Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

283/2012 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratu eta arautzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 5791
  • Xedapen-zk.: 283
  • Xedapen-data: 2012/12/11
  • Argitaratze-data: 2012/12/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal gizarteak, historikoki eta neurri handi batean, bereizgarri izan du komunitatea elkartzeko, borondatez jarduteko, elkartasuna antolatzeko, lankidetzan aritzeko, elkarlan mutualistaren alde egiteko eta guztiena nahiz partekatua denarekin identifikatzeko aukeratu dituen bideen bizkortasuna. Elkartze-mugimendu hori, hirugarren sektorea ere esaten zaiona, benetako gizarte-subjektu gisa agertzen da, beste batzuk (sindikatuak, enpresak, profesionalak, politikariak...) ez bezalakoa den eragile gisa.

Eta, zehazki, hirugarren sektorearen mundu zabalaren barruan, esku-hartze sozialean diharduenak, dudarik gabe, funtsezko sustapen-eginkizuna betetzen du. Haren lanak berariazko balio erantsia sortzen du, besteak beste, gizarte-zerbitzuetan, laguntza humanitarioan, bidezko merkataritzan, komunitate-garapenean, finantzaketa etikoan eta giza eskubideen babesean, eta, erabakiak hartzean nahiz politika publikoak taxutzean, lekua izatea aldarrikatzen du.

Gure erakunde erkideek hainbat tresna arau-emaile sortu dituzte lankidetzaren esparruko ahaleginen dibertsitate aberats hori ezagutzen, arautzen, sustatzen eta babesten laguntzeko.

Hala ere, beharrezkoa izan zen 2008. urtearen amaierara arte itxarotea 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa Gizarte Zerbitzuei buruzkoa argitara zedin, eta, horrenbestez, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea gure ordenamenduan sar zezaten, zehaztu gabe bada ere, herritarren esparru antolatu horrekiko lankidetza sendotzeko beharraz jabetuta, nahiz eta, esan, esan dezakegun gizarte-ekintzako hirugarren sektore horrek garrantzi estrategikoa duela gure herriarentzat, eta askotariko abantailak ematen dituela, batez ere, baina ez bakarrik, balioen sustapenean, harremanezko kapitalaren sorreran eta gizarte-egituraketan, gizarte-eskubideen garapena eta sustapena bultzatzeaz eta prebentzio-jardun bizia garatzeaz gain.

Hori guztia hala izanda, bidezko da aitortzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek garatutako sendotze-prozesua, «sareen sare» ahaltsu bat gauzatzea ekarri baitu, eta hori gizarteak parte hartzeko gunea da, baina baita herritarren lankidetzaren eta elkartasunaren adierazpen antolatua ere, kultura-, ekonomia- eta politika-esanahi handiko adierazpena.

Sendotze- eta egituratze-prozesu horrek, gaur egun burutu gabe egon arren, nagusiki antolaketa- eta koordinazio-egitura egonkorrik ez dagoelako, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea heldutasun-aldi batera eraman du, eta gero eta garrantzi politiko handiagoa hartzera; herri-administrazioek, horrenbestez, egoera hori baliatzen jakin behar dute, sustatzeko betebeharra izateaz gain. Eta hori, gizarte-eskubideak, Eusko Jaurlaritzaren ustez, harremanezkoak direlako; hau da, ezin direlako gauzatu eskubide horien jabeen parte-hartze aktiborik gabe.

Horregatik, borondatezko pertsonen eta erakundeen autonomia eta aukera-berdintasuna guztiz errespetatuta, gizarte-dinamika horiek sustatzen eta bultzatzen dituzten zer guztietan lankidetzan jardutea dagokio Eusko Jaurlaritzari.

Ideia hori oinarri hartuta, gobernu honek zenbait bide garatu nahi izan ditu gizartean parte hartzeko modu horiek kualifikatu ahal izateko, lehentasuna emateko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei: gizarte-klausulak, herri-erantzukizuneko gizarte-zerbitzuen kudeaketa erakunde horien bidez egin ahal izateko hitzarmen- eta kontratazio-ereduak, gizarteratzera eta ekonomia solidariora bideratutako ekimen berriak sustatzea... Lankidetza orokorreko ereduak garatzen ari dira; besteak beste, gizarte-beharren detekzio hurbila, zerbitzuen kudeaketa, berrikuntza eta zerbitzu zein programa berrien garapena.

12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak agindu bezala abian jarritako hirugarren sektorearen lankidetza-, sustapen-, bultzatze- eta parte hartze-funtzioen ondorioz, Gobernuak elkarrizketa-prozesu bat abiarazi zuen 2009ko uztailean gizarte-ekintzaren esparruko gizarte-sareekin; hartan, erakunde hauek parte-hartzaile izan ziren: CONGDE (Euskadi garatzeko GKEen koordinakundea); Eapn Euskadi (Euskadiko pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako europar sarea); Elkartean (Euskadin minusbaliotasun fisikoa duten pertsonak koordinatzeko konfederakundea); Fedeafes (buru-gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen Euskadiko elkarteen federazioa); Federpen (Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko pentsiodunen eta erretiratuen probintzia-elkarteen lurralde-federazioa); Fevas (minusbaliotasun intelektuala duten pertsonen aldeko elkarteen euskal federazioa); Hirekin (Euskadiko ekimen eta parte-hartze sozialeko erakundeen elkartea); Harresiak Apurtuz (etorkinen aldeko Euskadiko GKEen koordinakundea); Hirukide (Euskadiko familia ugarien elkarteen federazioa); Lares Euskadi (zaharrak zaintzeko egoitzen eta zerbitzuen euskal elkartea/sektore solidarioa); ONCE (Espainiako itsuen erakunde nazionala); REAS Euskadi (ekonomia alternatibo eta solidarioaren aldeko sarea); Ehlabe (Euskadiko lan babestuko erakundeen elkartea); Gizatea (Euskadiko laneratze-enpresen elkartea). Erakunde horietan guztietan herritarren zati handi bat dago sartuta edo federatuta, berebiziko ekonomia- eta lan-ahalmena dute eta, batez ere, gizarte-kohesioari, berdintasunari eta elkartasunari lotutako balioak gordetzen dituzte.

Elkarrizketa-esparru horretan herriaren gizarte-aurrerapenarekin zerikusia duten gai garrantzitsuak garatu dira: gizarte-zerbitzuei buruzko legearen garapena eta aplikazioa; koordinazio soziosanitarioa; Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindakoaren jarraipena (besteak beste, diru-laguntzen berrantolaketa, mendekotasuna, familia, immigrazioa, behatokiak, zaharrak, gizarteratzea eta sustapena); eta Eusko Jaurlaritzaren jarduerari lotuta dauden eta gizarte-erakundeentzat garrantzitsuak diren beste eduki batzuk (osasuna, immigrazioa, hezkuntza eta etxebizitza). Gainera, ordezkari bat dute Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan. Elkarrizketa zibilerako mahai hori, egun, erreferentziazko tresna da herri-administrazioen eta hirugarren sektorearen arteko elkarrizketa politikoan, eta esan genezake jardunbide politiko ona dela, parte-hartzezko gobernatze-ereduarekin bat datorrena.

Elkarrizketa Zibila ordenamendu juridikoan jasotzea da dekretu honen funtsezko helburua, eta, horrenbestez, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak erakundeetan parte hartzeko aholku-organo gorena taxutzea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

Haren xedea da Gobernuaren eta hirugarren sektorearen arteko elkarrizketa sustatzea eta bideratzea, betiere ere gobernatze onaren ildotik, politika publikoen prestaketan eta betearazpenean benetako eragina izango duten akordioak lortzeko, hirugarren sektoreak, akordio horiei esker, politika horien aldeko konpromisoa har dezan, informazioa denbora eta forma egokian jasotzea eta parte-hartze eraginkorra oinarri hartuta.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eragileek politika publikoen prestaketan eta ebaluazioan duten parte-hartzea bideratzen duten kontseiluen, batzordeen eta foroen gune osagarri gisa sortzen da.

Artikulu gutxi dauzka, eta haietan eduki hauek garatzen dira: Elkarrizketa Zibilerako Mahaia osatzen duen organoa zehaztu ondoren, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea definitzen du, eta, definizio horretan, Gizarte Ekintzako GKEen Estatuko Plataformak sortutako kontzeptua jasotzen du, EAEko errealitatera egokitzen saiatzeko aldaketa txiki batzuekin.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak zer eginkizun bete behar dituen kontuan hartuta, gehienbat sozialak eta gizartean esku hartzekoak baitira, egokitzat jotzen da gizarte-gaien ardura esleituta daukan sailaren mende egotea funtzionalki.

Gainera, haren osaera eta funtzioak, ordezkaritasuna, zeina Lehendakaritzaren esku geratuko baita, edo, bestela, hala egokituz gero, Lehendakariordetzaren esku, eta funtzionamendu-eredua eta erabakien erregimena zehazten dira. Idazkaritza Teknikoa jasotzen da 9. artikuluan; idazkaritza hori Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren mende egongo da, eta, lan dokumentalaz gain, beste eginkizun batzuk bete beharko ditu, mahaiari eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreari laguntzeko gauzatzen ari den eratze-prozesuan.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko abenduaren 11n egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sortzea eta mahai horren osaera, funtzioak eta funtzionamendu-araubidea erregulatzea.

Elkarrizketa Zibilaren aldeko Mahaia gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak erakundeetan parte hartzeko aholku-organo gorena da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esparruan.

Dekretu honen ondorioetarako, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea erakunde pribatu jakin batzuek osatzen dute: erakunde pribatu horiek formalki antolatuta daude, ez dute irabazteko asmorik eta, nagusiki, gizarte-elkartasuna sustatzen dihardute, hala nola pertsonen parte-hartze soziala, gizarte-eskubideak, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa bultzatzen Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaia gizarte-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da, baina haren egitura organikoan sartu gabe.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren eginkizuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren gizarte-politiketan eragina izatea da, bete gabeko gizarte-beharrak dituzten pertsonen ongizatea hobetzeko eta guztiz gizartera daitezen lortzeko.

Era berean, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren xedea izango da laguntza ematea, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea bera eta hartako plataformak eta sareak egituratzea eta sendotzea, haien arteko lankidetza-alderdia sustatzea, erakundeen finkapena lortzea eta herri-administrazioetako sektoreek nahiz euskal gizarte osoak haiek egiten dutena ezagutu eta aitortzea.

  1. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak hogei kide izango ditu; lau kide Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak izango dira, eta gainerako hamaseiak gizarte-ekintzako hirugarren sektorekoak.

  2. EAEko Administrazio Orokorrari dagokionez, hauek izango dira Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kide:

    1. Karguagatiko kide moduan, gizarte-gaiak esleituta dauzkaten sailburua eta sailburuordea; haien ordez, Eusko Jaurlaritzan goi-mailako kargua duten beste batzuek parte hartu ahal izango dute. Kideok ez dute boto-eskubiderik izango.

    1. Komunitate-politikan eskumena duen zuzendaria.

    1. Komunitate-politikan eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat.

  3. Elkarrizketa Zibilerako Mahaian gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkari moduan diharduten kideei dagokienez, dekretu honetako eranskinean jasotako bigarren mailako erakundeek eta sareek aukeratuko dituzte, hasiera batean, kide guztietako hamalau.

  4. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen izenean jarduteko beste bi kideak aipatu organoak Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren funtzionamendurako onartutako erregelamenduan adierazitako moduan aukeratuko dira.

    Hala ere, aurreko paragrafoan aipatutako erregelamendua onartzen ez den bitartean, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak, mahaia osatzen duten kideen gehiengo osoarekin, bi kide horiek aukeratu ahal izango ditu, edo haietako bat, horretarako zenbait kolektiborentzat lan egiten duten entitateak biltzen dituzten eta gizarte-ekintzako hirugarren sektorean diharduten erakundeak edo sareak kontuan hartuta.

    Era berean, bi kide horietako bakoitza ez da kontuan hartuko bileren baliozko eraketarako quorumaren ikuspuntutik, ez eta erabakitakoak baliozkoak izateko ere, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kide izendatzen ez dituzten bitartean.

  5. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren funtzionamendu-erregelamenduan, aurreko atalean aipatutako bi kideak hartako kide izateko prozedura zehatzaz gain, organo horretako kide diren erakundeak edo sareak ordezteko edo erakunde nahiz sare horiek organoa uzteko prozedura ere jasoko da.

  6. Elkarrizketa Zibilerako Mahaia osatu behar duten pertsonak aukeratzean, ahalegina egin behar da gaitasun, trebakuntza eta prestaketa egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko.

  1. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren izaeraren arabera, eginkizun hauek betetzea dagokio:

    1. Lotesleak izango ez diren irizpenak ematea EAEko Administrazio Orokorrak eskatuta, gobernu-jatorriko legegintza-ekimenei buruz, haien gaiak berariazko lotura badu parte-hartze sozialarekin eta boluntariotzarekin, elkartasunaren, gizarte-eskubideen eta gizarteratzearen sustapenarekin, gizarte-kohesioarekin, gizarte-dibertsitate eta -integrazioarekin, eta enpleguarekin.

    2. Proposamenak egitea Eusko Jaurlaritzari, haren esku-hartzearen xede diren taldeentzako politiken ildo estrategikoei eta jarduera-lehentasunei buruz, betiere EAEko Administrazio Orokorraren esparruaren barruan.

    3. Irizpenak, ebazpenak, gomendioak eta txostenak prestatzea, bere ekimenez edo Eusko Jaurlaritzak edo Eusko Legebiltzarrak eskatuta, artikulu honetako a) idatzi-zatian aipatutako gaiei buruz.

    4. Ekarpenak egitea Eusko Jaurlaritzaren plangintza-tresnen ebaluazioei, bere jardueraren xede den esparruan.

    5. Ikerketak egitea hirugarren sektoreari buruz eta Mahaiarentzat interes berezikoak diren esparru espezifikoetan, hala nola hirugarren sektoreari buruzko dokumentazio-zentroa garatzea.

    6. Legebiltzarrari memoria edo urtekari bat helaraztea urtero, eta, hartan, egindakoa jasotzea, gizarteko ekintzako hirugarren sektorearen errealitatea deskribatzea eta esatea zer lotura duen euskal administrazio publikoekin.

    7. Elkarrizketa Zibilerako Mahaia autonomiaz antolatzea eta egituratzea, hala nola haren plangintza eta programazioa onartzea.

    8. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren funtzionamendu-erregelamendua egitea.

  2. Goian azaldutako zereginak alde batera utzita, EAEko herri-administrazioek, egokitzat joz gero, informazioa eman ahal izango diote Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari, eragiten dizkieten eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreari lotuta dauden araugintza- edo plangintza-ekimenei buruz.

  1. Presidentea Elkarrizketa Zibilerako Mahaia osatzen duten kideen artean aukeratuko dute.

  2. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko presidenteak eginkizun hauek dauzka esleituta:

    1. Elkarrizketa Zibilerako Mahaia ordezkatzea.

    2. Bileretarako deialdiak egitea, bilera horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea.

    3. Bileren gai-zerrenda egitea.

    4. Erabakitakoa betearaztea eta aktak ikus-onestea.

  3. Kargu horrek bi urteko iraupena izango du, beste bi urterako berritzeko aukera baztertu gabe.

  1. Presidenteordea Elkarrizketa Zibilerako Mahaia osatzen duten kideen artean aukeratuko dute, eta presidenteak bere esku utzitako eginkizunak beteko ditu, hala nola bere karguari atxikitakoak.

  2. Presidenterik ez badago, hura ez bada bertaratu edo gaixorik badago, haren eginkizunak presidenteordeak beteko ditu.

  3. Kargu horrek bi urteko iraupena izango du, beste bi urterako berritzeko aukera baztertu gabe.

Idazkaria Elkarrizketa Zibilerako Mahaia osatzen duten kideen artean aukeratuko dute, eta eginkizun hauek bete beharko ditu:

  1. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bilera guztietan parte hartzea hitza eta botoa izanik.

  2. Organoaren batzarretarako deialdia egitea Presidentetzaren aginduz, bai eta organoko kideentzako zitazioak ere.

  3. Gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko dokumentu guztiak Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kideei eskuratzea.

  4. Kideek organoari egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

  5. amenak eta dokumentuak antolatzea eta prestatzea.

  6. Bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

  7. Presidentearen oniritziarekin, kontsulten, irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak ematea, ziurtapena dagokion aktaren onarpenaren aurrekoa dela espresuki jasoaraziz, hala egokituz gero.

  8. Hartutako erabakiak betearaztea.

  9. Dokumentazioa artxibatzea.

  10. Idazkari-karguari berez dagozkion gainerako funtzio guztiak.

  1. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren ohiko bilkurak gutxienez hiru hilean behin egingo dira, eta ezohiko bilkurak, aldiz, presidenteak bere ekimenez erabakitzen duenean, edo kideen heren batek, gutxienez, eskatzen duenean.

  2. Ohikoa edo ezohikoa izan, bilkura bat balio osoz eratutzat hartzeko honako hauek bertaratu behar dute, nahitaez: lehendakariak, idazkariak eta Mahaiko kideen erdiek, gutxienez.

  3. Erabakiak organo kolegiatuko kideen gehiengo soilez hartuko dira, 6. artikuluko hirugarren paragrafoan xedatutakoa baztertu gabe.4. Karguagatiko kideek ez dute boto-eskubiderik izango.

  4. Bilerak ez dira jendaurrekoak izango. Bileren aktak, txostenak, irizpenak, ebazpenak eta gomendioak, berriz, jendaurrera aterako dira, baina, betiere, haien berri laburra jaso beharko da urteko memorian.

  5. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak, hobeto funtzionatzeko, lan-taldeak edo eztabaida-esparruak eratu ahal izango ditu, baina haiek inola ere ezingo dute beren gain hartu mahaiari dagozkion eginkizunak betetzea.

  6. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak funtzionamendurako barne-araudia onartu ahal izango du, eginkizunak eta erabakiak hartzeko modua zehazteko, hemen xedatutakoa aldatu gabe.

  1. Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kideen ordezkaritzaren iraupena 4 urtekoa izango da, eta kideak ordezkaritza amaitutakoan berriz aukeratu ahal izango dira. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte.

  2. Organoko kideen agintaldia honako kasu hauetan amaitu ahal izango da iraunaldiaren amaieraren aurretik:

    1. Baliogabetzea edo kargu-uztea, herri-administrazioak edo izendatu zuen entitateak, erakundeak edo sareak erabakita.

    2. Kargua dela-eta izendatutako kideen kasuan, kargu hori galtzea.

    3. Uko egitea, organoko presidenteari aurkeztu zaiona.

    4. Heriotza.

    5. Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasunez gabetzea edo galarazpena dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzea.

  3. Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako kasuetan, ordezkatu beharreko kidearen agintaldia betetzeko falta den denborarako izango dira ordezkapenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko entitateek, erakundeek edo sareek Elkarrizketa Zibilerako Mahaian dituzten ordezkarien ordezkoak aukeratu ahal izango dituzte, ordezkariak ez daudenean haien eginkizunak betetzeko. Ordezkoen izendapena ordezkarien izendapenarekin batera egingo da, eta izendatzeko sistema bera aplikatuko da.

Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari dagozkion eginkizunak ondo betetzeko, eta hark dauzkan helburuak gizarte-ekintzako hirugarren sektorea, hartako plataformak eta sareak babestea, sendotzea eta egituratzea, bai eta haien arteko lankidetza-alderdia sustatzea ere errazago lortzeko, gizarte-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak beharrezko baliabide ekonomikoak bideratuko ditu. Baliabide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontuetarako lege-mailako arauetan berariaz jasotako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira.

Lehenengoa. Erregimen osagarria.

Dekretu honetan eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak onartzen dituen funtzionamendu-arauetan xedatzen ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz ezartzen dena aplikatuko da, bereziki prozedurazko kontuei edo kide anitzeko organoei lotutakoei dagokienez.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LóPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

ABENDUAREN 11KO 283/2012 DEKRETUAREN ERANSKINA

Honako hauek dira Elkarrizketa Zibilerako Mahaian parte hartzen duten gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko hamalau sare eta federazioak:

  1. CONGDE, Euskadiren garapenerako GKEen koordinakundea.

  2. Eapn Euskadi, Euskadiko pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko Europako Sarea.

  3. Elkartean, Euskal Autonomia Erkidegoko desgaitasun fisikoa duten lagunak koordinatzeko konfederazioa.

  4. Fedeafes, gaixotasun mentala dutenen eta haien senideen elkarteen Euskadiko Federazioa.

  5. Federpen, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Pentsiodun eta Erretiratuen Probintzia Elkarteetako Lurralde Federazioa.

  6. Fevas, adimen-urritasuna dutenen aldeko Elkarteetako Euskal Federazioa.

  7. Hirekin, Euskadiko esku-hartze eta ekimen sozialeko erakundeen elkartea.

  8. Harresiak Apurtuz, etorkinen aldeko Euskadiko GKEen koordinakundea.

  9. Hirukide, Euskadiko familia ugarien elkarteen federazioa.

  10. Lares Euskadi, adindunen egoitza eta arreta-zerbitzuen euskal elkartea sektore solidarioa.

  11. ONCE, Espainiako itsuen erakunde nazionala.

  12. REAS Euskadi, ekonomia alternatibo eta solidarioko sarea.

  13. Ehlabe, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea.

  14. Gizatea, Euskal Autonomia Erkidegoko laneratze-enpresen elkartea.