Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

236/2012 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 228
  • Hurrenkera-zk.: 5186
  • Xedapen-zk.: 236
  • Xedapen-data: 2012/11/21
  • Argitaratze-data: 2012/11/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

328/1998 Dekretua, abenduaren 1ekoa, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzen duena, aitzindaria izan zen Estatu mailan eta oinarrizko zutabea Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren jardueran.

Hala ere, hainbat arrazoi direla eta, komeni da abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuaren edukia egokitu, berrantolatu eta sinplifikatzea. Hori dela eta, testu artikulatu berri batean Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzea erabaki da.

Alde batetik, Dekretu honetan bateratzen da Zuzendaritza Kontseiluaren eta Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordearen eremuan azaroaren 22ko 394/2005 Dekretuak ezarritakoa, abenduaren 1eko 328/1998 Dekretua aldatzean.

Bestetik, abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuak Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren lanpostuen zerrenda jasotzen zuenez gero, lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketa bakoitzak Institutu hau sortzen duen Dekretua aldarazi du. Horregatik eta testuaren argitasunaren mesederako, komenigarritzat jo da testu bakar batean Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzea, eta beste berariazko Dekretu batean haren lanpostuen zerrenda soilik onartzea.

Nolanahi ere, Dekretu honetan ezartzen dira zeintzuk diren Institutuaren lanpostuen zerrendako destino-zentroak, horrela aurreikusten baita Botere Judizialaren uztailaren 1eko Lege Organikoaren 521 artikuluan. Artikulu horren arabera, Auzitegi Medikuntzako Institutuak sortzen dituzten arauek zehaztuko dute zeintzuk izango diren destino-zentroak Institutu bakoitzean. Horiek horrela, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan lau destino-zentro izango dira: destino-zentro bat Zuzendariordetza bakoitzeko, eta, goriez gain, Zuzendaritzako destino-zentroa.

Egiturari dagokionez, alde batetik, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren Zuzendaritzaren menpean daude bai Auzitegiko Laborategi Zerbitzua, bai Dekretu honetan aurreikusten den auzitegi-medikuntzaren arloan prestakuntza-jarduerak bultzatzeko Irakaskuntza Unitatea. Bestaldetik, Zuzendariordetza bakoitza hiru zerbitzutan egituratzen da edo hiru arlotan Arabako Zuzendariordetzaren kasuan, tamaina dela-eta-: Auzitegiko Patología Zerbitzua, Auzitegiko Klinika Zerbitzua eta Zerbitzu Erkide Orokorra, azken honek aurreko Administrazio-Zerbitzua ordezkatzen du. Auzitegiko Patologia Zerbitzuak, berriz, bi atal ditu Autopsiak eta Gorpuak hartzeko Atala eta Anatomia Patologikoaren atala-, eta Auzitegiko Klinika Zerbitzuak, bestalde, hiru atal ditu Medikuntza Orokorreko Atala, Auzitegiko Traumatologia Atala eta Auzitegiko Psikiatria Atala-. Gainera, Auzitegiko Psikiatria Atalaren barnean Osoko Auzitegi Balorazioarako Unitatea dago, diziplina anitzeko lantalde batek osatzen duena genero-indarkeria eta familia barruko indarkeria kasuetan irizpen integralak emateko.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuari ere eragin diote Justizia Administrazioaren erreforma prozesuak eta Bulego Judizial berriaren ezarpenak. Hala, Institutuan ere islatzen da Bulego Judizialeko zerbitzu erkide prozesal orokorren konfigurazioa eta, ondorioz, zerbitzu administratiboak zerbitzu erkide orokorrak bilakatzen dira, eta kalitatea kudeatzean oinarritutako antolakuntza bati jarraituz jardungo dute.

Euskararen erabilera sustatzeko helburuz, ekimenak bultzatuko dira Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan eman daitezen, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 435. artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren arabera.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua kalitatea kudeatzeko sistema baten barruan arituko da. Aldi berean, kalitatea kudeatzeko sistema horrek koherentea izan beharko du eta sinergiak sortu beharko ditu Euskal Erkide Autonomoan Bulego Judizialak eta Bulego Fiskalak dituzten kalitatearen kudeaketa-sistemekin.

Zuzendariaren agindupean jardungo du Zuzendaritza Kontseilu batek, bere eskumeneko gaietako organo aholku-emaile moduan.

Orobat, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua sortzen duen abenduaren 1eko 328/1998 Dekretuko 13. artikuluan araututako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordea eratzen da, bere partaidetza zehaztuz.

Bestalde, funtsezkotzat jotzen da koordinazioa eta lankidetza bultzatzea Justizia arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren artean, azken horrek ematen dituen zerbitzuek ondo funtziona dezaten eta etengabe hobetzearren. Horretarako, hain zuzen ere, Koordinatu eta Hobetzeko Batzordea ezartzen da honako kide hauekin: Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren zuzendaria, hiru zuzendariordeak eta pertsonalaren ordezkaritza bat, eta AMEIren eremuan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzen ordezkaritza bat.

Halaber, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren, Bulego Judizialaren eta Bulego Fiskalaren jardueren arteko koordinazioa bultzatuko da, sortuta dauden edo sortuko diren mekanismo egokien bitartez.

Horiek horrela, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, behin Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren aldeko txostena jasota, behin Justizia Ministerioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, haren Gobernu Idazkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia eta erakunde sindikalak jakinaren gainean jarrita, eta 2011ko bilkuran Gobernu Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren AMEI aurrerantzean- izaera, egitura, antolakuntza eta funtzionamendua arautzea da.

  1. AMEI organo tekniko bat da, Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioari laguntza emateko eginkizuna duena.

  2. AMEI organikoki, Eusko Jaurlaritzan justizia arloan eskumena duen sailari adskribitzen zaio.

  3. AMEIk medikuntzako aditu-probak egingo ditu, hala proba tanalogikoak, nola proba klinikoak eta laborategikoak. Era berean, auzitegi-medikuntzarekin zerikusia duten irakaskuntza- eta ikerketa- jarduerak ere egin ahal izango ditu. Inola ere ezingo da egin izaera pribatuko jarduera tanatologikorik edo perizialik.

  4. Eginkizun teknikoei dagokionez, AMEI beregaintasun-printzipioan oinarrituko da bere zereginetan, eta egokitzat jotzen dituen zientzia-ikerketako irizpideen arabera egingo ditu txostenak.

  1. AMEI honako hauek osatzen dute: Zuzendaritza eta bere menpeko Auzitegi Laborategiko Zerbitzua; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Zuzendariordetzak.

  2. Zuzendaritza Kontseilua eta Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordea AMEIko organo aholku-emaileak dira.

  3. Koordinatu eta Hobetzeko Batzordea AMEIren eta justizian eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailaren arteko koordinaziorako organoa da.

  4. Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeak eta Zuzendaritza Kontseiluak proposaturik Irakaskuntza Unitate bat sor daiteke.

  1. AMEIren Zuzendaritzak Bilbon du egoitza, eta AMEIren zuzendariak darama. Bestalde, zuzendaria, funtzionalki, Bulego Judizial eta Fiskalaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Zuzendaritzapean dago, eta, organikoki, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen eremuan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzapean.

  2. Zuzendariaren agindupean jardungo du Zuzendaritza Kontseilu batek, bere eskumeneko gaietako organo aholku-emaile moduan.

  3. Halaber, Zuzendaritzaren menpean daude, bai Auzitegi Laborategiko Zerbitzua, bai Irakaskuntza Unitatea sortu eta gero.

  1. Zuzendariorde batek zuzenduko du Zuzendariordetza bakoitza. Zuzendariordeak, funtzionalki, AMEIren Zuzendaritzapean daude, eta, organikoki, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen eremuan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzapean.

  2. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Zuzendariordetzak bakoitzari dagokion lurralde historikoan arituko dira, eta egoitzak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango dituzte, hurrenez hurren.

  3. Bizkaiko eta Gipuzkoako Zuzendariordetzak hiru zerbitzutan egituratzen dira eta Arabakoa, berriz, hiru arlotan:

    1. Auzitegiko Patologia Zerbitzua/Arloa.

    2. Auzitegiko Klinika Zerbitzua/Arloa.

    3. Zerbitzu/Arlo Erkide Orokorra.

  1. Auzitegiko Patologia Zerbitzuak/Arloak honako eginkizun hauek bete behar ditu:

    1. Bortxazko heriotzen eta ustezko krimen guztien lege-medikuntzako ikerketa egitea, epaileak hala agintzen duenean.

    2. Hilotzak eta gorpuzkinak identifikatzea.

  2. Auzitegiko Patologia Zerbitzua/Arloak bi atal ditu:

    1. Autopsiak eta Gorpuak hartzeko Atala: hilotzen identifikazioa eta azterketa egingo da bertan, analisi fotografikoen, erradiologikoen, makroskopikoen eta kriminalistikoen bitartez.

    2. Anatomia Patologikoaren Atala: ehunak aztertuko ditu teknika eta ikerketa histopatologikoen bitartez.

  3. Auzitegiko Patologia Zerbitzuan/Arloan Auzitegi Patologian edota Anatomia Patologikoan adituak diren auzitegi-medikuek lan egingo dute.

  1. Auzitegiko Klinika Zerbitzuak/Arloak honako eginkizun hauek bete behar ditu:

    1. Lege-medikuntzako peritajeak egitea.

    2. Lesionatuak aldizka kontrolatzea eta gorputzeko lesioak neurtzea, baldin eta lesio horiek auzi-prozeduretan kontuan hartzekoak badira.

    3. Epailearen esku dauden atxilotuei mediku-laguntza edo zaintza eskaintzea.

    4. Genero-indarkeriaren edota familia barruko indarkeriaren biktimei dela tratu fisikoagatik edo psikikoagatik laguntzea, eta, halaber, txosten osoak edo diziplina anitzekoak egitea gai horien gainean.

  2. Auzitegi Klinika Zerbitzua/Arloa hiruna atal daude:

    1. Medikuntza Orokorreko Atala.

    2. Auzitegiko Traumatologia Atala.

    3. Auzitegiko Psikiatria Atala, bere baitan Osoko Auzitegi Baloraziorako Unitatea duena.

  3. Medikuntza Orokorreko Atalean jasoko dira barruti judizialen eskaera guztiak, baina, hala badagokio, eskaerak atal espezializatuetara bidaliko dira, idatziz eta arrazoituz/arrazoiak azalduz, bi kasutan: kontsulta jakin bat egiteko, edota eskaera behin betiko atal espezializatuen esku uzteko.

  4. Aitzitik, dagokion araudietan edo protokoloetan hala aurreikusiz gero, barruti judizialeko laguntza eskaerak zuzenean bidali ahal izango dira Auzitegiko Traumatologia edota Auzitegiko Psikiatria Ataletara, aurretik Medikuntza Orokorreko Ataletik pasatu behar gabe.

  5. Auzitegiko Psikiatria Atalean dauden Osoko Auzitegi Baloraziorako Unitateak psikiatrian adituak diren auzitegi-medikuez, psikologoz eta gizarte-langilez osatuta daude. Hartara genero-indarkeriako kasuetan eta familia barruko indarkeriako kasuetan irizpen integralak emateko gai izango den lantalde diziplina anitzekoa eratzeko.

  6. Hitzarmenak egingo dira osasun-sare publikoarekin Auzitegiko Klinika Zerbitzuan/Atalean aurreikusita ez dauden beste espezialitate batzuetan medikuntzako peritazioak edo txostenak egiteko edota Zerbitzu/Arlo honek ez dituen baliabideak erabiltzeko.

  7. Hitzarmena eginez gero, dagokion osasun-zerbitzuetako erakundeari dagokion kostua ordaindu beharko zaio, tarifa eta prezio publikoei buruz indarrean dauden arauetan ezarritakoaren arabera.

  8. Medikuntza Orokorreko Atalean egingo dute lan auzitegi-mediku generalista guztiek. Bestalde, Auzitegiko Traumatologia eta Psikiatria ataletan arlo horietan adituak diren auzitegi-medikuak egongo dira.

  9. Psikologoek eta gizarte-langileek Auzitegi-Klinikako Zerbitzuan/Arloan egingo dute lan, lehenetsiz Auzitegiko Psikiatria Ataleko lana.

  10. Zerbitzuen premiengatik, eta hala eskatzen badute Zerbitzuburuek, Zuzendariordeek edo Zuzendariak, auzitegi-medikuek Zuzendariordetzan ez dagokien beste atal edo zerbitzu/arlo batean ere bete ahal izango dituzte funtzioak. Muturreko larrialdietan, beste zuzendariordetza batean jarduteko eskatu ahal izango zaie auzitegi-mediku guzti-guztiei.

  1. Zerbitzu/Arlo Erkide Orokorrak zerbitzu administratiboak ematen ditu, auzitegi-medikuei beren eginkizunetan laguntza emanez.

  2. Zerbitzu/Arlo Erkide Orokorrean Justizia Administrazioaren menpeko honako kidego hauetako funtzionarioek egingo dute lan: Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegokoa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegokoa eta Laguntza Judizialeko Kidegokoa.

  3. Dagokion Zuzendariordetzako Zerbitzu/Arlo Erkide Orokorrak zerbitzua emango die AMEIko Zuzendaritzari, Auzitegi Laborategiko Zerbitzuari eta, behin sortu ostean, Irakaskuntza Unitateari.

  4. Zerbitzu/Arlo Erkide Orokor bakoitzean gutxienez kudeatzaile arduradun bat egongo da, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegokoa.

  5. Barakaldoko, Bergarako, Durangoko, Eibarko, Getxoko, Gernikako, Irungo eta Tolosako barruti judizialetan dagokion Zuzendariordetzako Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko funtzionario batek emango dio Auzitegi Klinikari administrazio-laguntza.

  6. Balmasedako, Azpeitiko eta Amurrioko bulego judizialetan, dagokion Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorreko Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko funtzionario batek emango dio Auzitegiko Klinikari administrazio-laguntza. Funtzionario hori, funtzionalki, Zerbitzu Erkide Prozesaleko idazkari zuzendariaren menpean arituko da, betiere 16. artikuluko prozeduren eskuliburuan jasotako Auzitegiko Klinikari laguntza emateko prozedurari jarraituz.

  7. Zerbitzu/Arlo Erkide Orokorrak honako zerbitzu hauek ematen ditu:

    1. Posta, dokumentazioa eta ofizioak jaso eta katalogatzea.

    2. Eskaerak sailkatu, erregistratu, espediente administratiboa egin eta tramitatzea.

    3. Mediku-azterketetarako aldez aurreko zitak eta interesdunekiko gainerako jarduerak antolatu eta kontrolatzea.

    4. Azterketak prestatzea eta herritarrez eta erabiltzaileez arduratzea.

    5. Auzitegi-medikoek egindako txostenak eta beste agiri administratibo batzuk transkribatzea.

    6. Auzitegi-txostenak izapidetzea hasieratik azkenera arte.

    7. Epaiketetara agertzeak antolatzea agenda bidez.

    8. Agenda eta sistema informatikoa etengabe eguneratzea, AMEIko datu-baseak barne.

    9. Bideokonferentziak prestatzea eta bideokonferentzietan auzitegi-medikuari laguntzea.

    10. Posta, faxak, eta artxiboa egin, fotokopiatu, eskaneatu eta digitalizatzea.

    11. Zerbitzutik ateratzen den guztia kudeatzea agiri fisikoak zein telematikoak, espedienteak eta zerrendak, besteak beste, bermatu ahal izateko modu zuzenean egin dela eta kontroleko adierazleak betetzen dituela.

    12. Herritarrei eta erabiltzaileei telefonoz eta aurrez aurre kasu egitea eta dagokion informazioa ematea.

    13. Zerbitzua kudeatzea, eta estatistikak eta kontrolak egitea.

    1. Laginei etiketak jarri eta dagokien laborategira bidaltzea, betiere zaintza-katea mantenduz.

  1. Auzitegiko Laborategi Zerbitzua, funtzionalki, AMEIren Zuzendaritzapean dago, eta, organikoki, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen eremuan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzapean.

  2. Bilbon du egoitza, eta Euskal Autonomia Erkidego osoan jarduten da. Hala ere, Justiziak eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Sailak horrela erabakitzen badu, Auzitegiko Laborategi Zerbitzuko jarduera batzuk Zuzendariordetzetan garatzeko modua ere izango da.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko organo judizialek eskatutako analisi biologikoak, klinikoak eta toxikologikoak egitea dagokio Auzitegi Laborategiko Zerbitzuari. Nolanahi ere, Toxikologiako Institutu Nazionala erreferentziako zentro gisa jardungo du bere espezialitatearekin zerikusia duten gaietan.

  1. Irakaskuntza Unitatea, zuzendariaren menpe arituko da, eta auzitegi-medikuntzaren arloko prestakuntza-jarduerak bultzatuko ditu, intereseko beste erakunde edota entitateekin lankidetzan.

  2. Irakaskuntza Unitatearen lana Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordearen erabakietan oinarrituko da, eta baita Zuzendaritza Kontseiluak bultzatutako beste jarduera-ildoetan ere.

  1. Zuzendariak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. AMEIren zerbitzuek ondo funtzionatzen dutela zaintzea.

    2. Zuzendariordeei eta Auzitegi Laborategiko zerbitzuburuari beren eskumenen eremuan aritzeko gidalerroak edota instrukzioak ematea.

    3. AMEI ordezkatzea.

    4. AMEIren urteko jarduera-plana eta urteko aurrekontuaren proposamena egin eta Justizian eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Sailaren aurrean aurkeztea.

    5. AMEIren zerbitzuen, lanen eta jardueren urteko txostena aurkeztea justizia arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailaren aurrean.

    6. AMEIn egin beharreko lanen banaketari buruzko proposamenak onartzea, Zuzendari-ordetzetako zerbitzu batzuei eta besteei aplikatzeko irizpide homogeneoak kontuan hartuz.

    7. Zuzendariordetzak aurkeztutako guardiako txanden proposamenak onartzea, bai jurisdikzio-organoetan etengabe egon behar duten mediku-txandak, baita Justizi Administrazioaren gainerako organoetan edozein unetan lantokira joateko prest egon behar dutenak ere. Guardien banaketa irizpide homogeneoetan oinarrituko da, guardien arloan indarrean dauden arauak betez.

    8. AMEIko lanpostuen zerrendaren aldaketak proposatzea eta, behar izanez gero, AMEIko pertsonalaren kontra zigor-espedienteak irekitzeko proposatzea eta justizian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari igortzea.

    9. Justizian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari prestakuntza eta baliabide materialen arloetako beharrizanak aurkeztea.

    10. Justizian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari AMEIren ikerketa- eta irakaskuntza- proiektuak aurkeztea, Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordearen iritzia entzun ondoren.

    11. Toxikologiako Erakunde Nazionalaren lankidetza eskatzea, hala komeni dela uste denean, ikerketaren emaitzetarako, prestakuntzarako eta balioztatze analitikoetarako.

    12. Zuzendariordeak ordezkatzea hiru kasu hauetan: beren lanpostuak hutsik daudenean, lantokitik kanpo daudenean edo gaixo daudenean. Era berean, zerbitzuburuak ere ordezkatuko ditu kasu horietan, baldin eta zuzendariordeek ezin badituzte eginkizun horiek bete beste ordezkapen bat egiten ari direlako.

    13. Justizian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari auzitegi-medikuntzako protokoloak aurkeztea, onar ditzan.

  2. Zuzendariari egotzitako funtzioak bateragarriak dira auzitegi-medikuaren funtzioekin, betiere lehentasuna izanik artikulu honen lehen puntuan jasotzen direnak.

  1. Zuzendariordeei dagozkie funtzio hauek:

    1. AMEI ordezkatzea dagokion lurraldean.

    2. Zuzendariari bere eginkizunak betetzen laguntzea.

    3. Zuzendariari Zuzendariordetzaren urteko jarduera-plana eta urteko aurrekontuaren proposamena aurkeztea.

    4. Zuzendariordetzaren esparruan egin beharreko lanen banaketa onartzea, betiere Zuzenda-ritzak ezarritako gidalerro orokorrak errespetatuz.

    5. Zuzendariordetzaren zerbitzuek ondo funtziona dezaten zaintzea.

    6. Zuzendariordetzan egin beharreko guardien txandak -indarrean dagoen araudiaren arabera egin beharrekoak- proposatzea zuzendariari.

    7. Zuzendariordetzako lanpostuen zerrendaren aldaketak proposatzea zuzendaritzari, eta, halaber, zuzendaritzaordetzaren mendeko langileen jardunen bat zigor-espedientea abiarazteko zergatikoa izan litekeenean, horren berri ematea zuzendaritzari.

    8. Zuzendariordetzak prestakuntza eta baliabide materialen arloan dituen beharrak aurkeztea zuzendariari.

    9. Egokitzat jotzen diren ikerketa- eta irakaskuntza-proiektuak proposatzea zuzendariari.

    10. Zuzendaria ordezkatzea hiru kasuotan: kanpoan denean, lanpostua hutsik dagoenean, edo gaixo dagoenean. Eginkizun hori urtero AMEIko zuzendariorde bati egokituko zaio, bata bestearen ondoren.

    11. Zerbitzuburuak ordezkatu gaixorik edo kanpoan daudenean edo lanpostua hutsik dagoenean.

  2. Zuzendariordeei egotzitako funtzioak bateragarriak dira auzitegi-medikuaren funtzioekin, betiere lehentasuna izanik artikulu honen lehen puntuan jasotzen direnak.

  1. Honako hauek izango dira zerbitzuburuen funtzioak:

    1. Zerbitzuaren funtzionamendua antolatzea, ahalik eta etekin handien lortzeko asmoz eta kide bakoitzaren obligazioak betetzen direla zainduz.

    2. Zerbitzuaren jarduera koordinatzea eta gainbegiratzea, baita medikuena eta zerbitzuari adskribitutako gainerako langileena ere.

    3. AMEIren zuzendaritzak eta zuzendariordetzak emandako jarraibideen berri ematea zerbitzuko kide guztiei.

    4. Beren zuzendariordetzak agindutako bestelakoak, eta, Mediku Laborategiko Zerbitzuaren kasuan, Zuzendaritzak agindutakoak.

  2. Zerbitzuburuei egotzitako funtzioak bateragarriak dira auzitegi-medikuaren funtzioekin.

  1. Dagokion Zuzendariordetzako Zerbitzu/Arlo Erkide Orokorrak kudeatzaile arduradun bat edo gehiago izango ditu. Kudeatzaile arduraduna Justizia Administrazioko Prozesua eta Administrazio Kudeaketako Kidegokoa da, eta dagokion zuzendariordearekin lankidetza estuan egingo du lan, eta, funtzionalki, bere menpean izango da.

  2. Kudeatzaile arduradunek, espezifikoki eta lehentasunez, hurrengo ardura hauek beteko dituzte:

    1. Kalitate-sistema kudeatzea.

    2. Izapidegileak eta laguntzaileak antolatzea, zuzendariordearen gidalerro eta irizpideei jarraituz.

    3. Pertsonaleko gaiez arduratzea.

    4. Prozeduren eskuliburuan kudeatzaile arduradunari egokitutako funtzioak eta eginkizunak betetzea.

    5. Zuzendariordetzak eskatutako beste edozein administrazio-laguntza ematea.

AMEIko pertsonalaren funtzioak hemen daude jasota: Botere Judizialaren Lege Organikoan, kidego bakoitzari dagokion berariazko araudian, auzitegi-medikuntzako protokoloetan eta prozeduren eskuliburuan.

  1. AMEIren zuzendariordetzako zerbitzuak prozeduren eskuliburuko prozedurei jarraituz emango dira.

  2. Prozeduren eskuliburuak sei prozedura jasotzen ditu; hala ere, badago prozeduren kopurua aldatzerik horretarako arrazoiak izanez gero. Hona hemen zeintzuk diren sei prozedura horiek:

    1. Sarrerak eta katalogazioa.

    2. Azterketak eta txostenak.

    3. Agerraldiak.

    4. Irteerak.

    5. Informazioa.

    6. Klinika periferikoak.

  3. Prozeduren eskuliburuan zehazten da zein kidegori dagokion prozedura bakoitzean aurreikusten diren jardunak betetzea. Kidego edo postu arduradun bat baino gehiago izendatzen direnean eginkizun jakin bat betetzeko, lehenbizi izendatutakoak izango du eginkizun horren ardura; gainerakoek, berriz, zerbitzuaren beharraren ikuspuntutik ezinbestekoa denean bakarrik beteko dituzte eginkizun horiek, betiere izendapen-hurrenkeraren arabera.

AMEIko zuzendariordetzeen barne- antolakuntza zuzendariordearen irizpideetan oinarrituko da, betiere auzitegi-medikuntzako protokoloek ezarritakoaren arabera eta kalitatea kudeatzeko sistema barneko prozeduren eskuliburua kontuan hartuta.

  1. AMEI osoaren antolakuntza kalitatea kudeatzeko sistema bati lotuta egongo da. Sistema hori Bulego Judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du, AMEIko zuzendariarekin, zuzendariordeekin, auzitegi-medikuekin eta langileekin, orokorrean.

  2. Kalitatea kudeatzeko sistemak jarduteko protokoloak eta prozeduren eskuliburua jasoko ditu, eta AMEIko zerbitzuak etengabe hobetzen joan daitezen honako ekintza lerro hauek sustatuko ditu: plangintza, helburuen betetze-mailaren neurketa, disfuntzioen analisia, eta neurri zuzentzaileak hartzea. Aldi berean, hobetzeko aukerak, helburuak eta kalitate-sistema bera ebaluatuko dira.

  3. Kalitatea kudeatzeko sistemak parte-hartzea, motibazioa, prestakuntza, informazioa eta komunikazioa sustatuko ditu.

  4. Kalitatearen eskuliburuak prozeduren eskuliburua jasoko du eta prozesuak eta hartutako konpromisoak deskribatu eta dokumentatuko ditu, zerbitzuak kalitatez, arin eta eraginkortasunez hornitzeko, herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutunetik eratorritako konpromisoak betez.

  1. AMEIren jardueretan euskararen erabilera sustatuko da, zerbitzuak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenen bidez.

  2. Bai herritarrek bai erabiltzaileak, euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera izango dute AMEIrekiko harremanetan. Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztutako dokumentu guztiek erabateko balioa eta eraginkortasuna dute.

  1. AMEIren lanpostuen zerrendako destino-zentroak honako hauek izango dira:

    1. Zuzendaritza.

    2. Arabako Zuzendariordetza.

    3. Bizkaiko Zuzendariordetza.

    4. Gipuzkoako Zuzendariordetza.

  2. Auzitegi Laborategiko Zerbitzua eta Irakaskuntza Unitatea Zuzendaritzako destinu zentrua dute.

  1. Honakoak izango dira Zuzendaritza Kontseiluko kideak: zuzendaria Kontseiluko burua izango da-, zuzendariordeak, zerbitzuburuak, zuzendariordetzetako auzitegi-mediku bana, AMEIko auzitegi-medikuez besteko teknikarien ordezkari bat eta kudeatzaile arduradun bat.

  2. Zuzendariak edo zuzendariorde batek aldi berean zerbitzuburu lana ere eginez gero, zerbitzuan antzinatasun handiena duen auzitegi-medikuak -prestakuntza espezializatua izatea lehenetsiko da- ordezkatuko du zerbitzu hori Zuzendaritza Kontseiluan.

  3. Zuzendaritza Kontseiluan parte hartuko duten auzitegi-medikuek dagokien Zuzendariordetzeetako auzitegi-medikuek aukeratuko dituzte, eta teknikarien ordezkaria eta kudeatzaile arduraduna, aldiz, auzitegi-medikuak ez diren teknikariek eta kudeatzaile arduradunek aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Ordezkarien aukeraketa prozedura AMEIren gainean antolakuntza eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariak ezarriko du.

  4. Hona hemen Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak:

    1. Zuzendariari aholkuak ematea, bere eginkizunak gauzatu ditzan.

    2. Zuzendariordetzen urteko jarduera-planak berrestea, eta AMEIren urteko plana egitea eta zuzendariari proposatzea.

    3. Zuzendariordetzek onartutako lan-banaketak homogeneoak izan daitezen koordinatzea, lan-banaketa horietan beharrezkoak diren aldaketa-proposamenak egitea eta zuzendariari lan-banaketen proposamen aurkeztea.

    4. Zuzendariordetzek egindako guardiako.

      Txandetarako proposamenak koordinatzea, behar bezain homogeneoak izan daitezen, eta zuzendariari aurkeztea, berak onar ditzan.

    5. Prestakuntza-beharren proposamenak behar bezain homogeneoak eta koordinatuak izan daitezen begiratzea, eta proposamen horiek zuzendariari aurkeztea.

    6. AMEIko zerbitzuen, lanen eta jardueren txostena urtero egitea, zuzendariordeek aurkeztutako proposamenetan oinarrituta. Justizia Administrazioak ematen dituen zerbitzuak hobetzeko egokitzat jotzen diren iradokizun eta oharrak bilduko ditu txosten horrek.

    7. Zuzendariordetzetako urteko aurrekontuen proposamenak aztertzea edo, hala badagokio, berrestea, eta AMEIren urteko aurrekontuaren aurreproiektuaren proposamena zuzendariarekin koordinatzea.

    8. Behin betiko onartutako aurrekontuaren eta horren kudeaketaren berri zuzendariaren bidez jasotzea, horretarako ezarritako aldizkakotasunarekin.

    9. AMEIko teknika- eta kontsulta-materiala eskuratzeko proposamenak koordinatzea eta zuzendariari aurkeztea.

    10. Justizia arloko eskumena duen sailburuordeari Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordearen kideen izenak proposatzea.

    11. Eusko Jaurlaritzan justizian eskumena duen sailak onartu behar dituen auzitegi-medikuntzako protokoloak egitea.

  5. Zuzendaritza Kontseiluak nahi beste aldiz egingo du bilera, eta, gutxienez, urtean bitan. Kontseiluko presidenteak egingo du kontseilua biltzeko deia; gutxienez kontseiluko erdiak eskatuta ere, deia egin ahal izango da.

  6. Zuzendaritza Kontseiluak botoen gehiengoz onartuko ditu ebazpenak. Botoen berdinketa gertatuz gero, Zuzendaritza Kontseiluko presidenteak izango du kalitateko botoa.

  1. Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordea sortzen da, AMEIri aholku emateko organo gisa. Hona nortzuek osatuko duten: unibertsitateko katedradun edo irakasle bat; AMEIren aldetik, zuzendaria, hiru auzitegi-mediku, hurrenez hurren, psikiatrian, traumatologian edo patologian adituak, auzitegi-mediku generalista bat, eta Auzitegi-Laborategiko Zerbitzuko teknikari-fakultatibo bat; Osakidetzako mediku bat ikerketan aditua; eta Toxikologiako Institutu Nazionaleko fakultatibo bat.

  2. Hona hemen Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordearen eginkizunak:

    1. Auzitegi-medikuen prestakuntza iraunkorra eta espezializatua hobetzeko aholkuak ematea.

    2. Prestakuntza-jardueretan elkarlanean aritzea Euskal Autonomia Erkidegoan arlo honetako prestakuntzan eskumena duten organoekin.

    3. Irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak bultzatzea, bai eta ikerketa-zentroei laguntza ematea ere.

    4. AMEIren ikerketa-proiektuak proposatzea zuzendariari.

    5. Batzordea eratzen denean beren esku uzten diren gainerako eginkizunak.

  3. Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeak ez dauka auzitegi-medikuntzari buruzko txostenak edo peritu irizpenak emateko eskumenik.

  4. Justizia arloan eskumena duen sailburuordeak izendatuko ditu Irakaskuntza eta Ikerketako Batzordearen kideak, Zuzendaritza Kontseiluak eta ordezkatutako gainerako erakundeek proposatutakoari jarraituz.

  5. Kideak bi urtetarako izendatuko dira, eta epe hori luzatu egin daiteke.

  6. Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordea, printzipioz, urtean bitan bilduko da, eta, eratzeko lehen bileran, idazkari bat izendatuko da kideen artetik aukeratuta.

  7. Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeak bere funtzionamendu-arauak egingo ditu.

  8. Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeko bileretan parte-hartzeak ez dakar dietarik/dieta jasotzeko eskubiderik.

  1. Justizian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren eta AMEIren arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzeko helburuz, Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezartzen da, AMEIren zerbitzuen funtzionamendu egokiaren eta etengabeko hobekuntzaren aldera. Batzordea kide hauez osatuta dago: AMEIren aldetik, zuzendaria, zuzendariordeak eta langileen hiru ordezkari; eta AMEIren eremuan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzen ordezkaritza bat.

  2. Koordinatu eta Hobetzeko Batzordearen eginkizunak izango dira AMEIn eragina izan dezaketen gai guztiei buruz kideek ematen duten informazioa ezagutzea, eta bere kideen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzea, bai hobekuntza-jarduerak bultzatzeko, bai AMEIn sortzen diren gatazka edo arazoak konpontzeko.

  3. Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak Koordinatu eta Hobetzeko Batzordearen bileren deialdiak egingo ditu, printzipioz, sei hilez behin, bai bere Kabul, bai kideren batek eskatuta.

  4. Koordinatu eta Hobetzeko Batzordearen bileretan parte-hartzeak ez dakar dietarik jasotzeko eskubiderik.

  5. Bulego Judizialarekiko eta Bulego Fiskalarekiko eginkizunen koordinazioa bultzatuko da, sortuta dauden edo sortuko diren mekanismo egokien bitartez.

Lehenengoa. Lanpostu-zerrenda.

AMEIren lanpostuen zerrenda berariazko Dekretu batez onartu arte, indarrean dagoen lanpostu-zerrenda mantenduko da.

Bigarrena. Funtzionatzen hasteko data zehatza.

Dekretu honetan ezarritako egitura eta antolakuntza funtzionatzen hasteko data zehatza Eusko Jaurlaritzan Justizia Administrazioko langileen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpenaren bidez ezarriko da, behin AMEIren lanpostuen zerrenda onartzen duen Dekretua onartuta eta langileen akoplamenturako prozesua bukatu ondoren.

328/1998 Dekretua, abenduaren 1ekoa, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua sortzen duena indargabetzen da, hargatik eragotzi gabe xedapen iragankorretan ezarritakoa.

Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena.

Justizian eskumena duen sailburuak Dekretu hau garatzeko edo betetzeko behar diren xedapenak ezartzeko ahalmena dauka.

Bigarrena. Auzitegiko Laborategi Zerbitzuaren egitura eta funtzionamenduaren Erregelamendua.

Indarrean jarraitzen du 2010eko martxoaren 11ko Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren aginduak, AMEIko Auzitegiko Laborategi Zerbitzuaren egitura eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duenak, betiere ez badago Dekretu honen 9. artikuluan ezarritakoarekin eraginda.

Hirugarrena. Indarren sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.