Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

463/2013 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortu eta ziurtagiri eta egiaztapen horiek erregistratzeko eta emateko prozedura ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 242
  • Hurrenkera-zk.: 5523
  • Xedapen-zk.: 463
  • Xedapen-data: 2013/12/17
  • Argitaratze-data: 2013/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Kualifikazio eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 8. artikuluko 1. paragrafoan ezartzen duenez, lanbide-heziketako tituluek eta profesionaltasun-ziurtagiriek egiaztatu egiten dituzte horiek eskuratu dituztenen lanbide-kualifikazioak, izaera ofiziala dute, Espainia osoan dira baliagarri, eta administrazio eskudunei dagokie ziurtagiri eta titulu horiek ematea.

Bestalde, Enplegurako Lanbide Heziketaren Azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak 2.2.e) artikuluan ezartzen duenez, enplegurako lanbide heziketaren helburuetako bat da sustatzea langileek eskuratutako lanbide-gaitasunak egiaztatzea, bai prestakuntza-prozesu formal edo ez-formalen bidez eskuratutako gaitasunak, bai lan-esperientziaren bidez eskuratutakoak.

Halaber, errege dekretu horren 11. artikuluko 4. paragrafoan adierazten denez, profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak bilduko dituen erregistro bat eratu beharko dute autonomia-erkidegoek, izenak eta espezialitateak jasoko dituena.

Bestalde, Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatuak 3. artikuluko a) idatzi-zatian ezartzen duenez, profesionaltasun-ziurtagirien xedea da horietan jasotako lanbide-kualifikazioak edo gaitasun-unitateak egiaztatzea, edozein izanda ere eskuratzeko era (prestakuntza bitartez, lanbide-esperientzia bitartez edo prestakuntza bide ez-formalen bitartez, betiere Kualifikazio eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluaren garapenean ezarritakoari jarraikiz).

Errege dekretu horren 16. artikuluko 2. paragrafoan ezartzen denez, profesionaltasun-ziurtagiriari lotutako modulu guztiak gainditu ez baina haren gaitasun-unitate bati edo batzuei lotutako moduluak gainditzen dituztenek ziurtagiri bat jasoko dute, gainditutako moduluei buruzkoa, eta egiaztapen partzial metagarriaren balioa izango duena.

Horretaz gainera, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 17.1 artikuluan berriro ezartzen da lan arloko administrazioek izendun- eta espezialitatedun-erregistro bat eratu behar dutela eta han bildu behar dituztela emandako profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak,

Bestalde, berriki indarrean sartu da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea, helburu duena bizi arteko euskal ikaskuntza sistema bat arautzea, hain zuzen ere herritarren etengabeko prestakuntza- eta kualifikazio-premiei erantzuteko, garapen pertsonal, sozial eta profesionala errazteko, eta, hartara, Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialaren alde egiteko. Alde horretatik, lege horrek beharrezko diren mekanismoak ezartzen ditu jardunbide egokiak programatzeko, koordinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko.

Lege horren 8. artikuluan ezartzen denez, ikaskuntza-ibilbideak eta -ekintzak garatu ahal izatea eta prestakuntzatik lan-mundura jauzi egitea errazteko, Eusko Jaurlaritzak bizialdi osoko ikaskuntza-prozesuko programek modulu bidezko egitura izatea sustatuko du, eta, horrekin batera, hezkuntza-sistema nahiz lan-mundua bizialdi osoko ikaskuntza-prozesuko euskal sistemako programa ez-formal eta informalekin lotuta egotea bultzatuko du, arau horren garapenaren bitartez bultzatu ere.

Adierazitako guztia oinarri hartuta, hezkuntzaren eta enplegurako prestakuntzaren arloko eskumenak dituzten sailek lan-esperientziaren bidez nahiz ikaskuntza-prozesu ez-formaletan eta informaletan egindako ikaskuntzak aitor daitezela sustatuko dute, aitortza horren bidez lanbide-heziketako tituluak eta egiaztagiriak eskuratu ahal izateko eta, beharrezkoa balitz, unibertsitatez kanpoko ikasketetan, unibertsitatekoetan eta lanbide-heziketakoetan hasi ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bitartez, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

Dekretu horren eranskinaren B) idatzi-zatian Euskal Autonomia Erkidegoak Estatutik eskuratzen dituen eginkizun eta zerbitzuei buruzkoan ezarritakoarekin bat etorriz, erkidego horri eskualdatu zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak.

Alde horretatik, eta enplegurako lanbide heziketaren arloko eginkizunei dagokienez, besteak beste honako hauek eskualdatu ziren: batetik, profesionaltasun-ziurtagiriak eta lanbide-kualifikazioen gaitasun-unitateen egiaztapenak (egiaztapen partzial metagarriak) profesionaltasun-ziurtagirien bidez emateko eginkizuna, eta, bestetik, ziurtagiri horien erregistroa kudeatzeko eginkizuna Enplegu Sistema Nazionaleko erregistroarekin lankidetzan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren egitekoa da eskumen horiek betetzea. Izan ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legeak 3. artikuluan ezartzen duenez, erakunde horren egitekoak dira, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen diren enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta lan-munduratzearen arloetan politika publikoak antolatzea eta planifikatzea orokorrean, sektoreka eta lurraldeka, eta, horrekin batera, enplegua, enplegurako prestakuntza eta autoenplegua eta enpresen sorrera sustatzeko programak kudeatzea.

3/2011 Legea garatzeko, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretua eman zen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituena. Dekretu horren 15. artikuluan ezartzen denez, erakunde horren Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzaren eginkizunak dira egin beharreko jarduerak egitea profesionaltasun-ziurtagiriak emateko eta erregistratzeko, betiere koordinatuta hezkuntza-administrazioak eskakizun profesionalen eta lanbide-gaitasunak ziurtatzearen arloan garatzen dituen ekimenekin.

Hortaz, eta esandako guztiaren ondorio gisa, arau honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Profesionaltasun Ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortzea, eta ziurtagiriak nahiz egiaztapenak emateko eta inskribatzeko prozedura arautzea.

Enplegurako prestakuntzaren arloan eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendaritzari atxikiko zaio erregistroa. Izan ere, zuzendaritzari horren egitekoak dira enplegurako prestakuntzaren arloko espedienteak kudeatzea eta profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak emateko eta erregistratzeko jarduerak garatzea.

Erregistro horretan inskribatuta geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak, eta han artxibatu eta gordeko dira, halaber, Erregistroko inskripzioak egiteko aurkeztutako agiriak. Gainera, erregistro horren edukiaren berri jakinarazi beharko zaio Enplegu Sistema Nazionalaren Erregistroari.

Arau honetan zehazten da, halaber, nortzuek eskatu dezaketen profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak inskribatzeko eta emateko, betiere urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoan enplegurako prestakuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak izapidetuko ditu profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzialak inskribatzeko eta, horren ondorioz, emateko prozedura; eta prozedura hori ebaztea, berriz, erakunde horren zuzendariaren eskumena izango da. Ondoren, enplegu-politikaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko sailburua arduratuko da profesionaltasun-ziurtagiriak benetan emateaz; egiaztapen partzial metagarriak ematea, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ardura izango da.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da, batetik, Profesionaltasun Ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa sortzea, eta, bestetik, ziurtagiri eta egiaztapen horiek inskribatzeko eta emateko prozedura arautzea.

  1. Profesionaltasun Ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroak izaera administratiboa dauka, publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidego osorako erregistro bakarra izango da.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari atxikitzen zaio erregistroa, enplegurako prestakuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren bidez, eta zuzendaritza horren ardura izango dira erregistroa antolatzea, kudeatzea eta martxan jartzea.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako profesionaltasun-ziurtagiri eta egiaztapen partzial metagarri guztien datuak biltzen dituzten inskripzioek osatzen dute Profesionaltasun Ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroa.

  2. Erregistroaren egitura eta antolamendua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ezarriko dira, eta, edonola ere, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren III. eranskinean xedatutakoari lotuta egongo dira (34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena).

  3. Inskribatutako profesionaltasun-ziurtagiriak dokumentu publikoak dira. Ziurtagirien gaineko inskripzioak legearen arabera egokia denean baino ezin izango dira aldatu.

Profesionaltasun Ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroaren eginkizunak hauek dira:

  1. Profesionaltasun-ziurtagiriak eta gaitasun-unitateen egiaztapen partzial metagarriak inskribatzea eta horiei buruzko oharpenak egitea, betiere aurretik egiaztatuta aplikagarria den araudian ezarritako baldintzak betetzen direla.

  2. Erregistroan jasotako datuei buruzko ziurtagiriak egitea, hala behar denean.

  3. Beharrezko diren jarduerak egitea, koordinazioa eta lankidetza errazteko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatutako Enplegu Sistema Nazionalaren Erregistro Orokorrarekin.

  4. Interesdunei laguntzea Erregistroko datuak eskuratzen.

  5. Inskripzioen oinarri izan diren agiriak gorde eta zaintzea, bai eta, bereziki, ebaluazio-aktak eta ebaluazioen emaitza jasotzen duten agiriak ere. Prestakuntza-moduluak ematen dituzten ikastetxeek Erregistrora bidali beharko dituzte ebaluazio-akta eta agiri horiek, hiru hilabeteko epean gehienez.

Lan-merkatuaren gardentasuna bermatu eta langileen zirkulazio librea errazte aldera, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak koordinatzen duen eta Enplegu Sistema Nazionalean dagoen Erregistro Orokorrari jakinarazi beharko zaizkio Profesionaltasun Ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Euskal Erregistroan egindako inskripzioak.

  1. Baldintza hauetakoren bat bete beharko dute profesionaltasun-ziurtagiri bat inskribatzeko eta emateko eskabidea egin nahi dutenek:

    1. Enplegurako lanbide heziketako azpisistemaren eremuan, eskatutako profesionaltasun-ziurtagiriari dagozkion prestakuntza-modulu guztiak gai kalifikazioa lortuta gainditzea, edo, eskatutako profesionaltasun-ziurtagiriari dagozkionez, lanekoak ez diren praktiken modulua nahiz gaitasun-unitateei lotutako prestakuntza-moduluen egiaztapen partzialak metatzea.

    2. Hezkuntza-sisteman egindako ikasketen bidez, ziurtagiri akademiko bat eskuratzea, non egiaztatzen den gainditu egin direla eskatutako profesionaltasun-ziurtagiriaren gaitasun-unitateei lotutako lanbide-modulu guztiak; nolanahi ere, dagoeneko ziurtagiri baten gaitasun-unitate guztiak biltzen dituen titulu bat dutenei ez zaie profesionaltasun-ziurtagiririk emango.

    3. Lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lanbide-gaitasunak eskuratzea eta, gaitasun horiek ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuetan, kasuan kasuko profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten gaitasun-unitate guztiak gainditzea, betiere Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeko 8.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz ezarritako prozeduraren arabera.

  2. Egiaztapen partzial metagarri bat inskribatu eta emateko eskabidea egin ahal izateko, profesionaltasun-ziurtagiri batean ezarritako gaitasun-unitate bateko edo batzuetako moduluak gainditu beharko dira, nahiz eta den-denak gainditu ez.

  1. Aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituztenek enplegurako prestakuntzaren arloko eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendaritzan eskatu dezakete profesionaltasun-ziurtagiriak eta, hala badagokio, egiaztapen partzial metagarriak inskribatzeko eta emateko.

  2. Dekretu honen I. eta II. eranskinetan jasotako eredu normalizatuen arabera aurkeztuko da eskabidea eredu horiek eskuragarri egongo dira https://www.euskadi.net egoitza elektronikoan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz) aurkeztu ahal izango da, edo, bestela, erakunde horrek dituen lurralde-bulegoetan.

    Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako beste edozein bidetatik ere aurkeztu ahal izango da.

  3. Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    Gainditutako prestakuntza-moduluen diplomak.

    Hezkuntzaren arloan gainditutako moduluak baldin badira, kasuan kasuko ikastetxeak egindako ziurtagiria, zer modulu eta zer gaitasun-unitate gainditu diren zehazten duena.

    Profesionaltasun-ziurtagiri bat eskatuz gero, praktika-modulua gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiria, prestakuntza-zentroko eta enpresako tutoreek eta enpresako arduradunak izenpetuta; bestela, ziurtagiri hori aurkeztetik salbuetsita egoteko eskaera aurkeztu beharko da, Dekretu honetako III. eranskineko ereduari jarraikiz.

  4. Eskabideak osorik beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezan edo beharrezko dokumentuak gainera ditzan, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea; hala gertatuz gero, administrazioak eskabide horri buruzko esanbidezko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegurako prestakuntzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak egiaztatu beharko du eskatzaileak betetzen dituela profesionaltasun-ziurtagiria edo egiaztapen partzial metagarria eskuratzeko baldintzak arauan ezarritakoak.

    Horretarako, prestakuntza-ikastetxeek edo -erakundeek zuzendaritza horri bidali beharko dizkiote ebaluazio-akta izenpetuak eta ebaluazioaren emaitza jasotzen duten dokumentuak, eta horretarako epea gehienez ere hiru hilabetekoa izango da, prestakuntza-ekintza egiaztagarriak bukatzen diren egunetik hasita.

  6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du profesionaltasun-ziurtagiriak edo egiaztapen partzial metagarriak inskribatu eta eman behar diren ala ez. Ebazpen horiek, gainera, amaiera emango diote administrazio-bideari. Ebazpen horien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtso aurkeztu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako eran eta epeetan.

  7. Artikulu honetan araututako prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea organo eskudunaren erregistroan izapidetzera sartu den egunetik hasita. Epe hori igaro bada eta ez bada ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi, eskaera ukatu egin dela ulertuko da.

  1. Behin inskripzio-eskabidea onartuta, egin egingo dira profesionaltasun-ziurtagiriak edo, hala behar denean, egiaztapen partzial metagarriak. Enplegu-politikaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularrak egingo ditu profesionaltasun-ziurtagiriak; egiaztapen partzial metagarriak, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak.

  2. Profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak egiteko, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren II. eranskinean araututako zehaztapen teknikoak bete beharko dira.

  3. Profesionaltasun-ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak egiteko data bat etorriko da eskabidea organo eskudunaren erregistroan izapidetzera sartu zeneko datarekin.

Profesionaltasun-ziurtagiriak edo egiaztapen partzial metagarriak egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak interesdunei jakinaraziko die nola eta noiz jaso ditzaketen. Interesdunek jaso beharko dituzte agiri horiek, aurretik euren nortasuna egiaztatuz, edo, bestela, zuzenbidearen arabera haiek ordezkatzen dituen pertsonak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak aintzat hartuko ditu enplegurako prestakuntzaren arloan eskumena duen sailak profesionaltasun-ziurtagiri batean edo egiaztapen partzial metagarri batean egiaztatutako gaitasun-unitateak. Gaitasun-unitate horiek bakoitzari dagokion lanbide-moduluen bidez baliozkotuko dira, lanbide-heziketako titulu bakoitza arautzen duen araudiaren arabera.

  2. Halaber, profesionaltasun-titulu eta -ziurtagirien lanbide- edo prestakuntza-moduluak baliozkotze edo salbueste aldera, hezkuntzaren eta enplegurako prestakuntzaren arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek aintzat hartuko dituzte lanbide-gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduretan egiaztatutako gaitasun-unitateak, lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formal eta informalen bitartez eskuratutakoak.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Euskal Autonomia Erkidegoko Profesionaltasun-ziurtagirien eta Egiaztapen Partzial Metagarrien Erregistroko datuak bildu, erabili eta uzteko, dagokion datuen fitxategi automatizatua erabiliko da. Fitxategi hori sortzeko, bete egingo da honako lege hauetan ezarritakoa: Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoa.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Administrazio-izapideak sinpletu eta azkartze aldera, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira dekretu honetan aurreikusitako prozedura moldatzeko, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzeko eta datu-trukaketa errazteko, Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, bere eskumenez baliatuta, beharrezko diren ebazpenak eman ditzake dekretu hau aplikatu dadin.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

    Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 17an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

    JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.