Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

271/2012 DEKRETUA, abenduaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 5640
  • Xedapen-zk.: 271
  • Xedapen-data: 2012/12/04
  • Argitaratze-data: 2012/12/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta Sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazteari buruzko lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak gizarte-zerbitzuen arloa identifikatzen du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagozkion arloetako bat bezala, eskumenei dagokienez.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak gizarte-zerbitzuetan egiten den jarduerari deitzen dio gizarte esku-hartze, eta adierazten du autonomia pertsonala sustatzera eta babestera eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzera bideratuta dagoela, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-eginkizuna garatuta, batez ere pertsonalak eta harremanezkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Lege horrek, bestalde, 6.3 artikuluan, gizarte-zerbitzuen xede gisa identifikatzen du gizarteratzea, beste sistema eta politika publikoekin konpartituta. Koherentziaz, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak gizarteratzeko politikaren zeharkakotasuna aipatzen du, eta horren mesedetan aritu behar dute gizarte-zerbitzuek zein beste sistema eta politika publiko batzuek. Horrenbestez, gizarte esku-hartzea, ongizatearen aldeko ekintza osatzen duten gainerakoak bezala, jende guztia gizarteratzera bideratu behar da, azken batean.

Dena dela eta funtsezkoa bada ere, gizarteratzea ez da gizarte esku-hartzean kontuan hartu beharreko zeharkako ikuspuntu edo politika bakarra, eta, aitzitik, beste batzuk ere aipatu behar ditugu, eta horietako batzuk Enplegu eta Gizarte Gaietako erantzukizun espezifikoa dira. Ezin aipatu gabe utzi gai hauen ingurukoak:

Familia, eta horren arau-erreferentzia nagusia Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea da.

Haurrak eta nerabeak, eta horien arau-erreferentzia nagusia Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea da.

Adinekoak.

Mendetasun-egoerak eta, oro har, desgaitasun-egoerak.

Etorkinen integrazioa eta, oro har, kulturartekotasuna.

Askatasuna eta dibertsitate afektibo-sexuala.

Bere sektore-jarduera guztietan zeharkako politika eta perspektiba horiek bere gain hartzeagatik eta aplikatzeagatik nabarmendu nahi da Eusko Jaurlaritza, eta dena den, aipamen berezia merezi du genero-perspektibaren beharrezko inkorporazioa eta, oro har, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak biltzen dituen printzipioen aplikazioa eta betebeharrak betetzea.

Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak herritarrek gizarte-zerbitzuetarako duten eskubidea bermatzen du, baita 22. artikuluan legeak berak biltzen dituen katalogoan identifikaturiko zenbait prestazio eta zerbitzuren zuzkiduraren izaera publikoa ere. Dena den, ez dago zertan pentsatu prestazio eta zerbitzu horiek esku-hartzearen aukera eta alternatiba guztiak agortuko dituztenik. Legeak berak, 73. artikuluan, aurreikusten du irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenerako laguntza publikoa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan barne hartu gabeko prestazio eta zerbitzuak garatzeko, eta beste jarduera batzuk egitea gizarte-zerbitzuen esparruan. Bestalde, gizarte-zerbitzuak gizarte esku-hartzea egiteko esparru pribilegiatua badira ere, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere jada adieraziriko esparru edo gaietara proiektatzen bada: gizarteratzea; familiaren babesa; haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea; etorkinen integrazioa eta, oro har, kulturartekotasuna; adinekoak zaintzea eta babestea; mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaindu eta babestea eta, oro har, desgaitasun-egoeran daudenak; eta askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

Esku-hartze soziala sektore-esparru handietako bat da ongizatearen aldeko ekintzaren barruan, hezkuntza-alorreko esku-hartzeari, osasun-alorreko esku-hartzeari, enpleguari buruzko esku-hartzeari, etxebizitzarekin lotutako esku-hartzeari eta abarri dagozkien ekintzekin batera. Izaera misto, koordinatu edo integratuko esku-hartzeak, hala nola gizarte- eta hezkuntza-alorrekoak, gizarte- eta osasun-alorrekoak, gizarte- eta lan-alorrekoak edo gizarte- eta bizileku-alorrekoak, esku-hartze sozialaren modutzat har daitezke.

Izan ere, gizarte esku-hartzearen sektore-esparruan, beste edozein esparrutan bezala, beste sektore-esparru batzuetan eragina izan dezaketen edo sektore horiekin koordina daitezkeen jarduerak sar daitezke, zenbaitetan zeharkako politika edo ikuspuntu jakin bat neurri handiagoan gaineratu dezaten, eta are gehiago politika edo ikuspegi hori historikoki gehiago hartu badu bere gain gizarte esku-hartzearen esparruak beste edozein esparruk baino. Dena den, ez da nahastu behar lan hori gizarte esku-hartzearen esparruak beste sektore-esparru batzuenak (hala nola sanitatea, hezkuntza, enplegua edo etxebizitza) soil-soilik diren erantzukizun edo eskumenak bere gain hartzearekin.

Edonola ere, zeharkako politika horien gain dituen erantzukizunak egikarituta, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak uste du premia dela dagozkion ikuspuntuak diru-laguntzen dekretu honetako esku-hartze jarduera guztietan integratzea eta balioestea, beste arau desberdin batzuekin egin beharrean, orain arte gertatzen zen bezala, zenbait kasutan behintzat, gizarte-ekintzaren zatiketa gehiegizkoa eta desegokia sortuz.

Adieraztekoa da, gainera, borondatezko ekintza dela Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren erantzukizuneko gaietako bat, eta hori horrela, sailak motibazio bikoitza du gizarte-ekimenaren babesean inplikatzeko, hau da, hirugarren sektore hori babesteko, funtsezko agentea baita gizarte esku-hartzearen jokalekuan eta jokaleku horretatik haratago. Horri buruzko erreferentzia nagusia Boluntariotzaren ekainaren 25eko 17/1998 Legea da. Dekretu honi dagokionez, borondatezko ekintza edo hirugarren sektorea aipatzen denean, herritarrak elkarteen, fundazioen, gizarte-ekimeneko kooperatiben edo irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuen bidez libreki elkartzea eta antolatuta jardutea da aztergaia. Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, 40. artikuluan eta hurrengoetan, Eusko Jaurlaritzaren eskumen gisa identifikatzen du, eta administrazio publiko bakoitzarena bere esparru geografikoan, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen sustapena eta bultzatzea.

Esparru horretan, 649/2009 Dekretua, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzeko erabili zen.

Aipatu beharreko beste dekretu bat 6/2011 Dekretua da, urtarrilaren 18koa eta Lehendakariarena. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, kendu eta aldatzeari buruzko eta sail horien eginkizunak eta jarduera-arloak zehazteari buruzko maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua bigarrenez aldatzeko onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailen egitura berrantolatu du, bai eta sailean saileko eskumenen esleipen berria ezarri ere.

Dekretu horren ondorioz, «drogamenpekotasunak», Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik, Osasun eta Kontsumo Sailaren eskuetara pasa ziren. Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak arlo horretarako emanda zeuzkan eginkizunak ere -eta ez ziren gutxi- bere gain hartu zituen, berehala; besteak beste, drogamenpekotasunari aurrea hartzeko edo haren arriskuak eta kalteak murrizteko jarduerak sustatzearekin zerikusia dutenak. Eta, ondorioz, drogamenpekotasunen inguruko esku-hartze sozialak dekretu honek diruz lagundu ditzakeen lerroetatik kanpora geratu behar du.

Beste alde batetik, orain arteko dirulaguntza-deialdietan ikusi dugunez, kontzeptu eta baldintza batzuk argitu eta zehaztu egin behar dira, eta testua, arau modura, hobetu egin beharra dago.

Azkenik, balorazio-irizpideen arabera jarduerei ematen zaien puntuazioaren inguruan eta kreditua banatzeko sistemaren inguruan, esan beharra dago osatu dugun markoa egokitu egin daitekeela baliabideen arabera, eta aurkezten diren jardueren kalitatearen arabera doitu ahal izango dela.

Erreferentzia horiek denak ez dira nolanahikoak, eta garbi dago beste dekretu bat behar dugula, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak osorik arautzeko.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko abenduaren 4an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, esleituta dauzkan eginkizun eta jardun-arloen esparruan irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei (Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 73. artikuluak aipatzen ditu) erakunde horiek gizarte-zerbitzuen esparruan eta, oro har, gizarte esku-hartzearen arloan garatzen dituzten jardueren finantzaketan laguntzeko laguntzen eta diru-laguntzen esparru orokorra arautzea da dekretu honen xedea.

  2. Dekretu honi begira, kontuan hartuko da gizarte esku-hartzearen esparrua osatzen dutela jende guztiaren autonomia pertsonalaren sustapen eta babesera eta integrazio komunitariora bideratutako jarduerek, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira: gizarte-zerbitzuak, gizarteratzea; familiaren babesa; haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea; etorkinen integrazioa eta, oro har, kulturartekotasuna; adinekoak zaintzea eta babestea; mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaindu eta babestea eta, oro har, desgaitasun-egoeran daudenak; eta askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

  3. Arlo soziosanitarioko, sozioedukatiboko, soziolaboraleko, soziohabitazionaleko eta beste arlo batzuetako jarduera misto, koordinatu edo integratuak subentzionagarritzat jo ahalko dira dagozkien deialdi-aginduek zehazturikoaren arabera. Aitzitik, ez dira esku-hartzearen esparruan biltzen, eta horrenbestez dekretu honen helburutik kanpo geratzen dira, batez ere eta nagusiki beste sektore-esparru batzuetara -hala nola sanitatea, hezkuntza, enplegua edo etxebizitza- bideraturiko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek garaturiko jarduerak.

  4. Dekretuak aipatzen dituen gizarte esku-hartzearen arloko jarduerak Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 7. artikuluan aurreikusitako printzipioetara, gizarte-zerbitzuen alorreko euskal administrazio publikoen plangintza estrategikoan indarrean dauden gidalerroetara eta artikulu honen 2. idatzi-zatian aipaturiko beste gaiei ere dagokienez aplikagarria den araudira eta plangintza estrategikora egokitu beharko dira.

  1. Dekretu honek arauturiko diru-laguntzak ematean bereziki balioetsiko da laguntzekoak izan daitezkeen gizarte esku-hartzearen arloko jardueretan aurreko artikuluaren 2. lerrokadan aipaturiko jardueren arloekin loturiko zeharkako politiken ikuspuntu propioak gaineratzea.

  2. Beharrezkoa izango da, dena den, genero-ikuspuntua gaineratzea emakume eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinen kontsiderazio sistematikotzat hartuta, eta, oro har, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak biltzen dituen printzipioen aplikazioa eta betebeharrak betetzea.

  1. Gizarte-interbentziorako aplikatu beharreko arauak ikusita (orain arte aipatu ditugunez ari gara), nondik norakoa irizpide erkide hauen arabera zehazturik daukaten jarduerak lagundu ahal izango dira diruz:

    Prebentzioa: hasteko, lehentasuna zaintzeko premia agertzea, luzatzea edo areagotzea saihesten duen esku-hartzearen alde. Prebentzioa maila guztietakoa izan daiteke: unibertsala, aukerakoa, zehaztua eta adierazia. Arriskuak eta kalteak murrizteko ikuspegia bere gain hartzen du, jendearen egoeran edozein ondorio negatibo (egungoak edota potentzialak) minimizatzea biltzen duena.

    Ikuspegi komunitarioa: familia- eta komunitate-sareetan oinarritzen den eta haiek babesten dituen esku-hartzeak izango du lehentasuna, betiere hurbiltasun-klabean.

    Pertsonalizazioa: zaintza hobeto molda edo egoki dadila lortzeko modu malgua bilatzea, zaintza hori jasotzen duen gizabanako bakoitzaren premia, eskaera eta igurikimenetara moldatu edo egokitu, hain zuzen ere.

    Sinergia: doikuntza handiena, jarraitutasun handiena, arintasun handiena eta efektu biderkatzailea bilatzea pertsonak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuen artean eta horiek ematen dituzten sistema eta sareen artean.

    Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea ere sustatzea: lan egitea pertsonek gaitasun onenak gara ditzaten eta erabaki dezaten eurengan eraginik duen guztiari buruz, albait gehien.

    Normalizazioa: jendeari kulturalki normatiboak edo sozialki balioetsiak diren ingurune, jarduera, baliabide eta aukerak eskaintzea, aldi berean giza aniztasuna onartzen, errespetatzen eta indartzen den bitartean.

    Integrazioa: gutxien murriztaileak eta albait irisgarrienak diren babes, ingurune, jarduera, zerbitzu eta baliabideak eskaintzea, hau da, komunitatearekin harreman handienekoak direnak, eta komunitatean ere esku hartu beharko da, informazioko, sentsibilizazioko eta diskriminazioaren aurkako borrokako klabean.

    Kudeaketaren etengabeko hobekuntza, plangintza estrategikoko, komunikazio integratzaileko, jakintzaren eraikuntzako, enpleguaren kalitatearen hobekuntzako eta inpaktuaren ebaluazioko erremintak gaineratuta, ez-eraginkortasunak eta bikoiztasunak saihestuta.

  2. Gizarte esku-hartzearen esparruko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeen jardueretarako diru-laguntzen deialdi-aginduak, dekretu honetan ezarririko irizpide erkideekiko koherentziaz, diruz laguntzekoak izan daitezkeen jarduerak balioesteko erabiltzekoak izango diren dirulaguntza-lerro bakoitzeko irizpide espezifikoen balio erlatiboa zehaztu eta ezarriko dute, eta jarduera horien arteko ondoriozko lehentasuna.

  1. Dekretu honetan aurreikusiriko diru-laguntzak jaso ahalko dituzte, betiere dagozkien deialdi-aginduetan agertuta, honako jardun-ildo hauetan bilduriko jarduerak, gutxienez:

    Gizarte-arloan esku hartzeko jarduerak, pertsona, familia, talde eta komunitateei zuzenduak;

    Gizarte esku-hartzean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

    Gizarte esku-hartzerako jakintzaren kudeaketa-jarduerak.

  2. Lehenengo linea edo lerroan, pertsona, familia, talde edo erkidegoetan interbenitzeko jarduerak lagundu ahal izango dira diruz, hau da, pertsonen autonomia eta gizarte-integrazioa sustatzeko eta babesteko taxututako jarduerak, eta, lehentasunez, esperimentazioa edo zer edo zer berritzea dakartenak.

    Ez dago baztertuta zenbait urtez jarraian jarduera batek subentzio-finantzaketa jaso ahal izatea, hori urteko deialdien esparruan egiten den edo ez alde batera utzita, jarduera horren heltze- eta zabaltze-prozesuak hori eskatzen badu subentzio-esparrutik kanpoko irisgarritasuna lortu bitartean.

  3. Aipaturiko bigarren dirulaguntza-linean finantzaketa jaso ahalko dute gizarte-ekintzaren arloan ekintza boluntario haztera, parte-hartze asoziatiboa garatzera eta, bereziki, autonomia-erkidegoko gizarte esku-hartzearen arloko erakunde, sare edo federazioen eraikuntzara eta hobekuntzara bideraturiko finantzaketa-jarduerek. Dirulaguntza-linea horren esparruan besteetan baino handiagoa izan ahalko da dekretu honetako 10. artikuluan aurreikusita dauden egiturazko kostuen egozpena, bereziki erakunde, sare edo federazioen sendotze eta garapen instituzionalerako.

  4. Hirugarren linean gizarte esku-hartzerako baliagarria den jakintza produzitu eta eskuratzeko jarduerak joko dira subentzionagarritzat, hala nola prestakuntza-programak, ikerketako eta argitalpenak lantzeko eta zabaltzeko proiektuak, dokumentazioarekin loturiko jarduerak edo alor teknikoko gertakariak, hala nola ikastaroak eta mintegiak. Dirulaguntza-lerro honetan, gizarte-interbentzioan parte hartzen duten beste eragile batzuen artean ezagutza zabaltzeko antolatzen diren jarduerak finantzatu ahal izango dira, baina soilik edo nagusiki laguntza eskatu duen erakundea bera hobetzeko antolatzen direnak, ordea, kanpoan geratuko dira.

  1. Ekimen sozialeko erakunde pribatuek eska ditzakete dekretu honetako dirulaguntzak, baina, horretarako, 1/1997 Legegintzako Dekretuan zehazturik daudenez gainera (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du dekretu horrek), eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, beste baldintza hauek ere bete behar dituzte:

    1. Legearen barruan sortuta egotea, eta diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez, dagozkien erregistroetan edo administrazio-erroldetan behar bezala erregistratuta egotea.

    2. Irabazi-asmorik ez izatea, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat, eta helburu publiko bat edo gizarte intereseko helburua lortzea sustatzea.

    3. Egoitza soziala edo ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan eduki behar du. Ordezkaritza baldin bada hemen daukana, beste bi baldintza hauek ere bete beharko ditu: dagokion erregistroan inskribaturik egon beharko du; eta, gutxienez, hiru urte eman behar ditu deialdira aurkeztu dituen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan benetan eskaintzen.

  2. Jarduera bera hainbat erakundek garatu behar badu, aurkezpena erakunde guztiek batera egin dezakete, nortasun juridiko bereziko talderik osatu gabe. Horretarako, erakunde bakoitzak dagokion eskaria egin beharko du, dekretu honetan jartzen duen bezala. Denek jarduera bera aurkeztuko dute, eta bakoitzak jarduera horren zein zati egingo duen adierazi beharko du. Jarduerarako aurrekontu osoa ere denek berbera aurkeztu beharko dute, baina, erakunde bakoitzak, bere eskabidean, bere zatia egiteko zein dirulaguntza eskatzen duen adierazi beharko du. Erakunde bakoitzak eskatutako kopuru guztien batuketak ezin du aurrekontu osoa baino handiagoa izan.

  1. Dekretu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduen bidez egindako deialdien bitartez hasiko da.

  2. Deialdi bakoitzean honako hauek mugatuko dira, dekretu honen beste artikulu batzuetan aurreikusirikoa aparte utzi gabe:

    1. Jarduera subentzionagarrien helburu eta ezaugarriak.

    2. Aurrekontuetatik dirulaguntza-lerro bakoitzari dagokion zenbatekoa eta, hala badagokio, diru-laguntzaren gehieneko topea jardueraren arabera dirulaguntza-lerro bakoitzean.

    3. Esleipen-irizpide espezifikoen ponderazioa.

    4. Eskaerak aurkezteko lekua, era eta epea.

    5. Emandako dirulaguntzaren bi ordainketetako bakoitzaren ehunekoa.

    6. Kudeaketa egiteko eta ebazpena hartzeko eskumena duten organoak.

    7. Dena delako jarduerari dirulaguntza eman ahal izateko gutxieneko puntuazioa.

    8. Zein formula erabiliko den, banaketa aldagarria den fasean, gutxieneko puntuazioa berdindu edo gainditu egiten duten jardueretarako laguntza zehazteko.

    9. Gehienez ere zeharkako zenbateko gastuak inputa ahal zaizkien dirulaguntza-lerro bakoitzean emandako laguntzei.

    10. Erakunde onuradunak diru-laguntza eman zeneko helburuaren betetzea justifikatzeko era.

  1. Dekretu honetan aurreikusiriko diru-laguntza lineetara zuzenduriko baliabide ekonomikoek honako sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-aldaketak onartzen baldin badira indarrean dagoen legediaren arabera, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan ematekoak diren diru-laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko aurrekontuetan esleitutakoa edo esleitutakoa eguneratzetik sortutakoa.

  2. Dirulaguntza-lerro bakoitzaren aurrekontu-kredituaren zenbateko osoa aldatu ahal izango da laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste dirulaguntza-lerro batzuk egikaritu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere diru-laguntzen ebazpena eman baino lehen. Dagokion zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko da inguruabar hori.

  1. Dekretu honetan arauturiko diru-laguntzen ematea bateragarria izango da jarduera bera finantzatzeko bideratzen diren administrazio berak edo beste administrazio edo eite publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak lortzearekin. Diru-laguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo eite publiko edo pribatuek emandako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

  2. Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturrien (edo halakorik ez izatearen) eta iturri horien eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskaeren zenbatekoaren ardurapeko aitorpena aurkeztu behar da.

  3. Jasotako laguntzaren eta diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, onartutako jardueraren aurrekontua baino gehiago bada, gehiegi emandako kopuru hori kendu egingo zaio eman beharreko diru-laguntzari.

  1. Jarduera bat baino gehiagorako eskatu ahalko du diru-laguntza erakunde bakoitzak.

  2. Aurkeztutako eskabideak datu okerrik edo zehaztasun gabeziarik baldin badu edo beharrezko agiriren bat faltan baldin badu, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta hamar egun balioduneko epea emango zaio eskabidea konpontzeko; hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela jakinaraziko zaio, Ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42. artikuluetan ezarritakoaren arabera eman beharrekoa- eman ondoren.

  1. Jarduera baterako subentzionagarritzat hartu ahalko dira erakundearen ordainduriko langileei loturiko kostuak jarduerarako duten dedikazioari dagokionez, baita egiturazko beste kostu batzuengatiko (azpiegitura fisikoei dagozkienak barne) ehuneko finko jakin bat ere. Azpiegitura fisikoei dagozkien gastuak zeharkako gastutzat hartuko dira. Ehuneko horretarako gehieneko tope bat ezarriko da dirulaguntza-lerro bakoitzerako dekretu honen dagozkion garapen-aginduetan.

  2. Edonola ere, ezin izango dute diru-laguntzarik jaso inbertsio-gastuek, finantza-gastuek, lizentziek, berandutza-errekarguek edo zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatiko zehapenek. Finantza-gastuak diruz lagundu daitezke, soilik, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan ere jasota badatoz, eta emandako laguntzaren lehen ordainketa deialdiko urteko uztailaren 30a baino beranduago egiten bada. Finantzagarria izateko, maileguak bi baldintzok bete behar ditu: aurkeztutako jarduerarako izan behar du berariaz, eta, kopuruz, ezin du jarduera garatzeko eskatutako kopurua gainditu.

  3. Onartzen den aurrekontuaren % 80 arteko finantziazioa eman dezake Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak. Eta zer da «onartzen den aurrekontua»? Aurkeztutako jardueraren aurrekontu osoa izango da. Egokia eta dena delako jarduerarako deskribatutako ekintzen neurrikoa izan beharko du; ez du gastu finantza ezinik ekarri behar;, eta eragiten dituen zeharkako gastuek ezin dute, ehunekotan, deialdi-aginduan dirulaguntza-lerro bakoitzerako zehazturik dagoen ehunekoa gainditu.

  4. Ordainketa bi zatitan egingo da. Lehenengo zatia ordainduko da laguntza ematen den momentuan bertan; eta bigarrena, berriz, deialdiaren hurrengo urteko otsaileko azken eguna baino lehenago, hori bai, diruz laguntzea onartu den gastua egiaztatu ondoren. Lehenengo ordainketa, gutxienez, onartutako dirulaguntzaren % 60koa izango da.

  1. Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ematea eta ordaintzea erakunde eskatzaileek zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzearen menpe dago, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak xedatzen duenari jarraikiz.

  2. Era berean, erakunde onuradunei dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

Aplikatzekoak zaizkion indarrean dagoen araudiak eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak adieraziriko beste batzuk aparte utzi gabe, honako hauek bete beharko dituzte aurreikusitako diru-laguntzen erakunde onuradunek:

  1. Emandako diru-laguntza onartu. Diru-laguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta sei egun balioduneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da diru-laguntza.

  2. Dagokion Zuzendaritzarik idazki bidez jakinaraztea, eskaeraren beraren unean zein ondoren, diru-laguntzak emateko eskaturiko eta kontuan harturiko eskakizunetako bat eraginpean hartzen duen edozein inguruabarren aldaketa, betiere albait bizkorren.

  3. Dagokion zuzendaritzari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozen helburu berdinerako jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

  4. Diru-laguntza eman duen erakundeari egiaztatzea diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela. Emandako diru-kopurua justifikatzeko justifikazio-kontu bat entregatu beharko da deialdiaren hurrengo urteko otsaileko azken eguna baino lehenago, hau da, gastua egiaztatzen duen agiri guztien zerrenda, gutxienez honako hauek adierazita: agiriaren izaera, identifikazioa, igorlea, data, zenbatekoa, jarduerarekiko egozpen-ehunekoa eta dagozkien deialdi-aginduetan ezartzen diren gainerako elementuak, eta erakundeak gorde eta eskuratzeko prest izan beharko ditu jatorrizko agiri guztiak, data horretatik gutxienez bost urteko epean.

  5. Subentzionaturiko jarduera balioesten duen memoria dagokion zuzendaritzari igortzea. Memoria horrek ezarritako helburuen lorpen-maila adierazi beharko du.

  6. Jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari laguntzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura jasotako laguntzei eta diru-laguntzei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiak aurreikusitakoei dagokienez Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jardueren mende jartzea.

  7. Esanbidez jasoaraztea Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren diru-laguntza badagoela, subentzionaturiko jardueraren gizarte-inguruneari zuzenduriko adierazpen edo komunikazio bat dagoen bakoitzean.

  8. Lan-araudia betetzea, eta aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa ere bai, halakorik izanez gero.

  1. Gizarte-gaietako eskumenak dituen saileko zuzendaritzek izango dute dekretu honetan arauturiko diru-laguntzak kudeatu eta ebazteko eskumena. Dena delako deialdi-aginduan egongo da zehazturik, berariaz, dirulaguntza-lerro bakoitzean zein zuzendaritza izango den eskumenduna.

  2. Dirulaguntza-lerro bakoitza kudeatzeko eskuduna den zuzendaritzari dagokion sailburuordetzak izendatuko du lerro diru-laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena egingo duen Balorazio Batzordea. Ebazpen-proposamenean behar bezala arrazoituko da jarduera bakoitzari esleituriko puntuazioa, diru-laguntzen linea bakoitzeko balorazio-irizpideei jarraikiz.

  3. Balioespen Batzordea sei lagunek osatuko dute gehienenez, betiere goi-karguak edo funtzionario edo langileak gutxienez gizarte-gaietako arloan, familiaren arloan, gizarteratzearen arloan, immigrazioaren arloan, haur eta nerabeen arloan eta dibertsitate eta askatasun afektibo-sexualaren arloan eskudun diren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren zuzendaritzetan, zuzendaritza horiek bakoitzak proposatuta. Beharrezko neurriak hartuko dira Balioespen Batzorde horretan bi sexuen presentzia orekatua egon dadin lortzeko.

  4. Diru-laguntzen linea kasu bakoitzean kudeatzen duen zuzendaritzakoa den funtzionario edo langile batek jardungo du Balioespen Batzordeko idazkari gisa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da batzorde horren osaera.

  1. Dekretu honetan arauturiko diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketarena izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 51.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  2. Balorazio Batzordeak jarduera bakoitzerako finkatuko du diru-laguntza linea bakoitzerako balioespen-irizpideen arabera lorturiko puntuazioa. Era berean, dekretu honetako 10. artikulua aplikatuta, jarduera bakoitzerako gehieneko zenbateko subentzionagarria ezarriko du, eta horrek ezin izango du ezein kasutan eskaturiko zenbatekoa gainditu.

  3. Dekretu hau garatzeko aginduetan, jarduerak diruz lagundu ahal izateko gutxieneko puntuazioa zein den zehaztuko da. Gerta daiteke dirulaguntza-lerro bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-kreditua nahikoa ez izatea gutxieneko puntuazioa berdindu edo gainditu duten jarduera guztiei gehienezko dirulaguntza emateko. Halakoetan, bi distribuzio-faseetako bakoitzetik ateratzen diren bi kopuruen batuketa izango da laguntzaren zenbatekoa:

    Lehenengo fasean, banaketa finkoko sistema bat erabiliko dugu: Erabil daitekeen kreditutik, Balioespen Batzordeak ehuneko bat zehaztuko du, eta gutxieneko puntuazioa berdindu edo gainditu duten eskabide guztien artean banatuko da, eskabide guztien artean ehuneko berean, bakoitzari eman dakiokeen gehienezko dirulaguntzaren arabera.

    Bigarren fasean, beste sistema bat erabiliko dugu, hau da, puntuazioaren arabera, banaketa ezberdina izango da. Ordaintzeke dagoen kreditua puntuazioaren arabera banatuko da. Puntuazioari ehuneko bat egokituko zaio, diruz lagundu daitekeen gehienezko zenbatekoaren arabera. Eta, horrela, aurrekontuko kreditua agortu arte. Deialdiko aginduan definituko da zein formula erabili beharko den, banaketa aldakorrerako ehunekoa zehazteko.

  4. Dekretu honen garapen-aginduetan hainbat formula ezarriko dira, eta horien arabera izango dute presentzia nahikoa edo orekatua emandako diru-laguntzen multzoan dekretu honek aipatzen dituen politika edo ikuspuntu sektorialek (gizarte-zerbitzuak, familia, gizarteratzea, droga-mendetasunak, immigrazioa, askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala, haurrak eta nerabeak, adinekoak).

  1. Dagokion zuzendariak, Balorazio Batzordearen proposamena aldez aurretik aztertuta, ebatzi eta erakunde interesdunei jakinaraziko die diru-laguntzen emakida edo ukapena Euskal Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren ebazpenen bidez (izan daitezkeen aldaketak ere bertan argitaratuko dira), eta bertan jasoko dira, jende guztiak jakin dezan, erakunde onuradunen, subentzionaturiko jardueren eta bakoitzari esleituriko zenbatekoaren zerrenda. Era berean, ukatutako eskaerak jasoaraziko dira, ukapenaren arrazoia adierazita. Edozein kasutan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 51.7 artikuluan aurreikusirikoaz gainera, azkenik onartutako aurrekontuaren zenbatekoa ere ekarri behar du ebazpenak.

  2. Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea bost hilabetekoa izango da, deialdi-aginduak argitaratzen diren egunaren biharamunetik zenbatuta, eta epe hori igarotakoan, diru-laguntza eskaera ukatutzat hartuko da, esanbidezko ebazpena eman beharra aparte utzi gabe, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari dagokionez.

  3. Emakida- edo ukapen-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio, dagokion ebazpenaren egunetik hasi eta hilabeteko epean, sailburuordeari, diru-laguntzen dagokion linearen zuzendaritza kudeatzailea bere erantzukizun-esparruan duen sailburuordeari.

  4. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo orobat Herri Administrazio honek edo beste batek, edo erakunde publiko zein pribaturen batek, aldi berean, laguntza edo diru-laguntzarik eman badu, edo helburu berbererako beste edozein sarrera edo baliabiderik lortuz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke, eta erakunde onuradunek atzera itzuli egin beharko dituzte gehiegizko kopuruak.

Dirulaguntza jaso duen dena delako erakundeak ez baldin badu erabiltzen eman zaion horretarako, ez baldin badu horretarako erabili izana egiaztatzen, ez baldin baditu dirulaguntza emateko baldintzak betetzen, edo, orokorrean, ez baldin baditu 12. artikuluan datozen baldintzak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko du, legezko interesak eta guzti, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera. Dekretu horretan dago arauturik Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra.

Dekretu hau indarrean hasten den egunean indargabetuta geratu den araudiaren arabera jada bideratutako edo bideratze-fasean dauden espedienteak araudi horri jarraikiz arautuko dira, espedientea amaitu arte.

Indarrik gabe geratzen dira 649/2009 Dekretua, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena, eta dekretu honen aurkakoa den beste edozein xedapen.

Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Dekretu honetan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi gabe geratu diren gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abenduaren 4an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (18)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.