Arautegia
Inprimatu382/2013 DEKRETUA, uztailaren 9koa, Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 138
- Hurrenkera-zk.: 3316
- Xedapen-zk.: 382
- Xedapen-data: 2013/07/09
- Argitaratze-data: 2013/07/19
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio segurtasun publikoaren alorreko eskumena, bai eta pertsonak eta ondasunak babestea eta ordena publikoa gordetzea ere, erkidegoz kanpotik edo gainetik dauden zerbitzuak izan ezik.
Enpresa pribatuek eskaintzen dituzten segurtasun zerbitzuak eta bertako langileak ere Euskal Autonomia Erkidegoari segurtasun publikoaren alorrean esleituriko eskumenaren barruan daude, zeren eta, delituari aurre egiteko bitartekoa diren heinean, segurtasun publikoa gordetzearen alde baitihardute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legeko V. kapituluko III. tituluan zera aurreikusten da: segurtasuneko jarduera osagarrietarako lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak; izan ere, zioen adierazpenean esaten denez, segurtasun pribatuaren sektoreko jarduerak integratu egin behar dira segurtasun publikoaren sisteman; hartarako, lankidetza eraginkorra ziurtatzeko neurriak inplementatuaz.
Ildo horretan, 5/2012 Legeak, 57. artikuluan, Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa sortzen du, segurtasun pribatuaren sektorearen eta administrazioaren esperientzia-trukea errazteko, Euskadiko segurtasun pribatuko eragileak modu formalean barne hartuta. Artikulu honetan aurreikusten da ezen Batzordearen osaera eta antolaketa arautuko dela; eta batzorde horrek bermatu egin beharko du eraginpeko sektoreen ordezkaritza.
Ondorioz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea hauxe da: Euskadiko Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Batzorde Mistoa arautzea, hartarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legeko 57. artikulua garatzen da.
Segurtasun publikoan eskumenak dituen sailari atxikitzen da aipatu batzordea.
Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoari alor horretan inplikaturiko sektoreen arteko koordinazio-lana dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, eta, horretarako, funtzio hauek garatuko ditu bereziki:
Aholkularitza ematea segurtasun alorreko eskumena duen sailari, segurtasun pribatuaren gainean indarrean dagoen araudia aplikatzeko, garatzeko eta koordinatzeko irizpide orokor osagarriei buruz.
Administrazio-jardunak homogeneizatzeko irizpideak proposatzea, beharrezkoak direnean.
Batzordean ordezkatuta dauden sektoreen artean esperientziak trukatzea, eta segurtasun pribatuaren jomuga den delinkuentziari aurre egiteko prozedurak proposatzea.
Segurtasunaren alorrean gertatzen diren aurrerabide teknikoak kasu batzuetan oraingoak ordeztera baitatozezagutzea eta ezagutaraztea.
Segurtasun pribatuko enpresa eta langileen eta Ertzaintzaren arteko lana koordinatzeko irizpideak proposatzea, bai eta, hala badagokio, gainerako segurtasun indar eta kidegoekiko lana koordinatzeko irizpideak ere.
Segurtasun pribatuko langileentzako prestakuntza-jarduerak aztertzea, baloratzea eta, hala badagokio, proposatzea.
Sektoreari eragin diezaioketen arau-proiektuei dagokienez kontsultatua izatea.
Segurtasunaren alorreko eskumena duen sailari egokitzat jotzen diren txostenak edo hark eskatutakoak bidaltzea, bere eskumenaren esparruan.
Segurtasunaren alorreko eskumena duen sailburuak izendatuko du Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoaren presidentea.
Haren ausentzia, gaixotasuna edo kargu hutsik izatea gertatuz gero, segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen sailak izendatutako pertsonak jardungo du presidente gisa.
Segurtasunaren alorreko eskumena duen sailari adskribituta dagoen pertsona bat, Batzordearen bileretara joaten dena, izango da Batzordeko idazkari. Bertan hitzarekin parte har dezake, baina botorik gabe.
Honako hauek izango dira Batzordeko bokalak:
Segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen sailaren ordez:
Sailak izendatutako 5 bokal.
Segurtasun-neurriak jartzera behartuta dauden saltokien izenean:
Bi bokal, kreditu-entitateen sektorearen ordez.
Bokal bat, bitxi-denden eta zilar-denden sektorearen ordez.
Bokal bat, arte-galerien eta zaharki-denden sektorearen ordez.
Bokal bat, gasolina-zerbitzuguneen eta erregai-hornitegien sektorearen ordez.
Bokal bat, farmazien sektorearen ordez.
Bokal bat, loteria bulegoen eta elkarrekiko apustuen bulegoen ordez.
Bokal bat, segurtasun-neurriak jartzera behartuta dauden ausazko jokoetako saltokien sektorearen ordez.
Bokal bat, arma eta lehergaiak fabrikatzen eta banatzen dituzten enpresen sektorearen ordez.
Bokal bat, banaketa enpresa ertain eta handien eta merkataritzaguneen sektorearen ordez.
Segurtasun enpresen ordez:
Bokal bat, ondasunak, saltokiak, ikuskizunak, lehiaketak edo biltzarrak zaintzeko eta babesteko zerbitzua emateko baimena duten enpresen izenean eta pertsona jakin batzuk babesteko zerbitzua emateko baimena duten enpresen ordez.
Bokal bat, txanponak eta billeteak, balore-tituluak eta balio ekonomikoagatik edo sortzen dituzten igurikimenengatik, edo beren arriskuagatik, babes berezia eska dezaketen gainerako objektuak gordailatzeko, zaintzeko, zenbatzeko eta sailkatzeko zerbitzua emateko baimena duten enpresen ordez, eta objektu horiek garraiatzeko eta banatzeko zerbitzua emateko baimena duten enpresen ordez.
Bokal bat, alarma-zentroekin lotuta dauden segurtasun tresna, gailu eta sistemak instalatzeko eta haien mantentze-lanak egiteko zerbitzua emateko baimena duten eta jarduera hori planifikatzeko eta haren gaineko aholkularitza emateko baimena duten enpresen ordez.
Bokal bat, alarma-seinaleak jasotzeko, egiaztatzeko eta bidaltzeko zentralak ustiatzeko zerbitzua eta seinaleok segurtasun indar eta kidegoei jakinarazteko baimena bai eta erantzuna indar eta kidego horien eskumenetik kanpo emateko baimena ere duten enpresen ordez.
Segurtasun pribatuko langileen ordez:
Bokal bana, Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun pribatuaren alorrean ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordez.
Bokal bat, segurtasun zuzendarien sektorearen ordez.
Bokal bat, segurtasun buruen sektorearen ordez.
Bokal bat, detektibe pribatuen sektorearen ordez.
Bokal bat, landa-zaindari partikularren sektorearen ordez.
Bokal bat, prestakuntza zentro moduan segurtasun pribatuko langileak prestatzeko eta eguneratzeko irakasgaiak emateko baimena duten enpresen ordez.
Segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen sailburuak izendatuko eta kenduko ditu kargutik Batzordeko bokalak, tarteko diren sektoreen aldez aurretiko proposamena delarik.
Segurtasun-neurriak jartzera behartuta dauden saltokiak ordezkatzen dituzten bokalak honela aukeratuko dira:
Bokal bakar bat baldin badago, Euskadiko lurralde-eremuan aipaturiko jarduera horietako bakoitza gauzatzen den saltoki edo sukurtsal gehien dituzten kideak hartzen dituen legez eraturiko enpresa-erakundeak proposatuko du.
Bi bokal aukeratu behar badira, Euskadiko lurralde-eremuan aipaturiko jarduera horietako bakoitza gauzatzen den saltoki edo sukurtsal gehien dituzten kideak hartzen dituzten legez eraturiko bi enpresa-erakundeek proposatuko dituzte.
Aurreko paragrafoan zehaztutako eran ordezkariak izendatzeko ahalmena duen enpresa-erakunderik ez badago, Euskadiko industria eta merkataritza ganberek proposatuko dituzte ordezkariok.
Segurtasun-enpresak ordezkatzen dituzten bokalak honela proposatuko dira:
Euskadiko lurralde-eremuan 3.3.c) artikuluan aipaturiko jarduera horietako bakoitza gauzatzen den egoitza sozial edo ordezkaritza baimendu gehien dituzten kideak hartzen dituen legez eraturiko enpresa-erakundeak proposatuko du enpresa-ordezkari bakoitza.
Aurreko paragrafoan zehaztutako eran ordezkariak izendatzeko ahalmena duen enpresa-erakunderik ez badago, Euskadin zerbitzu horiek emateko kontratu gehien egiten dituen segurtasun-enpresak proposatuko du enpresa-sektore honen ordezkaria.
Segurtasun-enpresak ordezkatzen dituzten bokalak honela proposatuko dira:
Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun pribatuaren alorrean ordezkaritza handiena duten bi sindikatu nagusiek proposatuko dituzte ordezkari sindikalak.
Gainerako kasuetan, Euskadiko lurralde-eremuan jarduera horretara dedikatzen diren kide gehien dituen elkarte profesionalak proposatuko du ordezkari bakoitza.
Prestakuntza-zentro moduan segurtasun pribatuko langileak prestatzeko eta eguneratzeko irakasgaiak emateko baimena duten enpresen sektorea ordezkatuko duen bokala Euskadiko lurralde-eremuan jarduera horretara dedikatzen diren kide gehien dituen legez eraturiko enpresa-erakundeak proposatuko du.
Kasu bakoitzean ordezkariak izendatzeko ahala duten erakunde, kargudun eta entitateek eskumena izango dute, era berean, bere kargurik kentzeko. Horrelakoetan, lehenbailehen eta modu frogagarrian jakinarazi behar diote gertaera hori Batzordeko idazkariari.
Hirugarren artikuluko b), c), d) eta e) idatzi-zatietan aipatutako bokalen agintaldiak bi urtez iraungo du, eta eraketa-bilera egiten denetik hara. Agintaldi horri berritu ahal izango da epealdi berdinetarako, bolak proposatu dituzten erakundeen eskaera dela medio; baldin eta garai horretan bokalak proposatzeko ahalik badute goragoko paragrafoetan zehaztasunekin bat.
Hirugarren artikuluko b), c), d) eta e) idatzi-zatietan aipatutako bokalek karguak utziko dituzte kasu hauetan:
Urte biko epea amaitutakoan.
Aurreikusitako epea amaitu baino lehen. izendapena proposatu duten erakundeek proposatuta. Kide berriaren agintaldiak iraungo du kargurik kendutakoaren agintaldia amaitu arte.
Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoaren presidenteak honako funtzio hauek izango ditu:
Batzordea ordezkatzea.
Osoko bilkuretarako eta batzorde edo lan-taldeen bilkuretarako deialdia egitea eta haien buru izatea.
Batzordearen bilkuren gai-zerrenda finkatzea.
Bere sinaduraren bitartez, Batzordearen eta batzorde eta lan-taldeen erabakiak, irizpenak, txostenak eta gomendioak legitimatzea.
Dekretu hau bete dadila begiratzea, eta interpretazio-zalantzarik egonez gero arazoak konpontzea.
Karguari datxekion beste edozein.
Honako funtzio hauek izango ditu:
Batzordearen bilkuretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda prestatzea, presidenteak aginduta.
Bilkuren akta idaztea eta hartutako erabakien ziurtapenak ematea.
Batzordearen dokumentazioa eta bileretako gai-zerrendako aztergaien dokumentazioa zaintzea.
Osoko bilkurari, batzordeei eta lan-taldeei esleitutako lanak egiteko beharrezkoa edo interesgarria den dokumentazioa lantzea eta banatzea.
Batzordearen, batzordeen eta lan-taldeen lanak egokiro koordinatzeko neurriak abiaraztea.
Batzordearen urteko memoria egiteko lanak koordinatzea.
Idazkaritzari datxekion beste edozein funtzio.
Bokalek honako funtzio hauek izango dituzte:
Deialdia jasotakoan bileretara joatea, bertako eztabaida, azterketa eta proposamenetan parte hartzea, eta aztergaien gainean galderak eta eskeak egitea.
Boto-eskubidea egikaritzea eta boto partikularra ematea, bai eta horren esanahia eta arrazoiak azaltzea ere.
Akten ziurtapenak eskatzea, Batzordeko idazkariaren bidez.
Presidenteak egin behar du Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoaren bilkuretarako deialdia, bere kabuz edo bokalen eskaerak kontuan hartuta.
Bilkura bakoitzeko gai-zerrenda aurreko idatzi-zatian ezarritako modu bertsuan ezarriko da eta dagokion dokumentuan jasoko da, zeina, deialdiaren idazkiarekin batera eta aztergaien arabera egoki iritzitako dokumentazioarekin batera, bokalei bidaliko baitzaie.
Bokalek bileraren eguna baino hiru egun lehenago, gutxienez, jasoko dute horretarako deia, salbu eta presidentearen iritziz bilera urgentziaz egin behar bada. Kasu horretan, gorabehera horren berri adierazi beharko da deialdian bertan, eta lehenengo eta bigarren deialdirako eguna, ordua eta tokia zehaztu beharko dira.
Lehenengo deialdian, Batzordea eratzeko quoruma kideen gehiengoaren bertaratzeak markatzen du, bertan presidentea eta idazkariak direla, edo haien ordezkoak.
Bigarren deialdian, kideen heren bat bertaratzeak markatzen du quoruma, betiere horien artean presidentea eta idazkaria baldin badaude.
Batzordearen erabakiek bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa behar dute.
Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoaren osoko bilkura urtean behin egingo da, gutxienez. Batzordearen gainerako bilkuretan parte hartuko dute kasuan kasuko aztergaiek beren zerbitzu edo jarduerei eragiten dieten instituzio, enpresa, langile edo kolektiboak ordezkatzen dituzten bokalek, bai eta alorrean alorreko bokal adituek ere. Presidenteak ahalmena izango du, baita ere, bokalak ez diren pertsonak bileretara deitzeko, hitzarekin baina botorik gabe, bilkuran aztertu behar diren gaiak direla-eta hala komeni dela ikusten denean.
Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoak hala erabakitzen badu, presidenteak sektorekako edo arlokako batzorde edo lan-taldeak eratu ditzake. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, eragindako sektoreetako erakunde, elkarte, federazio eta entitateen eta langileen ordezkariak egongo dira, egoki iritzitako kopuruetan.
Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoko bokal izateak ez dakar ordainsaririk jasotzerik, eta ez du jasoko gastu-konpentsaziorik bileretan izategatik.
Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoak dekretu honen esparruan presta dezake bere funtzionamendu-araudia. Hala eta guztiz ere, dekretu honetan eta, halakorik badago, aipaturiko araudi horretan aurreikusi gabeko gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak arautuko du Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoa.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.