Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

217/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Izarraitz (ES2120003) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 85
  • Hurrenkera-zk.: 2122
  • Xedapen-zk.: 217
  • Xedapen-data: 2012/10/16
  • Argitaratze-data: 2013/05/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluaren 1997ko abenduaren 23ko, 2000ko azaroaren 28ko eta 2003ko ekainaren 10eko Akordioen bidez, 6 gune deklaratu ziren Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE), eta 52 leku proposatu ziren Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuak (BGL) izateko. Proposamen hori Europako Batzordeari aurkeztu zitzaion, eta hark Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuen (BGL) zerrenda onartu zuen 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Lehenengo erabakia eskualde biogeografiko atlantikoari dagokio, eta bigarrena, berriz, eskualde biogeografiko mediterraneoari; eta bi horien barne dago gure erkidegoa.

Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan, 4. artikuluan, eta abenduaren 13ko 42/2007 Legean, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoan, 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoa betez, autonomia-erkidegoek, jendaurreko izapidea bete ondoren, beren lurraldean BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) deklaratuko dituzte, bai eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) guztiak ere. Horrez gain, behar adina kontserbazio-neurri ezarriko dituzte, eremu horietako habitat natural mota eta espezie mota guztien premia ekologikoei erantzuteko. Kontserbazio-neurriek kudeaketa-planak edo kudeaketa-bitartekoak hartuko dituzte, bai eta arauzko, administrazioko edo kontratuko neurriak ere. Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) izendatzeko epea 6 urtekoa da, Europako Batzordeak lekuen zerrenda onartzen duenetik kontatzen hasita.

Era berean, Habitat Zuzentarauak eskatutako lehentasunak hiru maila ezberdinetan finkatu dira: lehendabizi, lehentasuna eman zaie beste babespen figura baten pean ez dauden Kontserbazio Bereziko Eremuen izendapenari eta presio eta mehatxu handiak jasaten dituztenei; bigarren mailan, eremu bakoitzaren barruan babesteko dauden objektu barruan, funtsezkoak direnak aukeratu dira; eta hirugarren mailan, zaintze neurri aktiboak lehenetsi dira, garrantzi gehiena emanez premia handiena dutenei edo objektuen eta, oro har, eremuaren kontserbazioan hobekuntza nabarmenagoa dakartenei.

EAEko Natura 2000 Sareko Izarraitz (ES2120003) izeneko espazioan Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak daude, hain zuzen, habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan jasotakoak, bai eta basoko hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako hegazti-espezieak ere. Horregatik izendatu zen Natura 2000 leku.

Izarraitz mendigune karetsua da, eta zati handi bat pagadiz estalita dago. Kareharrizko haitzebakien oineko baso misto helduen eta harizti azidofiloen eredu onak ere badaude. Pertsonen jarduerengatik historiaurreko hondar garrantzitsuak daude, gune irekiak sortu dira, eta nabarmenak dira zenbait larre menditar eta txilardi lehor atlantiko zein mediterraneozko azalera adierazgarri bat. Gune ireki horietan beha daitezke antzandobia, sugezalea edo zapelatz liztorjalea. Botanikaren ikuspuntutik, azpimarratzekoak dira azeri-mahatsa (Paris cuadrifolia) eta anbulo gaiztoa (Narcissus pseudonarcissus). Gune horretako faunaren garrantzia, landazabal atlantikoaren bereizgarri diren aipatutako hegaztiez gain, funtsean, haitzuloei loturiko kiroptero-komunitateetan datza. Oinarrizko harkaitzei loturiko landare-komunitate ugari ere badago, eta bertan interes handiko espezie franko egoten dira.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu da gune hori, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen kokalekua. Horrez gain, Izarraitzeko fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Aztertuta espazioaren egungo egoera, haren ezaugarri fisikoak eta ekologikoak eta kontserbazioan eragiten duten giza erabilerak, horren ondoren, lekua kudeatzeko giltzarriak diren elementuak hautatzen dira, eta horiek izango dira, gero, helburuen eta neurrien proposamenen oinarri nagusia. Kudeaketa-xede diren elementu giltzarri esaten zaie, eta horien kontserbazio-egoera deskribatzeaz gain, zenbait helburu eta neurri zehazten dira, batetik, bermatzeko egoera onean kontserbatuko direla, eta, bestetik, lekuaren osotasun ekologikoa kontserbatuko dela, hori baita Habitatak Zuzentarauak ezarritako helburu nagusia.

Elementu giltzarri horietarako zehaztutako neurriak beste habitat natural eta flora- eta fauna-espezie batzuen kontserbazio ona lortzeko erabiliko dira; hain zuzen ere, aurreko elementuekin batera Izarraitz ere Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko arrazoi izan dira, kontserbatu beharrekoak dira eta horrexegatik babes bereziko habitat eta espezietzat jo dira.

Xehetasun-lanek aukera eman dute habitat moten informazio zientifikoa hobetzeko; baina horietan adierazitako azalera-datuetan, zenbaitetan, alde handiak daude Euskal Autonomia Erkidegoak, proposatutako tokien zerrendarekin batera, Europako Batzordera bidalitako eta hari jakinarazitako datuen aldean. Hasierako proposamena egiterakoan lanerako erabili zen eskalak eragin ditu desberdintasun horiek.

Mugaketa eguneratua Europako Batzordeari bidaliko zaio, hark onar dezan. Laneko eskala hobetzeak eragin du eguneratze hori, eta ez dakar muga-aldaketa garrantzitsurik, ez du funtsean aldatzen habitat naturalen azaleraren irudikapena, ez eta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioena ere.

Izarraitz Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, ondo bete da parte-hartzearen prozesua, nahitaezkoa baita uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Izapide-epeak iraun bitartean, zabalik egon dira parte hartzeko jarritako bide guztiak. Horretarako, interesa zuten herritarrei komunikazioak helarazi zaizkie eta, bestalde, propio prestatu genuen web-orri hau: http://www.euskadi.net/natura2000

Izarraitzeko kontserbazio-neurriak lantzeko, Europako Batzordearen printzipioei jarraitu zaie, helburua baita eremu horretan bertan ageri eta 92/43/EEE Zuzentarauan adierazten diren habitaten eta taxonen premia ekologikoei erantzuna ematea. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa betez, KBE bakoitzarentzat berariazko kudeaketa-tresna bat sortzea erabaki da. Dekretu honen eranskinean, arau-izaerako kontserbazio-neurriak bildu ditugu, eta kudeaketa-tresnaren gainerako dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean ingurumenaren alorrean eskumena duen sailaren helbide elektronikoan dago eskuragarri.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeko 2.f artikuluaren arabera, ingurumenaren babesa lurralde-antolamenduari eta hirigintzari gailentzea araudi honen oinarrian dagoen printzipioetako bat da.

Eusko Jaurlaritzari dagokio kontserbazio-neurriak ematea eta finkatzea, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 16.bis artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurreko izapidea bete ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16an izandako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Izarraitz (ES2120003) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremu horren mugaketa dekretu honi eransten zaion kartografian dago jasota Eranskin horretan, deklaratzen den Kontserbazio Bereziko Eremu horren bi mugaketa adierazten dira: batetik, Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakiari (eskualde biogeografiko atlantikoan Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onartzekoari) dagokion mugaketa, eta, bestetik, mugaketa eguneratua, Europako Batzordeari bidaltzen zaiona.

  3. Izarraitz Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) kontserbazio-neurriak onartzea.

  1. Arau honen xedea hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak lehenera ekarriko direla edo, ondo kontserbatuta, horiei eutsiko zaiela. Horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horrez gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremuan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentarauan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

  1. Dekretu honen helburu den eta Natura 2000 Sarea osatzen duen Izarraitz eremua kontserbatzeko neurriak dokumentu hauetan zehazten dira:

    1. Kontserbaziorako helburuen eta neurrien agiria.

    2. Kartografia.

      1) Mugaketa.

      2) Habitat naturalak.

      3) Zonakatzea.

    3. Gehigarria: kontserbatu nahi diren habitat- eta espezie-moten kontserbazio-egoeraren jarraipenari buruzko fitxak.

  2. Arau-izaerako xedapenak honako hauek dira:

  1. Helburu eta neurriei buruzko dokumentutik 5., 6., 8., 10. eta 12. tituluak eta 7. eta 9. tituluetako helburu eta neurriei buruzko koadroak.

  2. Artikulu honetako 1.b.1 paragrafoko eremuaren mugaketaren kartografia,

  3. Artikulu honetako 1.b.3 paragrafoko kudeaketarako zonakatzearen kartografia.

    Xedapen horiek dekretu honen eranskinean argitaratzen dira. Gainerakoak informatzekoak eta orientagarriak dira.

  1. Kontserbazio-neurrietan funtsezkoak ez diren berrikusketak edo aldaketak ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango ditu, agindu bidez, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, kontserbazioa eta kudeaketa moldaerrazak, etengabeak eta malguak izan daitezen lan egitea da helburua. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

  2. Ingurumenaren alorreko sailaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri kartografia formatu digitalean, eta eremu horien mugaketa adierazita- eta kontserbazio-neurriei buruzko agiri guztiak.

  1. Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugaketaren eguneratzea Europako Batzordeak hartutako Erabakiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

  2. Dekretu hau indarrean jartzen den unetik eta KBEaren mugaketa benetan eguneratzen den arte, lehen paragrafoan adierazitakoa betez, mugaketan eguneratu nahi diren eremuetan prebentziozko erregimena aplikatuko da, hain zuzen, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.2 eta 6.3 artikuluan ezarritakoa eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.2 eta 45.4 artikuluetan ezarritakoa.

Lehena. Baimena.

Ingurumenaren alorreko sailburuari baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

Bigarrena. Ministeriora helaraztea.

Gobernu Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaliko du dekretu honen onespena, hark Europako Batzordera bidal dezan.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

MUGAKETA (Ikus mapa)

Http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_217_2012/conf_LIC_ZEC.xml&lang=eu

ZONAKATZEA.

(Ikus mapa)

Http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_217_2012/conf_ZON.xml&lang=eu

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.