Arautegia
Inprimatu400/2013 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 147
- Hurrenkera-zk.: 3496
- Xedapen-zk.: 400
- Xedapen-data: 2013/07/30
- Argitaratze-data: 2013/08/02
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa
Testu legala
Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.38 artikuluan jasotakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du ikuskizunen arloan. Eskumen hori baliatuz, Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legeak 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, ahalmena ematen dio Gobernuari arauz zehazteko ikuskizunak egiteko araubidea eta baldintzak, batetik, eta halakoak baimentzeko bete beharreko betekizunak eta prozedura, bestetik. Era berean, Lege horren 16.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, administrazioaren baimena beharko da artifizio piroteknikoak jaurtitzen edo erretzen dituzten ikuskizunak egiteko.
Baimen horiek arautzeko, irailaren 22ko 240/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunak arautzekoa, onartu zen. Dekretu horri esker, ondasun eta pertsonentzako segurtasun-baldintzetan egin dira ikuskizun piroteknikoak Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hala izan dela erakusten du ordudanik istripurik gertatu ez izanak.
Maiatzaren 7ko 563/2010 Errege Dekretuak, piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudia onartzen duenak, arautzen du artifizio piroteknikoen fabrikazioa, biltegiratzea, garraioa eta erabilera, sektoreko errealitate tekniko, fabrikazioko eta komertzial berrietara egokituta (errege-dekretu hori Espainiako Konstituzioaren 149.1.26 artikuluaren babespean eman zen; artikulu horretan Estatuarentzat gordetzen da armak eta lehergaiak ekotzi, salerosi, izan eta erabiltzeko araudiaren gaineko berariazko eskumena).
Araudi horretan Jarraibide Tekniko Osagarri bat dago, 8.a, «Artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunak, adituek eginak» titulua duena. Jarraibide horretan oso zehatz eta xehetasun handiz arautu dira mota horretako ikuskizunak, eta alderdi batzuk era murriztaileagoan arautu dira irailaren 22ko 240/1998 Dekretuan baino. Zehazki, jendea egongo den tokirako segurtasun-tarteak zehazten ditu. Tarte horiek ikuskizunetako segurtasun-eremuaren perimetroa mugatzen dute, su-motaren (lurrekoa edo airekoa) eta erabilitako artifizio-motaren eta kasuan kasuko neurriaren arabera. Orobat, eta aipatutako baldintzatzaile horien arabera, eraikinetarako segurtasun-tartea ezartzen du (EAEko araudian ez da halako tarterik zehaztu).
Aipatutako 8. Jarraibide Tekniko Osagarria berriki indarrean sartu izanaren ondorioz, eta artifizio piroteknikoak garatu izanak eta ikuskizunak egiteko teknologia modernoak sartu izanak eraginda, beharrezko ikusi dugu adituek egiten eta artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunak arautuko dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudia egitea, eta araudi horretan zenbait alderdi egokitzea Estatuko berariazko araudian xedatutakora, hala nola, segurtasun-tarteak eta artifizioen garraioa, muntaketa eta jaurtiketa.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Jendaurreko Ikuskizunetarako eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluak txostena egin ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2013ko uztailaren 30eko bileran eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkideagoan artifizio piroteknikoak jaurtitzean edo erretzean oinarritutako eta adituek egindako jendaurreko ikuskizunak arautzea.
Dekretu honen ondorioetarako, ez dira artifizio piroteknikodun ikuskizunak izango oro har 10 kilogramo araututako gai edo gutxiago erabiltzen dituzten ikuskizunak.
Hala ere, udal-agintariek, beren eskumen eta eginkizunekin bat, halakoetarako ezarriko dituzten segurtasun-neurriak eta berariazko baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte ikuskizun horiek ere.
Dekretu honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:
Jaurtitzeko aldea: artifizio piroteknikoak muntatzeko eta jaurtitzeko baino erabiltzen ez den eremua.
Instalazio-lanetarako segurtasun-eremua: jaurtitzeko aldea inguratzen duen gunea, xede duena zentzuzko segurtasun-tartea uztea jaurtitzeko aldearen eta artifizio piroteknikoak muntatzen direnean handik gertu ibiliko den jendearen artean.
Ikuskizuneko segurtasun-eremua: jaurtitzeko aldearen eta ikusleak egoteko aldea mugatzen duen lerroaren arteko gunea, xede duena ikusleei bermatzea ikuskizuna modu seguruan egingo dela.
Segurtasun-tartea: jaurtitzeko aldearen perimetroko edozein puntutatik ikuskizuneko segurtasun-eremuaren perimetroko edozein puntutara dagoen gutxieneko tartea.
Jaurtiketa-angelua: bertikalak eta kanoiaren edo jaurtiketa-gailuaren luzera-ardatzak osatzen dutena.
Erakunde antolatzailea: pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua; bere gain hartzen du ikuskizunaren erantzukizuna, Administrazioaren edota jendearen aurrean.
Aditu piroteknikoen enpresa: pertsona fisikoa edo juridikoa, artifizio piroteknikoak prestatzeko eta muntatzeko administrazio eskudunak behar bezala baimendutako lantegiaren titularra dena; erakunde antolatzaileak pertsona horren esku uzten du zerbitzua emateko ardura, ikuskizuna muntatzeko lanak barne. Artifizioak enpresa horretako langileek jaurtitzen dituzte.
Aditua: adituen enpresako pertsona, aditu-agiria duena eta artifizio piroteknikoei bilgarria kentzeko, halakoak muntatzeko, manipulatzeko eta jaurtitzeko lanak egiten dituena.
Ikastuna: adituen enpresako pertsona, ikastun-agiria duena eta artifizioei bilgarria kentzeko, halakoak muntatzeko, manipulatzeko eta konektatzeko lanak egiten dituena, adituek gainbegiratuta. Ikastunak, baina, ezin du artifiziorik jaurti.
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko Araudia onartzen duen maiatzaren 7ko 563/2010 Errege Dekretuko edo hura ordezkatuko duen araudiko definizioak izango zaizkie aplikagarri dekretu honetan erabilitako gainerako kontzeptuei.
Ikuskizuna egitearen ondoriozko erantzukizuna erakunde antolatzailearena izango da, dekretu honetan adituen enpresaren erantzukizun gisa agertzen ez diren beste gauza guztietan.
Bereziki, erakunde antolatzaileak izango du ikuskizuna ondasun eta pertsonentzat segurtasun-baldintzetan egiteko ardura, eta segurtasun-eremuak zaintzeaz eta mantentzeaz ere arduratu beharko du.
Erakunde antolatzaileak segurtasun- eta larrialdi-planak egin beharko ditu. Dekretu honetako 7. eta 8. artikuluetan aipatutako edukia jaso behar du plan horietan, eta aintzat hartu beharko ditu, orobat, ikuskizunaren ezaugarriak; horretarako adituen enpresak egingo duen ziurtagirian zehaztuko dira ezaugarriok.
Erakunde antolatzaileak pertsona bat izendatuko du, ikuskizunaren arduradun izan dadin. Pertsona horrek izango du segurtasun- eta larrialdi-planak betearaztearen ardura, bai eta baimenean ezarritako segurtasun-neurriak betearaztearena ere, eta eremuan bertan egongo diren ikuskatzaileek esandakoa bete beharko du uneoro.
Erakunde antolatzaileak erantzukizun zibileko asegurua sinatu beharko du, kalte materialak eta pertsonalak estaltzeko. Aseguruak ikuskizunean erabiliko den araututako gai-kilo bakoitzeko 500 euroko kapitala estali behar du gutxienez, eta 150.000 euroko gutxieneko estaldura eman behar du.
Baldin ikuskizunean boluntarioek parte hartzen badute, erakunde antolatzaileak langile horiek estaliko dituen istripu-asegurua ere sinatu beharko du. Gutxienez 100.000 eurokoa izan behar du, eta ikuskizunean istripuren baten ondorioz sortutako kalteak estali behar ditu.
Adituen enpresak du ikuskizuna egiteko ardura eta, beraz, berak hartzen du artifizio piroteknikoak erabiltzeari loturiko alderdi guztien gaineko erantzukizuna, bai ikuskizuna baimentzeko eskumena duen administrazioaren aurrean, bai erakunde antolatzailearen aurrean. Bereziki, ardura hartzen du artifizio piroteknikoak legeetara egokitzeko eta, egoki denean, indarrean den berariazko araudiaren arabera erregistratuta eta behar bezala katalogatuta izango direla ziurtatzeko.
Adituen enpresak piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruz indarrean diren xedapenetan ezarritakoaren arabera egingo ditu piroteknia-gaien garraioari, zirkulazioari eta halakoak zaintzeari loturiko jarduerak, bai eta artifizio piroteknikoen muntaketa eta jaurtiketa eta hondakin piroteknikoen kudeaketa ere.
Adituen enpresak segurtasun- eta larrialdi-planak egiteko beharrezko informazio osoa emango dio erakunde antolatzaileari. Bereziki, honako hauek: ikuskizunean erabiliko diren artifizioen zerrenda (neurria eta jaurtiketa-angelua adierazi behar dira) eta I. eranskinean jasotako ziurtagiria (erakunde antolatzaileak eremu mugatuak eta babestuak ezartzeko beharko dituen elementu guztiak zehazten dira bertan).
Adituen enpresak ekitaldia hasi baino gutxienez bi ordu lehenago muntatu behar du ikuskizuna eta jarri behar ditu jaurtiko diren artifizio guztiak, ikuskizunen arloan eskumena duen organoari atxikitako ikuskatzaileek edo, era subsidiarioan, udal-agintaritzari atxikitako agenteek denbora izan dezaten egiaztatzeko muntaketa bat datorrela ikuskizuna egiteko baimenean ezarritakoarekin.
Artifizio piroteknikoak erabiliko dituzten eta dekretu honetan arautzen diren ikuskizunak egin ahal izateko, aurrez baimena eman behar du ikuskizunen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak. Horretarako, ikuskizuna antolatuko duen erakundeak baimen-eskaera aurkeztu beharko du ikuskizuna egin baino gutxienez 15 egun baliodun lehenago. Baldin ikuskizuna egin baino 72 ordu lehenago organo eskudunak ez badu gai horren gaineko erabakirik jakinarazi, eskatutako baimena emantzat joko da.
Artifizio piroteknikoak erabiliko dituzten ikuskizunak baimentzeko honako agiri hauek eska daitezke:
Baimen-eskaera; agiri horretan adierazi behar da aurreikusitakoaren arabera zenbat jende joango den ikuskizunera, gutxi gorabehera.
Baldin ikuskizunak eragina izango badu bide edo eremu publikoetan, bide edo eremu horien titularra toki horietan artifizioak jaurtitzearekin edo erretzearekin ados dagoela adierazten duen agiria. Betekizun hori ez da beharrezko izango ikuskizuna antolatuko duen erakundea bada eremu horien titularra.
Baldin segurtasun-eremua ezartzeko komunikazio-bideren bat aldi batez itxi behar bada, bide hori kudeatzeko eskumena duen agintaritzaren baimena aurkeztu beharko da. Dena den, ez da baimenik aurkeztu beharko baldin bide hori udalarena bada eta udala bera bada ikuskizuna antolatuko duen erakundea.
Adituen enpresaren ziurtagiria, I. eranskinean jasotakoa.
Dekretu honetako II. eranskinean jasotako eredu normalizatuaren araberako adierazpena, adituen enpresaren ordezkariak sinatua. Adierazpen horretan jasoko dira ikuskizuna egingo duen adituen enpresa identifikatzeko datuak, eta honako gai hauei buruzko alderdiak:
Prestaketa- eta muntaketa-lanak egiteko lantegi gisa jarduteko baimena.
Prestaketa- eta muntaketa-lantegiaren biltegiratze-edukiera; handiagoa izan beharko du ikuskizunean jaurtiko diren artifizioak hartzeko beharrezko tokia baino.
Adituen enpresaren titular den pertsonak aurreikusitako ikuskizunerako laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen duela.
Titular horrek artifizioak jaurtitzeko izendatutako aditu eta ikastun guztiek dagokien agiri profesionala dutela eta enpresan alta eginda dutela edo ikuskizuna egiteko adituen beste enpresa batek lagata daudela.
Ikuskizuneko segurtasun- eta larrialdi-planak, teknikari eskudunek eginak. Dekretu honetako 7. eta 8. artikuluetan adierazitako zehaztapenak jaso beharko dituzte.
4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan ezarritakoaren arabera, erakunde antolatzaileak kalte materialak eta pertsonalak estaltzeko erantzukizun zibileko asegurua eta, behar denean, istripu asegurua kontratatu dituela adierazten duen ziurtagiria.
Oro har araututako 10 kilogramo gai eta 50 kilogramo gai artean erabiltzen dituzten artifizio piroteknikodun ikuskizunak egitean, ikuskizuna antolatuko duen erakundeak ez du aurkeztu beharko 8. artikuluan ezarritako ikuskizunetako larrialdi-planik. Hala ere, 8.1 artikuluko f) paragrafoan ezarritako plano deskriptiboa bai, plano hori beti aurkeztu beharko du.
Dena den, ikuskizuneko larrialdi-plana nahitaez aurkeztu beharko du baldin ikuskizunera 10.000 lagun edo gehiago etorriko direla aurreikusi bada.
Ikuskizunen arloan eskumena duen organoak Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzari jakinaraziko dio ikuskizun piroteknikoa egingo dela, piroteknia-gaien arloan dituen eskumenak balia ditzan.
Jakinarazpen hori egiteak, baina, ez du erakunde antolatzailea salbuesten ikuskizuna egin ahal izateko indarrean den legediak eskatzen dituen bestelako baimenak eskatzetik edo bestelako izapideak egitetik.
Erakunde antolatzaileak ikuskizunari dagokion segurtasun-plana aurkeztu beharko du. Plan horretan jaso beharko ditu istripuak prebenitzeko neurriak eta, gutxienez, honako hauek:
Ikuskizuna hasi arte instalazio-lanetarako segurtasun-eremuan jartzea aurreikusi dituzten babes-mekanismoak.
Ikuskizunean zehar ikuskizuneko segurtasun-eremuan eta jendea egongo dela pentsatzen duten espazioetan jartzea aurreikusi dituzten babes-mekanismoak; eta ikuskizuna bukatu ondoren, piroteknia-gaien hondakinak bildu eta gera daitezkeen hondarrak guztiz garbitu arte jartzea aurreikusi dituztenak.
Ikuskizuneko segurtasun-eremuan ez dagoela 9.5 artikuluan aipatutako eraikinik dioen adierazpena.
Ezarritako segurtasun-neurriak betearazteko eta babesteko beharrezko pertsona-taldea eta materiala.
Azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuak, larrialdiei aurre egiteko zenbait jarduera, zentro eta establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituenak, eta hura garatzen duen araudiak xedatutakoaren arabera egin beharko da larrialdi-plana. Honako eduki hau izan beharko du, gutxienez:
Ikuskizunaren beraren arriskuen identifikazioa, azterketa eta balioztatzea; eta, egoki denean, ikuskizunean eragin dezaketen kanpoko arriskuena.
Larrialdietan erabilgarri izango diren giza baliabide eta bitartekoak eta baliabide eta bitarteko materialak; honako hauek egon beharko dira, gutxienez:
Asistentziazko anbulantzia bat, bizi-euskarri aurreratukoa.
Ikuskizunerako egokia den suteen kontrako babes-maila. Horretarako, kasuan kasuko suhiltzaile-zerbitzuak erabakiko du zer hornidura eta ekipamendu egon beharko den ikuskizunean. 9.8 artikuluan aipatutako kasuetan, suhiltzaile-zerbitzu batek nahitaez egon beharko du, egingo duen balorazioaren arabera, egokien jotzen duen tokian.
Ikuskizuna muntatzean bertan izan beharko den sua itzaltzeko gutxieneko ekipamendua; hauts balioaniztunezko 3 su itzalgailu, gutxienez.
Gerta daitekeen larrialdi bakoitzerako langileei esleitutako eginkizun eta ekintzen azalpena; eta planaren arduraduna plana ezartzea eginkizun izango duena izendatzea.
Larrialdiren bat gertatzen denean ohartarazi beharko diren larrialdiei aurre egiteko eta babes zibileko zerbitzuen direktorioa.
Jendeari egin beharreko gomendioak eta non jarriko diren ikusgai; eta alarma eman eta gero, nola zabalduko den.
Aurreikusitakoaren arabera ikuskizuna hartuko duen lur-eremua deskribatzen duen planoa; honako hauek adierazi beharko dira:
Jaurtitzeko aldearen kokaleku zehatza eta alde hori inguratzen duen eremua (500 metroko erradioa).
Ikuskizuneko segurtasun-eremuaren mugaketa eta aurreikusitakoaren arabera jendea zein eremutan egongo den.
Istripuren bat gertatzen denerako sorospen- eta laguntza-bitartekoak non egongo diren eta zein bidetatik sartuko diren; bi gai horiek ikuskizunaren eta, aurreikusitakoaren arabera, ikuskizuna hartuko duen tokiaren ezaugarrien arabera zehaztuko dira.
Eraikinen, errepideen eta bestelako komunikazio-bideen kokapena, bai eta segurtasunerako eta eremua husteko garrantzitsuak diren bestelako elementuena ere.
Artifizioak bertikalean jaurtiko ez badira, jaurtiketaren norabidea, ikusleentzako eremuarekiko; aurreikusitako jaurtiketa-angelua ere adierazi beharko da.
Ikuskizunen arloan eskumena duen organoak larrialdiei aurre egitearen arloko organo eskudunari bidaliko dizkio larrialdi-planak, hark homologa ditzan, autobabesari buruzko berariazko araudiak hala xedatzen duenean.
Ikuskizun bakoitzerako, segurtasun-eremu bat ezarriko da. Eremu hori itxita edo mugatuta egon behar da hesien, soken, zinten edo antzeko beste sistemaren baten bitartez, eta erakunde antolatzaileak behar bezala zainduta.
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko Estatuko araudiak ezarritako jendea egongo den eremurako segurtasun-tarteen arabera ezarriko da segurtasun-eremuaren perimetroa. Segurtasun tartea jaurtiko diren artifizio guztietan mantendu behar da; alegia, jaurtitzeko aldean artifizio bakoitza non kokatuko den gorabehera, artifizio guztietarako eskatzen den segurtasun-tartea beti mantendu behar da.
Artifizio-mota bakoitzak segurtasun-eremu bat ezartzea eskatuko du, artifizio horren honako ezaugarri hauen arabera: neurria, jokabidea eta zein garaieratan lehertuko den, irekiera, jaurtiketa-angelua, ikuskizun-mota eta gainerako ezaugarriak.
Baldin segurtasun-eremua beheragoko kotan badago jaurtitzeko aldea baino, erakunde antolatzaileak segurtasun-eremua egokituko du, ezarritako gutxiengoen barruan, ikusleak ahalik eta babestuen egon daitezen.
Segurtasun-eremuan ezingo da honelakorik egon: ospitaleak, klinikak, adinekoen egoitzak, polizia-etxeak, larrialdi-zentroak eta arrisku bereziko izateagatik herritarren segurtasunean eragin dezaketen istripuak gertatzeko aukera handia duten bestelako eraikinak, egiturak edo komunikazio bideak. Orobat, baldin ikuskizuna eskola-orduetan egiten bada, ezingo da ikastetxerik egon segurtasun-eremuan.
Baldin segurtasun-eremuan aurreko paragrafoan aipatutako eraikinak ez diren bestelako eraikinen bat badago eta jendea bizi bada bertan, erakunde antolatzaileak eraginpean dauden biztanleak ohartarazi eta jakinaren gainean jarriko ditu, hedapen-bide egokien bidez eta behar besteko aurrerapenarekin. Baldin erakunde antolatzailea pribatua bada, dagokion udal-agintaritzak zabaldu beharko du informazio hori.
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko Estatuko araudian ezarritako segurtasun-tarteak gutxieneko tartetzat jotzen dira. Adituen enpresaren ardura da adieraztea ea, jaurtiko diren artifizioen ezaugarriak eta orografiaren ezaugarriak edo bestelakoak kontuan hartuta, tarte horiek nahiko eta egokiak diren, edo ea tarte handiagoak ezarri behar diren. Alderdi hori jasota geratu behar da adituen enpresak antolatzaileari emango dion ziurtagirian.
Baldin herriren batean ikuskizuna tradizioan errotuta dagoen lekuren batean egiten bada eta toki horretan ezinezkoa bada piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko Estatuko araudian ezarritako eraikinetarako segurtasun-tarteak errespetatzea, ikuskizunen arloan eskumena duen organoak baimendu dezake segurtasun-tarte horiek murriztea, erakunde antolatzaileak hala eskatuz gero, betiere ezarritako segurtasun-tartea baino txikiagoan dauden eraikinak babesteko berariazko neurriak ezartzen badira segurtasun- eta larrialdi-planetan. Neurri horien artean izan behar dira, gutxienez, jaurtitako artifizioak eraikinen barrura ez sartzeko neurri egokiak eta suhiltzaile-zerbitzua bertan egon beharra.
Orobat, segurtasun- eta larrialdi-planei loturiko baldintza horiek betetzen badira, eraikinetarako segurtasun-tarteak murriztea baimendu daiteke baldin ikuskizunen batean, eraikina bera edo ingurua edertzeko, eraikinetan jarri behar badira artifizio piroteknikoak.
Erakunde antolatzaileak zehaztu behar du larrialdi-planean segurtasun-eremuaren kokapena eta mugaketa.
Ikuskizunaren muntaketa-lanak babesteko helburuarekin, artifizio piroteknikoak iristen diren unetik beretik instalazio-lanetarako segurtasun-eremua ezarriko da, 10 metroko erradiokoa, eta erakunde antolatzaileak uneoro zainduko du, ikuskizuneko segurtasun-eremua ezarri arte.
Ikuskizuneko segurtasun-eremuaren barruan, jaurtitzeko aldea prestatu beharko da artifizio piroteknikoen inguruan, bost metrokoa gutxienez, jaurtitzeko edozein gailutatik edo edozein artifizio piroteknikotatik zenbatuta. Eremu hori era berezian sokaz edo hesiz inguratuta egon behar da, bertan ikuslerik edo baimenik ez duen inor sar ez dadin.
Lurzoruak behar bezain trinkoa izan behar du, eta ez du erraz erretzeko modukoa izan behar. Halaber, laua eta horizontala izan behar du, edo egokia izan behar da bertan euskarri-oinarri lau eta horizontala jartzeko, jaurtiketa-gailuak bertan ipintzeko.
Jaurtitzeko aldea jarriko den tokian, artifizioen ibilbidean ez da egon behar jaurtiketaren segurtasunean eragin dezakeen inolako objektu goraturik, eragozpenik edo oztoporik.
Jaurtitzeko aldea uneoro babestuta egon behar da, erretzeko, bat-batean gartzeko edo eztanda egiteko arriskua duen artifizioren bat badago bertan. Jaurtitzeko aldera adituak eta ikastunak bakarrik sartuko dira, eta, behar denean, behaketa-lanak egiteko, erakunde antolatzaileko edo ikuskizuna baimentzen duen administrazioko ordezkariak.
Ikuskizunak irauten duen bitartean, jaurtitzeko aldean beharrezkoak diren adituak eta ikastunak bakarrik egongo dira.
Ez zaio utziko jaurtitzeko aldearen barruan egoten alkoholaren edo substantzia estupefazienteen eraginpean dagoen inori, bere iritziak, mugimenduek edo egonkortasunak eragin kaltegarria izan badezake eremu horretan izan behar den segurtasunean.
Erakunde antolatzailearen ardura izango da aurreko paragrafoetan xedatutakoa betearaztea.
Adituen enpresaren ardura izango da jaurtitzeko aldean artifizio piroteknikoak muntatzea eta, gero, jaurtitzea. Lan horiek piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudian xedatutakoaren arabera egin behar ditu.
Debekatuta dago dekretu honen aplikazio-esparruan dauden ikuskizun piroteknikoak egitea ikuskizunen arloan eskumena duen organoaren baimenik gabe.
Ikuskizunen arloan eskumena duen organoari atxikitako ikuskatzaileak, beren eginkizunak gauzatzen ikuskizunean bertan daudenak, agintaritzaren ordezkari izango dira, eta ikuskizunak aldi batez edo behin betiko etengo dituzte, aurrez erakunde antolatzailea ohartarazita, jarraian zerrendatu diren kasuetan. Baldin ikuskatzaile horiek ikuskizunean ez badaude, eskumena duen udal-agintaritzari atxikitako agenteek egingo dituzte eginkizun horiek, era subsidiarioan.
Honako kasu hauetan etengo dira ikuskizunak:
Ikuskizunak ez badu ikuskizunen arloan eskumena duen organoaren nahitaezko baimena.
Ikuskizuneko segurtasun-eremua babestuta egongo dela behar bezala bermatuta ez badago.
Ikuskizuna baimentzeko agirian ezarritako segurtasun-baldintzak betetzen ez badira, eta horrek eragin larria badu pertsonen segurtasunean.
Baimenean ezarritako osasunaren arloko dispositiborik edo suteetatik babesteko bitartekorik ez badago.
Larrialdietan lekua husteko bideak behar bezain libre ez badaude.
Jendea segurtasun-eremura edo jaurtitzeko aldera sartzen bada.
Enpresa piroteknikoak jaurtiketa egiteko izendatutako adituak tokian bertan ez badaude.
Pertsonak edo ondasunak arriskuan jar ditzakeen iskanbila larriren bat gertatzen bada edo halakoren bat gerta daitekeela aurreikusten bada.
Artifizioak jaurtitzen hasteko ordua iristen denean edo ikuskizunean zehar, pertsonentzat edo ondasunetarako arriskua ekar dezaketen baldintza meteorologikoak edo antzeko beste inguruabar batzuk daudela ikusten bada. Halakoetan, adituen enpresak esateko duena entzun beharko da.
Pertsonentzat edo ondasunetarako benetako arriskua dakarren bestelako inguruabarren bat badago.
Baldin kausa horiek jarraitzen badute, ikuskizuna bertan behera utziko da behin betiko.
Adituak aldi baterako eten dezake ikuskizuna, pertsonentzat edo ondasunetarako arriskua ekar dezaketen arrazoi teknikoak edo eguraldi-arrazoiak direla-eta.
Orobat, baldin agintaririk ez badago, adituen enpresak izendatutako pertsona arduradunak edo erakunde antolatzaileak izendatutako pertsona arduradunak ikuskizuna aldi baterako eten dezake, pertsonentzat eta ondasunetarako arriskua ekar dezaketen arrazoiak direla-eta.
Ikuskizuna eteteko arrazoiak jakinarazi behar zaizkie ikuskizunen arloan eskumena duen organoari atxikitako agenteei edo, era subsidiarioan, udal-agintaritza eskudunari atxikitako agenteei.
Baldin kausa horiek jarraitzen badute, ikuskizuna etenda mantenduko da agintari eskudunak ikuskizuna bertan behera utzi ala ez erabaki arte.
Adituen enpresak jaso beharko du jaurtitzeko aldean dagoen eta erretzeko, bat-batean gartzeko edo eztanda egiteko arriskua duen material pirotekniko guztia.
Erakunde antolatzaileak ezarri behar ditu ikuskizuneko segurtasun-eremuan dauden material piroteknikoaren hondakinak era seguruan jasotzeko neurri egokiak.
Materiala honela jasoko da:
Jaurtitzeko aldean, ikuskizuna bukatu eta berehala.
Ikuskizuneko segurtasun-eremuan:
Baldin argi nahikoa badago, ikuskizuna bukatu eta berehala.
Argi nahikorik ez dagoelako ezin bada material guztia jaso, ikusteko argi nahikoa dagoenean bilduko da.
Nolanahi ere, ikuskizuneko segurtasun-eremutik arriskuren bat eragin dezaketen hondakin guztiak kendu arte, eremua behar bezala zainduta egongo da, kalterik edo lesiorik gerta ez dadin.
Azaroaren 10eko 4/1995 Legeak, jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzekoak, xedatutakoaren arabera, dekretu honetako aginduen urratzeak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera, oso arau-hauste larriak dira honako hauek:
Ikuskizun piroteknikoak egitea nahitaezko administrazio-baimenik gabe, baldin pertsonentzat edo ondasunetarako arrisku larriko egoerak gertatzen badira.
Dekretu honetan eta kasuan kasuko administrazio-baimenetan ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzea, pertsonentzat edo ondasunetarako arrisku larriko egoerak gertatzen badira.
Artifizio piroteknikoak egoera txarrean egotea edo muntaketan akatsak egotea, horrek nabarmen murrizten badu eskatutako segurtasun-maila.
Ikuskizun piroteknikoak debekatzea eta bertan behera uztea agintzen duten erabakiak ez betetzea.
Adituen enpresa ikuskizun pirotekniko bat egiteko gaitasungabetu badute, ikuskizun hori egitea, zigorrak indarrean dirauen bitartean.
Agintariei, beren eginkizunetan dihardutenean, sartzen ez uztea behin eta berriz, edo ikuskatzea nabarmen eragoztea edo oztopatzea.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legean oso arau-hauste larritzat sailkatutako beste edozein ekintza edo ez-egite.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 33. artikuluan xedatutakoa garatuz, arau-hauste larriak izango dira honako hauek:
Aurreko ataleko a), b) eta c) idatzi-zatietan jasotako arau-hausteak, baldin pertsonentzat edo ondasunetarako arriskua ekar badezakete.
Ikuskizun piroteknikoa bertan behera uztea edo programa funtsean aldatzea, ezinbesteko arrazoirik ez badago.
Jaurtitzeko aldean erretzea edo erretzen uztea.
Neurri egokirik ez hartzea, ikuskizun piroteknikoan zehar jendea segurtasun-eremura eta jaurtitzeko aldera sartu dela jakinda.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legean arau-hauste larritzat sailkatutako beste edozein ekintza edo ez-egite.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 34. artikuluan xedatutakoa garatuz, arau-hauste arinak izango dira honako hauek:
Ikuskizun piroteknikoak hasteko edo bukatzeko ordua atzeratzea, salbu dekretu honetan ezarritako kasuetan.
Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzeko azaroaren 10eko 4/1995 Legean arau-hauste arintzat sailkatutako beste edozein ekintza edo ez-egite.
Arlo honetan oso larritzat jotzen diren arau-hausteengatik honako zigor hauek ezar daitezke (bateragarriak izan daitezke):
30.050,61 eurotik 150.253,03 eurora arteko isunak.
Jarduera edo jarduerak bertan behera uztea edo debekatzea, urtebete eta egun batetik hiru urtera bitartean.
Kasuan kasuko jarduera egiteko 6 hilabete eta egun batetik urtebete eta 6 hilabetera bitartean gaitasungabetzea.
Arlo honetan larritzat jotzen diren arau-hausteengatik honako zigor hauek ezar daitezke (bateragarriak izan daitezke):
1.202,03 eurotik 30.050,61 eurora arteko isuna.
Jarduera edo jarduerak bertan behera uztea edo debekatzea, urtebetez, gehienez ere.
Kasuan kasuko jarduera egiteko 6 hilabetera arteko gaitasungabetzea.
Arlo honetan arau-hauste arintzat jotzen direnak zigortzeko 1.202,03 euro-ra arteko isunak ezar daitezke.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. T1 eta T2 kategorietako piroteknia-gaiak jaurtitzea.
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudian xedatutakoa gorabehera, T1 eta T2 kategorietako piroteknia-gaiak erabiltzen dituzten ikuskizunak egin ahal izateko, T2 agiriaren titular edo aditu batek ziurtatu beharko du erabiliko diren piroteknia-gaiak bateragarri direla ekitaldiaren eta lokalaren ezaugarri bereziekin, jardueraren lizentzian jasotakoarekin eta, egoki denean, dagokion autobabeseko planean ezarritakoarekin. Nolanahi ere, segurtasun-neurri osagarriak proposa ditzake ziurtagirian.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Suzko zezena.
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudiko (maiatzaren 7ko 563/2010 Errege Dekretuak onartua) 18. Jarraibide Tekniko Osagarria aplikatzearen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko jai tradizionaltzat jotzen da «Suzko zezena».
Jai horretan, adingabeek ezin dute era aktiboan parte hartu; alegia, ezin dute eraman piroteknia gaiak jaurtitzeko erabiltzen den zoomorfo-itxurako metalezko egitura.
Jarraibide Tekniko Osagarrian aditutzat jotzen diren kontsumitzaile-taldeen arduradunei eskatzen zaien prestakuntza dutela frogatu behar dute metalezko egitura hori eramango dutenek.
Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Euskal Ikastegiak edo erabakiko den zuzenbide publiko edo pribatuko beste edozein erakunde edo organismok emango du kasuan kasuko prestakuntza. Horrek ez du esan nahi prestakuntza jaso izana egiaztatzeko ziurtagiria ematea administrazio honen egitekoa denik.
Indargabeturik geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak; eta, zehazki, 240/1998 Dekretua, irailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoan artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunak arautzekoa.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Segurtasun arloko eskumena duen saileko buruari ahalmena ematen zaio dekretu honetako eranskinak aldatzeko, bai eta erakunde antolatzaileak sinatutako istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren polizek estali beharreko gutxieneko kapitala aldatzeko ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Izen-abizenak
Enpresarekiko harremana
Adituen enpresa
IFK Herria
Helbidea
ZIURTATZEN DU
Ikuskizun piroteknikoa toki eta egun hauetan egingo dela:
Udalerria
Ikuskizunaren data
Eta honako ezaugarri hauek izango dituela:
Jaurtiketa guztiek 0 angelua izango dute.
BAI EZ
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudian ezarritako segurtasun-tarteak egokiak dira ikuskizun pirotekniko honetan jaurtiko diren artifizioetarako.
BAI EZ
Ikuskizuneko segurtasun-eremua zehazten duten artifizio piroteknikoak atal honetako taulan deskribatutakoak dira.
Bertikalean jaurti beharreko artifizio piroteknikoa, erradiorik zabalena duen segurtasun-eremua zehazten duena.
Bertikalean jaurtiko ez den artifizio piroteknikoa, 3.1 puntuan deskribatutako artifizioak eragindako segurtasun-eremuaren zabaltzerik handiena behar duena, norabide eta noranzko bakoitzerako.
Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudiko taularen arabera zehaztutako segurtasun-tartea adierazi beharko da; bai eta, egoki denean, dekretu honetako 9.7 artikulua aplikatuz egindako segurtasun-tarteen aldaketak ere.
(Ikus .PDF)
Ziurtagiri honetako I. eranskin gisa jasotako dokumentuan irudikatutakoa izango da segurtasun-eremuaren adierazpen grafikoa.
Ikuskizunean oro har erabiliko den araututako gaiaren pisua honako hau izango da: .................... kilogramo.
Ikuskizunean zehar honako hau izango da arduraduna:
Arduradunaren izen-abizenak:
Langileak:
Enpresa piroteknikoaren ordezkaria
(Adierazi kargua: kudeatzailea, administratzailea...)
Eguna eta sinadura
I. DOKUMENTUA
Taulan deskribatutako artifizio piroteknikoek zehazten dute grafikoan adierazitako ikuskizuneko segurtasun-eremua.(3)
Adituen enpresaren ordezkaria
(Adierazi kargua: kudeatzailea, administratzailea...)
Eguna eta sinadura
(Ikus .PDF)
Artifizio piroteknikoak erabiltzen dituzten ikuskizunak arautzeko uztailaren 30eko 400/2013 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoa betez, adierazpen hau aurkezten dugu Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan, artifizio piroteknikoak erabiltzen dituen ikuskizuna egin aurretik. Horrekin batera, honako informazio hau ere ematen dugu:
ADIERAZPEN-EGILEAREN DATUAK
(Ikus .PDF)
IKUSKIZUNAREN DATUAK
(Ikus .PDF)
Sinatzen duenak honako hau ADIERAZTEN DU:
Adituen enpresak prestaketa- eta muntaketa-lanetarako lantegi gisa jarduteko baimena duela, Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudian ezarritakoarekin bat.
Prestaketa- eta muntaketa-lanetarako lantegiak adierazpen hau eragin duen ikuskizunean jaurtiko den artifizio-kopurua hartzeko baino biltegiratze-edukiera handiagoa duela.
Enpresak betetzen duela laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudian xedatutakoa.
Enpresa piroteknikoak jaurtiketa egiteko izendatu dituen aditu eta ikastun guztiek dagokien agiri profesionala dutela Piroteknia-gaiei eta kartutxoei buruzko araudiko 8. Jarraibide Tekniko Osagarrian ezarritakoaren arabera, eta alta eginda dutela adituen enpresan edo adituen beste enpresa batek ikuskizuna egiteko lagata daudela.
Sinatzaileak adierazten du baduela honako honen berri:
Adierazpen hau aurkezteak berekin honako hauek dakartza: dagokion sektoreko araudian ezarritako betekizunak betetzea, zeure erantzukizunpean; hori egiaztatzen duten agiriak badituzula; eta jarduerak dirauen bitartean beteko dituzula.
(Ikus .PDF)