoko eta natura-ingurunearen gaineko hezkuntza eta interpretazioko jardueren bidez, jolas jardueretarako espazio bat egokitzea eskatzen duten aisialdiko eta/edo harrerako ekipamenduak erabiliz.

  2. Erabileraren intentsitatearen arabera, aisia intentsiboan bi tipologia daude:

    1. Jolas-eremuen egokitzapena eta erabilera; tamaina txikiko azpiegitura iraunkorrak egon daitezke; besteak beste: aparkaleku txikiak, mahaiak, eserlekuak, barbakoak, iturriak, osasun-zerbitzuak, haurrentzako jolasguneak, paperontziak, eta abar.

    2. Eraikinak edo instalazio handiak egitea behar duten jarduerak; besteak beste: kanpinak, golf-zelaiak, ibilgailu motordunetarako zirkuituak, eta abar.

Ehiza eta arrantza egiteko arauak arlo honetan aplikatu beharreko nazioarteko, estatuko, autonomia-erkidegoko eta foru-mailako legerietatik ondorioztatuko dira. Bereziki kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ehizaren 2011ko martxoaren 17ko 2/2011 Legea eta arrantza eta ehizarako aldi baliodunei eta debekualdi bereziei buruzko urteko foru-aginduak. Erabilera honetan edozein eratako eraikuntza-garapena baztertuko da.

3. ATALA: LEHEN SEKTOREKO BALIABIDEEN APROBETXAMENDUAREKIN ZERIKUSIA DUTEN JARDUERAK ETA LURZORUAREN ERABILERAK

  1. Nekazaritzari lotutako erabilera eta jarduera honetan, basozaintzarekin zerikusia ez duten landare-baliabideen laborantzari (belarkien laborantza eta zurezko laboreak, baratzezaintza, lorezaintza, mintegiko laborantza, perretxikogintza, eta hidroponikoak) zuzenean lotutako jarduera batzuk sartzen dira: lurra prestatzea laboreak lortzeko, kultura-lanak eta -jardunbideak barne; uztak biltzeko, aukeratzeko eta sailkatzeko lanak, gero biltegiratzeko edo kontsumitzeko moduan garraiatzeko jarriak; ura ematea eta aprobetxamendua areagotzea ureztapena dagoen kasuetan; eta nekazaritza oro har hobetzeko behar diren landa-azpiegiturako obrak. Kontzeptu honetan, estali gabeko nekazaritza-jarduerak eta estalita egiten direnak (labore babestuak) sartzen dira.

  2. Honako hauek nekazaritza-jarduerarekin zerikusia duten jardunak dira:

    1. Ura ateratzea, ureztapenerako.

    2. Landare-estaldura mantentzea.

    3. Ongarritzea.

    4. Fruta-arbolak landatzea, moztea eta inaustea.

    5. Produktu fitosanitarioen erabilera.

    6. Luberritzeak Laborantza iraunkorra edo aldian behingoa.

    7. Drainatzeak edo lehorketa, betelanen bidez edo ura atereaz, garrantzi ekologikoko zona hezea ez bada, eta ez bazaie eragiten komunitate-intereseko habitatei eta katalogatutako espezieei.

  3. Nekazaritzako ustiaguneekin zerikusia duten eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak dira:

    1. Nekazaritzako jarduerekin zuzeneko lotura duten eraikuntza eta instalazioak: Nekazaritzako ekoizpenari laguntzeko egiten diren eraikuntzak eta instalazioak:

      Tresnak eta produktuak kontserbatzea eta biltegiratzea.

      Nekazaritzako produktuak lehortzea, ateratzea eta sailkatzea.

      Pentsuen ekoizpena, frutaren eta landareen egokitzapena.

      Ureztapen-nekazaritzarako obrak eta instalazioak, ureztatze-putzuak barne.

      Terrazak: zapaldak eraikitzea, haiek higatze-prozesuak saihesteko edo minimizatzeko egiten badira, eta landaredi naturalak estalitako zonetan eraginik ez badute.

      Nekazaritzako produktuak biltzeko eremuak.

      Berotegiak.

      Basozaintzako, nekazaritzako, landare apaingarritako eta loreetako mintegiak.

    2. Nekazaritzako produktuen lehenbiziko transformazioan laguntzeko instalazioak eta eraikuntzak:

      Landare-kontserben, marmeladen eta konfituren produkzioa.

      Sagardoa egiteko dolareak eta ardoa eta txakolina egiteko upategiak.

    3. Nekazaritzako ustiagunearen jarduera osagarriak garatzeko eraikuntzak eta instalazioak: Jarduera osagarriak dira ustiagunean nekazaritzako jarduera nagusiaren osagarri egiten diren jarduerak, besteak beste:

      Ustiaguneko produktuen transformazioa eta zuzeneko salmenta.

      Ustiagunean bertan ateratako nekazaritzako produktuak dastatzea.

      Bertako produktuen artisautzako tailerrak (saskigintza, zeramikagintza, zurgintza, ogi-labeak, eta abar).

      Nekazaritza-turismoa (turismoko ostatu-zerbitzuak nekazaritzako ustiagunean).

      Aisialdiarekin, ondo pasatzearekin eta natura eta ingurune naturala erakustearekin zerikusia duten jolas-jarduerak (landa-inguruko hipikak, ume-parkeak, animalien bertako arrazen eta landareen erakusketak, etnografiako bildumak, eta abar).

      Energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak, batez ere norbera hornitzeko.

    4. Nekazaritzako ustiagunearen erabilera lagungarriak:

      Ustiaguneari 12. artikuluan adierazitako moduan lotutako etxebizitza.

    5. Nekazaritzako jarduera bereziak:

      Trufagintza.

      Onddoak haztea.

      Zizare-hazkuntza.

  1. Abeltzaintzako jarduerak dira edozein ganadu mota hazteko egiten diren jarduerak, baita larrugintzarako animaliak eta ehizarako espezieak hazteko diren granjak ere. Lurra larreak eta bazka-laboreak lortzeko prestatzea eta artzaintzarako erabiltzea ere hemen sartzen da.

  2. Abeltzaintza-ustiapenarekin zerikusia duten kultura-jardunbidetzat hartuko dira bazka-laboreen, belardien eta larreen erabilerak:

  1. Sastraka kentzea.

  2. Fitosanitarioak erabiltzea.

  3. Lurra goldatzea eta belardiko espezieak ereitea.

  4. Ongarritzea.

  5. Uzta jasotzea eta belarra moztea (eskuz edo makinaz).

  6. Siloratzea.

  1. Honako hauek abeltzaintzako ustiapenarekin zerikusia duten eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak dira:

    1. Abeltzaintzako jarduerekin zuzeneko lotura duten eraikuntza eta instalazioak:

      Ukuiluak.

      Jetzitegiak eta esnea kontserbatzeko lokalak.

      Simaurtegiak eta pixor-putzuak.

      Tresnak eta produktuak kontserbatzea eta biltegiratzea.

      Pentsuen eta bazken siloak (zerealak, lekadun-aleak, pentsuak eta abereentzako bazka biltegiratzeko soilik erabiltzen diren eraikuntzak. Fabrika-obra izan daitezke, edo metalezko xaflaz egindakoak).

      Aterpetxeak eta bordak (mendi-larreetako eraikuntza tradizionalak; artzaintza transhumantea edo lekuz aldakorrekoa egiteko erabiltzen dira).

      Itxiturak eta hesiak.

      Uhaskak eta haietako kaptazioak.

      Askak (ganaduak bazkatzen duen lurretan, abereak elikatzeko pentsu eta bazka osagarriak eskaintzeko soilik erabiltzen diren eraikuntzak).

      Osasun- eta erabilpen-instalazioak. Instalazio hauetan parasitoen aurkako tratamenduak, txertaketak eta ganadua sailkatzeko, ugaltzeko, garraiatzeko, etab. operazioak egiten dira. Elementu hauek guztiak edo batzuk daude: ukuiluak, tratamendu eskortak, parasitoen aurkako bainuak eta ontziralekuak.

    2. Abeltzaintzako produktuen lehenbiziko transformazioan laguntzeko instalazioak eta eraikuntzak:

      Gaztagintza eta gainerako esnekiak.

      Haragizko produktuak, hestebeteak eta eratorritako beste produktu batzuk egitea.

      Eztia eta erlezaintzako bestelako produktuak ontziratzea.

    3. Abeltzaintzako ustiagunearen jarduera osagarriak garatzeko eraikuntzak eta instalazioak: Ustiagunean bertan abeltzaintza-jarduera nagusia osatzeko egiten diren jarduerak dira jarduera osagarriak; besteak beste:

      Ustiaguneko produktuen transformazioa eta zuzeneko salmenta.

      Bertako produktuen artisautzako tailerrak (saskigintza, zeramikagintza, zurgintza, labe tradizionalak, eta abar).

      Nekazaritza-turismoa (turismoko ostatu-zerbitzuak nekazaritzako ustiagunean).

      Aisialdiarekin, ondo pasatzearekin eta natura eta ingurune naturala erakustearekin zerikusia duten jolas-jarduerak (landa-inguruko hipikak, ume-parkeak, animalien bertako arrazen eta landareen erakusketak, etnografiako bildumak, eta abar).

      Energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak, batez ere norbera hornitzeko.

      Pentsu-produkzioa.

      Fruituen eta landareen egokitzapena.

    4. Abeltzaintzako ustiagunearen erabilera lagungarriak:

      Ustiaguneari 12. artikuluan adierazitako moduan lotutako etxebizitza.

    5. Abeltzaintzako jarduera bereziak:

      Erlategiak.

      Abeltzaintzako ustiagune alternatiboak.

      Ehiza-haztegiak.

      Arrain-haztegiak (itsasoko edo ibaietako arrainak eta itsaskiak hazteko eta/edo aurrerakoen hazkuntzarako instalazioak).

  1. Baso-lurrak hobetzea edo aprobetxatzea helburu duten jarduera guztiak sartzen dira hemen, artzaintza izan ezik. Horrela, zuhaitzez edo zuhaixkez okupatuta dauden edo okupa daitezkeen lursailak hemen sartzen dira, baldin eta laboratzeko asmorik ez badago eta hiri-lurzoruan kokatuta ez badaude. Oro har, baso-jarduerak beste batzuetatik bereizten dira eskuratutako produktu nagusia, zura, berriztagarria izateagatik, tratatzen diren landare-espezieen txanda luzeengatik, eta jarduera horiek ingurumenean izan dezaketen eraginagatik: ibaian behera dauden beste lur batzuei mesede edo kalte egitea, animalien biziaren euskarri izatea, aisialdirako onurak (paseatzea, produktu sekundarioak biltzea, ehiza eta arrantza), eta abar. Horregatik guztiagatik, basoek, noiz gehiago noiz gutxiago, hainbat babes- eta ekoizpen-funtzio betetzen dituzte.

  2. Baso-jarduera horiek asko eta ezberdinak izan daitezke zuhaizti baten zikloan zehar: zuhaitz-masa finkatzeko behar direnak, zuhaitzen osasun, babes, aprobetxamendu eta hobekuntzarako egiten direnak, eta zuhaitzak berriztatzekoak.

  3. Baso-erabilera mendiei buruzko foru-arauek eta haiek garatzeko emandakoek arautuko dute.

  4. Etxebizitza-erabilera ez da baso-ustiagune baten erabilera osagarria, salbu eta, titulartasun publikoko basoak zaintzeko, basoetan eraikitzen diren etxebizitzak.

  5. Honako hauek baso-jarduerarekin zerikusia duten kultura-jardunak dira:

    1. Basoa ezartzeko fasea: baso-lurrean egiten diren lanak: kotatu, landu, ongarritu, zuzendu, sasiak garbitu eta landare-hondarrak kentzea, eta abar. Basoko zuhaitzetan egiten diren lanak: landaketa, ereitea, birsortzeko mozketak, aukeratutako haziak biltzea, eta abar.

    2. Basoa kudeatzeko eta hobetzeko fasea: produktu fitosanitarioak aplikatzea, inausketak, hobetzeko mozketak, ateratze-sarearen eraikuntza, basoaren inbentarioa, eta abar.

    3. Basoko produktuak ateratzeko fasea: mozketa, produktuen sailkapena, bide-sareraino eramatea, eta abar.

  6. Honako hauek baso-ustiapenarekin zerikusia duten eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak dira:

    1. Basozaintzako jarduerekin zuzeneko lotura duten eraikuntzak eta instalazioak:

      Tresnak, makinak eta produktuak kontserbatzea eta biltegiratzea.

    2. Azpiegiturak:

      Baso-bideak eta alboetako instalazioak: mugak, ur-bideak.

      Zura prozesatzeko eta pilatzeko biltegiak edo parkeak.

      Suteak zaintzeko instalazioak.

      Suaren aurkako zonak eta zerrendak.

      Ur guneak.

      Itxiturak eta hesiak.

    3. Baso-ustiagunearen erabilera lagungarriak:

      Baso-etxeak: baso publikoen ustiapenarekin zerikusia duten tresnak gordetzeko biltegi gisa erabili ohi diren eraikuntzak. Kasu bakan batzuetan, gune horiek zaintzeaz arduratzen diren pertsonak bertan geratzen dira.

      1. Baso jarduera bereziak:

        Perretxikoak biltzeko zonak mugarritzea.

      1. Lehen transformazioko nekazaritza-elikagaien arloko edo basozaintzako industriak sartzen dira hemen, zenbait arrazoirengatik (funtzioa, tamaina, jatorri-izen edo zona-ekoizpen batekiko lotura, osasuna, eta abar) landa-lurzoruan ezarri behar badira, eta nekazaritza-ustiagune baten erabilera lagungarritzat jotzen ez badira.

      2. Hauek dira bildutako jarduerak:

        1. Lehenengo transformazioko nekazaritzako elikagaien industriak, ustiagune bati zuzenean loturik ez daudenak.

        2. Lehen transformazioko basozaintzako industriak: zura zerratzea eta leuntzea, zuraren inpregnazio edo tratamendu kimikoa kontserbagarriekin edo bestelakoekin, eta abar.

      3. Guardiako eremu funtzionalean, upategiak Guardiako LPParen 1. aldaketa oinarri hartuta arautuko dira aldaketa 2010eko irailaren 28ko 251/2010 Dekretuak onartu zuen behin betiko.

      1. Baliabide mineralak ateratzeko jarduerak eta haiei zuzenean lotutako erabilera osagarriak dira.

      2. Baliabide geologikoak ateratzeko eta lehenengo tratamendua egiteko zonan bertan dauden eraikuntzak eta instalazioak hemen sartzen dira.

      3. Ez dira sartzen meatzeetako baliabideen prospekzio eta ikerkuntza lanak.

        4. ATALA: AZPIEGITURAK

      1. Autobideak, autobiak, errepideak eta trenbideak, eta haien instalazio osagarriak. Era berean, azpiegituren kategoria honetan, pertsonen edo salgaien garraiora bideratutako beste bide batzuk, ingurune fisikoan antzeko inpaktua dutenak, sartzen dira.

      2. Erabilera honen erabilera osagarritzat jotzen dira kontserbazio- eta ustiapen-zonak, erregaia hornitzeko estazioak, aparkatzeko eta atseden hartzeko guneak, zerbitzuguneak, sorospen-postuak, pisatzeko baskulak, abereak garraiatzen dituzten kamioiak garbitzeko eta desinfektatzeko guneak, eta abar. Erabilera honetarako, batez ere eraikuntzak ezartzea baztertuko da, aipatutako funtzionaltasun-baldintzak bete beharko dituztenak.

      1. Landa-bideak dira nekazaritzako ustiaguneetarako sarbideak, ingurune naturalean dauden biztanle-guneen arteko komunikazio-pistak, eraikuntzaren eta zolatzearen baldintza teknikoak gorabehera eta titulartasuna gorabehera, ez badira errepide-sarean sartzen, hori lerrun handiagokoa baita.

      2. Erabilera-baldintzek Errepideen eta Bideen Foru Arauetan ezarritako irizpideak bete behar dituzte (Arabaren kasuan, landa-bideei eragiten dion alderdi orori, Araba Lurralde Historikoko landa-bideen erabilera, kontserbazio eta zaintzarako 6/1995 Foru Araua aplikatuko zaio).

      Hemen, energia elektrikoa, telekomunikazioak eta bestelako azpiegitura batzuk banatzeko edo garraiatzeko sareen multzoa sartzen da, betiere, aireko lineen bidez, isolatutako euskarriak ipiniz eta sare egokiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren instalazio osagarri txikiak jarriz egin badira.

      Energia, gasa, petrolioa eta eratorritako produktuak, ura, saneamendua, telekomunikazioak eta bestelako azpiegiturak banatzeko edo garraiatzeko sareak eta haien osagarri diren instalazioak sartzen dira, lurpetik egiten direnean.

      Azalera handiak hartzen dituzten instalazioen multzo zabal bat sartzen da hemen:

      Ibilgailuak estali gabe aparkatzeko aparkalekuak (atsedenlekuei elkartutako erabileratzat jotzen ez direnak).

      Ura tratatzeko eta edateko ur bihurtzeko plantak.

      Urtegiak edo ur biltegi handiak.

      Energia elektrikoa ekoizten duten zentralak.

      Biomasan oinarrituta energia sortzen duten plantak.

      100 metro koadrotik gorako azalera duten transformazio estazioak.

      Gasa ekoizteko edo kaptatzeko zentralak.

      Portuko azpiegiturak.

      Hondakin solidoak tratatzeko eta arazteko plantak, eta erabilera publikoa duten eta ingurune fisikoan antzeko inpaktua duten bestelako instalazioak.

      Azaleraren okupazioari dagokionez aurrekoetan asimilatu ahal direnak.

      Irratiko, telebistako eta satelite bidezko komunikazioko dorre, antena eta estazio igorle eta hartzaileak; faroak, irrati-faroak eta antzeko inpaktua duten komunikaziorako bestelako instalazioak.

      Zaborrak eta hiri- edo industria-hondakin solidoak botatzeko lekuak dira.

      5. ATALA: LURZORUAREN ERABILERAK ETA ERAIKUNTZA-ERABILEREI LOTUTAKO JARDUERAK.

      1. Lehendik zeuden hiri- edo landa-guneen handitze gisa asmatutako hirigintzako garapenak dira, edozein izaera dutela ere, are Euskal Autonomia Erkidegoko ohiko populatze-moduak ere, landa-izaerako eraikuntza gutxi batzuek osatuak. Nolanahi ere, handitze horiek bat etorri behar dute oinarrian duten guneen egiturarekin eta tipologiarekin.

      2. Hiri-hazkundearen kasuan, hazkundearen muntaren ondoriozko aprobetxamendua aurretiko gunearena baino handiagoa bada, garapen hori hurrengo artikuluan aipatzen den kategoriari dagokion lurraren erabilera gisa hartuko da.

      3. Landa-gune izateko bi baldintza bete behar dira: sei baserri edo gehiagoko taldea izatea, erdigunea den eta batasuna ematen dien espazio publiko baten inguruan jarriak, eta udal-planeamenduan landa-gune izendatzea.

        Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 29.5 artikulu-zatiaren arabera, plangintzak ezingo du eraikitako azalerarekiko hazkunderik eragin landa-guneko lurzoru urbanizaezinean, eta etxebizitza-kopurua ezingo da izan lehendik zegoenaren % 50etik gorakoa.

      Etxebizitza-, industria- edo zerbitzu-izaerako hirigintzako jarduketak dira; bere izaerari dagozkion ekipamendu, zuzkidura eta erabilera osagarri guztiak eduki ahal dituzte, aldez aurretik dauden hiri- edo industria-guneei lotuta ez dauden eremuetan egiten dira, edo oinarri duten elementuarena baino hirigintza-aprobetxamendu handiagoa dute.

      1. Komunitate-ekipamendu publiko edo pribatuetarako eraikuntzak eta instalazioak: ematen dituzten zerbitzuak, beren izaera eta ezaugarriengatik, nahitaez landa-ingurunean kokatu behar dira, betiere aurrez erabilgarritasun publikoa edo gizarte-interesa dutela adierazi bada.

      2. Honako modalitate hauek sartzen dira hemen:

        1. Gune zoologikoak: Establezimendu horien jarduera nagusiak Eusko Jaurlaritzaren 1994ko azaroaren 15eko 444/1994 Dekretuari lotuta daude; dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoen baimen, erregistro eta kontrolari buruzkoa da. Erabilera hau soil-soilik kontuan hartzen da erabileraren jarduera nagusiek landa-lurrean kokatu beharra justifikatzen badute (animaliak sendatzeko zentroak, parke zoologikoak, txakurtegiak, zaldi-haztegiak, eta abar). Beraz, hiri-lurzoruan jar daitezkeenak (txori-dendak, animaliak saltzekoak, eta abar) ez dira sartzen erabilera honetan. Abeletxe zinegetikoak eta abere-ustiagune alternatiboak, indarreko legeriaren arabera gune zoologikoak izan arren, abeltzaintza-erabileran sartzen dira.

        2. Kirol-ekipamenduak. Kirol-jarduna biltzen dute, haren modalitate guztietan, bai eta haien irakaskuntza ere, horretarako berariaz prestatutako eraikinetan eta gune libreetan.

        3. Ekipamendu soziokulturalak. Kultura sustatzeko edo artea sortzeko jardueretarako ekipamenduak sartzen dira hemen (museoak, interpretazio-zentroak, bisitariak hartzeko guneak, informazioa ematekoak, eta abar).

        4. Jolas-ekipamenduak. Jolas-parkeak eta jolaserako helburua duten bestelako eraikuntzak (aterpetxeak, eta abar) sartzen dira hemen.

        5. Erabilera tertziarioak. Ostalaritza, turismo-ostatuak eta aterpetxeak biltzen ditu. Erabilera tertziarioak aplikagarria den araudi sektorialaren arabera ezarriko dira.

        6. Osasun-ekipamenduak. Gaixoak ospitaleetan, bainuetxeetan eta antzekoetan tratatzea eta ostatu ematea.

        7. Erlijio-ekipamenduak. Erlijioa irakasteko edo gurtzeko jarduerak. Elizetan, ermitetan, eta abarretan egiten dira.

        8. Zerbitzu publikoetako ekipamendua. Aurreko modalitateetan jaso gabeko herritar guztientzako zerbitzu-erabilerak sartzen dira hemen; administrazio publikoko erakundeek ematen dituzte, eta, dauzkaten ezaugarri funtzionalen ondorioz, desegokiak izan daitezke beste erabilera batzuetarako lehenesten diren zonetan ezartzeko.

        9. Aisialdiko ortuak. Hemen hiriguneen kanpoaldean egon ohi diren ortu-multzoak sartzen dira. Lursail txikietan banatuta egon ohi dira, eta azpiegitura batzuk partekatzen dituzte guztien artean. Ortu-multzo hauek hirietako bizilagunen aisialdirako erabili ohi dira. Haien kudeaketa eta jabetza publikoa edo pribatua izan daitezke.

      1. Nekazaritza edo abeltzaintzako ustiagune bati lotutako etxebizitzak dira, familia batekoak edo bi familiakoak, nekazaria edo abeltzaina eta haren familia bertan bizitzeko. Etxebizitza hauek zuzeneko ustiaguneari lotuta egon behar dute, eta beharrezkoak direla frogatu behar da aldez aurretik.

      2. Erabilera hori beste batzuen osagarritzat hartzen da.

      Planaren esparruan, eraikuntza berriko etxe isolatuak dira, eta ez daude nekazaritzako ustiaguneari lotuta.

      Izaeragatik, ezaugarriengatik edo manipulatutako materialengatik arrisku larriak sor ditzaketen eta, horregatik, hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurretan ezin ezar daitezkeen substantzien eta ekoizpen-prozesuen biltegiratze eta garapena.

      1. LPS honetan erabilitako antolamendu-kategorien sistematizazio orokorra hauxe da:

        (Ikus .PDF)

      2. LAGetako Babes Berezia kategoria:

      1. Kategoria hori ez da zehazki mugatzen Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan, zeregin hori LPPei eta udal-plangintzari dagokiela ulertzen baita. Plan horiek gauzatu beharko dute mugatze hori; horretarako, LAGetan ingurune fisikoari buruzko 6.8.1 gidalerroan jasotako irizpideak aplikatuko dira.

      2. Mugatze hori errazago egiteko, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak IV. kapituluan deskribatzen diren gainjarritako baldintzak jasotzen ditu, kategorian baldintzetatik kanpoko eremuak sartzea baztertu gabe.

      3. Kategoria honetan bereziki sartzeko modukoak dira 50.4.1.a letran aipatutako natura-balio handiko baso autoktonoak eta 50.4.4 zenbakian aipatutako flora eta fauna bereziko eremuak.

      4. Bereziki erreparatu beharko zaio LAGen matrizeak nekazaritza- eta basozaintza-erabileretarako ezartzen dituen murrizketen bateragarritasunari (debekatuta Nekazaritza, Berotegiak eta Nekazaritzako Industriak erabilerak), kontuan hartuta gidalerroek berek esaten dutela aprobetxamendu jasangarria sustatu behar dela, zona aprobetxamenduari lotuta badago, eta erabilitako bitartekoa berritzea ziurtatu behar dela.

        Bereziki, kontuan hartu behar da nekazaritza- eta basozaintza-jarduerek eginkizun kulturala eta paisaiaren modelatzailea betetzen dutela, eta beharrezkoa dela haiek irautea, tokian-tokian aipatu arrazoiengatik hain zuzen ere baliotsutzat jotzen diren eremu horietan.

      1. LAGetako Erabilera Zehatzik Gabekoa kategoria: Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak ez du kontuan hartzen kategoria hori, uste baitu lurzoru orok neurri handiagoan edo txikiagoan balio duela edo balio dezakeela nekazaritzarako edo basozaintzarako.

      1. Gertaera baten (naturala edo eragindakoa) ondorioz lursail bat kategoria jakin batean sailkatu ahal izateko baldintzak aldatzen badira, gertaera hori ez da arrazoi nahikoa izango kategoria hori aldatzeko. Aitzitik, jatorrizko baldintzak bere onera ekartzeko neurri egokiak hartu beharko dira.

      2. Udal-plangintzak LPS honetako 10. eta 48. artikuluetan adierazitakoaren arabera egokitu ahal izango du kategorien kartografia.

      3. Lurralde-plangintzak, 4. eta 5. artikuluetan jasotakoaren arabera, Balio Estrategiko Handiko kategoria eta Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak hartuko ditu barruan, gainjarritako baldintza moduan. Lurralde-plan partzialek zonifikatzeko irizpide xehatuagoak definituz edo eskala kartografikoa handituz egokitu ahal izango dituzte kategoriak.

      1. Nekazaritzako nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko kategorian gaitasun agrologiko oso ezberdineko lurzoruak sartzen dira: kantauriar landazabaleko mosaikoak, ureztapeneko lurrak edo ortu erabilerako lurrak, mahastiak eta nekazaritza estentsiboko eremuak, nekazaritza eta abeltzaintzarako errendimendu txikia daukaten lurzoru luberrituak. Kontuan izan behar da kategoria honetan sartzen diren guneetan, batez ere kantauriar eremuetan, nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintzako erabilerak nahastuta daudela eta denboran txandakatu ahal direla, faktore ezberdinen arabera: merkatuen bilakaera, nekazaritzaz kanpoko eskaerak (turismoa eta aisialdia besteak beste), nekazaritzako biztanleria aktiboa egotea, eta abar.

      2. Balio estrategiko handiko nekazaritza- eta abeltzaintza-kategoria estrategikotzat jotzen da nekazaritza-sektorearentzat. Beraz, hura mantentzea eta gordetzea lehentasuna da, bestelako erabileren aurrean. Gaitasun agrologiko handiagoko lurzoruak eta modernotasunagatik, errentagarritasunagatik edo jasangarritasunagatik sektorearentzat estrategikotzat jotzen diren nekazaritza-ustiaguneetako lurrak hemen sartzen dira. Emankortasun handiko lurzoru horien definizioa eta haiek hautatzeko irizpideak Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren II. eranskineko D dokumentuan azaltzen dira.

        Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabala kategoriako Balio Estrategiko Handia azpikategoriako eremuak, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearen 16.1 artikulu-zatiaren arabera, estrategikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, gizarte-intereseko ondasuntzat hartzen dira, eta udalek babestutako lurra izango dira, udalek halakotzat hartu beharko baitituzte berariaz, LPS honetan jasotako zehaztapenei jarraiki. Aurreko artikuluan aipatzen den mugen doiketa, kategoria honetan, arrazoi egokia izanda eta honako kasu hauetan baino ezingo da egin:

        1. Kategoria bereko lurzoruen azpizatiketa, zonakatze-irizpide xehatuagoak zehaztearen ondorioz.

        2. Kategoria (edo azpikategoria) jakin bat duten lurzoruen birmugatzea, kartografiako eskala handitzearen ondorioz.

        3. Kategoria bereko lurzoruak azpisailkatzea eta/edo edozein kategoria duten lurzoruak birmugatzea, ingurumenaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozeduren ondoriozko emaitzek eta ondorenek eraginda.

      3. Trantsizioko Landa Paisaia azpikategorian, aurreko azpikategoriakoek baino gaitasun produktibo txikiagoa duten eremu landuak daude (malda handiagoak), edo landazabal-eremuak, belardiz eta haiekin mosaiko eran antolatuta dauden baso-unada txikiz estalita. Balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintzako eremuekin edo baso-eremu zabalekin kontaktuan daude. Bokazioz, haien erabilera bi horietako bat izaten da.

      1. Zona horietan, lurzoruen gaitasun agrologikoa mantenduko da. Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak eta haiekin osagarri diren eta nekazaritza-paisaiak eta ekosistemak zaintzen direla bermatzen duten gainerako erabilerak mantenduko dira. Arau orokorra nekazaritzako azalera erabilgarria mantentzea izango da.

      2. Nekazaritzako eremu ezberdinak beraien potentzialtasunaren eta produktibitatearen arabera mugatzen dira, baliorik handieneko eremuak bestelako erabilera batzuen aurretik gordetzean eragiteko asmoz. Arreta berezia jarri behar da balio handiko lurzoruak okupatzeko joera duten eraikuntza prozesuak eta azpiegiturak finkatzeko prozesuak kontrolatzean, eta nekazaritzako eremuak zatitzea eta isolatzea dakarten prozesuetan, haietan egiten diren jarduerentzako ondorio negatiboekin.

      3. Aldundietako nekazaritza sailek aholkuak emango dituzte berekin lurra okupatzea eta plangintza gutxi gorabehera orokorra egitea dakarten nekazaritzako ekimenetan.

      1. Mendia definitzeko erabili ohi diren legezko definizioei jarraiki, zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak edo belarrak dauden landa-lurrak dira, baldin eta nekazaritzako laboreei ez badagozkie, eta hiri-inguruko lorategi eta parke edo guneetan ez badaude. Definizio horren barruan beste landa-lur batzuk sartu ohi dira, hala nola etzeak, utzitako laboreak, pistak eta basozaintzako erabileretarako sortutako bideak, etab.

      2. Behe- eta landazabal-zonetan dauden espezie aloktonoak dituzten egungo baso-landaketak zona hori osatzen duten elementuak dira, eta isurialde kantauriarrean nekazaritzako erabilerekin txandaka daitezke, paisaia- edo ekologia-berezitasunak hertsiki kontserbatzea gomendatzen duenean izan ezik. Eremu horietako erabileren arauketa Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala kategorian hartu da aintzat.

      3. EAE osoan, heskaiak, zuhaiztiak eta landaredi naturaleko guneak kontserbatuko dira.

      4. Honako kategoria hauek sartzen dira Mendia goikategoriaren barruan:

      1. Basozaintza kategoria:

        1. Beren egungo erabileragatik eta, batzuetan, erabilera-bokazioaren arrazoiengatik (arriskuak, arroen babesa, eta abar) zuhaitz-estaldura izateko bokazio argia daukaten lurrak sartzen dira hemen. Baso autoktonoak (natura-interes handia izateagatik) eta espezie aloktonoen landaketak (hemen, radiata pinua aipatu behar dugu, daukan hedaduragatik) sartzen dira hemen. Basozaintza erabilerako zona guztiak kategoria bakar batean sartzen dira, kategoria horretan ekoizpen- eta babes-funtzioak elkarri lotuta daudelako.

        2. Administrazio sektorialek azterlan egokiak egiteko erantzukizuna izango dute, kasu bakoitzean zer baso-espezie den egokiena erabaki ahal izateko, ekoizpenaren beharrizanen arabera eta lurraren egoeraren arabera, mendien kudeaketa jasangarrirako irizpideak aintzat hartuz.

        3. Udal-plangintzak ahalegina egingo du Basoa kategoriaren barruan ez bereizteko ekoizle/babesle azpikategoriak konifero/hostozabal hitzen itzulpen moduan; izan ere, azpibanaketa artifiziala da, baso-masek, errealitatean, ekoizte- eta babeste-zeregin mistoa betetzen dutelako. Bestalde, gordetzeko interes handikoak diren bertako baso-masak udal-plangintzako babes bereziko kategorian babestu ahal izango dira, LAGetako xedapenen garapen gisa.

      2. Basoa - Mendi Barbana kategoria:

        1. Oro har, zuhaitzik gabeko zonak dira, edo zuhaitz barban edo degradatuak dituztenak. Landare-eboluzioaren ondoriozko sastraka-eremuak hartzen ditu, antzina izaten zuten abere-zama arindu ondoren. Batzuetan, zona hauek lurzoru urria dute (eremu karstikoak), edo malda handiak izaten dituzte. Horregatik, zuhaiztiak edo zuhaitz isolatuak landatzea gomendatzen da: horrela, batetik, arriskuak murriztuko dira eta, bestetik, ganadua erabiltzea errazagoa izango da. Araban, nekazaritza-laboreen artean dauden menditzat jotako guneak kontserbatu egin beharko dira; besteak beste, ezpondak eta mendoitzak, heskaiak, mendixkak, basotxo zuhaiztunak eta nekazaritza- nahiz baso-mosaikoa osatzen duten egiturazko beste baso-elementu batzuk. Lur horiei eragiten dieten salbuespenezko erabilera-aldaketak foru-organoak baimendu beharko ditu, indarreko legeriak dioen bezala.

        2. Kategoria horren barruan, Arabako lurralde historikoko luberritutako herri-mendiak ere kontuan hartzen dira, bai Onura Publikokoak, bai katalogatu gabeak. Luberritu gabe eta andeatuta dauden zenbait lur ere jasotzen dira: mendi hezigabeko larre/sastraka-eremuak edo zuhaiztiak dira, eta muinoak okupatzen dituzte laboreen artean edo mazeletako behealdeetan.

      3. Mendi Larreak kategoria:

        Mendia kategorian dauden komunitateetatik, mendi-larreen kategoriaren barruan, kota altuetan dauden soropil leunak eta lodiak nabarmendu behar dira, abeltzaintzarako aprobetxamendu intentsua baina urtaroren araberakoa dutenak, eta artzaintza tradizionalari lotuta daudenak. Sasiak garbituz edo beste metodo batzuen bidez larreak hobetu diren mendialdeak eta ezarri berri diren larreak ere hemen sartzen dira.

      4. Mendi Larreak - Harkaitzak kategoria:

        1. Kategoria honetan arrokazko horma handiak, irtengune ia bertikalekin, euskal mendietako karezko formazioen ezaugarri direnak, sartuko dira.

        2. Zona hauetan, nekazaritzako eta basozaintzako aprobetxamendua ia ezinezkoa da, haietara iristea oso zaila baita. Eremu hauen beste ezaugarri bat da landareak oso bereziak eta bitxiak direla. Gainera, mehatxatutako faunak honelako lekuetan egiten ditu habiak eta bilatzen du babesa. Horregatik, fauna kontserbatzeko irizpideak hartu beharra dago.

      1. Oro har, Mendia goikategoria hau arautzen duten irizpideak Basozaintzako Plan Estrategikoa dokumentuan (1994-2030) azaltzen dira. Dokumentu horretan, honelako lurrak mugatzeko, antolatzeko, artikulatzeko eta azpiegiturak emateko neurriak ematen dira. Zona hauetan egiten diren nekazaritza- eta basozaintza-erabilerek eta aprobetxamenduek kontuan izan behar dute aplikatu beharreko araudi sektoriala: Mendiei buruzko foru-arauak.

      2. Bete behar den oinarrizko irizpidea mendiko baliabideak modu osagarrian eta zehaztugabean antolatzea da. Basoen ekoizpen jasangarria eta abeltzaintza erabileraren iraupena ziurtatu behar dira. Nolanahi ere, zona horiek funtzio asko dituztela baloratu eta nabarmendu behar da.

      3. Basozaintza-erabilerak lehentasuna izan behar du Basoa kategoriako eremuetan, eremu horiek dutelako potentzialtasunik handiena horretarako, eta haietan basozaintzako produktibitatea eta basoei lotutako gizarte-, babes- eta ingurumen-kanpokotasunak metatu ahal direlako. Zona horietan, baso-masak hobetzeko inbertsioak areagotuko dira: besteak beste, bide-sarea sortzea, suteen aurkako borroka edo basoen tratamenduak. Oro har, finkatutako baso autoktonoak dauden eremuetan, natura kontserbatzeko irizpideak aplikatuko dira, aipatu erabilerak jarrai dezan parametroak erabiliz. Irizpide horiek ez dira nahitaez masa horiek baloratzearen kontrakoak.

      4. Basoa - Mendi Barbana kategorian, aplikatu beharreko irizpideak ezberdinak izango dira une bakoitzean, eta zona bakoitzean ezarri nahi den erabileraren arabera. Erabilera denboran txandaka daiteke. Zuhaitzik gabeko eremu handietan, edo arriskuak sortzen badira lurzoru eskasiaren edo malda handien ondorioz, basozaintzako erabilera sustatuko da, dauden abereekin modu bateragarrian sustatu ere (basozaintza eta artzaintza).

      5. Narriatutako inguruetan, bereziki Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak kategorietan daudenetan eta onura publikoko guztietan, bereziki Ingurumen Hobekuntza eta Baso Antolaketa sustatuko dira, bertako baso-estalkia arian-arian berreskuratzeko, besteak beste hauek eginez, kasu bakoitzeko xedearen arabera: hostozabalak landatzea (batzuetan txanda ertaineko koniferoak ere bai, tarteko fase gisa), entresakak, inausketak, kontrolatutako artzaintza, eta abar.

      6. Mendi-larreen kategoriaren barruan, erabilera nagusia abereak gutxi gorabehera urtaroka mantentzea da. Beraz, abeltzaintza da zona horietako erabilerarik garrantzitsuena. Eremu horietan, artzaintzaren jasangarritasuna bermatu behar da, eremuok babesteko mekanismorik eraginkorrena den aldetik. Izan ere, larreen ekoizpen-balioaz gain, kultura- eta paisaia-balio garrantzitsuak kontuan izan behar dira.

      7. Mendi Larreak - Harkaitzak kategorian dauden zonak balio handiko flora eta fauna dauzkaten habitatak izan ohi dira. Zona horietan kautelazko neurriak hartuko dira, haien balio ekologikoan eragina izan dezakeen edozein inpaktutatik babesteko.

      1. Degradatutako eremuak, lurzoru urrikoak edo gaur egun higadura handia dutenak dira. Haietan, ekosistema hobetzeko eta leheneratzeko lanak egin behar dira lehenbailehen, baliabidea galtzen ez jarraitzeko. Leheneratzeko lan horien garapenak kasu bakoitzerako berariazko proiektua egitea eskatzen du. Proiektu horretan alderdi jakin batzuk jaso eta bermatuko dira, hala nola, espezie autoktonoen erabilera, hazien jatorria eta genetika bermatzea, lurraren arabera espezieak aukeratzea, etab.

      2. Azpikategoria honetan, EAEn dauden harrobiak ere sartzen dira (ustiatzen direnak nahiz bertan behera utzita daudenak). Harrobien antolaketa gaian indarrean dagoen legeriak arautu behar du.

      3. Flora aloktono inbaditzaileko espezieek okupatutako lur-eremuak sartzen dira kategoria honetan, flora horrek eremu osoa edo ia osoa estaltzen badu, eta, horregatik, lurrak nekazaritzarako edo basozaintzarako baliagarria izateari utzi badio, erauzte-lanak egiten ez diren bitartean.

      4. Udal-plangintzak, kategoria honetan, ezarpen eta estaldura zabaleko flora inbaditzaileko espezieek okupatutako eremuak zedarritu ahal izango ditu. Leku horietan, espezie inbaditzaileak desagerraraztea izango da lanen helburua.

      5. Ingurumena hobetzeko kategoriaren barruan dauden zonen kudeaketa modu integralean egin behar da, leheneratze-helburua lortzeko baimentzen diren erabilerak koordinatuz.

      1. Kategoria hau EAEko ibai eta errekek eta haien babes-eremuek osatzen dute, EAEko Ibai eta Erreken Bazterrak Antolatzen dituen LPSan ezarrita.

      2. Zona hauetan jarduteko irizpidearen helburuak hauek dira: uren kalitatea kontserbatzen laguntzea, ubide eta erriberen okupazioa edo aldaketa saihestea, eta arrisku naturalen ondoriozko kalteak ahalik eta gehien gutxitzea.

      1. Aurreko gogoetekin bat etorriz, lurralde-plan sektorial honetan erabili den gainjarritako baldintzen sistematizazio orokorra hauxe da:

      1. Akuiferoen kutsadurarekiko eremu kalteberak.

      2. Eremu higagarriak.

      3. Onura publikoko mendiak eta mendi babesleak.

      4. Natura-intereseko eremuak.

      5. Korridore ekologikoak.

      6. Gutxi aldatu diren paisaiak dituzten eremuak.

      1. Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak LAGetan zehaztutako gainjarritako baldintzak ez bezalako proposamen bat jasotzen du.

      1. Babestutako Natura Guneak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba gainjarritako baldintza ez da sartzen Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan, deklaratutako eta deklaratzeko bidean dauden natura-parkeak eta biotopo babestuak nahiz biosferaren erreserba LPSaren antolaketa-eremutik kanpo geratzen direlako.

      2. Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak EAEko Ibai eta Erreka Ertzak Antolatzeko LPSak xedatutakora igortzen du Urpean gera daitezkeen eremuak gainjarritako baldintza (aparteko uhaldi handienetan urpean geratzeko arrisku ziurra duten eremuei buruzkoa). Aipatu LPS horrekiko koordinazioa Basozaintza eta Nekazaritzako LPSaren 5. artikuluan jasotzen da.

      3. Gainjarritako beste baldintza batzuk gehitzen zaizkie LAGetan jasotakoei, kontserbaziorako duten balioaren ondorioz nagusiki. Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak, Natura Intereseko Eremuak, Korridore Ekologikoak eta Gutxi aldatu den paisaia duten eremuak.

  1. Lurpeko akuiferoen birkarga-eremuak dira; eremu horietan erraz edo oso erraz kutsa daitezke baliabide horiek, EAEko «Akuiferoen kutsadurarekiko urratze-arriskuaren mapa» (Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Sailak egina) delakoan jasotako irizpideen arabera.

  2. Zona hauek antolatzeko irizpideak lurra kutsatu ahal duten jarduerak ez kokatzea eta zona hauetan beharrezkoak diren nekazaritza- eta basozaintza-jarduerak zaintzea izan behar du. Ezinbesteko baten ondorioz aipatutako jarduerak zona hauetan jarri behar baldin badira, lurpeko uretarako kaltegabeak direlako bermea eskatuko da.

  3. Aipamen berezia egin behar dugu 1998ko abenduaren 22ko 390/98 Dekretuaren II. eranskinean jasotako zonari buruz (Gasteizko Unitate Hidrogeologikoaren ekialdeko sektorea). Dekretu horren arabera, zona hori kaltebera da, nekazaritza-jardueran sortutako nitratoek urak kutsa ditzaketelako. Bertan, nekazaritza-jardunbide onaren kodea derrigor bete behar da. Eremu kaltebera hau handitu egin da, Ingurumen sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko apirilaren 8ko aginduaren ondorioz.

  4. Oro har, nekazaritza-jardunbide onen kode hori (aipatutako dekretuak onetsia) aplikatzeak jarduteko irizpide orokorra izan behar du gainjarritako baldintza honetan sartuta dagoen edozein gunetan jarduteko orduan.

  1. Area hauetan, beren ezaugarri litologikoen eta erliebearen ondorioz, higadura-fenomenoak agertzeko erraztasun handia dago, LPS honetako higadura-eredua aplikatzearen emaitzen arabera (ikusi II. eranskineko D dokumentua). Hala ere, EAEko kartografia orokor horri foru-edo udal-mailan xehetasun handiagoarekin egindako «arriskuari buruzko azterlanek» edo «azterlan geomorfologiko sintetikoek eta analitikoek» zedarritutako beste eremu higagarri batzuk gehitu ahal izango zaizkio.

  2. Higadura-arrisku handia duten zonetan, babes- eta leheneratze-irizpideak kontuan hartuta, zuhaitz- eta zuhaixka-estaldura mantenduko da, baldin eta estaldura hori badago; landare-estaldura barbana, aldiz, ezarri egingo da, edo zabaldu, baldin badago, higadura- fenomenoetatik babesteko funtsezko elementua den aldetik. Ez da egingo lurzoruaren egonkortasunean eragina duen jarduerarik, eta zona horietan egin behar diren basozaintzako eta nekazaritzako jardueretan kontuz arituko da.

  3. Zona horietan jarduteko, ura eta basoak kudeatzeko planak egin beharko dira.

  1. Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak Mendiei buruzko 43/2003 Legean definitzen dira, eta haien arauketa eta kudeaketa aipatu lege horren eta hiru lurralde historikoetako mendiei buruzko foru-arauen bidez egiten da.

  2. Mendi horietan baso-masaren egonkortasunera jo behar da, baso-metodoen aplikazioaren bidez, honako hauek kontrolatzeko: higadura, sute-arriskua, elurrak, haizeteek, uholdeek eta uhaldiek eragindako kalteak, eta mendiaren babes-ezaugarrietarako arrisku diren beste faktore batzuk.

  3. Gainera, eta legeria aplikagarriaren arabera, aniztasun biologikoaren kontserbazioari egiten dioten ekarpenagatik katalogatutako mendiek kontserbazio-egoera onean izatea bermatu behar dute, edo, hala badagokio, deklarazioaren arrazoi izandako balioen berrezarpena.

  4. Herri-onurako mendiak eta mendi babesleak udal-plangintzak jaso beharko ditu gainjarritako baldintza gisa. Mendi horiek Babes Berezia kategorian egon ahal izateko LAGetako baldintzak betetzen badituzte, udal-plangintzak kategoria horretan ere jasoko ditu. Azken kasu horretan, arreta berezia jarriko da baliabidearen aprobetxamendu jasangarrian.

  1. EAEko natura-balio bereziko eremuak hurrenez hurrengo azterlan eta plangintza-dokumentuetan inbentariatu eta ebaluatu dira. Azterlan horietan proposatutako zerrenden artean, LAGen natur intereseko lekuen zerrenda nabarmendu behar dugu, oso zehatza eta adostua delako. Zerrenda horretako tokietako batzuk, hartzen dituzten habitaten garrantzia eta bakantasuna direla-eta, Natura 2000 Sarean txertatu dira Europa mailan. Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Direktibako gidalerroetan oinarrituta ezarri zen sare hori. Natura 2000 Sarea19: Garrantzi Komunitarioko Lekuak (GKL), Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE).

  2. Halere, LAGen zerrendako gainerako lekuak ere interes handiko eremuak dira EAE mailan. Hauek dira: Era berean, gainjarritako baldintza honen barruan Ramsarko Hitzarmenean katalogatutako nazioarteko garrantziko hezeguneak sartu dira. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen 3/1998 Legearen xedapen iragankorrarekin bat etorriz, LAGetan natura-intereseko area izendatzen diren eremuak ingurumen aldetik kalteberak diren eremutzat jotzen dira.

  3. Natur intereseko area hauetan, aplikatu behar den erabilera irizpidea aldez aurretik zegoen egoera mantentzea da. Zona aprobetxamendu pean baldin badago, aprobetxamendu horri eutsi behar zaio, erabilitako baliabidearen balio ekologikoak berriztatzen eta kontserbatzen direla bermatuz. Ondorioz, zona horietako ingurumen balioak kontserbatzeko eta hobetzeko egiten diren jarduketei lehentasuna ematen zaie.

  4. Eremu hauek kartografiatzeko orduan, helburu nagusia, LAGetako gidalerroen arabera, lurralde-plan partzialen eta udal-planeamenduaren mende jartzea da, dokumentu horiek gero haiek babes berezikotzat jota katalogatu ahal izateko helburuarekin.

  5. Natura 2000 Sarean dauden espazioen kasuan, Habitatei buruzko 92/43/EEE Direktiban xedatutakoaren pean daude: zehazki, direktibaren 6. artikuluko 3 eta 4. zatietan azaldutakoaren pean. Natura 2000 Sarean dauden espazio horiek, etorkizunean, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen diren unean, kontserbazio-neurri zehatz batzuk izango dituzte. Horrela, leku horietan, LPS honetan ematen diren gidalerroek izaera iragankorra eta subsidiarioa dute, eta, edonola ere, 92/43/EEE Direktibaren 6.3 eta 6.4 artikulu-zatietan xedatutakoaren mende egongo dira.

  1. Korridore Ekologikoak gainjarritako baldintzaren kartografiak Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza Zuzendaritzaren «EAEko Korridore Ekologikoen Sarea» izeneko proposamena du oinarri, LPSaren II. eranskineko D dokumentuan garatzen den bezala.

  2. Zona horiek antolatzeko irizpideak orain dauden oztopoak detektatzeko eta sailkatzeko eta zona horiek iragazkortzeko proposamenak egiteko izan beharko luke. Gainera, erabilerak arautu beharko lirateke ondoriozko funtzionaltasun-helburuekin bateragarriak diren korridore gisa sailkatutako inguruetan.

  1. Eremuok EAEko landa- edo natura-paisaia adierazgarriak dituzte, eta paisaia itxuraldatzen duten elementuetatik urruti daude. Hona hemen elementu horietako batzuk: hiri- eta industria-aldeak, errepideak, eta abar. Halere, faktore hori erlatiboa da, paisaiaren pertzepzioa oso subjektiboa delako, eta kontuan hartzen den eskala-faktoreak eragin handia duelako haren kalitatean. Egun, euskal ingurumen-organoa EAEko Paisaia Bikainen eta Berezien Katalogoa egiten ari da. Oraingoz, lan horien garapen-mailak ez du gomendatzen haiek Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean ezartzea, baina, aipatu katalogoa onartzen denean, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak automatikoki hartuko du bere gain haren kartografia, aldaketarik egin behar gabe. Lan horiek amaitu eta zehaztu arte, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean beharrezkotzat jo da paisaiaren azterketari heltzeko jarraibideak aurkeztea, II. eranskineko D dokumentuan jasotako jarraibideak oinarri hartuta. Arabako Lurralde Historikoaren (ALH) kasuan, gainjarritako baldintza honen kartografiak «Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Bikainen eta Berezien Katalogoa» aintzat har dezake, bere espazioaren mugaketarekin batera. Katalogo hori Diputatuen Kontseiluaren 2005eko irailaren 27ko 829/2005 zk.ko Erabakiaren bidez onartu zen.

  2. Paisaia-helburua bikoitza da. Izan ere, batetik, paisaian inpaktuak galarazi beharra dago, eta, bestetik, paisaiak berekin gozamen- eta pertzepzio-funtzioa dakar. Hau da, eraikuntzak, eraikinak eta gainerako ekipamenduak egiterakoan, paisaiaren eskala kontuan izan behar da. Erabiltzen diren materialek, koloreek eta diseinuek paisaiaren izaeraren araberakoak izan behar dute; bestalde, biztanlerik gehienek paisaiaren ezaugarri naturalenak atzeman ahal izateko behar diren neurri egokiak hartu beharko dira.

  3. Irizpide orokorra jarduerak, obrak, instalazioak eta eraikuntzak inguruan duten paisaia motari egokitzea da, haien funtsezko ezaugarriak mantentzeko moduan. Edonola ere, eremu horiek lehentasuna izan beharko lukete Europako Batasuneko paisaia kontserbatzeko neurriak aplikatzeko. Neurri horiek Landa Garapeneko Erregelamenduan (Agenda 2000) agertzen dira.

    SEIGARREN KAPITULUA: ANTOLAMENDU-KATEGORIETAN APLIKATZEKO ARAUAK

  1. Ezarpenaren bideragarritasuna edo bideraezintasuna xedatze aldera, erabilerak eta jarduerak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan ezarritako mekanismoari jarraiki arautzen dira. Beraz, kasuen arabera, egoki, onargarri edo debekatutzat joko dira. Bestalde, erabilera jakin baten pareko jarduerak II. kapituluan («Lurzoruaren erabileren definizioa eta jarduerak») halakotzat jota jasotakoak dira, bai eta beste batzuk ere, atal horretan berariaz jasota ez egon arren, antzeko ezarpen-baldintzak eta ingurune-ondorioak dituztenak.

  2. Erabilera jakin baten «pareko jarduera» gisa aipatutako horietako batzuentzat egokia bada ñabardura batzuk xedatzea kategoria jakin batean ezartzeko, nekazaritzako eta basozaintzako erabileren barruan behar diren salbuespenak zehaztuko dira. Hala, aipatu erabilera * ikurrarekin adieraziko da ordenazio-matrizean eta, jarraian, 63.etik 76.erako artikuluetan garatuko dira, edo, bestela, aipatu ñabardurak foru-antolamendurako utziko dira.

    Balio Estrategiko Handia azpikategorian aurreikusitako proiektuen edo administrazio-baimenen kasuan, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legeak 16. artikuluan ezartzen duen bezala, nekazaritza-arloko eskumena duen foru-organoak txostena egitea eskatuko da, behin betiko onartu aurretik.

  3. Erabileren arautzea honela adieraziko da:

  1. Egokia: Zona baten erabilera egokia zona horretan nagusitzen den erabilera da. Erabilera hori, gainera, aipatu zonaren ezaugarria da, ikuspegi funtzionaletik eta fisikotik.

  2. Onargarria.

    a. Onargarria: Nekazaritza- eta basozaintza-jardueran izandako eraginaren azterketa egingo da, eta neurri zuzentzaileak jasoko dira sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan adierazitako moduan (I. eranskineko D dokumentua; Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko «Jardun-tresnak»).

    b. Udal-plangintzak planteatzen badu lehenagotik badauden gune batzuk oinarri hartuta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala kategoriako Balio Estrategiko Handia azpikategoriakoa den eremu batean haztea, hura LPPko lehentasunezko interes-guneetan egon gabe, nekazaritza-inguruneko inpaktuaren balioztatze espezifikoa jasoko du plangintzak aukeren azterketan.

  3. Debekatua.

    a. Erabilera ez da egokia antolamendu-kategoria horretan. Salbuespen gisa, onargarria izango da, nekazaritza-arloan eskumena duen organoaren txosten batek bermatzen badu. Txosten horrek berariaz hartu behar du aintzat nekazaritza- eta basozaintza-jardueraren gaineko eragina, eta neurri zuzentzaileak biltzea sektore-eragina ebaluatzeko protokoloan adierazitako moduan (I. eranskineko D dokumentua; Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko «Jardun-tresnak»).

    Udal-plangintzak ezingo du onartu aurretik badauden guneetan oinarritzen ez den hazkunderik, LPParen berariazko definizioa izan ezean.

  4. «Aisia intentsiboari lotutako eraikinak eta instalazio handiak», «Nekazaritza-industriak», «A motako zerbitzuetako instalazio teknikoak», «Onura publikoko eta gizarte-intereseko eraikinak» eta «Instalazio arriskutsuak» multzoei lotutako erabileretan, EAEkoa ez bezalako araubide bat ezartzen da Arabako Erdialdeko eta Guardiako eremu funtzionaletan dauden udalerrietarako; hitzez hitz honako hau da:

    (Ikus .PDF)

  1. Erabilerak antolamendu-kategorietan arautzeko matrizean (edo antolamendu-matrizean), lurraldean izan daitezkeen erabilerak zerrendatzen dira (lerroak), antolamendu-kategorietan (zutabeak) ezartzea arautzeko asmoz.

  2. Honako irizpide orokor hauek egiten dute erabileren bereizketa hori:

    1. Orokorrean, lurzorua baliabide gisa modu itzulezinean hipotekatzen duten erabilerekin zorrotzago jokatu behar da plangintzan, hain zuzen ere balio sektorial edo natural handiagoko kategorietan. Erabilerok ez dira komenigarriak kategoria horietan, eta kasu batzuetan debekatuta daude, eta beste batzuetan, berriz, babesa ezartzen da erabilerak gertatuz gero, aldez aurretik beste aukera batzuk baztertzeko, eta nekazaritzako eta basozaintzako jardueran izandako inpaktua zuzentzeko neurriak hartzeko.

    2. Balio txikiagoko kategorietan, azpiegitura- edo eraikuntza-erabilerarik gehienak onargarriak dira. Halere, nekazaritza eta basozaintzako jardueren gaineko eragina ebaluatzeko ere agintzen da.

    3. Nekazaritzako erabilerak ia kategoria guztietan onartzen dira. Halere, kasu batzuetan ñabardurak azaltzen dira erabilera hauei lotutako eraikuntza edo jarduera jakin batzuetarako.

  3. Gelaxka bakoitzean erabilerak arautzen dira, aurreko atalean proposatutako ezaugarritzearen arabera. Erabilera edo kategoria jakin baterako antolaketa-dokumentu espezifikoak badaude, edo aurreikusten badira (halaxe da erauzketa-jardueren erabileraren edo errepideei buruzko plan orokorren kasuan), matrizearen gelaxkak hutsik egongo dira. Gainazaleko Uren Babesa kategoriaren kasuan, nekazaritzako erabilerak matrizean arautzen dira, eta gainerakoa EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialera bideratzen da.

  4. Erabileren matrizea taula honetan jasotzen da:

    (Ikus .PDF)

  1. Neurri horiek indarrean dagoen araudian ezarritakoaren kaltetan izan gabe hartuko dira.

  2. Gainera, ustiapenari lotutako egoitza-erabilera isolatua (Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala eta Basoa - Mendi Barbana kategorietan onargarria) LPS honetako «Irizpide orokorrak» atalean xedatuari lotuta dago.

Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala kategoriako Balio Estrategiko Handia azpikategorian, xedapen hauek dira aplikagarriak:

  1. Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera.

    Inguruaren populatze-ereduari jarraiki, udal-plangintzari dagokio nekazaritzako ustiaguneari lotutako etxebizitza isolatuak eraikitzea egokia den ala ez xedatzea.

    Guardiako eremu funtzionalaren kasuan (Arabako Errioxa), mahastiei emandako nekazaritza-izaera estrategikoa dela eta, baliabide horri lotutako upategien eraikuntza erabilera onargarritzat hartzen da, Arabako Errioxako LPPan adierazitako eran.

  2. Basozaintzako erabilera. Baldintzak nekazaritzako lurzorua basozaintzako lurzoru bihurtzeko eboluzioaren kontrolean ezarriko dira; ez, ordea, basozaintzako erabileraren garapenean, ezartzen denean. Balio estrategiko handia duten eremuetako baso-landaketek, makalek eta kokapen linealeko zuhaiztiek izan ezik (erriberak, heskaiak, basotxo babesleak, eta abar), eta agrosistemen kalitatea eta konplexutasuna hobetzeko neurriak aplikatzearen ondorio direnek nekazaritza-sail egokiaren berariazko baimena izan beharko dute, legeria aplikagarriak dioen bezala.

  3. Betiere, nekazaritza-lurretan egiturazko baso-elementuei eusteko betebeharra dago.

  1. Nekazaritza eta Abeltzaintza nahiz Landazabala kategoriako Trantsizioko Landa Paisaia azpikategorian, ekoizpen izaerako basozaintza-erabilera mantenduko da, nekazaritzako paisaia eta erabileraren mende betiere, Mendia kategoriako baldintza berberekin.

  2. Halere, erabilera aldatzeko, beharrezkoa izango da nekazaritza-sailetako zerbitzu eskudunek aldeko txostena egitea aldaketa gauzatu aurretik, aplikagarria den legeria sektorialak dioen bezala.

  3. Betiere, nekazaritza-lurretan egiturazko baso-elementuei eusteko betebeharra dago.

Basoa kategorian, xedapen hauek dira aplikagarriak:

  1. Nekazaritzako erabilera.

    Kategoria honetan, nekazaritza-ustiapenari lotutako eraikuntza eta erabilera osagarri guztiak debekatzen dira, baso-mintegiak izan ezik. Ureztatze-azpiegiturak onargarriak izango dira, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduratik ondorioztatzen diren zehaztapenen arabera.

    Kategoria honetan, luberritze berriak egitea saihestuko da.

  2. Abeltzaintzako erabilera.

    Baso barruko artzaintza (basoko artzaintza) lurraren jabearen berariazko eta agiri bidezko baimenarekin gauzatu ahal izango da, arboladiei kalterik egin gabe eta birsorkuntza arriskuan jarri gabe. Aske ibiltzen diren ahuntzak ezin dira bazkatu zuhaitzak dituzten lurretan, eta beharrezkoa izango da artzaina aziendarekin egotea itxi gabeko zonetan.

    Zona horietan, abeltzaintza-ustiapenari lotutako eraikuntza eta azpiegitura berriak saihestuko dira, abeltzaintza estentsibo tradizionalarekin zerikusia dutenak eta ehiza-haztegiak izan ezik: itxiturak, uraskak, bordak, eta abar; azken horiek udal-plangintzak arautuko ditu. Obra horiek administrazio sektorialaren berariazko baimena behar dute; kasu honetan, foru-aldundiena. Borda berriak behar bezala justifikatu beharko ditu nekazaritza-administrazioak, aplikagarria den araudi sektorialaren arabera.

  3. Basozaintzako erabilera.

    Oro har, egungo zuhaitz-azalera mantenduko da, eta sustatzeko lehentasunezko neurriak hartuko dira, betiere katalogatutako natura-intereseko elementuren bati eragiten ez bazaio. Sail sektorial egokiek inguruko finken baso-jabeak elkartzea sarituko dute, dauzkaten zuhaitz-masetan baterako inbertsioak egin ditzaten, eta jarduketa unitate handiagoetan kudeaketa eraginkorragoa egin dezaten. Basozaintza- eta hirigintza-araudi aplikagarrian adierazitako moduan, ez da baimenduko erabilera aldatzea suaren, ingurumen-kalteen edo legez kontrako mozketen ondorioz basoz gabetutako lurretan.

Basoa - Mendi Barbana kategorian, xedapen hauek dira aplikagarriak:

  1. Nekazaritza.

    Kategoria honetan, nekazaritzako erabilerak izaera marjinala dauka. Beraz, ez da komenigarria luberritze berriak egitea. Mendiei buruzko foru-arauei jarraiki, onura publikoko mendietako luberritzeak aldi baterako izango dira beti, eta beharrezkoa izango da haiek basoberritzea, jarduera amaitutakoan.

  2. Abeltzaintza.

    Baso barruko artzaintza (basoko artzaintza) arboladiari kalterik egin gabe eta haren birsorkuntza arriskuan jarri gabe gauzatu ahal izango. Alderdi hori nekazaritza eta basozaintzako administrazioak aztertu, arautu eta, hala badagokio, baimendu beharko du.

    Zona horietan abeltzaintza-ustiapenari lotutako eraikuntza eta azpiegitura berriak saihestuko dira, abeltzaintza estentsibo tradizionalarekin zerikusia dutenak izan ezik: itxiturak, uraskak, bordak, eta abar; azken horiek udal-plangintzak arautuko ditu, eta, betiere, baso-administrazio eskudunaren berariazko baimena beharko da. Nekazaritzako Administrazioak behar bezala justifikatu beharko ditu borda berriak.

  3. Basozaintzako erabilera.

    Abeltzaintza-erabilera bertan behera uztearen ondorioz baso autoktonoa leheneratzen ari den eremuetan, zuhaitz-erabilerak irauteko joera izango du. Horregatik, haietan, masa horiek hobetzeko eta modu naturalean birsortzea bermatzeko tratamenduak egingo dira.

    Eremu bakoitzean, zuhaitz-espezie egokienak erabiliko dira, landare-estaldura babeslea berreskuratu, babestu edo sortzeko, eta espezie onargarrienak ahalik eta errazen leheneratzeko. Landatzeko erabili beharreko teknikak ere arretaz aztertuko dira.

Mendi Larreak kategorian, xedapen hauek dira aplikagarriak:

  1. Abeltzaintza.

    Kategoria honetan, artzaintzarekin eta larreak gobernatzearekin lotutako jarduerak soilik dira gomendagarriak, bai eta erlategiak ere.

    Zona horietan abeltzaintza-ustiapenari lotutako eraikuntza eta azpiegitura berriak saihestuko dira, abeltzaintza estentsibo tradizionalarekin zerikusia dutenak izan ezik: itxiturak, uraskak, bordak, eta abar; azken horiek udal-plangintzak arautuko ditu. Administrazio sektorial eskudunak behar bezala baimendu beharko ditu borda berriak.

    Bazkatzeko izan daitezkeen baliabideen aprobetxamendu-alderdi espezifikoetan, erakunde titularrek larreak arautzeko ordenantzak eman ahalko dituzte. Alde horretatik, abere-zamak ezin dezake gainditu larre-zona bakoitzeko bazka-ekoizpena. Aprobetxamendu antolatua sustatuko da, diskriminaziorik gabeko aprobetxamendu estentsiboen aldean, azken horiek abeltzaintzako gehiegizko kargak ekarri ohi dituztelako une eta sasoi jakin batzuetan.

    Larreak mantentzeko eta hobetzeko jarduera tradizional batzuk (sua) erabiltzeak dakarren inpaktua ekologikoki aztertu beharko da. Larreetan hobekuntzak egin daitezke, errendimenduaren arabera justifikatu eta gero, sastrakak modu kontrolatuan garbituz eta produktu fitosanitarioak aplikatuz, eta zuzeneko ereiteak eta ongarritzeak eginez. Jarduera horien inpaktu ekologikoa aztertu beharko da. Salbuespen oso berezietan, lurrak mugitzen dituzten jarduerak egin daitezke, salbu eta larreak hobetzeko berezko lanak, administrazio sektorial eskudunaren baimenarekin.

  2. Basozaintzako erabilera.

    Oro har, orain dauden zuhaitz-masak mantenduko dira, eta basoko artzaintza onartuko da, baldin eta masa horien etorkizuna ez bada hipotekatzen edo kaltetzen. Birsortzea bilatzen den kasuetan, ganadua iristea galaraziko da, birsorkuntza bermatuta egon arte eta ganaduaren eraginetik salbu egon arte.

    Erabilera honi lotuta gomendagarritzat jotzen diren jarduera bakarrak egur-bilketa eta baso berriak landatzea eta haiek mantentzeko lanak dira. Basozaintza-erabilerari lotutako azpiegitura oro debekatuta dago, suteak prebenitzekoak izan ezik.

  3. Landa-bideen eta pisten erabilera.

    Kategoria honetan pista berriak irekitzeko, administrazio sektorial eskudunaren berariazko baimena behar da.

Mendi Larreak - Harkaitzak kategorian, xedapen hauek dira aplikagarriak:

  1. Abeltzaintza.

    Artzaintza estentsiboa bakarrik baimenduko da. Ez da eraikuntzarik ez larreak erabiltzeko jarduketarik onartuko.

    Ahal izanez gero, ahuntz-taldeak saihestuko dira.

  2. Basozaintzako erabilera.

    Bertako estalkia mantenduko da, eta basozaintzako praktika egurraren bilketa esporadikora mugatuko da, hala badagokio. Basozaintzako erabilerari lotutako azpiegitura guztiak debekatzen dira.

Ingurumen Hobekuntza kategorian, xedapen hauek dira aplikagarriak:

  1. Ingurumenaren hobekuntza.

    Erabilera hau zehazteko, esku hartzeko plan tekniko bat izapidetzea komeniko da. Plan tekniko horretan, zenbait kontu zehaztu beharko lirateke: zona bakoitzean lortu beharreko helburuak, gaur egungo narriadura sortu duten eragileak eta hura nola zuzendu, gainerako erabileren tratamendu integrala, eta abar.

  2. Abeltzaintza.

    Horrelakorik badago, larratze estentsiboa bakarrik baimenduko da. Alderdi hori nekazaritzako eta basozaintzako administrazioak arautu eta, hala badagokio, baimenduko du, baina ezin izango da onartu inolako eraikuntzarik edo larreak gobernatzeko jarduerarik. Higadura-arazo nabarmenak dituzten aldeetan, ganaduaren joan-etorria zona horiek zeharkatzen dituzten pistetan eta bideetan soilik egin daiteke, hegaletan sartu gabe.

  3. Basozaintzako erabilera.

    Jabetza pribatuko lurretan dauden ingurumen-hobekuntzako inguruetan, administrazio eskudunak jabeak motibatzen duten neurriak aztertuko ditu, zona horretarako ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.

    Erabilera honi lotuta baimentzen diren jarduera bakarrak egur-bilketa, baso berriak landatzea eta haiek mantentzeko eta aprobetxatzeko lanak dira.

  1. Nekazaritza eta basozaintzako jardueretan, kontuan izan behar dira Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodetik eratorritako irizpideak (Eusko Jaurlaritzaren 1998ko abenduaren 22ko 390/98 Dekretua, eta hura zabaltzeko 2008ko apirilaren 8ko Agindua), tratamendu herbizidak, tratamendu fitosanitarioak edo ongarritze-tratamenduak aplikatzean, akuiferoak kutsa ditzaketen dosietaraino ez iristeko.

  2. Zona horietan simaurtegi, pixor-zulo, lurperatze-putzu edo kutsatzaileak sor ditzaketen bestelako abeltzaintza-azpiegitura berriak eraikitzen badira, kapazitate- eta diseinu-neurri egokiak ezarriko dira, akuiferoak eta ibai hipogeoak kutsaduratik babestea bermatzeko. Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodean agertzen diren gomendioak jaso behar dituzte haiek, eta 1999ko martxoaren 9ko 165/1999 Dekretuan horretarako ezartzen diren neurriak bete beharko dira jarduerarako lizentzia eskuratzetik salbuetsitako jardueren zerrenda finkatzen du dekretu horrek.

  3. Akuiferoak oso kalteberak diren zonetan abereei parasitoak kentzeko bainuontziak daudenean, bainuontziak iragazgaitzak direla eta erabilera bakoitzaren ondoren hondakin-urak biltzen direla bermatu behar da.

  4. Erregaien, lubrifikatzaileen eta antzeko substantzien erabilera zaindu behar da, haiek ez isurtzeko, eta erabili ondoren ontziak hutsik daudela ez botatzeko.

  5. Mozketen hondakinak ez dira leize eta haitzuloetan utzi behar, eta ez dira barrunbe naturalak estali behar.

  6. Baso-estalkia mantentzeko eta batez ere zona karstikoetan higadura-prozesuak saihesteko neurriak hartuko dira, eta arreta berezia edukiko da basozaintzako pistak eraikitzean. Pista horien egokitasuna behar bezala aztertu beharko da.

  7. Eraikuntza-lan publiko zein pribaturen bat egitean, haitzulo naturalen bat aurkituz gero, obra eten egingo da, berariazko azterlana egin eta kasuan kasuko babes-neurriak hartu arte.

  8. Barrunbeetan jarduera zehatzak garatu baino lehen, laginak jasoko dira, babes-neurriak hartu ahal izateko.

  1. Basozaintzako Administrazioari dagokio ura eta basoak leheneratzea eta babestea. Lan horiek basoetako lurrak babesteko eta kontserbatzeko, uharrak zuzentzeko eta lur ezegonkorrak finkatzeko behar diren proiektu eta neurrien bidez beteko dira helburu honekin: uren erregimena erregularizatzea, urtegiak eta komunikazio-bideak babesten laguntzea, eta antzeko helburuak betetzea. Proiektu horiek onesteko izapidean, administrazio hidrauliko eskuduna eta ukitutako mendien eta lurren titularrak kontuan izan behar dira.

  2. Basozaintzako jarduerek baliabide edafikoen eta hidrikoen kontserbazioa bermatuko dute. Horretarako, suaren erabilera estentsiboa, belar-sastraken garbitze estentsiboa eta lur-mugimenduak ahalik eta gehien mugatuko dira, eta eskuz -ez makinaz- landatzea sustatuko da, hala nola mozteko metodo progresiboak erabiltzea (besteak beste, mehazketa, arboladiak moztea edo bakantzeak) erabateko mozketaren gainetik. Lan horiek egiteko, aplikagarria den araudi sektorialak dioen bezala, administrazio eskudunaren kasuan kasuko baimena behar da. Haren bidez, lurzoruaren egitura mantentzen dela eta baliabide horretan ahalik eta galera gutxien gertatzen dela bermatuko duten beharrezko jarraibideak emango dira.

  3. Higadura jasan dezaketen eremuetan zuhaitzik gabeko zonak basotzea sustatuko da (eta, Arabaren kasuan, luberritzeak), eta abeltzaintza-erabilera aurreko helburu hori lortzeak baldintzatuko du. Zona horietan hazkuntza geldo edo ertaineko zuhaitzen ezarpena sustatuko da.

  4. Ahal den neurrian, azpiegitura- eta eraikuntza-erabilerak ekidingo dira, nekazaritza- eta basozaintza-erabilerei lotutako eraikuntzak eta azpiegiturak barne.

  5. Kudeaketa errazte aldera, titulartasun partikularreko eta erabilera libreko zona higagarrien katastro-erreferentzia egingo da.

  6. Higadura-arriskua duten aldeetan kudeaketa-planak egitea komeni da, erabileren tratamendu integrala egiteko, eta, orain dauden erabileren ordez beste batzuk sustatuz gero, hartu beharreko neurriak erabakitzeko.

  7. LPS honi atxikitako kartografiaren arabera, 50 Tm/ha/urte baino higadura potentzial handiagoa duten zonetan, babes- eta leheneratze-irizpidea aintzat hartuta mantenduko da zuhaitz- eta zuhaixka-estaldura horrelakorik badago une honetan, eta ez da egingo lurzoruaren egonkortasunean eragina duen jarduerarik; era berean, zona horietan beharrezkoak diren nekazaritza- eta basozaintza-jarduerak ahalik eta gehien zainduko dira.

  8. Higadura izan dezaketen eremuetan erabateko mozketa egitea edo haiek zuhaitzik gabeko erabilerara aldatzea ekar dezaketen salbuespenezko erabakiak foru-administrazio eskudunak hartuko ditu kasu bakoitzean. Erabaki horiek irizpide hauen arabera justifikatu behar dira: pertsonen eta ondasunen babesa, basoak mantentzea (izurriteak, suteak) edo behar bezala onartzen diren beste kausa batzuk.

  9. LAGetako honako zehaztapen lotesle hauek bete behar dira:

    1. Higadura jasateko arriskua dagoen zonetan, basozaintzako administrazio eskudunak lurra mugitzea edo landaredia aldatzea dakarren edozein jarduera egiteko bete beharreko irizpideak eta baldintzak ezarriko ditu, aipatu jarduerak lurzorua galtzeko prozesuetan ondorio kaltegarriak ez dakartzala bermatzeko berme tekniko nahikoak edukitzeko.

    2. Basotzeko jarduera publikoak aipatu azterlanen arabera arrisku handiagoa eta nekazaritzako izaera txikiagoa duten zonetan zentratuko dira.

    3. Arrisku-zonetan dauden nekazaritza-produktibitateko lurretan, lurzorua mugitzea eragingo ez duten laborantza-teknikak zehaztuko dira.

    4. Lurralde-jarduketa orotan landarediaren babesa eta, bereziki, bertako zuhaitzen kontserbazioa aintzat hartuko dira.

  1. Herri-onurakotzat jo diren mendiak Onura Publikoko Mendien Katalogoan inskribatzen dira. Katalogo hori administrazio izaera duen erregistro publikoa da, eta kudeaketa foru-mailan egiten da. Onura publikoko mendi horiek jabari publikoko mendien artean daude.

  2. Katalogatutako mendi pribatuei edo mendi babesleei dagokienez, titularrak kudeatzen ditu mendi horiek, kasuan kasuko kudeaketarako bitarteko eta basozaintzako plangintzarekin bat. Jarduera hori autonomia-erkidegoko basozaintza-organoak gainbegiratzen du.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden onura publikoko mendiak eta mendi babesleak Mendiei buruzko 43/2003 Legeak eta lurralde historiko bakoitzeko foru-arauek arautzen dituzte:

  4. Onura publikoko mendietan eta mendi babesleetan, kasuan kasuko antolamendu-kategoriak zuzenduko du erabileraren hasierako onargarritasuna, baina edozein eraginek basozaintzako administrazioaren txosten loteslea beharko du, foru-arauek eta mendiei buruzko legeak ezarritakoari jarraiki.

  5. Onura publikoko mendiek eta mendi babesleek etengabe berrikusten eta berritzen diren katalogoak osatzen dituzte.

  6. Bestalde, Mendiei buruzko 43/2003 Legeak baso-baliabideak antolatzeko planak (BBAP) jasotzen ditu aipatu legea garatzeko bitarteko gisa. Plan horiek Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialarekin batera aplikatzekoak dira, eta haien edukia beharrezkoa eta betearazlea da aipatu legearen gaietan, beste jarduera, plan edo programa sektorialei dagokienez.

  1. Euskadin naturaren kontserbazioaren kudeaketari koherentzia emateko, LPS honen arabera komenigarritzat jotzen da Natura Baliabideak Antolatzeko Plana egitea Natura Intereseko Eremuetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duen 16/1994 Legean xedatutako irizpideen arabera.

    Gainera, eremu horiek aipatu legeak xedatutako babes-moduren batean izapidetzeko aukera aztertuko da.

  2. Natura 2000 Sareko guneen kasuan, araudi aplikagarriak dioen bezala, beharrezko kontserbazio-neurriak zehaztu behar dira, katalogazio horren arrazoi izandako komunitate-intereseko guneak eta habitatak kontserbazio-egoera onean izateko. Neurri horiek kudeaketa-planetan sartu ahal izango dira.

  3. Lurzoruaren okupazioa itzulezina izatea eragiten duten erabileren ezarpen berria eremu horien helburuarekin bateragarria izateko, nahitaezkoa izango da behar bezala ebaluatzea zein diren ingurumen-ondorio eta inplikazioak, horretarako indarreko araudiaren arabera ingurumena ebaluatzeko aplikagarriak diren prozedurak erabiliz, eta, era berean, ezarpena behar bezala justifikatzea, lehen mailako gizarte-intereseko eta herri-onurako ezinbesteko arrazoien bidez.

  4. Zuhaitzik ez daukaten eta 92/43/EEE Direktiban dauden habitaten kasuan, Natura 2000 Sarean sartutako zonak salbuespenezkoak izatea eragin duten erabilera eta jarduera tradizionalak modu kualitatiboan eta kuantitatiboan mantentzen saiatuko da. Landare-komunitate horien jarraipena egingo da, bai eta abeltzaintza-erabilerak haietan duen eraginarena ere.

  5. Egungo zuhaitz-masei eutsi egingo zaie. Haien ezaugarria da bertako baso-eremu handietan daudela. Zuhaitz-masa horien tratamendua arboladiak moztuz, entresakak eginez edo bakantzeen bidez gauzatuko da, espeziea birsortzea lortzeko egokiena denaren arabera. Zona horietako masa naturalak zaintzeko baso-lanetarako berariazko finantzaketa-lineak sortzeko aukera aztertuko da.

  6. Gune horien natura-balioetan eragina izan dezaketen baso-jardunbide erasokorrak baztertu behar dira. Natura-intereseko eremuetan baso-pistak eta ateratzeko bideak irekitzean, kontu handia izango da ingurunearekin. Beste aukeraren bat dagoen aztertuko da, eta administrazio eskudunaren aldez aurretiko baimena nahitaezkoa izango da. Jolas-eremu berriak egungo bideetatik edo errepideetatik hurbil eraikitzeko, nahitaezkoa izango da haiek planifikatuta egotea plan berezi batean, erabilera- eta kudeaketa-plan zuzentzaile batean edo besteren batean eta/edo kasuan kasuko ingurunea sustatzeko edo landa-eremua garatzeko beharrezkoak direla arrazoitzea.

  1. Baso-gaietan eskuduna den foru-organoak korridore ekologikoetako heskaiak, ezpondak, zuhaiztiak eta erriberak zainduko ditu, batez ere jarduketa horiek basa-animalientzako babes-izaera murriztu ahal badute.

  2. Ahaleginak egingo dira korridore ekologikoak egungo egoera eta ezaugarri fisikoak eta biologikoak nabarmen aldatzen dituzten hirigintzako eta eraikuntzako jardunetatik eta azpiegitura linealetatik landa-bideak eta pistak barne babesteko. Indarrean dagoen araudiaren arabera ingurumen-ebaluazioa egitea dagokien plan, programa eta proiektuetan, lurraldearen iragazkortasun ekologikoa mantentzen dela zainduko du ingurumen-organoak.

  3. Korridore ekologiko batean dagoen edozein eraikuntza-erabilerak bereziki kontrolatu behar du faunan eragin kaltegarria izan dezakeen kutsadura: akustikoa, urena, eta abar.

  4. Korridore ekologikoetan ingurumena hobetzeko erabilera sustatuko da, bai eta, oro har, ingurunearen garapen ekologikoan eragin positiboa dutenak ere.

  5. Larreetako eta nekazaritza-finketako mugetan eta erreketan, zuhaiztiak, heskaiak, landarezko estalkiak eta ertzetako eta erriberako landareak sortzea eta mantentzea sustatuko da. Zuhaitz eta zuhaixken konbinazioa erabiltzea sustatuko da, giroa ahalik eta oihandarrena izan dadin.

  6. Korridore ekologikoen eragina duten zonetan, basa-animalien joan-etorria sustatuko da, zona hezeak edo istildutako zonak leheneratuz eta mantenduz, eta ehizarako itxituren ordez itxitura iragazkorragoak jarriz.

  7. Zona hauetako baso-lanak ugaztun handien, hegazti jakin batzuen eta, bereziki, EAEn mehatxatutako espezie gisa katalogatuta dauden animalia-espezieen aralditik eta hazkuntza-alditik kanpo gauzatzeko ahalegina egin behar da.

  8. Azpiegitura-oztopoen eragina daukaten korridore ekologikoetan, jarduteko moduak eta lehentasunak diagnostikatzeko azterlana egingo da, haien iragazkortasuna hobetzeko helburuarekin.

  9. Udal-plangintzak bere lurraldearen azterketa xehatuak egitea gomendatzen da, tokiko konektibitate ekologikorako sarea zehazteko.

  1. Gutxi aldatu den paisaia duten zonetan azpiegitura berririk ez jartzeko ahalegina egingo da, eta baldintza hori kontuan hartuko da ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduretan eta egon daitezkeen kokaleku alternatiboak balioztatzean.

  2. Zona horietan, LPS honetako II. eranskineko D dokumentuan azaldutako erabileretarako paisaia-irizpide orokorrak beteko dira bereziki.

  3. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek ezarritakoari jarraiki, paisaiaren egungo eredua apurtzen duen obra edo jarduera orori hauek eskatu behar zaizkio: paisaia-azterlan egokia egitea, eragin ditzakeen inpaktu negatiboak gutxitzeko, eta kasuan kasuko paisaia berreskuratzeko jarduerak gauzatzea. Hala, garraio-azpiegitura berri orok proiektuan obra-unitateak hartu beharko ditu barne, behar bezalako aurrekontua eginda, paisaiara egokitzeko. Beren ezaugarriak direla-eta ikusmen-inpaktu handia izan dezaketen instalazioak (besteak beste, zabortegiak, ibilgailuen hilerriak, txatarra, tentsio altuko lineak, ITB errepikagailuak, eta abar) kokatzerakoan, paisaian duten inpaktua kontuan hartuko da. Administrazioak paisaian eraginik handiena duten jardueren etengabeko jarraipena egin behar du.

Zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gaineko Europako Parlamentuaren 2001/42/EE Direktiba garatzean onartu zuen Europar Batasunak planak eta programak ebaluatzearen garrantzia. Lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egina zuen planen eta programen ebaluazioa funtsezkoa zelako ideia horretan, ebaluazioaren beharra jaso baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen 1998ko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean (I.A eranskina), eta gai hori arau bidez garatu baitzuen geroago 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuarekin ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duen dekretua da. Estatuko legeriak ere ezarri zuen direktiba hori 2006ko apirilaren 28ko 9/2006 Legea onartuta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gainekoa.

Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala (LPS) Eusko Jaurlaritzak egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko 1990eko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 16. artikuluan jasotako eskumenak baliatuta, eta landa-eremurako estrategiak eta LAGetako ingurune fisikoaren gidalerroa garatzen ditu. Indarreko ingurumen-araudiaren arabera, planak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurari lotuta egon behar du.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak balio estrategiko handieneko lurren babesa planteatzen du EAE barruko lehen sektorearentzat, bai eta onura publikokotzat eta mendi babesletzat jotako mendietakoena ere. Horretarako, babestu beharreko zona horiek definitu eta zedarritu egiten ditu, eta, gainera, erabilerak zonifikatu eta arautzen ditu gainerako lurzoru urbanizaezinean, proposamen moduan eta udal-plangintzari bere hirigintza-eskumenen garapena errazteko helburuarekin.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan planteatutako antolaketa bat dator LAGetan ezarritako irizpideekin, eta Ingurumeneko Esparru Programaren eta Garapen Jasangarrirako Euskal Estrategiaren ingurumen-helburu estrategikoekin; izan ere:

Aurrera egiten du landa-ingurunearen babesean, euskal ondare natural eta kulturalaren funtsezko elementua den aldetik.

Balio estrategiko handiko lurren babesari heltzean, lehendabizi autonomia-erkidegoan kokatutako gune eta elementu interesgarrien benetako babesa ziurtatzen da.

Landa-ingurunea planifikatzeko eta arautzeko beste bitarteko batzuekiko koordinazioa ziurtatzen du, eta, horrenbestez, natura-balio handieneko elementuen babesa bermatzen da (hezeguneak, baso-zona autoktonoak, eta abar).

Ingurumen Hobekuntzako eremuen definizioaren bidez, degradatutako eremuak berreskuratzea eta leheneratzea sustatzen du.

Bestalde, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak sektorearentzat balio handiena duten lurrak babestera jotzen du; horregatik, hartatik ez da etortzen garapen-plan edo proiekturik, lurrak okupatu behar dituzten eraikinak eta/edo azpiegiturak jartzeko.

LPS hau bitarteko hertsiki sektoriala izan arren, haren edukietan ingurumen-alderdi ugari sartu dira, eta haien ezarpenak lurraldean dauden ingurumen-baliabideak babestuta geratzen direla bermatzen du, eta balioa ekartzen die elementu degradatuenei.

Horretara, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak ingurumen-helburu eta -irizpide hauek jasotzen ditu esplizituki bere edukian:

Nekazaritza- eta basozaintza-jarduerak txertatzen direla finkatzea, ingurumenaren kontserbazioa bermatzeko.

Nekazaritza-babesa ingurumen-babesarekin bateratzea.

Nekazaritza-lurra babestea, natura-ingurunearen zaintzari estu lotutako baliabide gisa.

Natura Baliabideak Antolatzeko Planen lerrun hierarkiko handiagoa bere egitea Babestutako Natura Guneen plangintzan, eta haiek Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren antolamendu-esparrutik kanpokotzat jotzea.

LAGetako babes bereziko guneetarako natura-baliabideak antolatzeko plan bat egitea komeni den erabakitzea.

Batera ematea LAGetan proposatutako natura-intereseko eremuen kartografia eta honako hauei buruzko beste informazio batzuk: Natura 2000 Sarea, Parke Naturalak, Biotopo Babestuak, Onura Publikoko Mendiak, eta abar.

Honako hauek gainjarritako baldintza moduan hartzea: Natura 2000 Sarea eta haren kudeaketa-planak, akuiferoen kalteberatasuna, higadura, korridore ekologikoen sarea eta paisaia.

Planak bere aplikazio-eremuan proposatutako antolamendua indarrean dagoen beste legeria batek ezarritako erabilera-araubidearekin bateratzea: jabari hidrauliko publikoa nahiz itsasoko eta lehorrekoa, eta babeseko zortasun-zonak, etab.

Plana LPSaren antolaketa-esparruan dauden natura antolatzeko tresnekin, lurraldea planeatzekoekin edo ingurumen-tresnekin koordinatzea.

Nekazaritza-lurraren babesa bateragarria izatea natura-baliabideak (oso bereziki, nekazaritza- eta baso-kategorietan dauden natura-balioko zonetakoak) zaintzearekin.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan behar bezala kontuan hartzea indarrean dauden ingurumen-araudia eta -plangintza.

Nekazaritza-lurzorua baliagarri bilakatzea, ingurumen-zerbitzuen beste hornitzaile bat izan baitaiteke.

Erabilera-gatazka handiena duten lurzoruetan lan egiten ari dela onartzea, lurzoru horien babesa azpimarratuta, natura-intereseko elementuetan kalterik sortu gabe.

183/2003 Dekretuaren eta 9/2006 Legearen arabera, LPSari ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura edo ingurumen-ebaluazio estrategikoa betetzea egokitu zaio. Prozesu horretan, kontsulta publikoen prozesua sartu da, eta ekarpenak egin dituzte lurraldearen osagaien kudeaketarekin zerikusia duten administrazio-eragileek, toki-, probintzia- eta autonomia-erakundeek eta, oro har, herritarrek. Prozesua hau izan da:

Aurrerapen-fasearen idazketa eta kontsultak: 4/1990 Legearen 13.4 artikulu-zatiaren arabera, 2001eko irailaren 18an, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren aurrerapen-dokumentua bidali zien administrazioko erakunde interesdunei, sindikatuei eta EAEko nekazaritza- eta basozaintza-sektoreko gainerako entitateei, alegazio, iradokizun eta proposamen egokiak egin zitzaten. Guztira, 35 alegazio jaso ziren, eta LPSa hasieran onartzeko dokumentua egiteko erabili ziren.

IIBEaren prozeduraren hasiera: 183/2003 Dekretua onartuta, Nekazaritza eta Basozaintzako LPS hasieran onartu baino lehentxeago, beharrezkoa izan zen planari prozedura hori aplikatzea. Aurrerapen-dokumentu bat bazegoenez, IIBE azterlan bat idatzi zen (2004), eta ingurumen-organoari ingurumen-inpaktuaren aurretiazko txostena emateko eskatu zitzaion zuzenean. Txosten hori Lurraldearen Antolamendu eta Biodibertsitate Sailburuordetzak eman zuen 2004ko maiatzaren 26ko ebazpen bidez.

LPSaren hasierako onarpenaren ondoren (2005eko urtarrila), jendaurreko informazio-izapidea eta administrazioei entzutekoa abiatu zen. Guztira 46 alegazio jaso ziren (haietako bat epez kanpo), eta lan teknikoa egiteko prozesua hasi zen, eta, horrenbestez, entitate jakin batzuen parte-hartze handiagoa.

Azkenean, 2009an erantzun zitzaien LPSaren hasierako onarpenaren ondoren jasotako alegazioei, eta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa behin-behinean onartzeko dokumentua prestatu zen.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa behin-behinean onartu zen 2010eko azaroaren 8ko agindu bidez.

Dokumentuan aldaketa formal batzuk gertatu ziren (araua artikulutan adieraztea), eta gainera, beste aldaketa batzuk egin ziren nekazaritzan, ingurumenean eta lurraldearen antolamenduan eskumenak zituzten eta inplikatuta zeuden herri-administrazioen arteko bilera teknikoen ondorioz (diputazioak eta Eusko Jaurlaritza).

2012ko martxoaren 5eko ebazpen bidez, Ingurumen Sailburuordetzak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostena egin zuen.

EAEko Lurraldearen Antolamendu Batzordeak LPSaren aldeko irizpena eman zuen 2012ko urriaren 11n egin zuen 4/2012 osoko bilkuran.

Ingurumen-zehaztapenak plangintzaren hasieratik gehitu dira. Nolanahi ere, parte hartzeko prozesuaren eta ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozeduraren ondorioz, honako hauek gehitu zaizkio LPSaren dokumentuari (garrantzitsuenen laburpena jaso da; hala ere, guztiak IJTan eta haren 2011ko uztaileko eta 2012ko urriko gehigarrietan berrikus daitezke):

Nekazaritza-babesaren eta ingurumen-babesaren bateragarritasuna jasotzea, LPSaren xede nagusietako bat den aldetik. Natura-inguruneari buruzko eduki zabalak, hura balioestea eta haren babesa baliabidearen aprobetxamendu jasangarriarekin bateragarria izatea sustatuz.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren eta beste ingurumen-plangintza baten arteko koordinazioa hobetzea: Natura 2000, Zona Hezeen LPSa, eta Ertzaren Babes eta Antolaketaren LPSa, zehazki; hori guztia araudiaren 3. eta 5. artikuluetan garatzen da.

Ingurumen-araudiaren gaineko erreferentziak jasotzea; zehazki, Mendiei buruzko 43/2003 Legearen gainekoa. Ildo horretan, Onura Publikoko Mendiak eta Mendi Babesleak gainjarritako baldintza lotesle gisa jasotzen dira, eta berariaz aipatzen da beharrezkoa dela baliabidearen aprobetxamendua jasangarria izatea.

Azpimarratzen da beharrezkoa dela udal-plangintzak babes bereziko kategoria zedarritzea, eta hartan udalerriko natura-balio handieneko elementuak sartzea, LAGen arabera.

Bereziki aipatzea heskaiak, ezpondak eta nekazaritza-matrizean txertatutako antzeko elementuak, babes berezia behar duten elementu gisa.

Flora exotiko inbaditzailea duten guneak leheneratu beharreko ingurumen-hobekuntzako gune gisa aitortzea, espezie horiek errotik kenduta.

Ingurumen-balio handieneko kategoriak (baso-kategoriak) babestea matrizean arautuz. Gaiak lotesleak ez izan arren, azpimarratzen da zaindu behar direla ingurumen-balioak kategoria horietan; batzuetan, are nekazaritza-lurren kaltetan ere.

Matrizean 3a bezala markatutako erabilerak «nahi ez izateko» erabilerak direla argitzea, eta, horretarako, interpretazio murriztaile eta salbuespenezkoa sustatzea onartzeko aukera izanez gero.

Ingurumen-organoak LPSa garatzeko plangintzan kontuan hartzekotzat jota proposatutako gidalerroak eta neurriak onartzea, IJTaren 2. gehigarrian jasoz (2012ko urria).

Parte hartzeko prozesuan sortutako gaiez gain, IJTak berak zenbait neurri proposatu ditu LPSan edo uda-plangintzan jasotzeko haien garapenean, nekazaritza eta basozaintzako erabileren portaera hobetzeko eta detektatutako inpaktuak minimizatzeko. Kontu horiek zerikusia dute lur-baliabidearen babesarekin, bereziki higadura-arriskua duten eta akuiferoak kalteberak diren inguruetan, eta zerikusia dute, halaber, ekoizpen ekologikoa eta integratua sustatzearekin, nekazaritza jasangarriaren oinarri teknikoa delako, eta beharrezkoa delako klima-aldaketaren gaineko eragina minimizatzeko.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa (IEE) prozesu dinamikoa izan da: ingurumen-organoarekin bilerak egin dira LPSaren behin-behineko onespenetik aurrera, eta etengabeko ingurumen-ebaluazioak berak dokumentua aldatzeko aukera eman du.

Hala, ingurumen-organoak eskatutakoaren ondorioz, behin betiko onartzeko aurkeztu den LPSan eduki osagarri batzuk sartu dira, LAGetako Babes Berezia kategoriari dagozkionak, hori udal-plangintzan behar bezala identifikatzen eta ezartzen dela ziurtatzeko. Bestetik, LPSaren behin-behineko onespenari buruzko dokumentuaz egin zen ingurumen-ebaluazio zorrotzaren ondorioz, planean aldaketa batzuk egiteko proposamena egin zen, eta planak bere edukietan txertatu ditu, bere proposamenen ingurumen-portaera hobetzeko.

Nekazaritza eta basozaintzako LPSaren izapidetze-fase guztietan sartu diren ingurumen-arloko aldaketak deklarazio honetan laburbiltzen dira, eta kontsultatzeko moduan daude IJTaren 4. eta 6. ataletan eta haren 2011ko abenduko eta 2012ko urriko gehigarrietan.

Ingurumen-inpaktuaren behin betiko txostenak berak (IIBBT) III. atalean adierazitakoa alda daiteke hona: «IIBEari buruzko azterlanean egindako ebaluazioa ingurumen-eragin nagusien identifikazio egokitzat jotzen da, eta gauzatutako prozesuak berekin ekarri du, gainera, LPSak zehaztapen batzuk aldatzea eta bere garapenak berriz definitzea, eraginak ekiditeko edo minimizatzeko, planean jasota dauden ingurumenari buruzko iritziak zabaltzeko erabakitako neurriak barne hartuta». Ingurumen-organoak IIBBT horretan ematen dituen gidalerro eta gomendio gehigarriak berariaz jasotzen eta laburtzen dira IJTaren 2012ko urriko gehigarrian.

Era horretan, ingurumen-alderdiak Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan kontuan hartzea balioztatzen da.

http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/D_2014_PTSA/PTSA_mapak.json&lang=eu

http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/D_2014_PTSA/AENA_mapak.json&lang=eu

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.