Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

158/2014 DEKRETUA, uztailaren 29koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 148
  • Hurrenkera-zk.: 3497
  • Xedapen-zk.: 158
  • Xedapen-data: 2014/07/29
  • Argitaratze-data: 2014/08/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

2000. urteko lehen hamarraldian, egoera ekonomikoa aldekoa zelarik, euskal industria egitura-aldaketa garrantzitsu bat gauzatzeko gai izan zen eta, horrela, bere lehiakortasunaren hainbat alderdi hobetu ahal izan zituen, hala nola, teknifikazio- eta berrikuntza-maila, merkatu berrietan zuen tokia, sinergien aprobetxamendua eta enpresa-aliantzak ugaltzea. Faktore horiei esker enpresen akzio-egitura aldatu zen, balantzeetako finantza-egoera sendotu zen, kudeaketa-teknologia berriak sartu ziren eta giza baliabideen kudeaketa arrazionalago bat egin ahal izan zen, besteak beste.

Hala eta guztiz ere, aipatutako moduan egituratutako euskal industria-sareak ezin izan dio 2008. urtean lehertutako krisi sakonetik kanpo eutsi. Krisi horren ezaugarrien artean, merkatuaren neurria modu adierazgarrian murriztu izana da aipagarrienetakoa. Gainera, aldi berean, kostu urriko herrialdeetako ekoizpen-enpresa berri eta indartsuak erantsi zaizkio merkatuari eta, horren ondorioz, asko jaitsi dira fakturazio-marjinak zein -bolumenak.

Enpresa askok, egoera horri aurre egiteko, doikuntza-neurriak abiarazi dituzte merkatuko errealitate berrira moldatzen saiatzeko eta, horrela, beren jarduera- eta lan-kostuak murriztu dituzte, bai eta beren ekoizpen-ahalmena berrantolatu edo urritu ere.

Enpresa batzuen moldaketa partziala izan da, ordea; beste batzuek, berriz, lehiakortasunari dagokionez beren egoera birbideratzeko gai izan badira ere, hainbat finantza-desoreka dituzte, epe ertain eta luzean beren bideragarritasun-aukerak baldintzatzen dituztenak.

Eusko Jaurlaritzak, moldaketa-prozesu horretan buru-belarri diharduten enpresaburu eta langileek beren gain hartutako ahaleginetan lagundu nahian, sendotu egin nahi ditu produktua eta merkatua edukitzeagatik lehiakorrak izan daitezkeen arren, aurreko egoera gaitz haren ondorioak jasaten ari diren enpresa edo jarduera-sektoreak. Edo, beste modu batean esanda, moldaketa-neurriak aplikatzeko egindako finantza-ahaleginen ondorioz, orain sendotze- eta garapen-proiektu berriak abian jartzeko finantzaketa bilatzeko zailtasunak dituzten enpresak. Izan ere, kreditu-murrizketa orokortutako fenomenoa da.

Gauzak horrela, lehiakortasun askean erakundeen esku-hartzea minimizatzeko irizpidean oinarrituta, lehiakortasun-baldintzak azkar eta egonkorki berrezartzen lagunduko duten finantza-tresnak garatzearen eta aplikatzearen alde egin du Eusko Jaurlaritzak, zailtasun-egoeratik irteteko prozesu formalak azkartuz eta inplikatutako alderdi guztiei etorkizunera begira benetako konpromisoak eskatuz.

Hala, bada, krisiak jotako enpresak berregituratzera eta berrabiaraztera bideratutako laguntzak emateko araubideak nahitaez men egin behar die Krisialdiak jotako Enpresen Salbamendu eta Berregituratzeen Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Jarraibideei buruzko Batzordearen Jakinarazpenean bildutako printzipioei (EBEO Europar Batasuneko Egunkari Ofiziala 2004/C 244/02). Jarraibide horiek 2009/C 156/02 Jakinarazpenak 2013ko urriaren 9ra arte luzatu zituen eta, ondoren, Europako Merkataritza Askearen Elkarteko Zaintza Organoaren 438/12/COL Erabakiak, 2013ko azaroaren 28koak, laurogeita seigarren aldiz estatuko laguntzen arloko funtsezko arauak eta horien prozedurak aldatzen dituenak.

Araubide horrek kontuan hartzen eta errespetatzen ditu, orobat, aplikatu beharreko Europako Zuzentarauak, eta Europar Batasunak ezarritako laguntza-tipologiara egokituta dago, baita laguntza horiek baimentzeko oinarrizko baldintzetara ere. Europako Batzordearen C(2013) 6924 azken Erabakiak, 2013ko urriaren 22koak, ondorioztatzen du proiektua bat datorrela barne-merkatuarekin, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunak 107.3 artikuluko c) paragrafoan ezarritakoaren babesean.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko industria-arloan laguntza-programa bat ezartzea da, krisiak jotako enpresak berregituratzera eta bultzatzera bideratuta.

  1. Aurreko artikuluan azaldutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoak sustapen-neurriei ekonomikoki eustera bideratutako kredituetatik hartuko dira, neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean jasota baitaude.

  2. Programaren helburua da laguntzak eskatzen direnetik ematen direnera arte ahalik eta denbora gutxien igarotzea, eta, beraz, laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatzen den unearen arabera, eta laguntzek dagokion urteko deialdian zehaztutako eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoa gainditzen badute, administrazioko ebazpen bidez ukatuko dira. Zenbateko horrek ezin izango du gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi bakoitzerako jasotako sustapen-neurrietara bideratutako ordainketa- eta konpromiso-kredituen zuzkiduren batura. Horregatik, programa hau indarrean dagoen bitartean, baldin eta ekonomia-ekitaldiren batean zenbateko horretara iristen bada, egoera horren berri emango du Industria Sailburuordetzak: administrazio-ebazpen bat argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, diru-zenbatekoa zein egunetan agortu den adieraziz.

  1. Krisiak jotako enpresek epe ertain eta luzera bideragarritasuna berrezartzeko egindako berregituratze-planen barruan, industria- eta finantza-arloa berregituratzeko eta bultzatzeko neurriak gauzatzea sustatuko da.

    Diruz lagun daitezke artikulu honen hurrengo ataletan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta enpresak errentagarri bilakatzeko horiek berregituratzera eta jarduerak arrazionalizatzera bideratutako ekintzak biltzen dituzten planetan sartutako neurriak aplikatzetik eratorritako kostuak, hala nola, jarduera defizitarioak murriztea edo uztea, lehiakortasuna berreskura dezaketen jarduerak berregituratzea edo jarduera errentagarri berrietara dibertsifikatzea.

  2. Hona hemen zer baldintza bete behar dituen berregituraketa-planak:

    1. Planean jasotako neurriak aplikatzeko epeak ahal bezain laburra izan beharko du, eta horri esker arrazoizko denbora-tarte batean berrezarri beharko da enpresaren bideragarritasuna, etorkizuneko esplotazio-baldintzei buruzko hipotesi errealistetan oinarrituta.

    2. Bideragarritasunaren hobekuntzak berregituratze-planean jasotako barne-neurrien emaitza izan beharko du; nolanahi ere, enpresaren eraginaz kanpoko faktore batzuetan ere oinarritu ahalko da, adibidez, prezioen edo eskariaren igoeran, baldin eta, planean jaso beharreko merkatu-azterlanean egin diren merkatuari buruzko hipotesiek gehiengoaren onespena badute.

    3. Alderdi hauek hartu beharko ditu aintzat: enpresaren zailtasunak eragin dituzten inguruabarrak, dena delako produktuek merkatuan duten eskaintza eta eskariaren egoera, eta aurreikus daitekeen bilakaera, beti ere, hipotesi baikorrak, ezkorrak eta bitartekoak adierazita eta enpresaren alderdi indartsuak zein ahuleziak kontuan hartuta.

    4. Gauzatu ondoren enpresaren kostu guztiak estaltzeko gai izango den aldaketa bat proposatu beharko du, amortizazioari eta finantza-kargei dagozkien kostuak barne.

  3. Era berean, berregituraketa-planean honako hauek adierazi beharko dira:

    1. Plana gauzatzen den bitartean enpresa onuradunak bere ekoizpen-ahalmena areagotuko ez duela dioen konpromisoa.

    2. Zer baliabide dituzten enpresa onuradunek kapital-ekarpenak, maileguak, bermeak edo beste baliabide-mota batzuk berregituraketa-plana gauzatzen laguntzeko.

  4. Onartutako berregituratze-plana eta emaniko laguntzen zenbatekoa aldatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta berrikusitako berregituratze-planak helburutzat badu arrazoizko epe baten buruan bideragarri izatera itzultzea. Batzordeari berregituratze-planean baimenduriko aldaketa oro jakinarazi beharko zaio.

    Berregituratze-planean eginiko aldaketen gaineko baimenak honako arauak bete beharko ditu:

    1. Berregituratze-plana aldatzeak berekin badakar laguntza hori handitzea, eskatzen den edozein berregituraketa-neurri edo kontrapartidak hasieran eskatutakoak baino garrantzi handiagoa izan beharko du.

    2. Berregituratze-plana aldatzean proposatutako berregituratze-neurriak edo kontrapartidak hasieran ezarritakoak baino txikiagoak badira, proportzioan murriztuko da laguntzaren zenbatekoa.

    3. Proposatzen den aldaketak berekin badakar kontrapartidak gauzatzeko egutegi berria ezartzea, enpresari egotzi ezin zaizkion arrazoiek eraginda soilik atzeratu ahal izango da egutegia hasiera batean ezarritakotik.

  1. Merkataritza-baldintzen gaineko ondorio negatiboak ahalik eta gehien murrizteko helburuz, enpresa ertainek kontrapartidak sartu behar dituzte. Eskaera, bestela, «guztien interesen aurkakotzat» joko da, eta ondorioz, bateraezina izango da merkatu bateratuarekin. Kontrapartiden egokitasuna zehaztean, kontuan hartuko da epe luzera bideragarritasuna berrezartzeko helburua.

  2. Neurri horietako batzuk izan daitezke aktiboak saltzea, enpresaren neurria edo merkatuan duen tokia murriztea, eta dagozkion merkatuetan sartzeko oztopoak gutxitzea. Kontrapartidak egokiak diren ebaluatzean, kontuan hartu beharko dira merkatuaren egitura eta lehiaren baldintzak, neurri hauetariko batek ere merkatuaren egitura okertzen ez duela bermatzeko, adibidez, ziurtatuz ez duela zeharka monopolio edo oligopolio murritzeko egoerarik eragiten. Egoera hau sortuko dela egiazta badaiteke, ezarritako kontrapartidek helburutzat izan beharko dute halakorik saihestea.

  3. Lehiaren gaineko faltsutze bidegabeei aurrea hartzeari dagokion beste edozein gaitarako, kontuan hartuko da Batasuneko Jarraibideek ezarritakoa, krisialdiak jotako enpresen salbamendu eta berregituratzeen Estatuko laguntzei buruz (2004/C 244/02).

  1. Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta lantokia edo esplotazio-zentroa ere Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

    2. Erauzteko, eraldatzeko, ekoizteko eta beren ekoizpen-prozesuarekin lotutako zerbitzu teknikoetako jardueretan (produktuari zein prozesuari lotutakoak) diharduen industria-enpresa izatea, baita informazio- eta komunikazio-gizartearen arloko jardueretan ere.

    3. Enpresa txiki edo ertaina izatea (ETE), 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak, enpresa txiki eta ertainak zehazteari buruzkoak, ezarritako irizpideen arabera. Hala bada, enpresa txiki edo ertaintzat joko dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

      1. 250 langile baino gutxiago izatea.

      2. Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa izatea, edo bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi eurokoa izatea.

        Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak bete beharko ditu aurreko betebehar horiek.

        Aurrez aipatutakoaren beste edozein interpretaziorako, 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan, enpresa txiki eta ertainak zehazteari buruzkoan (EBEO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa), edo hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritakoa hartuko da kontuan.

    4. Laguntzak eskatu aurreko bi ekitaldietan, beheko bi baldintza hauetako bat betetzea, gutxienez:

      1. Ekitaldi bakoitzean zehar enplegatutako langileen batez besteko kopurua 40tik gorakoa izatea.

      2. Aktiboko partiden guztizkoak 1,5 milioi euro gainditzea.

      1. Urteko negozio-zifraren zenbateko garbiak 3,0 milioi euro gainditzea.

    5. Krisiak jota egotea, beren finantza-baliabideen bidez edo akzionista zein hartzekodunak emateko prest dauden baliabideen bidez enpresak ezin dituelako galerak estali eta, kanpoko esku-hartzerik ezean, galera horiek epe labur edo ertainean desagerpen-ekonomikora eramango dutelako.

      Bereziki, Dekretu honen ondorioetarako eta Krisialdiak Jotako Enpresen Salbamendu eta Berregituratzeen Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Jarraibideek (2003/C 244/02) aurreikusitakoaren arabera, enpresa txiki edo ertain bat krisiak jota dagoela ulertuko da ondoko hiru irizpideetako bat betetzen badu:

      1. bazkideek erantzukizun mugatua duten sozietate bat izanik, sinatutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada, eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo

      1. erantzukizun mugagabea duen sozietatea izanik, sozietate horren berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada, sozietatearen liburuetan azaltzen denaren arabera, eta funtsen laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo

      1. enpresa mota guztiei dagokienez, porrot- edo kaudimen gabeziako prozeduraren eraginpean hartzeko baldintza guztiak betetzen badituzte.

  2. Ezin izango dute Dekretu honetan araututako laguntzez baliatu:

    1. Enpresa eratu berriak, batez ere lehengo enpresa bat likidatzean edo haren aktiboak bereganatzean sortutako enpresa berriak, nahiz eta hasierako finantza-egoera larria izan.

      Arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, enpresa bat berria dela esaten da dagokion jarduera-sektorean operazioak egiten hasi ondoko hiru urteetan.

      Ondorio berberetarako, ez da enpresa eratu berritzat joko enpresa batek beste enpresa bateko aktiboak eta, hala badagokio, pasiboak eskuratzeko asmo bakarrarekin sorturiko filiala.

    2. Talderen bateko kide diren enpresak, non eta ez diren gai egiaztatzeko zailtasun horiek beraiei dagozkiela eta ez taldearen hautazko kostuei.

    3. Aspaldidanik gehiegizko egitura-gaitasuna duen merkatuan diharduten enpresak, Batasuneko sektore anitzeko Jarraibideen testuinguruan definitzen denaren arabera, inbertsio-proiektu handietarako eskualde-laguntzei buruz.

  3. Dekretu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea, bai eta eskatzaileak administrazio horrekin exekuzio-aldian zorrik ez izatea.

  4. Laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileak ez du egon behar zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoari men eginez.

  5. Horrez guztiaz gainera, eskatzaileek Dekretu honen 11. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

Ezin izango dute Dekretu honetan araututako laguntzetara jo:

  1. Estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik laguntza ez-legezko edo ez-bateragarriren bat jaso duten enpresek: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), salbu eta itzuli egin badituzte edo kontu blokeatu batean gordailutu badituzte interes eta guzti.

  2. Beren 2001eko uztailaren 11ko eta 2001eko abenduaren 20ko erabakietan lurralde historikoetako zerga-erregimenen esparruan bidegabeki emandako laguntzak kreditu edo «opor fiskalen» eran itzultzearen ondoriozko galera ekonomikoak konpentsatzeko diru-laguntza hauek baliatuko dituzten enpresek.

  3. Europar Batasuneko Fundazio Itunaren I. eranskineko produktuekin lotutako jarduerak eta Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoko Ituneko sektoreak.

  4. Dekretu honetan araututako laguntzek sektore hauetan dauden erkidego-arau bereziei men egin beharko diete: zuntz sintetikoak, ontzigintza, motordun ibilgailuak eta garraioa.

  1. Agindu honetan araututako laguntzak itzultzekoak diren aurrerakinen bidez gauzatuko dira.

  2. Emandako laguntzaren zenbatekoa planean sartutako berregituraketa-neurrien kostu osoaren % 50era iritsi ahalko da, 1.000.000 euroko gehienekora iritsi arte, baldin eta laguntzen onuradunak proportzio bereko ekarpena egiten badu bere baliabideetatik neurri haiek finantzatzeko; horretarako, enpresaren biziraupenerako nahitaezkoak ez diren aktiboak saldu ahalko ditu, edo kanpo-finantzazioa lortu ahalko du unean uneko merkatu-baldintzetan.

    Laguntzaren zenbatekoa eta intentsitatea berregituraketa egin ahal izateko behar-beharrezkoak diren berregituraketa-kostuetara mugatuko da, beti ere, enpresaren, horren akzionisten edo kide den enpresa-taldearen finantza-eskuragarritasunaren arabera.

    Laguntza itzuliko dela bermatze aldera, eta enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonala alde batera utzita, sozietateak laguntza itzuliko duela bermatzeko dituen ondasun eta eskubideak aitortu beharko ditu. Halakorik balego, laguntza ordaindu baino lehen eratu beharko du bermea enpresa onuradunak.

  1. Dekretu honetan ezarritako laguntzak bateragarri izango dira beste Erakunde edo Administrazio Publikoek helburu berbererako emaniko beste laguntza batzuekin. Laguntzaren zenbatekoak, beste laguntza edo diru-laguntzekin bateratuta, artikulu honen 2. idatz-zatian ezarritako mugak gainditu ahal izango ditu.

  2. Onuradun batek jasotako berregituratze-laguntza guztien kapital-ekarpenak, aurrerakin itzulgarriak, maileguak, bermeak, zor-barkatzeak, zerga-kenkariak edo Gizarte Segurantzarako kotizazio-murriztapenak baturak 10 milioi euro gaindituko balitu, Europako Batzordeak eman beharko luke aurretiazko baimena arau honetan ezarritako laguntzak esleitzeko, Krisialdiak jotako Enpresen Salbamendu eta Berregituratzeen Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Jarraibideen 4.5 puntuan ezarritakoaren arabera.

  3. Krisialdiak jotako enpresa bati laguntza bidegabe bat aitortu bazaio aurrez, eta Batzordeak horri buruzko erabaki negatiboa hartu eta laguntza hori berreskuratzeko agindua eman arren eskuratu ez badu, EE Ituneko 93. artikuluko aplikazio-xedapenak ezartzen dituen 1999ko martxoaren 22ko Kontseiluaren 659/1999 (EE) Erregelamenduko 14. artikuluaren arabera, orduan, enpresa horri berari Dekretu honen arabera emango zaion laguntzaren ebaluazioan, kontuan hartu beharko da, lehenik, bi laguntzen ondorio metagarria zaharraren eta berriaren artekoa, eta bigarrenik, lehendabizikoa ez dela itzuli.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako berregituraketa-laguntzak behin bakarrik emango dira, eta ezingo da beste berregituraketa-laguntzarik eman azken berregituraketatik hamar urte igaro diren arte.

  2. Arau horri ez dio eragingo laguntza eman ondoren enpresa onuradunaren jabetzan aldaketaren bat izateak, ez eta epaitegiko edo administrazioko prozeduraren baten ondorioz enpresaren balantzea saneatzeak, enpresaren kredituak murrizteak edo aurreko zorrak likidatzeak. Izan ere, gisa horretako egoeretan enpresa beraren jarraipena besterik ez litzateke.

  3. Aurreko hori gora behera, enpresa batek beste baten aktiboak hartzen baditu eta beste enpresa horretan aurreko atalean aipatutako prozeduraren bat aplikatu bada, edo porrot- zein kaudimen gabeziako prozeduraren bat, eta salbamendu- edo berregituraketa-laguntza bat jaso badu, enpresa erosleak ez du laguntza bakarraren baldintza bete beharko baldin eta:

    1. Erosleak ez badu inolako loturarik beste enpresa horrekin.

    2. Beste enpresak merkatu-prezioan saldutako aktiboak eskuratu baditu.

    3. Likidazioa edo berreskurapena edo xurgapena laguntza bakarraren printzipioa aplikatzea eragozteko formulak besterik ez badira.

Dekretu honetan arautzen diren laguntzak urtean behin egingo den deialdiaren bidez iragarriko dira eta publizitate-, lehiatze- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira, betiere espedientea osatuta dagoen unearen arabera, deialdiaren teknika erabili gabe, Dekretu honetako 2.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Industria sailburuordearen Ebazpenaren bitartez egingo da deialdia, eta honako hauek zehaztuko dira bertan: ekitaldi horretan emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokiak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe. Urteko deialdietan aurreikusten diren eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoaren igoera, hala badagokio, Industria sailburuordearen Ebazpenaren bitartez aplikatuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

  1. Dekretu honetan ezarritakoari jarraiki, Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituzten enpresek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, dagokion deialdian jasoko den ereduaren arabera, bai eta bestelako dokumentazio gehigarria ere.

    Aipatutako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta, eta Interneteko helbide honetan ere jasoko da, deskargatu ahal izateko: www.euskadi.net

    Eskabidea erakunde eskatzailearen ordezkari izateko lege-gaitasuna duen pertsonak sinatuko du, eta eskabide bakar bat baliatuko da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduera guztietarako.

  2. Eskatzaileek, eskabide-orria betetzeaz gainera, Berregituraketa Plan bat aurkeztu beharko dute, gutxienez datu hauek jasotzen dituena:

    1. Enpresaren azken urteetako bilakaera eta egungo egoera.

    2. Enpresa krisialdira eraman duten faktoreen azterketa.

    3. Merkatuaren bilakaeraren gaineko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen diren hipotesiena.

    4. Plan Estrategikoaren proposamen bat, aurreikusitako berregituraketa-neurriak eta horien kostuak barne hartuko dituena.

    5. Enpresa desagertzeak eskualdean edo herrialdean izan ditzakeen ondorio ekonomiko eta sozialen azterketa konparatiboa.

    6. Neurriak aplikatzeko egutegia eta berregituraketa-plana osoki gauzatzeko epea.

    7. Aplikatu beharreko finantza-neurrien deskribapen xehea, enpresako akzionisten finantza-konpromisoak barne (kapital-ekarpenak, zorrak barkatzea, maileguak, bermeak eta baliabideak emateko beste modu batzuk).

    8. Emaitza-kontuen hurrengo bost urteetarako aurreikuspena, enpresaren funtsen errentagarritasunaren kalkuluarekin eta sentiberatasun-analisiarekin, hainbat hipotesitan oinarrituta.

    9. Berregituraketa-planean ezarritako neurriak gauzatzeko lan-akordioa, bereziki neurri horiek langile-murrizketa barne hartzen badute.

    10. Laguntzak eman ondoren dibidendu-banaketa egingo ez delako konpromisoa, ez eta berregituraketa-plana gauzatzeko epean ere.

    11. Laguntza eman ostean eta data horretatik zenbatzen hasita hiru urteko epean enpresak hirugarrenei akzioak besterentzen badizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar, enpresak Eusko Jaurlaritzari aurretiaz baimena eskatuko diola adierazten duen konpromisoa.

  3. Halaber, honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

    1. Enpresaren eraketa-eskrituraren fotokopia, bai eta estatutuena ere, eskumeneko erregistroan behar bezala inskribatuta, eta ondorengo aldaketena, halakorik balego.

    2. Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

    3. Eskatzailearen ordezkatze-ahalordearen fotokopia.

    4. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

    5. Zerga-betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.

    6. Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Ikuskatuen fotokopia; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenen fotokopia.

    7. Erantzukizun-aitorpena, enpresaren aktiboak osatzen dituzten ondasunak edo eskubideak zehazten dituena, ekoizpen-prozesuari lotuta dauden edo ez gorabehera, eta balorazio-irizpide orokorren araberako balioespen eguneratua jasotzen duena, bai eta haien kargen zehaztapena ere.

  4. Enpresa eskatzaileak gezurrezko daturen bat ematen badu eskaeran eta, bereziki, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.

  5. Nolanahi ere, aurkezten diren eskaerak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat joko dituen dokumentu eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzak enpresa eskatzaileari.

  6. Ez da aurkeztu beharrik izango dagoeneko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko du eskatzaileak zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei men eginez.

  7. Eskatzaileek eurek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Aurkeztutako eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat hautematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, egin beharreko zuzenketak egin ez badira, Industria Garatzeko zuzendariak eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango du, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42. eta 71.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  1. Urteroko deialdian eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Industria Garatzeko Zuzendaritzak hiru hilabeteko epean egin eta jakinaraziko du administrazio-ebazpena, eta ebazpen horretan zehaztuko ditu, laguntzaren zenbatekoaz gainera, laguntzaren xede diren berregituraketa-neurriak, horiek gauzatzeko epea eta laguntzen onuradunek beren aldetik jarri behar dituzten baliabideak.

    Berregituraketa-neurriek hainbat urte irauten badituzte eta, laguntzen onuradunak egin beharreko ekarpenak ere hainbat urtetan gauzatzekoak badira, laguntzak emateari buruzko ebazpenak egutegi hori ere zehaztuko du.

    Atal honetako 1. paragrafoan adierazitako epea bukatu ostean ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, enpresa eskatzaileak bere eskabidea onartu dela ulertu ahal izango du. Nolanahi ere, eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena eman behar luke administrazio-organo aginpidedunak, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 43. artikuluan. Halaber, eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, eskatutako laguntza ukatzeko ebazpena emango du Industria Garatzeko Zuzendaritzak.

  2. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industriako sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.

  3. Diru-laguntzak emateko ebazpenak eskatzaileetako bakoitzari eta Socade - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak onartu zuenak, 49.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dekretu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

  2. Berregituraketa-planean sartutako neurriak bete eta justifikatzea. Hilabete baten buruan justifikatu beharko da neurriak gauzatu izana, gehienez ere, neurri horiek burutu ondoren; horrez gainera, onartutako planean jasotako gauzatze-epea bukatzen denean enpresak gauzatze-maila justifikatzeko txosten bat aurkeztu beharko du.

  3. Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea; ez beste ezertarako.

  4. Plana gauzatzen ari den bitartean eta laguntza itzultzeko epea bukatu arte, enpresaren urteko kontuen txostena ere ikuskatuta bidali behar da, txostena onartu eta ondorengo hilabeteko epearen barruan.

  1. Era berean, enpresa onuradunak dokumentazio osagarria ere bidali beharko du Industria Sustatzeko Zuzendaritzara, halakorik eskatzen bazaio, Administrazioak egoki iritzitako egiaztapen guztiak egin ahal izan ditzan berregituraketa-planaren garapenaz eta burutzapenaz.

  1. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Dekretu honi lotuta emandako laguntzak direla-eta beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia izan behar dute eskuragarri.

  2. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.

Laguntza ordaindu ahal izateko, enpresak berak berregituraketa-neurriak finantzatzen laguntzeko egindako ekarpenen justifikazioa aurkeztu beharko du lehenik Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzan, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zein Ogasunarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak ere.

Laguntza ordainketa bakarrean edo hainbat zatitan ordaindu ahalko da, laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren onuradunaren ekarpenen arabera.

Socade - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari ere jakinaraziko zaio Industria garatzeko zuzendariaren ebazpena, enpresa onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa, osoa zein partziala, zein den ezartzen duena; izan ere, erakunde laguntzaile eta kudeatzaile gisara, hark ordainduko dio laguntza enpresari.

Prozedura honen bitartez itzuliko da diru-laguntza:

  1. Itzultzearen hasiera.

    Laguntzaren xede den berregituraketa-planean ezarritako neurriak aplikatu ondoren hasiko da enpresa aurrerakinak itzultzen. Itzultzea aldian-aldian gauzatuko da, Socade - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatearen kontu-zenbaki batean, itzultzea dagokion ekitaldi bakoitza bukatu ondorengo bi hilabeteetan.

  2. Itzultzeko epea.

    Bost urteko epea ezarri da itzuli beharreko aurrerakina itzultzeko, berregituraketa-plana bukatu ondorengo lehen ekitaldia izanik lehen ordainketaren kalkulua sortzen duena, eta horrela ondoz ondoko bost ekitaldietan. Lehen itzultzea bigarren urteko lehen bi hilabeteetan egingo da, plana bukatu den ekitalditik zenbatzen hasita, eta gainerakoa ondoz ondoko bost urteetan.

  3. Itzultzearen urteko zenbatekoa.

    Modu honetan kalkulatuko da enpresa onuradunak urtero ordaindu beharreko zenbatekoa:

    1. Aurrerakinaren herena kopuru finkoa izango da, eta heren horren bosten bat itzuli beharko da urtero.

    2. Beste bi herenak aldagarriak izango dira, EBITDAren (Earnings Before Interest, Taxes, Depreciation and Amortization: Irabaziak, Interes, Zerga, Balio-galera eta Amortizazio aurretik) % 20aren arabera, edo ekitaldiko negozio-zifraren zenbatekoaren % 5aren arabera, Kontuen Plan Orokorrean zehaztu gisara; horrela, bi zenbateko horietatik txikiena itzuliko da, baina, ordaindu beharrekoa inolaz ere ez da izango ekitaldiko negozio-zifraren zenbatekoaren % 2 baino txikiagoa.

      Kopuru aldagarria itzultzeko betebeharra aurrerakinaren zati hori aurrerapenez kitatu delako amaituko da, edo bost urteko epea igaro ondoren ezarritako formularen bitartez osorik berreskuratzerik izan ez delako.

  4. Itzultzeak egin ondoren, enpresak agiri hauek bidaliko ditu Industria Garatzeko Zuzendaritzara: autolikidazio-txostena, banku-transferentziaren kopia eta itzultzearen autolikidazioa kalkulatzeko erreferentziatzat hartu den Esplotazio Balantzea eta Kontua, banakaturik. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenetan, aurreko ekitaldietan egindako itzulketen aipamena egingo da.

    Diferentziak hautematen direnean, hurrengo autolikidazioan orekatuko dira. Diferentzia Administrazioaren aurkakoa bada, hurrengo ekitaldiko autolikidazioan konpentsatuko da hura; edozelan ere, enpresa onuradunak autolikidazio okerra egin zuen egunetik aurrera sortutako legezko interesak aplikatuko dira. Diferentziak azken autolikidazioan aurkituko balira, enpresa onuradunak, hiru hileko epean, autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu egin beharko luke, eta dagokion kopurua itzuli, baita autolikidazio okerra egin zenetik ezargarriak diren legezko interesak ere. Hori guztiori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoa Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, xedatutakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzak izango du Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lanak egiteko ardura, hurrengo kapituluan xedatutakoaren arabera Socade - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari agintzen zaizkion egitekoei eragin gabe.

  1. Socade - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea SA erakunde laguntzaile gisara jardungo da Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko lanetan, erakunde horrekin sinatu beharreko lankidetza-akordiotik eratorriko diren baldintzetan; besteak beste, Dekretu honetan aurreikusitako zehaztapenak jaso beharko dira akordio horretan eta, beti ere, arau hauetan ezarritakoari men eginez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 52. artikulua, eta abenduaren 20ko 4/2013 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituenaren, bigarren xedapen gehigarria.

  2. Socade - Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

    2. Dagozkion ekintzak bideratzea beharrezko bermeak formalizatu eta kudeatzeko, hala dagokionean.

    1. Itzuli beharreko zenbatekoak jasotzea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondasun-arloan eskumena duen organoarekin lankidetzan jardutea dagokion bermeak gauzatzeko, bai eta horietatik eratorritako aktiboak kudeatzeko ere.

    2. Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea garatzea.

    3. Jakinarazpenak bidaltzea aldian-aldian Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailera kontabilitateari eta gerta daitezkeen gorabeherei buruz.

Onuradunak ez badu betetzen laguntza emateko ebazpenean, Dekretu honetan, eta aplikatzekoak diren gainontzeko manuetan jasotako baldintzaren bat, kobratzeko dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galduko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuru guztiak itzuli eta dagozkion legezko interesak ordaindu beharko dizkio. Hala deklaratuko du Industria Garatzeko zuzendariak ebazpen bidez eta ez-betetze espedientea izapidetu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat. Itzulitako kopuruak sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.

Egon litezkeen ez-betetzeen arrazoien artean, berariaz jasota dago enpresa onuradunak egin beharreko ekarpena, laguntza emateko ebazpena gauzatzeko aintzat hartutakoa baino % 25 txikiagoa.

Laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein Administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik laguntza gehiago lortzen bada, eta bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, abala emateko erabakia aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Enpresa onuradunak laguntza emateko ebazpena gauzatzeko aintzat hartutakoa baino ekarpen txikiagoa egiten badu, baina ekarpen hori % 75 baino handiagoa bada, emandako laguntza murriztuko da.

Salbuespen gisara, enpresak hala eskatzen eta justifikatzen badu, planean sartutako neurriak edo enpresak egin beharreko ekarpenak aldatu ahal izango dira, edo plana gauzatzeko epeak; era berean, aurrerakinak itzultzeko epeak atzeratu ahalko dira, beti ere, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.

Dekretu honetan edo Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak emandako beste edozeinetan bildutako laguntzak eskatzen direnean, laguntza guztietarako aurkeztu behar den dokumentazio berdina edozein eskabidetan aurkeztu ahal izango da.

Izapidetzen jarraituko dute, bukatu arte, Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako espedienteekin lotutako prozedura guztiek, arau hauen babesean abiarazi badira: 300/2000 Dekretua, abenduaren 26koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena, eta 224/2006 Dekretua, azaroaren 14koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen Dekretua aldatzen duena.

Esanbidez indargabetuta gelditu dira arau hauek:

300/2000 Dekretua, abenduaren 26koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena (249/2000 zenbakiko EHAA).

Agindua, 2001eko maiatzaren 29koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez, abenduaren 26ko 300/2000 Dekretua garatzen da, hain zuzen, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko diru-laguntzak ezartzen dituena (105/2001 zenbakiko EHAA).

Agindua, 2003ko abenduaren 1ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez, abenduaren 26ko 300/2000 Dekretua garatzen da, hain zuzen, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko diru-laguntzak ezartzen dituena (252/2003 zenbakiko EHAA).

224/2006 Dekretua, azaroaren 14koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituen Dekretua aldatzen duena (226/2006 zenbakiko EHAA).

Halaber, indarrik gabe geratzen da Dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.