Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

8/2014 DEKRETUA, 2014ko otsailaren 4koa, Nekazari Gazteen Estatutuarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 652
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2014/02/04
  • Argitaratze-data: 2014/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2004an jarri zen abian Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazari Gazteen Plana. Erakunde arteko plana da, eta horren bultzadaren arduradunak Eusko Jaurlaritzaren nekazaritza saila eta hiru Foru Aldundiak izan ziren. Hala ere, plana lantzeko sektoreko eragile nagusien adostasuna eta partaidetza behar izan zen, baita zuzenean inplikaturiko erakundeena ere, hala nola: nekazaritzako sindikatuak, Mendikoi, IKT, Nekazaritza Kooperatiben Federazioa, Landa Garapenerako Elkarteak... Plana hogei neurriren multzo batean garatzen da, hamar urteko jardun-ikuspegiarekin. Hala ere, neurriek beren denborazko baldintzatzaile propioak zituzten martxan jartzeko eta funtzionatzeko, baita horien jardunen baliozkotasunari dagokionez ere. Dena dela, pentsatutako oinarrizko denbora-esparrua 2005etik 2014ra luzatzen da, bi urte horiek barne.

Euskadiko nekazaritza-erakundeentzat, gazteei nekazaritza-sektorean hasten laguntzea oinarrizko jardun-ildo bat da. Politika hori beti Jaurlaritzako nahiz Foru Aldundietako nekazaritza sailen lehentasunen artean egon bada ere, gaur egungo egoerak erakusten digu ezinbestekoa dela euskal nekazaritzan belaunaldi-txandakatzearen aldeko neurriak berehala ezartzea.

Euskal nekazaritza-sektoreak pairatzen duen zahartze-egoera kezkagarriak agerian uzten du sektorearen lan-errealitatea bitxia dela, gure herrialdeko beste produkzio-sektore batzuekin alderatuta, batez ere horretan sartzeari dagokionez, eta errealitate hori honela laburbil daiteke:

Lehenik, euskal nekazaritza-sektorean soldatapeko lanesku oso gutxi dago; ustiategi gehienak mikroenpresak dira, euren jabeak baino ez dituztenak enplegatzen.

Bestetik, sektorearen ekoizpen-eragile nagusia lurrak dira, eta lurrek oso mugikortasun gutxi dute. Gainera, bizitegi-, industria- eta azpiegitura-erabilerek gero eta presio handiagoa egiten dute, eta, horren ondorioz, merkatura ateratzen den lur apurra neurriz kanpo garestitzen da. Bestalde, ekoizpen errentagarriak lortzeko moduko lurren beharra geroz eta handiagoa da, eta finkak banatzea herentzietan ohikoagoa bihurtu da.

Era berean, nekazaritza azpisektore gehienetan sartzeko inbertsio handiak egin behar dira, eta lortzen diren errentagarritasun mailak beste produkzioko sektore batzuetan baino txikiagoak direnez, epe luzeak behar dira amortizatzeko, eta finantzatzeko zailak dira.

Nekazaritzako lan-baldintzak, batez ere abeltzaintzan, askoz ere zorrotzagoak dira beste lan-jarduera batzuetan baino: jarduera fisiko handia, ordutegi finkorik ez, kasu askotan oporrak izateko aukerarik ez... Horri gehitu behar zaizkio nekazaritzako eta abeltzaintzako lana landa-ingurunean garatzetik ondorioztatutako eragozpenak: ekipamendu eta zerbitzu gutxiago, etab.

Alderdi horien guztien ondorio gisa, nekazaritza da ziur asko gure herrian gazte enplegua erakartzeko zailtasun handienak dituen produkzio-sektorea. Beste sektore batzuen kasuan ez bezala, hemen arazoa da sartzeko borondaterik eza. Era berean, badaude gazteak potentzialki interesatuak, baina ez dituzte pizgarri nahikoak aurkitzen sektorean instalatzeko.

Gazteak sektorean sartzeko, eta gizartea gure nekazaritzaren balioei buruz sentsibilizatzeko premiarekin loturik, sektoreari ospea emateko balioen eta ideien inguruan lan egin beharko da. Balio horien artean, honako hauek azpimarratu behar dira:

Lan-autonomia eta independentzia erabakiak hartzeko, familia-unitate guztiak enpresa-proiektuan parte har dezakeen ingurune batean.

Lana naturarekin harremanetan.

Nekazaritzako lana baldintza txarrak dituen lan fisiko gisa ikustea bazter uzteko aukera ematen duten makinerien eta teknologien erabilera.

Gizartearen gainerakoak aitortzen dituen eta ospea duten produktuen ekoizpena.

Nekazaritzako produktuen balioa handiagotzeko etorkizuneko esparrua, eta gaur egungo ekoizleen urritasuna Euskal Autonomia Erkidegoa n, errentagarritasun-aukera handiak ematen dizkiena proiektu berriei: gutxieneko neurri batean ondo pentsatutako eta kudeatutako ekimenek arrakasta dute.

Nekazaritza-ustiategietako jabe gehienen zahartzea da oztopo nagusietako bat nekazaritzaren modernizaziorako eta produkzio-sare biziduna lortzeko, eta, beraz, gazteei ustiategi profesionalaren gaineko erantzukizuna eta titulartasuna ahalbidetzea da estatutu honen helburu nagusia.

Nekazaritza eta Elikadura Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen VI. tituluan jasotzen da gazte nekazariekiko laguntza trinko eta irmoa, hain zuzen ere kolektibo hori artatu edo sustatu nahi baita besteen gainetik, nekazaritza-jarduerara sartzeko unean eta hori gauzatzeko unean topatzen dituzten zailtasun bereziengatik. Legean aurreikusitako neurriak honako hauek dira:

Lehentasuna ematea laguntza-planetan sartzeko eta sektoreko plan propioetan sartzeko.

Lehentasuna ematea Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzak eskuratzeko, eta lehentasuna, halaber, laguntza-eskubideen erreserban edo Nekazaritza Politika Erkideak eraginda sortzen diren bestelako eskubideetan, legedia erkideak halakorik onartzen badu.

Lehentasuna ematea nekazaritza-lurrak zein ekoizpen-baliabideak eskuratzeko.

Lehentasuna ematea nekazaritza-ustiategi bateko titulartasuna eskuratzeko edo nekazaritza-ustiategi asoziatiboen titulartasuna eskuratzeko, bereziki, kooperatiben kasuan.

Lehentasuna ematea prestakuntzako ikastaro eta programetan parte hartzeko.

Esklusibotasuna ematea aurre-erretiroko laguntzak jasotzen dituen titular batek transmititzekoa duen ustiategiaren titulartasuna eskuratzeko.

Euskal landa-ingurunean ekipamendu eta zerbitzu jakinak garatzea, gazteak nekazaritza-arloan has daitezen, eta horretan jarraitu.

Herri-lurren eta mendi publikoen aprobetxamendua baliatzea.

Estatutu hau, ekonomiaren antolamendu orokorrari jarraiki eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion eskumen esklusiboa baliatuz eman da, betiere Konstituzioaren 148.1.7 eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.9 artikuluetan xedaturikoari jarraiki.

Dekretu hau egiterakoan, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta baita sektoreko elkarte profesionalei ere.

Horrenbestez, dagozkien aginduzko txostenak igorri ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa entzun eta gero, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak proposaturik eta Gobernu Kontseiluak 2014ko otsailaren 4an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea nekazari gazteen estatutua arautzea da; estatutuak nekazaritza-ustiategi profesionalen titular gisa gazteak hasi eta horretan jarraitzea sustatzearen aldeko ekintzak biltzen ditu.

Dekretu honen helburuetarako, ondoko definizioak hartuko dira:

  1. Nekazari gaztea: nekazaritza-jardueran diharduen edo laneratze prozesuan dagoen pertsona fisikoa, 40 urte edo beherakoa.

  2. Agroaldea: nekazaritza-jarduerak garatzeko gaitasuna duten lursailen poligonoa, lursail guztientzako baterako hirigintza-zuzkidurarekin eta titulartasun publikoarekin.

  3. GazteNek bulegoa: Osoko aholkularitza ahalbidetzen duen zerbitzua da, eta, hala dagokionean, euskal nekazaritza-sektorean sartu nahi duen gazte orori jarraipena egiten dio.

  4. GazteNek prozedura: nekazari gazteak instalatzeko laguntza-plana, nekazaritza-sektoreko egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzko uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuan ezarria, pertsona gazteak nekazaritza-jardueran pixkanaka sartzeko helburuarekin.

  1. Bere jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko nekazaritza-sektorean garatzen duen nekazari gazteari aplikatuko zaio estatutu hau.

  2. Nekazari gazte guztiek balia ditzakete estatutu honetan aurreikusitako laguntzak eta neurriak, betiere lan egiteko gaitasuna badute eta dagokion eskaera aurkeztean 41 urte oraindik bete ez badituzte, neurria baliatzen den denboran adin hori gainditzeko aukera bazter utzi gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-lurra kontserbatzeari eta lur horren erabilpena sustatzeari buruzko urriaren 2ko 193/2012 Dekretuaren 6. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoa alde batera utzi gabe, nekazaritza profesionalaren sektorean jada instalatuak dauden nekazari gazteek, edo sektore horretan instalatzeko gogoa dutenek, lehentasuna izango dute ustiategia kokatua dagoen edo kokatu nahi den Lurraldeko Nekazaritza Lurren Funtsean eskuragarri dagoen nekazaritza-lurreko aktiboen esleipenerako.

  1. Nekazaritza-sektorean instalatu nahi diren gazteek lehentasuna izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko agroaldeetan eskuragarri dauden lursailak eskuratzeko, edo, hala badagokio, sortu berri den agroalde bateko lursailak eskuratzeko.

  2. Nekazari gaztea salbuetsia egongo da instalatu den lursailaren erabileragatik kanon edo tasarik ordaintzetik, lehengo aldiz instalatzeko epean, betiere instalatu den agroaldean eska daitezkeen bestelako baldintzak bazter utzi gabe.

  3. Agroaldeek esleitutako lursailean jarraitzea bermatuko diete gazteei, egindako inbertsioak amortizatzeko behar den denboran.

  1. Beren ustiategia mendi publikoak banaka nahiz beste udalerri batzuekin batera kudeatzen dituen euskal tokiko erakunde batean kokatua duten nekazari gazteek, eskabidea egin ahal izango dute gune horiek eskuratu eta erabiltzeko nekazaritza-jarduerarako, Nekazaritza Ustiategien Erregistroan alta ematen duten momentutik.

  2. Euskal administrazioak salbuespenak ezarriko dituzte nekazaritza profesionalaren sektorean instalatzen diren gazteentzat, ustiategiaren titulartasuna eskuratzen dutenetik lehengo aldiz instalatzeko epean. Salbuespen horiek, besteak beste, honako baldintza hauei aplikatuko dakizkieke:

    1. Aprobetxamendu-kanonen ordainketa.

    2. Dedikazio nagusia nekazaritza-jardueran emateko eskakizuna.

    3. Gune publikoaren gaineko eskubideak lortzeko herri batean gutxieneko denbora batez bizi behar izateko betebeharra eskatzea.

  1. Euskal nekazaritza-administrazioek beren laguntza-planetan eta laguntza-programetan jasoko dituzte titularrek, beren ustiategiak behin betiko eskualdatzea sustatzera bideratutako Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzak, hain zuzen ere ustiategi horiek lehentasunez nekazari gazte bati edo, hala badagokio, Nekazaritza Lurren Funtsei lagatzeko.

  2. Foru erakundeek lagapen-hartzaile gisa sartzen diren beste Lurralde Historiko batzuetako gazteak bazter utzi gabe artikulatuko dituzte laguntza horiek.

  1. Gazteak nekazaritza profesionalaren sektorean sartzea ahalbidetzeko, laguntzak eta bestelako sustapen-neurriak ezarriko dira nekazaritzan lehen aldiz instalatzen diren gazteentzat.

  2. Laguntza horiek emateko Gaztenek prozeduraren artikulazioak barnean hartuko ditu, publizitate, gardentasun, lehiakortasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik gabeko printzipioekin batera, gaztearen trebakuntza, proiektuaren bideragarritasuna, eta proiektuaren monitorizazioa, tutorizazioa eta ebaluazioa, pixkanakako sartzearen printzipioan oinarrituta.

  3. Gaztenek prozedura Nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzko 133/2008 Dekretuaren 9. artikuluan xedaturikoaren arabera edo ordezkatzen duen arauaren arabera arautuko da.

  4. GazteNek bulegoek gazteak aholkatuko dituzte euren sarrerari lotutako egitasmoei buruz, eta lagunduko diete jarduera profesionala finkatu arte. GazteNek bulego bat, gutxienez, kokatuko da Lurralde Historiko bakoitzean.

  1. Euskal nekazaritza-administrazioek beren laguntza-planetan eta -programetan bilduko dituzte NPEan jasotzen diren guztiak, betiere gazteak sektorean sartzea sustatzearen esparrukoak eta gazteek beren ustiategietan egiten dituzten inbertsioei laguntzekoak.

  2. Era berean, eta horren ildotik, euskal nekazaritza-administrazioek, beren finantza-aukeren barruan, honako hauek ezarriko dituzte:

    1. Erkidegoko legedian biltzen diren gehieneko laguntza-zenbatekoak eta -ehunekoak, beste laguntza-neurri batzuk dituzten nekazari gazteentzako azpiprograma espezifikoen ezarpena barnean hartuta.

    2. NPEa osatzen duten Estatuko laguntzak, betiere erkidegoko legediak ahalbidetzen duen tarteen barruan.

  3. Europar Batasunaren araudiak ahalbidatzen duen guztietan, nekazari gazteak lehen instalaziorako dirulaguntza eskuragarri izango du Gaztenek prozeduraren arabera.

  1. Euskal nekazaritza-administrazioek sustatutako plan eta programa azpisektorialak lantzean, biltzen dituzten jardun-neurriak saiatuko dira nekazari gazteen alde egiten beren aplikazioan, betiere arau erregulatzaileen bitartez halako jardun-aukerarik baldin badago.

  2. Nekazari gazteak elkarte edo korporazio batean integratuak baldin badaude, edo horietan sartzeko konpromisoa hartu badute, aldekotasuna handiagoa izango da.

  3. Euskal nekazaritza-administrazioek nekazari gazteen alde ekingo dute eraldaketarako eta merkaturatzeko laguntza-programetan.

  1. Foru erakundeek, nekazaritza- eta baso-ustiategietan inbertsioak finantzatzeko finantza-erakundeekin sinatzen dituzten hitzarmenetan, nekazari gazteen premiei erantzungo diete bereziki.

  2. Hitzarmen horiek jasoko dute zehazki nekazari gazteen lehentasuna onuradun izateko hauelako laguntza eta neurrietan:

    1. Zailtasun finantzarioak dituzten nekazaritza-ustiategietako pasiboak berriz finantzatzea, horien bideragarritasun ekonomikoa lortzeko.

    2. Emandako diru-laguntzen aurrerakina, zubi-kreditu bat formalizatzearen bitartez.

    3. Kapital zirkulatzailearentzako kreditu-kontu bat kontratatzeko aukera, nekazaritza-ustiategiek epe laburrean eta ertainean izan ditzaketen likidezia-premiak asetzeko aukera emateko.

Foru erakundeek sariak ezarri ahal izango dituzte:

  1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan edo Sozietateen Zergan, nekazari gaztearen instalazioa bultzatzeko.

  2. Beren ustiategia eskualdatzen edo Txanda Irekian gazteei lagatzen dieten nekazarientzat.

  1. Urteko errentetan murriztapen nabarmenak pairatzen dituzten nekazariei konpentsazioa eskaintzen dieten mutualitateetan edo errentak egonkortzeko beste tresna batzuetan eta bestelako uzta-aseguruetan parte hartzen duten gazte nekazariek, % 25eko hobaria izango dute partaidetzaren lehen 5 urteetan, gainerako nekazari partaideekin alderatuta, ezar daitezkeen finantza-ekarpenetan.

  2. Era berean, nekazari gazteek lehentasuna izango dute tresna horietarako ekarpenak finantzatzeko NPEan ezartzen diren diru-laguntzak eskuratzeko.

  1. Herri administrazioek nekazaritza-jardueran hasteko prozesuan dauden gazteei laga ahal izango dizkie, bost urteko aldian gehienez, elikadura-nekazaritzako enpresen hazitegi gisa erabiltzeko prest dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak, betiere lagatzearekin ez bada urratzen azpiegiturak edo ekipamenduak atxikiak zeuden zentroaren funtzioa.

  2. Esleipen-prozedura araubidez arautuko da, eta publizitate, gardentasun, lehiakortasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik gabeko printzipioak errespetatuko ditu.

Euskal administrazioek lagundu egingo dute nekazari gazteak langileak kontrata ditzan, Lanbide zerbitzuan eta Sasoiko Langileari Arreta emateko Planetan bildutako lehentasunezko neurrien bitartez.

  1. Nekazaritzako elkarte edo korporazio bateko kide diren gazteek beren puntuazioan gutxienez % 10 gehigarria izango dute beren proiektuen baremazioari dagokionez, euskal nekazaritza administrazioek egiten dituzten deialdietan.

  2. Laguntzak ezarriko dira elikadura-nekazaritzako balio-katearen alorretan kooperatibetan sartzeko eta, bereziki, kooperatiba uzten duten kideak ordezkatuz gazteak sar daitezen.

  3. Kooperatibetan sartzeko laguntza horiek berariazko dekretu baten bitartez arautuko dira, eta bateraezinak izango dira enplegu eta gizarte gaietan sail eskudunak deitutakoekin gizarte-ekonomiaren arloan ekiteko.

  4. Bultzatuko da gazteen integrazioa ahalbidetzeko nekazaritzako elkarte profesionaletan edo ekoizleen elkarteetan, haien partehartzea sartuz lehentasunezko erizpideen artean dirulaguntzei buruzko arauetan.

Euskal nekazaritza-administrazioek azpiegitura eta ekipamendu pribatuen bitarteko-zerbitzuak sortzea ahalbidetuko dute, nekazari gazteak produkzio-bide horiek baliatzea bultzatzeko.

  1. Nekazari gazteek eskubidea dute beren interesak eta beharrak ordezkatzen dituzten politikak bultzatzean baliozko solaskidetzat hartuak izateko.

  2. Euskal nekazaritza-administrazioek nekazari gazteen presentzia sustatuko dute, horien partehartzea sartuz lehentasunezko erizpideen artean dirulaguntzei buruzko arauetan, nekazaritza- edo landa-eremuan jarduten duten elkarteen eta erakunde profesionalen, enpresa-arlokoen, sindikatuen edo beste mota bateko erakundeen zuzendaritza-organoetan.

  1. Eusko Jaurlaritzak urtero deituko du nekazaritzako ekintzailetza saria, gazteek egiten duten lana aitortzeko, eta sektorearen barruan eredu bihurtzeko.

  2. Zuzkidura deialdian ezarriko da, eta sari bat emango da lurralde historiko bakoitzean.

  3. Aipatutako sarien epaimahaia honako hauek osatuko dute: nekazaritza gaietan sail eskudunaren ordezkari batek, Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari batek, Hazi Fundazioaren ordezkari batek, kudeaketa-zentroen ordezkari batek, eta nekazaritza-sindikatuen ordezkari batek.

  4. Sarien onuradun izan ahalko dira nekazaritza-ustiategi baten titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak. Pertsona fisikoen kasuan, titulu nagusiko nekazariak izan beharko dute.

  5. Oinarri arautzaileak arautegiz ezarriko dira; balioespen-irizpideak izango dira proiektuaren berrikuntza-maila, enplegua eta sinergiak sortzeko ahalmena, eta ekonomia- eta ingurumen-iraunkortasuna.

Eusko Jaurlaritzak ondoko ekintzak burutuko ditu:

  1. Prestakuntza eta trebakuntza profesional egokia ematea sustatuko du, baita nekazari gazteen lehentasunezko sarrera ere prestakuntza intentsiboko eta etengabeko prestakuntzako eskaintzan, agente sektorialen lankidetzarekin.

  2. Nekazaritzan pertsona gazteak sartzera bideratutako prestakuntza-ekintzei emango die lehentasuna, arreta berezia jarriz proiektuen enpresa-ikuspegian.

  3. Nekazaritza-gaietako prestakuntza- eta eguneratze-programak prestatu eta aplikatzea, betiere, egokitze-premia ezberdinak kontuan hartuta; batez ere, honako hauek: jarduera iraunkorra; ustiategien kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa hobetzea; identifikazio-arauak, elikagai-segurtasuneko arauak eta trazabilitate-arauak; nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea; teknologia berriak eta informazioa eta komunikazioa eskura izatea.

  4. Urtero, prestakuntza-beken deialdia egingo du beren prestakuntza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo zabaldu nahi duten edo beren trebakuntza profesionala hobetu nahi duten nekazari profesional gazteentzat.

  5. Euskal administrazioen mendeko nekazaritzako ikerketa-zentroetan eta erakundeetan garatzen diren ikerketetarako, azterlanetarako eta informaziorako sarrera ahalbidetuko du.

  1. Euskal nekazaritza-administrazioek, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ustiategien nekazaritza-jardueraren jarraitutasuna bultzatzeko helburuarekin, gazteak sektorean integratzeko eredu bat bultzatuko dute Txanda Irekiaren bitartez, jagole-lana beteko duen titular lagatzaile batek kudeatua.

  2. Denbora jakin batean, gazteak nekazaritza-ustiapenaren berezko jarduerak egingo ditu titular lagatzaileak gainbegiratuta, ustiategiaren kudeaketa ikas dezan. Jarduera horiek prestakuntzazko beste batzuekin osatuko dira.

  3. Txanda Irekia erregelamendu bidez arautuko da; arauketak honako alderdi hauek zehaztuko ditu, besteak beste:

    1. Figura horretan sartzeko baldintzak.

    2. Horretara atxiki nahi diren ustiategien baldintzak.

    3. Txanda-prozesuaren iraupena.

    4. Jagoleak eta lagapen-onuradunak hartu beharreko kontratuzko konpromisoak.

    5. Sortzen den balioespen-batzordearen funtzioak eta osaera.

  1. Foru Aldundiek, nekazaritza-sektorearen ezagutza hobea bultzatzeko, eta ekintzailetzarako eskaintzen dituen aukerak hobeto ezagutzeko, sektorera hurbiltzeko beken deialdia egingo du urtero.

  2. Hurbiltzeko beka horien erregulazioa araubidez ezarriko da.

  1. Amatasunaren eta aitatasunaren ondorio diren eskubideak babestu egingo dituzte euskal administrazioek, eta horrela, haurdunaldiagatik, edoskitzaroagatik edo seme-alaben zaintzagatik nekazaritza-jarduera eten behar denean, ordezkapen-zerbitzuak edo jendarte-zerbitzuak erabili ahal izango dituzte.

  2. Ordezkapen-zerbitzuak eskuratzeko, aldi baterako ezintasun, oporraldi edo atseden kasuetan, nekazari gazteek ustiategien titular izatea sartuko da lehentasunezko erizpideen artean.

  1. Euskal administrazioek landa-ingurunean ekipamendu eta zerbitzu jakin batzuk ezarriko dituzte, gazteak nekazaritza-arloan has daitezen, eta horretan jarraitu.

  2. Landa Garapenerako Elkarteek, beren ahalmenen barruan, nekazari gazteei aholku eman ahalko diete Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, proiektuak gara ditzaten landa-inguruneetan.

  3. Nekazari gazteak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietara iristea sustatuko da, proiektu horiei lehentasuna emanez Leader (Liaison entre actions de développement rural) ikuspegiaren barruan.

  1. Euskal nekazaritza administrazioek, beren laguntza-planen barruan, nagusiki nekazari gazteen landa-inguruneko ohiko etxebizitza erosi, eraiki eta birgaitzea bultzatuko dute.

  2. Aurrekoa ezinezkoa denean, babes ofizialeko etxebizitzetarako sarbidea ahalbidetuko diete ustiategia kokatua dagoen edo hura instalatzen duten udalerrian, edo gertuen dagoen udalerrian.

  1. Estatutu honetan xedatutakoaren betearazpenaren jarraipena egiteko, jarraipen batzorde bat sortzen da, eta osaera hau izango du:

    1. Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren gaian zuzendari eskuduna edo hark ordezkari izendatzen duena; batzordearen buru izango da.

    2. Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren gaian eskumena duen zuzendaritzako langileen artean hautatutako pertsona bat.

    3. Eusko Jaurlaritzako landa-garapenaren gaian eskumena duen zuzendaritzako langileen artean hautatutako pertsona bat.

    4. Berdintasunerako Administrazio Unitateko langileen artean hautatutako pertsona bat, nekazaritzaren gaian eskumena duen sailekoa.

    5. Foru aldundien ordezkari bana, nekazaritzaren gaian eskumena duten sailetakoak.

    6. Hiru ordezkari, nekazaritzaren arloko ordezkaritza handieneko euskal sindikatuenak.

    7. Aholkularitza-erakundeen ordezkari bat.

  2. Gaiaren berezitasunagatik espezialistak edo halabeharrez zerikusia duten beste pertsona batzuk behar direnean, eta batzordekoak ez direnean, batzordeburuaren eskariz deitu ahal izango zaie.

  1. Jarraipen Batzordeak aztertuko du estatutu honetako helburuen betetze-maila, eta urteko txosten bat egingo du, bertan aurreikusitako neurriek sektorean duten eragina ebaluatuta. Ahalik eta zabalkunderik handiena emango zaio txostenari.

  2. Hartutako betebeharrak edo ezarritako helburuak ez direla betetzen ari ikusten bada, edo aurreikusitako epeetan ez direla lortzen, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordeari berariazko komunikazioa bidaliko zaio atzematen diren ez-betetzeen ingurukoa.

  3. Ondoz ondoko hiru txostenetan ikusten bada nekazari gazteen egoera sozial, ekonomiko eta politikoa besteen egoerarekin parekatu dela eta egoera horretan atzera egin daitekeela erakusten duen daturik ez badago, ekintza positiboa egiteko beharrezkotzat jotzen ez diren neurriak kentzea proposatuko du Jarraipen Batzordeak.

Jarraipen Batzordeak berak finkatzen dituen arauak beteko ditu, eta arau horien ordezkoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa izango da, kide anitzeko organoei dagokienean.

Elikadura-nekazaritzaren eta landa-ingurunearen sektoreko enpresa-jardueretan laguntzera bideratutako Hazilur, Elikadura Sektorerako Euskal Fondoak, lehentasuna emango die nekazari gazteek sustatutako proiektuei.

  1. Genero-ikuspegia nekazaritza politiketan txertatzeko baliabide zehatzak ezarriko dituen Emakume Nekazarien Estatutua indarrean sartu arte, ahalegina egingo da ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, Nekazari Gazteen Estatutu honetan ezartzen diren neurri eta ekintza guztietan.

  2. Bereziki, estatutu honek sortzen dituen organoen eraketa orekatua bermatzeko neurri egokiak hartuko dira, eta egoki jotzen diren ekintza positiboko neurriak hartu, emakumezko eta gizonezko nekazari gazteen artean antzemandako ezberdintasunak ezabatzeko.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko otsailaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.