Segurtasun Saila

Arautegia

Inprimatu

220/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Arno (ES2120001) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu eta hura babesteko neurriak ezartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1902
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/10/16
  • Argitaratze-data: 2013/04/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluaren 1997ko abenduaren 23ko, 2000ko azaroaren 28ko eta 2003ko ekainaren 10eko Akordioen bidez, 6 gune deklaratu ziren Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izateko (HBBE), eta 52 leku proposatu ziren Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuak (BGL) izateko. Proposamen hori Europako Batzordeari aurkeztu zitzaion, eta hark Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuen (BGL) zerrenda onartu zuen 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Lehenengoa eskualde biogeografiko atlantikoari dagokio, eta bigarrena, berriz, eskualde biogeografiko mediterraneoari; eta bi horien barne dago gure erkidegoa.

Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan, 4. artikuluan, eta abenduaren 13ko 42/2007 Legean, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoan, 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoa betez, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri aurretik, beren lurraldean BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) deklaratuko dituzte, bai eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) guztiak ere. Horrez gain, behar adina kontserbazio-neurri ezarriko dituzte, eremu horietako habitat natural mota eta espezie mota guztien premia ekologikoei erantzuteko. Kontserbazio-neurriek kudeaketa-planak edo kudeaketa-bitartekoak hartuko dituzte, bai eta arauzko, administrazioko edo kontratuko neurriak ere. Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) izendatzeko epea 6 urtekoa da, Europako Batzordeak lekuen zerrenda onartzen duenetik kontatzen hasita.

Era berean, Habitat Zuzentarauak eskatutako lehentasunak hiru maila ezberdinetan finkatu dira: lehendabizi beste babespen figura baten pean ez dauden Kontserbazio Bereziko Eremuen izendapenari eta presio eta mehatxu handiak jasaten dituztenei lehentasuna eman zaie; bigarren mailan, eremu bakoitzaren barruan babesteko dauden objektu barruan, funtsezkoak direnak aukeratu dira; eta hirugarren mailan, zaintze neurri aktiboak lehenetsi dira, garrantzi gehiena emanez premia gehiena dutenei edo bere gauzatzea kontserbatu behar diren objektu eta eremuaren hobekuntza nabarmenagoa denean.

EAEko Natura 2000 Sareko Arno (ES2120001) izeneko espazioan Europar Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak daude, hain zuzen, habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan jasotakoak, bai eta basoko hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako hegazti-espezieak ere. Horregatik izendatu zen Natura 2000 leku.

Arno karedun mendigune malkartsu bat da, eta ia guztia artadi kantauriarren eta haren etapa azpiserialen tapiz ilunak estalita dago. Artadi hori da KBEa Natura 2000 Sareko gune izendatzeko arrazoi nagusia. Jatorria karstean duen Olatzeko ibar txikiak berezitasun eta paisaia-kalitate nabariak dauzka, eta bertan lurzoru sakonagoak metatzen dira. Hor erkidegoaren intereseko zelai eta larre erdi-naturalak daude, abeltzaintza estentsiboan erabili direnak. Oinarrizko harkaitzei loturiko landare-komunitate ugari ere badago, eta bertan interes handiko espezie franko egoten dira.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakon aztertu da gune hori, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen kokalekua. Horrez gain, Arnoko fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Aztertuta espazioaren egungo egoera, haren ezaugarri fisikoak eta ekologikoak eta kontserbazioan eragiten duten giza erabilerak, horren ondoren, lekua kudeatzeko giltzarriak diren elementuak hautatzen dira, eta horiek izango dira, gero, helburuen eta neurrien proposamenen oinarri nagusia. Kudeaketa-xede diren elementu giltzarri esaten zaie, eta horien kontserbazio-egoera deskribatzeaz gain, zenbait helburu eta neurri zehazten dira, batetik, bermatzeko egoera onean kontserbatuko direla, eta, bestetik, lekuaren osotasun ekologikoa kontserbatuko dela, hori baita Habitatak Zuzentarauak ezarritako helburu nagusia.

Elementu giltzarri horietarako zehaztutako neurriak beste habitat natural eta flora- eta fauna-espezie batzuen kontserbazio ona lortzeko erabiliko dira; hain zuzen ere, aurreko elementuekin batera Arno ere Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko arrazoi izan dira, kontserbatu beharrekoak dira eta horrexegatik babes bereziko habitat eta espezietzat jo dira.

Xehetasun-lanek aukera eman dute habitat moten informazio zientifikoa hobetzeko; baina horietan adierazitako azalera-datuetan, zenbaitetan, alde handiak daude Euskal Autonomia Erkidegoak, proposatutako tokien zerrendarekin batera, Europako Batzordera bidalitako eta hari jakinarazitako datuen aldean. Hasierako proposamena egiterakoan lanerako erabili zen eskalak eragin ditu desberdintasun horiek. Xehetasun-azterketan, gainera, ikusi da bazirela Europar Batasunaren intereseko espezieak hasierako proposamenean aipatu ez zirenak.

Mugaketa eguneratua Europako Batzordeari bidaliko zaio, hark onar dezan. Laneko eskala hobetzeak eragin du eguneratze hori, eta ez dakar muga-aldaketa garrantzitsurik, ez du funtsean aldatzen habitat naturalen azaleraren irudikapena, ez eta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioena ere.

Arno kontserbazio Bereziko Eremua izendapenerako prozeduran, ondo bete da parte-hartzearen prozesua, nahitaezkoa izanik, eta uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraiki (lege horrek ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen ditu). Prozesu horretan, gizarte- eta ekonomia-interesen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Izapide-epeak iraun bitartean zabalik egon dira parte hartzeko jarritako bide guztiak. Horretarako, interesa zuten herritarrei komunikazioak helarazi zaizkie eta, bestalde, propio prestatu genuen web-orri hau: http://www.euskadi.net/natura2000.

Arnoren kontserbazio-neurriak egiteko, Europako Batzordearen printzipioei jarraitu zaie, 92/43/EEE Zuzentarauan adierazten diren habitaten eta taxonen premia ekologikoei erantzuna ematea baita helburua. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa betez, KBE bakoitzarentzat berariazko kudeaketa-tresna bat sortzea erabaki da. Dekretu honen eranskinean arau-izaerako kontserbazio-neurriak bildu ditugu, eta kudeaketa-tresnaren gainerako dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrean ingurumenaren alorrean eskumena duen sailaren helbide elektronikoan dago eskuragarri.

Natura Ondarea eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legeko 2.f artikuluaren arabera, ingurumenaren babesa lurralde-antolamenduari eta hirigintzari gailentzea, araudi honen oinarrian dagoen printzipioetako bat da.

Eusko Jaurlaritzari dagokio kontserbazio-neurriak ematea eta finkatzea, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraiki eta baita Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 16.bis artikuluan eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurreko izapidea bete ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, eta 2012ko urriaren 16an izandako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Arno (ES2120001) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzea, Gipuzkoako lurralde historikoan.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremu horren mugaketa dekretu honen eranskinean dago jasota. Eranskin horretan, deklaratzen den Kontserbazio Bereziko Eremu horren bi mugaketa adierazten dira: batetik, Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakiari (eskualde biogeografiko atlantikoan Europar Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onartzekoari) dagokion mugaketa, eta, bestetik, eguneratua, laneko eskala hobetzeak eragindakoa eta Europako Batzordeari bidaltzen zaiona.

  3. Arno Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) kontserbazio-neurriak onartzea.

  1. Arau honen xedea hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak lehenera ekarriko direla edo, ondo kontserbatuta, horiei eutsiko zaiela. Horiek Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan ezarrita daude, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoa da. Horrez gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremuan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentarauan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

  1. Dekretu honen helburu den eta Natura 2000 Sarea osatzen du Arno eremua kontserbatzeko neurriak dokumentu hauetan zehazten dira:

    1. Kontserbaziorako helburuen eta neurrien agiria.

    2. Kartografia.

      1. Mugaketa.

      2. Habitat naturalak.

      3. Zonakatzea.

    3. Gehigarria. Kontserbatu nahi diren habitat eta espezie moten kontserbazio-egoeraren jarraipenari buruzko fitxak.

  2. Arau-izaerako xedapenak dira honako hauek:

  1. Helburu eta neurriei buruzko dokumentutik 6., 7., 9., 11. eta 13. tituluak eta 8. eta 10. tituluetako helburu eta neurriei buruzko koadroak.

    b.1 paragrafoko eremuaren mugaketaren kartografia.

    b.3 paragrafoko kudeaketarako zonakatzearen kartografia.

    Dekretu honen eranskinean argitaratuta daude. Gainerako paragrafoak informatzekoak eta orientagarriak dira.

  1. Kontserbazio-neurriak berrikusteko edo aldatzeko, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango du horretarako agindua, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, kontserbazioa eta kudeaketa moldaerraza, etengabea eta malgua izan daitezen lan egitea da helburua. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

  2. Ingurumenaren alorreko sailaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri kartografia formatu digitalean, eta eremu horien mugaketa adierazita eta kontserbazio-neurriei buruzko agiri guztiak.

  1. Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugaketaren eguneratzea, Europako Batzordeak hartutako Erabakiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

  2. Dekretu hau indarrean jartzen den unetik eta KBEaren mugaketa benetan eguneratzen den arte, lehen paragrafoan adierazitakoa betez, mugaketan eguneratu nahi diren eremuetan prebentziozko erregimena aplikatuko da, hain zuzen, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.2 eta 6.3 artikuluan ezarritakoa eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.2 eta 45.4 artikuluetan ezarritakoa.

    AMAIERAKO XEDAPENAK

    Lehenengoa. Ahalmena.

    Ingurumenaren alorreko sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

    Bigarrena. Ministeriora helaraztea.

    Gobernu Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaliko du dekretu honen onespena, hark Europako Batzordera bidal dezan.

    Hirugarrena. Indarrean sartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.

    Lehendakaria,

    FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

    MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus mapa)

Http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_220_2012/conf_LIC_ZEC.xml&lang=eu

ZONAKATZEA

(Ikus mapa)

Http://www.euskadi.net/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_220_2012/conf_ZON.xml&lang=eu

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.