Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

233/2012 DEKRETUA, azaroaren 6koa, xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia txertatzeko araubidea ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 5531
  • Xedapen-zk.: 233
  • Xedapen-data: 2012/11/06
  • Argitaratze-data: 2012/12/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Kultura Sailari hizkuntza politika jardun-arloa esleitu izan zaio azken legegintzaldietan, eta sail horrek xedapen orokorrak egiteko prozeduraren barruan bere txostenak bideratzeko bete behar den araudia ezartzen duen abuztuaren 31ko 128/2007 Dekretuaren onarpena bultzatu zuen. Bertan xedatzen da aipatutako sailak txostena emango duela, helburua izanik aztertutako proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zein eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzea.

Txosten hori Eusko Jaurlaritzan izapidetzen diren espedienteen eremuan kokatzen da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak bere autogobernu-erakundeen antolaketa, araubidea eta jarduera aurrera eramateko daukan eskumenaren esparruan ulertu behar da, Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Izapide hori ezarri zenetik lau urte baino gehiago igaro direnean, Kultura Sailak aztertu du txosten horiek euskararen erabileraren normalizaziora zuzendutako neurriak hartzeari begira duten eragina, eta ulertu da txostena emateko unea aurreratzeak proposamenak egiteko ahalmena handituko lukeela, arau proiektua ez bailitzateke hain itxita egongo egitura eta edukiari dagokionez, eta zabalik egongo litzateke beraz ikuspegi, proposamen edo aukera berriak jasotzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak gogoeta orokorra egiteko prozesu bat abiatu du, aipatutako abenduaren 22ko 8/2003 Legearen mende dauden prozedurak arindu eta hobetzeari begira, sustatuz, beste neurri batzuen artean, arau ekimenak hasierako fasean ezagun daitezen lortzera bideratutako formulen ezarpena, eta fase horretan hain zuzen eman daitezen dagozkion esparru-ekarpenak biltzen dituzten irizpenak. Zentzu horretan, garatu den gogoeta prozesuak azaleratu du arau baten taxutzearen hasierako faseetan egiten den ekarpenak eraginkortasun ahalmen eta garrantzia handiagoa ematen diola organo txostengileari, eta sail sustatzaileari irekiagoa izatea proposatutako ekimenen aurrean, arau proiektua zabalik baitago oraindik formulazio berriak erabiltzeko, atzerapenik edo izapidetze epeen luzapenik gabe.

Egokia da hortaz abuztuaren 31ko 128/2007 Dekretuaren bitartez ezarritako izapidea aldatzea, euskararen erabileraren normalizazioaren arloan eskumena duenak araua prestatzeko hasierako fasean esku hartu ahal izan dezan.

Bestalde, xedapen orokorrak egiteko prozedura hobetzeko prozesu horren barruan, txostena egiteko epea hamabost egunetan finkatzen da, aurreikusiz orobat txostena egiteko ardura duenak bere irizpena nahitaez eman beharra, proiektuak hizkuntza esparruan eraginik ez duela baieztatzeko izan daitekeen arren. Horrek helburu bi ditu: izapideak arintzea, eta segurtasun juridiko handiagoa ematea sail sustatzaileari nahiz organo txostengileari.

Horrela, txostena egiteko epea murrizteak arintasun handiagoa ematen dio espedientearen izapidetzeari. Eta bestalde, irizpena eman beharra ezartzeak organo txostengileari bermatzen dio izapidetzen ari diren xedapenetatik bat ere ez dela bere azterketatik at geratzen, eta sail sustatzaileari, ez bakarrik izapide formala betetzen dela, baizik eta hizkuntzaren ikuspegitik aintzat hartzeko modukoak izan litezkeen edukiak ezagutuko dituela ere.

Azkenik, erantsi behar da, egungo abenduaren 22ko 128/2007 Dekretua aldatzeko dekretua onartu baino, euskararen erabileraren normalizazioaren ardura duenaren esku hartzea jasoko duen testu berria taxutu eta onartzea hobetsi dela, segurtasun juridiko handiagoa eta neurri honen ikuspegi osoa bermatzen duen aukera gisa.

Ondorioz, Kulturako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko azaroaren 6ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen objektua, Eusko Jaurlaritzan xedapen orokorren proiektuak egiteko prozeduraren barruan euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia txertatzean datza.

  1. Eusko Jaurlaritzan prestatzen diren xedapen orokorrak egiteko prozeduran euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegia txertatzea, derrigorrezko aholkularitza txosten bat emanez gauzatuko da, eta bere bitartez izapidetzen ari den xedapenaren eremu objektiboan euskararen erabileraren normalizaziora zuzendutako neurriak proposatuko dira.

  2. Halaber, hizkuntza gaietan indarrean dagoen araudiarekiko egokitasuna baloratuko da, bestelako organo txostengileei dagozkien zereginak kaltetu gabe.

Dekretu honetan araututako eskumena Kultura Saileko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio.

  1. Proiektua izapidetzen ari den sailak egingo du aholkularitza txostena emateko eskaria, hori taxutzeko espedientea behin behinekoz onartzeko agindua publiko egin ondoren, eta instrukzioa egin duen saileko zerbitzu juridikoak dagokion txosten juridikoa eman ostean.

  2. Organo eskudunak 15 eguneko epean emango du txostena, egoki iritzitako aholkularitza neurriak proposatuz edo izapidetzen ari den proiektuak euskararen erabileraren normalizazioari begira eraginik ez duela adieraziz, txostena ezarritako epean eman ezean prozedurarekin jarraitu ahal izango delarik.

  3. Ezarritako aholkularitza txostena emateari begira, organo eskudunaren esku jarriko da espedientean dagoen informazio guztia, xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzen duen araudiarekin bat.

    INDARGABETZE XEDAPENAK

    Lehenengoa. Indarrik gabe gelditzen da abuztuaren 31ko 128/2007 Dekretua, xedapen orokorrak egiteko prozeduraren barruan Kultura Sailak txostenak bideratzeko bete behar duen araudia ezartzen duena.

    Bigarrena. Indargabetuta gelditzen dira, maila berekoak edo beheragokoak izanda, Dekretu honekin bat ez datozen xedapenak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 6an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.