Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

44/2014 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, jolas-jarduerak eta ikuskizun publikoak burutzeko eska daitezkeen erantzukizun zibileko aseguruak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1477
  • Xedapen-zk.: 44
  • Xedapen-data: 2014/03/25
  • Argitaratze-data: 2014/03/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.38 artikuluak ezartzen duenez, ikuskizun publikoen arloko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoarena da esklusiboki, eta eskumen horretan oinarriturik onartu zen Jolas-jarduerei eta ikuskizun publikoei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legea. Halaber, legezko testu hartako 10.36 artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak turismoaren arloko eskumen esklusiboa du, eta jarduera hori, Turismoa Antolatzeari buruzko martxoaren 16ko 6/1994 Legeaz arautu zen.

Jolas-jarduerei eta ikuskizun publikoei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 4. artikuluak eranskin bat jasotzen du, zeinetan jasotzen baitira lege horri lotuak diren lokalak, instalazioak, ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak; eta horien artean dira honako hauek: jolas-jarduera gisa ostalaritzako jarduera, bere kategoria guztietan, eta lokal eta instalazioetan, ostalaritzaren eta jatetxeen atal bat sartzen da, zeinetan ezarria baitago sailkapen bat.

Era berean, azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 8.2 artikuluan honako hau aurreikusten zen: jolas-jarduera eta ikuskizun publikoetarako lokalak eta instalazioak funtzionamenduan direla, aseguru-poliza bat izan beharko dute, zeinarekin estali egingo baita titularren erantzukizun zibila; zehazki, titularren zerbitzuko langileen jardueraren ondorioz eta zerbitzu, instalazio eta lokalen baldintza objektiboen ondorioz bertaratuei eragindako kalteei aurre egiteko dena Manu horretan, bestalde, zera ezartzen da: jardueraren ezaugarrien eta lokalaren edukieraren arabera polizek estali beharreko gutxieneko kapitalak araudi bidez zehaztuko dira.

Aipatu legean oinarriturik onartu zen 389/1998 Dekretua, abenduaren 22koa, zeinarekin arautu egiten baitira jolas-jarduerak eta ikuskizun publikoak burutzeko eska daitezkeen erantzukizun zibileko aseguruak. Eta demostratu da dekretu hori aplikatzea onuragarria dela.

Bestalde, Turismo Antolatzeari buruzko martxoaren 16ko 6/1994 Legeko bigarren tituluko I. eta IV. kapituluetan arautzen dira sukaldaritza-enpresak. I. kapituluko 6. eta 7. artikuluek turismo-enpresen artean sartzen dituzte, honako hauen artean: turismo-ostatuak, bidaia-agentziak eta turismo-enpresa osagarriak. Eta lege horretako 35. artikuluak sailkatu egiten ditu sukaldaritza-establezimenduak, jatetxeetan eta tabernetan ematen diren zerbitzuen arabera.

Turismo Antolatzeari buruzko martxoaren 16ko 6/1994 Legeko 34. artikuluan ezartzen denez, 9. artikuluan jasotako turismo-enpresen obligazioak aplikatuko zaizkie sukaldaritza-enpresei. Eta obligazio horien artean, 9. artikulu horretako 6. paragrafoak honako hau jasotzen du: turismo-enpresek erantzukizun zibileko poliza bat kontratatzekoa, baldin eta hartzaile edo hirugarrenen osasunerako edo segurtasun fisiko edo finantzariorako arrisku zehatz eta artezekorik bada; eta zenbatekoari eta formari dagokionez, zera dio: araudi bidez finkatuko direla.

Abenduaren 22ko 389/1998 Dekretu onartu zenetik igaro den denbora dela-eta, beharrezkoa da polizen zenbatekoak eguneratzea, jolas-jardueretan eta ikuskizun publikoetan parte hartzen dutenek estaldura integrala izan dezaten. Eta horren ondorioz eta Turismo Antolatzeari buruzko martxoaren 16ko 6/1994 Legeak sukaldaritza-enpresentzako ezartzen duen obligazioa dela-eta, komenigarritzat jotzen da batera arautzea jolas-jarduera eta ikuskizun publikoetarako lokal eta instalazioentzako erantzukizun zibileko aseguruak.

Helburu hori lortzeko, egungo egoerari egokitutako aseguru-polizen zenbatekoak ezarri dira. Polizen zenbatekoa zehazteko, bazter utzi da udalerriko biztanleria elementua, eta lokalaren baldintza objektiboei bakarrik lotzearen aldeko aukera egin da, kontuan izanik lokalaren edukiera; eta, bestalde, baimena emateko eskumena duten udalei bidea eman zaie, polizen zenbatekoak neurri batzuen barruan modula ahal ditzaten, betiere poliza horiek egiazko arriskuei egokitzeko.

Halaber, kontratatutako zenbatekoetarako frankiziatzat kopuru maximoa bat ezarri da, eta bai eduki jakin bat duen aseguru-ziurtagiri bat ere, administrazio eskudunaren aurrean baliozkoa izatearen eraginak sor ditzan.

Hortaz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriaz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Segurtasuneko sailburuak proposaturik, eta Ikuskizun Publiko eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak txostena eman duelarik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2014ko martxoaren 25ean egindako bileran, eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau,

Turismo Antolatzeari buruzko martxoaren 16ko 6/1994 Legeko 34. artikuluan eta Jolas-jarduera eta ikuskizun publikoei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legean aurreikusitakoak garatzea da dekretu honen helburua, hain justu ere ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak burutzeko eska daitezkeen erantzukizun zibileko aseguruei dagokienez.

  1. Establezimendua ireki aurretik edo ikuskizuna edo jarduera hasi aurretik, erantzukizun zibileko poliza bat kontratatzeko obligazioa dute beherago zehazten direnek, betiere dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorriaz:

    1. Jolas-jarduerak edo jendaurreko ikuskizunak gauzatzeko instalazio eta lokalen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, baldin eta Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas-jardueren azaroaren 10eko 4/1995 Legeko eranskinean ezarritakoak badira jarduera eta ikuskizun horiek;

    2. Aipatu ikuskizun edo jardueretarikoren bat antolatzen badute, pertsona fisikoak edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, betiere a) paragrafoan aipatzen direnak barik beste batzuk badira. Erantzukizun zibileko aipatu poliza jarrian zehazten denetik berezita kontratatu beharko da: jolas-jarduerak edo jendaurreko ikuskizunak gauzatzeko instalazio eta lokalen pertsona titularrek kontrataturik duten polizatik, alegia.

  2. Jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak antolatzen dituztenei edo herritarrentzako irekita dauden establezimenduen pertsona titularrei zuzenean, solidarioki edo subsidiarioki egotz dakiekeen erantzukizun zibila estali beharko du aseguruak, halako moldez ezen honako hauei erantzuna eman behar dien: erabiltzaileei eta bertaratutakoei eragindako galerei eta kalte material eta pertsonalei, eta, halaber, hirugarren pertsonei eta euren ondasunei eragindakoei; betiere, hartarako zioak honako hauen ondoriozkoak izan badira: establezimendua kudeatu eta ustiatzea, ikuskizuna edo jolas-jarduera burutzea, eta, orobat, azpikontratatutako enpresentzat diharduten langileen aktibitatea.

  1. Lokalen, esparruen edo establezimenduen gehieneko edukiaren arabera, aseguru-polizek jaso beharko dituzten kapital minimoek ondoko zenbatekoak izango dituzte:

    1. 100 pertsona arteko edukiera, 150.000 euro.

    2. 101etik 300 pertsonara arteko edukiera, 250.000 euro.

    1. 301etik 700 pertsonara arteko edukiera, 300.000 euro.

    2. 701etik 1.500 pertsona arteko edukiera, 400.000 euro.

      1.501etik 5.000 pertsonara arteko edukiera, 700.000 euro.

    1. 5001etik 10.000 pertsona arteko edukiera, 1.200.000 euro.

      10.000 pertsonatik gorako edukiera duten lokal, esparru edo establezimenduetan, gehitu egingo da zenbateko minimoa, aurreko arauetan ezarritakoa, 5.000 pertsonako edukierako edo frakzioko 120.000 eurotan.

  2. Aldez aurretiko komunikazio edo lizentzia egokiaren babesa ez dutelako, administrazio-baimena behar duten lokal eta establezimenduetako noizean behingo jarduera eta ikuskizunen kasuan, halako aktibitateak burutzearen ondoriozko kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko polizak ondoko arauekin bat exijitu daitekeen kapital minimoa estali beharko du: artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetako arauak; betiere, aktibitatea gauzatzen den establezimenduaren edukiaren arabera edo, kasua bada, baimen bereziak ezarritako edukiaren arabera, baldin eta hori ezberdina bada, hain justu ere jarduera edo ikuskizunaren ezaugarrien ondorioz.

  3. Jarduera edo ikuskizuna gauzatzen den lokalaren edo instalazioaren titular ez badira, antolatzaileek sinatu beharreko polizak estali egin beharko du haiek gauzatzearen ondoriozko erantzukizun zibila, artikulu honetako 1. eta 2. paragrafoetan aurreikusitako zenbateko minimoarekin, betiere aktibitatea gauzatzen den lokalaren edukiaren arabera, salbu eta ikuskizuna edo aktibitatearen ezaugarriak direla-eta baimenak beste edukiera bat finkatu; izan ere, kasu horretan, exijitu daitekeen kapital minimoa baimendutako edukiari dagokiona izango da.

  4. Instalazio edo egitura ebentual, eramangarri edo eramangarrietan burutzen diren ikuskizun eta jardueren kasuan, aseguru-polizaren zenbateko minimoa honelaxe finkatuko da:

    1. Edukiera finkaturik badu, lehenengo paragrafoan aurreikusi moduan finkatuko da aseguru-polizaren zenbateko minimoa.

    2. Edukiera zehatzezina badu eta bide publikoan kokatutakoa bada, exijitu daitekeen aseguratutako kapital minimoa 150.000 eurokoa izango da instalazio bakoitzeko. Hala ere, espazio publiko jakin baten, batera kokatzen badira instalazio edo egitura bat baino gehiago, guztientzako aseguru-poliza bakarra sinatu ahal izango da, zeinaren kapital minimoa honako hauek finkatuko duten: lehenengo paragrafoko arauek, delako espazio publikorako ezarritako edukiaren arabera.

    3. Esparru zarratuetan kokatzen badira instalazio edo egitura ebentual, eramangarri edo eramangarriak, aseguratutako kapital minimoa 150.000 eurokoa izango da instalazio bakoitzeko.

  1. Euren ezaugarriak edo inguruabarrak direla-eta, jendaurreko ikuskizun bat edo jolas-jarduera bat burutzean, ondasun edo pertsonentzako arrisku berezirik bada, eta hori dela-eta beharrezko bada parte-hartzaile eta bertaratutakoentzako segurtasuna areagotzea, baimenak edo lizentziak emateko eskumena duen administrazioak edo aldez aurretiko komunikazioa aurkezten zaionak arrazoitutako txostenaren bitartez erabaki dezake 1. paragrafoko zenbateko minimoei koefiziente zuzentzaile bat aplikatzea, % 30eko maximorainokoa.

  2. Jendearentzako irekita dagoen establezimendu baten edo ikuskizun edo jolas-jarduera baten ezaugarriek edo inguruabarrek ez badakarte pertsona edo ondasunentzako arriskua areagotzerik, baimenak edo lizentziak emateko eskumena duen administrazioak edo aldez aurretiko komunikazioa aurkezten zaionak arrazoitutako txostenaren bitartez erabaki dezake aurreko artikuluko 1. paragrafoko zenbateko minimoei koefiziente murriztaile bat aplikatzea, % 30eko maximorainokoa.

Dekretu honek aipatzen dituen aseguru-polizak honelako frankiziarekin kontratatu ahal izango dira: aseguratutako kapitalaren % 3ra artekoa, baina frankizia hori ez da sekula izango 20.000 eurotik gorakoa.

  1. Dekretu honetan apaizten den erantzukizun zibileko aseguru-poliza kontratatu izana honelaxe egiaztatuko da: aseguru-kontratu egokia erakutsiaz, hain justu ere klausula orokorrak eta partikularrak agertzen dituena, zeinetan aseguratutako kapitala eta estaldura jasotzen diren, indarra duen ordainagirirekin batera.

  2. Hala ere, aseguru-etxearen edo aseguru-agentearen ziurtagiriaren bidez egiaztatu ahal izango da, zeinaren eduki minimoa, aseguratutako objektuaren arabera, honako hau izango baita:

    Aseguru-etxearen edo aseguru-agentearen identifikazioa eta horren ordez jarduten duen pertsonarena.

    Aseguru-polizaren zenbakia.

    Erantzukizun zibileko estalduaren aipamen beren-beregikoa, eta, halaber, seguruaren indarraldiarena.

    Burutu nahi den ikuskizunaren edo jardueraren identifikazioa edo ireki nahi den establezimenduarena.

    Zein udalerritan burutuko den ikuskizuna edo jarduera edo establezimenduaren irekiera, aurreikuspena.

    Zein ordutan eta lekutan burutuko den ikuskizuna edo jarduera, eta, kasua bada, hura burutuko den lokalaren identifikazioa, edo establezimendua zein egunetan irekiko den.

    Ikuskizuna, jolas-jarduera edo establezimendua aseguratuta izateari buruzko aipamen beren-beregikoa.

    Aseguratutako kapitalaren zenbatekoa eta, kasua bada, frankiziarena.

    Poliza erregelamendu honetako zein artikulutan oinarritzen den, aipamena.

    Titularrak edo legezko ordezkariak sinatuta, ziurtagiria noiz egin den.

Zezenketa-ikuskizunen eta pirotekniako artifizioak erabiltzen diren ikuskizunen erantzukizun zibileko aseguruen erregulazioa, haiei dagokien araudi espezifikoaz egingo da.

Hala ere, jolas-jarduera eta jendaurreko ikuskizun guztien aseguruen frankizia-erregimena, dekretu honetako 5. artikuluan jasotakoa izango da.

Dekretu honetan araututako jarduera eta lokalen erantzukizun zibileko aseguru-polizen zenbatekoak, indarrean daudenak, dekretu honetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, dekretu honek indarra hartzen duenetik harako sei hilabeteko epearen barruan.

Indargabetu egiten da ondokoa: 389/1998 Dekretua, abenduaren 22koa, jolas-jarduerak eta ikuskizun publikoak burutzeko eska daitezkeen erantzukizun zibileko aseguruak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari eta Segurtasuneko sailburuari ahalmena ematen zaie honako honetarako: dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko, eta kapital aseguratuen eta horien frankizien zenbatekoak eguneratzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko martxoaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.