Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

90/2014 DEKRETUA, ekainaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gainekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 2623
  • Xedapen-zk.: 90
  • Xedapen-data: 2014/06/03
  • Argitaratze-data: 2014/06/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

2000ko urriaren 20an, Paisaiaren Europako Hitzarmena onartu zuen Europako Kontseiluak, eta, 2009ko uztailaren 21ean, hitzarmen horri atxikitzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Atxikipen horrekin, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren edukiak onartzeko eta bere erantzukizuneko esparruetan betetzeko konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak.

Paisaiaren Europako Hitzarmenaren hitzaurrean jasotzen den bezala, paisaiaren gaia paisaia honela definituta: «lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita» gai garrantzitsua da kultura, ingurumena, gizartea eta ekonomiaren esparruetan, eta, gainera, «Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagaia (...), gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria».

Paisaiaren Europako Hitzarmenaren sarreran azpimarratzen denez, lurralde guztietan paisaia biztanleen bizi-kalitateko elementu garrantzitsu bat dela onartzen da, direla hiriguneak edo landaguneak, direla eremu andeatuak edo kalitate handikoak, edo direla aparteko edertasuna aitortzen zaien lekuak edo ohikoenak. Paisaia, beraz, lurraldearen funtsezko alderdi bat da, eta, ondorioz, funtsezko atal bat lurraldea antolatzean.

Hitzarmen horri atxikitzearen ondorio den konpromisoetako bat paisaia lurralde-antolamenduko politiketan sartzea da, eta, printzipio horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan zeinak Lurralde Antolamenduari buruzko 1990eko maiatzaren 31ko 4/1990 Legea garatuz eta betez eman baitziren, dagoeneko ezarri zen paisaia-balioak kontserbatzeko bermea, lurralde-antolamenduko bitartekoen irizpide eta helburu gisa.

1997ko otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan, jasota daude paisaiaren aldetik tratamendu berezia izan behar duten ikuspen-eremuak katalogatzeko beharra eta paisaiak une horretan duen moldea hausten duen edozein obra edo jardun egin ahal izateko paisaiaren azterlana aurkezteko betebeharra. Gidalerroetan zehazten da, orobat, gai horiek lurralde-planetan garatu beharko direla.

Araudi horren esparruan, dekretu honen xedea mekanismo normalizatuak finkatzea da, aurreikuspen horiek betetzeko eta, horrela, modu koherenteago eta sistematizatuagoan bete ahal izateko paisaia lurralde-antolamenduan sartzeko helburua.

Lurralde-antolamenduaren esparruan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak identifikatzen ditu dekretuak: hala nola paisaiaren katalogoak, paisaiaren zehaztapenak, paisaiaren ekintza-planak eta paisaian integratzearen azterlanak. Halaber, eta hain zuzen paisaiaren tratamendua arautzeak dakarren berrikuntzagatik, Eusko Jaurlaritzak honako arlo hauek sustatzeko hartutako konpromisoei erantzuten die dekretu honek: sentsibilizazioa, trebakuntza, hezkuntza, parte-hartzea eta paisaiaren esparruan laguntzeko beste jardun batzuk.

Eragile eta herritar interesdunen parte-hartzeak esangura berezia hartzen du gai honetan, paisaia eta haren garrantzia zuzenean daudelako lotuta lurralde jakin batean lana egiten duten edo bizi diren pertsonen pertzepzioarekin. Ondorioz, dekretu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak eta EAEko sektore publikoko entitateek konpromisoa hartzen dute paisaiaren esparrurako definitzen diren jarduteko bitartekoak lantzen direnean parte-hartze hori bermatzeko eta, gainera, paisaiaren politikak diseinatu eta ezartzean gizartearen parte-hartzea sustatzeko, emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua bultzatuz.

Hori dela eta, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2014ko ekainaren 3a egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe

Lurralde-antolamenduaren esparruan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak ezartzea da dekretu honen xedea, eta, horrekin batera, paisaiaren gaineko sustapen, sentsibilizazio, trebakuntza eta ikerkuntzarako neurri egokiak ezartzea.

EAEko herri-administrazioak eta EAEko sektore publikoko entitateek paisaiaren arloan izango duten jardunaren helburuak honako hauek dira, nagusiki:

  1. Berezko izaeragatik edo kultura-izaeragatik jardun espezifiko eta integratuak behar dituzten paisaien balioak kontserbatzea.

  2. Hiri-inguruetako paisaiak hobetzea: bereziki, aldirietakoak eta biztanle-guneetara sartzeko bideetakoak.

  3. Landa-inguruetako paisaiak zaindu, hobetu eta oneratzea.

  4. Paisaiak harmoniaz antolatzea, arreta berezia jarriz biztanle guztien eskurago daudenei, hiri- eta landa-inguruek elkar ukitzen duten eremuei eta lehorrak eta itsasoak elkar ukitzen duten inguruei.

  5. Lurraldearen gaineko esku-hartzeak egokiro integratzea paisaian: batez ere, azpiegiturei eta ekonomia-jardueretarako eremuei dagozkien esku-hartzeak.

  6. Paisaiari balioa ematea, ekonomia-faktore bereizgarri gisa eta turismorako baliabide gisa.

  7. Paisaiari balioa ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen kulturaren proiekzio gisa, eta, ondorioz, haren identitatearen adierazpen gisa.

  8. Kulturaren zati diren bide tradizionalei balioa ematea, paisaiara hurbildu eta hartaz gozatzeko puntu bikain gisa.

Paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko bitartekoak hauek dira:

  1. Paisaiaren katalogoak.

  2. Paisaiaren zehaztapenak.

  3. Paisaiaren ekintza-planak.

  4. Paisaian integratzearen azterlanak.

  5. Sentsibilizazioa, trebakuntza, ikerkuntza eta laguntza jorratzeko neurriak.

  1. Paisaiaren katalogoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko eremu funtzional bakoitzeko paisaia osoa hartzen duten deskripzio- eta prospekzio-agiriak; Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan daude ezarrita zeintzuk diren Euskal Autonomia Erkidegoko eremu funtzionalak.

  2. Paisaiaren katalogoek honako osagai hauek izango dituzte, gutxienez:

    1. Eremu funtzional bakoitzean dauden ikuspen-arro eta paisaia-ehundurak identifikatu, zedarritu eta balioztatu behar dituzte, eta haien ezaugarriak ezarri. Ikuspen-arroa eskala jakin batean ikuspen-irizpideak erabiliz hauteman daitekeen lurralde-unitate erlatiboki homogeneoa da; eta, paisaia-ehundura, berriz, eskala eta bereizmen-maila jakin batean pertzepzio-irizpideak erabiliz hauteman daitekeen lurralde-unitate erlatiboki homogeneoa.

    2. Paisaia-interes bereziko eremuak identifikatu behar dituzte, honako irizpide hauetako bat edo batzuk erabiliz:

      1. Paisaia ezohiko edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik.

      2. Eremuaren narriaduragatik: bereziki, hirien periferiako lurraldeak, hiri eta landa arteko trantsiziokoak, ibaiertzetakoak edo industria-eremuak.

      3. Biztanleriarentzat oso agerian dauden eremuak izateagatik.

      4. Eremu funtzionalaren identitatea eratzeko erabakigarria izateagatik.

      5. Pertzepzio- eta estetika-ezaugarri bikainak edukitzeagatik, naturaren osagaiek edo giza osagaiek elkarri eragiten dioten modu bereziaren ondorioz.

    3. Paisaiaren egungo konfigurazioari nabarmenen eragiten dioten edo eragin dioten jarduerak, erabilerak eta prozesuak identifikatu behar dituzte.

    4. Paisaia hautemateko ibilbide nagusiak eta lekuak kokatu behar dituzte espazioan.

    5. Paisaia-unitateak zedarritu behar dituzte; horretarako, paisaia-unitatetzat joko dira paisaiaren aldetik koherenteak izanik, paisaia babestu, kudeatu edo antolatzeko araubide espezifiko bat, partez edo osoki, hartzeko gai diren eremuak.

    6. Paisaia-kalitateko helburuak definitu behar dituzte; kolektibitateak bere inguruko paisaiaren ezaugarriei buruz dituen nahiak adierazi behar dituzte paisaia-kalitateko helburu horiek.

    7. Ezarritako paisaia-kalitateko helburuak iristeko beharrezkoak diren neurriak eta ekintzak proposatu behar dituzte.

    8. Paisaiari dagozkion adierazleak proposatu behar dituzte, paisaia-kalitateko helburuak iristeko ezarritako neurri eta ekintzek zer-nolako eraginkortasuna izan duten ebaluatzeko modua izate aldera.

  3. Paisaiaren katalogoek osatuko dute paisaiaren zehaztapenak idazteko oinarrizko dokumentua.

  4. Paisaiaren katalogoak egiteko ekimena lurralde-antolamenduaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari edo foru-aldundiei dagokie, lurralde historiko desberdinetako udalerriak hartzen dituen eremu funtzional bati dagokion katalogoa denean izan ezik; kasu horretan, Eusko Jaurlaritzak beteko du beti ekimena, ofizioz edo foru-aldundiek eskatuta. b) Eremu funtzional bakoitzeko udalerriek, akordio arrazoitu bidez, ekimen hori betetzeko eskatu ahal izango dute.

  5. Paisaiaren katalogoak lantzeko prozesuan, eragile publiko eta pribatuen eta dagokien herritarren parte-hartze aktiboa bermatuko da.

  1. Zehaztapenak paisaiaren katalogoetatik ateratako irizpideak dira; katalogo horietan, paisaiaren kalitatearen helburuak garatzen dira, eta haiek lortzeko neurriak identifikatzen dira, dagokion lurralde-plan partzialean sartzeko.

  2. Paisaiaren zehaztapenak idatzi eta bideratzeko ekimena ekimen horri dagokion paisaiaren katalogoa egin duen administrazioari dagokio, dekretu honen 6.3 artikulu-zatiko a letrari jarraiki.

  3. Paisaiaren zehaztapenak lurralde-plan partzialetan sartu ahal izango dira, gomendio gisa eta jarduteko proposamen gisa, paisaian integratzearen azterlanei edo ekintza-planei lotuta, laburpen-mapa batekin batera.

  4. Paisaiaren zehaztapenak dagoeneko behin betiko onartuta dauden lurralde-plan partzialetan sartzeko, kasu bakoitzean dagokion prozedurari jarraitu beharko zaio. Nolanahi ere, ziurtatu egin beharko da eragile publiko eta pribatuek eta dagokien herritarrek aktiboki parte hartzea bermatzeko behar diren mekanismoak erabili direla.

  1. Paisaiaren ekintza-planak kudeaketa-bitartekoak dira, eta paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko jardunen eremuan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.

  2. Paisaiaren ekintza-planak paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko esku-hartzeetarako bitartekoak dira, eta paisaiaren katalogoetan identifikatuta eta paisaiaren zehaztapenetan jasota dauden eta paisaiaren aldetik interes berezia duten eremuetarako dira, beste eremu batzuetan lantzeko aukera baztertu gabe.

  3. Paisaiaren ekintza-planetan honako hauek sartuko dira:

    1. Diagnostikoa.

    2. Lortu nahi diren paisaiaren kalitatearen helburuak.

  4. Paisaiaren ekintza-planak arlo hori kudeatzeaz arduratzen diren organoek landu, onartu eta beteko dituzte.

  5. Nolanahi ere, paisaiaren ekintza-planak lantzeko prozesuan, ziurtatu egin beharko da eragile publiko eta pribatuen eta dagokien herritarren parte-hartzea.

  1. Paisaian integratzearen azterlanak agiri teknikoak dira, eta, haietan, obra- eta jarduera-proiektuak egiteak paisaian eragiten dituen ondorioak aztertzen dira, eta obra eta jarduera horiek paisaian egokitasunez integratzeko onartutako irizpideak eta neurriak azaltzen dira.

  2. Paisaian integratzearen azterlanetan, gutxienez, honako eduki hauek jasoko dira:

    1. Paisaiaren egoeraren deskripzioa: osagai nagusiak, paisaiaren balioak, ikusgarritasuna eta paisaiaren hauskortasuna.

    2. Proiektuaren ezaugarriak: kokalekua eta integrazioa, eta proiektua zehazten duten agiriak: hala nola aurretiko bistak, ebakidurak, goitiko bistak, bolumetria, koloreak, materialak eta beste alderdi aipagarri batzuk.

    3. Paisaian integratzeko irizpideak eta neurriak: izan daitezkeen inpaktuak, aukeren azterketa, emandako konponbidearen justifikazioa eta inpaktuak prebenitu, zuzendu eta orekatzeko hartutako neurrien deskripzioa.

  3. EAEko herri-administrazioak eta EAEko sektore publikoko entitateek paisaian integratzearen azterlana sartu beharko dute beren eskumeneko obra- edo jarduera-proiektuen dokumentazio osagarri gisa, proiektu horiek paisaian inpaktu esanguratsua izan badezakete. Edonola ere, paisaian integratzearen azterlana egitea eskatuko da kasu hauetan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 28.5 artikulu-zatian aipatzen diren jardunetan.

    2. Lurralde- edo hirigintza-plangintzak eskatzen duen kasuetan.

    3. Garraio- edo portu-azpiegiturak egitean.

    4. Ondare historiko artistikoaren zati direlako katalogatuta edo inbentariatuta dauden eremu edo guneetan, haien ingurua barne.

  4. Aurreko artikulu-zatian aipatzen diren proiektuetan, ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa behar badute, ingurumen-inpaktuaren azterlanean sartuko da paisaian integratzearen azterlanaren edukia.

Paisaia egokitasunez babestu, kudeatu eta antolatzeak duen garrantzia eta eraginaren gaineko sentsibilizazioa, trebakuntza, ikerkuntza eta laguntza jorratzeko jardun aproposak sustatuko dituzte EAEko herri-administrazioak eta EAEko sektore publikoko entitateek, lurralde-antolamendu orekatu eta jasangarri baten barruan.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Busturian, 2014ko ekainaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (9)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.