Arautegia

Inprimatu

204/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguaren berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 208
  • Hurrenkera-zk.: 4734
  • Xedapen-zk.: 204
  • Xedapen-data: 2012/10/16
  • Argitaratze-data: 2012/10/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Azken urteetan argitaratu diren hainbat hezkuntza-legek, ikastetxeko zuzendariek, eta, orobat, zuzendaritza-taldeek egiten duten lanari gero eta aitorpen handiagoa ematen diote, horiek guztiek lan handia egiten baitute ikastetxeek beren egitekoa behar bezala bete dezaten, hezkuntza-arloari bai eta antolamenduari eta kudeaketari dagokienez ere, eta, lan horrek hezkuntzaren kalitatea hobetzeko duen garrantzia aitortzen dute.

Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoarenak, ikastetxe publikoetako zuzendarien esku uzten du ikastetxeen kudeaketa orokorraren eta funtzionamenduaren ardura, eta bereziki nabarmentzen du irakaskuntza-jarduerari eman behar dioten arreta. Lege horrek zuzendariaren figura indartzeko asmoa adierazten du, eta, horretarako, eginkizun horiek betetzeko behar den prestakuntza duten langileak sustatu nahi ditu.

Gerora eman diren lege batzuk, indartu egin dute zuzendaritza-eginbeharren garrantzia, zuzendariei eginkizun gehiago esleituz. Horrez gain, hautatze-prozesu berriak arautu dira, non prestakuntza eta eskarmentua eskatzen baitira, eta zuzendarien lana betetzen lagunduko duten neurriak ezarri dira.

Hain zuzen, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana arautzen duten oinarrizko printzipioak, zuzendaritza-karguen eskumenak eta egitekoak, zuzendariak hautatzeko prozedura eta zuzendaritza-funtzioaren aintzatespena ezartzen dira honako bi lege hauen bidez: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; eta 3/2008 Legea, ekainaren 13koa, otsailaren 19ko 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoarena, aldatzen duena.

Lege horiek ezarritakoa betetzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen du.

Dekretu horretako 18. artikuluak arautzen du ebaluatu egingo direla izendatutako zuzendariek betetzen duten kargua eta egiten dituzten jarduerak, betiere izendapenaren aginte-aldia betetzen badute. Dekretuak berak arautzen duen prozedura betez egingo da izendapen hori, lau urterako. Dekretuak adierazten du, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu bidez ezarriko dela ebaluazio-prozesu hori arautuko duen oinarrizko arautegia.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 139. artikuluan, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana aitortzen du. Artikulu horren 4. paragrafoak dio, ikastetxe publikoetako zuzendariek, hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen denboraldian kargua balioespen positiboarekin betetzen badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean; betiere, hezkuntza-administrazioek finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

Halaber, otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoarenak, 33 sexies artikuluko 4. paragrafoak, ekainaren 13ko 3/2008 Legeko laugarren artikuluak xedapen horrentzat arautu duen idazketan, honako hau ezartzen du: Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetako zuzendariek, arau bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-kargua egikaritzeari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko modua arautu behar da. Ordainsari-osagarri hori zuzendari-kargua betetzen duten pertsonek jasoko dute, betiere, zuzendariak hautatzeko otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak arautzen duen prozesuari jarraituz izendatuak izan badira.

Beraz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenari jarraiki, EAEko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, arautzen dituen izapideak eginda, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzunda, eta 2012ko urriaren 16an egindako bileran Jaurlaritzaren Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzea da dekretu honen xedea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-karguan jarduteari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko, honako baldintza hauek bete behar dituzte zuzendariek:

    1. Eskabidea aurkeztea, Dekretu honen 4. artikuluan jasota dagoen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpenean ezartzen den moduan eta epeetan.

    2. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko bateko zuzendari izendatua izatea, 4 urterako, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretua aplikatuz deitutako merezimendu-lehiaketa baten ondorioz.

    3. Zuzendari-kargua bete izatea izendapenaren aginte-aldi guztian.

    4. Zuzendari-kargua betetzearen ebaluazio positiboa izatea, karguan jardun duten denboraldiari dagokionez.

    5. Izendapena egin zenerako denbora osoan jardun izatea.

    6. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako unibertsitateaz kanpoko ikastetxeren batean jardunean egotea.

  2. Dekretu honen 3. artikuluan aurreikusitako bateraezintasuna alde batera utzi gabe, finkatutako eskubidea zuzendari jarduna amaitu eta hurrengo egunetik aurrera kobratuko da, pertsona hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako unibertsitateaz kanpoko ikastetxeren batean jardunean dagoen bitartean.

Dekretu honek arautzen duen osagarria jasotzen bada, ezingo dira jaso bestelako zuzendaritza-karguak betetzeagatik ematen diren ordainsari-osagarriak. Jasotzeko eskubidea duten osagarrietatik zenbateko handiena duena ordainduko zaie bateraezintasun hori duten pertsonei.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen bidez egindako deialdian ezarriko da eskabideak aurkezteko eta ebazteko prozedura. Ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  1. Dekretu honetako 2. artikuluak araututako baldintzak betetzeagatik, zuzendari-kargua betetzeari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko eskubidea aitortzen zaien pertsonek, kontzeptu horregatik jasotzen zuten diru-zenbatekoaren protzentaje bat jasoko dute, zuzendari-karguan bete beharreko lau urte betetzen badituzte. Lau eperi dagozkien osagarriak jaso daitezke gehienez. Portzentaje hori % 15ekoa izango da lehen aldirako, % 25ekoa bigarrenerako, % 20koa hirugarrenerako eta % 10ekoa laugarrenerako.

  2. Osagarriaren zenbatekoa zehazteko, finkatze-unean osagarria finkatzen den ikastetxean zuzendaritza-kargua izateagatiko osagarriari dagokion zenbatekoa hartuko da erreferentzia gisa, betiere lehenago adierazi diren denbora-epeak kontuan hartuta. Balioa handituko zaio urtero ezartzen diren ordainsari-igoerak aplikatuta.

  3. Zuzendari-kargua bi aldi edo gehiagotan bete izateagatik ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzea aitortzen zaien pertsonek, aldi horietako bakoitzari dagozkien zenbatekoak batu eta horren emaitzaren adinako osagarria jasoko dute; ez da exijituko horiek elkarren segidakoak izan daitezen.

  4. Osagarri hori ez da izango, inolaz ere, finkatutako aldietan jardunean aritutako ikastetxeetan zuzendari-karguaren ordainsari gisa ezarritako berariazko ordainsari-osagarriaren % 70a baino handiagoa. Baldin eta positiboki baloratutako aldiek % 70 baino zenbateko handiagoa finkatzeko modua ematen badio interesdunari, diru aldetik onuragarrien gertatzen zaizkionak finkatuko zaizkio, betiere ezarritako gehienezko portzentajea lortu arte.

Lehenengoa. Ikastetxeak bat egitea edo integratzea

  1. Baldin eta zuzendariek dekretu honetako 2. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte eta kargua galtzen badute ikastetxeak bat egin edo integratzeko prozesu baten ondorioz ikastetxea desagertu delako, dekretu honetan aipatzen den osagarriaren zati osoa finkatu ahal izango dute; horretarako, dena den, segituan berriro zuzendari izendatu beharko dituzte ikastetxeak bat egin edo integratzean sortzen den ikastetxe berrian, eta izendatu ere hasiera batean izendatutako karguaren lau urteko aldia amaitu arte.

  2. Zuzendari izendatu ezean, hauxe da finkatu ahalko dutena: integratu edo bat egin den ikastetxean zuzendari-kargua bete zuten aldiaren ordainsari-osagarri proportzionalaren portzentaje bat finkatu ahal izango dute, betiere finkapena zein alditan lortu den kontuan hartuta eta zuzendari izan ziren aldiaren balorazio positiboa izaten badute.

    Osagarriaren zati bat finkatzeko osagabeko aldi honetaz baliatzen diren pertsonek uko egin ahalko diote aldi honi, baldin eta geroago aldi oso bat osatzen badute eta aldi hori kontatzekoa ez bada gehienez baloratu daitezkeen lau aldiak beteta dituztela-eta.

    Bigarrena. Hautaketa-deialdirik izan ez diren ikasturtetan egindako ez-ohiko izendapenak.

    Zuzendariak hautatzeko deialdirik egiten ez diren ikasturteetan Hezkuntza Administrazioak pertsona batzuk izenda ditzake zuzendari-kargua betetzeko ikastetxe batzuetan. Kasu horietan, % 2an handituko zaie pertsona horiei dagokion aldirako ezarrita dagoen finkapenaren zenbatekoa kargu hori betetzen duten ikasturte bakoitzeko, baldin eta beren izendapenaren ondorengo zuzendariak hautatzeko egiten den lehen deialdian parte hartu eta izendatuak izaten badira, eta beren zuzendari-agintaldiaren ebaluazioa positiboa bada.

Hezkuntza Administrazioak 2010-2011 ikasturtean zuzendari-kargua hiru urtez betetzeko izendatzen dituen pertsonek lehen aldia finkatzeko ezarritako zenbatekoaren % 2 gehiago fin-katuko dute zuzendari-kargua betetzen duten ikasturte bakoitzeko, baldin eta beren izendapenaren ondoren zuzendariak hautatzeko deitzen den lehen deialdian parte hartu eta izendatuak izaten badira, eta beren zuzendari-agintaldiaren ebaluazioa positiboa bada.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LOPEZ ALVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (8)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.