Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

183/2013 DEKRETUA, martxoaren 19koa, zeinarekin honako programa garazten baita: enpresa txiki eta ertainak, banako enpresarioak eta profesional autonomoak finantzarioki laguntzeko programa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 58
  • Hurrenkera-zk.: 1493
  • Xedapen-zk.: 183
  • Xedapen-data: 2013/03/19
  • Argitaratze-data: 2013/03/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Nazioarteko egungo krisi ekonomiko eta finantzarioak oso eragiten die honako hauen egoerari: enpresa txiki eta ertainen kolektiboa, banako enpresariak eta autonomoak, hain justu epe labur eta ertainera irauteko dituzten aukerei dagokienez. Egoera horren larritasuna areagotu egiten da nazioarteko eta estatuko ingurune finantzarioaren ondoriozko finantza-murrizketak direla-eta.

Eragile ekonomiko horiek enpresen esparruan duten garrantzia, ekoizpen jardueran nabarmen esku hartzen dutela eta finantzaketa merkatuetara edo kreditu erakundeetara neurri txikiagoan heltzen direla kontuan hartuta, salbuespen modura talde horiei behar duten finantzaketa emateko bitarteko bat prestatu beharko da, betiere egoeraren arabera.

Laguntza finantzarioa emateko programa hori baliarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emango duen laguntza honako honetan oinarrituko da: bere babespen ituntzen diren mailegu-eragiketen birfinantzaketa partziala. Eta hartarako oinarria hauxe da: Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legeko 9. artikulua; aurrekontua orokorrak 2013ko ekitaldira luzatu ziren. Finantza-laguntzarako programak 600 milioiko zuzkidura du, formalizatutako maileguetan; eta ETEen eta autonomoen zirkulatzaileko finantzaketa-eta likidezia-premiei aurre egiteko helburua du.

Hartarako, dekretu honek arautu egiten ditu, bai programan izateko baldintzak, bai entitate eta pertsona onuradunak, bai baliabideen erabilgarritasuna, eta bai maileguak eraenduko dituzten baldintzak ere. Elkarrekiko berme-baltzu eta finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, finantzaketa-eskabideen izapidetze-prozedura ere hartzen du. Bestalde, ondoren zehaztutakoen artean lankidetza-hitzarmenak sinatzeko aukera ere jasotzen da Dekretuan: EAEko Administrazioa, finantza-erakundeak eta Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak, baldin eta programa finantzatzeko funtsak jartzeko interesik badute, hain justu ere euren inbertsioak gauzatzeko, banku-gordailu egokiak aurkeztuaz.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko martxoaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen helburua da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hori eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro horren helburua da banku-finantzaketa lortu ahal izatea zirkulatzailearen beharrak estaltzeko, epe laburrerako zorra berritzeko eta epe laburrerako epea moldatzea epe ertain eta luzekora.

Hartarako, elkarrekiko berme-baltzu eta finantza-erakunde laguntzaileen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ETEen eta autonomoen aldeko finantzaketa-lerroa eratuko du; izan ere, administrazio horrek haiekin lankidetza-hitzarmenak sinatuko baititu.

  1. Dekretu honetan zehaztu bermeak eta finantzaketa-lerroak baliatu ahal izan dute ondokoek:

    1. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

      Jarduera ekonomikoren bat egitea.

      250 langile baino gutxiago dituzten enpresak.

      Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

      Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa batek edo batzuek.

      Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan (EEAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.

    2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banakako enpresaburu eta profesional autonomoak, baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

      Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide berezian alta emanda izatea.

      Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari lotutako jarduera ekonomikoen edo profesionalen bidez etekinak lortzea.

  2. Entitate eta pertsona onuradunek, Euskal Autonomi Elkarteko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeko 39. artikuluaren 2. eta 4. paragrafoetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

    Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, eta 15. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoa errespetaturik, onuradun izatetik kanpo gerazten dira: erakunde eta sozietate publikoak; irabazte-asmorik bako entitateak, jarduera ekonomikorik ez badute egiten; finantza-erakundeak (I.A.E epigrafeak: 81, 82, 831 eta 832), eta higiezinen arloko jarduerak (.A.E epigrafeak: 833, 834 y 861.1).

  3. Finantzaketa eskuratu ahal izateko enpresa ezin da egon krisi egoeran, Europako Batzordearen 2004/C 244/02 Komunikazioan ezarritakoa betez (EEAO, 2004ko urriaren 1ekoa); horrez gain, enpresak egunean izan behar ditu foru-aldundiekiko eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrak.

  1. Finantzatu egin daitezke finantzaketa-eragiketak, baldin eta honako helburuak badituzte: kapital zirkulatzaileko likidezia- eta finantzaketa-premiei aurre egitea; epe laburrera zorra berritzea, eta epe laburrerako epea moldatzea epe ertain eta luzekora.

  2. Kapital arruntaren finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkarrekiko berme-baltzuak, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den mailegurako finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu.

  1. Dekretu honetan ezarritakoaren arabera gauzatuko diren mailegu-eragiketa guztiek elkarrekiko berme-baltzuren batek abalatuta egon beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta eragiketan parte hartuko duten elkarrekiko berme-baltzuek hitzarmena sinatuko dute eta, horren bitartez, berme-sistema emango zaie baltzu horiek abalatutako finantza-eragiketei.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, maileguak onuradunen alde gauzatzeko.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, finantza-erakundeek eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte, betiere, finantzaketa-programan finantza-erakunde laguntzaile direnen banku-gordailuen figuraz finantzaketa lortzeko formulak artikulatzeko, hain justu ere inbertsioak gauzatzeko egoki direnak.

  1. Elkarrekiko berme-baltzuek emandako finantza-abalek onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, dekretu honetako lehenengo artikuluan definitutako beharrizanak estaltzeko erabili diren mailegu-eragiketetatik eratorri badira.

  2. Honakoak izango dira abalen kostua eta baldintzak:

    Azterketa-komisioa: maileguaren zenbateko nagusiaren % 0,10, behin bakarrik, abala eskatzean.

    Gauzatze-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,20, behin bakarrik.

    Abal-komisioa: % 0,75 urteko. Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako maileguaren urteko batez besteko saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan aplikatuko da, batez besteko saldoaren arabera.

    Ez da bestelako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

  1. Finantzaketa-eragiketek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

    Baliabidea: mailegu amortizagarria.

    Interes-tasa: hamabi hilabeterako euriborra, gehi % 3,5

    Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da, Reuter-en EURIBOR= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez, lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hamabi hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

    Hala ere, finantza-erakundeak SGR bermeko ICO linearen hitzarmenetik datozen funtsak erabiltzen baditu, edo BGAEekiko hitzarmenetatik datozen funtsak, enpresa onuradunari aplikagarri zaion interes-tasa hau izango da: interes finko edo aldakorra, mailegua ordaintzeko datan indarrean dagoen ICOk argitaratua edo BGAEekiko aipatutako hitzarmenean ezarritakoaren arabera eratutako gordailuen ordainsariaren interes finko edo iraunkorra % 0,75 gehitzearen ondorioa.

    Hiruhilabete natural bakoitzaren akabuan berraztertu daitezke interes-tasak; eta hori honako zuzendaritzak egingo du: diruzaintza, zorpetze eta bermeak ematearen arloak eskuduna dena. Tasa berriak aplikatuko zaizkie emandako maileguei finantza-erakundeek haiei buruzko jakinarazpena egiten denetik hara.

    Epea:

    3, 5 eta 7 urte, eta beste bat aukerako gabealdikoa zenbateko nagusia amortizatzeko.

    Hiru hilean behin egingo da interesen eta amortizazio-kuoten likidazioa. Mailegua tasa aldakorrarekin formalizatzen bada, interes-tasa berrikusketa hiru hilabeterik behin egingo da.

    Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezeztatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

  2. Honako hauen artekoa izango da maileguen zenbatekoa:

    50.000 euro eta 650.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.

    10.000 euro eta 100.000 euro artean, banako enpresarientzat eta profesional autonomoentzat.

    1. Zehaztasunak:

      Abenduaren 20ko 1535/2007 Erregelamenduan (EEAO, L 337/35, 2007-12-21) zehaztu nekazaritza-produktuak ekoizten jardunez gero, banako enpresarioei eta profesional autonomoei aipatu erregelamenduko 3.6 d) artikuluan ezarritako muga aplikatuko zaie.

      Uztailaren 24ko 875/2007 Erregelamenduan (EBAO, 193/6, 2007-07-15) zehaztu arrantza sektorean diharduten eskatzaileei aipatu erregelamenduko 3.7 e) artikuluan ezarritako muga aplikatuko zaie.

  3. Emandako maileguaren zenbateko osoa eskura dute onuradun diren banako enpresarioek eta profesional autonomoek. Finantza-erakundeak ezin dezake saldorik atxiki edo pignotatu, ez eta aplikatu antzeko figurak, zehazki, emandako kredituaren edo maileguak eskura duen zenbatekoa murriztea dakartenak.

  1. Dekretu honek araututako finantzaketa-lineak eskuratzeko deialdia egingo da; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori, eta publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioei jarraitu beharko zaie.

    Ogasun eta Finantzetako sailburuaren aginduaren bitartez egingo da deialdia, eta erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko lekua eta gainerako prozedura-alderdiak zehaztu beharko dira bertan. Era berean, deialdian laguntzaile diren finantza-erakundeen eta elkarrekiko berme-baltzuen zerrenda ere zehaztuko da.

  2. Deialdian, edo deialdi guztien artean, gutxienez 40 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, beste 150 milioi eurorekin handitu ahal izango da zenbatekoa, dekretu honetako I. kapituluan definitu diren banakako enpresaburu eta autonomoentzat.

    Hala ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak zenbatekoak berresleitu ahal izango ditu, dekretu honetan azaltzen diren kolektiboetakoren batean finantzazio-eskaria nahikoa izan ez den kasuetan.

  1. Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Eskabidea, eranskineko F1P formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskatzailearen ordezkari izateko ahalordearen fotokopia.

    3. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen aitorpen erantzukizunezkoa (eranskineko F2P formularioa). Ikuskaritza-bisitan egiaztatu ahal izango dira, eta honako hauek dira, hain zuzen ere:

      Eskabidea egin aurreko ekitaldiaren abenduaren 31n plantillan zegoen langile kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.

      Eskabidea egin den ekitaldiaren aurrekoan, abenduaren 31n, fakturatutako kopurua.

      Eskabidea egin den ekitaldiaren aurrekoan, abenduaren 31n, urteko balantze orokorraren kopurua.

      Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea enpresa txiki edo ertaina ez den enpresa batek edo batzuek batera.

    4. Foru-aldundiekiko zerga-betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria.

    5. Foru Aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    6. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria

    7. Azken ekitaldietako urteko kontuak.

    8. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria. Enpresak egin behar du (eranskineko F3 formularioa).

  2. Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Eskabidea, eranskineko F1A formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla dioen aitorpen erantzukizunezkoa (eranskineko F2A formularioa).

    3. Foru Aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    4. Foru-aldundiekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria.

    5. Eskatzailearen ondasunen aitorpena.

    6. 2012. urteko diru-sarrera eta gastuen egikaritzea, eta korritzen duen urterako aurreikuspena.

    7. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria.

  3. Eskatzaileak, gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa eta bai penala ere.

  4. Edonola ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak eta elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileek, aurkeztutako eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezko informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

  1. Hitzarmenaren arabera laguntzaileak diren elkarrekiko berme-baltzuen bulegoetan aurkeztu beharko dira eskabideak eta bai aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak ere.

  2. Pertsona eta entitate interesdunek informazioa ez eze, eskabide-orriak ere eska ditzakete, atari honetan www.ejgv.euskadi.net edo herritarrak atenditzeko Zuzenean zerbitzuan.

  1. Programan laguntzaile diren elkarrekiko berme-baltzuen ardura izango da aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.

  2. Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak eskatu egingo dio erakunde eskatzaileari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

  3. Elkarrekiko berme-baltzuak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, bere abalatze-jardueran erabili ohi dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

  4. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, «abala baimentzeko agiria» emango du, hala badagokio, eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

  5. Elkarrekiko berme-baltzuak aldi berean emango die «abala baimentzeko agiriaren» berri onuradunari, finantza-erakunde laguntzaileari eta Ekonomia eta Ogasun Sailari.

  6. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak gauzatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ekonomia eta Ogasun Sailari, horretarako egin den lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduei jarraituz.

  1. Elkarren bermerako sozietateak onetsi duenean kreditu-eragiketak egiteko «Abala baimentzeko agiria» eta agiri hori kasuan kasuko finantza-erakundera bidaltzen denean, lankidetza-hitzarmena sinatzen duen finantza-erakunderen batekin gauzatuko du abal hori entitate eskatzaileak.

  2. Finantza-erakundeek jakinaraziko dizkiote gauzatutako mailegu-eragiketak Ekonomia eta Ogasun Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduei jarraituz.

  1. Dekretu honetan oinarritutako emandako finantza-eragiketek 600 milioira ailegatzeaz batera etengo dira Dekretuan aurreikusitako laguntzak.

  2. Ogasun eta Finantzetako Sailak zirkunstantzia horren berri eman beharko du, hain justu ere bermeak ematearen arloan eskumena duen sailburuordearen ebazpen bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den.

Finantza-laguntza emateko programa honetan entitate eskatzaile direnek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote Ekonomia eta Ogasun Sailari, eta elkarrekiko berme-baltzuari edo finantza-erakundeari entzun ostean bideratuko dira horiek. Aurkeztutako erreklamazioa honelaxe ebatziko da: bermeak ematearen arloan eskumena duen sailburuordearen ebazpen bidez.

Finantza-laguntza emateko programa honetako entitate onuradunek men egin beharko diete egiaztapen-, ikerketa- eta ikuskapen-jarduerei, hain justu ere Ogasun eta Finantza Sailak egindakoei. Egindako jarduketen ondorioz egiaztatzen bada ezen, entitate onuradunetarikoren batek ez-betetzeren bat egin duela, zirkunstantzia hori jakinarazi egin beharko zaio, bai elkarrekiko berme-baltzuari eta bai doakion finantza-erakundeari ere, zertarako-eta emandako finantzaketa ezezta dezaten, aurreratutako amortizazioaren bitartez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hartutako birfinantzaketa-obligazioen ondorioz Administrazioak jaso behar badu egindako paguen ordaina, betiere, hori entitate onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeak direla-eta jazo bada, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak zehaztuko du, bidezko prozedura bideratu eta entitate onuradunari entzun ondoren, enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hori ordaintzeko modu eta epea.

  1. «Minimis» estatu-laguntzen araudian ezarritakoa bete beharko dute eragiketek; honako erregelamendu hauetan jasotakoak, hain zuzen ere: Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduan (EEAO, 379/5 L, 2006-12-28), Tratatuko 87. eta 88. artikuluak nekazaritza-produktuen ekoizpen-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2007ko abenduaren 20ko 1535/2007 Erregelamenduan (EEAO, 337/35 2007-12-21) eta Tratatuko 87. eta 88. artikuluak arrantza-sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2007ko uztailaren 24ko 875/2007 Erregelamenduan (EEAO, 193/6 L. 2007-07-25).

    Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein herri-administrazio, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntzak metatuta ez bada eskuratzen kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino gehiago.

  2. Arau honen bitartez onuradun izango diren pertsona edo erakundeek uneoro jakinarazi beharko diote Ogasun eta Finantza Sailari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi horretan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

Programaren Jarraipen eta Ebaluazio Batzordea eratuko da. Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkariak, elkarrekiko berme-baltzu eta finantza-erakunde laguntzaileetako eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako ordezkariak izango dira bertako kideak, eta programaren aplikazio eta bilakaera aztertuko du.

Finantzen Euskal Institutua subrogatu egin ahal izango da dekretu honetan zein bertatik eratorriko diren agindu eta lankidetza-hitzarmenetan Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskubide, betebehar eta zereginetan.

Lehena. Ogasun eta Finantzetako sailburuak ahalmena izango du Dekretu hau garatzeko behar adina xedapen emateko.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko martxoaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)