Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

193/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 1945
  • Xedapen-zk.: 193
  • Xedapen-data: 2013/04/09
  • Argitaratze-data: 2013/04/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatu da, eta, bestetik, Administrazioko sailen artean eskumenak berriro esleitu dira; eta guzti hori oraingo legegintzaldiari dagokionez, gobernu-programa osatzen duten konpromisoak betetzeko ahalik eta eraginkortasun handiena lortzearren. 20/2012 Dekretua honako honi buruzkoa da: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien zereginak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa hain zuzen. 20/2012 Dekretuko 10. artikuluak martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak emandako idazketa duenak honako funtzio eta jardun-arloan esleitzen dizkio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari:

  1. Irakaskuntzaren alorrean, Autonomia Estatutuan ezartzen diren eskumenak, bai erregimen orokorrekoak eta bai erregimen berezikoak ere, etapa eta maila guztiak barne direla; eta goi mailako hezkuntza eta bai bizitzan zehar koalifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere.

  1. bis) Lanbide-heziketa osoarentzako planifikazio estrategikoa, diseinua eta jarraibideak; heziketa horrek bizitzan zehar koalifikazioak eskuratzea edo emendatzea ekarriko du; eta hartarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza baliatuko da, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan.

  1. Zientzia alorreko politika; ikerketa teoriko zein aplikatua sustatu eta koordinatzea.

  2. Hizkuntza-politika.

  3. Euskara sustatzea.

  4. Historia- eta arte-ondarea kudeatu eta zaintzea; museo, liburutegi eta artxibategiak.

  5. Arte eta kulturaren arloko jarduerak eta horien zabalkundea.

  6. Kirolak.

  7. Gazteria.

  8. Gizarte-hedabideak; irratien kontzesioak eta frekuentzien esleipena.

  9. Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.

  10. Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.

    Aipatu funtzioak balia ditzan, Saila sei sailburuordetzatan banatu da, bakoitza jardun-arloa jakin batekin, eta euretariko bat jardun-arlo horizontalarekin. Halaber, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari sektore publikoko zenbait erakunde atxikitzen zaizkio; eta horiek lanabes funtsezkoak dira honako politika hauek garatzeko: aipatu jardun eta funtzioen arloan, Sailari bultzatzea dagozkionak.

    Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2013ko apirilaren 9an egindako bilkuran, aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien zereginak eta jardun-arloak finkatzeari buruz lehendakariak abenduaren 15ean emandako 20/2012 Dekretuko 10. artikuluan zehaztutako funtzioak eta jardun-arloan dagozkio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari; eta funtzio eta jardun-arlo horiek sailburuaren zuzendaritzapean gauzatuko dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila bere eskumenez baliatzeko, honako organo hauek izango ditu:

  1. Organo nagusiak:

    1. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua.

    1. Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

    2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza.

    1. Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

    2. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.

    3. Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritza.

    4. Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

    1. Hezkuntza Sailburuordetza.

    1. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza.

    2. Ikastetxeen Zuzendaritza.

    1. Lanbide Heziketako Sailburuordetza.

    1. Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza.

    1. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza.

    1. Unibertsitate Zuzendaritza.

    2. Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

    1. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

    1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

    2. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

    1. Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetza.

    1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    2. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Gazteria eta Kirol Zuzendaritza.

  2. Lurralde-organoak:

    Lurralde historikoetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lurralde-ordezkaritzak.

  3. Sektore publikoko erakundeak:

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitzen zaizkio jarraian aipatzen diren sektore publikoko erakundeak:

    1. Administrazio instituzionala:

    1. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), administrazio-mailako erakunde autonomoa.

    2. Euskadiko Liburutegia, administrazio-mailako erakunde autonomoa.

    3. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

    4. Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB), zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

    5. Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

    1. Euskadiko Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste erakunde batzuk:

    1. Euskadiko Orkestra, S.A. sozietate publikoa.

    2. Fundación Euskadi Kirola Fundazioa.

    3. Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa.

    4. Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia-Musikene, fundazio pribatua.

    5. Haurreskolak Partzuergoa.

  4. Kide anitzeko organoak eta beste organo batzuk:

    Halaber, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitzen dira beherago zehaztutakoak, eurak sortzeko arauetan aurreikusitako zehaztapenekin bat etorriaz:

    1. Euskadiko Eskola Kontseilua.

    2. Euskadiko Unibertsitate Kontseilua.

    3. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea.

    4. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua.

    5. Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordea.

    6. Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua.

    7. Ikerketarako Euskal Kontseilua.

    8. Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua.

    9. Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

    10. Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia.

    11. Kulturaren Euskal Kontseilua.

    12. Euskararen Aholku Batzordea.

    13. Kirolaren Euskal Kontseilua.

    14. Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordea.

    15. Euskal Ikus-entzunezkoen Erakunde arteko Batzordea (EIEB).

    16. Euskadiko Monumentu kategoriako Arkitektura Ondarearen Aholku Batzordea.

    17. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea.

    18. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua.

    19. Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea.

    20. Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea.

    21. Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea.

    22. Kirol Justiziako Euskal Batzordea.

    23. Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea.

    24. Aholku Batzordea, lege honetan aurreikusia: 12/2012 Legea, ekainaren 21ekoa, Kiroleko Dopinaren aurkakoa.

    25. Erabilera Terapeutikoko Baimenen Euskal Batzordeak (COVAUT).

    26. Euskadiko Museoen Aholku Batzordea.

    27. Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea.

    28. Baliokidetzen Jarraipen Batzordea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura zuzendurik, Zuzendaritza Kontseilu bat izango da, titularrari ondoko lan hauetan lagun diezaion: Sailaren politika ikuskatu eta jarraitzen eta esleitzen zaizkion eginkizun eta jardueren plangintza orokorra egiten. E da administrazio-organo kontsideratuko.

Sailburuaren zuzendaritzapean, honako hauek osatuko dute Zuzendaritza Kontseilua: sailburuordeak eta Sailburuaren Kabineteko zuzendaria, zeinak Kontseiluko idazkari lagez jardungo duen. Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute Zuzendaritza Kontseiluan.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26 eta 28. artikuluek ezarritako eskumenez baliatzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari dagokio; eta, halaber, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuarekin bat etorriaz, Sailari dagozkion jardun-arlo eta funtzioen alorrean indarreango legeriak esleitzen dizkion eskumenez baliatzea.

Sailaren organo gorena denez, Saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatuko ditu; eta Euskal Autonomia Erkidego aurrekontu orokorretan Sailaren jardun-arloan berariaz esleitutako dauden diru-laguntza emango ditu.

Horretaz gain, sailburua arduratuko da, deialdi publikoa egin ondoren, izendapen askeko lanpostuak betetzeaz, eta bai behin-behineko langileak izendatzeaz ere.

  1. Organikoki Sailburuaren menpe dago Sailburuak Kabinetearen Zuzendaritza; eta saileko zuzendaritzei dagozkien funtzio generikoez gain, jarraian zehaztutako funtzio eta jardun-arloez ere arduratuko da:

    1. Sailburuaren lan-programaren jarraipena egitea.

    2. Sailaren kanpo-harremanen alorrean egin beharreko ekintzak.

    3. Sailak sustatutako kongresuak, jardunaldiak edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.

    4. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.

    5. Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin harremanak eta komunikazioa izateko organo eskudunarekiko, zehazki, Justizia eta Herri Administrazio Sailekoarekiko solaskidea Sailarena izatea.

    6. Europar Batasunaren politikak eta arauak prestatu eta aplikatzearen arloan, Eusko Jaurlaritzak egin beharreko esku-hartzea garatzeko, Sailaren eskumenpeko arloetan koordinazio-neurriak gauzatzea; hartarako, Europar Batasuneko erakundeen arloan Saileko organoek dituzten gaiak eta hartu-emanak izapidetzea bideratuko ditu, hain justu ere Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organo eskudunaren bitartez.

    7. Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez, beste administrazio publiko batzuekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    8. Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko xedapen gehigarrietarik hamargarrenean aurreikusitako euskara-atalak Saileko politiketan euskara sustatzen lagunduko du, hain justu ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarraibideen ildotik.

    9. Euskal Kulturaren sorkuntza kanpoan zabaltzeko neurriak aztertu eta proposatzea, Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.

    10. Bera arduratuko da, halaber, gizarte-komunikabideen eta Sailaren arteko harremanez, irudi-lanez, Sailaren kanpo harremanez eta Sailaren iragarki ofizialen, prentsa-oharren eta publizitate-ekimenen kudeaketaz; baina horrek ez ditu eragotziko beste sail batzuei esleitutako eskumenak.

    11. Jaurlaritzaren Kontseiluari eta eskuordeko batzordeei aurkeztu behar zaizkien gaien jarraipena egitea.

      1. Dokumentazio-zerbitzuak eta dokumentu-baseak kudeatzea, eta Sailak egin beharreko argitalpenen gaineko jarraipena eta koordinazioa egitea; baina horrek ez ditu eragotziko Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.

  2. Gizarte hedabideen alorrean, alor horretan bidezko diren beste administrazio-jarduera guztiei ekingo die, baldin arauz Euskadiko Administrazioaren barruko beste organo bati esleituta ez badaude. Eginkizun horien artean, nolanahi ere, hauek sartuko dira:

    1. Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekin lankidetzan, teknologia digitalarekin loturiko komunikabideak eta bestelako zerbitzuak ezartzeko eta egikaritzeko egin beharreko administrazio-jarduerak garatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenpeko irrati-telebista zerbitzuak eskaintzeko beharrezko titulu juridikoak emateko prozedurei dagokienez, horien gaineko administrazio kudeaketa bidezkoa egitea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenpeko irratiko nahiz telebistako operadoreek irratiari eta telebistari buruzko xedapen orokorretan eta zerbitzua emateko operadoreek izenpetutako dokumentuetan jasotako aurreikuspenak betetzen direla jarraitzea eta egiaztatzea.

    4. Zigor-prozedurei hasiera ematea eta alor horretan Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zehapenak jartzea, eginkizun horiek ez baditu esleiturik beste organoren batek.

    5. Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuei dagozkien erregistroak eramatea.

    6. Sailburuarekin elkarlanean jardutea «Euskal Irrati Telebista» erakunde publikoari dagozkion jardueretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako erakundea den aldetik.

Sailburuordetza bakoitzaren arduraduna sailburuorde bat izango da, hierarkian sailburuaren menpeko zuzena izango dena. Sailburuordetzak eta horren menpeko zuzendaritzek eta gainontzeko administrazio-atal eta -organoek egindako jarduerei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko sailburuordeei dagozkie:

  1. Jardun-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea.

  2. Esleitu zaizkien funtzioen eremuan, sailburuari laguntza ematea.

  3. Sailburuordetzaren jardueren programazioa egitea.

  4. Sailburuordetzako administrazio-atalen funtzionamendurako instrukzioak eta zirkularrak ematea.

  5. Ezarritako jardun-politikaren araberako xedapen-proiektuak proposatzea.

  6. Helburuen eta jardun-planen kudeaketa ikuskatzea.

  7. Beren ardurapeko arloetan, Sailaren eta gainontzeko sailen arteko harremanetarako organoa izatea; eta, halaber, arlo material horren inguruan sortutako sailarteko koordinazio-organoen arteko harremanetarakoa organoa izatea, betiere funtzio hori beste organo batzuei esleituta ez badago.

  8. Indarreango araudian aurreikusten diren kasuetan, errekurtsoak ebaztea.

  9. Beheragoko organoen jarduera ikuskatu eta zaintzea.

  10. Eskumenez baliatzea beheragokoei eskuordetzan ematea, beheragokoen arteko gatazkak ebaztea eta abokazioa, indarrean diren arauetan xedatutakoarekin bat etorriaz.

Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduraduna zuzendari bat izango da, zeina hierarkikoki eta zuzenean sailburuorde egokiaren menpeko izango baita, salbu eta Sailburuaren Kabinetearen Zuzendaritzarako aurreikusitakoa. Hauek izango dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko zuzendarien funtzioak:

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea.

  2. Garatzen diren jardunak bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. Beren ardurapeko arloetan egin beharreko ekintzen planak edo programak proposatzea organo nagusiei.

  4. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein funtzio, edo, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.

  1. Saileko sailburuordetzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun- arloak dagozkio Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari:

    1. Saileko administrazio-atalen barne-araubidearekikoak koordinatzea.

    2. Sailaren aurrekontu aurreproiektuaren prestaketa koordinatzea, eta aurrekontua ebaluatu era aztertzeko prozedurak antolatzea.

    3. Eragin ekonomikoa duten egintza eta xedapenak ikuskatzea; eta, hartarako, 1.000.000 eurotik gorako zenbatekodun espedienteetan Sailaren gastua baimentzea, betiere Jaurlaritzaren Kontseiluaren eskumenak errespetaturik. Halaber, Jaurlaritzaren Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta izaera ekonomikoa duen beste edozein koordinatzea.

    4. Sailaren kontratazio-organoa sailburuordea da, baldin eta lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurotik gorakoa bada.

    5. Euskal Ondareari buruzko Legeak Sailari esleitzen dizkion eskumenak, salbu eta beste organoren bati esleitutakoak.

    6. Hezkuntza-sistemako baliabide materialak eta kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa koordinatzea; eta, hartarako, aipatu baliabideak plangintza orokorrari egokitzen zaizkion ala ez gainbegiratu eta egiaztatzea.

    7. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzearen eta haiekin itunak egitearen arloetan, Sailaren politika koordinatzea; betiere, Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bakoitzak bere eskumenpeko arloan zehaztutako planifikazioarekin bat etorriaz.

    8. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza sistemako giza baliabideen barne direla lan-kontratukoak arloko jardunak ikuskatu eta koordinatzea; betiere bat etorriaz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bakoitzak bere eskumenpeko arloan zehaztutako plangintzarekin.

    9. Beherago zehaztutako eremuetan beka eta laguntzen politika sustatu eta bultzatzea.

      Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

      Irakaskuntzarako instalazio eta eraikinetan obrak.

      Goragoko g) idatzi-zatian aipatu finantzaketa-akordioen ondoriozko beste laguntza batzuk.

    10. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan jantoki- eta garraio-politika sustatu eta bultzatzea.

    11. Sailak Datuak Babesteko Euskal Bulegoarekin dituen hartu-emanak, eta Saila bulego horrekiko koordinatzea.

      1. Hezkuntza-sistema Informazioaren gizarteko beharrizan eta eskakizun berriei egokitzeko, beharrezko sistema informatikoak sustatu eta bultzatzea; hartarako, diseinuren eta planifikazioaren arloan beharrezko eskumenak baliatuko ditu.

        1. Sailaren barne-kudeaketarako behar diren baliabide informatikoak Internet eta Intranet zerbitzuak barne zuzendu, koordinatu eta bultzatzea.

  2. Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren menpe daude zuzendaritza hauek: Kudeaketa Ekonomiaren Zuzendaritza, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritza, eta Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arloak dagozkio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari:

  1. Saileko diru-sarreren eta gastuen aurrekontuei buruzko aurreproiektua prestatzea, eta haiek gauzatzeko kudeaketa eta jarraipena egitea.

  2. Aurrekontu-programen jarraipena eta ebaluaketa, zeintzuekin egiaztatu ahal izango baitira helburuak erdietsi direnentz eta lortutako eraginkortasuna eta efizientzia norainokoak diren; hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek gai horretan dituzten eskumenak.

  3. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eta hezkuntza-sistemako gainerako unitateen kostuen azterketa, Sistemaren finantzaketa-ereduak ezartzeko.

  4. Saileko organo guztiei aholkularitza ematea honako arlo hauetan: finantzaketa, aurrekontu-kudeaketa eta sektore publikoaren kontratuei buruzko legeria; kontratuak gauzatzerakoan eta legeri horretan araututako ezein prozeduratan hura egoki aplikatzea; betiere eragotzi gabe beste organo batzuei esleitutako eskumenak.

  5. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan garraioaren eta jantokien gaineko azterketa, proposamena eta haien kudeaketa.

  6. Unibertsitatez kanpoko Ikastetxe Pribatuen finantzazioaren eta horiekiko itunen arloko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, sistemaren planifikazioari egokitzea eragotzi gabe betiere.

  7. Beherago zehaztutako eremuetan bekak eta laguntzak aztertu, proposatu eta kudeatzea:

    Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetarako bekak, izaera orokorrekoak.

    Goragoko f) idatzi-zatian aipatu finantzaketa-itunen ondoriozko beste laguntza batzuk.

  8. Unibertsitatez kanpoko itunpeko ikastetxeetako irakasleei egin beharreko ordainketa eskuordetua kudeatzea.

  9. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen kudeaketa ekonomiko-administratiboaren eredua ezarri, ikuskatu eta gaurkotzeko txostena eta proposamena egitea, zertarako-eta haien kudeaketa-autonomiaren printzipioa betetzeko.

  10. Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea baina horrek ez ditu eragotziko, batetik, Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak, eta, bestetik, beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak.

  11. Zuzendariari dagozkio honako hauek: 1.000.000 eurotik gorako espedienteetan Sailaren gastua baimentzea, eta Jaurlaritzaren Kontseiluaren eta eskuordeko batzordeen baimena behar duten gastu-espedienteak eta izaera ekonomikoa duen beste edozein prestatzea. Idatzi-zati honetan xedatutakorik kanpo gerazten da dekretu honetako xedapen gehigarrietatik hirugarrenean xedatutakoa.

    1. Sailaren kontratazio-organoa zuzendaria da, betiere lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, salbu eta dekretu honetako xedapen gehigarrietatik hirugarrenean aurreikusitakoa.

      1. Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekiko harremanak koordinatzea.

  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien funtzio generikoez gain, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza honako funtzioak eta jardun-arloak ditu esleiturik: artikulu honetako 2. paragrafoan zerrendatutakoak, zeintzuk kontrakorik esan ezean beherago zehaztutako langileen arlokoak baitira, zehazki, unibertsitatez kanpoko ikastetxeei, irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko zerbitzuei eta Hezkuntzako Ikuskatzailetzari atxikitakoen arlokoak:

    1. Irakasleak.

    2. Hezitzaileak:

    3. Administrazio Orokorreko langileak, ikastetxeei atxikiak direnak.

    4. Saileko lan-kontratuko beste langile batzuk, Sailaren hitzarmen kolektiboari lotuak direnak.

  2. Lan-kontratuko langileei doakienez, zuzendaritzari honako funtzio eta lan-jardun hauek dagozkio:

    1. Goragoko paragrafoko a), b) eta d) idatzi-zatietan aipatutako langileei dagokienez, lan-kontratuko langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriaz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bakoitzak bere eskumenpeko arloan zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea.

    2. Karrerako irakasle funtzionarioen leku-aldatze lehiaketetako oinarri-arauak prestatzea, finkatuko ditu, baremazio-batzordeak izendatzea, eta lehiaketaren garapena kudeatzea.

    3. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzarekin bat etorria oinarri-arauak prestatzea, eta irakaskuntza ikertu eta laguntzeko zerbitzuetako plazak betetzeko merezimendu-lehiaketa kudeatzea.

    4. Goragoko paragrafoko a), b) eta d) idatzi-zatietan zehaztutako langileen nominak kudeatu eta kontrolatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuen eskumenak.

    5. Goragoko 1. paragrafoko a), b) eta d) idatzi-zatietan zehaztutako langileen gastuak aurreikustea.

    6. Goragoko paragrafoko a), b) eta d) idatzi-zatietan zehaztutako langileei dagokienez, sindikatuekiko harremanak eta hitzarmen kolektiborako negoziazioa zuzentzea.

    7. Lan-absentismoa kontrolatzea eta hari buruzko azterlan estatistikoak prestatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat lanean dihardutenen Erroldako irakasleen Atala, otsailaren 19ko 2/1993 Legeko artikuluan aurreikusia.

    9. Administrazio-egoeren deklarazioa, eta unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioei jardunera itzultzeko baimena ematea, zeregin hori beste organo bati ez badagokio.

    10. Bateragarritasun-espedienteak ebaztea eta nahitaezko erretiroen eta ezintasun fisikoagatiko erretiroen deklarazioa.

    11. Zerbitzu eginkizunetan arituko diren langileak izendatzea, eta beste organo batzuek ematen ez dituzten baimen eta lizentziak ematea.

      1. Giza baliabideak ahalik eta egokien kudeatzeko irizpide eta jarraibideak ematea.

        1. Irakasle ez direnen lanpostuen zerrendak proposatzea.

        2. Laneko arriskuen arloan aplikatu beharreko neurriak proposatzea, eta Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzua zuzendu eta kudeatzea.

        1. Oro har, langileen buru izatea, eta administrazio eta kudeaketako egintzak burutzea.

Saileko zuzendaritzen funtzio generikoez gain, honako funtzio eta jardun-arloak dagozkio Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzari:

  1. Hezkuntza-sistema egoki garatzeko, azpiegituretako dotazioak kudeatzea.

  2. Higiezinak eraiki, handitu eta hobetzeari dagokionez, prozeduren instrukzioa eta ikuskapena gauzatzea.

  3. Obra-proiektuak ikuskatzeko zerbitzu espezifiko legez jardunez, obrak ikuskatzea, ikuskapen teknikoa, kalitate-kontrola eta ziurtapenen segimendua; eta, halaber, itundurako prestazioa egoki gauzatzeko beharrezko jarraibideak eman eta erabakiak hartzea; betiere beste sail edo organo batzuei dagozkien funtzioak eragotzi gabe.

  4. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak eta Sailaren gainontzeko bulegoak ekipatzeko dotazio orokor eta bereziak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei dagozkien funtzioak.

  5. Sistema eta baliabide informatikoak planifikatu, diseinatu eta ezartzeko funtzioak Sailari dagozkionak baliatzea, zertarako-eta hezkuntza-sistema informazio-gizartearen premietara behar bezala egokitzeko.

  6. Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ogasun eta Finantza Saileko zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak zentralizatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeari jarraikiz. Era berean, sail horrekin elkarlanean, Sailarenak diren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea.

  7. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzarako erakin eta instalazioetako obrak ikertu, proposatu eta kudeatzea.

  1. Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari:

  2. Laguntza juridikoaren arloan honako hauek dagozkio:

    1. Sailarentzat intereseko diren txosten eta irizpen juridikoak zuzendu eta prestatzea; eta, oro har, Sailaren jarduerei dagokienez aholkularitza juridikoa.

    2. Sailaren jarduera administratiboaren aurka aurkezten diren administrazio-errekurtsoak izapidetzea.

    3. Jaurlaritzaren Kontseiluari eta eskuordeko batzordeei aurkeztu beharreko asuntoez txostenak egitea.

    4. Lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorrak landu eta izapidetzerakoan zuzendaritza, bultzada eta koordinazioa gauzatzea, hain justu ere Sailari eragiten dioten gaietan, eta bai Sailari atxikitako edo Sailaren menpeko edozein erakunderi eragiten dioten gaietan ere.

    5. Administrazioko izapidetzeak eskatzen dituen zuzenbidezko txostenak ematea, eta Saileko organoek eta, hala denean, Sailari atxikitako edo menpeko erakundeek gauzatzen dituzten egintzen prozedura egokitzen eta oinarritze juridikoa egiten, eta irizpenak ematen laguntzea, aholkularitza juridikoaren bitartez.

    6. Sailak izenpetu beharreko erabaki edo hitzarmenen gaineko txosten juridikoak ematea, bai eta aginduzko legezkotasun-txostenak ere, beste organo batzuei dagozkienak izan ezik.

    7. Hezkuntzaren alorrari eragiten dioten gai juridiko espezifikoen gainean unibertsitateen arlokoak izan ezik, ikastetxe publikoek eskatutako txosten eta irizpenak prestatzea.

    8. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana, sailak parte hartzen duen gaietan, eta horien gainean emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola.

    9. Sailaren jarduerari dagokionez, agertzen diren ondarezko erantzukizunei buruzko espedienteak izapidetu eta ebaztea.

    10. Hezkuntzako zerbitzu publikoari atxikitako udal titularitatepeko ondasunak jabari publiko direnak desafektatzeari buruzko espedienteak; hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzen eskumenak.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak Sailari ematen dizkion funtzioak baliatzea.

      1. Datuak babestearen gainean Sailak diseinatzen dituen planak garatzea, eta Datuak Babesteko Euskal Agentziak ezarritako gomendioak eta jarraibideak gauzatzea.

        1. Oro har, Sailari eragiten dioten gaien arloan, bultzada, aholkuak ematea eta koordinazio juridikoaz arduratzea.

  3. Langileen arloan, salbu eta dekretu honetako 10. artikuluak aipatu langileen kasuan, honako hauek dagozkio:

    1. Prozedura egokiak administratu eta kudeatzea, eta hartarako, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenak baliatuko ditu, betiere beste organo eskudun batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe.

    2. Saileko langileen beharrizanak ebaluatzea, eta Saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.

    3. Langileentzako formazio eta hobekuntza planak zein programak sustatzea; betiere, arlo horretan, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin eta Justizia eta Herri Administrazio Sailarekin gauzatu beharreko lankidetza baztertu gabe.

    4. Langileei buruzko arloan, organo eskudunek hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea Saileko zerbitzuei, eta haiek betetzen direla zaintzea.

  4. Aurrekoez gainera, kudeaketa transbertsalaz arduratzen den organoa denez, honako hauek dagozkio:

    1. Saileko Erregistro Nagusiko Bulegoak funtziona dezan, beharrezko baliabideak jartzea.

    2. Sailean Euskaren erabilera normalizatzeko Plana gauzatzeari dagokionez, funtzio garatzea, eta, tokatzen bada, neurri egokiak artikulatu eta sustatzea; hargatik eragotzi gabe irakaskuntzaren arloan beste organo batzuek dituzten eskumenak.

    3. Sailaren administrazio-atalen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea; eta bai kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere; baina horrek ez ditu eragotziko Herri Administrazio eta Justizia Sailari esleitutako eskumenak.

    4. Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen arloan, organo eskudunak emaniko ekimenak eta jarraibideak garatu eta gauzatzea.

    5. Irakaskuntzakoa ez den eremuan, lanpostuen banaketa fisikoari, lanpostuetako ekipamenduari eta eraberritze-lanei dagokienez, Saileko unitateen jardunak zuzentzea, Ogasun eta Finantza Sailari gai honetan esleitutako eskumenak ezertan urratu gabe. Saileko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, eta Sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamenduak administratu eta iraunaraztea.

    6. Sailarentzako euskarri eta aplikazioei dagokienez, informatikaren arloko beharrizanak planifikatu eta koordinatzea, salbu eta dekretu honetako 11. artikuluan aipatuak izanik hezkuntza sistemari artezean atxikiak direnak.

    7. Estatistikaren arloan Sailari dagozkion funtzioak baliatzea; hartarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren estatistika-organo espezifikoa atxikiko zaio. Aparte uzten da laneko arriskuei aurre egiteko arloa, zeina Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuari baitagokio abenduaren 9ko 299/2003 Dekretuan aipatzen da zerbitzu hori.

    8. Herritarrei informazio orokorra emateko funtzioak koordinatzea, eta herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko zerbitzuek (Sailekoek) Herri Administrazio eta Justizia Saileko honako organo honekin interlokuzioa izateaz arduratzea: kanal anitzekoa eta zentralizatzailea izanik, herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duena.

    9. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planeko edukiak identifikatu eta garatzea; hartarako, Legean aurreikusi neurriak bete daitezen, gainontzeko zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin lankidetza, koordinazioa eta aurrerabidea gauzatuko ditu.

  1. Saileko sailburuordetzen funtzio orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arloak dagozkio Hezkuntza Sailburuordetzari:

    1. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzen arloko hezkuntza-politika zehaztu eta koordinatzea; eta, halaber, haren eragina: garapen curricularrean eta arauemailean, irakasleen prestakuntzan, hezkuntza-beharrizan berezietan eta hezkuntza berriztatzeko programen garapenean.

    2. Programazioa bultzatu eta koordinatzea, eta hura inplementatzea unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan.

    3. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak ebaluatzera bideratutako jarduerak ikuskatzea, zertarako-eta irakaskuntzan kalitate-prozesuak jarri eta hobetzera bideratutako neurriak hartu eta kontrolatzeko; hargatik eragotzi gabe Unibertsitatez kanpoko Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak arlo horretan dituen eskumenak.

    4. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak antolatu, berritu eta ikertzeko egintzak zuzentzea.

    5. Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin bat, honako hauek koordinaztea: unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetan, materialei eta giza baliabideei dagokienez, dauden premiak aztertzeko prozesuak koordinatzea eta haiek zehaztea.

    6. Gaien edukiak nola ezarriko diren ikuskatzea, eta sarrera-proben oinarriak, programak eta edukiak ondoren zehazten direnetara sartzeko direnak prestatzen parte hartzea: irakaskuntzako funtzio publikoa, eta hezkuntza ikuskaritzako eta laguntzako zerbitzuak.

    7. Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Sistemaren planifikazioa koordinatzea. Besteak beste, unibertsitatez kanpoko ikastetxeen tipologia eta kokapena zehazteko irizpideak definitzea, langile-premiei erantzuteko proposamenak eta giza baliabideak hobetzeko eta koalifikatzeko planak aztertzea, baita azpiegitura eta ekipamenduetako baliabide-dotazio berriei buruzko proposamenak aztertzea ere.

    8. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren barruan, hizkuntz helburuak hobetzeko proposamenak planifikatu eta horien jarraipena egitea. Ildo horretatik, helburu horiek lortzeko eta kontrolatzeko neurri egokiak hartuko ditu; besteak beste, irakasleen euskalduntze programak kudeatuko ditu eta euskarazko material didaktikoa sortuko du.

    9. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren eta Eskola Publikoari buruzko Legeko III. Tituluaren esparruan, Euskararen erabilera arautzeko Legea garatzeko jarduerak definitu eta koordinatzea. Eta euskararen jakite-maila egiaztatzeko agiriak, honako hizkuntz eskakizunei buruzkoak, emateko prozedurak definitu eta koordibatzea: 1. eta 2. hizkuntz eskakizunak, (HLEA) Hezkuntzako Langileen Euskara Agiria hizkuntz eskakizuna, eta EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) titulua.

    10. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetarako programazioa planifikatzea.

    11. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeari buruzko proposamenak egitea. Eta Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate publikoentzako baimenak emateari eta horiek aldatu eta amaitzeari buruzko proposamenak egitea.

      1. Artikulu honetako a), b), c) eta d) paragrafoetan atxikitako funtzioek ez dituzte eragotziko honako hauek: 16. artikuluan ezarritako funtzioak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarenak direnak.

  2. Hezkuntzako Sailburuordetzaren menpe egongo da Hezkuntzako Ikuskatzailetza, eta Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Euskal Eskola Publikoaren Legeko 25. artikuluaren 2. paragrafoan esleitzen zaizkion funtzioak gauzatuko ditu, eta bai indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkionak ere.

  3. Halaber, (ISEI-IVEI) Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea Hezkuntza Sailburuordetzaren menpe dagoelarik, otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuan ezarritako funtzioak burutuko ditu, baita agintzen zaizkion beste batzuk ere.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arloak dagozkio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari:

  1. Unibertsitatez kanpoko mailetan irakaskuntza planifikatu, bultzatu eta garatzea, hezkuntza berriztatzeko programen jarraipena barne dela.

  2. Curriculuma garatzeko material didaktikoa prestatzea bultzatzea.

  3. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan teknologia berriak garatu eta ezartzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetan, hezkuntza-curriculuma egoki garatzera bideratutako arauak aplikatzeko proposamenak, ebaluazio-lanak eta azterlanak egitea. Esparru orokor horren barruan, eskola-curriculumeko euskal alderdi espezifikoa definitu, garatu eta aplikatzera bideratutako neurriei arreta berezia eskaintzea.

  5. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren ebaluazioa erregulatzeko proposamena egitea.

  6. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzari dagokionez, programa europarretan eta Batasuneko egintzetan parte hartzeko beharrezko ekintzak sustatu eta bultzatzea.

  7. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-ebaluazio eta -ikerketa zerbitzuak sustatzea, eta, orobat, eskolari laguntzeko beste zerbitzu batzuk, hain justu ere kanpoko baliabide didaktikoak zuzentzeari dagokionez nahiz eskola barneko laguntza izateari dagokionez, betiere ikastetxeen arloan.

  8. Hezkuntza-sistemako hezkuntza-beharrizan berezietako neurriak aztertu, ebaluatu eta proposatzea.

  9. Unibertsitatez kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntza-plana diseinatu, aplikatu eta kontrolatzea, Lanbide Heziketako irakasleena izan ezik; eta hori, birziklatze orokorraren arloan eta bai zenbait espezialitateren arloen ere.

  10. Unibertsitatez kanpoko mailetan egin daitezen hezkuntza-esperientziak baimentzea eta horien jarraipena eta kontrola egitea.

  11. Euskararen erabilera arautzeko Legeko II. Tituluko II. kapitulua eta Euskal Eskola Publikoari buruzko Legeko III. titulua eraginez aplikatzen dela bermatzearren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bere euskara zerbitzuen bidez beretzat hartuko du euskara erabiltzeko aukerak eta testuinguruak sustatu eta dinamizatzearena, hezkuntzaren arloan, hain justu ere gelaren barruan zein kanpoan, betiere bat etorriaz euskararen lege horretako 17. artikuluan ezarritakoarekin.

    1. Artikulu honetako a), d), e) eta f) paragrafoetan atxikitako funtzioek ez dituzte eragotziko honako hauek: 17. artikuluan ezarritako funtzioak, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari dagokionez:

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arloak dagozkio Ikastetxeen Zuzendaritzari:

  1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoen kokapena eta programazioa garatzea, eta unibertsitatez kanpoko irakasleen beharrizanak definitzea; hartarako, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinazioan arituta betiere.

  2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate pribatuentzako baimenak zilegitu, aldatu era amaitzeko prozedurak abiatu eta izapidetzea, eta emandako baimenen betekizunei eusten zaiela gainbegiratzea.

  3. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe eta unitate publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko prozedurak hasaraztea eta izapidetzea.

  4. Hezkuntza-sektoreek ikastetxeetako bizitzan parte-hartzea sendotzea.

  5. Ikastetxeetako oinarrizko ekipamendu-moduluak diseinatzea, eta ekipamendu-premiei eta baliabide material beharrei buruzko txostenak egitea.

  6. Ikastetxeek egoki funtziona dezaten behar diren administrazio-neurriak hartzea.

  7. Ikastetxeak eraentzeko araubidea kontrolatzea.

  8. Hezkuntza-itunen deialdirako ikastetxeak proposatzeari buruzko txostena egitea, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin lankidetzan.

  9. Erregimen bereziko irakaskuntzak ezarri eta garatzeko diseinua eta programazioa egitea: Hizkuntza-ikasketak, arte-ikasketak eta kirol-ikasketak, barne direla Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasketak.

  10. Etapa, maila, ikastetxe eta zerbitzuei irakasleak esleitzea, Sailaren jarduera eta lehentasunen arabera.

  11. Artikulu honetako d), e), f), g) eta h) paragrafoetan atxikitako funtzioek ez dituzte eragotziko honako hauek: 17. artikuluan jasotako funtzioak, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari dagokionez:

  12. Helduen hezkuntzarako programak garatzeko beharrezko ekintzak sustatu eta aplikatzea.

  1. Helduen hezkuntzarako ikastetxeetako materialak eta giza baliabideak planifikatzea.

  2. Helduen hezkuntzarako unitateak eta ikastetxeak sortu, eraldatu eta kentzea, eta bai eta unibertsitatez kanpoko irakasleen beharrizanak definitzea; hartarako, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzarekin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzarekin koordinazioan arituta betiere.

  1. Saileko sailburuordetzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arloak dagozkio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari:

    1. Lanbide Heziketako Euskal Plana garatu, aplikatu eta eguneratzea, horretarako beharrezko neurriak hartuta.

    2. Jakintzaren gizarte berrian sartzeko eta haren aukerak aprobetxatzeko eredua inplementatzeko, bizitzan zehar egin beharreko ikaskuntza-ekintzak diseinatu, definitu eta aplikatzea.

    3. Lanbide heziketaren arloan, jarraibideak, deseinua eta planifikazio estrategikoa prestatzea, baldin eta horiek bizitzan zehar koalifikazioak emendatu edo eskuratzea badakarte.

    4. Lanbide-heziketako ikastetxeetan hasierako lanbide-heziketa programatu eta inplementatzea.

    5. Lanbide-heziketa ebaluatzea, lanbide-heziketaren kalitatea ziurtatzera bideratutako neurriak hartu eta kontrolatzea.

    6. Hezkuntza-sisteman lanbide-heziketa antolatu, eraldatu eta berritzeko egintzak planifikatzea.

    7. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketan giza baliabide eta baliabide materialetan diren beharrizanak definitu, aztertu, planifikatzea, eta, orobat, irakasleentzako koalifikazio- eta -hobekuntza-planak.

    8. Espazioak, instalazioak eta ekipamenduak hornitzeko beharrezko baliabideak planifikatzea; hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketa emateko izango dira baliabide horiek.

    9. Lanbide heziketari dagokionez, unitate eta ikastetxe pribatuentzako baimenak zilegitu, aldatu eta amaitzeari buruzko proposamenak egitea. Eta unitate eta ikastetxe publikoak sortu, eraldatu eta kentzeari buruzko proposamenak egitea.

  2. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren menpe izanik, Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluak honako funtzio hauek burutuko ditu: otsailaren 22ko 100/1994 Dekretuan ezarritakoak irailaren 8ko 222/1998 Dekretuaz aldatu zen dekretu hori.

  3. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren menpe izanik, Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren Institutuak honako funtzio hauek burutuko ditu: ekainaren 23ko 119/1998 Dekretuan ezarritakoak.

  4. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren menpe izanik, Lanbide Heziketako Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziak honako funtzio hauek burutuko ditu: apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuan ezarritakoak.

  5. Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren menpe izanik, (TKNIKA) Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroak honako funtzio hauek burutuko ditu: martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuan ezarritakoak.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari:

  1. Hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketa ikasten ari diren ikasleen artean, izaera ekinzalea sustatzea eta enpresa-kultura sendotzea bultzatzea.

  2. Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arlo osoa antolatu eta erregulatzen duten araudiei buruzko proposamenak egitea, gure eskumenen esparruan.

  3. Lanbide Heziketako heziketa-zikloak osatzen dituzten curriculum-diseinuak garatzeko araudi-proposamenak prestatzea.

  4. Hezkuntza-sisteman Lanbide Heziketako irakaskuntzak antolatu, eraldatu eta berritzeko jarduerak zuzentzea.

  5. Unibertsitatez kanpoko unitate eta ikastetxe publikoak kentzearen edo eraldatzearen arloan, lankidetzan aritzea Ikastetxeen Zuzendaritzarekin.

  6. Hezkuntza- eta ekoizpen-sektoreek Lanbide Heziketako ikastetxeetako bizitzan duten parte hartzea sustatzea.

  7. Hezkuntza-sisteman, Lanbide Heziketako titulu bakoitzarentzako lanbide-heziketarako beharrezko oinarrizko gune-, instalazio- eta ekipamendu-moduluak definitzea.

  8. Lan-merkatuak eskatzen dituen koalifikazioak aldatzen diren neurrian, prestakuntza aldaketa haiei etengabe egokitzeko tresnak ezartzea.

  9. Gizarte-eragileek erantzukizunetan parte izatea sustatzea, lantokietan prestakuntza-eskaintza bat egin dezaten; hala, lanbide-heziketan partaidetza-kultura sortzeko, hain justu ere hezkuntza-sistema eta lan- eta- ekoizpen sistema erlazionatuko dituena.

  10. Lantokietan gauzatuko den prestakuntzaren gaineko jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema taxutzea; eta hartarako, prestakuntzaren tutoretza-kontrola ziurtatuko da.

  11. Lanbide Heziketako ikastetxeek egoki funtziona dezaten, beharrezko administrazio-neurriak hartzea.

  12. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eraentzeko araubidea kontrolatzea.

  1. Hezkuntza-itunak deitzeko, lanbide-heziketako ikastetxe pribatuek egindako proposamenari buruzko txostena egitea.

  2. Lanbide-heziketaren arloan irakasleak esleitzeari buruzkoak definitzea, betiere Sailaren jarduera eta lehentasunen arabera.

  1. Bizitzan zehar ikasketak egiteko estrategiak diseinatu eta planifikatzea.

  2. Lanbide-heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-plan bat diseinatu eta aplikatzea eta haren gaineko jarraipena egitea; eta kontuan hartuko dira eguneratzea eta espezializatzea ere.

  3. Hasierako lanbide-heziketarako programak garatzeko beharreko ekintza sustatu eta aplikatzea.

  4. Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren, bizialdi osoko ikaskuntzaren eta e-Learning-aren inguruan Europatik datozen programa eta jardueretan esku hartzeko beharreko ekintzak sustatu eta bultzatzea.

  5. Beste bi gauza hauek proposatzea: prestakuntza-zikloetako eskaintza partziala, eta bizialdi osoko ikaskuntza ahalbidetuko duen prestakuntza-eskaintza, lau prestakuntza-bide hauek erabiliz: aurrez aurrekoa, urrunekoa, on-line eta/edo teleprestakuntza.

  6. Bizialdi osoan ikasketa erabilgarriak egiteko jarduerak garatzea eta egitea proposatzea.

  7. Gaitasuna aitortzeko ekintzak eta bizialdi osoan ikasten jarduteko sistema ebaluatzeko ekintzak planifikatzea, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin koordinaturik.

Saileko sailburuordetzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzari:

  1. Sailaren unibertsitate-politika diseinatzea, arloko eragileekin batera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-arlokoak diren ikasketa arautu guztiak harmonizatzeko eta gizartearen beharrizanetara egokitzeko tresnak artikulatzea, unibertsitate-politikan ezarri dituen helburuak lortzeko.

  3. Euskal unibertsitate-sistemaren garapen osoa koordinatzea.

  4. Unibertsitate-arloko harremanak koordinatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste erkidegoen artekoa, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren artekoak.

  5. Egoki iritzitako kontratu eta hitzarmenak egitea unibertsitate, departamentu, ikastetxe, unibertsitate-institutu eta ikerketa-zentroekin, edo erakunde publiko edo pribatuekin, Euskal Autonomia Erkidegokoak izan zein ez.

  6. Aukera-berdintasuna lortzeko, ikasteko bekei eta laguntzei buruzko politika planifikatu, aztertu eta proposatzea.

  7. Sailburuordetzaren eskumen-eremuan, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez indarrean dauden arauetan eta planetan ezarritako neurriak bete daitezen eragitea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari esleitu zaizkion eskumenak.

  8. Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea bultzatu eta bermatzea.

  9. Unibertsitate-planaren eta kontratu-programen diseinua eta onarpena bultzatzea eta sustatzea, baita horiek eguneratzea ere.

  10. Euskal Herriko Unibertsitateko langileen euskalduntzea bultzatzea eta horretarako laguntza ematea.

  11. Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateen eta inguruko eta kanpoko unibertsitateen arteko trukaketa eta mugikortasuna bultzatzea; kanpoko unibertsitateei dagokienez, indartu egingo dira Iberoamerikako unibertsitateekiko aliantzak.

  12. Unibertsitatearen jarduera akademikoetan, irakaskuntza eta zientzia garatzeko beste hizkuntza batzuk jakitea eta erabiltzea sustatzea.

  1. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziarekin lankidetzan aritzea, indarreko legeriak esleitzen dizkion funtzioak gauzatu ahal izateko, eta hari sostengua ematea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa dagozkion alderdi guztietan.

  2. Unibertsitateei esleitutako etengabeko ikaskuntza bultzatzea eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe Lanbide Heziketako Sailburuordetzari izendatutako eskumenak.

  1. Zientzia eta teknologiaren garapena interes orokorrari begira bultzatzea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin batera eta Osasun Sailarekin batera jarduteko bideak ezarrita, hargatik eragotzi gabe sail horiei edo beste batzuei dagozkien eskumenak.

  2. Euskal gizartean, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloko sentiberatze-, jendarteratze- eta prestakuntza-planak aurrera eramatea, eta, horretarako, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekiko lankidetza bultzatzea, hargatik eragotzi gabe sail horri edo beste batzuei dagozkien eskumenak.

  3. Jaurlaritzako sailek ikerketaren arloan egiten dituzten jarduerak antolatu, planifikatu, sustatu eta koordinatzea.

  4. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Plana egiterakoan parte hartzea, eta planaren garapena bultzatzea.

  5. Harremanetarako organo izatea nola Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean dauden eragileekiko hala ikerketa-arloko erakunde arteko topaguneekiko, betiere eginkizun hori beste organoren bati esleituta ez badago.

  6. Lankidetza bultzatzea eta sustatzea unibertsitate, ikerketa-zentro, enpresa, zentro teknologiko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuen artean; etekinik handiena atera nahi zaio, hala, ikerketa-arloko baliabideen erabilerari, ezagutza zientifikoa gizartera transferitzerakoari eta ikerketarako baliabide pribatuak erakartzeari, hargatik eragotzi gabe Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzari arlo honetan esleitutako eskumena.

  7. Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren jarduerak bultzatzea eta koordinatzea; Ikerbasque 2006ko abenduaren 18an sortu zen.

  8. Ikerketaren eta teknologia-garapenaren politikako ildo nagusiak lantzea, lehentasunezko arloak ezartzea, helburu zientifiko eta teknologikoak zehaztea, eta, ikerketaren eta teknologia-garapenaren arloan, hainbat urtetarako planak egitea, hargatik eragotzi gabe Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari arlo honetan esleitutako eskumena.

  9. Ikerketarako programa eta proiektuei, giza baliabideen hautaketa eta prestakuntzari eta azpiegituren sorrerari dagokien arloan, ikerketarako eta teknologiaren garapenerako planak behar bezala gauzatzeko eta plan horiek ebaluatzeko tresnak diseinatzea, hargatik eragotzi gabe arlo honetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari esleitu zaion eskumena.

  10. Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sistema Europako ikerketa-sisteman zailtasunik gabe sartzea bideratuko duten neurriak eta ekintzak bultzatzea, hargatik eragotzi gabe teknologia eta berrikuntzaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuei dagozkien eskumenak.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoan, ikerketarako azpiegituren multzoa hainbat eragileren artean sortzeko eta erabiltzeko neurriak eta ekintzak bultzatzea, eta indarreko ordenamendu juridikoak esleitutako beste edozein funtzio.

  1. Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Unibertsitate Zuzendaritzari:

    1. Proposamenak egitea honako hauek sortu, aldatu eta ezabatzeko: fakultateak, eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak, edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzeko edo kentzeko baimenak planteatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate, Ikastetxe eta Unibertsitate Irakaskuntzen Erregistroa garatzea eta kudeatzea.

    4. Atzerriko unibertsitateetako hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeen espedienteak aztertzea, baimenak eman ahal izateko, eta aplikatzekoa den ordenamendu juridikotik datorren beste edozein ahalmen.

    5. Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia fundazio pribatuarekiko harremanak koordinatzea eta harekin lankidetzan aritzea; Musikene 2001eko ekainaren 7an sortu zen.

    6. Ikastetxeak unibertsitate publikoari edo pribatuari atxikitzeko edo atxikipen hori kentzeko proposamenak aztertzea, hartarako onarpena eman ahal izateko.

    7. Zaintzea, eskumeneko ikuskaritzaren bidez, unibertsitateek betetzen dutela bai otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legean ezarritakoa eta bai aplikatzekoa den gainerako ordenamendu guztian ezarritakoa.

    8. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bidez, bekei, ikasketetarako kredituei eta unibertsitate-laguntzei buruzko politika garatu eta kudeatzea, baita politika hori koordinatzea ere.

    9. Unibertsitate Plana behar bezala gauzatzeko eta ebaluatzeko behar diren tresnak diseinatu eta kudeatzea, eta planaren idazkaritza teknikoari dagozkion funtzioak betetzea.

    10. Unibertsitate legeriari buruzko aldaketak proposatzea, lege-aurreikuspenak egokitzeko edo aldatzeko.

    11. Unibertsitateekin programa-kontratuak hitzartzeko proposamenak egitea; kontratuok izaera administratiboa izango dute, diru-laguntzak izango dira.

    12. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren arteko harremanak koordinatzea, baita unibertsitate pribatuetan horren kideko diren organoekiko harremanak koordinatzea ere.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate publikoei dagokienez:

    1. Unibertsitate publiko bat sortzeko edo kentzeko behar den lege-proiektua egitea, eta proposamena Eusko Jaurlaritzari helaraztea.

    2. Unibertsitate publikoen jarduerak hasteko baimena ematea, indarrean dagoen legerian eta sortzeko legean aurreikusitako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero.

    3. Unibertsitatearen finantzaketari buruzko proposamena egitea, unibertsitateari entzun eta Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak txostena egin ondoren.

    4. Inbertsio eta azpiegituretarako hainbat urtetarako programa egin, onartu eta ikuskatzea.

    5. Egitura tekniko baten sorrera sustatzea, hitzarmen, akordio edo itun kolektiboen negoziazioan alderdi publikoaren ordezkaritza bere gain har dezan eta elkar-hartze horien jarraipena egin dezan.

    6. Eusko Jaurlaritzari, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarrien mugak ezartzeko proposamena egitea nola funtzionarioen hala lan-kontratukoen kasuan, eraginkortasun- eta efizientzia-irizpideekin bat.

    7. Euskal unibertsitate publikoko ikaspostu berrien eskaintza onartzea.

    8. Unibertsitateko prezio publikoak finkatzeko araudia egitea; prezio publiko horiek irakaskuntza-zerbitzuei eta legez ezartzen diren beste eskubide batzuei dagozkie.

    9. Azterketa egitea euskal unibertsitate-sistemaren eremuan ondasunak jabari publikotik kentzeko eta, hala egokituz gero, horietaz xedatzeko.

    10. Kostuen ebaluazioa egitea, nola irakasle eta ikertzaileei dagokienez hala administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, eta lanpostu eta kontratuen aurreikuspena egitea, hartarako baimenak eman ahal izateko.

    11. Aztertzea, baimendu ahal izateko, kapital-eragiketetatik gastu arrunteko eragiketetara egin beharreko kreditu-transferentziak, baita zorpetzeko eta bermeak eskatzeko eragiketak ere.

    12. Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateekin, unibertsitate-informazioaren sistema integratuari dagokion alderdi oro koordinatzea.

    1. Zuzendaritza honen mendean dauden erakunde guztietan, kontabilitate analitikoaren erabilpena bultzatzea eta sustatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate pribatuei eta, hala denetan, Eliza Katolikoaren unibertsitateei dagokienez:

    1. Unibertsitate horiek onartzeko lege-proiektua egitea, edo, hala badagokio, onarpen hori kentzekoa, eta nola bata hala bestea Eusko Jaurlaritzari proposatzea.

    2. Publikoak ez diren unibertsitateen onarpena sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek onarpen horretarako behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

    3. Publikoak ez diren unibertsitateen ekintzak aztertzea eta horien gaineko txostena egitea, ekintza horiek otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen 110.3 artikuluan jasotakoak badira.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari:

  1. Proposamenak egitea eta gauzatzea, Eusko Jaurlaritzako sailekiko eta bestelako erakunde batzuekiko koordinazio zientifiko eta teknologikoa bideratuko duten tresnak sortu eta horien jarraipena egiteko.

  2. Irizpideak ezartzea, ikerketarako eta teknologia-garapenerako programak eta proiektuak ebaluatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko, baita unibertsitate-eta zientzia-arloan azpiegiturak sortuko dituzten programak ebaluatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko ere.

  3. Ikerketarako proiektu eta programei nahiz azpiegiturei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak zer baliabide izendatuko dituen proposatzea, eta proiektu eta azpiegitura zientifikoei buruzko datu-banku edo erregistro bat sortzea, baliabideak efizientzia handiagoz kudeatu ahal izateko.

  4. Ikertzaileak hautatzeko eta prestatzeko programak egitea eta gauzatzea, eta, horretarako, ikertzaileen jarduna prestatzea eta ikuskatzea; halaber, ikertzaileak prestatzeko programetarako lankidetza eskaintzea, doktoretza-eskolei eta unibertsitateetan horien kideko diren organoei laguntza emanda.

  5. Laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak ezartzea, zehaztea eta kudeatzea, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduera bultzatzeko eta interes estrategikoa duten gaien ikerketa sustatzeko.

  6. Ikerketa traslazionalera bideratutako laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak ezartzea, zehaztea eta kudeatzea; areagotu egin nahi da, hala, ezagutza zientifikoa sektore pribatura transferitzeko aukera eta baliabide pribatuak ikerketa-zereginetarako erakartzeko ahalmena.

  7. Sailak hitzartutako programa-kontratuetan jasotako ikerketa-arloko aurreikuspenak aurkeztea eta ikuskatzea.

  8. Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Planaren ondorioz Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagozkion programak kudeatzea, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta beste eragile ekonomiko eta sozialekin batera.

  9. Ikerketa-programetan, formula berriak prestatzea eta gauzatzea, sistemak eta zientzia-komunitateak berrikuntzaren erronkei eta Europako Ikerketa Esparruari aurre egin diezaieten.

  10. Sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko programetan, formula berriak prestatzea eta gauzatzea, ezagutzaren transferentzia egiteko.

  11. Erakundeen arteko jarduerak gauzatzeko planak, azterlanak, txostenak eta proposamenak egitea, zuzendaritza honen eskumeneko gaietan.

  12. Euskal gizartearen kultura zientifikoa bultzatzea, ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloan sentiberatze-, jendarteratze- eta prestakuntza-programak landuta.

  1. Bere eginkizunak betetzerakoan gauzatutako jardueren jarraipena egitea.

  2. Ikerbasque fundazioaren jarduerak ikuskatzea; Ikerbasque, Zientziarako Euskal Fundazioa, talentua biltzeko eta erakartzeko sortua da.

  1. Oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako zentroen jarduna (BERC) eta garapena bultzatzea, Euskadin puntako ikerketan diharduten taldeek eta horiek lantzen dituzten lerroek nazioartean prestigioa handiagoa izan dezaten. Hartara, Euskadi talentua erakartzen duen gune bihurtzen lagunduko da, eta, aldi berean, unibertsitateetako ikertzaileekin eta Euskadin I+G+b helburu duten beste zentro batzuetako ikertzaileekin lankidetzan aritzeko tresnak ezartzea sustatutako da.

  2. Urtero Euskadiko Ikerketa Sarirako deialdia egitea, Euskadin eragin onuragarria ekarri duen ikertzaile eta talde kualifikatuen lana eta ahalegina sustatzeko eta bultzatzeko.

  3. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan eta urtarrilaren 13ko 2/2009 Dekretuan ezartzen zaizkion funtzioak garatzea. 96/1997 Dekretuaren bidez, Zientzia,Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu eta arautu zen, eta, horretarako, batetik, Euskadiko Teknologia Ikerketarako Erakundeekiko elkarlana eta koordinazioa finkatu zen, eta, bestetik, erakunde horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu ziren. Gerora, 278/2000 Dekretuak aldatu egin zuen 96/1997 Dekretua. 2/2009 Dekretuaren bidez, berriz, Bitariko Transferentzia Batzordeak 2008ko abenduaren 11n hartutako Akordioa onetsi zen; akordio horren arabera, ikerketa eta garapen zientifiko nahiz teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion.

  4. Ikerketa-politikaren arloko neurriak bultzatzea, zehazki, abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoan, 3/2004 Legean eta 2/2009 Dekretuan jasota daudenak. 2009 Dekretuaren bidez, Bitariko Transferentzia Batzordeak 2008ko abenduaren 11n hartutako Akordioa onetsi zen; akordio horren arabera, ikerketa eta garapen zientifiko nahiz teknikoko eta berrikuntzako funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zitzaizkion.

  1. Saileko sailburuordetzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, hura baita hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organo gorena:

    1. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta haren jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek bete beharko dituzten arlo horretako jardun-irizpideak garatzea eta ezartzea.

    2. Jaurlaritzaren Lehendakaritzak eta Jaurlaritzako sail guzti-guztiek beren egitura organiko eta funtzionaletan abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren bidez sortuak dituzten edo sortu behar dituzten euskara-atalen jardunerako irizpideak ezartzea, politika publikoetan eta kudeatzen dituzten administrazio-gai guztietan euskara bultzatzen laguntzeko.

    3. Bermatzea hizkuntzaren arloan berariazko funtzioak dituzten Jaurlaritzako organo eta zerbitzuek sarean, koordinatuta eta modu osagarrian jarduten dutela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean.

    4. Arlo honetako zuzendaritzek hizkuntza-politika zuzentzeko egindako arauak ezartzeko, aldatzeko edo aplikatzeko proposamen orokor zein zehatzak koordinatzea eta, hala badagokio, sailburuari helaraztea.

    5. Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko erakundeek egindako ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, edozein dela ere horien eremua, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa eta izan dezan.

    6. Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra prestatzea eta jarduera bateratuak gauzatzeko planak egitea, Jaurlaritzak onar ditzan.

    7. Hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoak lankidetzan aritzeko neurriak dinamizatzea eta bultzatzea, horretarako behar diren ekimen guztiak sustatuta, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa areagotuko duen beste edozein formula ikertuta.

    8. Azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak. Esleitutako jardun-arloan, eta euskararen erabilera normalizatzeari begira, arreta bereziz zainduko du botere publikoek betetzen dituztela xedapen orokorrak, Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak, eta betetze-maila hori ebaluatuko du.

    9. Hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta normatibizatzen diharduten erakundeekin harremanak izatea eta, euskal hiztunen komunitate osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere lankidetzan aritzea.

    10. Hizkuntza-eskakizunak zehazteko eta eskakizun horiek aplikatzeko proposamena egitea, Euskal Funtzio Publikoaren Legean ezarritako ondorioetarako. Gainera, herri-administrazioekin batera arituko da irizpide horietara egokitzeko planak lantzen eta ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzen. Horrek guztiak ez ditu eragotziko administrazio horietako bakoitzak dituen eskumen eta eskurantzak, ezta, hala dagokionean, Jaurlaritzako sailek dituztenak ere.

    11. Euskararen jakintza-mailari dagozkion titulu eta ziurtagiriak homologatzeko prozedura aurrera eramatea, izan agiriok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailek edo horien mendeko erakundeek emandakoak, izan hizkuntza-eskola ofizialek emandakoak, edo izan berez helduen euskalduntzearen arlotik kanpo egonda ere euskara irakasten duten beste erakunde batzuek emandakoak. Halaber, dagoeneko homologatuta daudenak eguneratzea edo/eta egokitzea dagokio. Horretarako, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan jasotako aurreikuspenak beteko ditu, besteak beste, eta, ondorioz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari atxikita dagoen Baliokidetzen Jarraipen Batzordeari esleitutako eginkizunak zuzenduko ditu.

    12. Euskaratik beste hizkuntza batzuetara edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara zinpeko itzultzaile eta interprete aritzeko habilitazio profesionala lortzeko prozesuak kudeatzea, eta, horrekin batera, profesional horien erregistroa sortzea.

  2. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, esleitu zaizkio funtzioak gauzatzeko, honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki bere mendean:

    1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

    2. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.

  3. Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea erakunde autonomoa (HABE), azaroaren 25eko 29/1983 Legean ezarritakoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez.

  4. Euskararen Aholku Batzordea, uztailaren 11ko 132/200 Dekretuan ezarritakoarekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio:

  1. Euskararen erabilera normalizatzeko legeria garatzeko arauzko neurriak aztertzea eta proposatzea, baita kontratazioan, argitalpenetan, administrazioaren baimenpean edo kontzesiopean dauden jardueren eremuan hizkuntza-irizpide orokorrak aztertzea eta proposatzea ere.

  2. Euskararen erabilera normalizatzeko hartutako arauzko neurriak eta neurri administratiboak benetan betetzen diren eta eraginkorrak diren aztertzea eta horren jarraipena egitea.

  3. Aurrera eramatea dekretu honetako 21.1 artikuluaren b) idatzi-zatian ezarritakoa betetzeko behar den jarduna.

  4. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Plana lantzeko eta garatzeko beharrezko jotzen den jarduna proposatzea, eta egoki irizten diren neurriak proposatzea planaren koordinazioa eta jarraipena Eusko Jaurlaritzako sailetako arduradunekin batera egiteko nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio instituzionaleko erakundeetako arduradunekin batera egiteko.

  5. Aholkularitza eta laguntza eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundietako, udaletako eta gainerako erakunde publikoetako euskara-planak diseinatzeko eta inplementatzeko.

  6. Plan horien horren jarraipena egiteko eta betetze-maila ebaluatzeko lanak egitea, baita eta planak berrikusteko irizpideak zehaztea eta ezartzea ere.

  7. Proposamenak egitea instituzioetako eta gainerako erakunde publikoetan euskara planak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta funtzionamenduan jartzeko.

  8. Aholkularitza eta laguntza eskaintzea sozietate publikoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako euskara planak diseinatzeko eta inplementatzeko.

  9. Azpiegiturak bultzatzea esleiturik duen helburu nagusiari begira eta, hala egokitzen bada, horien arduradunak prestatzea, metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten, hargatik eragotzi gabe beste administrazio-organo batzuei esleitu zaizkien eskumenak.

  10. Aurrera eramatea dekretu honetako 21.1 artikuluaren j) idatzi-zatian ezarritakoa betetzeko behar den jarduna. Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua ere kudeatuko du.

  11. Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, goi-mailako ikasketak eta unibertsitatekoak eginda lortutako hizkuntza-maila aztertzea, lortutako maila horren homologazioa euskararen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arabera eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren arabera egiteko, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako beste organo batzuei esleitu zaizkien eskumenak.

  12. Behar diren txostenak ematea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zer eragin duten zehazteko eta hizkuntza-arloan indarrean dagoen araudira egokitzen diren argitzeko.

  1. Hala eskatzen duten herritarrei, beren hizkuntza-eskubideak babesteko informazioa eta aholkularitza ematea, eta eragindako erakundeei eskubide horiek bete daitezen elkarlana eskaintzea, uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak sortutako Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren bitartez.

  2. Euskal herri administrazioetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten gainean derrigorrezko txostena egitea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 97.5 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz. Halaber, kasuan kasuko erabilera-planei buruzko txostenak egingo ditu, 86/1997 Dekretuarekin bat (86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena).

  1. Hizkuntza-politikan eskumena duten botere publikoen arteko lankidetza bultzatzea, koordinatuta jardun dezaten. Horretarako, instituzionalizatu egingo da Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordea (HAKOBA).

  2. Dekretu honetako 21.1 artikuluaren k) idatzi-zatian ezarritakoa betetzeko behar den jarduna garatzea. Halaber, zinpeko itzultzaile eta interprete aritzeko habilitatuta dauden profesionalen erregistroa kudeatuko du.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari:

  1. Euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea.

  2. Euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzea, baita euskarazko hedabideak bultzatzea ere.

  3. Euskara normalizatzera eta hizkuntza-ondarea aberastera bideratutako ekimen pribatuak sustatzea.

  4. Bide-seinaleetan eta hizkuntza-paisaian, oro har, toponimia normalizatzeko jarduerak gauzatzea; jarduerok, betiere, Euskararen Aholku Batzordearen Toponimiako Batzorde-atal Bereziari ez dagozkionak izan behar dute.

  5. Euskararen corpusa estandarizatu eta modernizatzea, hargatik eragotzi gabe Euskararen Aholku Batzordeak horretarako bideratzen dituen beste ekintza batzuk.

  6. Euskalterm terminologia-banku publikoa kudeatzea eta euskarazko terminologiaren inguruan lanean ari diren erakundeekiko lankidetza sustatzea.

  7. Bere kabuz edo beste erakunde edo organo batzuekin elkarlanean, berez esleiturik duen egiteko nagusia betetzeari begira bideratutako beste edozein jarduni ekitea.

  8. Gazteak euskara erabiltzera bultzatzeko ekimenak eta programak proposatu eta kudeatzea.

  9. Euskalgintzaren alorreko erakunde nahiz elkarteekin lan-harremanetan, euskararen osorako intereseko proiektuak garatzea.

  10. Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita egoteak Sailari dakarzkion zereginak gauzatzea.

Saileko zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari:

  1. Euskararen Aholku Batzordeko batzorde-atal berezien koordinazioa eta jarraipena egitea, bai eta batzordearen idazkaritza-lanak egitea ere.

  2. Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzea, eta eremu horretan euskara presente egon dadin beharrezkoak diren proposamenak egitea eta kudeatzea.

  3. Erakunde pribatuen euskara-planak diseinatzen, abian jartzen eta garatzen laguntzea eta horren sustapena egitea.

  4. Erakunde publiko eta pribatuen jardueretan euskararen erabilera nolakoa den jakiteko eta ebaluatzeko sistema bat ezartzeko azterketa egitea, eta sistema horren ezarpena sustatzea, gaur egun indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta.

  5. Lankidetza-proiektu europarrak koordinatzea eta kudeatzea, hizkuntza-politikaren ardura duten beste elkarte eta organismoekin batera.

  6. Euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatzea, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Foru Erkidegoko erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan eta haiekin koordinatuta arituz.

  7. Sailburuordetzaren eskumenean dauden alorretan egokitzat jotzen diren azterlan eta ikerketak egitea, eta horien dokumentazioa eta zabalkundea.

  8. Euskararen Aholku Batzordeko Toponimiako Batzorde-atal bereziak lanerako behar dituen datuak jasotzea eta tratatzea.

  9. Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Mapa Soziolinguistikoa aldian-aldian egitea eta berrikustea; bestelako hizkuntza-ikerketak egitea eta bultzatzea, eta Dekretu honen 21.1 artikuluko d) idatzi-zatiko ikerketak eta lanak koordinatzea.

    XXI. mendeko euskararen erabileraren parametroak identifikatzea (Internet, gizarte-sareak, tresna teknologiko berriak), eta alor honetan egoki irizten diren azterlanak eta ikerketak bultzatzea.

  1. Behaketa- eta prospekzio-proiektu estrategikoak garatzea nazioarteko mailan, hizkuntza-politikaren arloan berrikuntza dakarten jardueren jarraipena eginda. Ikerketa eta lankidetzarako akordioak bideratzea, gutxiengoen hizkuntzek Europar Batasunean eta handik kanpora bizi duten errealitate sozialaren berri izateko.

  2. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren / Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren jarraipena egiteko, plana ebaluatzeko eta aldian-aldian eguneratzeko gauzatu behar diren azterlanak eta analisiak egitea.

  1. Etxepare Institutuarekin lankidetzan aritzea, euskarak hizkuntzen arloko azoka, sare eta abarretan tokia izan dezan, eta ahalegina egitea horietan parte hartzerakoan euskararen lurralde guztietako ordezkariak elkarrekin aritu daitezen.

  2. Euskararen sustatzeko eta garatzeko lanak euskararen geografiako beste lurraldeekin batera egiteko bideak bultzatzea.

  1. Espainiar Estatuko gainerako hizkuntzetan eskumenak dituzten erakundeekiko lankidetza bultzatzea.

  1. Saileko sailburuordetzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzari:

    1. Euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunak kalifikatzeko eta inbentariatzeko espedienteei hasiera ematea, eta espediente horien izapideak egiteko behar diren erabakiak hartzea, betiere erabaki horiek hartzea administrazioko beste organoren baten ardurapekoa ez bada.

    2. Honako lege hauetan xedatutakoarekin bat, Sailari dagozkion espedienteei hasiera eman eta ebaztea, eta, betiere, eginkizun hori beste organoren bati esleitu ez bazaio: Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legea eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legea.

  2. Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak esleituta dituen funtzioak gauzatzeko, honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki bere mende:

    1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    2. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Gazteria eta Kirol Zuzendaritza.

  1. Saileko Zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek dagozkio Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, eta zerbitzu hauek izango ditu horretarako:

    1. Kultura Ondarearen Zentroa.

    2. Museoen Zentroa.

    3. Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Probintzietako Artxibo Historikoak.

    4. Liburutegi Zerbitzua.

    5. Jabetza Intelektualaren Erregistroa eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoa.

      1. Hauek izango dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren funtzioak:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 5. artikuluan xedatutako funtzioak betetzea.

        2. Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak kalifikatu, inbentariatu edo desafektatzeko zein arkeologia eremu izan litezkeenak kalifikatzeko espedienteak proposatu eta izapidetzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza planeamenduari eta lurralde-antolamenduari buruzko agirien berri ematea, hala behar denean; baita ingurumen-inpaktuari eta horren ebaluazio bateratuari dagokionean ere.

        4. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari esleitutako funtzioak betetzea Euskal Kultura Ondarea gorde, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen funtsak erabiltzeko irizpideei dagokienez, eta funts horiek erabiltzeko irizpide materialak proposatzea.

        5. Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jarduerak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan gordetako Euskal Kultura Ondarea osatzen duten artelan eta elementuen esportazioa eta mugimendua ikuskatzea dela-eta.

        6. Sailkatutako eta inbentariatutako kultura-ondasunen eroslehentasunen eta atzera-eskuratzeko eskubideen espedienteak izapidetzea. Eskubide horiek Eusko Jaurlaritzak beretzat edo bestelako erakunde publikoentzat zein irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat erabili ahal izango ditu.

        7. Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologikoaren gordailua kudeatzea.

        8. Kultura-ondarearen arloko ondare-erantzukizunaren gaineko espedienteen eta zehapen-espedienteen instrukzioa egitea, horien ebazpena edo zehapena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoei badagokie, betiere.

      2. Hauek izango dira Museoen Zentroaren funtzioak:

        1. Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 3. artikuluan xedatutako funtzioak betetzea.

        2. Museoen arloan diren beharrak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumei laguntzak emateko sistema kudeatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak dokumentatu, kontserbatu eta babesteko irizpideak zehaztea.

        5. Euskadiko Museoen Legearen arloan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

      3. Hauek izango dira Irargi, Dokumentu Ondarearen Zentroaren, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Probintzietako Artxibo Historikoen funtzioak:

        1. Azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuan ezarritako funtzioak betetzea, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionalari dagokionean. Dekretu hori Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartzekoa da.

        2. Ondare dokumentalari eta artxiboei buruzko berariazko politika diseinatu eta kudeatzea, kultura-ondareari buruzko politika orokorraren esparruan.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako agirien tratamendua eta irizpideak normalizatzea, eta horien edukiaren hedapena sustatzea.

        5. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo horri buruzkoak diren artxibo publiko zein pribatuetako funtsetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedapena sustatzea.

        6. Ondare dokumentalaren eta artxiboen arloko beharrizanak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea.

        7. Euskadiko ondare dokumentalaren eta artxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertu eta proposatzea, eta gai horretako prestakuntza eta hezkuntza sustatzea, behar adina erakunderekin jardunez.

        8. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Probintzietako Artxibo Historikoak kudeatzea, Estatuko Administrazioarekin sinatutako lurraldean lurraldeko hitzarmenek diotenaren arabera.

      4. Hauek dira Liburutegi Zerbitzuaren funtzioak:

        1. Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortutako Euskadiko Liburutegien Sistemari dagozkion plangintza-, funtzionamendu- eta koordinazio-funtzioak garatu eta gauzatzea.

        2. Legezko Gordailuaren eta ISBNaren arloetan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak dituen funtzioak betetzea.

        3. Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lan oro eta euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako lan oro bildu, kontserbatu eta zabaltzea.

        4. Euskal bibliografia eta ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa prestatu, kudeatu eta zabaltzea.

        5. Irakurzaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea.

        6. Ondare bibliografikoaren eta liburutegien arloko beharrizanak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea.

        7. Liburutegi-politika eta ondare bibliografikoa diseinatu eta kudeatzea, horretarako behar diren proiektuak sustatuz eta zuzenduz.

        8. Sistema osatzen duten liburutegietako funtsen bibliografia-erreferentziak bilduko dituen katalogo kolektiboa diseinatu eta kudeatzea, eta hartarako irispidea ziurtatzea.

        9. Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondare horretarako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.

        10. Ondare digitalaren arloan, lankidetza-programak sustatzea.

        11. Liburutegien alorrean euskararen erabilera normalizatzeko zer beharrizan dagoen ikertu eta zehaztea.

        12. Jardun-eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegientzat.

        1. Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoaren Sarea osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideez hobeto baliatzeko.

        2. Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko tresnak diseinatu eta kudeatzea, eta lortutako datuak aztertzea; ondoren, liburutegiei beren ahalmenez ondoen baliatzeko metodologia eskaintzeko.

        1. Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza bultzatzea, eta haien profila definitzea.

        2. Indarreko araudiak esleitzen dizkion ikuskapen-lanak egitea, eta Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen arloan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

      5. Hauek izango dira Jabetza Intelektualaren Erregistroaren eta Kultura Ondarearen Aholkularitza Juridikoaren funtzioak:

        1. Oharrak eta inskripzioak egiteko eskabideak izapidetu eta ebaztea, eta baita, hala behar bada, inskripzioak indargabetu eta gauzatzea ere.

        2. Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatutako eskubide, egintza eta kontratuei buruzko ziurtapenak eta gainontzeko publikotasun erak.

        3. Euren eskumenen arloan, txosten teknikoak ematea.

        4. Gordailatutako dokumentuak eta materialak artxibatu eta zaintzea.

        5. Oro har, Jabetza Intelektualaren Erregistroa kudeatzeko beharrezko diren jarduerak, eta bai indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkionak ere.

        6. Beherago zehaztutako erakunde edo erakunde-elkarteak baimentzea, eta horien baimenak ezeztatzea: euren kontura edo inoren kontura, ustiatze-eskubideak edo ondarearen arloko beste batzuk kudeatzen dituztenak, betiere jabetza intelektualaren eskubideen autore batzuen edo beste titular batzuen kontura eta interesen alde.

        7. Aipatu kudeaketa-erakundeen estatutuak eta horien aldaketak onartzea.

        8. Kudeaketa-erakundeek, indarreko araudian ezarritako obligazioak eta betekizunak betetzen dituztela zaintzea.

        9. Kudeaketa-erakundearen jarduera kontrolatzea, eta, hala dagokionean, ordezkaritza edo kudeaketa egiten duten erakundeena.

        10. Bitartekaritza eta arbitrajea, hargatik eragotzi gabe Estatuko Administrazio Orokorraren ahalmenak.

        11. Kultura Ondarearen Zuzendaritzari aholkularitza juridikoa ematea, bere eskumeneko gaietan.

  2. Kultura Ondarearen Zuzendaritzari atxikita daudenez, ondorengo kide anitzeko organoen funtzioak beteko ditu zuzendaritza horrek:

    1. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 Dekretuak arautua.

    2. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea, martxoaren 26ko 62/1996 Dekretuak arautua.

    3. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholku Batzordea, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

    4. Dokumentazioa Balioesteko eta Aukeratzeko Batzordea, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

    5. Museoen Aholku Batzordea, martxoaren 18ko 54/2008 Dekretuak arautua.

    6. Liburutegien Aholku Batzordea, abenduaren 30eko 232/2008 Dekretuak arautua.

Saileko Zuzendaritzen funtzio orokorrez gain, honako funtzio eta jardun-arlo hauek ere badagozkio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari:

  1. Musika, antzerki, dantza, liburu, ikus-entzunezko eta ikusmen-arteen arloetako beharrizanak aztertzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horietan gauzatzen diren jarduerak bultzatu, sendotu eta zabaltzeko egoki iritzitako administrazio-neurriak hartzea.

  2. Kulturaren Euskal Behatokia zuzendu eta kudeatzea, Behatokia Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren alorrean informazio, dokumentazio eta ikerketa zentroa den aldetik.

  3. Sailburuordetzaren eskumenekoak diren arloetan, egoki iritzitako azterlanak eta ikerlanak egitea, bai eta horien dokumentazioa eta zabalkundea egitea ere.

  4. Bereziki arlo horietan diharduten erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzeko formulak bilatzea.

  5. Arlo horietako jardun publikoa planifikatzea.

  6. Arlo horietan kultura zaindu, sortu eta zabaltzeaz arduratzea.

  7. Euskadiko kultura-industriak garatzen lagundu eta bultzatzea.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta euskal kultura-eremuko beste lurraldeen arteko kultura-harremanak sustatzea.

  1. Sailaren Zuzendaritzei dagozkien funtzio orokorrez gain, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak funtzio hauek izango ditu:

    1. Kirol, gazteria, denbora libre eta aisiaren arloko eta haur izatea zaintzeko eta haurtzaroan denbora librearen erabiltzeko politiken arloko beharrizanak aztertzea, eta arauzko neurriak proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari.

    2. Kirol eta gazteria arloan asoziazionismoa sustatzea, baita gazteen boluntariotza ere.

    3. Kirol federazioei laguntzea, eta, indarreko araudian xedatutako gisan, haiekin lankidetzan aritzea dagozkion funtzioak betez, baita estatuko, Europako, Europaz gaindiko erakundeekin eta entitateekin kooperatzea ere, kirolaren zein gazteriaren arloan komunean dituzten jardueretan.

    4. Gazte- eta kirol-politika integralak garatzea, erakundearteko eta sailarteko lan-taldeak koordinatuz.

    5. Gazteriaren eta kirolaren inguruko informazioa eta dokumentazioa bildu eta hedatzea, bai eta horren gainean egoki iritzitako ikerketa eta azterlanak egin eta sustatzea ere.

    6. Aisiaren gizarte-, kultura- edo hezkuntza-erabilera sustatzeko planak prestatzea.

    7. Gainerako erakunde publikoekin eta gizarte-eragileekin batera, gazteak gizarteratzeko jarduerak sustatzea.

    8. Arlo hauetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zuzeneko ekintzari dagozkion funtzioak betetzea:

      Gazteentzako informazioa eta dokumentazioa, haur eta gazteentzako aterpetxeak eta instalazioak, gazteentzako turismoa eta gazteentzako gainerako zerbitzuak.

      Gazteentzako Europako egitasmoak eta gazteen arteko trukeak.

      Gazteriari arloan bete beharreko gainerako funtzioak.

    9. Haur eta gazteen aisialdiko hezkuntzan, dinamizazio soziokulturalean eta haur eta gazteei zerbitzuak emateko zentroetan lan egiten duten pertsonen ezaugarriak zehaztea, eta horien prestakuntza bultzatzea.

    10. Gazte-politika integralen jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Gazteriaren Euskal Behatokiaren funtzioak gauzatzea.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan, goi-mailako kirol jarduerak sustatu eta koordinatzea.

    12. Bertoko kirolak sustatzea, eta horiei laguntza ematea.

    1. Estatuan eta nazioartean euskal kirolaren presentzia ziurtatzeko neurriak ezartzea.

    2. Erkidego-mailako eskola lehiaketak antolatzea.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol- instalazioen sarea planifikatu eta bultzatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.

    3. Indarreko araudiak esleitzen dizkion ikuskapen-funtzioak betetzea, eta, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen arloan, Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Zentro Koordinatzailea, otsailaren 2ko 14/1998 Dekretuak arautua, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari atxikita egongo da.

  3. Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak zuzendu eta bideratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren Kontseiluaren arteko harremanak. Hori dela eta, Gazteria eta Kirol zuzendaria izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, maiatzaren 27ko 6/1986 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

  4. Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren administrazio-zerbitzu orokorrez gain, bertan administrazio-zerbitzu hauek ere egongo dira, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean eta Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legean xedatutakoaren arabera:

    1. Kirolaren Euskal Eskola.

    2. Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa.

    3. Hobekuntza Teknikorako Zentroa.

    4. Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia.

  5. Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagokio Kirol Justiziako Euskal Batzordeari, bere funtzioak behar bezala burutzeko, behar dituen bitartekoak ematea.

Hezkuntza Sailburuordetzaren mendetasun organikoaren eta hari atxikitako sailburuordetza eta zuzendaritza bakoitzaren mendetasun funtzionalaren pean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, lurralde-ordezkari batek gidatuta; funtzio hauek izango ditu:

  1. Sailaren ordezkaria izatea dagokion lurralde historikoaren eremuan.

  2. Sailak lurralde historikoan dituen administrazio-zerbitzu eta -unitateak zuzentzea.

  3. Sailak emandako jarraibideak eta arauak dagokion lurralde eremuan bete beharrekoak ezagutu eta bideratzea.

  4. Sailaren eskumenen arloan ematen diren xedapenak eta dagokion lurralde historikorako egindako programak eta aurrekontu-aurreikuspenak betetzen direla kontrolatzea.

  5. Sailaren organo nagusiek eskatzen dizkioten espedienteei eta gainontzeko arazo guztiei buruzko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea.

  6. Unibertsitatez kanpoko bitarteko irakasle funtzionarioak izendatzea eta kargutik kentzea, eta unibertsitatez kanpoko funtzionario irakasleen kargu-hartzeei eta -uzteei buruzko jakinarazpenak egitea.

  7. Norbanakoek edo Sailaren menpe ez dauden erakundeek sustatutako unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan edota Sailaren gainontzeko lokaletan antolatzen diren jardueren jakitun egotea, eta, hala behar denean, horiek baimentzea.

  8. Kontratazio-arloko eskumena, hirugarren xedapen gehigarrian jasoa.

  9. Indarreko araudiak ematen dizkion bestelakoak.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapenen araubidea.

    Saileko sailburuordeen edo zuzendarien postuak bete gabe egonez gero edo kanpoan edo gaixorik badira eta haien eskumenak egoera hori gertatu baino lehen eskumenak eskuordetu ez badira, honela beteko dira, egoerak dirauen artean:

  1. Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte egiturako hurrenkeraren arabera.

  2. Zuzendaritzei esleitutako eskumenak Sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, aurre-aurreko ordenan goian daudenei egokituko zaie zuzendariak ordezkatzea, eta lehenengoa sailburuordeak beteko du; eta, horiek ezin badute, hierarkikoki gainetik dagoenak beteko ditu, hurrengo idatzi-zatian xedatzen den kasuan izan ezik.

  3. Sailburuaren Kabinetearen zuzendariari esleitutako eskumenak Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak beteko ditu.

  4. Aurreko arauak nahikoa ez direnetan, administrazio-organoaren eskumenak gain-gainetik dagoen administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Iraungitako Kultura Sailaren zehapen-prozedurak.

    Iraungitako Kultura Sailari dagozkion zehapen-prozeduren instrukzio-egilea, sailburuak berak izendatuko du, funtzio hori esleituta duten ataletako teknikarien artetik hautatuta.

    Horretarako, sailburuak instrukzio-egilea txandakako aldietan izendatuko du teknikarien artetik, espedientea hasterakoan antzinatasun handiena duenetik hasita, baina inork ezin izango ditu bi txanda jarraian egin, hartarako langilerik ez bada, betiere.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kontratu txikiak.

    Kontratu txikiei dagokienez, organo hauei dagokie euren eremu funtzionalean eta euren lurraldean indarreko araudian gastu txiki gisa tipifikatutako eta euren funtzionamendurako beharrezko diren kontratuak kontratatzea, eta gastua baimentzea, ez badira kudeaketa zentralizatukoak, beste organo batzuen eskumenekoak edo ez badute eskumena duten erakunde hauek landutako proiektu teknikoa eskatzen:

    Lurralde-ordezkaritzak.

    Ikastetxeen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren araudian aurreikusitakoa.

    Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (TKNIKA), martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Euskadiko Eskola Kontseilua.

    ISEI-IVEI.

    Hezkuntza-sistemaren laguntza-zerbitzua eta aurreratutako fondoak kudeatzeko baimena duten Sailaren mendeko bestelako erakundeak.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Iraungitako Kultura Sailaren lurralde-zerbitzuak.

    Iraungitako Kultura Saileko Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuak Sailaren lurralde-ordezkaritzei atxikita geratzen zaizkie. Euren mendetasun organikoa dekretu honen 29. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da, eta, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako Sailburuordetzaren arloetan aurkezten zaizkien kontsultak edo agiriak jaso, eta horien berri emango diete organo eskudunari sailburuordetza horien mende daude funtzionalki.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Bitarteko propioentzako gomendioak.

    Era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko kontratazio-organoek eskumena izango dute, baldintza beretan, obrak gauzatzeko eta zerbitzuak emateko kudeaketari buruzko gomendioak emateko, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Testu Bateginaren 4.1.n) eta 24.6 artikuluetan xedatutako baldintzetan.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza-ikastetxeak.

    2013ko abuztuaren 31 baino lehen, bi sailek batera emandako agindu baten bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari eskualdatuko dizkio honako ikastetxe hauen kudeaketarekin lotutako baliabideak:

    IES «Escuela Agraria Derio / Derio Nekazaritza Eskola» BHI.

    IES «Arkaute Nekazaritza Institutua / Instituto Agrario Arkaute» BHI.

    IES «Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea» BHI.

    IES «Fraisoro Eskola» BHI.

    IES «Escuela de Formación Profesional Náutico Pesquera de Bermeo / Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola» BHI.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Berariazko Estatistika Organoaren sortze-dekretua onartu arte, indarrean izango dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Berariazko Estatistika Organoa sortzeko martxoaren 31ko 74/2009 Dekretua eta Kultura Saileko Berariazko Estatistika Organoa sortzeko apirilaren 23ko 86/1996 Dekretua.

Indarrik gabe geratzen dira: 233/2010 Dekretua, irailaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 45/2011 Dekretua, martxoaren 22koa, Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; bi dekretu horien aldaketak, eta dekretu honen edukiaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko bestelako xedapenak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Gaitzea.

Baimena ematen zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Arau-erreferentziak.

  1. Hezkuntza, unibertsitate eta ikerketa-gaietako eta hizkuntza-politika eta kultura-gaietako indarreko araudiak aipamenak eginez gero iraungitako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Kultura Sailari, hurrenez hurren, horiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari egindakotzat hartuko dira, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa sail honi esleitutako funtzioei eta jardun-arloei eta dekretu honetan sailari ematen zaizkion eskumenei dagokienez.

  2. Indarreko arau edo xedapenetan Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  3. Indarreko arau edo xedapenetan Administrazio eta Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  4. Indarreko arau edo xedapenetan Baliabide Materialetako Zuzendaritzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  5. Indarreko arau edo xedapenetan Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  6. Indarreko arau edo xedapenetan Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Lanbide Heziketako Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  7. Indarreko arau edo xedapenetan Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Heziketa eta Irakaskuntza Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  8. Indarreko arau edo xedapenetan Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

  9. Indarreko arau edo xedapenetan Kirol Zuzendaritzari edo Gazteria Zuzendaritzari edo hauen titularrei buruzko aipamenak eginez gero Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua sortzeko Dekretua aldatzea.

    Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua sortzeko ekainaren 23ko 119/1998 Dekretuaren 2. artikulua berridatzi, eta honela geldituko da:

    Koalifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende egongo da organikoki eta funtzionalki.

    AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia sortzeko Dekretua aldatzea.

    Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia sortzeko apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuaren 2. artikulua «Mendetasun organikoa» berridatzi, eta honela geldituko da:

    Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzari atxikiko zaio organikoki, eta, dekretu honetan zehazten diren funtzioak betetzeko, Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluaren mende egongo da funtzionalki.

    AZKEN XEDAPENETATIK BOSGARRENA. Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea sortzeko Dekretua aldatzea.

    Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea sortzeko otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuaren 12. artikulua aldatu, eta honela geratuko da:

    Erakundeko zuzendaria Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretu bidez eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta izendatuko da, eta, hala dagokionean, kargutik kenduko; eta zuzendariaren maila izango du.

    AZKEN XEDAPENETATIK SEIGARRENA. Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko lanpostuen zerrenda onartzeko Dekretua aldatzekoa.

    Aldatu egiten da Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko lanpostuen zerrenda onartzeko otsailaren 13ko 27/2001Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria, honela: a) idatzi-zatia kentzen da, eta, ondorioz, b) eta c) a) eta b) bilakatzen dira, hurrenez hurren.

    AZKEN XEDAPENETATIK ZAZPIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (29)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.