Arautegia

Inprimatu

459/2013 DEKRETUA, abenduaren 10ekoa, lehorretik itsasora egiten diren isurketei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila; Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 237
  • Hurrenkera-zk.: 5406
  • Xedapen-zk.: 459
  • Xedapen-data: 2013/12/10
  • Argitaratze-data: 2013/12/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Gernikako Estatutuaren 10.31 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du itsasertzaren antolamenduaren esparruan, eta 11.1.a) artikuluak aurreikusten duenez, autonomia-erkidegoaren eskumenekoa da, dagokion lurraldearen barruan Estatuak ingurumen-esparruan duen oinarrizko legeriaren lege-garapena eta gauzatzea egitea, eta hori da, hain zuzen ere, lege-testu honen azken helburua. Azkenik, 12.10 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoari dagokio Estatuko jurisdikziopeko uren baitan euskal itsasertzari dagozkion uretara egiten diren industria-isurketen eta isurketa kutsatzaileen esparruan Estatuak duen legeria gauzatzea.

Estatutuaren garapenean, 1996ko abuztuaren 30eko 216/1996 Dekretu bidez onartu zen 1996ko uztailaren 29ko Transferentzien Batzorde Mistoaren Akordioa, ingurumenaren eta isurketen esparruan Estatuko Administrazioaren funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. Akordio horren arabera, Autonomia-Erkidegoak bere gain hartzen dituen Estatuko funtzioen artean honako hauek aipa daitezke, besteak beste: «euskal itsasertzeko uretan egiten diren isurketak ikuskatzea eta, hala badagokio, obrak eta instalazioak ikuskatzea, betiere itsas- lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidak emateko eskumenari kalterik egin gabe; izan ere, Estatuko Administrazioarena da eskumena».

Itsasertzei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legeak arautzen dituen esparruen baitan, Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboko hainbat alor daude, hala nola itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuan baimenak ematea eta zaintza-lana, edo lehorretik itsasora egiten diren isurketak baimendu eta kontrolatzea. Aipatu denaren ildotik, 1997ko abuztuaren 29an 196/1997 Dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Dekretu horretan ezarri ziren lehorretik itsasora isurketak egiteko baimenak emateko prozedura, itsasadarretan egiten diren isurketak barne, eta itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuak erabiltzeko baimenak ematekoa ere bai.

Bestalde, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea onartzearekin batera, eta berau garatzeko eta gauzatzeko araudia, apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren bitartez onartu zena, onartzearekin batera, ingurumeneko baimen bateraturako prozedura bakundu bat ezarri da. Prozedura horren barruan daude, besteak beste, lehorretik itsasora isurketak egiteko baimenak eta itsasadarretara isurketak egitekoak, aipatutako Legearen 1. eranskinean barne hartutako jardueren kasuan. Dekretu honetan kontuan hartu dira isurketak arautzeko eta kontrolatzeko aipaturiko araudian aurreikusitako betebeharrak.

Adierazitako guztiez gain, honako hauetan barne hartutako zehaztapenak hartu dira kontuan: 91/271/EEE Zuzentaraua, 1991ko maiatzaren 21ekoa eta hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzkoa dena, 98/15/EE Zuzentaraua, otsailaren 27koa eta aurreko Zuzentarauaren I. eranskina aldatzen duena, eta ondoren Estatuko ordenamendura egindako transposizioak, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikatzeko arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuaren bidez, hori garatu zuen 1996ko martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuaren bidez, eta hori aldatzeko 1998ko urriaren 2ko 2116/1998 Errege Dekretuaren bidez.

2006ko otsailaren 15eko 2006/11/EE Zuzentaraua kontuan hartuta, Dekretu hau lagungarria izango da aipatutako Zuzentarauaren eranskineko I. zerrendan aipatzen diren substantzien kategoria eta multzoetan sailkatutako substantzia arriskugarriek uretan eragindako kutsadura desagerrarazteko, eta eranskin bereko II. zerrendan aipatzen diren substantzien kategoria eta multzoetan sailkatutako substantzia arriskugarriek uretan eragindako kutsadura murrizteko. Era berean, itsas ingurunea babesteko abenduaren 29ko 41/2010 Legea ezartzea ere badago arlo honetan. Lege hori itsasoko eta itsasertzeko uren ingurumen-egoera ona lortzeko lagungarria izango da, eta bereziki, arroko plan hidrologikoetan kontuan izan ez diren itsas ingurunearen babes eta plangintzaren alderdiei dagokienez.

Itsasbazterreko uren kalitatearen kontrolari dagokionez, Lehorretik itsasora egiten diren substantzia arriskugarrien isurketei buruzko araudi orokorra ezartzeko martxoaren 10eko 258/1989 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, EAEk honako eginkizun hauek ditu: kutsatzaileak murrizteko programak gauzatzea, isurketek eragindako ingurune urtarren zaintza, uren kalitatearen laginak hartu eta ikuskapenak, inbentarioak eta analisiak egitea eta datuen bilakaera aztertzea.

Beste alde batetik, Dekretu honetan 258/1989 Errege Dekretuan, martxoaren 10ekoa eta lehorretik itsasora egiten diren substantzia arriskugarrien isurketei buruzko araudi orokorra ezartzeko denean xedatzen dena barne hartu da, eta 1989ko urriaren 31ko MOPUren Aginduan, 1991ko maiatzaren 9ko MOPTren Aginduak aldatzen duenean, eta 1992ko urriaren 28ko MOPTren Aginduan, bere esparrua zabaltzen duenean xedatzen dena barne hartu da.Dekretu honetan 2000/60/CE Zuzentarauak, uren politikaren esparruan esku hartzeko esparru komunitario bat ezartzen duenak, adierazitako printzipioak barne hartuta daude. Uren politikaren arabera, trantsizioko uren eta itsasertzeko uren narriadura areagotzea prebenitu behar da eta ingurune urtarraren babesa hobetu behar da, isurketak progresiboki murrizteko berariazko neurriak ezarriz. Halaber, urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauaren ondoriozko betekizunen artean, besteak beste, isurketek eragindako itsasertzeko eta estuarioetako uren monitorizazioa, jarraipena, kontrola eta zaintza egitea dagokio EAEri.

Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriak arautzen dituen abenduaren 30eko 62/2003 Legearen bitartez onartu zen Esparru Zuzentarauaren transposizioa, eta itsasora egiten diren isurketen printzipio orokorrak barne hartu ziren arloko legerian «Itsasoko uren babesarekin, isurketak, isurtzeak eta lehentasunezko substantzien galera eten edo pixkanaka desagerraraztea lortu nahi da, eta azken xedea da ingurune urtarrean oinarrizko balioen hurbileko kontzentrazioak lortzea, jatorri naturala duten substantzien kasuan, eta zeroren hurbilekoak izatea, berriz, substantzia sintetiko artifizialen kasuan».

Bestalde, ekainaren 23ko EAEko Uraren 1/2006 Legeak, ingurumen-helburuen artean, gainazaleko ur-masa guztien narriaduraren prebentzioa eta lehentasunezko substantzien isurketen ondoriozko kutsadura progresiboki murriztea jasotzen du, isurketak, isuriak eta lehentasunezko substantzia arriskugarrien isurketak, isuriak eta galerak eragotziz desagerraraziz.

Lurralde-antolamenduari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Antolatu eta Babesteko Lurraldearen Arloko Plana aipatu behar da. 2007ko maiatzaren 13ko 43/2007 Dekretu bidez onartu zen aipatutako LAPa eta bere artikuluen artean, 22/1988ko Legearen, uztailaren 28koa eta itsasertzei buruzkoa denaren zenbait artikulu barne hartzen ditu.

Dekretu honen xedea da lehorretik itsasora egiten diren isurketei dagokien esparru juridikoa osatzea, itsasadarretara egiten diren isurketak barne hartuta, eta ikuspegi administratibotik zein ingurumenekotik eta zerga-esparrua eta zehapen-esparrua kontuan hartuta egin behar da. Dekretuan barne hartuta daude uren esparruko ingurumen-kalitateko arauei buruzko abenduaren 16ko 2008/105/EE Zuzentarauaren gidalerro nagusiak, eta horren transposizioa Estatuko araudira urtarrilaren 21eko 60/2011 Errege Dekretuaren bidez, uren politikaren esparruko ingurumen-kalitateko arauei buruzkoa.

Dekretu honen III. kapituluari dagokionez, Estatuko oinarrizko ingurumen-legeria garatzeko Estatutuak ematen duen ahalmena gauzatu eta Itsasertzei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 85. artikuluan aurreikusitako isurketa-kanona, aipatutako Legea gauzatzeko araudi orokorrean zehazten ez dena, arautu da. Dekretu honi zentzu osoa eta integrala emate aldera, berriro ere Legeak ezartzen duenaz zenbait prezeptu jasotzen dira hemen.

  1. kapituluak arau-hausteen eta zehapen-araubidea arautzen du, bai berariazko xedapenak, bai eskumenei eta prozedurari buruzko araudi komuna, eta ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legean ezarritako uren araubide juridiko eta zehapen-araubide berrian barne hartutako aurreikuspenak kontuan hartuta egiten da.

  1. eranskinean, bestalde, substantzia kutsatzaileen mugako isurtze-balioak zehaztu dira. Aipatutako eranskinean, martxoaren 10eko 258/1989 Errege Dekretuaren I. Zerrendako substantzia arriskugarriak barne hartu dira. Errege Dekretu horretan barne hartzen diren mugako isurtze-balioak, 1989ko urriaren 31ko MOPUren Aginduan, 1991ko maiatzaren 9ko MOPTren Aginduak aldatzen duenean, eta 1992ko urriaren 28ko MOPTren Aginduan, bere esparrua zabaltzen duenean adierazitakoaren arabera definitu dira.

  2. eranskinean lehentasunezko substantzien, substantzia preferenteen eta hainbat kutsatzaileren ingurumen-kalitateko arauak (IKA) barne hartu dira, uren politikaren esparruko ingurumen-kalitateko arauei buruzko urtarrilaren 21eko 60/2011 Errege Dekretuaren arabera. III. eranskinean isurketen K koefizientea zehazteko mekanismoa ikus daiteke.

    Beste alde batetik, IV. eranskinean Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloaren ezaugarriak aipatzen dira, eta protokolo hori jarraitzeko aukera ematen zaie pertsona edota erakunde titularrei, kanonaren kuota kalkulatzeko. V. eranskinean substantzia kutsatzaileen erreferentziazko metodo analitikoak barne hartu dira. Eta, azkenik, VI. eranskinean isurketen ondorioz itsas-lehorreko jabari publikoan eragindako kaltea baloratzeko irizpide teknikoak jaso dira.

    Amaitzeko, Dekretu hau lagungarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenaren Esparru Programaren zenbait konpromiso betetzeko, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan itsasoko eta lehorreko eremuan isuritako guztizko karga kutsatzaileak murrizteko.

    Dekretuaren izapidetzan, bete egin dira uztailaren 18ko 27/2006 Legeak dakarrena eta bertako printzipioak, hots, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/35/EE Zuzentarauak barne hartzen ditu), eta horretarako, aukera guztiak zabalik zeudenean, interesatuei kontsulta egin eta testua jendaurrean ikusgai jarri zen, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren 2012ko uztailaren 20ko Ebazpenaren bidez 2012ko otsailaren 20ko EHAAren 36. zenbakian argitaratua.

    Adierazitako guztia kontuan hartuta, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin, eta Gobernu Kontseiluak 2013ko abenduaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honakoa

  1. Dekretu honen xedea da:

    1. Administrazio-neurriak ezartzea lehorretik itsasora egiten diren isurketen ingurumen-baimenen eta -araubidearen esparruan, Itsasertzei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen III. tituluko IV. Kapituluaren II. Sekzioaren arabera, hartara, 2000/60/EE Zuzentarauaren 4. artikuluan, ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen 16. artikuluan eta Plan Hidrologikoan adierazitakoa jarraitu eta ingurumen-helburuak betetzeko.

    2. Itsasertzei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 85. artikuluan araututa dagoen araubide ekonomiko-finantzarioa garatzea.

    3. Esparruko zehazpen-araubidea garatzea.

  2. Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan ezarriko da, hain zuzen ere itsas- lehorreko jabari publikotik egiten diren hondakin-uren isurketen gainean.

Dekretu honen ondorioetarako, honako definizio hauetan adierazitakoa hartuko da kontuan:

  1. Kutsadura: giza jardueraren ondorioz, gizakion osasunerako edota ekosistema urtarren zein zuzenean ekosistema urtarren mende dauden lehorreko ekosistemen kalitaterako kaltegarriak izan daitezkeen eta ingurumeneko ondasun materialak eta bestelako erabilera zilegiak kaltetzen edo narriatzen dituzten substantziak edo energia sartzea atmosferan, uretan edo lurrean.

  2. Isurketa: edozein bitarteko erabilita, itsas-lehorreko jabarira lehorretik zuzenean edo zeharka egiten den hondakin-uren hustea edo isurtzea da, edo etxean, industrian, nekazaritzan, abeltzaintzan edo bestelako jarduera batean erabilitakoak hustea edo isurtzea, baita erabili ondoren uraren ezaugarriak edo konposizioa aldatzen ez bada ere.

  3. Etxeko hondakin-urak: etxeak eta zerbitzuak kokatzen diren zonetatik datozen hondakin-urak. Giza metabolismoak eta etxean garatzen diren eta merkataritza, industria, nekazaritza eta abeltzaintzakoak ez diren jarduerek sortutako hondakin-urak dira.

  4. Industriako hondakin-urak: merkataritza, industria, nekazaritza edo abeltzaintzako edozein jarduera garatzeko erabiltzen diren establezimenduetatik isuritako hondakin-ur guztiak, etxeko hondakin-urak ez direnak. Aipatutako establezimenduetatik datozen eurien jariatze-urak industriako hondakin-urtzat joko dira, kutsatuta badaude edo kutsatuta egon badaitezke.

  5. Hiriko hondakin-urak: etxeko hondakin-urak edo horien eta industriako hondakin-uren eta/edo eurien jariatze-uren arteko nahasketa. Kasu honetan, industriako hondakin-uren kontzentrazioa ez da % 30 baino gehiago izango.

  6. Gainazaleko urak: ur kontinentalak, lurpeko urak izan ezik; erdibideko urak eta itsasertzeko urak, eta, egoera kimikoari dagokionez, jurisdikziopeko urak ere bai.

  7. Itsasertzeko urak: jurisdikziopeko uren zabalera neurtzeko erabiltzen den lerro nagusitik hurbilen dagoen puntutik itsas milia batera dagoen lerro batetik lehorrera artean dauden gainazaleko urak dira. Ibai-ibilguen kasuan, erdibideko uren kanpo-mugara arte zabaltzen dira.

  8. Trantsizioko urak: ibaien bokaletatik gertu dauden gainazaleko ur-masak. Nahiko gaziak dira, itsasertzeko uretatik duten gertutasunaren ondorioz, baina ur gezako fluxuen eragin nabarmena dute, halaber.

  9. Eremu kaltebera 1996ko martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera berariaz aitortu diren ingurune urtarrak edo urak.

  10. Nahasketa-eremua: Isurketa-puntu baten ondoan dagoen eremua da, eta horretan osagai ezberdinen kontzentrazioak ez datoz bat efluentearen eta ingurune hartzailearen nahasketa osoarenekin.

  11. Isurketaren eroanbidea: itsaspeko hustubideak zein urak husteko eroanbideak barne hartzen dira.

  12. Hustubideko hoditeria: hondakin-urak tratamendu-instalaziotik itsasora garraiatzen dituen eroanbidea, irekia ala itxia, itsaspeko hustubideen baldintzak bete gabe gainazalean isurketak egiten dituena edo itsaspeko deskargak egiten dituena.

  13. Itsaspeko hustubidea: hondakin-urak tratamendu-instalaziotik itsasoan isurtzeko eremu batera garraiatzen dituen eroanbide itxia. Kasu honetan, bi baldintza hauek betetzen dira:

    Itsasbeheran itsasertzeko lerroaren eta hurbilen dagoen deskarga-pitaren arteko distantzia 500 m-tik gorakoa izatea.

    1993ko uztailaren 13ko Aginduan, lehorretik itsasora isurketak egiteko eroanbideen proiekturako instrukzioa onartzen duenean barne hartzen diren prozeduren arabera kalkulatutako hasierako diluzioak 100:1-etik gorakoa izan behar du, aurreikusitako emari maximoaren hipotesirako, eta ez da geruzapenik egongo.

  14. Detekzio-muga: kontzentrazio-balio jakin bat da eta analisi bati helduta, balio hori gainditzen denean, lagin bat eta lagin garbi batetik desberdina dela baieztatu daiteke, ziurtasun handiarekin. Lagin garbia esatean, interesatzen zaigun analitikoa ez duen diluzioa ulertu behar da.

  15. Kuantifikazio-muga: analisi bati helduta, zehaztasun-maila nahikoarekin ezarri daitekeen detekzio-mugaren multiplo konstantea da. Kuantifikazio-muga kalkulatzeko, eredu edo lagin egoki bat erabil daiteke, eta kalibrazio-kurbaren kalibrazio-punturik baxuena lor daiteke, lagin zuriaren balioa kentzen bazaio. Definizio honetan aipatutako multiplo konstantearen balioa gutxienez ere 3 izango da.

  16. Erreferentziazko metodo analitikoa: neurketa-metodo honek eskaintzen dituen zehaztasunari eta doitasunari esker, kasuan-kasuan aztertzen den aldagaiaren ohiko mailarekiko desberdintasun esanguratsuak dituzten kontzentrazio-mailak bereizi daitezke.

  17. Zehaztasuna: metodo analitiko baten akats sistematikoa zehazten du balio honek eta behin eta berriz egindako neurketa askoren batez besteko balioaren eta magnitude baten balio zehatzaren arteko desberdintasuna erakusten du.

  18. Doitasuna: metodo analitiko baten ausazko akatsa zehazten du balio honek eta batez besteko baten inguruan emaitzen sakabanaketaren desbideratze tipiko gisa adierazten da, normalean (lote bakoitzaren barruan eta loteen artean). Desbideratze tipiko erlatiboaren bikoitza jotzen da doitasun egokitzat.

  19. Neurketa-ziurgabetasuna: emaitza analitiko bati lotutako parametro ez-negatibo bat da eta magnitude bati esleitutako balio kuantitatiboen sakabanaketaren karakterizazioa egiten du, erabilitako informazioa oinarrian hartuta.

  20. Ingurumen-kalitateko arauak (IKA): biotan, uretan edo jalkinetan kutsatzaile jakin batek edo kutsatzaile multzo batek izan dezakeen gehienezko kontzentrazioa adierazten du. Kontzentrazio hori ez da gainditu behar, gizakion osasuna eta ingurumena babestu nahi badira. Atalase hori Kontzentrazio Maximo Onargarri gisa (IKA-KMO) edo Urteko Batez Besteko Balioa (IKA-UBB) gisa adierazi daiteke.

  21. Ingurumen-helburuak: 2000/60/EE Zuzentarauaren 4. artikuluan ezarritako helburuak eta 2006ko ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen 16. artikuluan ezarritakoak, eta Plangintza Hidrologikoan ezartzen direnak.

  22. Substantzia kutsatzailea: kutsadura eragin dezakeen edozein substantzia eta, bereziki, dekretu honen II. eranskinean barne hartutakoak.

  23. Substantzia arriskugarriak: substantzia edo substantzia-multzo toxikoak, iraunkorrak eta biometakuntza eragin dezaketenak, bai eta antzeko arriskuak eragin ditzaketen substantziak ere.

  24. Lehentasunezko substantzia: EBko ingurune urtarrarentzat, edo ingurune urtarraren bitartez, arrisku esanguratsua dakarten substantziak dira, ur edangarria hartzeko erabiltzen diren uren kasuan zehaztutako antzeko arriskuak barne hartuta. Azken horiek 2000ko urriaren 23ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/60/EE Zuzentarauaren 16. artikuluan arautzen dira uren politiken baitan esparru komunitario bat ezartzen da bertan.

  25. Lehentasunezko substantzia arriskugarria: Substantzia arriskugarriei buruzko EBko legeriaren eta nazioarteko akordioen arabera, arrisku berezia duen lehentasunezko substantzia da.

  26. Substantzia preferentea: toxikotasun, iraunkortasuna eta biometakuntza berezia edukitzeagatik edo ingurune urtarrean duen agerpen garrantzitsuagatik, arrisku esanguratsua eragin dezakeen kutsatzailea.

  27. Equimetala (MEQ): hainbat metalen kontzentrazioaren adierazpen bateratua da eta dekretu honen III. eranskineko formularen arabera kalkulatzen da.

  28. Mugako isurtze-balioa: kutsatzaile jakin baten kontzentrazioa edo isurtze-maila, parametro zehatz baten antzera adierazita. Dagokion balioa ez da gaindituko isurketan, epealdi batean edo gehiagotan.

  1. Dekretu honen ezarpen-esparruan barne hartzen diren isurketa guztiek behar dute administrazio-baimena. Isurketa-baimenaren helburua ur-masen eta zona babestuen egoera ona lortzea da.

  2. Isurketa kutsatzaileen kasuan, baimena eskatzen duen pertsonak edo erakundeak isurketak desagerrarazteko edo tratamendua emateko aukerako konponbide bat aplikatzeko ezintasuna edo zailtasuna justifikatu beharko du, aldez aurretik.

  3. Dekretu honetan aurreikusten da lehorretik euskal itsasertzera egiten diren hondakin-uren isurketa-baimenei dagokien administrazio-araubidea, eta 196/1997 Dekretuan ere bai. Azken hori 1997ko abuztuaren 29koa da eta itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun- eremuan erabilera-baimenak emateko prozedura ezartzen du.

  4. Uraren Euskal Agentziari dagokio isurketa-baimenen prozeduren izapideak egitea eta horiek ebaztea.

  5. 2002ko uztailaren 1eko Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuari buruzko 16/2002 Legeak eta berau garatzeko araudiak eragiten dituzten jarduerek sortutako isurketen kasuan, isurketa-baimenak EAEko Administrazio Orokorraren Ingurumen Organoak ematen duen ingurumeneko baimen bateratuaren barruan sartuko dira, eta Uraren Euskal Agentziari dagokio isurketaren onargarritasunaren txostena egitea eta, hala badagokio, isurketaren ezaugarriak eta uren egoera ekologiko ona ziurtatzeko neurri zuzentzaileak zehaztea.

  6. Aurreko atalean aipatutako txostena derrigorrezkoa eta loteslea da eta aipatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legean adierazitako epeen barruan igorriko da. Modu berean, ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoak hartzen den erabakia jakinaraziko dio Uraren Euskal Agentziari.

  1. Debekatuta daude lehorretik itsasora zuzenean zein zeharka egiten diren isurketa guztiak, isurketen izaera eta egoera fisikoa edozein dela, kasuan-kasuan dagokion administrazio-baimena lortu ezean.

  2. Indarrean dagoen araudiaren arabera, ezin da isuri osasun publikoan eta ingurune naturalean arriskua edo onar daitekeena baino kalte handiagoa eragin dezakeen substantziarik, ezta energia-formarik erabili ere.

  3. Uraren Euskal Agentziak industria-prozesuetatik datozen isurketak debekatu ahal ditu eremu jakin batzuetan, hala nola bainu-eremuetan, eremu babestuetan edo bereziki erasanerrazak diren bestelako eremu batzuetan, baldin eta nahiz eta tratamendua jaso, indarrean dagoen araudiaren arabera itsas-lehorreko jabari publikoan eragin dezaketen kutsadurak maila onargarriak gainditzen baditu, bere funtzionamendu arruntean zein aurreikus daitezkeen salbuespenetan.

  1. Itsas-lehorreko jabari publikoan isurketak eragiten dituzten edota eragin ditzaketen industria-instalazioak edo jarduerak ezartzeko, aldatzeko edo lekuz aldatzeko gaitzen duten administrazio-tituluak lortzeko, aldez aurretik kasuan-kasuan isurketa-baimena eta Itsas lehorreko Jabari Publikoa babesteko zortasun-eremuan lanak egiteko baimena lortu behar dira.

  2. Edozein kasutan, ezarri, aldatu edo lekuz aldatu nahi den industria edo jarduera ezarri eta martxan jarri aurretik lortuko dira baimen guztiak, eta, ondoren, tokiko administrazioek kasuan-kasuan eman behar duten jarduera-baimena eman aurretik egingo da edo, hala badagokio, jarduera sailkatuaren aurretiko jakinarazpena jaso aurretik.

  1. Isurketa-baimenetan ezarriko dira isurketak egiteko baldintzak. Isurketa-baimenetan barne hartu behar diren baldintzen artean, honako hauek adieraziko dira, gutxienez:

    1. Urteko gehienezko isurketa-bolumena (HUAen kasuan, urteko isurketa-bolumena).

    2. Isurketaren muga kuantitatiboak eta kualitatiboak.

    3. Tratamendua, arazketa eta hustuketa egiteko beharrezkoak diren instalazioen deskribapena, gainezkabideak barne hartuta. Ezaugarriak eta funtzionamendua kontrolatzeko elementuak zehaztuko dira eta lanak hasteko eta amaitzeko datak eta abian jartzeko eguna adieraziko dira.

    4. Baimenaren gehieneko indarraldia.

    5. Ingurune hartzailearen gaineko eraginen ebaluazioa, ingurune hartzaileko uren ingurumen-kalitateko arauak eta, beharrezkoa bada, kutsadura gutxitzeko aurreikuspenak.

    6. Larrialdi-plana, beharrezkoa bada.

    7. Isurketaren Zaintza eta Kontrol Plana.

    8. Isurketa-kanona.

    9. Kutsadura murrizteko plana, beharrezkoa denean.

  2. Isurketa-baimenek zortzi urteko iraupena izango dute, gehienez ere. Baimenak berritu egingo dira, betiere kasuan-kasuan ezar daitezkeen mugako isurtze-balioak eta ingurumen-kalitateko arauak betetzen badira, artikulu honen 1. atalean aurreikusitako gehieneko indarraldiak irauten duen bitartean.

  3. Baimena berritzen bada ere, Uraren Euskal Agentziak baimena berrikusteko eskumena du, baldintza desberdinak daudela ikusten badu. Isurketaren Zaintza eta Kontrol Planaren arabera, edo isurketaren gainean Uraren Euskal Agentziak egiten duen jarraipena kontuan hartuta, parametro baten mailek itsas-lehorreko jabari publikoa kaltetzen dutela egiaztatzen bada, isurketa-baimenean parametro hori mugatzeko aukera dago. Edozein kasutan, kanonaren barruan sartuko da.

  4. 16/2002 Legearen arabera emandako ingurumeneko baimen bateratuak biltzen dituen isurketa-baimenei dagokienez, baimenaren titularra den pertsonak edo erakundeak baimena berritzeko eskaera egin behar du, baimenaren mugaeguna baino gutxienez hamar hilabete lehenago, eta, horretarako, 2007ko apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuan aipatzen den dokumentazioaren artean, isurketen ezaugarri eguneratuen azterketa tekniko bat aurkeztuko da eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak proposatu.

  5. Baimenaren baldintzek obrak edo instalazioak egitea badakarte, isurketa-baimena ez da eraginkorra izango eta, ondorioz, ezin izango da isurketarik egin, isurketa-baimenetan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu aurretik.

  6. Artikulu honen 1.f) atalean jaso bezala, Uraren Euskal Agentziak segurtasun neurriak aurreikustea beharrezkotzat jotzen dituen kasuetan, baldintzen barruan larrialdi-plana izango da, larrialdi egoeretan arduraz jokatze aldera eta ingurumenari kalte handiagoa ekidin nahian. Horretarako, irizpide gisa hartuz isurketan gai arriskutsuak agertzen diren, isurketaren bolumena eta ingurumariak, ingurune hartzailearen sentsibilitatea eta beste hainbat ingurumen alderdi.

  7. Isurketa-baimenean kutsadura murrizteko plan bat aurreikusten bada, baimenean bertan adieraziko da etapa bakoitzari dagokion isurketa-kanona.

  8. Tratamendu-instalazioaren garrantzia edo konplexutasunak hala eskatuta, baimenean barne hartutako baldintzen artean, eska daiteke ustiapenaren Zuzendaritza gaitasuna duen teknikarien esku uztea edo erakunde espezializatu batek esku hartzea mantenimenduan, funtzionamenduaren gainean aldiro-aldiro ziurtagiriak aurkeztuz eta baldintzak beteko direla bermatuko da.

  9. Ebazpen ziodunaren bitartez eta interesatuei entzun ondoren, Uraren Euskal Agentziak isurketa-baimenaren baldintzak aldatzeko eskumena du, kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe, baimena emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira edo baimena eman zen garaian egon balira baimena ez ematea edo beste baldintza batzuetan ematea eragingo zuten bestelako batzuk sortzen badira. Modu berean, baimenaren eraginak etenda gera daitezke, ezarritako baldintza berriak bete bitartean.

  10. Isurketa nabarmen murriztu ahal izateko teknikoki zein ekonomikoki bideragarriak diren berrikuntza teknologikoei lotutako aldaketen ondorioz, baimenen baldintzak aldatu ahal izango ditu Uraren Euskal Agentziak, arrazoiak adierazi eta interesatuei entzun ondoren.

  1. Orokorrean, hondakin-uren isurketak egiteko baimenak emateko kontuan hartuko dira, «Mugako isurtze-balioak lehorretik itsasora egiten diren isurketetarako» I. eranskineko mugako isurtze-balioak eta ingurune hartzailearen gainean ezarritako ingurumen-helburuak.

  2. Isurketa eragiten duen prozesuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aipatutako «Mugako isurtze-balioak lehorretik itsasora egiten diren isurketetarako» I. eranskinean zehazten ez diren beste parametro batzuei dagozkien mugak berariaz adieraziko dira kasuan-kasuan dagokion baimenean, eta, horretarako, aintzat hartuko dira ezarrita dauden ingurumen-kalitateko arauak, ingurumen-helburuak eta teknika erabilgarri onenak.

  3. Isurtze-mugak kontzentrazio maximoei dagozkie, eta ezin da gainditu adierazitako balioa. Muga horiek ezingo dira diluzio bidez lortu, ikuspegi teknikotik behar den bezala justifikatzen ez badira. Horrela bada, berariaz baimenduko dira eta baimenean diluzio-faktorea hartuko da kontuan.

    I. eranskineko mugak gainditu ahal izango dira kasu berezi batzuetan, adibidez, ingurune hartzaileak asimilatzeko ahalmen nahikoa duenean eta isurketak minimizatzeko eta arazteko teknika erabilgarri onenak erabiltzen badira, eta kontrol egoki baten bitartez, isurketa horiek ingurune hartzaileari dagozkion ingurumen-helburuak betetzeko eta mantentzeko orduan eragin negatiborik ez dakartela egiaztatzen bada. Horrelako kasu berezietan, isurketa-baimenaren ebazpen arrazoituan karga kutsatzailea murrizteko mailakako programak aurreikusiko dira, ingurune hartzailearen kasuan ezarritako edo ezarri beharreko kalitate-helburuen arabera, eta nahitaez bete beharreko mugarriak jarraituko dira.

  1. Modu berean, Uraren Euskal Agentziak isurketa-baimenean I. eranskinean adierazitakoak baino isurtze-muga baxuagoak zehaztu ditzake, betiere ingurune hartzailerako ezarritako ingurumen-helburuak kontuan hartuta, ingurunea nabarmenki eragiteko arriskua badago.

  2. Uraren Euskal Agentziaren isurketa-baimenean isurketen kopurua pixkanaka murrizteko betebeharra aurreikus daiteke, eta isurketek dituzten substantzia kutsatzaileen isurtze-mugak murriztekoa ere bai, 2000/60/EE Zuzentarauaren definizioaren arabera, «uren egoera ona» lortzera bidean. Horretarako, kontuan hartuko dira teknika erabilgarri onenak eta araudiak ezartzen dituen kalitate-arauak.

  3. Saneamendu-sare publikoetara edo industrialdeetako edo bestelako multzokatze batzuetako sareetara egiten diren isurketei dagokienez, isurketa bakoitzak I. eranskinean substantzia arriskugarri, lehentasunezko, lehentasunezko arriskugarri eta preferenteen tauletan adierazten diren mugak betetzeko betebeharra ezarri ahal zaie erakunde kudeatzaile titularrei, dagokien isurketa-baimenean.

  4. Hiriko hondakin-urak tratatzeko instalazioetatik datozen isurketei dagokienez, honako hauetan ezarritako baldintzak beteko dira: 1991ko maiatzaren 21eko 91/271/EEE Zuzentaraua, 1998ko otsailaren 27ko 98/15/EE Zuzentaraua, aurrekoaren I. eranskina aldatzen duena, 1995eko abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretua, Estatuko ordenamendu juridikora 91/271/EEE Zuzentarauaren transposizioa egiten duena, 1996ko martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretua eta 1998ko urriaren 2ko 2116/1998 Errege Dekretua, aurrekoa aldatzen duena, betiere, dagokion efluenteari ezarri ahal zaizkion gainerako mugei kalterik egin gabe eta kontuan hartuta ingurune hartzailearen gaineko eragina, saneamendu-sarean industria-isurketa esanguratsuak daudela eta kolektoreetan erregistratutako diluzioa.

    I. eranskinean barne hartutako substantzia kutsatzaileen mugako isurtze-balioak kasuan-kasuan EBko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko zuzenbideak dituen eskakizunetara egokituko dira.

  1. Dekretu honen II. eranskinean adierazi dira trantsizioko uren eta itsasertzeko uren ingurumen-kalitateko arauak. Aipatutako eranskinean barne hartuta daude, halaber, lehentasunezko substantzien, preferenteen eta hainbat kutsatzaileren ingurumen-kalitateko arauak.

    II. eranskinean jasotako ingurumen-kalitateko arauak kasuan-kasuan EBko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko zuzenbideak dituen eskakizunetara egokituko dira.

  1. Mugako isurtze-balioen, ingurumen-kalitateko arauen eta adierazle fisiko-kimikoekin erlazionatutako gainontzeko ingurumen-helburuen betetze-maila ebaluatzeko helburuarekin, laginak hartzeko eta laborategiko saiakuntzak egiteko ardura duten erakundeek, EAEn uren kalitatea kontrolatzeko eta zaintzeko eta jabari publikora egiten diren isurketak kudeatzeko ardura duen administrazio hidraulikoak emandako erakunde lankidearen titulua eduki behar dute.

    Erakunde horiek 91/271/EEE Zuzentarauaren menpe dauden hiriko hondakin-urak tratatzeko instalazioak kudeatzen dituzten entitateak direnean, UNE-EN ISO/IEC 17025 Araua betez, entseguetako laborategia dela egiaztatzen duen eta Ziurtapen Erakundeak eman dion ziurtagiria eduki beharko dituzte, ingurumenaren zaintza-planak eskatzen dituen laborategiko entseguak egin ahal izateko.

    V. eranskinean adierazi dira «Mugako isurtze-balioak lehorretik itsasora egiten diren isurketetarako» I. eranskineko tauletan barne hartzen diren erreferentziazko metodo analitikoak. I. eranskineko tauletan aipatzen ez diren substantzia kutsatzaileen kasuan, kontuan hartuko da erreferentziazko metodologia analitikoa eta MAM/3207/2006 aginduan, irailaren 25ekoa eta MMA-EECC-1/06, zehaztapen kimikoak eta mikrobiologikoak uren analisirako, instrukzio tekniko osagarria onartzen duenean barne hartzen diren kuantifikazio-mugak.

    Edozein kasutan, aipatutako parametroak aztertzeko erabiltzen diren metodoek nazioarteko arauak beteko dituzte, bai eta kalitate eta balio zientifiko baliokidea duen informazioa hornituko dela bermatzen duen beste edozein arau nazional edo nazioarteko ere.

  1. Ingurumen-kalitateko arauen eta adierazle fisiko-kimikoekin erlazionatutako gainontzeko ingurumen-helburuen betetze-maila ezagutzeko erreferentziazko metodo analitikoek, nazioarteko arauak beteko dituzte, bai eta kalitate eta balio zientifiko baliokidea duen informazioa hornituko dela bermatzen duen beste edozein arau nazional edo nazioarteko ere. Abiapuntua % 50 edo gutxiagoko neurketa-ziurgabetasuna (k=2) izango da, ingurumen-kalitateko arauen mailan zenbatetsia, eta kasuan-kasuan dagozkion IKAren % 30 edo gutxiagokoa izango da kuantifikazio-muga.

  2. Aipatutako irizpideak betetzen dituen metodo analitiko bat lortu arte, teknika erabilgarri onenak jarraituko dira analisiak egiteko, eta ez da gehiegizko kosturik sortuko.

  1. Isurketa-baimenen pertsona edo erakunde titularrek Dekretu honetan eta ezar daitekeen legerian ezartzen diren betebeharrak bete behar dituzte, bai eta kasuan-kasuan baimenean ezartzen diren baldintzak ere.

  2. Isurketa-baimenen pertsona edo erakunde titularrek isurketa-kanon bat ordaindu behar dute, Dekretu honen III. kapituluan aurreikusten den moduan.

  3. Ikuskaritza funtzioaren esparruan, Uraren Euskal Agentziak isurketa ingurune hartzailea kaltetzen ari dela baderitzo, baimenaren pertsonari edo erakunde titularrari eska diezaioke isurketaren eta isuritako karga kutsatzailearen baldintzen betetzeari buruzko txostenak bidaltzea; txosten horietan isurketaren datu kualitatiboak eta kuantitatiboak barne hartuko dira. Osasun publikoaren gainean eragiteko arriskurik badago, EAEko Administrazio Orokorrean osasun-esparruan eskumenekoa den sailari ere bidaliko zaio aipatutako txostena.

  4. Isurketa-baimenaren pertsona edo erakunde titularrak Isurketaren Zaintza eta Kontrol Plana landu behar du, bere kontura. Plan horretan honako alderdi hauek barne hartuko dira: mugako isurtze-balioak, ur-masa hartzaileen egoeraren gaineko eragina eta eroanbidearen egiturazko zaintza. Bestalde, egoera onean mantendu behar ditu isurketa jasaten eta eroaten duten obrak eta instalazioak, eta eragindako itsas-lehorreko jabaria publikoa eta jabari publikoa babesteko zortasun-eremua.

  5. Instalazioetan, edo industria-prozesuetan zein hondakin-uren tratamendu-prozesuetan, baimenak baimentzen duen kalitatearekiko edo kantitatearekiko nabarmenki aldentzen den aldaketarik egin nahi bada, isurketa-baimenaren pertsona edo erakunde titularrak baimena berrikusteko eskatuko dio Uraren Euskal Agentziari.

  6. Aldaketa nabarmentzat ulertuko da, isurketan Dekretu honen II. eranskinean jasotako eta deklaratu gabeko substantziaren bat dagoenean, edo isuritako karga kutsatzailean dagokion baimenean azaltzen denaren aldean ehuneko hamarretik gorako aldaketa dagoenean, kutsadura-unitateetan neurtuta.

  7. Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko zaizkio ezusteko isurketa, isurketa arriskutsu edo larrialdikoak, bai eta aipaturiko arrisku edo larrialdi egoera horietan agintaritza eskudunak emandako aginduak betetzen ez direnetan ere.

  1. Uraren Euskal Agentziak nahi beste analisi eta ikuskapen egin ahal izango ditu isurketaren ezaugarriak egiaztatzeko eta, hala badagokio, baimenean ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzeko, eta Isurketaren Zaintza eta Kontrol Planak adierazten duena eta, hala badagokio, 16. artikuluan aurreikusten den Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloak adierazten duena betetzen dela baieztatzeko.

  2. Uraren Euskal Agentziak isurketa tratatzeko instalazioak eta eroanbideak ikuskatu ahal izango ditu eta, hala badagokio, instalazioek ezarritako baldintzen arabera funtzionatuko dutela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu.

  3. EAEko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 106. artikuluaren arabera, ikuskapen- eta egiaztapen-lanetan jarduten duten Uraren Euskal Agentziako langileak agintaritza-agenteak izango dira, aipatutako funtzioa betetzen dutenean, eta eskumena dute Dekretu honen xede diren jarduerak garatzen diren instalazioetara sartzeko, behar den bezala identifikatu eta gero, aldez aurretik jakinarazpenik bidali gabe.

  4. Ikuskapen-bisita egin eta gero, pertsona jarduleak dagokion akta idatziko du, bisitaren xede izan diren elementuak eta emaitza barne hartuta, eta akta horren kopia bat emango dio isurketa-baimenaren pertsona edo erakunde titularrari.

  5. Ikuskapena egitean hondakin-uren laginik hartzen bada, pertsona edo erakunde interesdunari aukera emango zaio lagin biki bat jasotzeko. Lagin hori administrazioaren esku geratuko da eta dagozkion prozedura analitikoak bideratuko dira.

  6. Horrez gain, isurketaren analisiaren emaitzak isurketaren baimena berrikusteko erabil daitezke, ofizioz zein alde batek eskatuta, eta, hala badagokio, baldintzak urratzen direnean zehapen-espedienteari hasiera emateko.

  1. Baimenaren titularrak neurri egokiak hartuko ditu, osasunerako edo pertsonen segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen edo itsas-lehorreko jabari publikoan eta babesteko zortasun-eremuan kalte edo narriaduraren bat eragin dezaketen ezusteko isuriak ekiditeko.

  2. Ezusteko isurketa bat gertatzean, isurketa eragin duen jardueraren titularrak berehalakoan jakinaraziko dio Uraren Euskal Agentziari eta EAEko Administrazio Orokorreko Larrialdietarako Zuzendaritzari (SOS deiak). Isurketaren ondorioz osasun publikoa arriskuan jartzen bada, berehalakoan jakinaraziko zaio, halaber, EAEko Administrazio Orokorrean osasun-esparruan eskumenak dituen sailari.

  3. Gainera, 48 orduko epean, isurketa-baimenaren pertsona titularrak ezbeharrari buruzko xehetasunak biltzen dituen txostena igorri beharko du Uraren Euskal Agentziara, eta txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

    1. Enpresaren identifikazioa.

    2. Gertakariaren kokapena, isurketaren ibilbidea edo ibilbide posiblea eta isurketa itsas- lehorreko jabari publikoko zein lekutatik egin den.

    3. Isuritako bolumena eta gaiak.

    4. Istripuaren arrazoiak, ordua.

    5. Gertakariaren iraupena.

    6. Eragindako ondorioen zenbatespena.

    7. Hartutako neurri zuzentzaileak.

  4. Larrialdirik gertatuz gero, jardueraren pertsona edo erakunde titularrak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu eragina ahalik eta gehien arintzeko. Halaber, jarduerak 6.6 artikuluan jasotako Larrialdi Plana duenean, horretan aurreikusitako ekintza zuzentzaileak ezarri beharko dira.

  5. Aurreko ataletan xedatutakoa betetzeak, ez du isurketa sortu duen jardueraren pertsona edo enpresa titularra indarrean dagoen araudiaren arabera eska daitezkeen erantzukizunez salbuetsiko.

Saneamendu-sistemen isurketa-baimenetan, euriteetan gerta daitezkeen gainezkatzeekin lotuta, kontuan hartuko dira zenbait irizpide. Oro har, eguraldi lehorra egiten duenean, gainezkabideetatik ezin izango da isurketarik egin. Euri-garaian ere ez da arintzerik onartuko, horiek saneamendu-sarea bera edo ponpaketa- eta hustuketa-instalazioak gaizki mantendu eta erabiltzearen ondorioz sortu badira.

Zentzu horretan, isurketa-baimenean arintzeak kuantifikatzeko sistemak ezarri ahal dira, hartara, administrazio hidraulikoak ingurune hartzailean duen eragina ezagutzeko.

Behin baimena eman eta gero, pertsona edo erakunde titularrek urtero eman behar diote saneamendu-sarearen gainezkatzeen berri aipatutako administrazio hidraulikoari.

  1. Itsasertzei buruzko uztailaren 28ko 22/1998 Legearen 85. artikuluan aurreikusten den isurketa-kanona ezarriko zaie lehorretik itsasora egiten diren hondakin-uren isurketei.

  2. Isurketa-kanonaren zergapeko egitatea, lehorretik itsasora isurketak egitean datza.

  3. Itsasotik lehorrerako isurketek eragindako kutsadura minimizatzera eta Estatuko jurisdikziopeko uren baitan euskal itsasertzari dagozkion uretan ingurumen-helburuak lortzera bideratutako jarduerak finantzatzeko izango da osorik kanona.

Uraren kanonaren subjektu pasiboak dira, zergadun gisa, indarrean dagoen Tributuen Lege Orokorraren 35.4 artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, eta erakundeak, isurketa-baimenen pertsona titular gisa zein baimenik gabeko isurketen arduradun bezala, lehorretik itsasora hondakin-uren isurketa egiten dutenean.

  1. Isurketaren Zaintza eta Kontrol Planari kalterik egin gabe, baimenaren pertsona edo enpresa titularrak Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloa aurkez dezake, Dekretu honen III. kapituluan arautzen den kanonaren ondorioetarako.

  2. Jarraipenerako Aukerako Protokoloa dagokion baimenean ezarritako Zaintza eta Kontrol Planaren osagarria da eta bertan definituko dira igorritako kontzentrazioak eta hustu den bolumena, isurketa-kanona urtero kalkulatzeko, betiere IV. eranskinean barne hartutako gutxieneko baldintzak beteta. Isurketa-kanonaren urteko kalkulua egiteko, isurketaren pertsona edo enpresa titularrak, Protokoloa jarraituz, edo Uraren Euskal Agentziak berak egiten dituzten laginketak eta kontrolak izango dira abiapuntua.

  3. Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloa martxan jarri aurretik, Uraren Euskal Agentziak onartu behar du. Modu berean, protokoloa bertan behera uzteko eskumena du, betiere Uraren Euskal Agentziak egiten dituen kontroletan eta laginketetan lortzen diren emaitzak eta pertsona edo erakunde titularrak aurkeztutakoak oso desberdinak badira. Horrez gain, bertan behera uzteko eskumena du, baldin eta lehorte garaian isurketak gainezkabideen bitartez egin direla egiaztatzen bada edo gehiegizko emaria eragin duen euri-zaparradaren ezaugarriek (intentsitatea, iraupena, itzultze-aldia, etab.) isurketa egiteko beharra justifikatzen ez badute.

  4. Jarraipenerako Aukerako Protokoloa bertan behera uzten bada, isurketa-baimenean aurreikusten den kanona aplikatuko da isurketa-kanonaren urteko kalkulua egiteko.

Itsasertzei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 85. artikuluaren arabera, 3.000 eurotan finkatu da EAEn isurketa-kanona aplikatzeko kontuan hartuko den kutsadura-unitatearen balioa. Hala ere, kutsadura-unitatearen balio hori aldiro berrikus daiteke, isurketen tratamenduaren kostuen bilakaeraren arabera.

  1. Isurketaren karga kutsatzaileak osatzen du isurketen kontrol-kanonaren zerga-oinarria, eta karga kutsatzailea kutsadura-unitateetan adierazten da. Karga kutsatzailea kalkulatzeko honako formula hau aplikatu behar da:

    C = K x V

    Honako hauek izanda:

    «C» = Karga kutsatzailea, kutsadura-unitatetan neurtuta,

    «V» = isurketaren bolumena, urteko metro kubikotan adierazita,

    «K» = Dekretu honen III. eranskinean aurreikusitakoaren arabera kalkulatutako koefizientea.

  2. Baimendutako isurketen kasuan, «V» isurketaren bolumena baimendutako gehieneko bolumenari dagokio, eta «K» koefizientea kalkulatzeko, baimendutako kontzentrazioak aplikatuko dira.

  3. Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloan barne hartutako isurketen kasuan, Dekretu honen IV. eranskinean aurreikusitakoaren arabera ezarriko dira «C» karga kutsatzailea eta «V» isurketaren bolumena.

  4. Baimendu gabeko isurketen kasuan, preskribitu gabeko ekitaldietako kanona kitatuko da. Horretarako, ondorengo hauek erabili ahal izango dira isurketaren bolumena eta ezaugarriak kalkulatzeko:

    1. Kasurako garrantzitsuak eta ezagunak diren datuak eta aurrekariak.

    2. Zeharka bada ere, isurketa dagoela ziurtatzeko balio duten elementuak, adibidez: jarduera-mota eta -bolumena, ur-kontsumoak, biztanle-kopurua, arazketa-instalazioak, isurketako hondakin-uren bolumena eta ezaugarriak zehazteko balio duen beste edozein elementu.

    3. Baimena duten antzeko kasuen datuak edo aurrekariak.

  5. Hondakin-uren araztegietan (HUA) kanona kalkulatzeko, 1991ko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 91/271/EEE Zuzentarauan, hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzkoa denean adierazten diren parametroak bakarrik hartuko dira kontuan.

    Dena den, Dekretu honen 6.3 artikulua kontuan hartuta, Zaintza eta Kontrol Planean, edo Uraren Euskal Agentziak egiten duen isurketaren jarraipenean, hondakin-uren araztegietan (HUAk) parametro batek itsas-lehorreko jabari publikoa kaltetzen duela egiaztatzen bada, parametro hori kanonean barne hartuko da.

  6. Oro har, urte oso baterako zerga-oinarria kalkulatzeko erabilitako karga kutsatzailean % 5etik gorako aldaketa ez dagoenean, hurrengo urteetan ez da zerga-oinarri hori aldatuko.

Kanonaren kuota lortzeko, zerga-oinarria edo isurketaren karga kutsatzailea, kutsadura-unitatetan adierazita, Dekretu honen 17. artikuluaren arabera kutsadura-unitateari esleitutako balioagatik biderkatuko da.

  1. Isurketa-baimena indarrean sartzen den unean sortzapetuko da isurketa-kanona. Baimena indarrean dagoen hurrengo urteetan, urte bakoitzaren urtarrilaren 1ean egingo da tasaren sortzapena.

  2. Kanona urte natural osoagatik likidatuko da, isurketa-baimena edo beraren aldaketa, etena edo baliogabetzea onartzen den ekitaldian izan ezik. Kasu horretan, urte osoa kontuan hartuta, baimena indarrean dagoen egun kopuruarekiko proportzionalki kalkulatuko da kanona.

  3. Uraren Euskal Agentziak urte bakoitzaren lehen seihilekoan egingo ditu aurreko urteari dagozkion likidazioak.

  1. Dekretu honetan aurreikusten dena urratzen bada, ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen, itsasertzen esparruan indarrean dagoen araudian adierazikoaren eta Euskal Herrriko ingurugiroa babesteko Lege Orokorraren otsailaren 27ko 3/1998koa araberako zehapenak ezarriko dira.

  2. Salbuespen moduan, baita zehapen-espedienteari hasiera eman aurretik ere, interesdunari entzun ondoren eta zuzenbidean oinarritutako ebazpen bidez, zehatzeko ahalmena duen eskumeneko organoak, ikuskapen-funtzioa dagokionak, ustezko pertsona arduradunen kontrako kautelazko neurriak hartu eta ezarri ahal izango ditu. Neurri horien artean aurreikus daitezke jardueren edo emakiden edo baimenen behin-behineko etetea eta fidantzak ezartzea. Fidantza horien xedea izango da bai zehapena kobratu egingo dela bermatzea, bai eta kaltetutako ondasunak konpontzea eta birjartzea ere; horrez gain, eragindako kalteak bere horretan irautea ekiditze aldera, beharrezko beste edozein neurri zuzentzaile, eta kontroleko nahiz segurtasuneko neurri ere aurreikusten dira, beti ere kalteak arindu, heda daitezen ekidin edo azken xedapenaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

  3. Emandako baimenean isurketa ezarritako baldintzetan bete ez dela frogatuta, isurketa-baimena ingurune-baimen integratura batu izan den kasuetan Uraren Euskal Agentziak Ingurumen Organoari jakinaraziko dio.

  4. Isurketa-baimenaren baliogabetzeak edo iraungitzeak ez dute sortzen kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

  5. Hondakin-uren isurketen ondorioz uren kalitatean eragiten diren kalteak baloratzeko, kontuan hartuko dira isurketaren tratamenduaren kostua, arriskua eta ingurune hartzailearen kalteberatasunean eragiten den kaltea. Kalte horiek baloratzeko, Dekretu honen VI. eranskinean adierazten denari jarraituko zaio.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako zigorrak ezartzeko eskumena duten organoak Uraren 1/2006 Legean eta horren garapen-dekretuetan aurreikusitakoak dira.

  2. Uraren Euskal Agentziari dagokio berariaz arau-hauste arinak eta larriak zigortzeko ahalmena, eta, beharrezkoa denean, espedienteak jurisdikzio penalera bidaltzeko agintzeko eskumena, 2/1998 Legearen, otsailaren 20koa eta EAEko herri-administrazioen zehatzeko eskumenari buruzkoa denaren 25. artikuluan adierazten den moduan.

  3. Arau-hauste oso larriei dagokienez, Uraren Euskal Agentziaren Erabiltzaileen Asanbladak du zehatzeko eskumena, ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen 12.i) artikuluan xedatzen denaren arabera.

  1. Uraren Euskal Agentziari dagokio ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legean aurreikusitako zehapen-espedienteei hasiera ematea.

  2. Zehapen-espedienteak izapidetzeko prozedura Uraren 1/2006 Legean aurreikusitakoa eta 2/1998 Legean, otsailaren 20koa eta EAEko herri-administrazioen zehatzeko eskumenari buruzkoa denean aurreikusitakoa da.

  3. Arau-hausteen egiletzat joko dira arau-hausteen ardura duten pertsona fisikoak eta juridikoak, baldintzak ez betetzeagatik ere.

  4. Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legean aurreikusi dira arau-hausteen eta zigorren preskripzio-epeak.

  5. Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legearen 59.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, espedienteari hasiera ematen zaionetik urtebeteko epea utziko da zehapen-espedienteak ebazteko eta jakinarazteko.

  6. Kapitulu honetan aurreikusten ez diren alderdiei dagokienez, ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legean ezarritakoa eta, hala badagokio, 2/1998 Legean, otsailaren 20koa eta EAEko herri-administrazioen zehatzeko eskumenari buruzkoa denean ezarritakoa aplikatuko da.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Uren esparruan eskumena duen sailburuaren agindu bidez, Dekretu honen eranskinak EBko, Estatuko eta/edo autonomia-erkidegoko zuzenbidearen eskakizunetara egokituko dira.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lehorretik itsasora isurketak egiteko baimena ematean eta berrikustean, kontuan hartuko dira 43/2007 Dekretua, martxoaren 13koa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Antolatu eta Babesteko Lurraldearen Arloko Plana.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Erakunde kudeatzaileek, udalek eta toki-administrazioek urtebeteko epea izango dute, Dekretua indarrean sartzen denetik hasita, beren udal-ordenantzak eta araudiak onartzeko edo berrikusteko, hala badagokie, Dekretu honetan ezartzen denera egokitzera bidean. Xede horrekin, Uraren Euskal Agentziaren aholkularitza balia daiteke.

Dekretua indarrean sartzen den egunean bertan egingo da, hura indarrean sartu aurretik lehorretik itsasora isurketak egiteko eman diren baimenen isurketa-kanonaren hasierako sortzapena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Uren esparruan eskumenekoa den sailburuari, bai eta ogasun-esparruan eskumenak dituen sailburuari eta Uraren Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari ere, ahalmena ematen zaie Dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

  1. taula: mugako isurtze balioak. Parametro orokorrak eta nutrienteak.

    (Ikus .PDF)

    Oharra: Kontzentrazioak unitateen zutabean adierazitako elementuari edo konposatuari buruzkoak dira. Horrela, konposatu nitrogenodun guztien kasuan, kontzentrazioak oinarrizko nitrogenoarenak dira (14. faktore grabimetrikoa). Konposatu fosforodunen kasuan, bestalde, oinarrizko fosforoarenak dira (31. faktore grabimetrikoa). Guztizko nitrogenoaren kasuan, adierazitako mugak nitrogeno ez-organiko disolbatuaren (amonioa + nitritoa + nitratoa) eta nitrogeno organikoaren (disolbatua + partikulatua) kontzentrazioen baturari dagozkio, hau da, nitritoen eta nitratoen nitrogenoa gehi Kjeldhal guztizko nitrogenoa.

    (1) Isurketa-puntutik 50 m-ra dagoen sekzio baten batez besteko tenperatura 3 ºC areagotu ahal izango da, gehienez ere. Irizpide hori sakontasun gutxiko estuario-inguruetan aplikatuko da. Horrelakoetan, kanal motako korrontea izan ohi da nagusi.

    Estuario-inguru zabal eta sakonetan (kanal motako korrontea nagusi denetan) eta itsasertzaren inguruan urtaroen araberako estratifikazio termikoa ezar daiteke bietan, honakoak dira mugak: 3 ºC-ko gehieneko hazkunde puntuala (isurketa-puntutik 50 m-ra dagoen zona batean egindako profil bertikal baten edozein sakontasun-mailatan) eta 1 ºC-ko gehieneko hazkundea, iturburuaren eta gainazalaren arteko ur-zutabearen tenperaturaren batez besteko balioari dagokionez (bi kasuetan, eragin ez den ingurua irudikatzen duen profil termiko batekiko).

    (2) Horrez gain, arazketa-errendimendu minimoa % 85ekoa izango da.

    (3) Biodegradagarriegiak ez diren industria-isurketei dagokienez, aipatutako mugak aldatzeko aukera dago, eta osatzekoa edo ordezkatzekoa, arazketa-errendimendu minimo batek edo ekoizpen-unitate bakoitzagatik isuritako kargaren gaineko muga batek horrela eskatzen duelako, eta kasuan-kasuan sektoreko teknika erabilgarri onenak (TEO) hartuko dira kontuan. Edozein kasutan, ingurune hartzailearen ingurumen-helburuak beteko dira.

    • Hiriko hondakin-urak tratatzeko instalazioetatik datozen isurketen kasuan, 1996ko martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak eta 1998ko urriaren 2ko 2116/1998 Errege Dekretuan ezarritakoak beteko dira, bietan zehaztutako parametroei dagokienez, betiere Dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

      ** Isurketa urrakortzat aitortu den zona batean egiten bada, hiriko hondakin-urak tratatzeko instalazioetatik datozen isurketek 1996ko martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak eta 1998ko urriaren 2ko 2116/1998 Errege Dekretuan, aurrekoa aldatzen duenean ezarritakoak beteko dituzte.

  2. taula: mugako isurtze balioak. Askotariko parametroak eta kutsatzaile generikoak.

    (Ikus .PDF)

    Oharra: (1) Ez da muga berezirik jarriko gatz ez-organiko disolbatuen isurketen gainean, baldin eta ioiak itsasoko uretan daudenen berdinak badira eta toxikoak ez badira. Salbuespena dira, isurketaren ingurune hartzailean giro hipergazia edo ohiko gazitasuna gainditzen duena sortzeko arriskua dagoen zonetan isuritako gatzunak edo soluzio hipergaziak. Salbuespena dira, halaber, pH-aren gainean duten eraginagatik, isurketaren alkalinotasuna edo guztizko azidotasuna nahikoa neutralizatuta ez duten gatz-soluzioak.

  3. taula: mugako isurtze balioak. Konposatu organoklorodunak.

    (Ikus .PDF)

    (1) Muga horiek aldatu daitezke edo ekoizpen-unitate bakoitzak isuritako karga-muga batengatik ordezkatu, betiere dagokion sektoreko teknika erabilgarri onenak (TEO) kontuan hartuta.

    • Hileko batez bestekoen muga-balioa.

      ** Eguneko batez bestekoen muga-balioa.

  4. taula: mugako isurtze balioak. Metalak.

    (Ikus .PDF)

    (*): proposatutako mugak «Guztizko metalari» dagozkionak dira, fasea disolbatua eta metala partikulatua dagoela.

Eranskin honetan lehentasunezko substantzien, preferenteen eta hainbat kutsatzaileren zerrenda eta ezarritako ingurumen-kalitateko arauak barne hartu dira, isurketa-kanonaren k3 koefizientea kalkulatu ahal izateko.

  1. taula: ingurumen kalitateko arauak lehentasunezko substantzietarako eta hainbat kutsatzailetarako.

    (Ikus .PDF)

    (a) CAS: Chemical Abstracts Service.

    (b) Parametro hau ingurumen-kalitateko araua da, urteko batez besteko balio gisa adierazita (IKA-UBB). Bestelakorik adierazten ez den bitartean, isomero guztien guztizko kontzentrazioari aplikatzen zaio eta balioak µg/l-tan adierazten dira.

    (c) Parametro hau ingurumen-kalitateko araua da, onar daitekeen gehieneko kontzentrazio gisa adierazita (IKA-KMO). IKA-KMO parametroan «ez-aplikagarria» adierazten bada, IKA-UBB balioek epe laburrera isurketa jarraituen kutsadura-pikoen kontra babesten dutela ulertu behar da, izan ere, toxikotasun zorrotza abiapuntu hartuta kalkulatu diren balioak baino dezente baxuagoak dira. Bestelakorik adierazten ez den bitartean, isomero guztien guztizko kontzentrazioari aplikatzen zaio eta balioak µg/l-tan adierazten dira.

    (d) Difeniletere bromodunetan (5. zk.) barne hartutako lehentasunezko substantzien multzoari dagokionez, IKA bat ezarri da 28, 47, 99, 100, 153 eta 154 zk. kideetarako.

    (e) Kadmioari eta bere konposatuei dagokienez (6. zk.), NCA balioak aldatu egiten dira uraren gogortasunaren arabera, eta bost kategoria bereizten dira (1. mota: < 40 mg CaCO3/l; 2. mota: 40tik < 50 mg-ra CaCO3/l; 3. mota: 50etik < 100 mg-ra CaCO3/l; 4. mota: 100etik < 200 mg-ra CaCO3/l; eta 5. mota 5: 200 mg CaCO3/l).

    (f) Guztizko DDTak honako isomero hauen batura barne hartzen du: 1,1,1-trikloroa-2,2-bis-(p-klorofenil)-etanoa (CAS zk. 50 29 3; EB zk. 200 024 3); 1,1,1-trikloro-2-(edo-klorofenil)-2-(p-klorofenil)- etanoa (CAS zk. 789 02 6; EB zk. 212 332 5); 1,1-dikloro-2,2-bis-(p-klorofenil)-etilenoa (CAS zk. 72 55 9; EB zk. 200 784 6); eta 1,1-dilloro-2,2-bis-(p-klorofenil)- etanoa (CAS zk. 72 54 8; EB zk. 200 783 0).

    (g) Hidrokarburo aromatiko poliziklikoetan (HAP) barne hartutako lehentasunezko substantzien multzoan (28. zk.), NCA guztiak eta bakoitza aplika daitezke, hau da, bentzo(a)pirenoaren NCA, bentzo(b)fluorantenoaren eta bentzo(k)fluorantenoaren arteko baturaren NCA, eta bentzo(g,h,i)perilenoaren eta indeno(1,2,3 cd)pirenoaren baturaren NCA bete behar dira.

    (h) Fluorantenoa beste hidrokarburo aromatiko polizikliko arriskutsuago batzuen adierazle gisa agertzen da zerrendan.

    (i) Kadmioa, beruna, merkurioa eta nikela kanpo utzita («metalak» deituko ditugu aurrerantzean), eranskin honetan ezarritako NCAk ur-lagin osoko guztizko kontzentrazio gisa adierazten dira. Metalen kasuan, NCA kontzentrazio disolbatuari dagokio, hau da, 0,45 µm-ko mintz baten bitartez edo beste antzeko aurretratamendu baten bitartez lortutako ur-lagin batean disolbatu dagoenean.

    (*) Lehentasunezko substantzia arriskugarri gisa identifikatua.

  2. taula: NCA lehentasunezko substantzietarako.

    (Ikus .PDF)

    (a) CAS: Chemical Abstracts Service.

    (b) Parametro hau ingurumen-kalitateko araua da, urteko batez besteko balio gisa adierazita (IKA-UBB). Bestelakorik adierazten ez den bitartean, isomero guztien guztizko kontzentrazioari aplikatzen zaio eta balioak µg/l-tan adierazten dira.

    (c) Artsenikoa, selenioa, kobrea, kromoa eta zinka kanpo utzita («metalak» deituko ditugu aurrerantzean), eranskin honetan ezarritako IKAk ur-lagin osoko guztizko kontzentrazio gisa adierazten dira. Metalen kasuan, IKA kontzentrazio disolbatuari dagokio, hau da, 0,45 µm-ko mintz baten bitartez edo beste antzeko aurretratamendu baten bitartez lortutako ur-lagin batean disolbatu dagoenean.

Honako formula honen bitartez kalkulatuko da K koefizientea:

K = k1 * k2 * k3

Honako esanahi hauekin:

k1: karga kutsatzailearekin lotutako koefizientea.

k2: isurketa egiteko erabili den eroanbide motak zehazten duen koefizientea.

k3: Dekretu honen II. eranskinean barne hartutako substantzia kutsatzaileren bat duten isurketei aplikatzeko koefizientea.

  1. k1 koefizientea.

    Eskuarki, baimendutako kontzentrazioak aplikatuko dira karga kutsatzailearekin (k1) lotutako koefizientea kalkulatzeko. k1 koefizientea honako formula honen bitartez kalkulatzen da:

    k1 = (7,75 DQO + 7,75 SS + 23,24 N + 116,22 P + 58,11 AG + 77,48 HC + 1162,21 AOX + 309,92 MEQ + 1162,21 CN + 116,22 DTGT + 1162,21 FEN + 2324,43 Cr VI) * 10-9

    Honakoa izanik:

    OEK: Oxigeno Eskari Kimikoaren kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    SS: esekiduran dauden Solido Guztizkoen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    N: Guztizko Nitrogenoaren kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    P: Guztizko Fosforoaren kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    AG: Olio eta Gantzen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    HC: Hidrokarburoen kontzentrazioa mg/l-tan adierazia.

    AOX: Konposatu Organohalogenatuen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    CN: Guztizko zianuroen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    DTGT: detergente anionikoen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    FEN: fenolen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    Cr VI: kromo hexabalentearen kontzentrazioa, mg/l-tan adierazia.

    MEQ: equimetala, mg/l-tan adierazia, honako formula honen bitartez kalkulatuta:

    MEQ = (200 Hg + 75 Cd + 35 Pb + 5 Cr + 10 As + 5 Al + 35 Cu + 15 Ni + 3 Zn + Fe) / n

    Hg, Cd, Pb, Cr, As, Al, Cu, Ni, Zn, Fe elementu bakoitzaren baimendutako guztizko kontzentrazioak dira, eta isurketa-baimenean mugatutako elementu kopurua da n. Zenbakitzailearen balioa zero bada, Meq zero izango da.

  2. k2 koefizientea.

    k2 isurketa egiteko erabili den eroanbide motak zehazten duen koefizientea da eta honako hauek dira dagozkion balioak:

    k2 = 0,75; itsaspeko hustubidea, difusoreak gutxienez 30 metroko sakoneran daude, Alacanteko itsasoko batez besteko mailarekiko, eta itsasertzetik kilometro batera, gutxienez.

    k2 = 0,85; aurreko baldintzak betetzen ez dituen itsaspeko hustubidea.

    k2 = 0,95; itsaspeko hustubidea, difusoreak gutxienez 10 metroko sakoneran daude, Alacanteko itsasoko batez besteko mailarekiko, eta itsasertzetik 100 metrora, gutxienez.

    K2=1; gainontzeko baldintzetarako.

  3. k3 koefizientea.

    k3 koefizientearen balioa 1,28 da eta Dekretu honen II. eranskinean barne hartutako substantzia kutsatzaileren bat duten isurketen gainean aplikatuko da (III. Dekretuan aipatutakoak barne hartuta). k3 koefizientea aplikatuko da, baldin eta Isurketaren Zaintza eta Kontrol planaren laginen edo Administrazioak eskura dituen datuen % 20k Dekretu honen II. eranskinean aipatzen diren IKAk hamar aldiz gainditzen dituen kontzentrazioko isurketa egin dela baieztatzen bada.

  4. K koefizientea isurketa termikoetan eta arrain haztegietako isurketetan.

    Isurketa termikoen eta arrain-haztegietako isurketen ezaugarri bereziak direla eta, honako K koefiziente espezifiko hauek ezarri dira:

    Isurketa termikoak: ingurunean kutsadura termikoa bakarrik eragiten duten isurketei dagokienez, adibidez, industria-hozterako zirkuitu irekietatik egiten diren isurketak, adibidez, honako formula honen bitartez zehaztuko da K koefizientearen balioa:

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    Arrain-haztegietako isurketak: Kutsadura-unitateak zuzenean lortzen dira, isuritako emaria kontuan hartuta, honako formula honen bitartez:

    C = K * P

    Honako esanahi hauekin:

    C = Kutsadura-unitateak

    K = 0,1591 x 10-7

    P = Produkzioa, Tm/urtean

  1. Karga kutsatzailea kalkulatzea.

    Isurketaren Jarraipenerako Aukerako Protokoloa kasuan-kasuan baimenean ezartzen den zaintza- eta kontrol-protokolo arruntaren osagarria izango da eta honako baldintza hauek beteko ditu, gutxienez:

    1. Hondakin-uren araztegietako (HUAk) isurketak: gutxienez honako maiztasun honekin egingo dira HUAen efluentearen analitikak:

      (Ikus .PDF)

    2. Industria-isurketak itsas-lehorreko jabari publikora: honako maiztasun honekin egingo dira analitikak:

      (Ikus .PDF)

      Laginketa eta kontrol guztiak kanpoko enpresa ziurtatuek egingo dituzte, erreferentziako metodo analitikoen 9. artikuluaren arabera.

      Isurketa-kanona ezartzeko zehaztu beharreko karga kutsatzailea, isurketaren enpresa titularrak aurkeztutako kontrolen eta Uraren Euskal Agentziak egindakoen urteko batez besteko aritmetiko gisa kalkulatuko da. Uraren Euskal Agentziaren ustez emaitzen serie batean ezohiko daturik badago, kalkulutik kanpo utziko da; horren ordez beste laginketa bat egin daiteke.

      Isurketaren karga kutsatzailearen emaitzen eta horien jarraitutasunaren arabera, Uraren Euskal Agentziak efluentearen analisien aldizkakotasuna murriztu ahal izango du Isurketen Jarraipenerako Aukerako Protokoloa ezarri eta bi urtera.

  2. Bolumena kalkulatzea.

    Bolumena kalkulatzeko, isurketaren enpresa titularrak uren balantze bat aurkeztu behar du. Bertan kontuan hartuko dira sarrera-bolumenak, galerak, iragazteak, lurruntzeak, eta abar. Urteko bolumenari dagokionez, seinale-totalizatzailearekin ondo kalibratutako emari-neugailuan egindako neurketen bitartez neurtuko da lehentasunez.

    Ezinezkoa bada isurketan emari-neurgailu kalibratu bat instalatzea, isurketaren enpresa titularrak bolumenak kuantifikatzeko beste sistema bat proposa dezake. Betiere, Uraren Euskal Agentziak onartu behar du sistema hori.

  1. taula: parametro orokorrak eta nutrienteak.

    (Ikus .PDF)

    (R) Bereizmen analitikoa adierazten du, detekzio-muga adierazi beharrean.

  2. taula: askotariko parametroak eta kutsatzaile generikoak.

    (Ikus .PDF)

  3. taula: konposatu organoklorodunak.

    (Ikus .PDF)

  4. taula: metalak.

    (Ikus .PDF)

Isurketekin erlazionatutako arau-hausteen ondoriozko zehapenei eta kalte-ordainei dagokien diru-kopurua zehazteko, uraren kalitatean eragindako kaltea hartuko da kontuan eta, xede horrekin, hondakin-uren isurketen kasuan, 1. atalean adierazten den zenbatespen objektiboa egiteko formula jarraituko da, eta 7. atalean adierazten dena jarraituko da hondakin likidoen edo lohien isurketen kasuan.

Kalteak baloratzeko sistema objektiboak itsas-lehorreko jabari publikora egindako edozein isurketarako balioko du, edozein unetan. Hala ere, ondoren aipatzen diren kasuetan, kalteen balorazio objektiboa egiteko sistema ez aplikatzeko aukera dago:

  1. Kasu bereziak, ezaugarriak kontuan hartuta balorazio indibiduala eskatzen dutenak. Betiere, eskumeneko Administrazio Hidraulikoarekin akordio arrazoitu bat lortu behar da aurretik.

  2. Arau-hauste arin bat egin dela uste bada, nahiz eta itsas-lehorreko jabari publikoan kalteriik ez antzeman.

    1. Hondakin uren isurketen ondorioz uraren kalitatean eragindako kalteen zenbatespen objektiboa egiteko formula.

      Hondakin-uren isurketen ondorioz uraren kalitatean eragiten diren kalteak baloratzeko, zenbatespen objektiboko formula hau jarraituko da:

      (Ikus .PDF)

    2. Isurketa emaria zehaztea.

      Aurreko formula ezartzeko, isurketa-emaria zehaztu behar da eta, horretarako, honako irizpide hauek jarraituko dira:

      1. Ekoizpen-jarduera jarraitu baten bi laginen artean, isurketa-emariari eusten zaiola pentsatuko da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.

      2. Lagina hartzeko unean neurtutako emariaren balioa erabiliko da. Isurketak egun osoan duen emariaren baliorik badago, balio horien batez bestekoa erabiliko da.

      3. Emaria neurtzea ezinezkoa bada, zeharkako zenbatespenak egingo dira, eta, horretarako, ur-kontsumoaren datuak, langile kop. ekoizpen mota edo beste edozein motatako datuak erabiliko dira, behar den bezala justifikatuta beti, ura aprobetxatzeko administrazio-tituluak eta isurketa-baimena barne hartuta.

      4. Emaria neurtu gabe edo aldez aurretik finkatu gabe duten hiriko hondakin-uren isurketei dagokienez, isurketa-emaria isurketa-hornikuntzetatik abiatuta zehaztuko da, biztanleko eta eguneko litroak adierazita, eta hornitutako biztanleria eta inguruko merkataritza-jardueraren maila kontuan hartuta, eta, horretarako, datu estatistikoak erabiliko dira.

    3. Isurketaren iraupena zehaztea.

      Lehen puntuan aipatutako formula ezartzeko, isurketaren iraupena zehaztu behar da eta, horretarako, honako irizpide hauek jarraituko dira:

      1. Une jakin batean neurtu edo zenbatetsi den isurketa-emaria egonkortzat joko da eguneko 24 orduetan, betiere dagokion arroko organismoak dituen datuetatik abiatuta beste balio bat lortzen ez bada.

      2. Gainontzeko ezaugarriak aldatzen ez badira, lagin bat hartu eta hurrengoa hartzen denera artean isurketa epealdi osoan gertatu dela ulertuko da.

      3. Hondakin-uren noizean behinkako isurketei dagokienez, isurketak gutxienez egun bat iraun duela ulertuko da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.

    4. Isurketaren arriskugarritasuna zehaztea (KPV).

      Lehen puntuan aipatutako formula ezartzeko, isurketaren arriskugarritasuna zehaztu behar da KPV koefizientearen bitartez, eta, horretarako, honako irizpide hauek jarraituko dira:

      1. Lagin bakoitzarekin kalkulatuko da KPV koefizientea, jarraian ikus daitezkeen formulen bitartez, eta kutsadura-parametroan A, B eta C multzoak bereiziko dira eta kontuan hartuko da 5. puntuan adierazitako U erreferentziazko koefizientea.

        A multzoa: Dekretu honen II. eranskineko I. eta II. tauletan barne hartutako kutsadura-parametroak.

        1 < U, KPV = 0,7 U + 0,2

        U 1; KPV = 0

        B multzoa: Dekretu honen I. eranskineko II., III. eta IV. tauletan barne hartutako kutsadura-parametroak, A multzokoak ez direnak.

        1< U, KPV = 0,5 U + 0,4

        U 1; KPV = 0

        C multzoa: Dekretu honen I. eranskineko I. taulan barne hartutako kutsadura-parametroak.

        1< U, KPV = 0,13 U + 0,8.

        U 1, KPV = 0

      2. Bi lagin badaude, kalteak baloratzeko erabiliko den KPV balioa, lagin bakoitzaren KPV balioaren batez besteko aritmetikoari dagokiona izango da.

      3. Bi lagin baino gehiago badaude, bi lagin jarraituren arteko batez besteko aritmetikoa egingo da, bi lagin-hartzeen artean igarotzen den denbora-tarte bakoitzarekin. Kalkulurako erabiliko den KPV balioa, tarte bakoitzeko KPV-ren denboraren batez besteko haztatua izango da.

      4. Parametro bat baino gehiago aztertzen badira, bakoitzaren KPV balioa kalkulatuko da eta baliorik altuena erabiliko da balorazio egiteko.

    5. Erreferentziazko koefizientea zehaztea (U).

      Aurreko artikuluan adierazitako formulak aplikatu ahal izateko, jarraian adierazten den moduan kalkulatuko da lagin bakoitzaren U koefizientearen balioa:

      1. U koefizientea, isurketaren laginean parametro jakin batek duen balio neurtuaren eta parametro horren erreferentziako balioaren arteko zatidura da:

        (Ikus .PDF)

        Honako esanahi hauekin:

        Vm: Neurtutako balioa, hau da, isurketaren laginean lortutako emaitza analitiko bat.

        Vr: erreferentziazko balioa, hau da, isurketa-baimenean adierazten den mugako isurtze-balioa. Baimenik ezean, edo baimenean parametroari dagokion VLE bat definitu ez bada, Dekretu honen II. eranskineko ingurumen-kalitateko arauek adierazten dituzten balioak eta erantsitako 1. taulako gehieneko atalase-mailak aplikatuko dira. Amaitzeko, ingurumen-kalitateko araurik ez duten eta gehieneko atalase-mailarik ez duten parametroen kasuan, Vr balioa lortzeko Dekretu honen I. eranskineko tauletan agertzen diren VLE balioak izango dira abiapuntua.

        (Ikus .PDF)

        Gehieneko atalaseak Kalitate Fisikokimiko Orokorreko hainbat adierazletan:

      2. pH-a eta tenperatura parametroei dagokienez, jarraian adierazitako formularen bitartez lortzen da U koefizientea:

        (Ikus .PDF)

      3. Erreferentziazko balioa balio-tarte bat gisa ezarrita badago, Vr balioa U baxuago bat duen tartetik hartuko da.

      4. Parametro mikrobiologikoei dagokienez, jarraian adierazitako formularen bitartez lortzen da U balioa:

        (Ikus .PDF)

    6. Ingurune hartzailearen kalteberatasuna zehaztea (Ks)

      Ingurune hartzailearen kalteberatasunarekin erlazionatutako koefizientearen (Ks) balioa lortzeko, honako taula hau jarraituko da:

      (Ikus .PDF)

    7. Hondakin likidoen edo lohien isurketek uraren kalitatean eragindako kalteek zenbatespen objektiborako formula.

      Uraren legeriaren arabera, baimena jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten hondakin likidoen edo lohien isurketek uraren kalitatean eragindako kalteak baloratzeko, eta noizean behinka eta jarraikortasunik gabe gertatzen diren deskargen edo jarioen ondoriozko isurketek eragindakoak baloratzeko, kontuan hartuko dira isurketaren tratamenduaren kostua, arriskugarritasuna eta ingurune hartzailearen sentsibilitatea, eta zenbatespen objektiboko formula honen bitartez kalkulatuko da:

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.