Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

200/2013 DEKRETUA, uztailaren 9koa, turismo-aterpetxeak antolatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 144
  • Hurrenkera-zk.: 3452
  • Xedapen-zk.: 200
  • Xedapen-data: 2013/07/09
  • Argitaratze-data: 2013/07/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2010-2013 aldiko Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planak turismo-jarduera guztia esparru berean birformulatzen eta orientatzen du, eta sektorearen erronka handien artean identifikatzen ditu turismo-industriaren hazkunde jarraitua eta iraunkorra, Euskadik turismo-helmuga gisa duen nabarmentasuna eta turismoaren errekonozimendu sozial eta instituzionala ahaztu gabe; guztiak ere Euskadiren irudia garatzera eta proiektatzera orientaturiko erronkak dira, betiere turismo-helmuga iraunkor, kalitatezko, irisgarri, erakargarri eta esperientzia anitzeko gisa. Erronka horiei erantzuteko eta bereziki lehenengoari, zenbait helburu orokor formulatzen dira plan horretan, eta horien artean dago turismo-eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea areagotzea, eta horretarako zenbait jardun ildo garatu behar dira, eta haien artean nabarmentzekoa da enpresa-ekimenak arautzen dituen esparrua eguneratzea eta garatzea.

Turismo-eskaintzaren aniztasun eta kalitate horri dagokionez, muga bat izan du, gaur egun arte, eskaintza horrek: gurean ez zeuden beste Autonomia Erkidego batzuetan jada bazituzten zenbait establezimendu, hala nola «urban house», «hostel» edo antzeko establezimenduak, ohiko turismo-establezimenduek Euskadin eskaintzen dituzten prestazio eta zerbitzuekin alderatuta kualitatiboki desberdinak diren prestazioak eta zerbitzuak (edukiera anitzeko geletan ostatu ematea, adibidez) eskaintzen dituztenak, hain zuzen ere.

Izan ere, Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legean Euskadiko turismoaren sektorea era bateratuan eta sistematikoan antolatzeko eta garatzeko oinarriak finkatu baziren ere, betiere turismo-establezimenduak ahalik eta lehiakorrenak izateko eta haiek ematen dituzten zerbitzuek ahalik eta kalitaterik handiena izateko helburuarekin, turismo-aterpetxeen figura sortu zenetik, adierazitako 6/1994 Legearen 12.2 artikuluaren aldaketaren bidez (2009ko urtarrilaren batean hasi zen indarrean), orain arte ez da gertatu Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-aterpetxeen dagokion arauzko garapena.

Horregatik, erregelamendu honekin eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea gehitzeko helburuari erantzun nahi zaio, eta kasu honetan ostatu-eskaintza turistikoa, turismo-establezimendu horiek antolatuta, eta, hori horrela, arautu egin behar dira turismo-erabiltzaileari eskaintzen dizkioten azpiegitura, instalazio eta zerbitzuei dagokienez, beste zenbait alderdiren artean. Helburu horrekin lotuta, turismo-produktuak sortzeko estrategia ere osatu nahi da, eta Euskadiren egungo Turismo Marketineko Plana da estrategia horren adibideetako bat. Turismo-produktuen artean «Done Jakue Bidea» da nabarmentzekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Done Jakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultura Ondasun Sailkatua izendatzen duen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan deskribatutakoari jarraikiz.

Arau-esparrua zehatzeko beste aldagai bereziki esanguratsua barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitze aldera zenbait lege aldatzekoa den apirilaren 23ko 7/2012 Legearen bitartez egin den martxoaren 16ko 6/1994 Legearen bigarren aldaketarekin identifikatzeen da. Zehazki, VI. kapituluan azaltzen da Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen aldaketa, «Zerbitzuak» Zuzentaraura egokituz.

Aurreko paragrafoan aipaturiko «Zerbitzuak» Zuzentaraua gaineratzearen ondorioetako bat zera da, baimenak, zerbitzu-jarduera jakin bat lortzeko kontrol-mekanismo gisa, salbuespenezkoa izan behar duela eta irizpide ez-diskriminatzaileei, interes orokorreko nahiz erdietsi nahi den helburua lortzeko emandako ezinbesteko arrazoiren batek justifikatuta daudenei erantzun behar diela, arau orokorra erantzukizunpeko aitorpena aurkeztea izanik.

Horregatik, erregelamendu honetan erantzukizunpeko aitorpena aurkezten da turismoa antolatzeko formula gisa, eta II. kapituluan garatzen da, eta garapen horren ondorio da interesdunak bultzatuta hasitako zenbait prozeduren identifikazioa: eskaerak, komunikazioa eta erantzukizunpeko aitorpenak, funtsezko izaera duten zirkunstantziak izaera hori ez dutenetatik bereizi eta identifikatzea, eta dispentsa-prozedura, batez ere.

Sei kapituluk osatzen dute egungo erregelamendua: I. kapitulua zenbait xedapen orokor aztertzen ditu, hala nola xedea, plaka bereizgarria arautzea eta publizitatea; II. kapituluak «Zerbitzuak» Zuzentarauarekin koherentea izanik garatzen du antolamendu-prozedura; III. kapituluak, luzeenak, ostatu-eskaintza honen azpiegitura- eta zerbitzu-eskakizunak aztertzen ditu; IV. kapituluak bi espezialitate posibleen garapena aztertzen du: «Done Jakue Bideetakoa» eta «Landakoa»; V. kapituluak funtzionamendu-erregimena aztertzen du, turismo-erabiltzaileentzat interesgarriak diren puntuak arautuz, hala nola erreserben eta aurrerakinen erregimena; VI. kapitulua arau-hausteekin ixten da. Bestalde, xedapen gehigarriak prozeduretan erabili beharreko eredu ofizialak kokatzea aurreikusten du, elektronikoki zein ez-elektronikoki kudeatzeko.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 9an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Euskadiko turismo-aterpetxeak antolatzea da dekretu honen helburua.

  2. Honako hauek hartzen dira turismo-aterpetxetzat: ohiko izaeraz eta profesionalki prezio bidez edukiera anitzeko geletan ostatu emateko zerbitzua eskaintzen duten establezimenduak, zerbitzu osagarriekin edo gabe.

  3. Honako hauek dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira:

    1. Eskolako, irakaskuntzako edo gizarteko arrazoiak direla medio gela kolektiboetan ostatu ematen duten establezimenduak.

    2. Askotariko geletan ostatu hartzea, gela horiek erabili ahal izateko talde edo erakunde jakin bateko kide izan behar bada.

    3. Gazteentzako Aterpetxe Sarean bilduta dauden gazteentzako aterpetxeak, araudi espezifikoa izango baitute.

    4. Edukiera anitza duten geletan ostatu hartzen uztea, kontraprestaziorik gabe edo ordaindutako diru-kopurua dohaina edo borondatezkoa bada.

  4. Turismo-aterpetxeek askotariko geletan edota osorik lagatako dependentzia edo ostatu-unitateetan eskaini ahalko dute zerbitzua, guztiak ere edukiera anitzeko gelek eta jan-egongelak, bainugelak eta sukaldeak osaturikoa, beste zenbait elementuren artean, betiere establezimenduan integratuta badaude.

Turismo-aterpetxeak jendearentzat irekita dauden establezimenduak dira, haietarako sarbidea librea da, eta honako hauetatik eratorritako mugak soilik dituzte: establezimendu horien berezko izaeratik eta edukieratik eratorritakoak, indarreko legeria betetzetik eratorritakoak, eta, hala badagokio, establezimenduaren barne-araubideko arauetatik eratorritakoak, hots, zerbitzuak eta instalazioak erabiltzeari dagokionez, zuzenbidearen arabera, establezimendu bakoitzaren zuzendaritzak adostu dituen arauetatik eratorritakoak, betiere arau horiek ez badiete kalterik eragiten bezeroen eskubideei eta arauen iragarpena bermatzeko moduan erakusten badira.

Aterpetxe guztietan nahitaez erakutsi behar da, sarrera nagusiaren alboan, plaka normalizatu bat. Plaka hori metalezko (beste material zurrun bat ere erabil daiteke) angeluzuzena da, eta hondo urdinaren gainean, zuriz ageri da establezimenduaren hasierako letra: «A»; eta azpian haren izendapen elebiduna: «albergue turístico», «turismo-aterpetxea»; dekretu honen eranskinean deskribatutako formaren eta dimentsioen arabera.

  1. Turismo-aterpetxeek egiten duten publizitatean, baita haiek ematen dituzten faktura eta dokumentuetan ere, establezimenduaren izena eta tipologiak jasoko dira, eta, kasuan kasu, haren espezialitatea eta identifikatzen duten eta espezialitate hori sustatzen duten enblema, piktograma eta bestelako ikurrak agertu ahalko dira, betiere erakunde eskudunek emandako gomendio eta norabideak beteta, kasu horretan.

  2. Debekatuta dago dagozkion izenak, errotuluak edo bereizgarriak ez diren edo turismo-aterpetxe gisa duen sailkapenari buruz, eskainitako ostatu modalitateari buruz (hau da askotariko gelatan edota «multzotan») eta, kasuan kasu, dagokion espezializazioari buruz nahasketa eragin dezaketen beste izen, errotulu edo bereizgarri batzuk erabiltzea.

  1. Turismo-aterpetxeetako titularrek aterpetxeen jardueraren arrisku posibleak bermatzen duen erantzukizun zibileko asegurua beharko dute, 150.000 euro-ko gutxieneko estaldurarekin lagunen kopurua 25 edo hortik gorakoa bada, edo 300.000 euro gainerako kasuetan.

  2. Turismo-arloan eskuduna den saileko sailburuaren agindu bidez eguneratuko dira zenbatekoak.

  1. Ostatua proiektatuta dagoenean, edo funtsezko aldaketak egitea aurreikusita dagoenean, enpresak turismo-arloan eskumena duen organoari eska diezaioke, turismo-arloan eskuduna den sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzaren bitartez, gainerako administrazioen eskumenak aparte utzi gabe, eta arau honen xedapen gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dagoen eredu ofizialari jarraikiz, bere ezaugarri, instalazio eta zerbitzuen arabera egokitu ahalko zaion turismo-sailkapena adieraztea, eta honako dokumentu hauek aurkeztuko ditu horretarako:

    1. Azpiegitura eta gutxieneko zerbitzuei buruz dekretu honetan bildutako betekizunak deskribatu eta justifikatuko dituen memoria.

    2. Solairuen eta atalen banaketari buruzko eskala-plano kotatuak.

    3. Arestian adierazitakoaz bestelako informazio osagarria eman dezakeen beste edozein dokumentu.

  2. Administrazioak egindako kontsultari erantzun beharko dio, eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita 3 hilabeteko denbora-tartean, edo hala badagokio, Administrazioak eskatu dion beharrezko dokumentazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Denbora-tarte hori igaro ondoren kontsulta egin duen pertsonak Administrazioaren erantzunik jaso ez badu, ez du esan nahi kontsulta-idazkian jasotako adierazpen-eskaera onartzen denik, erantzunik ez jasotzea eragin duten arrazoiak ezagutzeko eta dagozkion erantzukizunak eskatzeko pertsona horrek bere kontsulta aurkeztu zuen organora jo dezakeela aparte utzi gabe.

  3. Artikulu honetan aipatutako kasuetan turismo-arloan eskumena duen organoak emandako informazioak argibide-izaera baino ez du izango, eta inola ere ezin izango da errekurtsorik aurkeztu erantzun horren aurka; horretaz gain, abenduaren 26ko 30/1992 Legearen 35.g) artikuluan esleituriko informazio- eta orientazio-betebeharrak betetzeko xede bakarrarekin egiten da arestian aipaturiko erantzuna. Turismo Administrazioa lotetsiko du, soil-soilik, proiektuaren egikaritzea kontsulta egindakoan aurkezturiko memoriarekin, planoekin eta bestelako dokumentazioarekin bat datorrenean, eta Administrazioak emandako araudia indarrean dagoen bitartean.

  1. Jarduera hasi aurretik, turismo-arloan eskuduna den sailaren establezimendua kokatuta dagoen Lurraldeko Historikoko lurralde-ordezkaritzan aurkeztu beharko du titularrak turismo-jardueran aritzearen erantzukizunpeko aitorpena, arau honen Xedapen Gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dagoen eredu ofizialari jarraikiz.

  2. Turismo Administrazioari emandako informazioa eta interesdunek beste administrazio batzuei haien eskumenen eta, hala badagokio, bidezko baimenen arabera eman beharreko informazioak desberdinak dira.

  1. Turismo-jardueran aritzearen erantzukizunpeko aitorpena aurkezteak aukera emango du jarduera aurkezpenaren egunetik beretik hasteko, Turismo Administrazioari esleitutako egiaztatze-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak eta beren eskumenei jarraikiz beste erakunde batzuei dagozkien ahalmenak aparte utzi gabe. Honako hau bilduko du zehazki:

    1. Titularrak Administrazio Publikoaren aurrean ordezkaritza-ahalmena duela. Titularra pertsona juridikoa denean, sozietatearen eraketari buruzko eskritura eta ordezkaritza-ahalordeak aurkeztu beharko ditu espezifikoki, betiere sozietate-eskrituran argi eta garbi ondorioztatzen ez badira. Sozietatearen eraketari buruzko eskritura hori dagokion Merkataritza Erregistroan inskribatu izanaren identifikazio-datuak jasoko dira.

    2. Jardueraren titularra establezimendua turismo-aterpetxe gisa erabiltzeko gaitzen duen eskubide ororen titularra dela. Jardueraren titularra establezimenduaren jabea denean, establezimenduaren jabetza-eskriturak dituela edo, bestela, establezimenduaren turismo-ustiapenerako gaitzen duen jabeak emandako titulazioa duela jasoaraziko da.

    3. Establezimenduak erantzukizun zibileko aseguru bat duela, haren jardueraren arrisku posibleak bermatzen dituena, 5.1 artikuluan xedaturikoari jarraikiz.

    4. Establezimenduak dekretu honetan eta aplikatu beharreko beste guztietan (irisgarritasuna sustatzeko araudian eta larrialdi-egoerei aurre egiteko segurtasun- eta autobabes-araudian, bereziki) ezarritako betekizunak betetzen dituela.

    5. Titularrak erantzukizunpeko aitorpenean adierazitakoa egiaztatzen duen dokumentazioa duela eta jarduera egiten duen aldian betetzen jarraitzeko konpromisoa hartu duela. Dokumentazio hori honako hau izango da gutxienez:

      1. memoria bat, langile eskudunek sinatua, dekretu honetan gutxieneko zerbitzu eta azpiegiturei dagokienez jasotako betekizunak justifikatzen dituena, irisgarritasuna sustatzeko araudia eta larritasun-egoeretarako segurtasun- eta autobabes-araudia betetzeari buruzko esanbidezko adierazpena barne.

      1. Solairuen banaketaren eta sekzioaren plano kotatuak. Kokapen-planoa, hirigunean kokatuta ez badago.

      1. Ostatu-unitateen zerrenda, Xedapen Gehigarrian adierazitako eredu ofizialaren arabera.

        Erantzukizunpeko aitorpenean, establezimenduari buruzko datuak jasoaraziko dira, batez ere plazen kopurua eta eskainitako zerbitzuak.

  2. Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatutako informazioaren ondorioz, enpresak eta establezimenduak ofizioz inskribatuko dira irailaren 2ko 199/2003 Dekretuak arautzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan, eta dagokien erregistro-zenbakia emango zaie.

  3. Artikulu honen 1. paragrafoan xedaturikoa aparte utzi gabe, eta erantzukizunpeko aitorpena eginda, erantzukizunpeko aitorpen horretan informazioa berresten duen dokumentu oro eskatu ahal izango du dagokion lurralde-ordezkaritzak.

  4. Interesdunek ez dituzte nahitaez aurkeztu beharko dagoeneko Administrazio esku dauden eskaturiko dokumentuak, eta horretarako eskaeran adierazi beharko du titularrak zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu diren aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatzi-zatian ezarritako baldintzei jarraikiz.

  1. Dagokion lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu teknikoak, dokumentazioa aztertu ondoren, dokumentazioa zuzentzea edo aurkeztea eskatu ahal izango du, hala badagokio, eta emandako informazioa egiazkoa dela eta dekretu honetan ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatu ahal izango du.

  2. Erantzukizunpeko aitorpena ez aurkezteak, erantzukizunpeko aitorpenarekin batera edo hari gaineraturiko edozein datu, adierazpen edo dokumenturen akatsak, faltsutzeak edo funtsezko omisioak edo eskatutako betekizunak ez betetzeak, eskumeneko agintaritzak egiaztatuta, Administrazioak prozedura bat abiaraziko du, eta, haren baitan, titularrak nahi dituen ebidentziak edo deskarguak azaldu eta aurkeztu ahal izango ditu. Egindako jardunak aztertuta, behar bezala arrazoitutako ebazpen bidez, establezimendua aitortutakoaren desberdina den beste ostatu-figura batean ezartzeko, jarduera geldiarazteko eta interesdunak egoera juridikoa dagokion jarduera hasi aurreko unera leheneratzeko agindu ahal izango du, eta baita urtebeteko aldian xede berarekin beste prozedura bat ezin eskatzea ere, aipaturiko 6/1994 Legearen 8. artikuluan zehazten denari jarraikiz. Hori guztia, dagozkion zehapenak aparte utzi gabe.

  3. Martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 8. artikuluaren 3. paragrafoan zehaztutakoaren ondorioetarako, ulertuko da honako gorabehera hauek funtsezkoak direla:

    1. Larrialdiko egoeretarako segurtasun- eta/edo autobabes-araudia betetzen dela ez egiaztatzea.

    2. Ez duzu egiaztatu establezimenduak irisgarritasuna sustatzeko araudia betetzen duenik.

    3. Erantzukizun zibileko poliza kontratatu izana ez egiaztatzea.

    4. Turismo-aterpetzat jotzeko betekizunak ez betetzea, betiere aipatutako baldintzen betearazpenetik salbuetsita geratu ez bada, Dekretu honetan aurreikusitako prozedurari jarraikiz.

  4. Datu edo agirietan akatsak, faltsutzeak edo omisioak izanez gero, funtsezkoak ez badira, zuzentzeko bidea ireki beharko da, dagozkion zehapenak aparte utzi gabe.

  1. Turismo-jarduera hasi ondoren establezimenduetako azpiegitura-instalazioak edo establezimenduen ezaugarriak eraginpean hartuko dituen edota azalera, edukiera edo sailkapena eraginpean har dezakeen funtsezko aldaketaren bat (titulartasuna barne) egin nahi duten enpresek jardueraren inguruko erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute instalazio horietan turismo-trafikoarekin berriz hasi aurretik. Prozedura kapitulu honen 7., 8. eta 9. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz izapidetzen da, adierazitako aldaketen inguruan aurkeztu beharreko memoriaren eta dokumentazioaren kasuan izan ezik.

  2. Gainerako aldaketak (hala nola enpresaren izenaren aldaketa eta beste batzuk) gertatu eta hilabete bateko epean jakinaraziko zaizkio turismo-arloan eskumena duen organoari, eta aurreko artikuluetan adierazitako dokumentazioaren artean aldaketa horiek justifikatzen dituena aurkeztu beharko da.

  3. Funtsezko aldaketak egin izanaren erantzukizunpeko aitorpena, eta artikulu honetan adierazitako funtsezkoak ez diren aldaketen jakinarazpena arau honen Xedapen Gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dauden eredu ofizialei jarraikiz egin beharko dira.

Turismo-aterpetxe ororen itxiera aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Turismo Administrazioaren dagokion lurralde-ordezkaritzari edo organo periferikoari, arau honen Xedapen Gehigarrian ezarritako eredu ofizial eskuragarriari jarraikiz. Bederatzi hilabetetik gorako aldi baterako itxiera bada, establezimenduaren behin betiko baja eragingo du. Itxieraren berri ematen ez bada, Turismo Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo-arloko Enpresen Erregistroko baja izapidetuko du, ofizioz.

  1. Turismo-arloko eskumena esleituta duen organoak, dauden zirkunstantzia guztiak haztatuta eta aurretiko txosten teknikoa egin ostean, dekretu honen III. kapituluan ezarritako gutxieneko betekizun eta baldintzetako batetik edo batzuetatik dispentsatu ahal izango du, behar bezala arrazoituta.

    Arkitektura-balio berezi egiaztatua duten eraikinetan, hirigune historikoetako eraikin birgaituetan edo eskualdeko edo inguruko arkitektura tradizionalari jarraitzen dioten eraikinetan kokatutako establezimenduen egoerak hartuko dira kontuan, besteak beste.

    Era berean, dispentsagarria izango da 23.1.a) artikuluan adierazitako eskakizuna, hau da, establezimenduak Done Jakue Bidearekiko gehienez 2 km-ko distantziara egon behar duela «Done Jakue Bideetakoa» espezializazioa hartu nahi duten establezimenduei dagokienez, betiere establezimendu horrek, Done Jakue Bideko udalerri edo herri batean egonik, hiri-garraioa badu urte osoan, Done Jakue Bidearen ibilbide ofizialetik establezimendurako guztizko distantzia 2 km-koa edo hortik beherakoa izateko moduan, garraio horrek betetzen duen bidea kenduta betiere.

  2. Horrelako dispentsak orekatu egin beharko dira, beste konpentsazio-faktore batzuk egoteari (hala nola zerbitzu osagarrien eskaintza) eta haien instalazio eta zerbitzuen edo sar ditzakeen hobekuntzen balioespen bateratuari erantzunez.

  3. Nolanahi ere, dispentsak establezimenduaren segurtasun-elementuetan eraginik izan dezakeenean, bestelako konponbide alternatiboak ezarri beharko dira eraikinaren segurtasuna bermatzeko, eta langile fakultatiboek hori jasoko dute. Era berean, dispentsak ezin izango du eraginik izan betetzen ez badira emandako zerbitzuen kalitatean funtsezko galeraren bat dakarten edota establezimenduaren sailkapenaren inguruko nahasterik eragin dezaketen bestelako baldintzetan.

  4. Dispentsa-eskakizuna turismo-arloan eskumena duen organoari eskatu beharko zaio, arau honen xedapen gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dagoen eredu ofizialari jarraikiz, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu aurretik. Dispentsa eskatzeko, dispentsa hori justifikatuko duten dokumentuak gaineratu beharko zaizkio eskaera-idazkiari.

  5. Turismo-arloan eskumena duen organoak hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko du dispentsari buruzko ebazpena. Epe hori eskaera aurkezten denetik hasita zenbatzen da, kasuan kasu, behar bezala konponduta eta prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legez ezarritako gehieneko epea eten ahal izango den kasuei buruz azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan ezarritakoa aparte utzi gabe.

  6. Horretarako ezarritako epean turismo-arloan eskumena duen organoak ez badu esanbidezko ebazpena jakinarazten, interesdunek ulertu behar dute beren dispentsa-eskaerak administrazio-isiltasunaren bidez baietsi direla.

  1. Turismo-aterpetxeek honako instalazio eta gutxieneko zerbitzu hauek izango dituzte:

    1. Behar adinako berokuntza geletan eta gainerako gune erkideetan.

    2. Bezeroek erabiltzeko telefonoa. Telefono orokorrik ez baldin badago, establezimenduko telefono pribatua erabiltzeko aukera.

    3. Edateko ura, beroa eta hotza, eguneko 24 orduetan.

    4. Bermatutako energia elektrikoaren hornidura, argi-puntuak eta argi-hartuneak gela eta erabilera erkideko eremu guztietan egonik.

    5. Bezeroak hartzeko gunea. Bezeroekin harremana izateko gunea izango da, bai administrazio-kontuetarako, bai laguntza nahiz informazioa emateko, eta, besteak beste, honako eginkizun hauek beteko dira bertan: ostatu-erreserbei erantzutea, erreklamazioa, fakturak ematea eta guneko turismo-baliabideei buruzko informazioa ematea. Hainbat aterpetxek partekatzen duten harrera-leku bat izan daiteke, baldin eta aterpetxe horiek ustiapeneko enpresa-unitate bakar batek kudeatzen baditu eta aterpetxe horien arteko gehieneko distantzia 500 m-tik beherakoa bada.

    6. Lehen laguntzetarako botikina.

    7. Interneterako sarbidea.

  2. Instalazioek eta zerbitzuek eskainitako ezaugarriak eta kalitatea izango dituzte beti.

  3. Instalazioak garbi-garbi, egoera onean eta erabiltzeko modu ezin hobean egongo dira, eta baldintza higieniko/sanitarioak eta segurtasun-baldintzak beteko dira bereziki.

Gutxienez metro 1eko zabalera izango dute eskailera eta korridoreek.

Zerbitzuko langileentzako instalazioak baldin badaude, instalazio horiek bezeroentzat diren instalazioetatik bereizita egongo dira, eta bezeroak ezin izango dira bertan sartu.

  1. Motatakoak izan ahalko dira ostatu-unitateak, logela edo gelak eta multzoak.

  2. Ostatu-unitateek honako gutxieneko betekizun hauek beteko dituzte:

    1. Beharrezkoak diren altzariak eta ekipamendua izango dute, erabili ahal izateko egoera onean. Erabiltzaile bakoitzak altzari egokiak izango ditu bere gauza pertsonalak gordetzeko, giltzapean.

    2. Argiztapen naturala eta kanporako zuzeneko aireztapena beharko dute.

    3. Ostatu-unitateek zenbaki bat edo izen bat izango dute, eta zenbaki edo izen hori ongi ikusteko moduan egongo da.

    4. Bakoitzak erakutsiko da, eredu ofizialean, establezimenduaren erregistro-zenbakia, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo Enpresen Erregistroan erregistraturiko plazen kopurua, ostatu-unitate horri dagokionez.

  1. Bezeroen logelek honako baldintza hauek beteko dituzte:

    1. Logelaren azalera, bainugela kenduta, lagun bakoitzeko 2 m2 izango da, 10 m2-ko gutxieneko azalerarekin.

      Oro har, logela bakoitzaren gutxieneko edukiera 4 lagunentzat izango da, eta gehienekoa 30 lagunentzat, eta edukiera hori logelaren dimentsioen arabera ezarriko da.

      Arestian aipatutako edukiera baino edukiera txikiagoko logelak ere izango dira, eta gela horien guztizko edukiera establezimenduaren guztizko edukiaren % 20koa edo hortik beherakoa izango da.

    2. Sabaiaren gutxieneko altuera librea 2,40 metro izango da. Azalera erabilgarriaren kalkuluari dagokionez ez dira konputagarriak izango estalpeko kasuetan 1,50 metrotik beherako altuerak.

    3. Goiko ohe edo ohatzetik sabairainoko gutxieneko distantzia metro 1ekoa izango da gutxienez.

    4. Ohatze moduko oheak jarri ahalko dira, bi altueratakoak gehienez.

      Ezin izango dira, inola ere, berdindutako ohatzeak jarri. Era berean, ezin izango da tronadura edo solairuarte korriturik jarri.

    5. Ohatzeen edo oheen arteko distantzia gutxienez 0,50 metrokoa izango da paraleloan jarritako ohatzeen edo oheen artean, ohe eta ohatze horiek, bestalde, gutxienez metro bateko zabalerako irteera-korridore bat egoteko moduan jarriko dira. Dena den, lehentasunez mugikortasun murriztua dute pertsonek erabil ditzaten gordetako geletan, ohatzeen edo oheen arteko distantzia gutxienez 0,50 metro izango da paraleloan jarritako ohatzeen edo oheen artean eta 110 zentimetro ohe-oinean, eta ohe eta ohatze horiek gutxienez 1,20 metroko zabalerako irteera-korridore bat egoteko moduan jarriko dira.

  1. Turismo-aterpetxeek honako higiene-zerbitzu hauek izango dituzte:

    1. Atea duen komun bat 10 plazako edo zatiko.

    2. Atea duen dutxa bat 10 plazako edo zatiko.

    3. Konketa bat 10 plazako edo zatiko.

  2. Indibidualak edo kolektiboak izan daitezkeen higiene-zerbitzu hauek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Behar adinako aireztapena zuzenekoa edo induzitua izatea.

    2. Edateko ur bero eta hotza izatea.

    3. Ispiluak eta apalategiak edo esekigailuak izango dituzte, norberaren gauzak behar bezala jarri ahal izateko.

    4. Behar adina korronte-hargune izango dituzte.

  3. Gelek bainugela esklusiboa izan dezakete eta bainugela horiek ere aurreko ataletan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  4. Bainugela esklusiborik gabeko gelak dauden solairu bakoitzean komun kolektiboak jarriko dira.

  1. Turismo-aterpetxeek 0,75 m2-ko gutxieneko azalerako areto bat edo batzuk izango dituzte ostatu-plaza bakoitzeko, 10 m2-ko gutxieneko azalera izanik guztira.

  2. Aretoak edo aretoek altzari egokiak eta nahikoa izango dituzte jarduerak egiteko.

  3. Eraikin berean jatetxe-zerbitzua eskaintzen bada, jatetxeko jangela-eremua turismo-aterpetxeko jangelatzat hartu ahal izango da, eta 1. paragrafoan ezarritako gutxieneko azalerak dituen egongela eduki beharko du dena den.

  1. Turismo-aterpetxeek, jatetxe-zerbitzua eskaintzen badute izan ezik, bezeroek erabiltzeko sukalde bat izango dute, 10 m2-ko gutxieneko azalerakoa, bezeroek beren janariak egiteko adinako espazioa duena.

  2. Sukalde horretan edateko ur-korronte hotza eta beroa duten harraskak egongo dira, ostatuaren edukieraren arabera behar den kopurua; horretaz gain, mikrouhin-labea, sukaldeko ontziteria eta baxera egongo dira.

Turismo-aterpetxeek, askotariko geletako ostatuaz gain, modu zatiezinean eskaini ahalko dituzte «multzoak» deituriko ostatu-unitateak, gutxienez logela, bainugela, jan-egongela eta sukaldea dutenak.

Multzo horiek dekretu honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, zehazki 16., 17., 18., 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aretoen azalerari dagokiona izan ezik sukaldeak egongela/jangelaren barruan daudenean, kasu horretan, sukaldearen azalera aretoaren azalerari gehitu ahal izango baitzaio.

  1. Establezimenduak etxebizitzen bat biltzen duen eraikin baten zati bat hartzen badu, udal-araudiak hori ahalbidetzen badu soilik kokatu ahalko da etxebizitza horretan.

  2. Kasu horietan dekretu honen gainerako artikuluetan xedaturikoa bildu beharko da, azalerei eta edukierei buruz arauturikoa izan ezik, honako hau izango baita hori:

    1. Logelaren azalera, bainugela kenduta, lagun bakoitzeko 3 m2 izango da, 10 m2-ko gutxieneko azalerarekin.

    2. Logela bakoitzaren gehieneko edukiera 14 lagunentzat izango da, eta haren dimentsioen arabera zehaztuko da.

Turismo-aterpetxeek honako espezializazio hauek hartuko ahalko dituzte instalazioen kokapen geografikoaren eta berezitasunen arabera edo ematen diren zerbitzuen edo establezimenduaren eskaera tipologiaren arabera.

  1. «Done Jakue Bideetakoa».

    1. Espezialitate hau hartu ahalko du Done Jakue Bidearen ibilbide ofizialetik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren organo eskudunak onetsitako haren aldaeretatik gehienez 2 kilometrora kokatu dagoen turismo-aterpetxeak, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Done Jakue Bidea Monumentu Multzoa kategoriako Kultura Ondasun izendatzen duen urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan eta haren garapen-arauetan deskribatutakoari jarraikiz.

    2. Era berean, honako gutxieneko zerbitzu espezifikoak eskaini beharko ditu:

      1. Euskaditik pasatzen diren Done Jakue Bidearen etapei eta oro har Bideari buruzko informazioa.

      2. Erromesarentzat interesgarriak izan daitezkeen bestelako turismo-zerbitzu eta -baliabideei buruzko informazioa ematea.

      3. Gosari-zerbitzuen eta bestelako otordu-zerbitzuen, baldin eta ematen badituzte, ordutegia egokitzea.

      4. Erromesek erabiltzeko botikin espezifikoa.

      5. Behar adina baliabide erromesek beren arropa eta gauzak egunero garbitzeko lehortzeko, eta gordetzeko.

      6. Bizikletak gordetzeko lekua.

  2. «Landakoa».

    Landa-ingurunean, eskualdeko edo inguruko ohiko arkitektura tradizionala duten eraikinetan edo eraikuntzetan kokatutako turismo-aterpetxeak hartzen dira landa-aterpetxetzat. 40 lagunentzako gehieneko edukiera izango dute.

  1. Gelak erabili ahal izateko, ezinbestekoa izango da erabiltzaileek aldez aurretik izena ematea, eta egiaztatzeko behar diren dokumentuak aurkeztu beharko dituzte erabiltzaileek.

  2. Turismo-erabiltzaile guztiei, harrera egin aurretik, dokumentu edo «sarrera-fitxa» bat emango zaie, eta bertan jaso beharko da, establezimenduaren izenaz gain, gutxienez, haren izen-abizenak, sexua, sarrera- eta irteera-datak, kontrataturiko zerbitzuak, eta dagokion prezioa. Dokumentu horren kopia, behin erabiltzaileak osatu eta sinatu ondoren, enpresak gordeko du eta Turismo Administrazioaren eskura egongo dira urtebetez.

  1. Turismo-aterpetxearen titularrak eredu ofizialaren arabera iragarri beharko ditu prezioak, bai ostatuarenak, bai zerbitzuenak eta, kasuan kasu, ematen diren jarduera osagarrienak, eta jendeak ikusi ahal izateko jarriko ditu erraz ikus daitekeen leku batean establezimenduaren atartean edo harrera-lekuan.

  2. Bezeroei ezin izango zaizkie kobratu erakusten diren prezioak baino prezio garestiagoak.

  3. Halaber, erabiltzaileak onartzen direnean, abenduaren 24ko 317/1996 Dekretuan araututako erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren erregimenaren berri emango zaie behar bezala.

  1. Ostatuaren prezioa egunen arabera zenbatuko da ostatu-gauen kopurua kontuan hartuta, ulertuta egun bakoitza eguerdiko hamabietan bukatzen dela, kontrako itunik ez bada.

  2. Ostatuaren prezioaren barnean ostatu-gaua sartzen da eta hor honako hauek biltzen dira: lo egiteko espazio indibiduala ohea edo ohatze-plaza erabiltzea, azal babesgarria duen koltxoia eta kentzen den azala duen burkoa eta mantak erabiltzea.

    Era berean, prezioaren barnean altzari guztiak, bezeroentzat diren aretoak, higiene-zerbitzuak, ur-hornidura, energia elektrikoa, berokuntza, hozte-sistema erabiltzea sartzen da, baita establezimenduko gelak eta gauzak garbitzea ere.

  3. Eskaini beharko da maindireak eta eskuoihalak maileguan hartzeko aukera, baina litekeena da kontzeptu hori ez ezik sukaldea erabiltzea ere ostatuaren prezioan sartuta ez egotea.

  4. Debekatuta dago establezimenduan gaua igarotzea turismo-aterpetxeak utzitako edo norberak eramandako oheko arropa, edo nahi izanez gero, lo-zakua.

  1. Turismo-aterpetxeek faktura bat eman beharko dute, eta faktura horretan izenaz gain kontratatutako, eta hala badagokio, utzitako zerbitzuak azalduko dira «sarrera-fitxan» azaltzen den bezala, behar bezala banakatuta egunen eta kontzeptuen arabera. Arlo horretako arauetan horren inguruan xedaturikora egokituko da faktura hori.

  2. Fakturak artikulu honen 1. paragrafoan xedaturiko beteta, alderdien artean bestelakorik ituntzen ez bada, kobratzeko aurkezten den unean ordaindu behar dute bezeroek faktura, erreserba gisa ordaindutako diru-kopurua kendu ondoren, hala badagokio.

  3. Bezerotzat jotzen da beretzat edo hirugarrenentzako enpresa gisa, turismo-aterpetxeekin zerbitzuak kontratatzen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa.

  1. Establezimenduaren titularrak bezeroen eskura jarri behar ditu eskaturiko zerbitzuak, adosturiko baldintzetan.

  2. Bezeroak erreserba eskatzen badu, establezimenduak berretsi beharko du, gehienez 10 eguneko epean, hura egiaztatzea ahalbidetuko duen edozein sistema erabiliz; hitzartutako prezioaren eta erreserba- eta ezeztatze-baldintzen berri emango du establezimenduak berrespen horretan.

  3. Establezimenduek erabiltzaileei seinale-kontzeptuan aurretiko zenbateko bat eskatzeko eskubidea izango dute egindako erreserbengatik. Seinale edo aurrerakin hori gordeko da fakturazioa egin arte edo erreserba ezeztatzeagatiko likidazioa egin arte, artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera.

  4. Establezimenduak erreserba egiaztatzen badu inolako ordainketarik edo seinalerik eskatu gabe, erreserba hori mantendu beharko du adierazitako eguneko 18:00etara arte, esanbidezko aurkako komunikaziorik tarteko izan ezean. Establezimenduak mantendu behar ditu nahitaez bezeroek eginiko erreserbak, inolako ordu-mugarik gabe lehen egunean, baldin eta bezero horiek aurrerakina edo seinalea ordaindu badute. Aurreikusitako epean aurkezten ez badira, bezeroek aurrerakina itzultzeko eskubidea galtzen dute.

  5. Bezeroek erreserba ezeztatuz gero, eskatutako seinalearen honako ehuneko hau atxiki ahal izango da gehienez kalte-ordain gisa:

    1. % 5, ostatua okupatzeko finkatutako data baino hogeita hamar egunetik gorako aurrerapenarekin ezeztatzen bada erreserba.

    2. % 40, ezeztapena 15-30 eguneko aurrerapenarekin egiten bada.

    3. % 60, ezeztapena 7-15 eguneko aurrerapenarekin egiten bada.

    4. % 100, ezeztapena 7 egun edo gutxiagoko aurrerapenarekin egiten bada.

Turismo-aterpetxeek erreklamazio-orriak izan beharko dituzte bezeroen eskueran, eta ikusteko moduan iragarri beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazioak arautzen dituen araudian ezarritakoaren arabera.

Dekretu honetan bildutakoen aurkako arau-hausteek administrazio-erantzukizuna ekarriko dute berekin, eta, hori gauzatzeko, hala badagokio, Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legean eta haren ondorengo aldaketetan ezarritako zehapenetako bat edo batzuk ezarriko dira.

Dekretu honetan aipatzen diren izapide ez-elektroniko guztiak gauzatzeko ereduak eta inprimakiak turismo-arloan eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzetan eta turismo-arloaren web-orrian daude eskuragarri, eta izapide elektronikoei dagozkienak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, azken horren helbide elektronikoa honako hau izanik: https: //euskadi.net/

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

UZTAILAREN 9KO 200/2013 DEKRETUAREN ERANSKINA

PLAKA BEREIZGARRIA

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.