Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

49/2014 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1850
  • Xedapen-zk.: 49
  • Xedapen-data: 2014/04/08
  • Argitaratze-data: 2014/04/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin izan dute euskal erakundeek. Azken hamarkadetan, esaterako, garrantzi handiko emaitzak ekarri dituzten askotariko ekimenak eta jarduketa-programak egin dira.

Erakundeen apustu estrategiko horren ondorioz, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sistema eratu eta berrikuntza-estrategia garatu da. Estrategia hori funtsezkoa izan da ekonomia sustatzeko eta gizarte-ongizatea hobetzeko erabil dadin sortutako jakintza.

Urriaren 1eko 221/2002 Dekretuak araututako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak dira hizpide dugun sistemaren muina.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren sorrera izan zen berrikuntzaren aldeko konpromisoaren unerik garrantzitsuenetako bat. Apirilaren 17ko 1/2007 Dekretuaren bitartez sortu zen organo hori, eta haren egitekoa zen zientzia-, teknologia- eta ikerketa-politika bultzatzea eta alor horretan aitzindari izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

2007. urteaz geroztik inguruneko baldintzak aldatu direnez, Euskadiren berrikuntza-estrategia egokitu behar izan da, eta Europako estrategiarekin duen lotura handitu.

Espezializazio-estrategia zentzuzko baten aldeko apustua egin dute Europak eta Euskadik; inbertitutako baliabideen eraginkortasuna hobetu nahi izan baitute; emaitzetara bideratutako berrikuntza sustatu; eta mundu-mailan lehiatzeko gaitasunik handiena duten sektoreetan eta alorretan lehen baino giza-baliabide, baliabide ekonomiko eta teknologiko gehiago erabili.

EB osatzen duten herrialdeek zabalduko dituzte Europa 2020 Europako berrikuntza-estrategiaren helburuak. Herrialde bakoitzak bere xede propioak ezarri behar ditu, bakoitzak bere egoera partikularraren arabera.

Ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko bere apustu estrategikoaren barruan, Euskadin ikerketari eta garapenari buruzko politika bultzatzen jarraitu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Zeregin horretan, garapen teknologikoko jarduerak sustatuko ditu, euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko, eta Euskadik aurrera egin dezan hazkunde ekonomiko iraunkorraren bidean. Europako «Berrikuntzaren aldeko batasuna» izeneko ekimen ezagunaren xedearekin bat dator hizpide dugun apustu estrategiko hori. Berrikuntzaren aldeko batasunak lortu nahi du, esaterako, ikerketaren eta garapenaren alorrean % 3ko inbertsioa egitea 2020. urtean; eta merkatuari gertura dakiola ikerketa-jarduera.

Helburu hori lortu ahal izateko, Euskadik badu aukera ikerketa eta garapen zientifiko eta teknikoetan eta berrikuntzan duen eskumena eraginkortasunez erabiltzeko. 2009. urtetik du Euskadik alor horretako eskumena, urtarrilaren 9ko 3/2009 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren esku utzi baitzuen estatuko administrazioak aipatu eskumen hori.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako zentzuzko espezializazio-estrategiaren parte bezala, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea egokitzeko prozesuan eta finantziazio-ereduan sakondu beharra dago. Sarean lan egiten duten eragileen multzoa izan behar da sare hori eta, Euskadin aberastasuna eta ongizatea sortzen lehen baino modu eraginkorragoan laguntzeko asmoz, ikerketa espezializatua, bikaina eta merkatuari begira dagoena egingo dute.

Arestian azaldutako guztiagatik, eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sistemaren gobernantza indartzeko asmoz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duen Dekretua eguneratuko da, hura baita Euskadin zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politikaren estrategia bideratzeaz arduratzen den organoa.

Ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako garapen-eredu propioa eratzeko erronkari aurre egingo dio Euskadik. Eredu horrek balio izan behar du hazkunde ekonomiko iraunkorra, enplegua eta euskal gizartearen ongizatea bultzatzeko. Xede hori betetzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua berritu behar da.

Horrenbestez, lehendakariaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 8an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, haren osaera, funtzioak eta funtzionamendu-araubidea arautzea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan zientzia-, teknologia-, ikerketa- eta berrikuntza-politika sustatzen duen organoa da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, bai eta hari buruzko orientazio estrategikoa eta aholkuak ematen dituena, eta hartan parte hartzeko bide ematen duena ere. Horretaz gainera, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sistema katalizatzeko eta koordinatzeko tresna da kontseilu hori.

Lehendakaritzari atxikiko zaio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua; lehendakariaren mende egongo da, baina ez da Lehendakaritzaren egitura organikoan sartuko. Vitoria-Gasteizen izango du egoitza.

  1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko kide izango dira honako hauek:

    1. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Kontseiluko burua izango dena.

    2. Ogasunaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularra.

    3. Garapen ekonomikoaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularra.

    4. Hezkuntzaren eta unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularra.

    5. Osasunaren alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularra.

    6. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

    7. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak.

    8. Tecnalia korporazio teknologikoko ordezkari bat.

    9. IK4 korporazio teknologikoko ordezkari bat.

    10. Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko ordezkari bat.

    11. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako ordezkari bat.

    12. Ikerketan eta garapenean inbertsio pribatua egiten duten sektore eta enpresa eragileen lau ordezkari, lehendakariak izendatuta.

    1. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren presidentea.

    2. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria.

  2. Euren kargua dela-eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko kide izendatutako pertsonek kargu hori uzten duten momentuan bertan utziko diote Kontseiluko kide izateari.

  3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren Lehendakaritzak baimena eman diezaieke kasuan kasuko gaian aditu diren pertsonei bilkuretan edo bilkuren zati batean parte hartzeko; horrelakoek hitz egin ahal izango dute, baina ezingo dute botorik eman, aditu diren gaien inguruan.

  1. Honako eginkizun hauek izango ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak:

    1. Zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alorreko politika publikoen orientazio estrategikoaren ildoak ezartzea.

    2. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren helburu eta lehentasun estrategikoak hitzartzea.

    3. Zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alorrean Euskadin garatutako jarduerak finantzatzeko erabiliko diren baliabide publiko eta pribatuei buruzko informazioa ematea.

    4. Euskadirentzat interes estrategikoa duten azpiegitura zientifiko eta teknologiko berriak sustatzea.

    5. Zenbait neurri proposatzea zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sistemako eragileak modu koordinatuan aritu daitezen.

    6. Ikerketaren eta garapenaren alorreko Europako ikerketa-proiektuetan eta Europako sare zientifiko eta teknologikoetan Euskal ikerketa-proiektuek parte har dezaten bultzatuko duten ekimenak sustatzea.

    7. Enpresa-ehuna eta azpisistema zientifikoa eta teknologikoa lotzen laguntzea, eta horiek interakzioan aritu daitezen sustatzea; hori guztia emaitzak ekarriko dituen ikerketari eta garapenari buruzko politika global baten barruan.

    8. Ikerketaren alorrean talentua sustatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko politika sustatzea.

    9. Gizartea zientziari eta berrikuntzari buruz are gehiago sentikortzea xede duten zeharkako politiken garapena bideratzea.

    10. Zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren alorreko urte askotarako plangintzako tresnei eta ekimenei buruzko txostenak egitea; betiere, legezko eskumena duten gobernu-organoek onartu aurretik.

    11. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko indarreko plan estrategikoaren jarraipenari, betearazpenari eta eguneratzeari buruzko urteko txostena onartzea.

  1. Lehendakariak, bere eskuduntzak betetzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkari baten laguntza izango du. Ordezkari hori Kontseiluko kide eta idazkari izango da.

  2. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak izendatuko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria.

  3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren funtzionamendua sustatu eta koordinatu beharko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkariak. Zehazki, honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Jardueren urteko txostena egitea eta hura Kontseiluari aurkeztea.

    2. Bere eginkizunak betetzean egindako jardueren jarraipena egitea.

    3. Bere jarduketak egiteko beharrezkoak diren konpromisoak eta hitzarmenak ituntzea eta sinatzea, betiere, Kontseiluak zehaztutako arauak betez.

    4. Lehendakariak eskuordetuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari instituzionala izatea, zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alorreko erakunde edo organo publiko zein pribatuetan.

    5. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren idazkaritzaren berezko funtzioak betetzea.

    6. Kontseiluak edota kontseiluko lehendakariak haren esku utz dezaketen beste edozer eginkizun.

  4. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkariak Idazkaritza Teknikoa izango du, eta dekretu honek ematen dizkion eginkizunak edota Kontseiluak eta bere lehendakariak eman dakizkion eginkizunak garatzeko beharrezko laguntza emango dio.

  1. Osoko bilkuraren bidez jardungo du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak. Haren baitan, zenbait batzorde berezi sor daitezke.

  2. Aholku Batzorde Zientifikoa izango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak.

  1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluaren barruan, zenbait batzorde tekniko berezi era daitezke, zeinak Osoko bilkurak baimenduko eta izendatuko baititu.

  2. Batzorde berezi horiek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sistemarekin lotutako alderdi zehatzak landuko dituzte. Horrela bada, gai zehatzei buruzko lanak, azterlanak, txostenak eta proposamenak egingo dituzte, bilkuretan horiei buruz eztabaidatu eta oniritzia emateko.

  3. Batzorde berezietako kide izango dira: Euskadiko herri-administrazioetako profesionalak; Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateetako profesionalak; zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alorreko erakunde publiko eta pribatuetako profesionalak; eta sona handiko profesionaletatik egoki iritzi diren horiek.

  1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren barruko organo aholku-emailea da Aholkularitza Batzorde Zientifikoa. Zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren euskal sistemari buruz aholkuak eman eta proposamenak egingo ditu Aholkularitza Batzorde Zientifikoak. Horretaz gainera, berrikuntzaren alorreko Europako nahiz estatuko estrategiekin euskal sistemak duen lotura zainduko du, betiere, Euskadiko ekonomiaren lehiakortasuna hobetze aldera.

  2. Gehienez ere, hamar profesionalek osatuko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren Aholkularitza Batzorde Zientifikoa. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak izendatuko ditu, eta zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren alorreko sona handiko profesionalak izango dira.

  3. Lau urtez izango dira pertsona horiek Aholkularitza Batzorde Zientifikoko kide. Epe hori amaitzean, beste agintaldi baterako izenda daitezke.

  1. Urtean gutxienez ohiko bi bilera egingo ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak. Horretaz gainera, bilkurak egingo dira lehendakariak beharrezko irizten badio edo kideen gehiengoak idatziz eskatzen badu.

  2. Ez da izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Batzordeko kide izateagatiko ordainsaririk.

  3. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren Aholkularitza Batzorde Zientifikoa osatzen duten pertsonek eskubidea izango dute batzorde horretan parte hartzeagatik izandako gastuengatiko ordainsariak eta dietak jasotzeko; betiere, indarreko arauetan xedatutakoarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak xedatutakoarekin bat etorriz.

Indarrik gabe geratu da 1/2007 Dekretua, apirilaren 17koa, Lehendakariarena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua sortzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Araubide osagarria.

Dekretu honetan zehaztu ez den prozedurari buruzko guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean edo hori ordezkatzen duen arauan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 8a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.