Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

91/2014 DEKRETUA, ekainaren 3koa, Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 118
  • Hurrenkera-zk.: 2791
  • Xedapen-zk.: 91
  • Xedapen-data: 2014/06/03
  • Argitaratze-data: 2014/06/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Abenduaren 29ko 275/1989 Dekretuaren bidez, Parke Natural deklaratu zen Urkiola Dekretu hori apirilaren 25eko 252/1995 Dekretuaren bidez aldatu zen, eta, horretarako, aintzat hartu ziren hango natura-, kultura- eta paisaia-balio kualifikatuak, bai eta Urkiola Euskal Autonomia Erkidegoko berezitasun handiko ekosistemetako bat izatea ere.

Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana ekainaren 18ko 147/2002 Dekretuaren bidez onartu zen, eta Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana, berriz, maiatzaren 30eko 111/2006 Dekretuaren bidez.

Berriki, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina onartu da apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez (2014ko maiatzaren 19ko EHAA, 92. zk.). Lege horren arabera, natura-baliabideen antolamendu-planak planifikazio-tresnak dira, eta legean ezarri egiten da, halaber, nolako xedapenak bildu behar diren halako planetan. Besteak beste, NBAP Natura Baliabideen Antolamendurako Planetan ezarri egiten da erabilerei eta jarduerei nolako muga orokor eta espezifikoak ezarri behar zaizkien, betiere babestu beharrekoak diren gune eta espezieen kontserbazioaren arabera eta lurraldeko zatiketaren arabera.

Urkiolako Parke Naturalaren kasuan, NBAPren 1.2.16 artikuluan deskribatzen zen nolako erauzketa-jarduerak egiten ziren Parke Naturalean plana onartu zen unean, eta Parkeko erauzketa-jarduerei aplikatu beharreko araudian Planak debekatu egiten zuen bertako edozein sekziotan meatze-aztarnategien eta gainerako baliabide geologikoen edozein aprobetxamendu egitea; horrekin batera, planak ezarri egiten zuen debeku hori ez zitzaiela aplikatuko Natura Baliabideen Antolamendurako Plana indarrean sartzean Parkean ustiatzen ari ziren erauzketa-aprobetxamenduei, ez eta esplorazio- edo ikerketa-baimena lehendik emana zuten erauzketa-aprobetxamenduei ere.

Urkiola kareharrizko horma ikaragarriengatik nabarmentzen da. Izan ere, hango paisaia malkartsua eratzen dute horma horiek, eta zenbait tokitara ailegatzea ezinezko egiten dute. Pasaia da, beraz, ingurune horretako alderdi nabarmenetako bat, kareharrizko hormak inguruko haranen gainean altxatzen baitira, multzo ikusgarria osatuta. Paisaia horren gaineko aldaketa handienetako bat harrobiek eragindakoa da. Alde horretatik, gune horretan askotan ez dira bateragarri gertatzen Parke barruko edo haren inguruko kareharri-ustiaketak eta gunearen eta ustiaketen eraginpeko aldeen kontserbazioa. Bestalde, 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauarekin bat etorriz, Urkiola Garrantzi Komunitarioko Leku izendatu zen, bertako kontserbazioaren xede diren elementuei esker (interes komunitarioko habitatak eta flora- nahiz fauna-espezieak) 92/43/EEE Zuzentaraua, habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoa (Habitatei buruzko Zuzentaraua). Bada, elementu horietako askoren kontserbazioa kolokan egon liteke erauzketa-jardueren ondorioz eta/edo gunearen mugen barruan nahiz kanpoan jarduera horiek handitzearen ondorioz.

Ekimen honen helburua Urkiolako Parke Naturaleko natura-balioak babestea baino ez da, eta babes hori zenbait jarduera ekonomikori eutsita gauzatu nahi da era harmoniatsuan. Izan ere, jarduera horiek egon badaude gune horretan, eta bateragarriak dira zaindu nahi diren natura-balioekin. Ekimena, beraz, bat dator Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legeak parke naturaletarako aldarrikatzen dituen xede eta printzipioekin. Dekretu hau izapidetzen ari zela, indarrean sartu zen urriaren 10eko 2/2013 Legea (2013ko urriaren 17ko EHAA, 199. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duena. 2/2013 Legeak, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko Legearen 17. artikuluaren 4. paragrafoa aldatu zuen paragrafo hori martxoaren 11ko 1/2010 Legeak erantsi zuen, honako era honetan aldatu ere: babestutako natura gune bakoitzaren plangintza- edota kudeaketa-instrumentuek xedatuko dute natura gune babestuen mugetan eta horien eragin eremuetan zein diren zaindu nahi diren ingurune-balioekin bateraezinak diren meatzaritzako erauzte-jarduerak eta zergatik diren bateraezinak.

Ildo horretatik, Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Planak bete baino ez du egiten ekainaren 30eko 16/1994 Legean egindako aldaketa, urriaren 10eko 2/2013 Legearen idazketan jasotakoa.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak du arlo honetako eskumena, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Izan ere, dekretu horretako 13. artikuluaren e) idatzi-zatian ezartzen denez, sail horren jardun-arloa da, besteak beste, «Natura-baliabideak ordenatzea eta natura babestea».

Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 3an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Aramaio, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Dima, Durango, Igorre, Izurtza, Lemoa eta Mañariko udalerriei eragiten dieten lurralde-antolamenduko edo antolamendu fisikoko instrumentuak egokitu egingo dira Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Planean egindako aldaketa honen xedapenetara. Egokitzapen hori bete bitartean, xedapen horiek ezarri egingo dira kasu guztietan, eta lehentasuna izango dute lurralde-antolamenduko edota antolamendu fisikoko instrumentuen gainetik.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da da indarrean.

Busturian, 2014ko ekainaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

  1. Planaren honako artikulu hauek aldatzen dira:

    1.2.16 artikulua. Industria- eta erauzketa-jarduerak.

    Idazketa berria izango du artikulu horrek, eta honela idatzita geratuko da:

    Urkiolako Parke Naturalean gauzatzen diren industria-jarduera bakarrak kareharriaren ustiaketarekin lotuta daude. Parke barruan edo Inguruko Babesgunean, bost harrobi daude nolabaiteko jarduera dutenak (leheneratze-lanak barne direla):

    Zalloventa: harrobi horren ustiaketa-baimena baliogabetu egin zen Auzitegi Gorenaren 2010eko ekainaren 9ko Epaiaren bidez; egun, segurtasuna bermatzeko, bertan behera uzteko eta leheneratzeko fasean dago.

    Markomin Goikoa eta Mutxate: Parke Naturaletik kanpo daude, baina Parkearen Inguruko Babesgunearen barruan.

    Parke Natural izendapena egin zen garaian, beste bi harrobi zeuden jardunean: Atxarte eta Atxa-Txiki. Gaur egun, harrobi horiek bertan behera utzita daude, eta iraungitze-ebazpena eta leheneratze-proiektua onartuak dituzte; zehazki, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzak onartu zituen 2012ko uztailaren 27an.

    5.2.7 artikulua. Industria- eta erauzketa-jarduerak.

    2. paragrafoaren ordez, hau onartzen da:

  1. Debekatu egiten da edozein sekziotan meatze-aztarnategien eta gainerako baliabide geologikoen aprobetxamendu oro. Era berean ezingo da aztarnategi eta baliabide horietarako ustiapen- edo ikerketa-baimenik eman.

    1. Artikulu honi beste bi paragrafo gehitzen zaizkio:

  2. Markomin Goikoa eta Mutxate harrobien kasuan, indarrean diren ustiaketa-proiektuen mugen barruan dauden baliabideak agortu ondoren, ezingo da beste baimenik eman ez Parke Naturalaren barruan, ez Inguruko Babesgunean.

  3. Ustiaketa-baimenik ez daukaten harrobiak Zalloventa, Atxarte eta Atxa-Txiki leheneratu egin beharko dira. Leheneratze-proiektuen helburu bakarra izango da laguntzea gunea babesteko xedeak erdiesten.

    Parkeko Organo Kudeatzaileak berariaz baimendu beharko ditu leheneratze-proiektuak, eta aurretik Patronatuko Osokoak proiektuei buruzko txostena egin beharko du.