Arautegia

Inprimatu

199/2013 DEKRETUA, apirilaren 16koa, landa-inguruneko turismo-ostatuko establezimenduak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 2303
  • Xedapen-zk.: 199
  • Xedapen-data: 2013/04/16
  • Argitaratze-data: 2013/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Landa-inguruneko turismo-ostatuko establezimenduak arautzen dituen Dekretuak Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen II. Tituluko II. Kapituluaren 4. eta 5. ataletan (nekazaritza-turismoko establezimenduei eta landetxeei buruzkoak) xedatutakoa garatzea du xede.

Aipatutako Legea duela gutxi aldatu da, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauaren («Zerbitzuak» Zuzentaraua edo Bolkestein Zuzentaraua ere deitzen zaio) transposizioa egiteko EAEko eremuan.

Zuzentarau horren helburua zerbitzu-emaileek estatu kideetan ezartzeko askatasuna baliatzea eta estatu kideen artean zerbitzuak askatasunez mugitzea da, zerbitzuetan kalitate-maila handiari eutsiz aldi berean, zerbitzuen hartzaileei eta emaileei Europar Batasuneko Itunaren funtsezko bi askatasun horiek benetan gauzatzeko beharrezko segurtasun juridikoa bermatuz.

Helburu hori lortzeko, zerbitzuak emango dituzten enpresa-establezimenduak irekitzen eta establezimendu horiek funtziona dezaten lagundu beharko da; era berean, estatu kide batean ezarritako enpresek Europar Batasuneko beste estatu batzuetan beren zerbitzuak eskaintzeko dituzten eragozpenak murriztu beharko dira. Gauzak horrela, Zuzentarauaren bitartez handitu egiten da zerbitzuen hartzaileak hautatzeko aukera, eta hobetu egiten da zerbitzu horien kalitatea kontsumitzaileentzat nahiz enpresa erabiltzaileentzat.

Alderdi operatiboei dagokienez, «Zerbitzuak» Zuzentarauan ezartzen da nahitaezkoa dela administrazio guztiek beren baimen-prozedurak berrikustea eta zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasuna eragozten edo zailtzen duten betekizunak desagerraraztea, salbuespenezko gisa arautuz jarduera horiek egiteko murrizketak ezar daitezkeen kasuak.

Praktikan, arestian adierazitakoak esan nahi du baimenak, zerbitzu-jarduera jakin bat lortzeko kontrol-mekanismo gisa, salbuespenezkoa izan behar duela eta irizpide ez-diskriminatzaileei, interes orokorreko nahiz erdietsi nahi den helburua lortzeko emandako ezinbesteko arrazoiren batek justifikatuta daudenei erantzun behar diela, arau orokorra erantzukizun-deklarazioa aurkeztea izanik.

Estatuan, «Zerbitzuak» Zuzentaraua bi legeren bitartez txertatu da: batetik, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen bitartez, eta, bestetik, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko Legera egokitzeko hainbat lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legearen bitartez.

Euskadin barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitze aldera zenbait lege aldatzeko den apirilaren 23ko 7/2012 Legearen bitartez egin da «Zerbitzuak» Zuzentarauaren transposizioa. Zehazki, VI. kapituluan azaltzen da Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen aldaketa, «Zerbitzuak» Zuzentaraura egokituz.

Apirilaren 23ko 7/2012 Legearen bitartez egindako aldaketaren ondoren, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legean erantzukizun-deklarazioaren erregimena sartu zen turismo-ostatuko enpresen, bidaia-agentzien eta turismo-enpresa osagarri izenekoen jarduera gauzatzeko aurretiazko betekizun gisa, aurretiazko administrazio-baimenaren erregimenaren ordez.

Martxoaren 16ko 6/1994 Legearen aldaketarekin bat etorriz, Dekretu honen bitartez nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak arautzen dira, eta sektore-arloko Legean biltzen den erantzukizun-deklarazioaren erregimena txertatu da.

Bestalde, adierazitako sektore-arloko lege horrek ez zituen landetxeak arautzen, eta legean bildutako beste figura batzuen modalitatetzat hartu ziren beren erregelamendu-garapena egiteko (hots, oporretako turismo-etxebizitzen eta etxe partikularretako ostatuaren modalitatetzat). Erregelamendu bidez, borondatezko sailkapenaren prozedura ezarri zen, eta, horren arabera, betekizun jakin batzuk betetzen zituzten etxebizitzak eta partikularren etxeetako ostatuak turismo-etxebizitza gisa edo etxe partikularretako ostatu gisa (landetxeen modalitatean) sailka zitezkeen.

Martxoaren 16ko 6/1994 Legean egindako azken aldaketan, landetxeen figura era independentean arautu zen. Orain, berriz, landetxeen erregelamendu-garapena egingo da Dekretu honen bidez, eta, betekizunei dagokienez (figura bakoitzaren espezifikoak salbuetsita), nekazaritza-turismoko establezimenduetarako ezarritakoekin parekatuko dira.

Dekretu honetan, halaber, landa-inguruneko turismo-ostatuko beste figura batzuk definitzen dira (hala nola landa-hotela, landa-apartamentua eta landa-turismoko aterpetxea), eta bakoitzaren erregulazioak araudi espezifikoari jarraitu behar dio.

Dekretu honek IV kapitulu, bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 16an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan kokatutako landa-inguruneko establezimenduetan prezio bidez eskainitako turismo-ostatuko zerbitzuak arautzea.

Dekretu honetan adierazitako turismo-ostatuko zerbitzuen modalitateak honako hauek dira: nekazaritza-turismoko establezimendua, landetxea, landa-hotela, landa-apartamentua eta landa-turismoko aterpetxea.

  1. Honako hau hartzen da nekazaritza-turismotzat: landa-ingurunean kokatutako establezimenduetan prezio bidez ostatu-zerbitzuak mantenuarekin edo gabe eta beste zerbitzu osagarri batzuk ematea, hurrengo kapituluan arautzen diren baldintzetan.

  2. Honako hauek hartzen dira landa-hoteltzat: landa-ingurunean, eskualdeko edo inguruko ohiko arkitektura tradizionala duten eraikinetan edo eraikuntzetan kokatutako hotel-establezimenduak.

    Landa-hotelek hotel-establezimenduak arautzen dituen erregelamenduak ezartzen duenari jarraituko diote.

    Establezimendu horiek gehienez ere 40 plazako edukiera izango dute.

  3. Honako hauek dira landetxeak: landa-ingurunean dauden eta ingurune horretako arkitektura bereizgarriko eraikinetan prezio bidez ostatu-zerbitzua mantenuarekin edo gabe eskaintzen duten establezimenduak.

  4. Honako hauek hartzen dira landa-apartamentutzat: landa-ingurunean, eskualdeko edo inguruko ohiko arkitektura tradizionala duten eraikinetan edo eraikuntzetan kokatutako turismo-apartamentuak. Establezimendu horiek 24 plazako edukiera izango dute gehienez, eta turismo-apartamentuak arautzen dituen erregelamenduan horri dagokionez ezarritakoari jarraituko diote.

  5. Honako hauek hartzen dira landa-turismoko aterpetxetzat: landa-ingurunean, eskualdeko edo inguruko ohiko arkitektura tradizionala duten eraikinetan edo eraikuntzetan kokatutako turismo-aterpetxeak. 40 plazako edukiera izango dute gehienez, eta turismo-aterpetxeak arautzen dituen erregelamenduan horri dagokionez ezarritakoari jarraituko diote.

  1. Nekazaritza-turismoko establezimenduek nekazaritza-ustiategien barruan egon beharko dute, mendiko edo landa-ingurunearen berezko arkitektura tradizionalei erantzun beharko diete, eta landaguneetan kokatuta egon beharko dute.

    Indarrean dagoen legerian horri buruz ezarritakoa hartzen da nekazaritza-ustiapentzat.

  2. Honako hau hartuko da nekazaritza-turismoko establezimendutzat: etxebizitza gisa erabiltzen den eta aldi berean nekazaritza-ustiategi baten premiei erantzuten dien dependentzia batek edo dependentzia multzo batek osatzen duena.

  3. Etxebizitzak dependentzia guztiak edo dependentzien zati bat hartu beharko du, eta elementu komun baterako edo bide publikorako irteera eduki beharko du.

  4. Establezimenduak instalazio eta ekipamenduei dagokienez eskatutako betekizunak bete beharko ditu funtzionamenduari eta zerbitzuak eskaintzeari dagokienez.

  5. Nekazaritza-turismoko establezimenduek eta landetxeek osorik lagatako geletan eta/edo dependentzietan eskaini ahal izango dute ostatu-zerbitzua, betiere establezimenduan txertatuta badaude. Nolanahi ere, adierazitakoari jarraiki eskaini beharko da ostatu-zerbitzua.

  6. Pisuak ez dira nekazaritza-turismoko establezimendutzat eta landetxetzat hartuko, eta Dekretu honen aplikaziotik kanpo geratuko dira. Honako hauek dira pisuak: zenbait solairutako eraikin batean sarrera komuna duten etxebizitza independenteak, baldin eta eraikin osoa trafiko turistikorako erabiltzen ez bada (Dekretu honetan bildutako modalitateetako batean).

Nekazaritza-turismoaren jarduera egiteko, ezinbesteko betekizuna izango da jarduera hori nekazariek egitea (indarrean dagoen legeriari jarraiki nekazariak direnek, alegia).

Nekazaritza-izaerak iraunkorra eta mugagabea izan beharko du nekazaritza-turismoko jardueratzat hartzeko.

Establezimenduaren titularrak eraikinaren jabea izan beharko du, edota eraikinaren gainean jarduera egiteko nahikoa izango den izaera edo baimena izan beharko du.

  1. Establezimenduek 4 plazako edukiera izango dute gutxienez.

    Gehieneko edukiera honako hau izango da, plaza osagarriak kontuan hartu gabe:

    1. Geletan eskainitako ostatua: 12 plaza.

    2. Osorik lagatako dependentzietan eskainitako ostatua: 18 plaza.

    3. Ostatu mistoa: 16 plaza.

      Gehieneko edukiera 24 plazakoa izango da, plaza osagarriak kontuan hartuta.

      Era berean, banako gelen gehieneko kopurua 4 izango da.

  2. Ostatu-unitate orotan, establezimenduaren izena, modalitatea eta erregistro-zenbakia eta unitate horretarako finkatutako edukiera bilduko dituen informazioa emango da.

  1. Ostatu-zerbitzua gelatan eskaintzen duten nekazaritza-turismoko establezimenduek honako instalazio eta ekipamendu hauek izan beharko dituzte gutxienez:

    1. Elektrizitatea eta edateko ur korrontea, beroa eta hotza, eguneko 24 orduetan.

    2. Berokuntza geletan, bainugeletan, egongelan eta jantokian.

    3. Telefonoa etxebizitzan.

    4. Jan-egongela, establezimenduaren gehieneko edukierara egokitua eta beharrezko guztiarekin hornitua. Plaza bakoitzeko 1 m2-ko azalera izango du gutxienez.

    5. Argi naturala geletan.

    6. Korridoreek eta eskailerek 1 m-ko zabalera eduki behar dute gutxienez.

    7. Gela bikoitzen gutxieneko azalera 12 m2 izango da, eta banako gelena, berriz, 7 m2, betiere bainugela edo komuna barnean ez badago. Gelek gutxienez 2,5 m-ko altuera izango dute. Teilatupeko geletan, gutxieneko altuerak azaleraren % 60 hartuko du gutxienez.

    8. Kanporako zuzeneko aireztapena bao baten edo gehiagoren bidez. Bao horiek 1,20 m-ko azalera eduki behar dute gutxienez, markoa aparte utzita, eta gelaren oinplano-azalerararen % 8 hartu behar dute. Leihoek kontraleiho edo pertsianak eduki behar dituzte, gelaren iluntasuna bermatzeko.

    9. Establezimenduak bainugela oso bat izan beharko du lau bezeroko eta lau bezero horientzat bakarrik, konketa, komun-ontzia, bainuontzia eta bideta barne, bezero horien gelen solairu berean eta gela horietatik gertu. Bainugela gelaren barnean badago, aldiz, gela horretako bezeroek soilik izango dute bainugela hori erabiltzeko aukera.

    10. Bainugela osoa gelaren barnean badago, horren ordez komuna jartzeko aukera izango da, konketaz, komun-ontziaz eta dutxa-plateraz edo bainuontzi txikiaz hornitua.

    11. Geletatik kanpo kokatutako bainugelek 4 m2-ko azalera izango dute gutxienez; gelen barruan dauden bainugela edo komunek, berriz, 3 m2-ko azalera gutxienez.

    12. Gelek arropa-armairu bat edukiko dute gutxienez, horman sartua edo ez, baita pertxak, aulki edo besaulki bat edo gehiago, gau-mahai bat (argi-etengailua aldamenean edo hurbil duela), gau-lanpara bat eta bi alfonbra txiki.

    1. Oheek somierra, koltxoia, koltxoi-babesa, burkoak, izarak eta gutxienez bi manta eduki beharko dituzte.

    2. Bezeroak eskatuta, gela bakoitzean gehienez ere bi ohe osagarri erabiltzeko aukera izango da, betiere gelaren azalera (ohe bakoitzeko) eskatutako gutxieneko azalera baino % 25 handiagoa bada.

    1. Ostalariak eskubidea du 2 urtez azpiko haurrentzako sehaskak eskatzeko. Zerbitzu hori doakoa izango da, eta sehaskak edozein gelatan jarri ahal izango dira.

    2. Gelak eta bainugelak egunetik egunera garbitu eta mantenduko dira, eta titularrak bere gain hartuko du lan horien ardura.

    3. Solairu bakoitzean su-itzalgailu bat ezarriko da, erraz iristeko moduko eta ongi seinaleztatutako tokian, erabilera komuneko eremuan. Hori ez ezik, larrialdi-argien gailu bat ere ezarriko da, eta hori guztia indarreko xedapenetan aurreikusitakoaren arabera.

    4. Lehen laguntzetarako botikin bat, eta

    5. Ibilgailuetarako sarbide zolatua.

  2. Ostatu-zerbitzua osorik lagatako dependentzia batean eskaintzen duten nekazaritza-turismoko establezimenduek honako gutxieneko azalera hauek eta honako gutxieneko instalazio eta ekipamendu hauek izan beharko dituzte:

    Gutxieneko azalerak:

    Logela:

    Gela bikoitza: 12 m2.

    Banako gela: 6 m2.

    Ohatzeak: 4,5 m2/pertsona.

    Jan-egongela: 1,5 m2/plaza.

    Gutxienez: 10 m2.

    Bainugela:

    Bainugela osoa: ez.

    Komuna: bai.

    Beste bainugela edo komun bat + 6 plaza.

    Bainugelaren azalera: 3,5 m2.

    Komunaren azalera: 3 m2.

    Korridore eta eskaileren zabalera: 1 m.

    Gelek gutxienez 2,5 m-ko altuera izango dute. Teilatupeko geletan, gutxieneko altuerak azaleraren % 60 hartuko du gutxienez.

    Zerbitzuak eta instalazioak:

    1. Elektrizitatea eta edateko ur korrontea, beroa eta hotza, eguneko 24 orduetan.

    2. Berokuntza; geletan, bainugeletan, egongelan eta jantokian.

    3. Sukaldea, kanpoalderako zuzeneko aireztapena izango duena. Sukalde horrek harraska, sukaldea eta armairuak izango ditu, janariak eta tresnak edukitzeko kopuru egokian, baita honako hauek ere, gutxienez: bi su eta labea, hozkailua eta erauzgailua, ke-kanpaia edo keak kanpora ateratzeko beste edozein sistema, horren funtzionamendua edozein izanik ere.

    4. Gelek kanpoalderako zuzeneko aireztapena izango dute. Leihoek kontraleiho edo pertsianak eduki behar dituzte, gelaren iluntasuna bermatzeko.

    5. Bainugela osoa gelaren barruan badago, horren ordez komuna ezartzeko aukera izango da.

    6. Oheek somierra, koltxoia, koltxoi-babesa, burkoak, izarak eta gutxienez bi manta eduki behar dituzte.

    7. Solairu bakoitzean su-itzalgailu bat ezarriko da, erraz iristeko moduko eta ongi seinaleztatutako tokian, erabilera komuneko eremuan. Hori ez ezik, larrialdi-argien gailu bat ere ezarriko da, eta hori guztia indarreko xedapenetan aurreikusitakoaren arabera.

      a) Turismo-arloko eskumena esleituta duen organoak, dauden zirkunstantzia guztiak haztatuta eta aurretiko txosten teknikoa egin ostean, Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako gutxieneko betekizun eta baldintzetako batetik edo batzuetatik dispentsatu ahal izango du, behar bezala arrazoituta.

      Arkitektura-balio berezi egiaztatua duten eraikinetan, hirigune historikoetako eraikin birgaituetan edo eskualdeko edo inguruko arkitektura tradizionalari jarraitzen dioten eraikinetan kokatutako establezimenduen egoerak hartuko dira kontuan, besteak beste (aginduzko neurriei lotutakoak bereziki).

    1. Horrelako dispentsak orekatu egin beharko dira, beste konpentsazio-faktore batzuk egoteari (hala nola zerbitzu osagarrien eskaintza) eta beren instalazio eta zerbitzuen edo sar ditzakeen hobekuntzen balioespen bateratuari erantzunez.

    2. Nolanahi ere, dispentsak establezimenduaren segurtasun-elementuetan eraginik izan dezakeenean, bestelako konponbide alternatiboak ezarri beharko dira eraikinaren segurtasuna bermatzeko, eta langile fakultatiboek hori jasoko dute. Era berean, dispentsak ezin izango du eraginik izan betetzen ez badira emandako zerbitzuen kalitatean funtsezko galeraren bat dakarten edota establezimenduaren sailkapenaren inguruko nahasterik eragin dezaketen bestelako baldintzetan.

    3. Dispentsa-eskakizuna turismo-arloan eskumena duen organoari eskatu beharko zaio, arau honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dagoen eredu ofizialari jarraiki, turismo-ostatuaren jarduera gauzatzen duela adierazten duen erantzukizun-deklarazioa aurkeztu aurretik. Dispentsa eskatzeko, dispentsa hori justifikatuko duten dokumentuak gaineratu beharko zaizkio eskaera-idazkiari.

    4. Turismo-arloan eskumena duen organoak hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko du dispentsari buruzko Ebazpena. Epe hori eskaera aurkezten denetik hasita zenbatzen da, kasuan kasu, behar bezala konponduta eta prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legez ezarritako gehieneko epea eten ahal izango den kasuei buruz azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan ezarritakoa aparte utzi gabe.

    5. Horretarako ezarritako epean, turismo-arloan eskumena duen organoak ez badu esanbidezko ebazpena jakinarazten, interesdunek ulertu behar dute beren dispentsa-eskaerak administrazio-isiltasunaren bidez baietsi direla.

      1. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa landetxeetan aplikatuko da ostatu-zerbitzua geletan eskaintzen dutenean; eta 2. paragrafoan xedatutakoa, berriz, ostatu-zerbitzua osorik lagatako dependentzietan eskaintzen dutenean. Halaber, artikulu honen 3. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie.

      2. Nekazaritza-turismoko establezimenduek eta landetxeek irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dutela egiaztatu beharko dute, eta, nolanahi ere, solairu berriko establezimenduek zein funtsezko berrikuntzak egin dituztenek ostatu-plaza bat gorde beharko dute berrogeita hamar plazako edo zatiko, lehentasunez mugikortasun urritua duten pertsonek erabiltzeko.

  1. Jarduera gauzatzeko, titularrak turismo-ostatuaren jarduera gauzatzen duela biltzen duen erantzukizun-deklarazioa aurkeztu beharko du, arau honen Bigarren Xedapen Gehigarrian ezarritako tokietan eskuragarri dagoen eredu ofizialari jarraiki, Turismoa antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Erantzukizun-deklarazioa aurkezteak aukera emango du jarduera aurkezpenaren egunetik beretik hasteko, Turismo Administrazioak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak eta beren eskumenei jarraiki beste erakunde batzuei dagozkien ahalmenak aparte utzi gabe.

  3. Turismo Administrazioak, aipatutako erantzukizun-deklarazioa aurkeztu ostean, Euskadiko Turismo Arloko Enpresen Erregistroan erregistratuko du ofizioz. Erregistro hori irailaren 2ko 199/2003 Dekretu bidez arautu zen.

  4. Erantzukizun-deklarazioa ez aurkezteak, erantzukizun-deklarazioarekin batera edo horri gaineratutako edozein datu, adierazpen edo dokumenturen akatsak, faltsutzeak edo funtsezko omisioak edo eskatutako betekizunak ez betetzeak, eskumeneko agintaritzak egiaztatuta, turismo-arloan eskumenak dituen organoak prozedura bat abiaraziko du, eta, haren baitan, titularrak nahi dituen ebidentziak edo deskarguak azaldu eta aurkeztu ahal izango ditu. Egindako jardunak ikusirik, behar bezala arrazoitutako ebazpen bidez, establezimendua deklaratutakoaz bestelako ostatu-figura batean ezartzeko, jarduera geldiarazteko eta interesdunak egoera juridikoa dagokion jarduera hasi aurreko unera leheneratzeko agindu ahal izango du, eta baita urtebeteko aldian xede berarekin beste prozedura bat ezin eskatzeko ere, aipatutako martxoaren 16ko 6/1994 Legearen 8. artikuluan zehazten denari jarraiki. Hori guztia dagozkion zehapenak aparte utzi gabe.

    Funtsezkotzat joko dira honako zirkunstantzia hauek:

    1. Larrialdiko egoeren aurrean segurtasunerako edo autobabeserako araudia betetzen dela ez egiaztatzea.

    2. Irisgarritasuna sustatzeko araudia betetzen dela ez egiaztatzea.

    3. Erantzukizun zibileko poliza kontratatu izana ez egiaztatzea.

    4. Nekazaritza-turismoko establezimendutzat edo landetxetzat jotzeko betekizunak ez betetzea, betiere aipatutako baldintzen betearazpenetik salbuetsita geratu ez bada, Dekretu honetan aurreikusitako prozedurari jarraiki.

  5. Datu edo agirietan akatsak, faltsutzeak edo omisioak izanez gero, funtsezkoak ez badira, zuzentzeko bidea ireki beharko da, bidezko zehapenak aparte utzi gabe. Desadostasuna zuzentzen ez bada, hala badagokio, prozedura bat abiaraziko du titularrak alegazioak egin eta ebidentziak edo deskarguak aurkeztu ahal izan ditzan, aurreko paragrafoan 4.ean deskribatutakoari jarraiki.

  1. Establezimenduek eskainiko dituzten gutxieneko zerbitzuak ostatua eta gosaria izango dira. Prezioan sartu gabeko zerbitzu gisa, honako hauek eskaini ahal izango ditu titularrak:

    1. Janariak eta edariak.

    2. Etxeko sukaldea erabiltzeko eskubidea. Sukalde-zerbitzuaren barruan, honako elementu hauek sartzen dira: hainbat su eta labea izango dituen sukalde elektrikoa edo butanokoa, hozkailua, baxera, mahai-tresnak, beirateria eta sukaldeko eta garbiketako tresna nahikoak, establezimenduaren ostatu-edukieraren arabera.

    3. Artisautza-produktuak edo ustiapenaren ondoriozkoak.

    4. Garbiketa- eta lisaketa-zerbitzua. Zerbitzu hori eskaini ezean, zerbitzu hori gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideak eman beharko zaizkie bezeroei, aldez aurretik eskaera egin ondoren, betiere egonaldiak hiru egunetik gorakoak badira.

    5. Beste turismo-jarduera osagarri batzuk, eta

    6. Balioen zaintza.

  2. Aurreko ataleko b), d) eta f) paragrafoetan aurreikusitako zerbitzu osagarriak establezimenduko bezeroek baino ez dituzte erabiliko.

  1. Jardunaldia 12:00etan hasi eta amaituko da. Bezeroei ezin izango zaie inola ere eskatu gela ordu horren aurretik uzteko, bestelako ituna dagoenean izan ezik.

    Gela ordu horretan uzten ez duten bezeroek egonaldia beste egun batean luzatu dutela ulertuko da.

  2. Aldez aurreko abisuaren kasuan izan ezik, iristeko aurreikusitako egunaren 20:00ak baino lehen hartu beharko dute beren gela bezeroek. Ordu horretarako iristen ez badira, gela beste bezero batzuei alokatu ahal izango zaie.

  3. Ostatua eta bestelako zerbitzuak establezimenduak eta bezeroak edo haren ordezkariak hitzartutako aldian baliatu ahal izango dira. Aldez aurretik adostutako epea luzatu edo murrizteko, establezimenduaren titularrak eta bezeroek elkarren arteko akordioa lortu beharko dute aldez aurretik.

  1. Ostatuaren titularrak prezioaren aurrerakin batekin plazaren erreserba egiteko eskatu ahal izango die bezeroei. Aurrerakin hori, nolanahi ere, egindako zerbitzuen emaitzazko zenbatekoaren kontura izango dela ulertuko da.

    Aurrekontua erreserbatutako egonaldiaren guztizko prezioaren % 25 izango da gehienez.

  2. Bezeroek erreserba berretsita dutenean, establezimenduaren titularrak hitzartutako prezioa errespetatu beharko du, eta ezin izango da inola ere igo.

  3. Bezeroek erreserba ezeztatuz gero, eskatutako seinalearen honako ehuneko hau atxiki ahal izango da gehienez kalte-ordain gisa:

    1. % 5, ostatua okupatzeko finkatutako data baino hogeita hamar egunetik gorako aurrerapenarekin ezeztatzen bada.

    2. % 40, ezeztapena 15-30 eguneko aurrerapenarekin egiten bada.

    3. % 60, ezeztapena 7-15 eguneko aurrerapenarekin egiten bada.

    4. % 100, ezeztapena 7 egun edo gutxiagoko aurrerapenarekin egiten bada.

  1. Establezimenduen titularrek ematen diren gutxieneko zerbitzuen eta zerbitzu osagarrien prezioak jakinarazi beharko dizkiete turismo-arloko eskumena esleituta duen sailaren bidezko lurralde-ordezkaritzei.

  2. Eskainitako zerbitzuen prezioetan azken jakinarazpenetik gertatzen den aldaketa oro behar bezala jakinarazi beharko zaio dagokion ordezkaritzari jendaurrean jarri eta aplikatu aurretik, hark zigilatzeko.

  3. Establezimenduaren titularrak, bezeroak onartu aurretik, eskatzen zaizkion gutxieneko zerbitzuen edo zerbitzu osagarrien prezioen berri eman beharko die bezeroei.

  4. Ematen diren zerbitzu guztien prezioek publizitaterik handiena izan beharko dute. Nolanahi ere, prezioen zerrenda, dagokion ordezkaritzak behar bezala zigilatua, gutxienez gaztelaniaz eta euskaraz jarri beharko da establezimenduaren sarreran, bezeroek argi eta garbi ikusteko eta irakurtzeko moduan. Ostatu-unitate bakoitzaren prezioa bereiz agertuko da, eta eskainitako zerbitzu bakoitza eta, hala badagokio, erabilera indibiduala zehaztuko da.

  5. Establezimenduek ezin dizkiete jendaurrean aurkeztutakoak baino prezio handiagoak kobratu bezeroei.

  1. Bezeroek eskainitako zerbitzuen prezioak ordaindu behar dituzte establezimenduan bertan, eta dagokion faktura kobratzeko aurkezten den unean, erreserba gisa ordaindutako diru kopurua kendu ondoren, hala badagokio.

  2. Bezeroei bidezko ordainketa-ziurtagiria emango zaie, garbi eta zehatz, izenez edo klabean, emandako zerbitzuak egunen eta kontzeptuen arabera banakatuta daudela. Nolanahi ere, zerga-legeria errespetatu beharko da.

  3. Fakturetan, bezeroaren izenarekin batera, erabilitako gelaren identifikazioa, ostatu hartu duten pertsonen kopurua eta sarrerako eta irteerako eguna jaso beharko dira gutxienez.

Establezimenduek erreklamazio-orriak jarri behar dituzte bezeroen eskura, eta nabarmen iragarri behar dituzte, arlo horretan indarrean dagoen araudiari jarraiki.

Establezimendu guztiek bezeroen sarreren eta irteeren kontrola eraman beharko dute, indarrean dagoen legerian aurreikusitako moduan.

Establezimenduek eskaintzen dituzten zerbitzuei, prezioei, kokapenari eta beste ezaugarri batzuei buruz edozein komunikabidetan egiten duten publizitatea benetakoa izango da eta ez du okerrik edo nahasbiderik sortuko.

Establezimenduen sustapen publikoa egitean, etxebizitzaren ezaugarriei eta inguruko gainerako zirkunstantziei buruzko informazio osatua helarazi behar dela hartuko da bereziki kontuan.

Era berean, establezimenduak kualitatiboki sailkatzeko sistema bat aplikatzearen ondoriozko produktuak aztertu ahal izango ditu turismo-arloan eskumena duen sailak, sustapenari begira.

Ostatua kokatuta dagoen lekutik hurbil dauden errepide eta bideetan instalatzen den seinaleztapenak arlo horretan indarrean dagoen legerian aurreikusitakoari jarraituko dio.

  1. Ostatua proiektatuta dagoenean, ezaugarrien, instalazioen eta zerbitzuen arabera dagokien modalitateari (nekazaritza-turismoko establezimendua edo landetxea) edota ostatuaren zerbitzu motari (geletan eskainitako ostatua, osorik lagatako dependentzietan eskainitakoa edo ostatu mistoa) buruzko informazioa eskatu ahal izango diote enpresek turismo-arloan eskumena duen organoari, dagokion lurralde-ordezkaritzaren bitartez eta gainerako administrazioen eskumenak aparte utzi gabe. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

    1. Dekretu honetan bildutako betekizunak deskribatu eta justifikatuko dituen memoria.

    2. Solairuen banaketaren eta sekzioaren plano kotatuak.

    3. Arestian adierazitakoaz bestelako informazio osagarria eman dezakeen beste edozein dokumentu.

  2. Administrazioak egindako kontsultari erantzun beharko dio, eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita 3 hilabeteko denbora-tartean, edo hala badagokio, Administrazioak eskatu dion beharrezko dokumentazioa jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Denbora-tarte hori igaro ondoren kontsulta egin duen pertsonak Administrazioaren erantzunik jaso ez badu, ez du esan nahi kontsulta-idazkian jasotako adierazpen-eskaera onartzen denik, erantzunik ez jasotzea eragin duten arrazoiak ezagutzeko eta dagozkion erantzukizunak eskatzeko pertsona horrek bere kontsulta aurkeztu zuen organora jo dezakeela aparte utzi gabe.

  3. Artikulu honetan aipatutako kasuetan turismo-arloan eskumena duen organoak emandako erantzunak argibide-izaera baino ez du izango, eta inola ere ezin izango da errekurtsorik aurkeztu erantzun horren aurka; horretaz gain, abenduaren 26ko 30/1992 Legearen 35.g) artikuluan esleitutako informazio- eta orientazio-betebeharrak betetzeko xede bakarrarekin egiten da arestian aipatutako erantzuna. Turismo Administrazioa lotetsiko du, soil-soilik, proiektuaren egikaritzea kontsulta egindakoan aurkeztutako memoriarekin, planoekin eta bestelako dokumentazioarekin bat datorrenean, eta Administrazioak emandako araudia indarrean dagoen bitartean.

  1. Erantzukizun-deklarazioa turismo-arloko eskumena esleituta duen sailaren lurralde-ordezkaritzara igorri beharko da, betiere establezimendua kokatuta dagoen lekua kontuan hartuta; erantzukizun-deklarazio horretan honako hau bildu beharko da:

    1. Titularrak Administrazio Publikoaren aurrean ordezkaritza-ahalmena duela. Titularra pertsona juridikoa denean, sozietatearen eraketari buruzko eskritura eta ordezkaritza-ahalordeak aurkeztu beharko ditu espezifikoki, betiere sozietate-eskrituran argi eta garbi ondorioztatzen ez badira. Erantzukizun-deklarazioan, halaber, eskritura hori dagokion Merkataritza Erregistroan inskribatu izanaren identifikazio-datuak jasoko dira.

    2. Jardueraren titularra higiezina landetxe edo nekazaritza-turismoko establezimendu gisa erabiltzeko gaitzen duen eskubide ororen titularra dela. Jardueraren titularra establezimenduaren jabea denean, turismo-jarduera egiten den establezimenduaren jabetza-eskriturak dituela edo, bestela, establezimenduaren turismo-ustiapenerako gaitzen duen jabeen titulu juridikoa duela jasoaraziko da.

    3. Nekazaritza-turismoko establezimenduen kasuan, titularrak dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailaren ziurtagiria duela; hain zuzen ere, eskatzailea titularrak adierazitakoaren arabera nekazaritza-turismoko establezimendua txertatuta dagoen nekazaritza-ustiategiaren titularra edo titularkidea dela edo ustiategi horretan partaidetza duela, eta ustiategia Lurralde Historikoko Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatuko du ziurtagiri horrek.

    4. Establezimenduak erantzukizun zibileko bidezko asegurua duela.

    5. Establezimenduak Dekretu honetan eta aplikatu beharreko beste guztietan (irisgarritasuna sustatzeko araudian eta larrialdi-egoerei aurre egiteko segurtasun- eta autobabes-araudian, bereziki) ezarritako betekizunak betetzen dituela.

    6. Titularrak erantzukizun-deklarazioan adierazitakoa egiaztatzen duen dokumentazioa duela eta jarduera egiten duen aldian betetzen jarraitzeko konpromisoa hartu duela. Nolanahi ere, fakultatiboek sinatuta egongo den eta irisgarritasunari buruzko araudia eta larrialdi-egoerei aurre egiteko segurtasun- eta autobabes-araudia betetzearen esanbidezko adierazpena jasoko duen memoria bat izango da dokumentazio hori, eta ostatuaren ezaugarriak zehaztuko dituzten planoak eta ostatu-unitateen zerrenda (eredu normalizatuan) bilduko ditu.

    7. Erantzukizun-deklarazioan, halaber, titularrari eta legezko ordezkariari buruzko datuak ez ezik, establezimenduari buruzko datuak ere jaso beharko dira (modalitateari, eskainitako zerbitzuei eta plaza kopuruari buruzkoak bereziki).

  2. Erantzukizun-deklarazioa egin ondoren, eta erantzukizun-deklarazioa aurkeztu ondoren jarduera hasi ahal izango dela (Turismo Administrazioaren egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak aparte utzi gabe) ezartzen duen 9.2 artikuluari jarraikiz, erantzukizun-deklarazioan emandako informazioa berresten duen dokumentu oro eskatu ahal izango du turismo-arloan eskumena duen lurralde-ordezkaritzak.

  3. Dagokion lurralde-ordezkaritzaren zerbitzu teknikoak, dokumentazioa aztertu ondoren, dokumentazioa zuzentzea edo aurkeztea eskatu ahal izango du, hala badagokio, eta emandako informazioa egiazkoa dela eta erregelamenduz ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatu ahal izango du.

Hartzaileen eta hirugarren pertsonen osasunerako eta segurtasun fisikorako eta hartzaileen finantza-segurtasunerako zuzeneko arrisku zehatza dagoenez gero, nekazaritza-turismoko establezimenduen eta landetxeen titularrek erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko dute, beren jarduerak izan ditzakeen arriskuak bermatuko dituena, ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko gutxieneko estaldurarekin, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 21.2 artikuluan ezarritakoa aparte utzi gabe.

  1. Turismo-jarduera hasi ondoren establezimenduetako azpiegitura-instalazioak edo establezimenduen ezaugarriak eraginpean hartuko dituen edota azalera, edukiera edo sailkapena eraginpean har dezakeen funtsezko aldaketaren bat (titulartasunaren aldaketa barne) egin nahi duten enpresek horren inguruko erantzukizun-deklarazio bat aurkeztu beharko dute aldaketa egin aurretik. Prozedura kapitulu honetan aurreikusitakoari jarraiki izapidetzen da, adierazitako aldaketen inguruan aurkeztu beharreko memoriaren eta dokumentazioaren kasuan izan ezik.

  2. Gainerako aldaketak (hala nola enpresaren izenaren aldaketa eta beste batzuk) gertatu eta hilabete bateko epean jakinaraziko zaizkio turismo-arloan eskumena duen organoari, eta aurreko artikuluetan adierazitako dokumentazioaren artean aldaketa horiek justifikatzen dituena aurkeztu beharko da.

  3. Itxiera oro dagokion lurralde-ordezkaritzari edo Turismo Administrazioaren organo periferikoari jakinarazi beharko zaio, aldez aurretik. Bederatzi hilabetetik gorako aldi baterako itxiera bada, establezimenduaren behin betiko baja eragingo du. Itxieraren berri ematen ez bada, Turismo Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Turismo-arloko Enpresen Erregistroko baja izapidetuko du, ofizioz.

  4. Arestian adierazitako funtsezko aldaketak egin izanaren erantzukizun-deklarazioa, funtsezkoak ez diren aldaketen jakinarazpena eta itxieraren jakinarazpena arau honen bigarren Xedapen Gehigarrian ezarritako lekuetan eskuragarri dauden eredu ofizialei jarraiki egin beharko dira.

Araudi honetan bildutakoen aurkako arau-hausteek administrazio-erantzukizuna ekarriko dute berekin, eta, hori gauzatzeko, Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legean ezarritako zehapenetako bat edo batzuk ezarriko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Landa-inguruneko ostatu-modalitateek eskubidea eta, hala badagokio, betebeharra izango dute sarbide nagusiaren ondoan plaka bereizgarri bat jartzeko. Testua gaztelaniaz eta euskaraz egongo da, eta dimentsioak eta koloreak Agindu bidez zehazten direnak izango dira. Landetxeek landetxeen plaka normalizatua (Dekretu honen eranskinean jasota dagoena) erabiliko dute.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan aipatzen diren izapide ez-elektroniko guztiak gauzatzeko ereduak eta inprimakiak turismo-arloan eskumena duen Sailaren lurralde-ordezkaritzetan eta turismo-arloaren web-orrian daude eskuragarri, eta izapide elektronikoei dagozkienak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, azken horren helbide elektronikoa honako hau izanik:

https: //euskadi.net/

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jartzen denean aginduzko jarduera- eta sailkapen-baimena duten eta Turismo Enpresen Erregistroan inskribatuta agertzen diren nekazaritza-turismoko establezimenduek kalifikazio horrekin jarraituko dute jarduera gauzatzeko eskatutako betekizunak betetzen dituzten bitartean, eta ez da erantzukizun-deklarazioa aurkeztu behar izango.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Oporretako etxebizitza turistikoei eta oporretako etxebizitza turistikoak, etxe partikularretako geletan emandako ostatuak eta landetxeak arautzen dituen uztailaren 29ko 191/1997 Dekretuaren arabera landetxe gisa sailkatuta dauden etxe partikularretako geletan eskainitako ostatuei dagokienez, Dekretu hau indarrean jartzean Euskadiko Turismo Enpresen Erregistroaren 6. Sekzioan inskribatuta dauden oporretako etxebizitza turistikoek, etxe partikularretako geletan eskainitako ostatuek eta landetxeek landetxeak arautzen dituzten xedapenei jarraituko diete jarduera gauzatzeko eskatutako betekizunak betetzen dituzten bitartean, eta ez da erantzukizun-deklaraziorik aurkeztu behar izango. Nolanahi ere, ofizioz inskribatuko dira landetxe gisa Erregistro horren 2. Sekzioan.

Landa-inguruneko turismo-ostatuko establezimenduak arautzen dituen maiatzaren 28ko 128/1996 Dekretua indargabetuta geratzen da, baita Dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)